252. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

102E/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza baterako deialdi hau onesten duena: “Beken deialdi orokorra, 2020-2021 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat”. DDBN identifikazioa: 527855.

Ikusirik departamentu honetako Unibertsitateko Zerbitzuaren buruak 2020-2021 ikasturterako beken deialdi orokorraren gainean aurkeztutako txostena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra onestea, 2020-2021 ikasturterako. Testua ebazpen honen eranskin bakarrean ageri da.

2. 3.300.000,00 euroko gastua baimentzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren 2020ko gastuen aurrekontuko G10001 G1110 4800 323100 partidaren (“Unibertsitateko ikasketetarako bekak eta laguntzak”) baliokide 2021eko gastuen aurrekontuan horretarako sortuko den partidaren kargura finantzatuko dena, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Unibertsitateko Zerbitzura, Unibertsitateko Atalera eta Araubide Ekonomikoaren Atalera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Sarrigurenen, 2020ko urriaren 9an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

BEKEN DEIALDI OROKORRA, 2020-2021 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETAK EGITEN DITUZTEN IKASLEENTZAT

Hizkera ez sexistaren adierazpena

Agiri honetan pertsona, gizatalde edo kargu akademikoak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikala dela ulertzen da, eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.

1. oinarria.–Deialdiaren izaera.

1.1. Nafarroako Gobernuak ikasketetarako eskaintzen dituen beka eta laguntzak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak dei egindakoen osagarri dira. Beken eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko da Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari aurkeztutako eskaerak eman edo ukatu diren.

1.2. Nafarroako Parlamentuak 2021. urterako aurrekontuan ezartzen duen kreditua izanen da deialdi honen muga, deialdi honen bidez araututako beka eta laguntzak onartu eta ordaintzeko. Hori horrela, ematen diren beka guztiak ordaintzeko aurrekontu krediturik aski ez badago, familiaren per capita errenta erabilgarriaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienerako ordenan, kreditua bukatu arte. Kreditu ezagatik ordaindu ezin diren eskaerak ukatutzat hartuko dira.

1.3. Deialdi honen xedea da 2. oinarrian ezartzen diren ikasketetan eta zentroetan matrikulatu diren ikasleei laguntzak ematea.

2. oinarria.–Deialdian sartzen diren ikasketak eta zentroak.

2.1. Ikasketak.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Estatuko lurralde osoan balio duten ikasketak egiteko Espainiako zentroetan.

Deialdi honetan sartzen diren beka edo laguntzak ondoko ikasketa hauetarako eman daitezke:

–Unibertsitate ikasketak, graduko eta masterreko titulu ofizialak lortzera bideratutakoak.

–Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoendako eta 45 urtetik gorakoendako prestakuntza ikastaroa, UHUNek emana.

Ez da laguntzarik ematen honetarako:

–Ikasketak aldatzeko, horrek ikasmailetan gora egitea ez badakar.

–Beka zer ikasketetarako eskatu den, maila horretako bigarren titulazio bat lortzeko, ez bada osotasun batean eskaintzen diren titulazio bikoitzak direla.

–Atzerriko hezkuntza-sistemen ikasketak direnean.

2.2. Zentroak.

Ikasketak Espainiako lurraldean dauden zentro publiko edo pribatuetan egin behar dira. Zentroak Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan izena emanda egonen dira.

Alabaina, Nafarroako Gobernuaren beka osagarria lortzeko, ikasleak zentro hauetako batean egin beharko ditu ikasketak:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

–Nafarroako Unibertsitatea, 8.2.1.b), c) eta d) oinarrian biltzen diren baldintzetan.

–Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateetan, kasu hauetan:

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen ez dituen titulazioetan.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazioetan, ikaspostua lortu ez denean ez delako lortu eskatzen den nota.
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazioetan, ikaslea matrikulatu den zentroa hurbilago baldin badago bere etxetik Foru Komunitatean kokatuta daudenak baino.
  • Euskaraz ematen diren titulazioak badira eta Foru Komunitatean eskaintzen ez badira.

–Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala.

3. oinarria.–Baldintza orokorrak.

3.1. Eskatzaileak.

3.1.1. 2. oinarrian ezarritako zentroen ikasketetan matrikulatu diren ikasleek eskatzen ahalko dituzte deialdi honek arautzen dituen laguntzak, oinarrietan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.1.2. Onuraduna izaten ahalko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 e) artikuluan ezartzen diren baldintzak bete gabe ere.

3.2. Betebeharrak.

Eskatzaileak eta familia unitatean kontuan hartzen ahal diren gainerako kideek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan erroldatuta egotea eta Nafarroan bizitzea 2019ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, baita beka eskatzen duenean ere.

b) 2019. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitortzera behartua badago.

c) Laguntza eskatzen duen ikasleak bere zerga betebeharrak eguneraturik izan behar ditu Foru Komunitateko Administrazioarekin.

d) Familia unitatean kontuan hartzen ahal den kideren batek, 2020ko urriaren 31n, aurreko ikasturteetako beka edo laguntzen zenbatekoak itzultzeke ez izatea.

e) Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari beka eskatu izana edukitzea, 2020-2021 ikasturterako, horretarako baldintzak edukiz gero, deialdia arautzen duten oinarrien arabera, eta beka ukatua ez izatea ondoren aipatzen diren arrazoi hauetako batengatik:

–Deialdi horretan agiriak aurkezteko ezarritako epeak ez betetzea.

–Eskabideko oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa ez aurkeztea, eskatu bazaio ere.

–Baztertua izatea.

Galdatutako betebehar akademikoak ez betetzeagatik eskatu ez bada, horren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Bestela, beka automatikoki ukatuko da.

f) Eskatzaileak edozein egoera zibil duela ere, familiatik aparte eta bere kontu bizi dela alegatzen badu, modu sinesgarrian frogatu beharko du bereiz bizitzeko baliabide ekonomiko aski dituela, eta bizitegiaren titulartasuna edo alokairua ere bai. Etxebizitza hori ikasturtean zehar ikaslearen bizileku dena izan beharko da, deialdi honen ondorio guztietarako. Udalak emandako erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria aurkeztu beharko du, 2019. urteari dagokiona.

4. oinarria.–Ematen diren beka edo laguntza motak.

Beka edo laguntzak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahalko dira:

–Matrikula.

–Hiriarteko garraioa.

–Jantokia.

–Egoitza.

–Laguntza berezia.

–Ikasketa espedientea.

5. oinarria.–Betebehar akademikoak.

5.1. Lehen ikasmailako ikaslea:

a) Titulazioko lehen ikasmaila ikasteko beka eskatzen dutenek, frogatu beharko dute ikasketa horiek egiteko beharrezkoa den titulua daukatela.

b) Master ofizialetako ikasketetako lehenbiziko mailarako beka eskatzen dutenek frogatu beharko dute 6,50 puntuko batez besteko nota dutela masterra egiteko aukera ematen dieten unibertsitate ikasketetako espediente akademikoan. Masterrak lanbide arautu batean jarduteko gaitzen badu, batez besteko nota 6,00 puntukoa izanen da. Horretarako, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketen batez besteko notak 1,17 koefizientearekin biderkatuko dira.

