250. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

137/2020 EBAZPENA, urriaren 14koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2020rako deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, haren bidez aldi baterako eta salbuespeneko laguntza bat emateko COVID-19aren krisiak bereziki kaltetutako nekazari eta enpresa txiki eta ertainei, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programako M21 neurriarekin bat. DDBN identifikazioa: 528315.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia. Espainian eta nazioartean dugun osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) letrak), Espainiako Gobernuak alarma egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuaren bidez, osasun krisiari aurre egiteko; sei aldiz luzatu da alarma egoera, azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuaren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatu baitzuen, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Espainiako eta Europako eskualdeak normaltasun berrian sartu badira ere, COVID-19aren agerraldiek larrialdi handia izaten jarraitzen dute herritarren eta gizarteen osasun publikorako, eta, orobat, Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatzen ari da, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragiten dio bide eta modu desberdinetan. Nekazaritzaren arloan ere izan da asaldura eskaintza orokorrean, hornidura kateak eten direlako, eta, horrekin batera, eskariaren asaldura asimetrikoa ere izan da, nekazaritzako zenbait produkturen eskaria bat-batean apaldu delako kontsumitzaileen aldetik, edo izugarri handitu delako beste produktu batzuen eskaria. Une hauetan, gainera, ez da segurua noiz arte iraunen duen eta zer tamainakoa izanen den asaldura, nekazaritzaren sektoreko eragile ekonomikoen kontroletik kanpo dauden faktoreen menpe dagoelako nagusiki; aitzitik, agintaritza publikoen erabakien menpe daude faktore horiek, besteak beste, osasun publikoa dela eta.

Elikagaiak produzitzea eta elikagaiez hornitzea bermatu beharreko jarduera oinarrizko eta funtsezkoa da, batez ere osasun-larrialdiaren egoeran, herritarrei zerbitzu oinarrizko eta ezinbestekoa eskaintzeko, eta lasaitasuna emateko, fidagarriak diren aski elikagai eskura edukiko dituztela ziurtatuz. Aurrekoa gorabehera, alabaina, egoerak sekula ez bezala ukitu ditu zenbait nekazari eta zenbait landa enpresa; batez ere, nekazaritza produktuak zirkuitu laburraren bidez merkaturatzen dituzten horiek, hau da, produktuei irtenbidea ematen dietenak hauen bidez: udal hornidurako azokak, tokiko merkatu txikiak, kontsumo taldeak, ustiategia bera, eta, azkenik, HORECA (ostalaritza, jatetxeak eta kafetegiak) kanala; izan ere, horiek dira elikakatearen katebegi ahulenak.

Estatu kideetan ezarri diren zirkulazio askatasunaren murriztapen orokorrek, batetik, eta dendak, aire zabaleko merkatuak, jatetxeak eta ostalaritzako beste zenbait establezimendu nahitaez itxi behar izateak, bestetik, kalte ekonomikoak eragin dizkiete nekazariei eta nekazaritza produktuak eraldatzen, merkaturatzen eta garatzen dituzten enpresa txikiei, baita likideziari eta diruzaintza-fluxuari dagozkien arazoak ere.

Eragina ez da berdina izan nekazaritza sektore, ekoizpen-arlo eta produktu guztietan. Merkaturatzeko aldiak alarma egoerako lau hilabeteetan izan dituztenek (martxoa, apirila, maiatza eta ekaina) jaitsiera nabarmena izan dute salmentetan, batez ere ardoari eta patxaranari dagokienez, HORECAren bidez merkaturatzen denaren bolumena %60koa eta %75ekoa baita, hurrenez hurren, bi produktu horietan.

Mugikortasunerako mugaketak eta merkatu tradizionalak bertan behera gelditzeak ere bereziki kaltetu dituzte ekoizpena zirkuitu laburren eta zuzeneko salmentaren bidez merkaturatzen duten nekazariak, bai eta nekazaritzako elikagaien artisau-enpresak ere, eredu horrekin merkaturatzen baitute ekoizpenaren zati handi bat, zuzeneko salmentan eta merkatu tradizionaletan alegia.

COVID-19aren agerraldiek eragindako krisiaren ondorioei erantzuteko, bidezkoa da salbuespeneko beste neurri bat hartzea likidezia arazoak konpontzeko, arriskuan jartzen baitute nekazaritza jardueren jarraipena, bai eta nekazaritzako produktuak eraldatzen, merkaturatzen edo garatzen dituzten enpresa txikiena ere; neurria, betiere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 24ko 2020/872 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa betez hartuko da, zeinaren bidez aldatzen baita 1305/2013 (EB) Erregelamendua, COVID-19aren agerraldiari erantzunez, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan salbuespeneko eta aldi baterako laguntza emateko neurri berariazko bati dagokionez.

