243. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Uharteko eta Esteribarko ikastetxeetako jantokiko beken jarduketa protokoloa. Behin betiko onespena

Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko ekainaren 11n egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ikastetxeetako jantokiko beken jarduketa protokoloa (2020ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 23koa).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da aipatutako protokoloa, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia bat, etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Uharten, 2020ko urriaren 1ean.–Mankomunitateko burua, Iñaki Crespo San José.

PROTOKOLOA, UHARTEKO ETA ESTERIBARKO IKASTETXEETAKO JANTOKIKO BEKETARAKO

Araudi honen xedea da arautzea nola eman ikastetxeko jantokirako Nafarroako Gobernuaren bekak, Uharteko eta Esteribarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Araudiaren helburu izanen dira Uharteko eta Esteribarko ikastetxeetan ikasten duten adingabeak, haur hezkuntzako bigarren ziklokoak eta lehen hezkuntzakoak.

Ikastetxeko jantokirako beka ez da herritar guztientzat, baizik zailtasun sozioekonomikoak dituzten familientzat.

1.–Baldintzak.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta ikasturte guztian eutsi behar zaie.

Nahitaezkoa baldintzak izanen dira hauek:

a) Benetan Uharten edo Esteribarren bizitzea, eta bertan erroldaturik egotea (adingabea eta aita, ama, izatezko bikotekidea edo antzeko harreman afektiboa dutenak edo adingabearen tutoreak, adingabearekin bizi direnak), eskaera egiten den unean eta laguntza jaso bitartean.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen eta onuradunen erroldatze eta bizikidetza egoera.

b) Norberaren kargura izatea Uharteko edo Esteribarko ikastetxeetan ari diren adingabeak, haur hezkuntzako bigarren ziklokoak edo lehen hezkuntzakoak.

c) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiei dagokienez, apalagoak izatea oinarri hauetako erreferentzia-taula ekonomikoetan ezarritakoak baino, bizikidetzako familia-unitatearen arabera eta sarrerak kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.

Ikastetxeko jantokiko beka jasotzeko eskubidea izanen du eskatzaileak baldin familia-unitatearen ahalmen ekonomikoak beharkizun hauek betetzen baditu: (Errenta bermatua).

1. Familia-unitate osoaren diru-sarrera konputagarrien hileko batez bestekoa izanen da txikiagoa dagokion errenta bermatua halako bat eta erdi baino. (Araudi honen “Diru-sarreren balorazioa” puntuan dago taula).

2. Ondasun higigarri konputagarrien balioa izatea kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adina edo txikiagoa.

3. Familia-unitatearen ondasun higiezin konputagarrien balioa izatea kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa halako hamar adina edo txikiagoa.

e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

f) Salbuespeneko kasuak ere jasoko dira; hots, jantokira joatea adingabearentzat prebentzio eta babeserako baliabidea izatea, eta/edo tratamendu berezia behar izatea, orokortzen zaila dena.

2.–Eskabideetarako epea eta dokumentazioa.

Familia guztiek urtero aurkeztu beharko dute eskabide berri bat, nahiz eta Nafarroako Gobernuaren aurreko urteko jantokirako beka lortu.

Eskabideak inprimaki ofizialeko ereduaren arabera beteko dira; eskatzaileak sinatu beharko du, eta deialdi honen ereduari lotuko zaio. Eredu hori interesdunen eskura egonen da Uharteko eta Esteribarko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean.

Familia bakoitzeko inprimaki bakarra bete beharko da; ikaslearen aitak eta/edo amak sinatu beharko dute edo, hala behar badu, legezko tutoreak. Harekin batera, aurkeztuko dira deialdi honetako baldintzen frogagiriak.

2.1. Epeak.

a) Eskabideak ekainean banatuko dira ikastetxeetan.

b) Ezarritako epean bilduko dira eskabideak, ekainean.

c) Epe arruntetik kanpo ere eska daiteke jantokirako beka, eskabide ereduarekin eta dokumentazioarekin batera, beharrezkoa izanez gero.

Ez du izanen atzeraeraginik.

2.2. Dokumentazioa.

Eskatzaileek behar den inprimakia bete beharko dute, eredu ofizialaren arabera, baldin aipatutako irakaskuntza mailetan badaude eta 3. artikuluko baldintza eta betebeharrak betetzen badituzte. Horretarako, ondotik aipatzen diren agirien jatorrizkoak eta fotokopiak aurkeztu beharko dituzte mankomunitatean, zeinak deialdian zehaztuko baitira.

a) Eskabidea, behar bezala beteta eta ereduaren araberakoa.

b) Norberaren datuak:

–NANa.