Masterrera sartzeko batez besteko nota kalkulatzeko, I. eranskinean ezarritako arauak aplikatuko dira.

5.2. Bigarren eta ondorengo ikasmailen ikasleak.

Bigarren ikasmailarako beka eskatzen dutenek honako hauek frogatu beharko dituzte:

a) Gradua: Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura ikasketetan, deialdi arruntaren eta bereziaren artean, 2019-2020ko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztien % 65 gutxienik gainditzea, eta gainerakorako % 80 gutxienik gainditzea.

Kasu guztietan, deialdiren batean ikasleak azterketa egiteari uko egiten badio, irakasgai horiek gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira. Ez dira kontuan hartuko alarma egoeraren ondorioz aplikatu diren neurriengatik 2019-2020 ikasturtean matrikula deuseztatu diren irakasgaien kredituak. Egoera hori agiri bidez frogatu beharko da.

b) Masterretarako: lehenbiziko ikasmailan matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela frogatu beharko dute.

c) Irakaskuntza ez presentzialak: Modalitate honetan matrikulatutako ikasleek matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko dituzte, edo a) apartatuan oro har ezarritako ehunekoa, ikasmaila osoko matrikula egin bada.

d) Titulazio bikoitzak ikasten ari direnendako, bi titulazioak jakintza arlo berekoak ez badira, beka lortzeko behar den errendimendu akademikoa izanen da eskakizun akademiko txikiena duen arlorako ezarritakoa.

5.3. Matrikulatu beharreko gutxieneko kredituak:

a) Beka lortzeko eskatzaileek egon behar dute matrikulatuta, 2020-2021 ikasturtean, ikasmaila osatzen duten kreditu guztietan, gutxienez, ezarritako ikasketa planaren arabera, hautaketa librekoak izan ezik, hau da, denbora osoko ikasketetan aritu beharko dute.

b) Matrikula partziala. Hala ere, ikasturte batean 30 edo 30etik gorako eta 60tik beherako kreditutan matrikulatuta dauden ikasleek ere jaso dezakete beka. Deialdi honen ondorioetarako, egoera honi matrikula partziala esanen zaio. Hurrengo ikasturtean beka mantentzeko, matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko dituzte.

c) Ikasketa planek edo unibertsitateko araudiak mugatzen badute ikaslea matrikula daitekeen kredituen kopurua, ikasleak beka lor dezake baldin eta ahal duen irakasgai edo kreditu guztietan matrikulatzen bada, aurreko puntuetan aipatutako gutxieneko kopurura iristen ez bada ere. Egoera hori agiri bidez frogatu beharko da.

5.4. Aldaketak matrikulan.

Matrikulan aldaketak egin edo hura zabalduz gero, dokumentu bidez frogatu beharko da Unibertsitateko Zerbitzuan.

5.5. Azken ikasmailako ikasleak.

Ikasleak 2020-2021 ikasturtean matrikulaturik egon behar duen irakasgai edo kredituen gutxieneko kopurua, aurreko ataletan finkatutakoa, ez zaie karrerako azken ikasmaila egiten ari direnei eskatuko karrera amaitzeko falta zaizkien kredituengatik, horren zergatikoa aurreko ikasmailako edo ikasmailetako aprobetxamendu akademiko hobea baldin bada. Horregatik ez bada, 2020-2021 ikasturtean matrikulaturiko irakasgai edo kredituek izan beharko dute gutxienez ere beka lortzeko oro har behar direnen % 50.

5.6. UHUNeko ikasleak.

UHUNen egiten diren gradu eta/edo master ikasketetan, ikasleek 30 kreditutan matrikulatu beharko dute gutxienez. Hurrengo ikasturtean beka jaso nahi izanez gero, kreditu guztiak gainditu beharko dituzte. Egoera hau ez da matrikula partzialtzat hartuko. Ikasmaila osoko matrikula egin bada, oinarri honetan oro har ezarritako 5.2 oinarrian ehunekoa gainditu beharko da hurrengo ikasturtean beka mantentzeko.

5.7. Desgaitasuna duten ikasleak.

% 65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleek beren irakastorduen kopurua % 50era arte murrizten ahalko dute, eta artikulu honetako aurreko ataletan ezarritako gutxienekoak hein berean murriztuko dira. Beka berritzen ahalko dute matrikulatuta dituzten kredituen % 50 gainditzen badute.

5.8. Sartzen ez diren irakasgaiak/kredituak.

Inoiz ere ez dira izanen aurreko apartatuetan aipatzen diren minimoen parte ikasketa planetan sartuta ez dauden irakasgaien kredituak, edo tituluak ezarrita duen iraupena gainditzen dutenak. Ez dira kontuan hartuko, ezta ere, irakasgai edo kreditu baliokidetuak, egokituak, transferituak edo antzekoak.

6. oinarria.–Bekadun izatearen iraupena.

6.1. Gradua.

Unibertsitateko graduko ikasleek, Zientziako, Ingeniaritzako eta Arkitekturako adarretakoek, ikasketa planean ezarritako urteetan baina bi urte gehiagoan lortzen ahalko dute beka.

Unibertsitateko graduko ikasleek, gainerako adarretakoek, ikasketa planean ezarritako urteetan baina urtebete gehiagoan lortzen ahalko dute beka.

6.2. Masterra.

Masterreko ikasketa ofizialen kasuan, ikasketa planak zenbat ikasmaila duen, adina deialditan lortu ahal izanen da beka.

6.3. Titulazio bikoitzak.

Ikasketa planaren ikasmailak zenbat, horrenbeste urtetan eskuratzen ahalko da beka. Hala ere, titulazio bat (edo biak) Arkitekturako, Ingeniaritza edo Zientzietako adarretakoak badira, urte bat gehiagoz izaten ahalko da beka.

6.4. Desgaitasuna duten ikasleak.

% 65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua izan eta eskola orduen kopurua murriztea erabaki duten bekadunek kasuan kasuko ikasketa planak ezarritako iraupena baino bi urte gehiagotan lortzen ahalko dute beka, Ingeniaritzako eta Arkitekturako adarren kasuan izan ezik, horietan epe hori lau urtekoa izanen baita.

6.5. 25/45 urtetik gorakoentzako sarbide ikastaroa, UHUNek emana.

UHUNek hogeita bost urtetik edo berrogeita bost urtetik goitikoak unibertsitatera sartzeko antolatzen duen prestakuntza ikastaroa egiten duten ikasleek urte bakarrean izaten ahalko dute ikastaro horretarako beka.

7. oinarria.–Betebehar ekonomikoak.

7.1. Familiaren errenta erabilgarria.

Beka edo laguntza ematea lotuta dago familiaren errenta erabilgarriarekin. Errenta kalkulatzen da deialdi honen III. eranskinean ezartzen den prozedurarekin. Kalkulua egiteko, kontuan hartzen dira familiaren kide bakoitzaren banakako errenta, kenkariak kontuan hartuta. Horrez gain, beka emateko kontuan hartuko dira eranskin horretan aipatzen diren familiaren ondarearen adierazleak.

