249. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

408/2020 EBAZPENA, urriaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horrek enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onetsi zituen, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

Inoiz ezagutu gabeko osasun krisia da COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdi egoera. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak eman zituen, alde batetik, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, alarma egoera deklaratzen duena, eta, bestetik, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretua, COVID-19aren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko premiazko neurri bereziei buruzkoa.

Ildo horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpenak enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onetsi zituen, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

Berriki, Espainiako Gobernuak uztailaren 29ko EFP/748/2020 Agindua eman zuen, lanbide ziurtagiriak ematea errazten duten neurri bereziak onesten dituena, baita irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege Dekretua ere, presako neurriak hartzen dituena unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren eremuan.

Alarma-egoera amaitu eta 3 hilabete baino gehiago iragan eta gero, eta pentsaturik osasun egoerak oraindik baldintzatzen duela era nabarmenean lanbide prestakuntzari aurre egin ahal izatea martxoaren 12a baino lehen zeuden baldintzetan, eta EFP/748/2020 Agindua eta 31/2020 Errege Lege Dekretua onetsi direnez, biak aplikatzekoak baitzaizkio Nafarroako errealitateari, beharrezkoa da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpena aldatzea (ebazpen horrek enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onetsi zituen, koronabirusa –COVID-19– dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz), osasun egoerari eta gaur egungo araudiari egokitzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 29ko 233/2020 Ebazpena, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onesten dituena, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz. Aldaketak hauek izanen dira:

a) 1. puntuan, “Aplikazio-eremua”, prestakuntza-ekimen hauek gaineratzea:

“–Deialdiak, 2019an eta 2020an elkarrizketa sozialaren eta negoziazio kolektiboaren arloko prestakuntza planak egiteko dirulaguntzak emateko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 8ko 3050E/2019 Ebazpenak eta uztailaren 27ko 2239E/2020 Ebazpenak onetsiak, hurrenez hurren”.

b) “Gela birtuala prestakuntza presentzialaren moduan erabiltzea” 2. puntuaren 3. apartatua aldatzea. Honela geratuko da:

“3. Profesionaltasunaren ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzen kasuan, prestakuntzaren iraupenaren ehuneko 100 ikasleek aldi berean parte hartuko duten taldeko saioak izanen dira.

Profesionaltasunaren ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, portzentajea, gutxienez, ehuneko 50 izanen da. Prestakuntza ekintzaren gainerako orduak taldeko edo banakako jarduerak egiteko erabiliko dira, baita ikasleek lanak aurkezteko edo irakaslearen tutoretzapean egiten den antzeko beste edozein prestakuntza jarduera egiteko ere, berdin modu sinkronoan zein asinkronoan. Tutoretzapeko jarduera horiek jaso beharko dira, hurrengo puntuan adierazten den eguneroko txostenean.”

c) 3. puntua, “Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzak”, aldatzea. Honela geldituko da:

“3. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta ez dauden prestakuntza ekintzak.

1. Ebazpen honek indarra hartzen duen unean modalitate presentzialeko edo mistoko prestakuntza talde edo ekintzak hasita ez badaude, ikasgela birtuala erabili ahal izanen dute prestakuntza presentziala egiteko, 2. puntuan adierazitakoa betez.

2. Teleprestakuntza modalitatera alda daitezke, batetik, ebazpen honek indarra hartzean hasita ez dauden prestakuntza taldeak edo ekintzak, baldin modalitate presentzialekoak badira, eta, bestetik, modalitate mistoko ikastaroen zati presentziala. Horrelakoetan, teleprestakuntza modalitate berrira egokituko zaio prestakuntza ekintzaren hasierako modalitatearen moduluaren kostua.

Kasu horretan, entitateak parte hartzaileen kopurua handitu dezake, baina, likidazioaren ondorioetarako, ezin izanen da gainditu eman zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Teleprestakuntza modalitatera aldatzeak ez dakar berekin deialdiaren edo dagokion neurriaren balorazio teknikoan lortutako puntuazioa aldatzea.

Teleprestakuntza modalitatera aldatzea posible izanen da baldin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan edo dagokion deialdiaren eranskinean jasota badago modalitate horren bidez eman daitekeela dagokion prestakuntza espezialitatea. Aukera hori aplikatu ahal izanen da baldin eta finantzaketa araubidean edo deialdian ezartzen bada prestakuntza jarduerak Prestakuntza Espezialitateen Katalogo horretan edo dagokion eranskinean jasotako espezialitate batekoa izan behar duela.

Gainera, prestakuntza ematen duen entitateak inskribaturik egon behar du, aldez aurretik, dagokion espezialitatea teleprestakuntza modalitatean emateko. Inskribaturik ez badago, prestakuntza entitateak dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du teleprestakuntza modalitatean inskripzioa egiteko.

Hori egin ahal izateko, entitateek teleprestakuntzarako plataforma bat izan beharko dute, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituena (errege dekretu horrek irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen du, lan arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema arautzen duena).