Nafarroako Landa Garapenerako Programa (2014-2020) aldatu da ebazpen honetan aipatzen den neurria gehitzeko. Azpineurriaren definizioan, kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA analisia (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), orokorrean landa garapenari dagokionez, eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Nafarroako testuinguruan, neurri horren ekarpena “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeari eta haietan parte hartzeari begira jarri da; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 5.3.a) artikuluari jarraikiz, azpineurri hau dagokie Europar Batasuneko landa garapenak dituen P2 lehentasunari (ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta basoen kudeaketa jasangarria bulkatzea) eta P6 lehentasunari (gizarteratzea, pobreziaren gutxitzea eta garapen ekonomikoa sustatzea landa eremuetan).

Salbuespeneko neurri honek laguntzen die landa garapeneko lehentasun eta foku-eremu hauei:

–P2ari dagokionez: ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta basoen kudeaketa jasangarria bulkatzea: FA.2A) Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta ustiategien berregituraketa eta modernizaziorako erraztasunak ematea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzeko asmoz, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere.

–P.6ari dagokionez: gizarteratzea, pobreziaren gutxitzea eta garapen ekonomikoa sustatzea landa eremuetan: FA.6A) Enpresa txikiak dibertsifikatu, sortu eta garatzeko eta enplegua sortzeko erraztasunak ematea.

Gainera, ondoko behar hauek ere asetzen dira:

–N04 (Nekazaritzako industriako eta basogintzako enpresen lehiakortasuna handitzea) eta

–N06 (garapen sozioekonomiko orekatua eta jasangarria landa eremuetan).

Beraz, esparru juridikoa da 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 24ko 2020/872 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez aldatzen baita 1305/2013 (EB) Erregelamendua, COVID-19aren agerraldiari erantzunez, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) esparruan salbuespeneko eta aldi baterako laguntza emateko neurri berariazko bati dagokionez.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen honen aldeko txostena eman du Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren kudeaketa agintaritzak.

Ebazpen hau ematen da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, foru dekretua garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, eta bereziki, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko behar diren arauak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta deialdiko oinarri arautzaileak onestea.

2020rako deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onesten dira, haren bidez salbuespeneko eta aldi baterako laguntza bat emateko COVID-19aren krisiak bereziki kaltetutako nekazari eta enpresa txiki eta ertainei, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programako M21 neurriarekin bat. Ebazpen honen I. eranskinean daude zehaztuta.

2. Aurrekontuko kredituak.

2.000.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko ekitaldian 2020ko gastuen aurrekontuko “COVID 19 LGP LGENF 2014-2020. Salbuespeneko eta aldi baterako laguntza nekazarientzat eta enpresa txiki eta ertainentzat” izeneko 720003-72220-4700-413102 partidaren baliokidea den partidaren kargura, behar besteko kreditu egokia egoteko baldintzarekin.

3. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak 15 egun naturaleko gehieneko epean aurkezten ahalko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko baldintza izanen da Europako Batzordeak onestea M21 neurria (Salbuespeneko eta aldi baterako laguntza, COVID-19aren krisiak bereziki kaltetutako nekazarientzat eta enpresa txiki eta ertainentzat), hau da, laguntza hauek emateko baldintza da Nafarroako Landa Garapenerako Programan (2014-2020) proposatu den aldaketa onestea. Ildo beretik, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzari buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratuko dira Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Argitalpena.

Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urriaren 14an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, COVID-19aren krisiak bereziki kaltetutako nekazariei eta enpresa txiki eta ertainei salbuespeneko eta aldi baterako laguntza bat emateari buruzkoak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako M21 neurriarekin bat

1. oinarria.–Neurri hau aplikatzeko xedea, eremua eta baldintza orokorrak.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea da M21 neurriari dagozkion laguntzak arautzea (Salbuespeneko eta aldi baterako laguntza, COVID-10aren krisiak bereziki kaltetutako nekazariei eta enpresa txiki eta ertainei ematekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 39 ter artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du landa garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. Laguntzaren izaera dirulaguntza bat da, oroharreko prezioan. Neurriaren presako eta salbuespeneko izaera kontuan harturik, ordainketa bakar bat eginen da, 2021eko ekainaren 30a baino lehen, hori baita neurria aplikatzeko azken eguna.