Eskatzaileak bere kargura ahaiderik badu (guraso eta/edo senideak), horiek elementu zatitzaile izanen dira, betiere egoera hori agiri bidez frogatzen baldin badu, eta bere karguko ahaideen diru-sarrerak batu eginen dira errenta kalkulatzeko.

Baldin eta 2019. urteari buruz aitortutako inguruabar ekonomikoak, familia-unitate osoari dagozkionak, modu egiaztagarrian eta larrian urritu badira beka edo laguntza aurkezteko datan, familia unitateko kide errenta-hartzaileren bat hil delako edo lanerako desgaitasunaren edo langabeziaren egoerara iragan delako, edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ABEEE-ERTE) sartu delako, aurten COVID-19a dela-eta deklaratu den alarma egoerarengatik, eskatzaileak espresuki adieraziko du eskaeran eta egoera hori frogatzen duten agiriak erantsi beharko dizkio nahitaez, baita 2020. urteko diru-sarrerei dagokien PFEZaren aitorpenaren kopia osoa ere.

Inguruabar ekonomikoen aldaketa gertatzen baldin bada beka eskaera aurkezteko epea bukatu ondoren eta 2020ko abenduaren 31 baino lehen, berdin jokatuko da, eta interesdunak eskabide bat aurkeztu beharko du, Unibertsitateko Zerbitzuari zuzendua. Egun horren ondoren ez da onartuko 2019. urtean diru-sarrerak larri urritu direla frogatzeko beste dokumentaziorik.

7.2. Familia unitatea zer den.

Bekarako, familia unitateko kide hauek hartuko dira kontuan: ikaslea, haren aita eta haren ama eta senide ezkongabeak, 2019ko abenduaren 31n 30 urtetik beherakoak badira eta egun horretan familiaren etxean bizi baziren, edo zaharragoak, legez % 33ko edo hortik gorako legezko desgaitasun aitortua badute.

Gurasoak dibortziaturik edo legez banandurik egonez gero:

–Seme-alaben zaintza partekatua delarik, kontuan hartzen ahal diren kideak izanen dira beka eskuratu behar duen ikaslearen aita eta ama, eta elkarrekin izan dituzten seme-alabak, aurrekoen bizitoki berean bizi direla frogatzen badute dagokion udal erroldako ziurtagiriaren bidez.

–Zaintza eskatzailearen gurasoen artean partekatua ez denean, kontatzen ahal diren kideen artean ez da sartuko ikaslearekin bizi ez dena. Hala ere, halakoetan, senar-emazte berria edo gisako harremanez loturiko pertsona kontatzen ahal den kidetzat eta/edo sostengatzaile nagusitza hartuko da, baita elkarren seme-alabak ere.

Alargunak edo dibortziatuak berriz ezkonduz gero, ezkontide berria familia unitateko kidetzat hartuko da ondorio guztietarako. Bikote egonkorra eratuz gero berdin jokatuko da.

Beka eskuratu behar duen ikaslea harreran dagoen adingabea bada, aurreko paragrafoetan xedatu dena aplikatuko zaio harrerako familiari.

Adinez nagusia bada, familia unitatean integratutzat hartuko da ondorio horietarako.

Ikaslea ezkondua bada edo bikote egonkorra eratu badu, familia unitatea beraiek osatuko dute, bai eta seme-alaba ezkongabeek ere, halakorik badute, baldin eta adinari, bizikidetasunari eta desgaitasunari buruz aipatu diren baldintzak betetzen dituzte. Kasu horretan, eskatzailea bere kontu bizi dela ulertuko da, eta 3.2.f oinarria aplikatuko da.

Deialdi honen ondorioetarako familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideek 3.2.e oinarrian aipatzen den eskaeran sarturik egon behar dute, bertan eskatzen diren baldintzak betez gero.

7.3. Errenta tarteak.

Beka edo laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskuarki, eskaerak familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordenatuko dira, tarte hauek eginez:

KIDE KOPURUA

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

1

8.843

9.264

11.035

13.777

2

14.144

18.528

22.069

27.554

3

21.216

27.792

33.104

41.331

4

28.288

37.056

44.138

55.108

5

35.360

46.320

55.173

68.885

6

42.432

55.584

66.207

82.662

7

49.504

64.848

77.245

96.437

8

56.576

74.112

88.283

110.213

Hortik gorako kide bakoitzeko

5.840

7.649

9.110

11.375

8. oinarria.–Beka eta laguntzak hartzea eta haien zenbatekoa.

8.1. Ordaindu beharreko zenbatekoaren zehaztapena.

8.1.1. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ordainduko duen bekaren zenbatekoa kalkulatuko da, kasu bakoitzean, prozedura honen arabera:

a) Ikasleak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren beka bat baldin badauka:

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren irizpideei jarraikiz legokiokeen bekaren zenbatekoa zehaztuko da.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako zenbatekoaren (bikaintasun akademikoarengatik ematen den zenbateko finkoa kenduta) eta lehenago kalkulatukoaren arteko diferentzia kalkulatzen da.

–Diferentzia hau izanen da onuradunari ordainduko zaion laguntza osagarria. Diferentzia honetan ez da sartzen laguntza berezia, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ematen duen espediente akademikoarena, halakorik bada; hauek osorik ematen dira, deialdiaren irizpideekin bat.

Bien arteko diferentzia zero bada edo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarena txikiagoa bada Ministerioarena baino, nahitaez hautatuko da beste entitateak emandako beka edo laguntza.

Diferentzia hori kalkulatzeko beste xederik gabe, berdintzat joko dira Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak matrikularengatik ematen duen bekaren zenbatekoa eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioarena, Nafarroako Unibertsitatean matrikulaturiko ikasleen kasuan izan ezik. Haien kasuan, 8.2.1.2 oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

b) Ikasleak ez badauka Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren beka bat, ordaindu beharreko zenbatekoa izanen da deialdia honen irizpideekin bat etorriz kalkulatzen dena.

8.1.2. Beka edo ikasketarako laguntza lortzen duten goi mailako ikasleei, 2019-2020 ikasturtetik irakasgai edo kredituren bat gainditu gabe gelditu bazaie matrikulatuta zeudenetarik, eta betiere denbora osoko ikasleak badira (ikus 4.3.a oinarria), bakarrik % 70 ordainduko zaie eskubidea duten kontzeptu guztietan, eskatzailearen errentaren tartearen arabera. Salbuespen bakarra matrikularako beka izanen da, hori osorik emanen baita.

8.2. Beken zenbatekoa.

8.2.1. Matrikularako beka edo laguntzak.

8.2.1.1. Matrikulen zenbatekoa ezartzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

–Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren prezio akademikoa aipatzean, ulertuko da uztailaren 21eko 688/2020 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoaren arabera zehaztutako zenbatekoa. Errege dekretu horrek errentaren eta familia ondarearen tarteak eta beken eta ikasketetarako laguntzen zenbatekoak ezartzen ditu 2020-2021 ikasturterako.

