248. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLATUERTA

Gizalegearen eta espazio publikoen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Villatuertako Udalak, 2020ko uztailaren 22an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen Gizalegearen eta espazio publikoen udal ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da. Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Villatuertan, 2020ko irailaren 25ean.–Alkatea, María José Calvo Meca.

GIZALEGEAREN ETA ESPAZIO PUBLIKOEN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Udalak erregelamenduak egiteko duen ahala herritarren bizikidetzaren joko arauak bideratzeko beste tresna bat baino ez da.

Premisa hori abiapuntutzat harturik, beharrezkoa da herritarren eta kanpotarren gizalegezko portaera arautzea, eta pertsona bakoitzari bere askatasuna aitortzea, besteenganako errespetua funtsezko muga izanik; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri eta natura ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko bizikidetza harmoniatsua.

Portaera eredu horretan, norberak eskubidea du espazio publikoak erabiltzeko, eta askatasuna errespetatu behar zaio.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute gainerakoenganako.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen erabiltzera, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.

Toki Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri zuen Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta eremu publikoen erabilera antolatzeko.

Lege aurreikuspen horrek bidea eman zien udalei arlo hau modu zabalagoan arautzeko, eta ordenantza honen esku utzi zuen alderdi horiek arautzeko zeregina.

Orobat, 57/2003 Legeak ezarri zuen zein diren udal araudiak izan behar dituen mugak. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da “sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean” (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin, bidea irekitzen da arlo horri batera –hau da, ikuspegi orokorraz– heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautzen ziren bizikidetzan eragiten duten herritarren ekintzak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko lotura.

Deskribatutako baldintza horren ondorioz, lege ahalmena ematearen ondorioz eta indarreko legediaren ondorioz, ordenantza honek arautuko ditu gizalegezko harremanak, eta orain arte aztertu ez diren zenbait gai barnean hartuko ditu.

Testu arauemaile honen beste helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren espazioak babestea, titulartasun pribatukoak izan arren apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua administrazio guztiek duten betebehar baten ondorio logikoa da; hau da, herritar guztien erabilerarako diren ondasunak babestu behar dituzte, ondasun horiek erabiltzeko aukera izan dezaten, kontuan hartuta, hain zuzen ere, herritarrek berek ordaintzen dituztela zergen bidez.

Xedapenaren testuak lau titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio, eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, berriz, ezartzen du zer esparru orokorri lotuko zaizkion Udalak gizalegea sustatzeko egin behar dituen jarduerak. III. tituluak gizalegezko portaeraren gaineko arau multzoa biltzen du, eta haien izaeraren arabera bortz kapitulutan elkartzen: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. Artikulu horiei xedapen indargabetzaile bat erantsi zaie.

Era berean, zehaztu behar da ezen, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, ordenantzak ondasunen erabilera egokia babesten duela eta haien andeatzea saihesten. Horrela adierazten da aipatu lege xedapenaren 139. eta 140. artikuluetan. Horren ondorioz, testu arauemaile honek Zigor Kodean bildu arauketa errespetatzen du; izan ere, haren 263. eta 323. artikuluek ondasunak kaltetzea delitu edo hutsegite gisa sailkatzen dute, hurrenez hurren. Hortaz, Zigor Kodearen helburua kalteak dira; ordenantzarena, aldiz, ondasunen erabilera desegokia eta andeatzea.

Eta halaber, ke eta usainei dagokienez, ordenantza hau jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoaren osagarria da. Hartara, 57/2003 Legeak emandako ahalmenaren arabera, lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasun edo apaindura publikoaren kontrakoak diren keak eta usainak debekatzen dituen baldintza orokor bat sartu da, jarduera ekonomiko eta etxez kanpokoei buruzko araudia alde batera utzita. Gainera, bi jokabide tipifikatu dira: motorrak martxan dituzten ibilgailuak aparkatzea eta sorgailuak erabiltzea, biak eraikinen ondoan.

Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea bere xedeari lotzen zaio zuzenean, hau da, gizarteko bizikidetza harremanen antolamendu egokiari. Horixe da haren xedea, eta hirigintzari, herritarren segurtasunari, ingurumenari eta osasunari buruzko araudiekin bateratu beharko da. Horregatik, arauak ez ditu biltzen arlokako aipatu legerietatik ondorioztatzen diren betebehar edo eskubideak, herritarren bizikidetzaren antolamenduari eragin ezean. Hartara, aipatu arloetan aplika daitekeen araudira jotzeko baizik ez du adierazten ordenantzak, gure arau zibilek ezarritako antolamenduaren baterako interpretazioa errazteko baliabide gisa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

2. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, hezkuntza zentroak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementuak eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barnean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, udalerriko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo herri zerbitzu bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki oihalak, landareontziak, objektuak ematen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen dituen baldintza egokietan izan beharrekoak.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen titulartasunen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Villatuertako udal mugape osoan aplikatuko da.

4. Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, bere arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

3. artikulua. Elementu frogagarriak.