3. Laguntza zuzenduta dago mahatsa edo basaranak ekoizten dituzten nekazariei edo beren ustiategiko produktuak zuzenean saltzen dituztenei, bai eta gaztak eta bestelako esnekiak egiteko artisau enpresaren aitorpena duten enpresa txiki eta ertainei ere.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Neurriaren xedea da krisiak bereziki kaltetu dituen nekazariei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzea, nekazaritza enpresen lehiakortasuna eta ustiategien bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin.

2. Laguntza ezartzen da Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, eta Nafarroako nekazarien eta ustiategien lehiakortasuna hobetzen laguntzen du, landa eremuan ehun sozioekonomiko egonkorra, dinamikoa eta erakargarria mantentzen dela ziurtatzeko eta, horrela, despopulazioa ekiditeko.

3. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honetan, onuradunak izanen dira egoera hauetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:

–Basaranak edo mahatsa ekoizten dituzten nekazaritza ustiategiak, lehentasunezko ustiategi gisa katalogaturik daudenak edo ogibide nagusia nekazaritza duen baten titularitatekoak.

–Ekoizpena zuzeneko salmentaren bidez merkaturatzen duten nekazaritza ustiategiak.

–Enpresa txiki eta ertainak, gaztaren eta bestelako esnekien artisau ekoizle gisa erregistratuta daudenak.

4. oinarria.–Onuradunak onartuak izateko irizpideak.

Onuradunek, onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte:

1) Mahastien edo elorri beltzaren azalerak dituzten nekazaritza ustiategien kasuan, baldintza hauek bete beharko dituzte 2020ko martxoaren 14an:

a) Ustiategiak inskribatuta egon beharko du Nafarroako Ustiategien Erregistroan eta gutxienez ere hektarea bat izan, mahastiena edo elorri beltzarena. Sozietateen ustiategien kasuan, lehentasunezko ustiategi gisa katalogaturik egon beharko dute.

b) Ustiategiaren nekazari titularrak edo nekazari bazkideetako batek, sozietateen ustiategien kasuan, ogibide nagusia nekazaritza duenaren izaera beharko du izan. Bazkideek, gainera, izaera horrekin agertu beharko dute Nafarroako Ustiategien Erregistroan.

2) Ekoizpena zuzeneko salmentan eta zirkuitu laburretan merkaturatzen duten nekazaritza ustiategien kasuan, baldintza hauek bete beharko dituzte 2020ko martxoaren 14an:

a) Ustiategiak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko du.

b) Ustiategiak inskribatuta egon beharko du –edo inskripzioa eskatuta izan eta horretarako baldintzak bete– zuzeneko salmentarako operadoreen zentsuan, azaroaren 12ko 107/2014 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitakoan (foru dekretu horren bidez apirilaren 20ko 8/2010 Foru Legea garatzen da, Nafarroan nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei lotutako produktuen salmenta zuzena arautzen duena), edo inskribatuta egon zuzeneko salmentarako Esnekien Sektorean Informazio Sistema Bateratuan.

c) Ustiategiaren nekazari titularrak edo ustiategiko nekazari bazkideetako batek alta emanik egon beharko du gizarte segurantzan autonomo gisa, bere nekazaritzako jardueragatik. Bazkideek, gainera, izaera horrekin agertu beharko dute Nafarroako Ustiategien Erregistroan.

3) Nekazaritzako elikagaien artisau enpresa txiki eta ertainak badira:

–Nafarroako Artisauen Erregistro Ofizialean inskribatuta egotea, edo inskripzioa eskatuta izatea 2020ko martxoaren 14an, gazta eta bestelako esnekien ogibideetan (mamia, gazta krema, gaztanbera, jogurta eta abar).

–Enpresaren titularrak edo bazkideetako batek alta emanik egon beharko du Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean enpresan betetzen duen jardueragatik.

4) Orokorrean, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

–Beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea laguntza onartzen denean.

–Pertsona juridikoen kasuan, ustiategia mikroenpresa edo enpresa txikia izan behar da, Mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Hartutako laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea , indarra duen araudiaren arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

b) COVID-19aren krisiak eragindako ondorioei aurre egiteko beste dirulaguntza publiko batzuk jaso izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

c) Laguntza ongi eman dela eta ondorengo konpromisoa betetzen dela egiaztatzeko Administrazioak egin behar dituen kontrolak onartzea.

d) Kudeaketa organoari jarraipen eta ebaluaziorako adierazleak prestatzeko beharrezkoak diren datuak ematea.