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren prezio akademikotzat joko da Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 3an emandako 8E/2020 Foru Aginduaren bidez ezarritakoa. Ebazpen horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2020-2021 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen ditu.

–Edozein kontzeptu dela-eta, matrikulak merkeago ateratzen badira, edo doan, onura horiek matrikularengatik emandako laguntzaren zenbatekotik deskontatuko dira, salbuespen hauekin: Nafarroako Unibertsitatearen prezioak sustatzeko planarengatik egindako deskontua, familia ugarikoa izateagatik egindako murrizketak eta ohorezko matrikulak ateratzeagatik egindako murrizketak.

–Matrikula bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko bigarren edo ondoz ondoko matrikulak, ezta administrazio zerbitzu hauen prezioak ere: espedientea irekitzea ikasketak hasteagatik, lekualdaketak, identitate txartelak egitea, baliokidetzeak, egokitzapenak eta abar.

Nolanahi ere, matrikularako emandako zenbatekoa ezin izanen da matrikularen benetako kostua baino handiagoa izan.

8.2.1.2. Zenbatekoak tarteen arabera:

a) Ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateetan egiten direnean, 1.2 oinarrian biltzen diren kasuetan, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 100.

2. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 80.

3. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 60.

4. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 50.

b) Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egiten badira, Iruñeko egoitzan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez baditu ikasketa horiek ematen edo, bestela, nahiz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere eman, ikasleek bertan ikasteko posturik lortu ez dutela egiaztatzen badute, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 4.

2. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 2,7.

3. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,5.

4. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,3.

c) Ikasketak Nafarroako Unibertsitatean egiten badira, 2020-2021 ikasturtean, eta aurreko kasuaren baldintzak betetzen ez badira, edo eskatzaileek beren ikasketak beste unibertsitate batean hasi badituzte, hauek izanen dira bekak edo laguntzak, errenta tarteen arabera:

–1. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 100.

2. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 80.

3. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 60.

4. tartea: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak onetsitako prezio akademikoaren % 50.

d) Erregimen iragankorra, aplikatzen ahal zaiena beren ikasketak 2016ko urriaren 31 baino lehenago Nafarroako Unibertsitatean hasi eta ikasketa horietan beretan segitzen dutenei. Halakoetan, errenta tarteen arabera hauek izanen dira beka edo laguntzak:

–1. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 4,8.

–2. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 3,5.

–3. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 2,5.

–4. tartea: ikasketa berak ikastetxe publiko batean egiteko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak duen prezio akademikoa, halako 1,5.

8.2.2. Garraiorako beka edo laguntzak.

Garraiorako laguntzak eman daitezke familiaren bizilekutik ikastetxearen herrira 5 km edo gehiago badira eta astean gutxienez 4 bidaia (bi joateko eta bi etortzeko) egiten badira.

Diruz lagundutako edo doako garraioa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako unibertsitateko garraioa erabiltzen dutenek ez dute zerbitzu horretako bidaiari dagokion laguntzarik jasoko.

Garraioaren kostua kalkulatzeko, herrien arteko distantzia (km) bider astean egin beharreko bidaia kopurua (joan-etorriak) eginen da. Eta gero, hortik ateratzen dena bider 2,8 eginen da.

Pirinio aldeko ikasleen kasuan (Erronkaribar, Zaraitzu, Erroibar eta Aezkoa ibarretakoak, eta Luzaide, Auritz eta Orreaga udalerrietakoak), bider 3,1 eginen da.

Aurreko formulan kalkulatutako kostuaren ehuneko jakin bat ordainduko da, familiaren errenta erabilgarriaren tartearen arabera.

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

% 100

% 80

% 60

% 50

Zenbateko hauek doitzen ahalko dira, eskola-kargaren eta 8.1.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Matrikula partziala daukaten ikasleek lortzen ahalko dute osagai hau. Kreditu horiek lauhileko/seihileko bakar batean egiten badira, beka jasotzea badagokio, bekaren zenbatekoa izanen da legokiokeenaren % 50.

% 65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleen kasuan, matrikula murriztuak ez du izanen matrikula partzialaren kasuan ezartzen den zenbatekoen muga.

8.2.3. Jantokirako bekak edo laguntzak.

Jantokirako bekak edo laguntzak emanen dira, ikasleak astean bi egunetan edo gehiagotan, eskola ordutegia dela kausa, etxetik kanpo bazkaldu behar badu, eta ikastetxea dagoen herritik familiaren etxea dagoen herrira gutxienez 5 km-ko tartea badago. Jantokia diruz lagundua bada, ez da laguntza hau emanen.

Emanen den zenbatekoa hau izanen da: asteko bazkariak bider errenta tarte bakoitzari dagokion zenbatekoa, ondorengo taula honen arabera:

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

Zenbatekoa, ikasturte osoan astean behin bazkalduz gero (euroak)

180

144

108

90

Etxetik kanpo jan beharra agiri bidez frogatu beharko da (eskola ordutegiak, praktiketakoak, etab.).

Zenbateko hauek doitzen ahalko dira, eskola-kargaren eta 8.1.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Matrikula partziala daukaten ikasleek ezin izanen dute osagai hau.

8.2.4. Bizitegirako beka edo laguntzak.

Bizitegirako laguntza emateko, eskatzaileak ikasketa presentzialak egin behar ditu, eta frogatu familiaren etxetik kanpo bizi behar duela ikasturte bitartean, familiaren etxearen eta ikastetxearen arteko distantziagatik, garraiobideen eskasiarengatik eta eskolen orduak aldatzeko aukera ezagatik. Zenbatekoa eskatzailearen errenta tartearen araberakoa izanen da, ondoko taula honen arabera:

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

2.342

1.874

1.405

1.171

Laguntza hau jasotzeko, eskatzaileak alokairu edo bizitegi kontratua aurkeztu beharko du.

Matrikula partziala daukaten ikasleek ezin izanen dute osagai hau.

8.2.5. Garraio, jantoki eta bizitegirako laguntzak emateko baldintza komunak.

–Garraiorako, jantokirako eta bizitegirako beka edo laguntzen ondorioetarako, familiaren etxetzat har daiteke ikastetxetik hurbilen dagoena, legezko helbidea ez bada ere.

–Zehazki, deialdiko beka eta laguntzen ondorioetarako, familiaren etxetzat hartuko da familia unitateko edozein kidek ikastetxetik hurbilen duena, haren titularra bada.

–Bizitegirako laguntza bateraezina da garraioari eta jantokiari dagozkienekin, baita Nafarroako Gobernuak antolatutako unibertsitateko garraioari dagokionarekin ere.

–Garraiorako eta jantokirako laguntzen zenbatekoen batura ezin da bizitegirako laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa izan; salbuespenez, 8.2.2 oinarriaren laugarren paragrafoan sartzen diren ikasleei ematen zaien zenbatekoa muga horren % 10eraino handitzen ahalko da.

–Beren kontu bizi diren ikasleek ez dute bizitegirako laguntzarako eskubiderik.

