250. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Ordenantza, landa-bide publikoak erabiltzeko eta aprobetxatzeko. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2020ko maiatzaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen landa-bide publikoen erabilera eta aprobetxamendua arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Lesakan, 2020ko urriaren 6an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

LESAKAKO LANDA-BIDE PUBLIKOAK ERABILTZEKO ETA APROBETXATZEKO ORDENANTZA

Lesakako landa-bideak erabilera publikoari atxikitako ondasunak dira, eta beraz, erabilera egokirako irizpideen arabera erabili behar dira. Irizpide horien arabera, honako hauek nabarmendu behar dira: trazadura ez uztea jabetza mugakideak inbaditzeko, egon daitezkeen partzelak ixteko azienda kontrolatzeko, fauna, flora eta jabego mugakideak errespetatzeko, kutsadura akustikoa saihesteko, obra-hondakinik eta hondakinik ez botatzeko, sua ez piztea eta zigarrokinik piztuta ez botatzea, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren aurkako jokabideak saihestea.

Lesakako bide-sarea Lesakako bizilagun guztien ondarearen parte da.

Funtsezko elementua da udalerriko mendi eta zelaien aberastasuna kontserbatzeko eta eskuratzeko. Ezinbertzeko elementua da bizilagunen arteko komunikaziorako eta bisitariei eta oinezkoei bidea errazteko. Bere kontserbazio egoera onak bizilagunen ongizatean eragiten du.

Lesakako herri-mendian pistak eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen direnez, beharrezkoa da horien erabilera arautzea, hiru helbururekin: Lesakako natura-ondarearen balioak zaintzea, erabiltzaile mota guztiek erabilera harmoniatsua izan dezaten erraztea, bereziki bizilagunena, eta erabilera-egoera onean mantentzea.

Horregatik guztiagatik, Lesakako Udalak konpromisoa hartzen du udalerriko landa-bide publiko guztien kontserbazioa zaintzeko, erabilera normaleko egoera iraunkorrean. Horretarako, neurriak hartuko ditu, eta beharrezko obrak eginen ditu landa-bide guztiak ez galtzeko, interesgarritzat jotzen diren adarrak eta bidexkak barne.

Ukitutako ondasunen izaera eta hedadura kontutan hartuta, zaintza zorrotz bat egitea ezinezkoa egiten dela ikusirik, herritarrak behartuta daude, halaber, tokiko agintariekin lankidetzan aritzera, baimendu gabeko jokabideak eta ekintzak prebenitzeko eta zuzentzeko, hori guztia udal-ondare berezi hori kontserbatzeko eta behar bezala erabiltzeko.

Horretarako, Udalaren ikuskapen eta zaintza zerbitzuek arau hauek eta ordenantza honetako edukiak betetzen direla zainduko dute.

Helburu horiek lortzeko eta etorkizunean pisten zirkulazioa arautu ahal izateko, Lesakako Udalak horien erabilera arautu nahi du Udal ordenantza honen bidez.

1. Lesakako landa-bide publikoak, erabilera nagusiaren arabera honela sailkatu dira:

A. Auzo-bidea: baserriak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategi pribatuetan sartzeko erabiltzen dituzte, batez ere, baserriko bizilagunek edo auzoko edo baserrietako auzotarrek; oro har, egoera onean daude, eta zorua hormigoizkoa eta asfaltozkoa izaten da gehienbat, proportzio ttikiagoan zabor-legar artifizialekoak, eta haien neurriengatik beraietatik mendiko eta obrako kamioiak sar daitezke.

B. Baso nagusia: batez ere mendi komunalaren gainean daude, eta mendi-eremu handietara iristeko erabiltzen dira, baita inguruko herriekin komunikatzeko ere. Erabilera anitzak izan ohi dituzte: basogintza, abeltzaintza, turismoa eta ehiza. Oro har, egoera onean daude, eta zorua hormigoizkoa, asfaltozkoa, zabor-legarrezkoa, eta naturala izan daiteke, eta, dituen neurriengatik, egurra garraiatzeko kamioiak sar daitezke bertatik.

C. Bigarren mailako basoak: baso nagusia osatzen duten mendi komunalean kokatuak daude eta mendietara, basoberritzeetara eta belar-eremuetara sartzea ahalbidetzen dute, normalean. Baso nagusi batetik abiatzen dira eta, oro har, egoera onean daude, baina euri aunitz egiten duen garaietan arazoak izan ditzake bertatik ibiltzeko; zorua zabor-legarrezkoa eta naturala da, eta ehiztarien txaboletara ailegatzeko pista puntualen bat hormigonatua dago, eta beren neurriengatik mendi-kamioiak sar daitezke bertatik.

D. Trotxak edo ateratzeko bideak: mendi komunalean kokatuta daude, bigarren mailako baso-pistatik abiatzen dira eta konifero-masa helduetan kokatuta daude, non entresaka egiteko eta azken mozketa lanetarako erabiltzen diren. Gaur egun, egin diren azken mozketak, birpopulatze gazteak dira.

