258. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1120E/2020 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan biologo kliniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, 2019rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori 2019ra luzatutako Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, biologo klinikoen 4 lanpostu.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzak egin duen proposamena, biologo kliniko izateko lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan biologo kliniko aritzeko lanpostu bat sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea, baita deialdiaren oinarriak ere.

Erabiliz irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan biologo kliniko izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, izangaien zerrendak osatzeko, hautaproben bidez, aipatutako lanpostuetan jarduteko, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak.

Iruñean, 2020ko urriaren 15ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–111/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan (A.1 eta A.2 estamentuak) sartu eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak, eta zeinaren bidez ezartzen baitira horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, Iruña, 31003 PK). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu/), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honakoa hautatuz: “Biologo klinikoa-Nafarroako Odol eta Ehun Bankua”. Oposizio-lehiaketa (2019 LPE). Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan biologo klinikoaren lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez; lanpostu hori sartuta dago kasuan kasuko lan publikoaren eskaintzan, destino honekin: Nafarroako Odol eta Ehun Bankua, 66045 plaza zenbakia.

Deialdi honen xedea da, halaber, izangaien zerrendak osatzea, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bitartez, biologo klinikoen lanpostuetan aritzeko, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez.

1.4. Deialdiko lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin (foru dekretu haren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta bertako lanpostuak betetzea), eta kontuan harturik ezen biologo klinikoen ezein lanpostu ez dagoela erreserbaturik bete ditzaten desgaitasuna dutenen erreserba txandakoek. Hala, hurrenkera honetan banatuko dira:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera igoera txandatik hasiko da kontatzen, aurreko deialdian betetako azken lanpostua txanda irekikoa izan zelako.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

–Lanpostu bat, igoera txandan.

Nolanahi ere, deialdiko txanda irekian parte hartu nahi duten izangaiek horretarako aukera izanen dute, eta txanda irekian sartuko dira.

Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekian beteko da.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.

1.5. Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenean: “Osasun arloko bestelako fakultatiboak” estamentuan eta “Biologia” espezialitatean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea erregulatzen duena. Eranskina).

1.6. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

Izendatutako izangaiak arduraldi esklusiboz lan eginen du, hau da, prestasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3 artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.

Orobat, lanpostuan egin beharreko guardiak eta/edo guardia lokalizatuak egin beharko dituzte zentroko zuzendaritzak edo, hark eskuordetuta, dagokion burutzak hori agintzen duenean.

1.8. Hala aurreikusten baitu Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Biologo klinikoaren lanpostu bat lortzen duena geldituko da dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta, bat etorriz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zuen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoarekin.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duten lanpostu elebidunetarako, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin hautapen prozesuaren ondorioz interesdunak aukera izan bazuen, hizkuntza aintzat hartu gabe, betebehar hori ez zuen lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin eta zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Biologiako gradua/lizentzia izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak dituztela, baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo, bestela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Jarraikiz Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeari, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Behar den euskara maila frogatzea, euskara nahitaezkoa duten ele biko lanpostu hutsetarako.

2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Izena emateko orria eta tasen ordainketa telematika bidez eginen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu/), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Biologo klinikoa-Nafarroako Odol eta Ehun Bankua”. Oposizio-lehiaketa (2019 LPEa), eta “Inskripzioa” sakatuta.

Eskaera telematikoari erantsi beharko zaizkio, hala badagokio, ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzen duten agiri eskaneatuak.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

3.2.2. Honako hauek salbuetsita daude tasa ordaintzetik:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan-eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da eskatzaile gisa inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, salbu justifikaturiko kasuetan, eta, horrez gainera, ez izatea hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitarte horretan ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Errentarik ez duela adierazteko eredua aurkeztuz eginen da hori (deialdiaren web-orrian dago), edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokia markatuz.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan soilik parte hartzeko eskatzen duten izangaiak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte gainerako betebeharrak, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da biologo kliniko izateko aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa, hautapen prozesua bukatu ondoren.

3.6. Euskara jakitearen betebeharra, hala bada, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkeztu behar direnean.