Irekitzen diren zehapen espedienteetan, eta indarra duen legeriaren araberako baldintzetan, salatu diren egitateen irudiak gehitzen ahalko dira, hala argazkietan nola informazio digitalean nahiz bestelako balio teknologikoen bidez, aplikatzen ahal den araudiarekin bat aurkeztutako salaketan jasotzen diren egitateak frogatzen ahal badituzte.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

4. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Villatuertako Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Villatuertako Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabili eta hiri ingurunea zaindu dezaten.

5. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik besteen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak behar bezala erabiltzeko moduan zaintzea.

6. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak egin ahal izanen ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza eta hezkuntza bultzatzen badituzte.

Aipatu hitzarmenen bitartez, eremu publikoetan kultur, kirol eta aisia arloko gizalegezko jarduerak bultzatzen dituzten herritarren ekimenak sustatuko dira.

Halaber, eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea sustatuko da.

7. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez, beharrezkotzat hartzen duenean.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

8. artikulua.

1.–Bizikidetzarako printzipioak.

1.1. Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

1.2. Pertsona guztiek eskubidea dute udalerriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barruan erabiliko da eskubide hori.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo aisialdiko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2.–Elkartasuna eremu publikoan.

2.1. Udalak herritarren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaieten haren beharra dutenei eremu publikoetan edo beste leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko ohitura bultzatuko da, baita elkartasuneko eta jendetasuneko beste jokabide batzuk bultzatuko ere.

2.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzari jakinarazi behar diote, eta hori arduratuko da galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz.

3.–Kautelazko neurriak.

3.1. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako ondasun materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzak ondasun horiek kendu edo altxatu ahalko ditu aldi baterako.

3.2. Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau hausteak maiz gertatzen direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau hausterik ekarriko.

II. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

1. ATALA

Ondasunak hondatzea

9. artikulua. Hondatzea eta galerak.

Ezin izanen dira jarduketak egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoak badira, haien itxura zakartzea badakarte edo haien estetika hondatzen badute, 1. artikuluan ezarri bezala.

10. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean aipatu debekutik kanpo geldituko dira, Udalaren baimena izanda, kasuan-kasuan horretarako zehaztutako lekuetan egiten diren horma irudi artistikoak edo grafismoak.

Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen ditu udal agintaritza eskudunak edota udal zerbitzuek, jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte ordaina eta garbitzeko, berria jartzeko edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

11. artikulua. Zuhaitzak eta bestelako landare espezieak.

Zuhaitzak eta bestelako landare espezieak babesteko neurri gisa, debeku dira ekintza hauek:

a) Kaltetu edo tratu txarrak ematea.

b) Haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

12. artikulua. Parkeak eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako zuhaitzetako landare espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ekintza hauek:

–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo kaltetzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

–Soropila kaltetzea.

–Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.

–Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

–Zuhaitzen ondoan obrako materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badiete.

–Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

13. artikulua. Paperontziak.

Debeku da bide edo eremu publikoetan dauden paperontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

1. Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birziklagarriak izanez gero, Jurramendiko Mankomunitateak hondakinen bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturiko edukiontziak erabiliko dira.

2. Debeku da paperontzietara material, tresna edo gauza arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta gai sorgorgarrien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, sorgorgarriak eta gai kimikoak, erradioaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, bai eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai ere, sutan badaude.

14. artikulua. Iturriak.

Debeku da iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea.

15. artikulua. Naturguneak eta eremu berdeak. Mendiak, basoko atsedenlekuak, eremu naturalak, piknikguneak...

1. Pertsona guztiek errespetatu behar dituzte udal oharrak, seinaleztapena eta arauak. Paseatzea eta paisaiari, lurzoruari, florari nahiz faunari behatzea eta errespetatzea da haietaz gozatzeko modurik onena.

2. Zarata kutsadura da. Zuhur jokatu eta isilik ibili behar da flora eta fauna errespetatzeko; beraz, ahal dela ez dira erabiliko bereziki zaratatsuak diren motordun ibilgailuak.

3. Jabetzak eta azpiegiturak (hesiak, ateak...), ohiturak eta erabilera tradizionalak errespetatu behar dira.

4. Ingurua garbi edukiko da; horretarako, sortutako hondakinak jaso behar dira edo horretarako ezarritako edukiontzietara bota.

2. ATALA

Landa bideak

16. artikulua. Araudiaren oinarriak.

Villatuertako landa bide publikoen sarea ondare komunaren parte da. Garrantzi handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbidea izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak ongizate espezifikoari eta orokorrari egiten die on.

Villatuertako Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

Errepideei buruzko legeriaren antzera, zortasun eremu batzuk eta bide ertzekiko nahitaezko distantziak ezartzen dira, zuhaitzak landatzeko eta itxiturak eraikitzeko, bai lehendik dauden bideekiko eta bai aurreikusita dauden bideekiko. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikulua aplikatuko da; artikulu horren arabera, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko da, gutxienez, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta. Donejakue Bidea mugatzeari buruzko 290/1988 Foru Dekretuan araututakoa beteko da Villatuertatik igarotzen den zatian.

