256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3351E/2020 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen hartan Nafarroako toki-erakundeendako dirulaguntzak arautu ziren interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko. DDBN identifikazioa: 494871.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, ezarri ziren Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen dirulaguntzen oinarriak. Kontratazio horien xedea da interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egitea.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Estatuko araudiari jarraikiz, eta kontuan harturik Administrazioaren esparruan Nafarroako Foru Komunitateari eskualdaturiko eginkizunak eta zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 2018ko martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez Nafarroako toki-erakundeendako dirulaguntzen deialdi bat onetsi zen interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko.

Indarrean jarri zenetik (orain dela bi urte baino gehiago) igarotako denboran deialdiaren kudeaketan eta tramitazioan izan diren esperientziaren eta askotariko kasuistikaren ondorioz, bai eta Nafarroako toki-erakundeek egindako proposamen ugarien ondorioz ere, beharrezkotzat eta bidezkotzat jotzen da deialdi horren 19. oinarri arautzailea aldatzea, kaleratze bidezko kargu-uzteen kasuei buruzko paragrafoa (kaleratzearen arrazoia edozein dela ere) ezabatzeko, ez-operatiboa, kaltegarria eta neurriz kanpokoa dela iritzita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea. Foru lege horren 17.1 artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 19. oinarria aldatzea interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko Nafarroako toki-erakundeendako dirulaguntzen deialdian. Testu hau izanen du:

19. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, zerbitzu horrek ebazpena emanen du dirulaguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko.

Toki-erakundeak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazten duenean eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak hura onesten duenean, azken horrek eska dezake emandako dirulaguntzaren itzulketa partziala.

Kontratua behar baino lehen bukatzen bada, 8. oinarriaren 2. apartatuan adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea; zenbateko hori diruz laguntzen den epea bete arte falta den denboraren araberakoa izanen da.

Orobat, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da ordezpena egiten duen pertsona 3. oinarrian adierazitako taldeetako batekoa ez beste batekoa bada, hura izan baitzen arrazoi dirulaguntza emateko.

Ordezpen batek ez du inoiz hasieran emandako dirulaguntza igotzea ekarriko.

Edonola ere, emandako dirulaguntza guztia itzuli beharko da kontratazioa hiru hilabetetik beherakoa bada, hori baita 1. oinarrian ezarritako gutxieneko iraupena, salbu eta 3 hilabeteko iraupena duten kontratazioetan; halakoetan, 2,5 hilabeteko iraupena gaindituta, bidezkoa izanen da dirulaguntzaren itzulketa partziala egitea.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko urriaren 1ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2011905