243. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Psikologiako lizentziadun lanpostuan (A maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez (oposizio sistema) osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzaren urriaren 1eko 1349/2020 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren Psikologiako lizentziadun lanpostuan (A maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata aldi baterako kontrataziorako eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

I.–DEIALDIKO LANPOSTUAREN IZAERA ETA EZAUGARRIAK

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: Psikologiako lizentziaduna, A maila/taldearekin parekatua.

3.–Kokapena egitura organikoan: Eskubide Sozialen Alorra; Psikologiako lizentziadun plaza lanaldi partzialean (lanaldi erdia).

4.–Bete beharreko eginkizunak: Esku Hartze Sozialaren Psikologiaren berezko eginkizunak aurrera eramateaz arduratuko da, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta diziplinarteko lan teknikoari lagunduko die.

II.–TUTERAKO UDALAREN ZERBITZUAN, ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAREN BITARTEZ, PSIKOLOGIAKO LIZENTZIADUN LANPOSTUAN ARITZEKO ZERRENDA BAT ERATZEKO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez Psikologiako lizentziadun lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude, eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Psikologiako lizentziadun edo gradudun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi gabea izatea.

F) Haurrentzako eta Nerabeentzako Babes Sistema Aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, deialdiaren xedeko lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraikiz (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–TUTERAKO UDALAREN ZERBITZUAN, PSIKOLOGIAKO LIZENTZIADUN LANPOSTUAN PRESTAKUNTZAN ARITZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Psikologiako lizentziadun lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzea oposizio bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Psikologiako lizentziadun edo gradudun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Haurrentzako eta Nerabeentzako Babes Sistema Aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, deialdiaren xedeko lanpostuan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Eskatzen zaien unean agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.2. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da bat etorriz Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauekin. Arau horiek IV. apartatuan zehazten dira, hain zuzen.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa jarraikiz ere.

IV.–BI DEIALDIETARAKO ARAUAK

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdi honen eranskinetako ereduetara egokitu beharko dira (izangai bakoitzari dagokion txandaren arabera dagokiona –aldi baterako kontratazioa edo zerbitzu berezietako prestakuntza–). Izangaiek eskura izanen dituzte Udalaren webgunean ageri den deialdiaren aipamenean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren bat.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, ere aurkeztu beharko dute.

Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du argitara dadila udaletxeko iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es webgunean. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski onartutzat emateko deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Pilar Larrauri Ugarte, Tuterako Udaleko gizarte-hezitzailea.

Ordezko epaimahaikidea: César Hernández Arrondo, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Carlos Moreira Vicente, Iruñeko Udaleko psikologoa.

Ordezko epaimahaikidea: Cristina Jordán Goñi, Nafarroako Gobernuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako psikologoa.

Epaimahaikidea: Mikel Ciordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Vicente Catalán Oiz, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu. Datu horiek, hain zuzen, onartuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko dira. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Hautapen prozesua oposizio bidez gauzatuko da.

4.2. Oposizioaldia:

4.2.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea (deialdiaren II. eranskina). Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: Praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebaztea, gai zerrendako gaiei buruz (deialdiaren II. eranskina). Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 120 minutu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiaren xede den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen du.

4.2.2. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

4.2.3 Hautapen prozesuko ariketa guztiak baztergarriak dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.2.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez egingo dira.

4.2.5. Epaimahaiak erabaki ahalko du lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala gertatuko balitz, epaimahaiak horretarako antolakuntzarik hoberena xedatuko luke.

4.2.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean. Lehen eta bigarren ariketak saio bakar batean eginez gero, aurreko apartatuan ezarritakoari jarraikiz, lehen ariketa guztiak zuzenduko dira eta, ondoren, lehen ariketa gainditu dutenen bigarren ariketa, besterik ez. Puntuazioak denak batera argitaratuko dira.

4.2.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.2.8. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.2.9. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, gainditu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, halakoak ebatziko dira 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian arautu irizpideari jarraikiz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko irailaren 8an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

I. ERANSKINA

Eskabideak

Aldi baterako kontrataziorako izangaiak (PDFa).

Prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran jarduteko izangaiak (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

2.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

3.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.

4.–Psikologoaren rola gizarte zerbitzu orokorretan.

5.–26/2015 Legea, uztailaren 28koa, haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duena. 8/2015 Legea, uztailaren 22koa, haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duena.

6.–Adingabeak babesteko sistema Nafarroako Foru Komunitatean. Babes neurriak eta egun dauden baliabideak.

7.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako: legearen xedea eta aplikazio eremua. Berdintasunaren aldeko politika publikoak. Berdintasunerako ekintza administratiboa.

8.–Gaixotasun mentala; dibertsitate funtzionala daukaten pertsonak: baliabideak eta esku-hartze psikosoziala Gizarte Zerbitzuetan.

9.–Familia: baliabideak eta esku-hartze psikosoziala Gizarte Zerbitzuetan.

10. gaia.–Familia giza garapenaren testuinguru gisa: familiaren bilakaera soziala. Familia ereduak. Rolak. Familiaren eginkizunak. Heziketa estiloak. Gurasotasun positiboa.

11.–Dolua. Etapak eta hari heltzeko modua Gizarte Zerbitzuen esku-hartze psikoedukatibotik.

12.–Seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeria: arrazoiak eta faseak. Hari nola heldu Gizarte Zerbitzuetatik.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2011695