17. artikulua. Debeku da arras:

a) Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira egiteko.

b) Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

c) Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

d) Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

e) Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

f) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

g) Adarrek arekak ez gainditzeko maneran landatuko dira zuhaitzak, errepideko zirkulazioko bideen ondoan.

h) Eremu komunetako bideak eta beste zona batzuk okupatzea edo horietan landatzea, baldin eta aitzinetik baimena lortu ez bada eta ezarritako tasak ordaindu ez badira.

18. artikulua. Titularren erantzukizuna.

Finken titularren erantzukizuna izanen da beren finketako arekak eta pasabideak garbi eta mantentze egoera onean edukitzea, bideak ongi zaintzen laguntze aldera, eta, berdinketa lanak nahiz konponketa lan orokorrak egiten direnean, horien gainera isurtzen diren materialak jasan beharko dituzte.

Behin garbitzen direnean, haien ardura izanen da horiek garbi eta egoera onean edukitzea; hala egin ezean, Udalak eginen ditu, eta titularrak erantzule subsidiarioak izanen dira.

19. artikulua. Zirkulazioa.

Villatuertako Udalaren landa bideetan ibiltzean, bideen egoerak eta ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean, are gehiago hautsa pilatzen den aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea geruza desagertzen delako.

Eguraldiagatik bide zoruak gorabeherak dituenean, debeku da ibilgailu astunak bertatik pasatzea, behar-beharrezkoa den kasuetan nekazaritzako eta basoko ibilgailuak bertatik pasatzea salbu.

Auzo bideetatik edozein ibilgailu pasatzen denean, abiadura muga 30 km/h izanen da.

20. artikulua. Pasabideak eta aldaketak.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari arekak konpontzeko, finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, edota pasabide horiek aldatzeko; gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere.

Udalak fidantza eskatu ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

21. artikulua. Pisuak.

Landa bideetan ibiltzeko baimendutako gehieneko pisua 20.000 kilo da. Udalak, salbuespenez, ibilgailu horiek pasatzeko baimena ematen ahal du, tasa bat kobratuta.

1. Salbuespeneko erabilera denean, nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko helburuarekin.

2. Villatuertako Udalaren iritziz udalerriarentzat interes orokorrekoak diren salbuespeneko beste erabilera batzuk direnean.

Baimena eskuratzeko, aldez aurretik eskaera bat egin beharko da, artikulu honen lehen lerroaldean ezarritako gehieneko pisua baino handiagoko ibilgailu batekin Villatuertako landa bide publikoetan ibiltzeko salbuespeneko erabilera behar duen pertsonak edo entitateak aurkeztua.

22. artikulua. Villatuertako landa bide publikoak erabiltzeko salbuespeneko baimenen tasak.

Villatuertako Udalak tasa bat ezartzen ahalko du landa bide publikoen salbuespeneko erabilerarako, kasu hauetan:

Villatuertako Udalaren iritziz udalerriarentzat interes orokorra duten salbuespeneko beste erabilera batzuk direnean, Villatuertako Udalak ezarriko duen tasa 0,002 eurotik 0,01 eurora bitartekoa izanen da garraiatutako kilo bakoitzeko.

Nekazaritza, abeltzaintza edo antzeko helbururako egindako salbuespeneko erabilera baimentzeko denean, tasa ordaintzetik salbuetsirik egonen da, baina baimena eskatu behar izanen da.

23. artikulua. Urmaelak eta hezeguneak.

Udalaren baimena behar izanen da putzuak, uraskak edo hezeguneak aldatu edo sortzeko, bai eta horiek urez hornitzen dituzten zangak eta errekastoak bideratu edo aldatzeko ere.

24. artikulua. Energia sortzeko edo telekomunikaziorako eraikuntzak edo elementuak.

Energia sortzeko edo telekomunikaziorako edozein eraikuntza edo elementu martxan jartzeko, Udalaren baimena behar izanen da, eta Udalak kasu bakoitzerako zehaztutako tasak ordaindu behar izanen dira.

25. artikulua. Itxiturak eta eraikuntza osagarriak.

Lurzoru urbanizaezineko eraikuntza osagarriak eta itxiturak arautzen dituen ordenantzan (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 108. zenbakia, 2005eko irailaren 9koa) xedatutakoa bete beharko dute.

26. artikulua. Arau hauslearen betebeharrak.

Arau hauslearen edo, modu subsidiarioan, Udalaren lana izanen da kaltea edo kaltetutako eremua lehengo egoerara itzultzea edo berrezartzea.

27. artikulua. Berariazko esku hartzeak.

1. Udalak pertsonalki aginduko dio arau hausleari, materiala ken dezan eta material hori jartzearen ondoriozko kalteak konpon ditzan, alde batera utzi gabe arau haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.

2. Udalak bideari kalte egiten dioten elementuak kentzeko kautelazko neurria hartu ahal izanen du arduradunaren kontura, alde batera utzi gabe dagozkion zehapenak ezartzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, armazoiak eta gisakoak

28. artikulua. Publizitatea.

1. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuetako fatxadetan, arkupeetan, markesinetan, hiri altzarietan, zuhaiztietan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, berariaz izendatutako tokietatik kanpo edozein iragarki mota jartzea, salbu eta Villatuertako udalerrian armazoi eta bestelako elementuetan kanpo publizitatea jartzea arautzen duen udal ordenantzan (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 75. zenbakia, 2009ko ekainaren 19koa) araututakoaren arabera udal baimena ematen denean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderatxo ezartzea.

3. Elkarteek edota Udalak berak informazio kartelak jarri ahal izanen dituzte, betiere gero kentzeko konpromisoa hartzen bada.

29. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda paperak edo publizitate komertzialak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketaren ondorioz zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua horren erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Inork ezin izanen du etxez etxeko publizitaterik edo bestelako propagandarik jarri eraikinen ataritik kanpo; postontzia badago, bertan utzi beharko da.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

30. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Bide edo eremu publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko ditu pertsona orok, eta ezin izanen du eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

31. artikulua. Zarata.

1. Herritarrek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, bai Hots mailei buruzko ordenantzan ezarri bezala, bai Gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera.

–Ibilgailuek ez dituzte potentzia handian jarriko haien musika-aparatuak, ez dute ihes hodi librea izanen, ez dute pneumatikoen zarata sortuko –nahita edo zirkulazio erregimen normala ez izateagatik–, ez eta klaxona justifikaziorik gabe erabiliko ere. Era berean jardun ahal izanen da, zaratak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bestelako zaratak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

–Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

–Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

32. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak –orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne– zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimendu gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Pertsona oro behartuta dago hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, gaikako hondakinen bilketarako arauen arabera.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak eta piztutako zigarrokinak edo beste edozein gauza sutan botatzea. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egiten ahal dietenak, hala nola xiringak eta gai sorgorgarrien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorgarriak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

Debeku da gai hauek bide publikoetako edukiontzietan botatzea: likidoak, obra hondakinak, hildako animaliak, erretzen ari diren materialak, material arriskutsuak eta etxeetako hiri hondakin modura sailkatzen ez diren hondakinak.

Debeku da hondakinak edukiontzietatik kanpo, bide publikoetan, edo orube eta lursail publiko nahiz pribatuetan uztea.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Jurramendiko Ur Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren arauekin bat.

Etxeko hiri hondakinak eta antzekoak Jurramendiko Mankomunitateak xede horretarako ezarri edukiontzien barruan utziko dira. Hondakinak, ahal dela, 20:00etatik aitzina utzi behar dira edukiontzietan.

Hondakin organikoak edukiontzi marroietara botako dira, poltsa itxietan sartuta. Poltsa horietan, hondakin hauek sartuko dira: janari hondarrak, haragiak, arrainak, barazkiak, oskolak, azalak, jalkinak, lorategiko hondakinak, konpresak, pixoihalak...

Edukiontzi horian ontziak eta bilgarriak sartuko dira, eta ez da beharrezkoa poltsa erabiltzea. Plastikozko materialak (botilak, poltsak, txanbilak, jogurt ontziak), metalezkoak (latak, potoak, aluminiozko etxeko tresneria), brikak (edarien kartoiak), poliespanezkoak (erretiluak, bilgarriak), eta bestelakoak (oinetakoak, zeramikazko materiala...).

Edukiontzi urdinera, papera eta kartoia botako dira, ongi tolestuta eta poltsarik gabe.

Iglu itxurako edukiontzi berdera, berriz, beira soilik botako da.

Udalaren konpost ontzietan, material organikoa soilik botako da, eta debeku da material hauek botatzea: plastikoa, papera, brikak, latak, etab.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da etxeetatik edo ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

6. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

7. Tamaina handiko hondakinak (altzariak, tresnak eta etxetresna elektrikoak). Tamaina handiko hondakinak eta gailu elektrikoak nahiz elektronikoak biltzeko, Servicios de Montejurra S.A. enpresak lan kontratua du Emausko Trapuketariak Fundazioarekin. Tamaina handiko hondakinak esaten zaie sistema tradizionalen bidez kendu ezin direnei, hain handiak izatean ibilgailu bereziak behar izaten baitira hondakin horiek garraiatu ahal izateko. Hondakin multzo horretan sartzen dira, halaber, etxetresna elektriko txikiak eta elektronikako nahiz informatikako produktuak, une honetan araudi espezifiko bat dutenak. Hondakin mota horiek hartu eta gero, Emausko Trapuketariek konpondu eta, ahal den neurrian, aprobetxatu egiten dituzte zirkulaziotik atera diren altzariak, etxetresna elektrikoak eta tresnak, eta, gero, salgai jartzen dituzte berriro beren instalakuntzetan.

Aurreko puntuetan aipatu ez diren gainerako hondakinak Jurramendiko Mankomunitateko Garbigunera eraman ahal izanen dira.

33. artikulua. Animaliak.