–UHUNeko ikasleek eta modalitate presentzialaz bestelako ikasketetako ikasleek ez dute eskubiderik izanen bizitegirako edo jantokirako laguntzarik hartzeko.

–Matrikula partziala egiten duten ikasleek eta beren ikasketa guztiak erabat modalitate presentzialaz bestelako batean egiten dituztenek ez dute eskubiderik izanen bizitegi, garraio edo jantokirako laguntza jasotzeko ikasketa planaren iraupen ofizialetik kanpoko urte gehigarrian.

–Graduko ikasketetan eta titulazio bikoitzetan, ikasketa planaren iraupen ofizialetik kanpoko epe gehigarrian, laguntzaren zenbatekoa egokitu zaionaren % 50 izanen da.

–Bi ikasturtetako masterreko ikasketetan, 120 kreditu baino eskola-karga txikiagoa dutenetan, bigarren urtearen bekaren zenbatekoa egokitu zaionaren % 50 izanen da.

–% 65eko edo hortik gorako desgaitasun legez aitortua duten ikasleek ez badute erabiltzen matrikula murriztua, bekaren zenbatekoa % 50 handiagoa izanen da.

8.2.6. Laguntza berezia.

Behar ekonomiko larria aitortu eta frogatzen duten familia unitateek bakarrik izanen dute horretarako aukera.

Laguntza berezia jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoak izanen dira, deialdi honetako baldintza orokorrez gain, 1. zenbakian aipatzen diren baldintzak betetzea, baita 2. zenbakiko batzuk ere, jarraian aipatzen direnak:

1.–Familiaren per capita errenta erabilgarria 4.260 eurotik beheiti izatea.

2.–Familia multzo hauetako batean egotea:

a) Errenta hartzaile nagusia 2019. urte osoko 10 hilabetetan langabezian eduki duten familiak.

b) Batere gurasorik gabeko umezurtzak.

c) Aita edo ama ezkongabeen edo dibortziatu edo legez bereizitako ezkontidearen seme-alabak, diru-sarrera bakarra kasu bakoitzean mantenu-sariengatik sortutako pentsioak direnean.

d) Familian, ikaslearen gurasoek edo seme edo alabaren batek, edo ikasleak berak legez aitortutako desgaitasunen bat dutenean, eta hura % 33koa edo handiagoa.

e) Errenta-hartzaile nagusia pentsioduna duten familiak.

f) 2019an gizarteratze-errentaren hartzaile izan ziren familiak.

Aurreko baldintzak frogatzen dituzten agiriekin batera, txosten sozial bat aurkeztu beharko da, gizarte langile batek prestatua (txosten hori ez da beharrezkoa izanen gizarteratze-errentaren hartzaile direnentzat).

Laguntza bereziak 1.800 eurokoak izanen dira.

8.2.8. Laguntza espediente akademikoarengatik.

Laguntza emanen da espediente akademikoarengatik, graduko ikasleen ahalegina saritzeko.

Ikasleek frogatu beharko dute 8,5eko nota lortu dutela honako hauetan:

–Gradurako sartzeko proban, formula honen arabera kalkulatuta: 0,6 BBN + 0,4 USBE.

(BBN= Batxilergoko batez besteko nota, eta USBE= Unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren ebaluazioa).

–Gainerako sarbideetarako, graduan sartzeko behar izan duten nota.

–Graduko bigarren, hirugarren edo laugarren ikasmailara pasatu ahal izateko aurreko ikasmailan atera duten batez besteko nota.

Batez besteko nota kalkulatzeko, II. eranskinean ezartzen den prozedura erabiliko da.

Osagai honen zenbatekoa, tarteka, hauxe izanen da:

1. TARTEA

2. TARTEA

3. TARTEA

4. TARTEA

400 euro

300 euro

200 euro

200 euro

8.2.9. Beken araubidea genero-indarkeriaren eta terrorismoaren biktimentzat.

Ikasketetarako laguntzak emanen dira kasu hauetakoren bat gertatzen bada:

–Ekintza terrorista baten ondorioz ikaslearentzat berarentzat edo bere gurasoentzat, tutoreentzat edo zaintzaileentzat kalte pertsonalak eratorri badira, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Familia unitatearen kideren bat genero indarkeriaren biktima izan dela aitortua duenean, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legeari jarraikiz.

Kasu hauetan laguntza jasotzen ahalko da, indarreko araudian ezartzen diren gainerako betekizunak betetzen badituzte, eta ez zaizkie aplikatuko beste betekizun hauek: gainditutako eskola-kargaren betekizuna, lorturiko batez besteko nota edo ikasturtean matrikulatutako kreditu edo irakasgaien gutxieneko kopurua.

Beste betekizun akademiko hauek ere ez zaizkie aplikatuko: ikasketa aldaketarena, bekadun izandako urteen muga, kreditu edo irakasgaien ehuneko jakin bat gainditu beharreko eskakizuna.

8.3. Emandako gehieneko zenbatekoa.

–Beka edo laguntzaren kontzeptu guztiak baturik, guztira ordainduko den kopurua ezin izanen da lanbidearteko gutxieneko soldatak deialdia argitaratzen den egunean egiten duen kopurua baino handiagoa izan.

–Edozein kontzepturengatik emandako zenbatekoa ez da izanen haren kostua baino handiagoa.

9. oinarria.–Aurkeztu beharreko agiriak eta epeak. Datuak bildu eta lagatzea.

2020-2021 ikasturteko beketarako edo laguntzetarako eskaerak http://www.navarra.es/home_eu/ atariko eskabidea betez eginen dira. Horretara sartzeko kredentzial hauek beharko dira: cl@ve, erabiltzailearen ziurtagirira (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa), edo NANa + Nafarroako Zerga Ogasuneko PIN zenbakia.

–Beka eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako. Ez da beharrezkoa eskaera hori fisikoki inon aurkeztea.

–Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

–Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Eskaeran eskaneaturik erantsiko dira, behar bezalako kalitatearekin, ondoko dokumentuen jatorrizkoak:

a) Familia unitateak PFEZaren aitorpena egin ez badu, legez horretara beharturik ez dagoelako, honako hauek erantsi beharko dizkio eskabideari:

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria, 2019. urteari dagokiona, udalak luzatua.

–Besteren konturako langileen edo pentsiodunen kasuan, 2019. urtean izandako diru-sarreren frogagiria.

–Enpresaburu edo profesional liberalen kasuan, 2019. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

b) Kenkarien frogagiri eguneratuak (desgaitasuna...). Ziurtagiri gaurkotuekin. III. eranskineko 1.c.3 puntuan sartutako kenkarien kasuan, hartan aipatzen diren matrikulak.

c) C2 edo C3 ziurtagiri akademikoak, bekaren onuradun izan behar duen ikasleak Nafarroatik kanpoko ikastetxe batean ikasten duelarik.

d) Etxetik kanpoko jantoki zerbitzuaren beharraren egiaztagiria (eskola ordutegiak, praktiketakoak eta abar).

e) Alokairu edo bizitegi kontratuaren frogagiria.

f) Familia ugaria izanez gero, hori egiaztatzen duen titulu ofiziala.

g) Guraso bakarreko familia izatea egiaztatzen duen dokumentazio ofiziala.

h) Bidezkotzat hartzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.

