249. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza, zeinaren bidez arautzen baitira larrialdi sozialean dauden pertsonentzako edo familientzako prestazio ekonomikoak. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2020ko ekainaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea larrialdi sozialean dauden pertsonentzako edo familientzako prestazio ekonomikoak arautzen dituen ordenantza.

Iragarki hori argitaratu zen 2020ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 31n.

Jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsi da ordenantza.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa). Ondotik ematen da behin betiko onetsitako testua.

Mutiloan, 2020ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ORDENANTZA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONENTZAKO EDO FAMILIENTZAKO PRESTAZIO EKONOMIKOAK

1.–Deialdiaren xedea:

Oinarri hauen helburua da prozedura bat garatzea dirulaguntzak emateko, gizarte zerbitzuen arloan, banakako ebaluazioaren bidez. Dirulaguntza horien bitartez, zuzeneko prestazio ekonomikoak emanen zaizkie Arangurengo pertsona eta/edo familiei baldin larrialdi sozialean eta diru-sarrerarik gabe badaude eta 4. puntuan ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen badituzte.

Zuzeneko prestazio ekonomiko hauek laguntza ekonomiko puntualak dira –ez aldizkakoak–, subsidiarioak eta osagarriak, oinarrizko beharrak ase ditzaten pertsonek eta/edo familiek, baldin baliabide nahikorik ez badute oinarrizko premiak betetzeko.

2.–Deialdiaren helburua:

Prestazio hauen xedea da:

Laguntza ekonomikoko tresnak sortzea, izanen direnak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lanaren jardun profesionalaren osagarri, Arangurengo pertsona eta/edo familientzat, baldin eta, gabezia ekonomiko frogatuak izanik, oso zail badute oinarrizko beharrak betetzea honako hauetan: bizilekua, hornidurak, nutrizioa, osasuna eta gizarteratzea. Orobat, zail badute baliabideak erabili ahal izatea haurren arrisku- edo babesgabetasun-egoerak prebenitzeko eta beste egoera batzuei ere erantzuteko, eta baldin hori egin ezean eragin edo areagotu badaiteke deserrotzea, marjinazio soziala edo gizarte-bazterketaren arriskua.

Laguntzak xededunak izanen dira, pertsonalak eta besterenezinak, eta erabiliko dira ematen diren helburua betetzeko soilik.

3.–Definizioak.

1. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, elkartuta daudenak ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, edo daukatenak bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa.

2. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek dituenak, honako hauen bidez eskuratuak:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak, behin kenduta Gizarte Segurantzako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik ordaindutakoa), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak...).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak baloratuko dira laugarren oinarriko 5. eta 6. puntuetan ezarritakoaren arabera.

4.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

1. Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo adingabe emantzipatua, bere ardurapean adingabeak dituena.

2. Arangurenen bizitzea benetan, eta bertako edozein herritan erroldatua egotea, gutxienez 3 hilabete lehenagotik.

Salbuespenez, eta egoera premia handikoa denean, ez da kontuan hartuko antzinatasuna, eta aski izanen da erroldaturik egotea eskaera egiten den unean.

Beren herrialdeetatik iritsi berritan nazioarteko babesa eskatzen dutenei eta behar den Harrera eta Babes Sisteman tokia eskatzen dutenei, ez baldin badute baliabiderik beren kabuz bizitoki bat lortzeko, ez zaie eskatuko gutxienez ere 3 hilabete lehenagotik erroldatuta egotearen baldintza.

3. Esku-hartze sozialeko prozesu batean sartuta egotea, Iruñeko Udalaren Gizarte Ekintzako Alorreko programa eta zerbitzuen bidez.

4. Eskaera egiten denean, familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak ez izatea handiagoak hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEROKO GEHIENEKO DIRU-SARRERAK 2020. URTEAN

1

935,45 euro familia-unitateko

2

1.262,85 euro familia-unitateko

3

1.496,71 euro familia-unitateko

4

1.637,02 euro familia-unitateko

5

1.777,35 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

1.870,87 euro familia-unitateko

5. Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan handiagoak azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino. Foru lege horren bidez arautu ziren gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak.

6. Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan handiagoa kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko errenta bermatua halako hamar baino. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

7. Gastu zehatzei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea errenta bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 4., 5. eta 6. apartatuetan eskatutakoa.

5.–Gastu diruz lagungarriak eta gehieneko zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriak dira bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin, behar-beharrezkoak direnak eta laguntzen dutenak pertsonak gizarteratzen.

2. Diruz lagungarriak izanen dira betiere gehieneko kopurua izanik kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako muga. Familia-unitate bakoitzeko, 2.500 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Bizitokia.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.500 euro familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, baldin eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa badakar eta baldin diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketei aurre egiteko.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu, hain zuzen ere araututa daudenak abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean, zeinak arautzen baitu etxebizitzarako eskubide subjektiboa Nafarroan.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindarraren, gasaren, berokuntzaren, ur bero zentralaren eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

Aurreko b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza izanen da, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 2.000 euro familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona edo gehiago

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

Dirulaguntzan ezin da sartu kontzeptu honengatiko gastua baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, jasotzen badu errenta bermatua, arautua dagoena azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean.

d) Prestakuntza, eta gizartean eta lan munduan sartzea:

d.1) Gastuak, parte hartu ahal izateko prestakuntza ez arautuetan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan, norbera gaitzeko, gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza izanen da, urtean, 800 euro familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk.

Atal honetan jasoko dira aurreko ataletan zehaztu gabeko laguntzak, baldin Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla.

Kontzeptu honengatik, gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Pertsona bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

Kasu bakoitzean aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa aldatzen ahalko da, honako hauen arabera:

–Aurrekontuetan dagoen dirua.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balorazioa, sortutako premiaz, horrek duen garrantziaz bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko, edo premiaren lehentasunaz.

6.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen ondorioetarako, pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak dira indarrean dagoen legerian jasotzen direnak eta apartatu honetan ezartzen direnak, honako hauek, alegia:

–Jasotzen den dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

–Erreferentziako teknikariarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo zereginak egitea, konpon dadin dirulaguntza hau eskatzea ekarri duen egoera.

–Arangurengo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari frogatzea betetzen direla betebeharrak eta baldintzak; orobat, justifikatzea egin direla dirulaguntza onartzeko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak, eta helburuak bete direla.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea egiten ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena. Eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa Arangurengo Udalari bueltatzea, baldin aldez aurretik sinatu bada dirua itzultzeko konpromisoa.

–Oker jasotako prestazioak edo zenbatekoak bueltatzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren aurrean agertzea eta horri laguntzea, hala egiteko eskatzen zaionean.

7.–Eskabideak aurkeztea.

7.1. Eskabideak aurkezteko tokia.

Eskabide hauek aurkeztu beharko dira Arangurengo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan (Mutiloa plaza z.g.), aldez aurretik hitzordua eskatuta Gizarte Zerbitzuko teknikariekin.

7.2. Deialdiaren indarraldia.

Deialdia indarrean egonen da 2020an, baita hurrengo urteetan ere, harik eta oinarri hauek aldatu edo indargabetzen diren arte, baldin aurkezten diren eskaerei erantzuteko adinako aurrekontu-krediturik badago.

7.3. Eskabideak. Dokumentazioa.

Arangurengo Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokio laguntzak tramitatu eta ebaztea.

Eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkeztu behar dira, eskabide bitartez, eredu ofizialari jarraikiz eta interesdunak sinatuta. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–Erantzukizunpeko adierazpena, non agertuko baita eskatzaileak betetzen dituela onuradun izateko deialdi honek eskatzen dituen baldintza orokorrak eta ez daukala araudian jasotako inongo debekurik onuradun izateko.

–Eskatzailearen eta familia-unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia Liburuaren fotokopia.