1. Etxeko animaliak behar bezala zaindu behar dira, eta, bereziki, debeku da animaliak abandonatzea, bai eta dagokion ordenantzan aurreikusitako edozein jokabide izatea ere.

2. Lagun egiteko animaliak eramaten ahal dira eremu publikoetan, betiere uhal edo kateaz edota legez edo arauz ezarri bezala eramanez gero. Debeku da txakurrak edo beste animalia oro udalerrian hedaturik dauden haur parkeetan sartzea, bai eta eskola, kirol eta kultura eraikin publikoetan sartzea ere; debeku da, halaber, jendea ibiltzen den beste edozein establezimendu publikotan sartzea, hala nola tabernetan eta erretiratuen elkarteetan.

3. Titularraren erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete kaka egiten utziko espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan.

Animaliek horretarako prestatutako tokietan egin beharko dute kaka. Horrenbestez, bi pixaleku prestatu ziren animaliek beren funtzio fisiologikoak baldintza higieniko egokietan egin ditzaten, landa eremuko zonaldeez gain (bide eta bidexketatik aparte).

Nolanahi ere, animaliaren bat daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta, behar bezala bildu ondoren, bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Animalien arduradunek, nolanahi ere, haiek bide publikoan utzitako gorozki solidoak bildu behar dituzte, eta eginkariek eragindako eremua (zorua, fatxadak, kale-argiak eta beste edozein elementu) behar bezala garbitu.

4. Ezin izanen zaie inolako tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei. Animaliekin egiten den jarduera ez da tratu txar edo erasotzat hartuko, Udalak antolatu badu edo ospakizunak direla-eta berak baimendu badu ezarritako arau edo baimenei jarraikiz.

5. Zezen festak (entzierroak, bigantxak, etab.) direla-eta, eta haiek egitean, aipatu jardueren gaineko arauak aplikatuko dira beti, agintaritza eskudunak ezartzen dituenak ere onartuz.

6. Animaliak ezin izanen dira bazkatu baimendu gabeko lorategi eta parkeetan.

34. artikulua. Estetika, margoketak eta etxabeetako kartelak arautzea.

Finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak beharturik daude fatxadak eta eremu publikotik ikusten diren higiezinetako parteak garbi mantentzera.

35. artikulua. Lurzatietako garbitasuna.

Lursailen, eraikuntzen eta eraikinen titularrek segurtasun, osasungarritasun eta apaindura publikoko baldintzetan eduki behar dituzte, eta horiek kontserbatzeko edo birgaitzeko obrak edo lanak egitera behartuta daude, bizigarritasun eta garbitasun baldintzei eutsiz, hirigintzako legedian ezarritakoa betez.

Eraiki gabeko edo eraikitako lurzati hiritarretan, inguruneko natura elementuak soilik egon daitezke (landare elementuak eta elementu mineralak). Ongi zainduta egon behar dute: ez belar luzerik, ez sasirik, ez egurrezko metaketarik, ez eta su har dezakeen edo edozein izurri motaren (karraskariak, intsektuak, sugeak, etab.) babesleku izan daitekeen beste edozein elementu ere. Jabeek sute arrisku oro ezabatu behar dute, eta osasungarritasun baldintzetan eduki. Baldintza berdinetan egon behar dute hirigunearekin muga egiten duten finka landatarrek ere.

Lurzati horietan, ez dira materialen edo bestelako hondakinen (nekazaritzakoak, basokoak, industriakoak, obrakoak, etab.) pilaketak egiten ahal, Udalaren baimena izan ezean, ezarritako ingurumen araudiaren arabera; horrelakoetan, beharrezko neurriak ezarri behar izanen dira jarduera horrek arriskurik izan ez dezan (seinaleztapena, hesiak, suteen aurkako babesak, etab.).

Lurzatien sarrerak eta irteerak espaloi beheratzeetatik eginen dira, bide publikoa zikindu gabe.

3. ATALA

Betebehar bereziak

36. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, horren titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2. Bide publikoan vendingak, kioskoak, eta terrazak, beladoreak edo beste instalazio batzuk dituzten establezimenduetako titularrek garbi eduki beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Lokal horiek, zenbat hondakin sortzen duten kontuan hartuta, inguruan paperontzi bat edo batzuk jarri eta eduki behar dituzte beren kontura, inguru hurbila garbi mantentzeko.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dituzte titularrek, eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ezta aldi baterako elementurik, elementu finkorik edota zolan finkaturiko elementurik erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua ordaintzea, eta dagokion zehapena izanen du.

Udalak merkataritza, industria edo zerbitzu jarduerek eragindako eremuak garbitu ahal izanen ditu, haien kontura.

37. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak sustatzaileak izanen dira, eta Udalak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza bat jartzeko eskatzen ahalko du, garbiketa eta ingurumen lanetatik edota ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Bestela, egin diren aparteko lanen zenbatekoa kentzen ahalko da aipatu fidantzatik, baita baimena edozein alderditan urratzeagatik edo antolatutako egintzarekin ikustekoa duten beste arau hauste batzuengatik legokiokeen zehapena ere.

