259. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 4a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 26/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 4koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretuan, urriaren 27koan, onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 6:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, salbuespenak salbuespen. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerarako ezarritako bera izanen da; gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arte egonen dira indarrean, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, urriaren 26tik azaroaren 1era bitarteko astean 3.938 kasu baieztatu dira (597 kasu 100.000 biztanleko), dela PCR bidez dela antigeno testen bidez, hau da, aldaketarik ez aurreko astearen aldean. Kasu berri horien % 66 sintomatikoak ziren, eta % 68 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren. Kasuak gutxitu egin dira 15-34 adin-tarteko multzoan, mantendu egin dira 15 urtetik beherakoetan, baina % 7 igo dira 55 urtetik 74ra bitartekoetan, eta % 43, 75 urtetik gorakoetan. Igoera hori kezkagarria da, eragina izan dezakeelako hala kasu larrietan nola hilkortasun-tasan.

Hasierako PCR positiboetan, hau da, PCRa eskatzen denean baina ez aurrez atzemandako kutsatze baten jarraipenaren ondorioz, positiboen tasa % 15,63koa izan da urriaren 23tik 29ra bitarteko astean, Osasun Ministerioaren datuen arabera.

Azaroaren 2an argitaratutako datuen arabera, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen bigarren autonomia erkidegoa 14 egunean (1.193 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunean (592 kasu 100.000 biztanleko), Melillaren atzetik, eta, aurreko astearekin alderatuta, joera mantendu egiten da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako Ospitaleguneari buruz egindako txostenaren arabera, gora jarraitzen du ospitaleetako larrialdietan arreta behar duten COVID-19 gaixoen kopuruak.

Urriaren 19aren aurreko bi asteetan 697 gaixo izan ziren, eta azken bi asteotan, berriz, 910 (% 30,6ko igoera). Azken astean zertxobait egin dute behera Iruñerrian COVID-19ari loturik larrialdietan izan diren pertsonen tasek; Tutera inguruan bere horretan mantendu dira, eta Lizarraldean, handitu. Azken hamabostaldian, gora jarraitzen du kutsatutako pertsonen kopuruak, urriaren 19aren aurreko bi asteen aldean.

Aurreko guztia aintzat hartuta, eta ikusirik epidemiak gure erkidegoan duen bilakaera, beharrezkotzat jotzen da une honetan Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan jasotako neurriak hamalau egun naturalez luzatzea, kutsatzeen kurba apaltzen jarraitzeko.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez deklaratzen baita alarma-egoera SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Baldintza beretan luzatzea Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretuan, urriaren 27koan, ezarritako neurriak. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Bigarrena.–1. artikuluan ezarritako neurriak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako baldintza beretan izanen du eragina. Errege dekretu horren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Luzatzen den Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako neurriak indarrean egonen dira azaroaren 5etik 18ra bitarte, biak barne.

Hirugarrena.–Foru dekretu honek 2020ko azaroaren 5ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2013049