255. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza fiskala, okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2020ko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesko udalerrian okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean jarri zen, horretarako iragarkia argitaratuta 2020ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ekoan, eta Udalaren iragarki-taulan.

Aurkeztutako alegazioak 2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran ebatzirik, behin betiko onesten da Garesko udalerrian okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, aurreikusitako ondorio juridikoak sor ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Garesen, 2020ko irailaren 22an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, OKUPATU GABEKO ETXEBIZITZEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatuaren babesean.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da udalerrian kokatzen diren eta etxebizitza hustzat jotzen diren etxebizitzak edukitzea.

3. artikulua.

Zergari dagokionez, etxebizitzatzat joko da baldintza arruntetan pertsonen bizitegi izan daitekeen eraikuntza oro, aldi baterako zein luzaroan.

4. artikulua.

Ordenantza hau aplikatzeari dagokionez, etxebizitza hustzat joko dira Nafarroako Gobernuak horretarako onartzen duen araudiak horrela kalifikatzen dituen etxebizitzak, besteak beste, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legeak eta hura garatzeko araudiak.

5. artikulua.

Ez da zerga hau ordaindu beharko etxegintzan edo etxe salmentan ari diren enpresek eraikitako etxebizitzengatik, horien lehen eskualdaketa egiten ez den artean.

Subjektu pasiboak

6. artikulua.

Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

7. artikulua.

Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira, arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako.

c) Etxebizitzen titularrak administrazio publikoak badira.

Edonola ere, etxebizitza bakarra hartuko du salbuespenak, aurreko c) letrakoari dagokionean salbu, horrek denak hartuko baititu.

Zerga-oinarria

8. artikulua.

Zerga-oinarria izanen da Hiri-lurreko Ondasunen gaineko Kontribuzioa ordainarazteko indarra duen bera.

Kuota

9. artikulua.

Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa

10. artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 188.2. artikuluan ezarritako karga-tasa ezartzen da.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean agertzen dena.

Zergaren sortzapena

11. artikulua.

1. Lehen aldiz, 16. artikuluan aipatzen den jakinarazpenetik urtebete iragandakoan sortuko da zerga, etxebizitzaren desokupazioa gelditu ez bada, 3. eta 4. artikuluetan horren gainean egin den kalifikazioarekin bat.

2. Gerora, urte bakoitzeko lehenbiziko egunean sortuko da zerga.

3. Kuotak sei hilean behin izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

Proportzionaltasuna aplikatuko da aurreko apartatuetan adierazitakoak baino aldi laburragoetan eta, nolanahi ere, zerga aplikatzean lehen sortzapenaren eta sortu den urte naturalaren amaieraren arteko aldiari.

12. artikulua.

Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala itzultzeko, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrera.

Zergaren kudeaketa

13. artikulua.

Zerga ordainarazteko, onetsi beharko dira Nafarroako Etxebizitza Hutsen Erregistroa arautzen duen Foru Dekretua eta deklaratzeko prozedura, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 sexies artikuluaren bidez sortutako Erregistroa garatzeko.

14. artikulua.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, subjektu pasiboek bete beharreko betebeharrak eta prozedura 13. artikuluan aipatzen den araudian xedatutakoa izanen da.

15. artikulua.

1. Subjektu pasiboek ez badituzte betetzen hutsik dauden etxebizitzak erregistratzeko ezartzen zaizkien betebeharrak, Udalak ofizioz edo salaketa bidez sartzen ahalko ditu etxebizitzak Erregistroan, eta espedientea instruitu ondoren, interesdunari entzunaldia emanda.

2. Erregistroan alta emanda, Alkatetzak etxebizitzaren titularrari jakinaraziko dio, zerga sortzeko urtebeteko epea has dadin, 11. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Alta eta bajen sistema

16. artikulua.

Behin etxebizitza erregistroan inskribaturik, eta aurreko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, subjektu pasiboek edo horien administratzaileek edo legezko ordezkariek gertatu diren aldaketak deklaratu behar dizkiote Udalari, eta horretarako alta, baja eta jabari edo titulartasun aldaketei buruzko deklarazioak aurkeztu behar dituzte, aipatutako egintzak ematen diren unetik ondoko 30 egun baliodunean.

17. artikulua.

Subjektu pasiboek behar diren alta, baja eta aldaketen deklarazioak aurkeztuko dituzte, dokumentu fede-emaileekin batera, zeinetan gertatutako aldaketa egiaztatuko den; horiek eraginkorrak izanen dira aldaketak zein seihilekotan gertatu eta hurrengo seihileko naturaletik aurrera, eta hari dagokion kuota ukituko du.

Arau-hausteak eta zehapenak

18. artikulua.

Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa

Etxebizitza Hutsen Erregistroan jasotzen denetik, zerga-oinarriari aplikatuko zaion karga-tasa %0,40 izanen da lehenengo urtean, %0,50 bigarren urtean, eta %1,5 hirugarren urtean eta hurrengoetan.

Karga-tasa bakarra izanen da udalerri osorako.

Iragarkiaren kodea: L2011432