4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.

4.4. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Estrella Petrina Jaúregui andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Ospitalizazioko eta Urgentziazko Prozesuen zuzendariorde asistentziala.

Ordezko epaimahaiburua: Isabel Rodrigo Rincón andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Anbulatorioen eta Diagnostikoaren zuzendariorde asistentziala.

Epaimahaikidea: José Antonio García Erce jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Erkuden Aramburu Urtasun andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Enrique Andreu Oltra jauna, Nafarroako Biologoen Elkargoak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Ander Izeta Permisán jauna, Nafarroako Biologoen Elkargoak izendatua.

Epaimahaikidea: Enrique Sainz de Murieta García de Galdeano jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús Ángel Hernández Galán jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkariek izendatua.

Batzordekide-idazkaria: Nieves Roda Movilla andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Antolamendu eta Araubidearen Ataleko burua.

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Javier Alecha Hernández jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzako APTa.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera osatuko eta argitaratuko da epaimahaiko kideen zerrenda.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2021eko martxoan hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian proba hauek eginen dira:

a.1.) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa; aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, II. eranskineko gai zerrendarekin lotutako gaiei buruz, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Galdera kopurua, erantzun okerren penalizazioa eta probaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko ditu proba hasi baino lehen.

a.2.) Epaimahaiak proposatuko dituen zenbait kasu kliniko praktiko egitea idatziz, gero jendaurrean irakurriko direnak. Izangai guztientzat proba bera izanen da, eta kasuek deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia izanen dute. Garatu beharreko kasu praktikoen kopurua, proba egiteko denbora eta, hala badagokio, bakoitzari esleitutako puntuazioa proba egin baino lehen jakinaraziko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak zehaztuko du irakurtzeko ordena, zozketaz.

Bi probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondotik.

6.3.2. Oposizioaldia honela baloratuko da:

a.1) proba 33 puntuz baloratuko da. Gehieneko puntuazioa (33 puntu) proban puntuazio altuena ateratzen duen izangaiari emanen zaio, eta gainerako izangaiei, berriz, proportzionalki dagokien puntuazioa. Bazterturik geldituko dira 33 puntuetatik gutxienez 16,5 lortzen ez dituztenak.

a.2) proba 33 puntuz baloratuko da, gehienez ere. Baztertuta geldituko dira gutxienez 16,5 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

6.3.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Probetara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.

Oposizioaldia gainditu duten izangaiek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte merezimendu guztiak, honako web-orriaren bidez: www.empleosalud.navarra.es/eu/ esteka hauetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko Kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Biologo klinikoa-Nafarroako Odol eta Ehun Bankua. Oposizio-lehiaketa (2019 LPEa)”. Deialdiko baremoan agertzen diren atalei jarraikiz aurkeztuko dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren eskura jarri, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (I. eranskina).

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen. Fase honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. apartatua baloratzean kontuan hartuko da deialdiko lanpostua sailkaturik dagoela “Osasun arloko bestelako fakultatiboak” estamentuan eta “Biologia” espezialitatean, jarraikiz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenari (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzkoa. Eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera, zehaztuta guztira zenbat egun diren.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, emandako zerbitzuen gaineko ziurtagiri horretaz gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena ere aurkeztu beharko da.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin eta merezimenduak alegatzeko aurkeztu diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai merezimenduen balorazio banakakoa.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkera berari jarraituz.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu eta lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Destinoko lantokia Administrazioko organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa den lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada ezagutza hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, izan arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte aurreko paragrafoan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

8.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan eta erakunde horren enplegu publikoaren web-orrian.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, jo beharko dute www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrian dagoen deialdiaren fitxan adierazitako estekara: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Biologo klinikoa-Nafarroako Odol eta Ehun Bankua”. Oposizio-lehiaketa (2019 LPEa)”. Bertan, lanpostuak zerrendatuko dira, lehentasun-ordenan.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian erakutsiko zaizkie interesdunei.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak izendapen proposamena eginen du, lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua eskuratu duten izangaien aldekoa. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei eta zintzo beteko dituela karguaren eginkizunak.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:

a) Eskatzen den tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 9.2.1.e) apartatuan ezarritako ildo beretik.

c) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, biologo klinikoen lanpostuetan jardun dezan.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

10.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartuta dauden Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, baldin izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren ondotik dagoen izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpena noiz emanen den, eta haren mende egonen da.