E. Abeltzaintza: herri-mendian eta herrigunetik gertu daude, eta abereengatik eta abereentzako batez ere erabiltzen diren bordak eta belardiak daude. Lur orotako ibilgailuak edo traktorean ibil daitezke, baina euria egiten duen egunetan zailtasunak izaten dira. Zorua naturala da, baina hirigunetik hurbil dagoen zatiren batean hormigoizkoa edo zabor-legarrezkoa izan daiteke.

F. Trenbidea: udalerriaren ekialdetik igarotzen den trenbide zaharra da. Bi bide-zoru mota daude: asfaltoa eta zabor-legar artifiziala. Neurriak direla eta, litekeena da zura garraiatzeko atoi kamioiek bertatik zirkulatu ahal izatea.

G. Bideak: 2 metro baino gutxiagoko zabalera duten 2. mailako edo kategoriako lau gurpileko ibilgailuentzat irisgarriak ez direnak.

H. Bidexkak: antzinako gurdibideak eta bidexkak, erabilera eta funtzio anitzekoak, lasterbideak barne, eta, oro har, bidexka turistikoak. Ezin da bertatik ibili ibilgailuekin, bidexka batzuetan izan ezik; izan ere, zenbait zailtasunekin ibili daiteke eta orokorrean zorua naturala da baina baliteke herrigunetik gertu galtzada erromatarren bat egotea.

2. Lesakako landa-bideetatik igarotzea.

A. Erabat debekatuta dago Lesakako pista guztietan baso- eta eraikuntza-produktuak arrastatzea.

B. Erabat debekatuta dago kate-ibilgailuak zirkulatzea, salbu, partikularrak eta Udalak bere finketan pistak garbitzeko eta hobetzeko edo, obretan edo hobekuntzetan erabiltzen dituztenean, dagokion baimenarekin.

C. Debekatuta dago ibilgailu motordunak lur irekian zirkulatzea udalerri osoan, goitian kategorizatutako bideetatik kanpo, bai eta bi metro baino guttiagoko zabalera duten bide guztietan edo “G” eta “H” kategorietan ere.

D. Pertsonak eta ibilgailuak landa-bideetatik igarotzeko, Zirkulazio Kodeko arauak bete beharko dira.

Nolanahi ere, baimendutako gehieneko abiadura ez da orduko 30 kilometrotik goitikoa izanen.

E. Eurite iraunkorren kasuan, debekatuta dago mota guztietako ibilgailu motordunak ibiltzea pista guztietan, “A” motakoetan izan ezik; horietan, pertsonak eta abereak baserrietara garraiatzeko ibilgailuak bakarrik zirkulatzea baimenduko da.

F. “B” motako pisten kasuan, salbuespen gisa, langileen garraiorako ibilgailuak erabiltzeko baimena eman ahal izanen zaie soilik pista horietako batetik bakarrik sar daitekeen lekuren batean lanean ari direla frogatzen duten pertsonei eta ehiza-garaian beren postuetara sartzeko lizentzia duten eta herrian bizi diren ehiztariei, helburu den jarduerarako behar den denborarako bakarrik izanik.

G. Landa-bideetako mugakide diren finken jabeek beren animaliak zaindu beharko dituzte, horiek zirkulazio askea eta egokia oztopa ez dezaten ibilgailuen zirkulaziorako egokitutako landa-bideetan, istripuak saihesteko.

Animalien jabeak izanen dira pertsona, oinezko edo ibilgailuei eragindako eragozpen, kalte edo istripuen erantzuleak, baldin eta bidearen erabiltzaileek arreta-arauak betetzen dituztela egiaztatzen bada.

3. Erabilera-mugak.

A. Debekatuta dago lurrak, harriak, obra-hondakinak eta nekazaritzako edo basogintzako produktuen hondakinak bide eta pistetan eta areketan uztea eta botatzea.

B. Debekatuta dago nekazaritzako, basogintzako edo bestelako produktuen hondakinak erretzea bideetan eta pistetan, bai eta horien aparkalekuetan ere.

C. Baliabide naturalen kontserbazio eta kudeaketa arrazoiengatik eta pertsonen eta ondasunen segurtasun arrazoiengatik, Udalak baldintzatu eta/edo debekatu ahal izanen du ibilgailu motordunak, animaliak eta pertsonak landa-bideetatik joatea, edozein kategorietakoak direla ere.

Baldintza eta/edo debeku horiek ofizioz edo alderdi batek eskatuta ezar daitezke, eta hartutako neurriak arrazoituak eta kasuan kasuko kudeaketa babestu beharreko jarduerarekin bat datozenak izanen dira (adibidez, kirol-proba bat).

D. Baldin eta neurriek debekatzen badute ibilgailuekin zirkulatzea bere kategoriaren arabera horretarako gaitutako bideetan, edo pertsona eta animaliekin edozein bide motetan, aldi baterako izanen dira, eta jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik dagokion tasa sortuko dute, baldin eta alde batek eskatuta eta indarreko legeriaren arabera behar bezala izapidetutako espedienteak badira.

Muga eta/edo debeku horiek behar bezala iragarriko dira tokian bertan, eta horien edukiak Udalak erabakitakora egokituko dira. Udalak adostasuna eman behar du, eta debekua eragin zuen ekitaldiaren amaierarekin batera amaituko dira.