3. Prestakuntza ekintzaren trebetasun praktikoak lantzeko berariazko esparru, instalazio edota ekipamenduak behar dituzten eduki presentzialak ezin dira ikasgela birtualaren edo teleprestakuntzaren bidez eman. Hortaz, eduki horiek prestakuntza jarduera presentzialaren bidez eman beharko dira, prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

4. Modalitatearen edozein aldaketatan, entitateak data eta ordutegi berrietara egokituko ditu planifikazioa eta programazio didaktikoa, baita prestakuntza ekintzaren ikaskuntza ebaluatzeko planifikazioa ere. Betiere, prestakuntza ekintzaren ordu guztiak bete beharko dira.”

d) 4. puntua, “Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak”, aldatzea. Honela geldituko da:

“4. Profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta dauden prestakuntza ekintzak.

1. Ebazpen honek indarra hartzen duen unean modalitate presentzialeko prestakuntza talde edo ekintzak hasita ez badaude, teleprestakuntzaren bidez ematen ahalko dituzte edo ikasgela birtuala erabiltzen ahal dute prestakuntza presentziala egiteko, eranskin honen 3. puntuan ezarritakoa betez.

2. Prestakuntza ekintzak emateko modalitatea alda daiteke, presentzialetik teleprestakuntzara, hasi ez diren prestakuntza taldeetan edo ekintzetan, baldin eta prestakuntza modulu osoa aldatzen bada, eta entitate onuraduna dagokion erregistroan inskribaturik baldin badago ziurtagiri bera teleprestakuntza modalitatean emateko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntza modalitatean emateko, aplikatu beharreko arauetan dagokion ziurtagiriari buruz ezarritako zehaztapenak bete beharko dira.

Nolanahi ere, prestakuntza modulu bakoitzaren tutoretza presentzialak eta amaierako ebaluazio probak modu presentzialean egin beharko dira, prestakuntza ekintza edo programa gauzatzeko epearen barruan.

3. Modalitate presentzialetik ikasgela birtualera aldatzeko baimena emanen da, baldin eta ikasleek harrera prestakuntza jasotzen badute, bidea emanen baitie metodologia hori erabiltzeko beharrezkoak diren trebetasunak lantzeko eta hartan erabiltzen diren tresnak erabiltzeko. Jarduera honen gutxieneko iraupena 5 ordukoa izanen da. Jarduera hori ez da kontuan hartuko profesionaltasun ziurtagiriaren orduak zenbatzean, baina ikastaroaren birprogramazioan jaso beharko da. Prestakuntza hau ez da beharrezkoa izanen ikasleek egin badute NL-NEZek ematen duen oinarrizko gaitasun digitalei buruzko ikastaroa.

4. Profesionaltasun ziurtagirien lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua enpresa eremu batean benetan egin ezin denean, administrazio eskudunek, prestakuntza erakundeak aldez aurretik eskatuta, profesionaltasun ziurtagiri horiek ematen dituzten zentroei baimena ematen ahal izanen diete neurri hauetakoren bat hartzeko, adierazitako lehentasun ordenaren arabera:

a) Lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluaren ordez, lanpostu batean aritzea. Lanpostu hori, modulua zer profesionaltasun ziurtagiriri atxikitzen zaion, profesionaltasun ziurtagiri hori arautzen duen araudiak ezartzen dituen zereginekin lotuta egonen da.

b) Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko epea handitzea.

c) Prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza zentroan bertan egitea.

d) Salbuespenez, lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluaren ordez, proiektu ba egitea. Proiektu hori lotuta egonen da aipatutako moduluaren barruan lan esparruan egin behar ziren jarduerekin.

5. Edozein kasutan, lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua osasun agintaritzak ematen dituen arauak errespetatuz egin beharko da, parte-hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.”

e) 5. puntua, “Prestakuntza ekintzak gauzatzea eta justifikatzea”, aldatzen da. Honela geldituko da:

“5. Prestakuntza ekintzak gauzatzea eta justifikatzea.

1. Prestakuntza ekintzak eta programak gauzatzeko epea luzatzen da, 2021eko ekainaren 30era arte.

2. Dirulaguntza justifikatzeko epea, gehienez, hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita (2021eko uztailaren 31 baino lehen).

3. Alarma egoera dekretatu zenean bertan behera gelditu ziren prestakuntza ekintzek, ebazpen hau argitaratzean oraindik berriz martxan jarri ez direnek, 2021eko otsailaren 1a baino lehen hasi beharko dute.”

f) 11. puntuan, “Landunak direnei bereziki zuzendutako prestakuntza programetan parte hartzea”, 3. apartatua gehitzen da, testu honekin:

“3. Likidazioaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko entitateak emakidarako bereganatu dituen landunekiko konpromisoak”.

g) 12. puntua, “Prestakuntzako kontrataziorako konpromisoa, lehentasunez langabetuei zuzenduta”, gehitzen da:

“12. Prestakuntzako kontrataziorako konpromisoa, lehentasunez langabetuei zuzenduta.

Eskaeran jasotako kontrataziorako konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuliko. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kalkulatuko da kontrataziorako konpromisoaren atalean lortutako puntuetan gauzatu ez direnak, eta zer eragin izan zuten puntu horiek entitatearen azken balorazioan. Portzentaje hori gehi %25 aplikatuko da, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzan.”

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urriaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2011830