11.–Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatzea.

11.1. Nafarroako Odol eta Ehun Bankurako biologo klinikoen aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta ondoko funtzionamendurako, jarraituko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari, edo zerrendak indarrean daudenean indarreko foru aginduan xedatutakoari; foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.

11.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai lanposturik gabeko izangai gaindituek bai oposizioaldia gainditu ez dutenek hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik, 2.1.1.c) apartatuan aipatutako titulazioaren agiria, salbu aldez aurretik aurkeztu badute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditu ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen ere biologo klinikoaren lanpostu batean deialdi hau argitaratu arte emandako zerbitzuena, salbu Nafarroako Gobernuan emandako zerbitzuak badira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian parte hartzeko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak. Deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek bere burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12.–Aldi baterako barne igoeretarako zerrendak osatzea.

12.1. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko biologo kliniko izateko aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta erabiltzeko orduan, bete beharko da azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretua garatzeko indarra duen araudia ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea –eta horri eustea–, biologo klinikoaren lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatua, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazioa eta baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiaren hautaprobak gainditu behar dira.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko, kontuan hartuko da deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta deialdiaren, oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluan xedatutakoarekin, eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan fakultatibo gisa egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Lortu nahi den espezialitatean, egoiliar gisa, egindako zerbitzuak prestakuntza espezializatuaren atalean baloratuko dira. Beste espezialitate batean, egoiliar gisa, egindako zerbitzuak 1.2 atalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.8 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo “abstract” direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Hirugarren zikloko ikasketak:

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

b) Doktore gradua: 2,5 puntu.

c) Cum laude: 0,5 puntu gehituko dira.

Atal honetako a) eta b) letretan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea deialdiaren xedeko espezialitatean, programa nazionalaren bidez edo graduatu ondokoentzako irakaskuntza programa onartua duen zentro batean: 6 puntu.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,025 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: puntu 1.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,25 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak, Inpaktu Faktorearen (IF) arabera, Journal Citation Reports-ek jasotakoari jarraikiz:

–IFa 3tik gorakoa bada, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,5 puntu. Hurrengo hirurak: 0,25 puntu.

–IFa 3 bada, edo hortik beherakoa, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

–Inpaktu Faktorerik ez badu, lehenengo hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Inpaktu Faktorea izangaiak berak frogatu beharko du, eta lanaren argitalpen urtearen gainekoa izanen da.

Gehienez ere 4 puntu emanen dira.

2.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Frogagiriaren arabera, ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere puntu 1 emanen da.

2.8. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa eginen da jarraikiz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari. Foru dekretu horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Biziaren antolamendu mailak.

2. gaia.–Zelula eta egitura zelularrak. Prokariotoak eta eukariotoak.

3. gaia.–Nukleo zelularra: kromatina eta kromosomak. DNA.

4. gaia.–Mitokondria: mitokondriako DNA.

5. gaia.–Ziklo zelularra.

6. gaia.–Mitosia eta meiosia.

7. gaia.–Kalitatea kudeatzeko sistemak laborategirako. ISO 15189.

8. gaia.–Ikerketaren metodologia. Ikerketa-lan baten diseinu egokia: helburua eta hipotesia, plangintza, kostuak, etika eta legezkotasuna. Laginaren tamaina eta baliozkotasuna. Laginketa-teknikak. Errore motak. Emaitzen komunikazioa.

9. gaia.–Ikerketaren metodologia. Artikulu zientifikoa eta komunikazio zientifikoa: prestaketa, aurkezpena eta argitalpena. Ebidentzian oinarritutako medikuntza.

10. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

11. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.

12. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua, eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

13. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, zeinaren bidez arautzen baitira gaixoen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituzten eskubide eta betebeharrak.

14. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.

15. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko II., III., IV., VI., VII., VIII. eta IX. kapituluak. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, zeinaren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena.

16. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

17. gaia.–14/2007 Legea, uztailaren 3koa, Ikerketa Biomedikoari buruzkoa.

18. gaia.–Aurrekari historiko orokorrak odol-emateari eta -transfusioari buruz. Odol-ematea eta mugimendu asoziatiboa. Hemoterapiaren antolaketa historikoa Espainian.

19. gaia.–Hemoterapiaren Sare Nazionalaren lege-esparrua eta egitura. Odol-transfusioen segurtasunerako batzorde zientifikoa.

20. gaia.–Espainiako transfusio zentroen egungo egoera: egitura, demografia, odol-emateak eta odol-emateen adierazleak. Azken hamarkadako bilakaera. Etorkizuneko erronkak.

21. gaia.–Europako Kontseiluko adituen batzordea. Europako Parlamentuaren, Gobernuaren eta Batzordearen zuzentarauak.

22. gaia.–Transfusioak egiteko printzipioak. Transfusioen konplikazioak eta kontrako efektuak.

23. gaia.–Instalazioak eta ekipamendua: deskribapena, baldintzak, zirkuituak eta kontrola.

24. gaia.–Transplanteen arriskuak. Ehunen inplantearen kontrako efektuak. Trazabilitatea eta transplante zainketa.

25. gaia.–Odol-osagaien prestaketarako, erabilpenerako eta kalitaterako gida. Nazioarteko beste elkarte batzuk.

26. gaia.–Odol-osagaiak emateko bioetika. Konfidentzialtasuna. Baimen informatua. Altruismo printzipioa. Odol-emailearentzako argibideak. Datuen babesa.

27. gaia.–Berariazko informazio sistemak transfusio-, ehun- eta zelula-zentroetarako. Eramangarrien kudeaketa bilketa periferikoetan. Odol-osagaien segurtasuna eta trazabilitate informatikoa.

28. gaia.–Biosegurtasuna. Programak segurtasun globalerako eta espezifikorako (biologikoa, kimikoa eta abar).

29. gaia.–Biosegurtasuna. Lege- eta dokumentu-oinarriak. Arriskuen ebaluazioa. Transfusio-zentro eta -zerbitzuetako arriskuak: sailkapena, erreferentziak eta neurriak. Asepsia eta esterilizazioa. Material esterilak erabiltzea. Hondakinen kudeaketa.

30. gaia.–Kalitate-sistemak: kalitate kontrola, kalitate bermea eta kalitatearen kudeaketa. Kalitatearen kontzeptuen aplikazio praktikoa transfusioen laborategian eta odol-osagaien lanketan. Prozesuen kontrol estatistikoa aplikatzea Odol eta Ehun Bankuan.

31. gaia.–Datuen analisia eta prozesaketa Odol eta Ehun Bankuan.

32. gaia.–Odola. Oinarri fisiologikoak. Hematopoiesia. Odol-zelulak eta plasma.

33. gaia.–Hemoglobina: egitura, eginkizunak eta determinazio metodoak odol-emaileen artean. Deskribapena, prestatzeko teknikak, biltegiratzea, berrogeialdia, etiketatzea, ikuskapena, garraioa eta banaketa.

34. gaia.–Odol-bolumenak behera egitearen fisiopatologia. Odol-bolumena berreskuratzeko baliabide fisiologiko orekatzaileak: berehalakoak eta berantiarrak.

35. gaia.–Aferesi bidezko odol-ematea: plasmaferesia eta plaketoferesia. Aferesiaren prozesadore motak. Betekizun medikoak eta odola eman ondoko zainketak. Guraso hematopoietikoen odol-ematea. Aferesi terapeutikoak.

36. gaia.–Odol-emate alogenikoa. Kalitate proba osagarriak. Baztertzeko irizpideak.