Eskaera aurkeztuko da bertan adierazitako datu, ziurtagiri eta gainerako dokumentuak goitik behera behar bezala bete ondoren.

Eskatzaileen ardura ez diren inguruabarrengatik inprimakietan ezin direnean eskatutako ziurtagiriak agerrarazi, agiri eta ziurtagirien eskaerak erantsi beharko dituzte.

Eskatzaileek eskaerak aurkezteak honako hau esan nahi du:

a) Onartzen dituela deialdiaren oinarriak, hartarako eskatzen baitu beka.

b) Eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztien jatorrizko frogagiri guztiak dauzkala, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

c) Jakinaren gainean dagoela, deklaratutako inguruabarretan zerbait zuzena ez bada, egia ez bada, edo ezkutatu bada, beka ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela.

d) Badakiela deialdi hau Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren deialdiaren osagarria dela, eta deialdi horretan laguntza jasotzen badu Unibertsitateko Zerbitzuari jakinarazi beharko diola.

e) Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan eskuratzeari, eskaeran horretarako adierazi duen posta elektronikoaren bidez.

f) Eskatzailea dela bekaren ordainketa eskuratzeko adierazitako kontu korrontearen titularra edo titularkidea.

g) Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematen diola hauetarako:

–Jendaurrean jartzeko bekadunen zerrendak, haien datu identifikagarriak eta emandako laguntzen zenbatekoak zehaztuta, dirulaguntzei buruzko oinarrietan eta datu pertsonalen babesari buruzko arauetan ezarritakoarekin bat.

–Beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, GSIN, eta abar) informazioa eskatzeko baimena ematen diela, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoari eskatuko diola unibertsitate horretan ikasposturik ez duela lortu dioen ziurtagiria, Nafarroako Unibertsitatean edo Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateren batean matrikulatutako ikasleen kasuan.

–Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatuko dizkiola familia unitateko kide konputagarrien datu ekonomiko-finantzarioak, paperean eta euskarri informatikoan hartzeko moduko igorpen elektronikoaren bidez, 3. oinarrian eta deialdi honen III. eranskinean aipatzen diren baldintza ekonomikoen gaineko informazioa osatzeko, hots: diru-sarrerak, errentak, inbertsioak, ondareko ondasunak, subsidioak, onurak, pentsio planak, zerga beharkizunak eta beste.

Inprimaki horretan jarritako datu pertsonalak, eta bekak edo laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean jasoko dira.

Aipatu unitate organiko horrek aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

10. oinarria.–Ematea eta ukatzea.

Beka edo laguntzaren kontzesioa eskatzailearen alde eginen da legezko ondorio guztietarako (3.1 oinarria).

Baieztatzen bada ez dagoela koherentziarik Ministerioaren deialdira aurkeztutako datuen eta deialdi honetara aurkeztutako datuen artean, beka edo laguntza ukatzea proposatuko da.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateen Zerbitzuari dagokio espedientearen instrukzioa.

Onartu eta ukatzen diren beka eta laguntzen behin-behineko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateen Zerbitzuak proposatuta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Behin-behineko zerrenda horrekin bat heldu ez diren eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari. Horretarako hilabeteko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Zerbitzu horrek, hala berean, ofizioz berrikusten ahalko ditu espedienteak, deialdian aurreikusitakoaren aurkako arau-hausterik edo akatsik baldin bada.

Unibertsitateen Zerbitzuak proposatuko du aldaketei buruzko behin betiko ebazpena, Beken Batzordearekin kontsultatu ondoren. Batzorde horrek proposatzen ahalko du, deialdiko baldintza guztiak bete ez arren, batzordearen ustez beka edo laguntza jasotzeko merezimendu aski dituzten ikasleei ere bekak ematea, merezimendu horiek behar bezala justifikatuz gero.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta, onetsiko da eman eta ukatzen diren beka eta laguntzen zerrenda, baldin eta ofizio bidezko berrikuspenak, edo interesdunak hala eskatutakoak, behin-behineko ebazpenean aldaketak ekarri baditu.

Emandako eta ukatutako beka eta laguntzen zerrenda zuzendua behin betikoa bilakatuko da lehen aipatutako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean. Halaber, epe berean behin betikoak bilakatuko dira behin-behinean emanak ziren gainerako laguntza eta bekak, aipatutako zuzenketen zerrendan agertzen ez direnak.

Emandako eta ukatutako beken zerrendak, behin-behinekoak eta behin betikoak, http://www.navarra.es/home_eu/ atariko beken fitxan argitaratuko dira.

11. oinarria.–Beken Batzordea.

Beken Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Burua: Unibertsitateko zuzendari nagusia.

–Buruordea: Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria.

–Kideak:

  • Unibertsitateko Atalaren ordezkaria.
  • Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntzako Goi mailako Ikuskatzailetzaren Arloko zuzendaria.
  • APT bat (arlo ekonomikoa), Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.
  • Ekonomia eta Ogasun Departamentuko ogasun ikuskatzaile, kudeatzaile edo teknikari bat.
  • Ikasleen gurasoen elkarteen bi ordezkari.
  • Unibertsitate mailako bi ikasle, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa.
  • Unibertsitateetako bi ordezkari, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa.
  • Idazkaria: APT bat (arlo juridikoa), Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.

12. oinarria.–Ikuskapena eta kontrola.

Era berean, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko organo eskudunek beka ukatu edo baliogabetu dezakete, baldin eta ikuskapen eta kontrol bidez aurkitzen badute familia unitate batek justifikatzen dituen diru-sarrerak objektiboki beren gastu mailaren oso azpitik daudela, ez badituzte bizitzeko dituzten baliabideak frogatzen.

Bekarako eskaera aurkezteak berarekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez lortzeko, betiere bekaren ondorioetarako. Edozein errenta-iturri ezkutatzen bada, eskatutako laguntza ukatuko da.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak noiznahi agintzen ahal du laguntza ematean oinarri izan ziren eskaera espedienteak berrikusteko, horietan ezarritako datuak egiazkoak ote diren ziurtatzeko.

Ikuskapen prozesuan laguntzeari uko egiten dioten edo eskatutako informazioa eta dokumentazioa aurkezten ez duten onuradunek besterik gabe galduko dute izaera hori eta berehala itzuli egin beharko dute jasotako bekaren edo laguntzaren zenbatekoa.

Ikasketa, ekonomia edo inguruabarrei buruzko datuak ezkutatu edo faltsutuz gero, emandako laguntzak bertan behera utzi eta atzera itzuli beharra agintzen ahalko da.

13. oinarria.–Beka edo laguntzen ordainketa.

Eskatzailearen aldeko beka edo laguntzen ordainketa eskaeran azaltzen den banku, aurrezki kutxa edo kreditu kooperatibaren bidez eginen da.