38. artikulua. Apaingarriak, fatxadak eta teilatuak.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola loreontziak, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

Etxearen titularrak bermatu beharko du ez dagoela teilatua askatzeko, eraisteko edota bertako elementuren bat erortzeko arriskurik.

39. artikulua. Zamalanak.

Debeku da 21:00etik 08:00etara bitartean salgaien zamalanak egitea, bai eta kaxak, edukiontziak nahiz eraikuntza materialak manipulatzea edota antzeko beste ekintzarik egitea ere. Salbuetsirik geratzen dira gauean hondakinak biltzea edo garbiketa lanak egitea, baina beharrezko neurriak hartuko dituzte herritarren lasaitasuna ahalik gutxien aztoratzeko.

Zamalanak zirkulazio arauak betez eginen dira; hau da, ezin izanen da oinezkoentzako eremuetan aparkatu, eta zirkulazio bidea libre utzi behar izanen da.

4. ATALA

Eremu publikoa okupatzea

40. artikulua. Obren ondoriozko okupazioak.

1. Obren ondorioz bide publikoa okupatzeak hauek hartzen ditu barnean: babesteko itxiturek, eraikuntzako baliabide lagungarriek, obrako makinek, erremintek eta materialek okupatutako elementuak eta espazioak. Material horiek Udalaren baimena izan behar dute.

2. Bide publikoa okupatzean, gutxieneko pasabide bat bermatu behar da oinezkoentzat, minusbaliatuen gurpil aulkientzat edo haur kotxeentzat; pasabidea behar bezala seinaleztatu behar da, eta Udalaren baimena izan behar du.

3. Eraikuntza lanen eta obra publikoen ondorioz bide publikoa okupatzean, bete egin behar dira estatuko eta erkidegoko araudietan eraikuntza lanetako segurtasunari buruz jasotako puntu guztiak, bai eta ordenantza honetan agintzen direnak ere.

41. artikulua. Eremu publikoan egiten diren bestelako okupazioak.

Eremu publikoan egiten den okupazio orok dagokion baimena izan behar du, eta dagokion tasa ordaindu.

42. artikulua. Eremu publikoan abandonatutako ibilgailuak.

1. Debeku da ibilgailuak bide eta leku publikoetan uztea, Udalean behar bezala justifikatutako arrazoiengatik salbu.

2. Udal agintaritzak, zentzuz, ibilgailu bat abandonatuta dagoela uste ahal izanen du kasu hauetan:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean. Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio, dagokion arloko araudiari jarraituz.

3. Eta a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plaka edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, gehienez ere 15 egunean ibilgailua gordetegitik ken dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola.

43. artikulua. Lurrak eta obra hondakinak.

1. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzen dituenak berak kudeatu behar ditu hondakin horiek, indarrean den araudiaren arabera.

2. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin guztiek dagozkien lizentziak izan behar dituzte, bai eta horiek sortzeko, garraiatzeko eta deuseztatzeko baimenak ere.

IV. TITULUA

Zehapen araubidea

44. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau hauste administratibo ez ezik, zigor zuzenbideko arau hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau haustea egiten duen pertsona haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Villatuertako Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, arau hausteari dagokion zehapena aparte utzita.

Arau hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio bera izanen du zehapen.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, jarduteko ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa. (Margoketak, adibidez).

4. 50. artikuluko zenbatekoak, haien eguneratzeak, baita 45. eta 50. artikuluak eta 51. eta 52. artikuluetan adierazitakoa ere, gainerako udal ordenantzetan aplikatuko dira, haien testuetan bertan bildutako zehapenetarako zenbatekorik gehitu ez bada, beste batzuk aplikatu behar izan ezik eta deusetan ukatu gabe haien kalifikazioa, arina, larria ala oso larria izan. Orobat, artikulu hauek ordezko gisa aplikatuko dira, udal ordenantza guztietako aginduak urratzen direnerako, halakoetan urratze horiek zehaturik ez badaude.

45. artikulua. Jokabide oztopatzaileak bizikidetzaren eta gizalegearen eremuetan.

1. Herritarren arteko elkarbizitzaren eta gizalegearen esparruetan, eta ordenamendu juridikoan ezarritako eskubide guztiak babestuz, ez dira zilegi izanen jokabide hauek:

a) Udalaren ikuskapen edo kontrol zereginei uko edo aurka egitea.

b) Agintaritzak bere eginkizunak betez eskatzen dituen datuak edo informazioa emateari uko edo aurka egitea.

c) Agintaritza jarduleari, bere ikuskapen, kontrol edo zehapen lanak betetzean, informazio edo dokumentazio faltsua, zehaztugabea, osatugabea edo nahasgarria ematea, esplizituki edo inplizituki.

d) Udal agintariek emandako agindu edo eskakizun espezifikoak ez betetzea.

2. Zigor eta sektore legeria alde batera utzi gabe, aurreko atalean deskribatutako jokabideak arau hauste larriak dira, eta 200 eurorainoko isunarekin zehatzen dira.

46. artikulua. Arau hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

47. artikulua. Arau hauste oso larriak.