2. Laguntzen eskaera aurkezteak berekin dakar oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Laguntza diru-kopuru bat izanen da, enpresa edo ustiategi bakoitzari eman beharko zaiona, beranduenez, 2021eko ekainaren 30ean, 2020ko abenduaren 31n, beranduenez, onartutako eskaeretan oinarrituta.

2. Laguntzaren zenbatekoa hauxe izanen da:

a) Ekoizpena zuzeneko salmentan eta zirkuitu laburretan merkaturatzen duten ustiategien kasuan, 2.200 euro, 2020ko martxoaren 14an gizarte segurantzan beren nekazaritzako jardueragatik autonomo gisa alta emanik dagoen nekazari bakoitzeko, ustiategiaren titularrak nahiz bazkideak izan.

b) Mahastia edo elorri beltza lantzen duten nekazaritzako ustiategien kasuan, laguntza ondotik zehazten den mailakatzearekin bat zehaztuko da, ustiategiak daukan mahastiaren eta elorri beltzaren azaleraren arabera; datu horiek osatuko dira Nafarroako Ustiategien Erregistroan dagoen informazioarekin, hau da, nekazaritzako ustiategien titularrak eta/edo bazkideak katalogatzeko (ogibide nagusia nekazaritza duena, nekazari profesionala eta nekazaritzako profesional gisa), eta nekazaritzako ustiategiak lehentasunezko ustiategi gisa katalogatzeko erabiltzen denarekin, dena 2019ari dagokionez:

–Hektarea 1 < 6 hektarea: 1.100 euro.

–6 hektarea < 22 hektarea: 2.200 euro.

–≥ 22 hektarea: 4.400 euro.

Aurreko taula aplikatzearen ondorioetarako, sozietateen ustiategiei dagokienez, ustiategiko mahastiaren eta elorri beltzaren azalera 2020ko martxoaren 14an ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari bazkideen kopuruarekin zatituko da. Sozietateari aplikatuko zaion laguntza izanen da ogibide nagusia nekazaritza dutenentzat ezarritako zenbatekoen batura.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ukatu gabe, sozietate batentzako laguntza ez da izanen aurreko taula sozietateak duen mahastien eta elorri beltzaren azalera osoari aplikatzearen emaitza baino txikiagoa.

c) Elikagaien artisau enpresa txiki eta ertainen kasuan, laguntza zehaztuko da 2.200 euro aplikatuz entitateko nekazari titular edo bazkide bakoitzari, baldin eta 2020ko martxoaren 14an alta emanik badago Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubidean, enpresan betetzen duen jardueragatik.

3. Laguntzen mugak:

a) Pertsona fisiko bat kontuan hartzen ahalko da soilik laguntza eskaera bakarrean, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko. Pertsona fisiko bat eskaera batean baino gehiagotan ageri bada, hautagarria izanen da banakako ustiategi bateko titular gisa aurkeztu duen eskaeran, halakorik egin badu, edo aurkeztu duen azken eskaeran, titularra ez bada.

b) Mahastien eta elorri beltzaren ekoizleentzako gehieneko laguntza 4.400 eurokoa izanen da ogibide nagusia nekazaritza duen bakoitzarentzat. Sozietateen nekazaritza ustiategien kasuan, zenbatekoa ez da izanen laguntzarako eskubidea sortzen duten nekazari bazkideen (ogibide nagusia nekazaritza dutenak) kopuruari dagokiona baino handiagoa, ez eta 7.000 eurokoa baino handiagoa ere enpresa txiki edo ertain bakoitzeko.

c) Zirkuitu laburretan edo zuzeneko salmentan merkaturatzen duten ustiategientzako laguntzen zenbatekoa ez da izanen 2.200 euro baino handiagoa bere nekazaritza jardueragatik autonomo gisa alta emanik dagoen nekazari bakoitzeko, ez eta 50.000 euro baino handiagoa ere enpresa txiki edo ertain bakoitzeko.

d) Nekazaritzako elikagaien artisau enpresentzako laguntzaren zenbatekoa ez da izanen 2.200 eurokoa baino handiagoa enpresan betetzen duen jardueragatik autonomo gisa alta emanik dagoen bazkide bakoitzeko, ez eta 50.000 euro baino handiagoa enpresa txiki edo ertain bakoitzeko.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta lehenespen irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Betetako jardueraren arabera. Zirkuitu laburrean edo zuzeneko salmentan merkaturatzen duten nekazariak eta nekazaritzako ustiategiak (ustiategian bertan, merkatuetan, HORECAn), zein den ere produktua, eta soilik gazta eta esnekiak (mamia, gazta krema, gaztanbera, jogurta...) merkaturatzen dituzten artisau ekoizleak: 40 puntu.

b) Ustiategian ogibide nagusia nekazaritza dutenen proportzioaren arabera, gehienez ere 35 puntu, honela banatuta:

–Ogibide nagusia nekazaritza duten banakako titularrak, edo ustiategia lehentasunezkotzat katalogaturik dutenak, 35 puntu.