Ordainketa ondoko betekizun hauek bete direla egiaztatzen denean eginen da:

–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari beka edo laguntza eskatu ahal izateko aurretik Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioari eskatu behar diotenek 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuan, erakunde horren bekaren onarpenaren edo ukapenaren behin betiko jakinarazpena. Hori aurkezten ez bada, beka ukatu egingo da, edo, hala badagokio, beka itzultzea eskatuko da. Nafarroako ikastetxeetan ikasten duten ikasleek ez dute aurkeztu behar izanen.

–Ebazpen honen bidez deitutako ikasketetarako beka edo laguntzen onuradunak beharturik daude beka edo laguntza eman den xederako erabiltzera, hots, matrikula egitera, klasera joatera, azterketetara aurkeztera eta, gastuak, zeinetarako ematen baita laguntza, ordaintzera. Horren ondorioetarako, beka edo laguntza eman zaion helburuetarako ez duela erabili ondorioztatuko da ondoko kasuren bat gertatzen bada:

1. Matrikula deuseztatzea.

2. Beka zer ikasmailatarako eman zaion eta hartan zer kreditutan matrikulatu den, orokorrean gutxienez ere horien % 50 ez gainditzea. Zientzietako, Osasun Zientzietako, Ingeniaritza eta Arkitekturako adarretan, % 40 izanen da. Ehuneko hori kalkulatzeko aparte utziko dira kreditu baliozkotuak, aitortuak, egokituak, transferituak edo gisakoak.

3. Ikastetxeak emandako zerbitzuak ez ordaintzea, beka zerbitzu horiek finantzatzeko eman bazen.

1. kasuan, beka zer kontzeptutarako eman zaion, horiek guztiak itzuli beharko ditu.

2. kasuan, beka zer kontzeptutarako eman zaion, horiek guztiak itzuli beharko ditu, matrikularako beka izan ezik.

3. kasuan, ordaindu gabeko zerbitzuei dagozkien kontzeptuak itzuli beharko ditu.

Zentroetako idazkaritzek jakinarazi beharko diote Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari, 2021eko urria baino lehen, aipatu inguruabarretan dauden ikasleak zein diren.

Ikaslea ikasturtean zehar hiltzen bada, beka edo laguntza oso-osorik kobratzeko eskubidea izanen da.

14. oinarria.–Laguntzak galtzea.

Bekadunek edozein momentutan galtzen ahal dute emandako laguntza, Administrazioaren egintza arrazoitu baten bitartez, bidezko instantzien aitzineko ekintzak galarazi gabe, deialdi honetako arauek aipatzen dituzten inguruabarrak frogatzeko espedientea ireki ondoren. Espediente hori Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ireki eta ebatziko du.

Espediente baten ondorioz laguntza ezeztatuz gero, jasotako dirua itzuli beharko da, baztertu gabe eskatzaileak edota laguntza jaso duen ikasleak hartu ahal izan dituen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Bekak eta laguntzak emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, ebazpena eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta http://www.navarra.es/home_eu/ atariko fitxan argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Masterreko batez besteko nota kalkulatzeko arauak

Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, arau hauek aplikatuko dira masterrean sarbide izateko batez besteko nota kalkulatzeko:

a) Masterra egiteko aukera bigarren ziklokoak bakarrik diren titulazioak gainditzeari esker lortu bada, batez besteko nota kalkulatzeko, aurretik egindako lehen zikloko kalifikazioak ere hartuko dira kontuan.

b) Kalifikazioak baremo honen arabera kontatuko dira:

–Ohorezko matrikula (bikain eta aipamena) = 10 puntu.

–Bikain (9-10 puntu) = 9 puntu.

–Oso ongi (7-8,9) = 7,5 puntu.

–Nahikoa edo gai (5-6,9) = 5,5 puntu.

c) Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, guztira lorturiko puntuak irakasgai guztien artean zatituko dira.

d) Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatu eta gero lortzen den puntuazioa haztatuko da irakasgaiaren kreditu kopurua kontuan hartuta, formula honi jarraikiz:

B = (P × IKK) / EKK

B = Irakasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.

P = Irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko puntuko baremoa kontuan hartuta.

IKK = Irakasgaiaren kreditu kopurua.

EKK = Eginiko kreditu kopurua, ebazpen honen arabera kontuan hartzen ahal dena.

Formula horren aplikazioaren ondoriozko balioak batu eginen dira. Horren emaitza izanen da azken batez besteko nota.

e) Baliozkotu, egokitu eta parekatutako irakasgai edo kredituak emanen dira abiapuntuko ikastetxean lortutako kalifikazioari dagozkion puntuetan. Kalifikazio hori ez dagoenean nahikotzat joko da (5,5 puntu).

f) Kalifikaziorik ez daukaten irakasgai eta kreditu aitortuak ez dira espedientean sartuko.

g) Atzerriko unibertsitateetatik datozen espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, Espainiako hamartar sistemara egokituko da, irakasgaiz irakasgai, kontuan hartuz jatorrizko kalifikazioan gainditzeko behar den gutxieneko nota eta gehieneko nota eta horren arabera Espainiako hamartar kalifikazioko sisteman dagokiena.

II. ERANSKINA

Espediente akademikoarengatiko laguntza eskuratzeko batez besteko notaren kalkulua

Gainditu ez diren irakasgaien edo kredituen kalifikazioak ere sartzen dira, halakorik bada.

1. Batez besteko nota kalkulatzeko, ikasleen ikasturteko zenbakizko kalifikazioak erabiliko dira, 0tik 10erako eskalan. Aurkeztu gabeko irakasgaietan 2,50 puntuko nota jarriko da.

2. Zenbakizko kalifikaziorik ez dagoenean, eskuraturiko kalifikazioak honako baremo honi jarraikiz zenbatuko dira:

a) Ohorezko matrikula = 10 puntu.

b) Bikain = 9 puntu.

c) Oso ongi = 7,5 puntu.

d) Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

e) Ez gainditua, ez aurkeztua edo ez gai = 2,50 puntu.

3. Irakasgaien arabera antolaturiko ikasketa planak izanez gero, batez besteko nota kalkulatzeko, guztira lorturiko puntuak irakasgai guztien artean zatituko dira.

4. Kredituen arabera antolatutako ikasketa planen kasuan, irakasgai bakoitzean lortzen den puntuazioa haztatuko da irakasgaiaren kreditu kopurua kontuan hartuta, formula honi jarraikiz:

B = (P × IKK) / EKK

B = Irakasgai bakoitzean lortutako notaren haztapenaren balioa.

P = Irakasgai bakoitzaren puntuazioa.

IKK = Irakasgaiaren kreditu kopurua.

EKK = Eginiko kreditu kopurua, ebazpen honen arabera kontuan hartzen ahal dena.

Zenbateko hau adjudikatzeko, unibertsitateko graduetako bigarren edo hirugarren ikasmailetan matrikulatutako ikasleen kalifikazioaren kasuan, 1,17ko koefiziente zuzentzailea aplikatuko da arkitektura edo ingeniaritzaren arloko ikasketetatik datozen kalifikazioen kasuan, 1,11koa zientziaren arlotik datozenentzat, eta 1,05ekoa osasun zientzien arlotik datozenentzat.