E. Aitzineko paragrafoan jaso ez diren gainerako kasuetan, berariaz debekatuta daude paseatzaileentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta fauna basatiarentzat arriskutsuak diren lehiaketak, lasterketak edo bertzelako gidatze-modalitateak.

F. Larrialdietako ibilgailu guztiak Lesakako edozein landa-bidetan zirkulatzea eta erabiltzea baimenduta dago. Gidarien erantzukizuna izanen da ibilgailuan ibiltzeko eta maniobrak egiteko gaitasunak baloratzea.

4. Baimentzeko prozedura.

A. Lesakako Alkatetza izanen da mugei buruzko ataleko “C” eta “D” artikuluetan eta igarobideari buruzko ataleko “F” letran jasotako balizko baimenak izapidetzeko organo eskuduna.

B. Baimen-eskaerak ofizialki ezarritako ereduan aurkeztuko dira, eta bertan zehaztuko dira datu pertsonalak, erabili beharreko ibilgailuaren edo ibilgailuen datuak eta eskatzen den baimen-modalitatea.

C. Lesakako bizilagunek eta beren ibilgailuak erabiltzeko beharra justifikatzen duten bertze pertsona batzuek eskatu ahal izanen dute baimena, betiere ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

D. Organo eskudunak ebatziko ditu baimen-eskaerak, gehienez ere bortz eguneko epean, eta ebazpena eman eta hurrengo egunetik aitzin izanen dituzte ondorioak.

E. Baimena gauzatzeko, ibilgailu bakoitzeko edo jarduera ekonomiko bakoitzeko txartel indibidual bat emanen da, dagokionaren arabera, aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako modalitateetan; horretarako, baimendutako ibilgailuen erregistro bat sortuko da, eta horren zergadunen errolda korrelatiboa. Hasierako erroldan ofizioz sartuko da, baimena eman ondotik.

F. Antzineko paragrafoan aipatutako erroldako subjektu pasiboek baimena eragin zuen arrazoia amaitzen den unean egin beharko dituzte baja-deklarazioak.

5. Zaintza.

Tokiko edo Gobernuko mendi-zaintzaileen zerbitzuko eta agintaritzako agenteek, beren zaintza- eta ikuskapen-eginkizunak betez, zerbitzu horiei atxikitako ibilgailuekin zirkulatu ahal izanen dute mota guztietako landa-bideetan, baldin eta haien eraikuntza-ezaugarriek horretarako aukera ematen badute, horien kategoria edo kasu bakoitzean oro har ezar daitezkeen erabilera-mugak gorabehera. Bitarteko eta eranskin horietan hautematen dituzten arau-hauste guztiak salatzeaz ere arduratuko dira.

6. Zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea.

Bide publikoen mugakide diren jabetza partikularretan zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko guttieneko distantziak, oro har, hiru metrokoak izanen dira kanpoko ertzetatik. Babesteko edo apaintzeko, zuhaitzak edo zuhaixkak landatu ahal izanen dira mendi-ebaketetan, lubetetan eta Udalaren landa-bideen ertzetan, edozein dela ere inguruko lursail partikularretatik dagoen distantzia. Hiru metrotik beheitiko distantzien kasuan, interesdunei entzunaldia emanen zaie dagokion ebazpena eman baino lehen.

Nolanahi ere, landaketen jabeak zaindu beharko du adarrek edo sustraiek ez dutela inbaditzen edo oztopatzen ukitutako bideetako joan-etorri askea, eta mozketa- edo inausketa-baimen egokiak eskatuko dizkio erakunde eskudunari.

7. Ur korronteen hustubidea.

Bideetatik datozen urak igarotzen diren finken jabeek, errentariek edo apartzeroek ezin izanen dute galarazi finka horiek askatasunez ibiltzea. Era berean, ezinen dute uren ohiko ibilbidea desbideratzen duen obrarik egin, bidera bideratzeko. Era berean, bideko ur-pasabideetatik datozen hustubideak jasan beharko dituzte. Horien diseinuan, obren proiektuek ezinbertzean kontuan izanen dute ur horiek hartzen dituzten finketan izan daitezkeen kalteak minimizatzea, eta, beharrezkoa izanez gero, kargak ukitutako guztien artean modu bidezkoan banatzea, bidearen mugakidearen luzeraren arabera, urak askatasunez joan daitezen saiatzeko.

8. Erantzukizunak.

Erabiltzaileak izanen dira ordenantza honetako arauak ez betetzeagatik pistetan eragindako gehiegizko kalteen erantzule bakarrak.

Udalak baimendutako zur-aprobetxamenduen edo bertzelako aprobetxamenduen kasuan, esleipendunak fidantza nahikoa jarri beharko du, arrazoi hori dela-eta pistetan edo bideetan sor daitezkeen kalte-galeren ordaina bermatzeko.

9. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea, arau-haustetzat joko da.

10. Zehapenak.

Ordenantza hau urratzeagatik egindako arau-hausteak 100 eta 600 euro bitarteko isunekin zehatuko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2011921