Oso larriak izanen dira honako hauek eragiten dituzten arau hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian, berehalakoan eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak eta nabarmenak jartzea.

d) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larri eta nabarmenean hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean.

Nolanahi ere, arau hausteak izanen dira jokabide hauek:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoko elementuei, obra hondakinei edo zaborrei su ematea nahita edo erru larriarekin, eta gasolindegi batetik gertu 19. artikulua (suari eta jaiei buruzkoa) ez betetzea, arrisku larriren bat dagoenean.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

e) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

f) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

g) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

h) Urtebetean hiru arau hauste larri edo gehiago egitea.

i) Arau hauste larria edo oso larria egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien eta beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau hauste oso larria egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

j) Fatxadatik edo teilatutik objektuak erortzea, oso hondatuta dagoelako.

k) Kale bat moztea dagokion baimenik gabe.

l) Edukiontzietara hondakin toxikoak, arriskutsuak edo hiri hondakin bereziak botatzea.

m) Baimenik gabe jarduera sailkatua egitea hiriko nahiz landa eremuko lurzatietan.

n) Lurrak eta obra hondakinak baimenik gabe botatzea.

ñ) Energia sortzeko edo telekomunikaziorako elementuak baimenik gabe eraikitzea.

48. artikulua. Arau hauste larriak.

Arau hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, arau haustea izanen da bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau hausteak izanen dira:

–Estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.

–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

–Ondasun edo eremu publikoetan pintadak, grafismoak edo horma irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

–Naturguneak zikintzea eta ez errespetatzea, 15. artikuluaren arabera.

f) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

g) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Nolanahi dela ere, arau haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

h) Oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan. Honen barruan sartzen da gaizki aparkatzea, aurreko puntuan aipaturikoa zailduz.

i) Udalak kartelen bidez adierazten dituen bizikidetza arauak urratu eta nahasmendu larria sortzea.

j) Arau hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

k) Desobeditze larria. Agintaritzak debekatu ondoren norbaitek arau hauste larria egiten duenean edo hark ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta, era berean, arau haustea egin ondoren subjektu eskudunak egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

l) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau haustea eginda. Horri dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu informazio hori lortzeko.

m) Baimenik gabe ibilgailuak bide eta leku publikoetan uztea.

n) Fatxadan eta teilatuetan bide publikora erortzeko arriskuan dauden elementuak edo apaingarriak izatea.

o) Industria hondakinei dagokienez, indarreko legeriak hondakin mota bakoitzerako agintzen dituen kudeaketa jarduerak ez egitea, hala nola bilketa, garraioa, biltegiratzea, sailkapena, balorazioa eta/edo zaintza.

p) Bide edo leku publikoetan obra hondakinentzako edo eraikuntza materialentzako edukiontziak jartzea, Udalaren nahitaezko baimenik gabe.

q) Lurzatiak edo fatxadak ordenantzarekin bat ez datozen baldintzetan edukitzea.

r) Urtebetean hiru arau hauste arin edo gehiago egitea.

s) Landa bideak behar bezala ez erabiltzea, 17.-21. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

t) Kartelak eta armazoiak baimenik gabe jartzea.

u) Zamalanen ordutegia ez errespetatzea, eta obretako zarata egitea hitzartu gabeko ordutegian.

v) Eremu publikoa baimen gabe okupatzea edo erabiltzea lanetan edo lanbideetan aritzeko, hala nola ibilgailuen konponketan, arotzeria mekanikoan, iturgintzan edo gisakoetan.

x) Eremu publikoetan altzariak eta alferrikako objektuak uztea, Udalak baimendutako leku, data eta ordutegietatik kanpo.

y) Ur harguneak edo ureztatze ahoak iruzurrean erabiltzea helburu partikularretarako edo indarrean dagoen legedian onartzen ez diren erabileretarako.

49. artikulua. Arau hauste arinak.

Honako hauek dira arau hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari zein mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Nolanahi ere, honako hauek arau hausteak izanen dira:

–Bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimenik gabe edo baimendu baino leku handiagoa hartuta.

–Material piroteknikoa baimenik gabe saltzea.

–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Eremu publikoan era guztietako ibilgailuak edo animaliak garbitzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau hausteak izanen dira:

–Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea eta, era berean, kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan edo ez eta Udalarenak izan edo ez.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, honako hauek arau hausteak izanen dira:

–Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

–Propaganda edo publizitate komertziala zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

–Apaingarriren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, altxatu, beheratu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Gaueko ordutegian edozein zarata mota egitea eta auzotarren atsedena oztopatzea.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

h) Jurramendiko Mankomunitateak eta Udalak xede horretarako ezarritako lekuetatik, ontzietatik eta edukiontzietatik kanpo uztea etxeko hondakinak edo hiri hondakinen antzekoak.

i) Edukiontziak gaizki erabiltzea, mugituz edo hondakinak adierazitako moduaz bestela botaz.

j) Hondakin likidoak, obra hondakinak, tresnak edota beren ezaugarriengatik, arriskuagatik edo toxikotasunagatik Mankomunitateko Garbigunera eraman behar diren produktuak bide publikoko edukiontzietara botatzea.