37. gaia.–Odol-emate autologoaren prozesua edo autotransfusioa. Motak. Abantailak eta mugak. Baztertzeko irizpideak. Ateratzeko egutegia.

38. gaia.–Guraso hematopoietikoen tipajea.

39. gaia.–Hezur-muinaren plan nazionala (PNMO). Hezur-muinaren emaileen Espainiako erregistroa (REDMO). Bilakaera eta adierazleak. Hezur-muinaren emailearen gida.

40. gaia.–Zilbor-hesteko odol bankuak.

41. gaia.–Odola bere osotasunean ematea: balio hematimetrikoen alterazioak maneiatzea.

42. gaia.–Aferesi bidezko odol-ematea: proteinogramaren alterazioak eta koagulazio-azterketa maneiatzea.

43. gaia.–Odol-osagaiak prestatzea. Erabilitako materialen ezaugarri berariazkoak (osagaien poltsak, antikoagulatzaileak, soluzio kontserbagarriak eta soluzio gehigarriak).

44. gaia.–Prozesamendu teknikak. Leukoerredukzio unibertsala. Osagaien irradiazioa. Ekoizpen adierazleak.

45. gaia.–Odol-osagaien kontserbazioa. Biltegiratzea eta garraioa. Kalitate baldintzak eta produktuen espezifikazioak. Stocka kudeatzea eta odol-osagaiak banatzea.

46. gaia.–Odol-osagaien eta plasmaren eratorrien transfusioa. Indikazioak. Odol-osagaiak aukeratzea. Bateragarritasun probak. Transfusioaren kontrako efektuak eta konplikazioak. Errefraktariotasuna odol-osagaiekiko. Transfusioak egoera berezietan.

47. gaia.–Transfusio bidez transmiti daitezkeen gaixotasun infekziosoak: epidemiologiaren oinarriak, detekzio metodoak eta arriskua minimizatzekoak.

48. gaia.–Gaixotasun infekziosoak transfusio bidez transmititzeko arriskua murrizteko estrategiak. Agente patogenoak eliminatzeko eta inaktibatzeko metodoak.

49. gaia.–Hautemate teknikak gaixotasun infekziosoak transfusio bidez transmititzea prebenitzeko (proba serologikoak eta anplifikazio genomikokoak). Berrespen testa. Neurketa kontrola: baliozkotasuna eta fidagarritasuna. Sentikortasuna, espezifikotasuna eta ebaketa-puntua. Hondar-arriskua kalkulatzeko azterlana. Serobihurketa-aldia. Analisietan alterazioak dauzkan emailea kudeatzea.

50. gaia.–Odol-osagaiak erabiltzearen ordezko alternatibak.

51. gaia.–Immunohematologia. Odol-taldeen sistema. Leukozitoen antigenoen (HLA) eta plaketen antigenoen (HPA) berariazko sistemak.

52. gaia.–Immunologia eta Genetika: biologia molekularra, polimorfismoak, aldakortasun genetikoa, herentzia ereduak, odol-taldeen nomenklatura.

53. gaia.–Immunologia eta Genetika: transfusioarekin lotutako erantzun immunea eta immunologia, erreakzioak, antigeno eritrozitarioa eta antigorputza eta horien detekzioa.

54. gaia.–Odol-taldeak: ABO, H eta Lewis; Rh sistema; MNS, Kell, Duffy, Kidd sistemak, eta intzidentzia altuko eta baxuko beste sistema batzuk.

55. gaia.–Plaketen antigenoak eta antigorputzak eta granulozitikoak.

56. gaia.–HLA sistema: Genetika, Biokimika, ehunen banaketa eta egitura; nomenklatura, funtzio biologikoa, antigenoak eta aleloak detektatzea; HLA sistema eta transfusioa eta transplantea; HLA tipajea; HLA sistema eta aitatasuna; HLA sistema eta transfusioen errefraktariotasuna.

57. gaia.–Guraso hematopoietikoak (PH): biologia, identifikazioa eta kontaketa. HLAren tipifikazioa.