–Familia-unitateak azken 6 hilabetean izan dituen diru-sarrera guztien frogagiria, edo, halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena.

–Laguntza oinarrizko eta presakoa zer premiatarako eskatzen den, horri lotutako aurrekontua edo zorraren frogagiria.

–Egiazko bizitokia Arangurenen izatearen frogagiria.

–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aurreko apartatuetan jaso ez direnak.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, edo, hala erabakitzen bada eta inguruabar bereziak badaude, eskatzaileak erabakitako pertsona edo entitate publiko nahiz pribatuaren kontu zenbakia, kobratzeko eskubidea lagatzen duen agiri baten bidez. (Udalari baimena ematea kontu horretan ordaintzeko).

–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu eskatzaileen bizikidetza egoera eta erroldatuta ote dauden. Eskabidea aurkezteak berekin dakar baimena ematea deialdi honetan adierazten den ofiziozko egiaztapena egiteko.

Era berean, Oinarrizko Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko ditu errenta bermatutik, kotizazio gabeko pentsioetatik edo integraziorako laguntzatik datozen diru-sarrerak.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala, gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

Eskatutako agiriak jada baldin badaude Arangurengo Udalaren esku edo haren erakunde autonomoen esku, haien ordez aurkezten ahal da erantzukizunpeko adierazpen bat, adieraziz indarrean daudela, eta bertan adieraziko da noiz aurkeztu ziren eta zein organotan edo sailetan, edo, behar denean, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Betiere, gehienez bost urte baino gehiago pasatu ez badira kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi honetako oinarri guztiak onartzea.

8.–Prozeduraren instrukzioa eta ebazpena.

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Arangurengo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokio instruitzea eta baloratzea ebazpen honetako prestazio ekonomikoaren eskaerak. Agiri bat eginen da eskaera onartzeko edo ukatzeko.

9.–Dirulaguntza ukatzeko arrazoiak.

Hona laguntzak ukatzeko arrazoiak:

a) Erreferentziako teknikariarekin hitzartutako helburua ez betetzea eta jarduerak edo zereginak ez egitea, zeinak erabaki baitziren dirulaguntza eskatzea ekarri zuen egoera konpontzeko.

b) Organo emaileari ez frogatzea betetzen direla betebeharrak eta baldintzak, eta, orobat, egin dela laguntza jasotzeko arrazoi izan den jarduera eta bete direla helburuak.

c) Ez aurkeztea laguntza baloratzeko eskatzen den dokumentazioa.

d) Eskaera ez etortzea bat balorazio irizpideekin.

e) Ezarritako gehieneko zenbatekoa bukatzea.

10.–Gastua justifikatzea eta laguntza ordaintzea.

Fakturek edo gastuen frogagiriek jaso beharko dituzte pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak, barnean direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN edo AIZ), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, adierazita Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zatia, halakorik bada. Halaber, fakturek edo frogagiriek jaso beharko dituzte pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriaren zigilua eta sinadura.

Ezin da larrialdietarako laguntza bat jaso baldin aurrekoa justifikatu gabe badago.

11.–Jasotako laguntzak itzultzea.

Bidezkoa izanen da ondoko kasuetan eskuratutako kopuruak itzultzea osorik edo hein batean, baita berandutze-interesak eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu den egunetik zenbatekoa bueltatzeko erabakitzen den egunera bitarte:

1. Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

2. Eskatzen diren baldintzak bete gabe eskuratzea dirulaguntza.

3. Diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean zantzuek erakusten dutenean jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du zantzu horiek erakusten dituzten fakturak edo agiri baliokideak atxikitzea.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta oinarriak betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, aurkezten ahal da errekurtso hauetako edozein, aukeran:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintza administratiboa eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu daitekeen egintzaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin (zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, errekurritu daitekeen egintza administratiboa jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo bestela,

3. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu daitekeen egintza administratiboa jakinarazten denetik.

ERANSKINA

Dirulaguntza eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2011322