–Sozietateen ustiategietan, ogibide nagusia nekazaritza dutenak bazkideen % 75etik gorakoa denean, 35 puntu.

–Sozietateen gainerako ustiategietan, 30 puntu.

c) Genero irizpidea: Banakako ustiategietan, titularra emakumezkoa bada; sozietateen nekazaritza ustiategietan, gutxienez bazkideen %30 emakumeak badira; edo, elikagaien artisau enpresetan, gutxienez bazkide autonomoen %30 emakumeak badira, 5 puntu.

d) Ustiategiak mahastietatik eta elorri beltzetik hartzen dituen sarreren garrantzia, 20 puntu arte. Irizpide honen arabera emandako puntuak lortuko dira 20ri aplikatuz ustiategiak mahastitik eta elorri beltzetik eskuratzen duen marjina gordinaren ehunekoa (Nafarroako Ustiategien Erregistroaren datuetan oinarrituta).

3. Eskatzaileek adierazi behako dute, berariaz, zer baremazio irizpideren arabera nahi duen aplikatzea aurreko baremoa.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hau norgehiagokako araubidean tramitatzeko, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean, aurreko 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei adjudikatuko zaie dirulaguntza, betiere deialdian finkatutako mugarekin eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du, lehenbizi, aurreko oinarriaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duen espedienteak, eta gero, hurrenez hurren, b), c) eta d) ataletan lortzen den puntuazioa hartuko da aintzat, aurrekontua agortu arte. Berdinketa horrela hausten ez bada, laguntza emanen zaio titularra pertsona fisikoa duen nekazaritza ustiategi baten espedienteari, eta berdinketa mantenduz gero, titular gazteenaren espedienteari, edo, sozietateen kasuan, eratu berrienari.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik osorik onartu ezin diren guztiak.

9. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Ebazpen honetan jasotzen diren laguntza-eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

2. Laguntza-eskabideak horretarako ezarritako eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan, Nekazaritzako Bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.eus Interneteko atariko izapideen katalogoan eskuratzen ahalko da.

3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen IFZ edo IFKren fotokopia, eta, kasua bada, laguntzaren zenbatekoa zehazterakoan kontuan hartu beharreko bazkideena.

b) Bazkideen frogagiriak, sozietateen kasuan.

10. oinarria.–Instrukzio organoa.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Eskaera osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaerak aurkezteko epearen bukaeran dagoen informazioaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa eranskin honen 6. oinarrian aurreikusitakoarekin bat zehaztuko da.

5. Ondoren, eskaerak ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta 7. eta 8. oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

7. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

8. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

9. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak, 4. oinarriaren arabera.

10. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

11. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa dela-eta ematen dela dirulaguntza, LGENFrekin batera finantzatuta, “COVID-19aren krisiak bereziki kaltetutako nekazarientzako eta enpresa txiki eta ertainentzako salbuespeneko eta aldi baterako laguntza” izeneko M21 neurrian.

12. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

13. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresua izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

12. oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordainduko da kudeaketa organoak egiaztatu ondoren horretarako baldintzak bete direla, ebazpen honen 11. oinarrian xedatutakoaren arabera.

13. oinarria–Murrizketak, bazterketak eta itzulketak.

1. 5. oinarrian aurreikusitako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

4. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

14. oinarria.–Laguntzak metatzea.

1. Laguntza hauen entitate onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako foru araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

2. Ondorio horietarako, dirulaguntza ematen duen organoak kontuan hartuko du laguntzarako beste tresna batzuen bidez (Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo araubide pribatukoak) COVID-19aren krisiaren ondorioei erantzuteko emandako laguntza.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste batzuekin batera, 50.000 euro baino handiagoa eraldaketa eta merkaturatzea egiten duen enpresa bakoitzeko, ez eta 7.000 euro baino handiagoa ere nekazari bakoitzeko.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

2. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin zerikusia izanez gero, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 117. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ondorio horietarako, onuradunek datuen tratamenduari buruzko arauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra).

Iragarkiaren kodea: F2012076