50. artikulua. Zehapenak.

Arau hauste arinei 60tik 100 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau hauste larriei 101 eurotik 300 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau hauste oso larriei 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

51. artikulua. Zehapenen graduazioa.

1. Ordenantza honetan aipatutako zehapenak ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioari jarraituko zaio, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

a) Zer arau hauste egin den, zer larritasun duen eta zer kalte eragin dituen.

b) Gertaerak gizartean zer garrantzi duen.

c) Gizartean zer nahaste eragin duen.

d) Arau hausleak asmo txarrez egin duen.

e) Kalteak nolakoak diren.

f) Behin baino gehiagotan egin den, hau da, berrerortzea den.

g) Arau hausteak errepikatu diren.

h) Arau hausleak zer ahalmen ekonomiko duen.

i) Baimenik gabeko merkataritza ibiltarian eskaintzen diren ondasunek edo produktuek zer izaera duten.

j) Pertsonen osasunari kalte egiteko arriskua duen.

k) Arau hausteak zer onura ekonomiko duen.

l) Arau haustea eremu babestuetan egin den.

m) Ikuskapen lana oztopatzen den, eta zer mailatan ez diren betetzen autokontrol neurriak.

n) Gertaerak zer neurritan diren oztopo, traba edo eragozpen, mugikortasun mugatuko egoeran dauden pertsonen mugitzeko askatasunerako, sarbiderako, egonaldirako eta zirkulaziorako, mugatu edo zaildu egiten dituztelako.

2. Berrerortzetzat hartuko da, urtebeteko epean ordenantza honen arau hauste bat baino gehiago egin badira eta hori ebazpen irmoaren bidez onartua izan bada. Errepikatzetzat hartuko da, Ordenantza honen arau hausteengatik erantzuleak aitzinetik zehapenak jaso baditu edo ordenantza honen arau hausteengatik beste zehapen prozedura batzuk bideratzen ari badira.

52. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau hausleari. Arau hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Gauzak arau haustearen aitzineko egoerara lehengoratzeko egin beharreko jarduketak eginen ditu Udalak, horretarako obligazioa duen pertsonaren kontura, baldin eta arau hausleak ordurako egin ez baditu. Obligazioa duenari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

53. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak, eta, modu subsidiarioan animalien jabeak, animaliek gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginen eta zikinkeriaren erantzule dira.

3. Iragarlea eta banatzailea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearekin lotutako arau hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26. eta 31. artikuluetan bildu arau hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, arau hausteen egileak izanen dira zuzenean ordenantza honen kontrako arau hausteen erantzuleak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau hausteei aurrea hartzeko.

Erantzukizuna adingabe bati badagokio, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

54. artikulua. Kautelazko neurriak.

Arau haustea egin duen pertsonak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste erabiltzaile batzuei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.

Horri dagokionez, ondasun hauek aldi baterako kendu edo altxatzen ahal dira: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderatxoak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko beste edozein gauza ere, baldin eta agintaritzaren aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.

55. artikulua. Zehapena murriztea berehala ordainduz gero.

1. Salaturiko pertsonek beren erantzukizuna beren gain hartzen ahal dute isunaren zehapenak ordainduz. Zehapenaren zenbatekoa gutxienekora murriztuko da, ordainketa zehapen prozedura abiarazi baino lehen egiten bada.

2. Ustezko arau hausleek beren erantzukizuna aitortzen ahal dute isunaren zehapenak ordainduz, kargu orrian edo, prozedura laburtuetan, ebazpen-proposamenean adierazten den zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuta. Prozedura arruntetan, ebazpen proposamenean ageri den isunaren zenbatekoren %20ko murrizketa izanen da.

3. Isunaren zenbatekoa ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, bidezko errekurtsoak aurkeztea galarazi gabe.

56. artikulua. Adingabeek Ordenantzaren aurka izandako jokabideen erantzukizuna.

1. Arau hausleak adingabeak direnean, eta, haurren nahiz nerabeen eskubideak, garapena eta formazioa babeste aldera, neurri zuzentzaileak hartzen ahal dira diru zigorren ordez, hala nola prestakuntza saioetara joatea, komunitaterako lanak egitea edo gizalegezko beste edozein jarduera egitea. Neurri horiek era arrazoituan hartuko dira, arau hauste motaren arabera, eta arau hausleak jasotako zehapenaren neurrikoak izanen dira. Horretarako, gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen iritzia eskatuko da; iritzi hori loteslea izanen da.

2. Gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak beren zaintzapean dauden adingabeek egindako arau hausteengatik sortutako kalteen erantzule zibil subsidiarioak izanen dira.

3. Ordenantza honetan berariaz aurreikusten den kasuetan, gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak izanen dira adingabeek egindako arau hausteen erantzule zuzenak eta solidarioak, baldin eta beren aldetik doloa, errua edo zabarkeria badago, ez betetze hutsa barne.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean sartutakoan indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2011277