58. gaia.–PHa lortzeko iturriak: hezur-muina, odol periferikoa eta zilbor-hestea. Ahaideak diren eta ez diren emaileak hautatzea.

59. gaia.–PHaren kriokontserbazioa: teknika eta soluzio kriobabesleak.

60. gaia.–PHaren prozesamendua: maneiatzea, purgatzea, zelulak hautatzea, aberasteko teknikak, laborategiko probak (gaixotasun infekziosoak detektatzea eta tipifikatzea), inplantea eta kimerismoa, birkonstituzio immunea, ex-vivo hedapena.

61. gaia.–Zilbor-hesteko odolaren PHa. Zilbor-hesteko odol bankuaren antolaketa: emaileak, baimen informatua, lortzea, likidoan kontserbatzea, kriokontserbazioa, garraioa, prozesamendua, kalitate bermea eta kalitate kontrola.

62. gaia.–Guraso hematopoietikoei buruzko araudiak eta estandarizazioa.

63. gaia.–Instrumentazioa eta ekipamenduak. Segurtasunaren eta kalitate kontrolaren prozedurak.

64. gaia.–Laginak prestatzea eta maneiatzea.

65. gaia.–Analisi fenotipikoa. CD34+ kontaketa espezifikoa eta guraso hematopoietikoak.

66. gaia.–Fluxuaren zitometriaren aplikazioa transfusio medikuntzaren eta ehunen bankuaren kalitate kontrolean.

67. gaia.–Azido nukleikoak ateratzea.

68. gaia.–PCRa.

69. gaia.–RT-PCRa.

70. gaia.–Denbora errealeko PCRa.

71. gaia.–Agarosa-gela eta poliakrilamida.

72. gaia.–Sanger sekuentziazioa eta zatien analisia.

73. gaia.–Sekuentziazio masiboa (NGS).

74. gaia.–Zitogenetika konbentzionala. Ehun desberdinen kultibo zelularrak.

75. gaia.–Ehunak: harrera, prozesamendua eta balidazioa. Kontrol mikrobiologikoa eta kalitatezkoa.

76. gaia.–Ehunen biozainketa.

77. gaia.–Ehunen ingeniaritza: oinarrizko printzipioak. Zelula ama mesenkimalak eta enbrionarioak. Ehunen ingeniaritza muskulu eskeletikoa, kardiobaskularra, neuroendokrinoa, eta abar.

78. gaia.–Ehunen ingeniaritza: metodologia (karakterizazioa, diferentziazioa, transformazioa, hilezkortzea, kriokontserbazioa, eta abar), segurtasuna eta bioetika.

79. gaia.–Terapia genikoa. Oinarrizko printzipioak.

80. gaia.–Immunoterapia: zelula dendritikoak eta T linfozitoak.

81. gaia.–Biobankua: laborategiaren kudeaketa- eta kalitate-prozesuak; laginak erregistratzea, bidaltzea eta biltegiratzea.

82. gaia.–1/2013 Foru Legea, urtarrilaren 30ekoa, Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortzen eta arautzen duena.

83. gaia.–69/2016 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko organoen eta ehunen emate eta transplanteei buruzko programaren koordinaziorako eta kalitaterako egiturak erregulatzen dituena.

84. gaia.–9/2014 Errege Lege Dekretua, uztailaren 4koa, zeinaren bidez segurtasun- eta kalitate-arauak ezartzen baitira giza zelulak eta ehunak eman, lortu, ebaluatu, prozesatu, zaindu, gorde eta banatzeko, eta horiek gizakiengan erabiltzeko koordinazio eta funtzionamendu arauak onesten baitira.

85. gaia.–1716/2011 Errege Dekretua, azaroaren 18koa, zeinaren bidez oinarrizko baldintzak ezartzen baitira ikerketa biomedikorako biobankuen baimen eta funtzionamendurako eta giza jatorriko lagin biologikoen tratamendurako, eta zeinaren bidez arautzen baitira ikerketa biomedikorako Biobankuen Erregistro Nazionalaren funtzionamendua eta antolaketa.

Iragarkiaren kodea: F2012145