III. ERANSKINA

Datu ekonomikoak

1. Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua:

a) Familia unitateko kide bakoitzaren banakako errenta nola kalkulatu.

Kontuan hartzen ahal diren familia unitateko kideen kasuan, 2019ko PFEZaren aitorpena aurkezteko betebeharra badute, hau hartuko da banakako errentatzat:

–Zerga-oinarriaren zati orokorra.

–Ken ezkontidearen alde konpentsazio pentsioagatik ordaindutako kantitateak eta elikatzeko urteko sariak, biak ere epailearen erabakiz ezarriak, eta bikotekide egonkorraren alde ordaindutako kantitate legez galdagarriak.

–Gehi zerga-oinarriaren aurrezkiaren zati berezia, kenduta 2015etik 2018ra bitarteko ondareko irabazi eta galeren saldo garbi negatibo guztiak eta aurrezkiaren zerga-oinarrian sartu beharreko 2015etik 2018ra bitarteko kapital higigarriaren etekinen saldo garbi negatiboa.

–Gehi PFEZaren ondorioetarako salbuetsitzat (*) jotzen diren gainerako errenta eskuratuak, hala nola baliaezintasun iraunkor absolutuko pentsioak edo baliaezintasun handikoak, kalte-ordainak, loteria sariak, aitak edo amak seme-alaben mantenurako ematen dituen urteko sariak, kontuan hartu gabe jasotako ikasketa beka edo laguntzak.

Ondorio praktikoetarako, banakako errenta kalkulatuko da 2019ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukitxoekin eragiketa hauek eginez:

–507 laukia - 511 laukia - 822 laukia + 8808 laukia - 8020 laukia - 8100 laukia + 8810 laukia - 8880 laukia - 8830 laukia + 529 laukia.

(*) Arestian aipatutako errenta salbuetsiak ez dira kontuan hartuko haien batura, familia unitateko kide guztiak kontuan izanda, ez bada 10.000 eurora iristen.

PFEZaren aitorpena egitera beharturik ez dauden familia unitateko kideen kasuan, bakoitzaren errenta honela kalkulatuko da: 2019. urtean eskuratutako diru-sarrera gordinen batura, edozein dela ere beren iturria, barnean sarturik ondasun higiezinak alokatzeagatik jasotako errentak eta enpresa, lanbide eta nekazaritza jardueren ondoriozko etekin garbiak. Ateratzen den zenbatekotik besteren konturako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak kendu beharko dira.

b) Familiaren errenta erabilgarriaren kalkulua.

Familiaren errentatzat hartuko da eskatzailearen eta haren ezkontidearen banakako errentak gehi familia unitateko beste kideen banakako errenten % 50, aurreko atalean adierazi bezala kalkulaturik. Guztira ateratzen den zenbatekoari familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen 2019ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenetako aurretiazko kuota diferentziala (578 laukia) kenduko zaio.

c) Familiaren errenta erabilgarriaren kenkariak.

Bekaren ondorioetarako familiaren errenta erabilgarria arestian ezarri denaren arabera kalkulaturik, errenta horretatik kontzeptu hauei dagozkien zenbatekoak kentzen ahalko dira:

1.–Familia ugaria:

–Orokorra. Familia unitatean kontuan hartzen ahal den seme edo alaba bakoitzeko, 654 euro.

–Berezia. Familia unitatean kontuan hartzen ahal den seme edo alaba bakoitzeko, 874 euro.

Familia ugariak dira halakoak direnak eta titulu ofizialaren bidez frogatzen dutenak, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

2.–Familia unitateko kideren baten desgaitasun aitortua:

• 2.078 euro, % 33ko edo hortik goitiko desgaitasun aitortua duen kide bakoitzarengatik.

• 3.325 euro, % 66ko edo hortik goitiko desgaitasun aitortua duen kide bakoitzarengatik.

3.–Unibertsitateko ikasketak direla eta etxetik kanpo bizi diren bi anai-arreba edo gehiago daudenean:

• 1.296 euro egoera horretan dagoen seme edo alaba bakoitzarengatik.

4.–Kenkaria, guraso bakarreko familia dela (edo gurasobakartasun egoeran dagoela) aitortua duen familia bateko kidea izateagatik:

• 600 euro familia bakoitzak.

Nafarroako Foru Komunitatean zerga arloan aplikagarria den araudiak agintzen duenari men eginen zaio honako kontzeptu hauei dagokienez: oinarri orokorra, berezia, zerga-oinarria, likidazio-oinarria, konpentsazioak, murriztapenak, errenta salbuetsiak, pentsio planak, gizarte aurreikuspeneko sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, atxikipenak, PFEZaren konturako ordainketak, aurretiazko kuota diferentziala eta PFEZaren aitorpena egin beharra.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako PFEZaren likidazio behin-behineko edo behin betikoa badago, hori erabiliko da familiaren per capita errenta zehazteko.

2. Familiaren ondarearen tarteak.

Alde batera utzita aitzineko zenbakietan xedatutakoaren arabera kalkulatutako familiaren errenta erabilgarria, 2020-2021 ikasturterako beka ukatu eginen da baldin eta gainditzen badira familiaren ondarea adierazten duten atalase hauek:

a) Familia unitateko kide konputagarrien hiri finken katastro balioen baturak ezin izanen du gainditu 108.966 euroko kantitatea, kenduta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitatean dagoen etxebizitza baten katastro balioa.

b) Familia unitateko kide konputagarrien landalurreko finken katastroko balioen baturak ezin izanen du gainditu 16.675 euroko kantitatea kide konputagarri bakoitzeko.

c) Familia unitatearen kide konputagarrien ondasun higigarrien kapitalaren etekin garbiak gehi ondarearen irabazi eta galeren saldo garbi positiboaren arteko baturak, salbu etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko jasotako dirulaguntzak, ezin izanen du gainditu 2.159 euroko kantitatea (2019ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion laukiak: 8810 laukia + 8808 laukia 708 laukia).

Ondarearen adierazgarri diren elementu horiek 2019ko abenduaren 31n duten balioaren arabera kontatuko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudian xedatutakoarekin bat.

Era berean, beka ukatuko da egiaztatzen bada familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen diru-sarrera hauen baturak 449.746 euroko zenbatekoa gainditzen duela, balio erantsiaren gaineko zerga alde batera utzita:

a) Jarduera ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerak, zuzeneko zenbatespenaren bidez edo zenbatespen objektiboaren bidez zehaztuak.

b) Nortasun juridikorik gabeko entitateen edo bestelako entitate juridikoen bidez garatutako jarduera ekonomikoetan familiako kide konputagarri guztiek ehuneko berrogeita hamarreko edo hortik gorako partaidetza izateagatik dituzten diru-sarrerak, behin jardueren guztizko diru-sarrerei jarduera horietako partaidetzaren ehunekoa aplikatu ondoren.

Aurreko paragrafoetan ageri diren elementuen balioaren konputuaren ondorioetarako, familiako edozein kide konputagarrirenak diren elementuen balioaren % 50 kenduko da, eusle nagusienak izan ezik.

Iragarkiaren kodea: F2011939