–AIZ.

–Aurreko bi agirietatik bakar bat ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.

c) Familiako egoera:

1. Familia-liburuaren fotokopia, haren kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, eta halakorik izan ezean, familia-unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen-ematea ofizioz egiaztatuko da.

2. Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko dira:

2.1. Egitatezko banantzean, aurkeztuko da notario agiria, edo banantzeko demanda aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua, edo egoera hori erakusten duten beste agiri ofizial batzuk.

2.2. Banantze kasu guztietan, eskatuko da banantze edo dibortzioaren gaineko epai judiziala eta/edo hitzarmen erregulatzailea. Halakorik ez bada, justifikatu beharko da halakoak ezartzeko ekintzak abiarazi direla.

3. Ezkontzaz kanpoko seme edo alabaren bat izanez gero, eta aitak halakotzat aitortua badu, aurkeztu beharko da zaintza eta jagoletzari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri ofizial batzuk.

4. Ikasleen matrikulazioa: ikastetxeko jantokian inskribatu izanaren frogagiria.

5. Familiaren diru-sarrera guztien frogagiriak:

5.1. Azken 6 nominak eta/edo diru-sarreren frogagiriak, izanik horiek pentsioengatik, langabezia prestazioengatik, aldi baterako lanerako ezintasunagatik, elikagaietarako pentsioengatik, bestelako prestazioengatik. Erakunde eskudunek eman beharko dituzte frogagiri horiek (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, SEPE, mutualitateak, Nafarroako Gobernua eta abar).

5.2. Autonomoak izanez gero, aurreko urte osoko hiruhilekoetako BEZaren aitorpena eta azken sei hilabeteetako diru-sarreren zinpeko aitorpena, hilabeteka xehatua.

5.3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aurreko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetza-unitateko kideei dagokiena (aita/ama, eta haien ezkontide berriak edo izatezko bikotekideak edo antzeko harreman afektiboa dutenak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak egina.

6. Laneko edo prestakuntzako egoera: guraso-ahala dutenen lan bizitzaren ziurtagiria eta kontziliazioarekin bateraezina den prestakuntza egitearen frogagiriak (iraupena eta ordutegia).

Aurreko ataletan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek aurkez ditzakete bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak, frogatzeko ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitakoarekin.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aurretik ebazpena emanen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoarekin.

3.–Aurkezpena.

a) Mankomunitatearen bulegoetan bilduko dira gurasoek edo tutoreek aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa, eta egiaztatuko da behar bezala beterik daudela eskabideko atalak eta egokia dela erantsitako dokumentazioa.

b) Eskabideak beterik aurkeztean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, sarreraren zigilua eta data dituela, aurkeztu izanaren frogagarri.

c) Orobat, aurkeztutako dokumentazioaren kopia zigilatuko da, behin fotokopia jatorrizkoarekin alderatu ondoan, aurkeztutako agiriaren egiazkotasunaren frogagarri.

4.–Balorazio irizpideak.

Programa bakoitzeko erreferentziazko teknikariek izanen dute baloratzeko eskumena, baita nahitaezko txostenak egitekoa ere, baldin erreklamazioak eta errekurtsoak jartzen badira.

5.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

5.1. Mankomunitateko burua izanen da ebazteko organo eskuduna, galarazi gabe egin daitezkeen eskuordetzeak.

5.2. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabete da, eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

5.3. Beka emateari buruzko ebazpenak amaituko du administrazio bidea, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 40. artikuluarekin eta hurrengoekin.. Orobat, ikastetxeko jantokia kudeatzeko ardura dutenei igorriko zaie.

6.–Diru-sarrerak.

6.1. Ordenantza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:

a) Familia-unitatea; eskatzaileak osatzen duena gehi, kasua bada, berarekin bizi den pertsona, elkartu zaiona ezkontza bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez, gehi, kasua bada, eskatzailearekin bizi direnak baldin harekin badute bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuna, barnean direla familia harreraren bidez legezko zaintza arautua duten edo izan duten pertsonak, edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasuna dutenak. Familia-unitateek izan dezakete familia-nukleo bat edo gehiago.

b) Familia-nukleoa: kide ditu eskatzailea eta, kasua bada, haren ezkontidea edo berarekin pareko harreman afektiboa duen pertsona, eta haiekin bizi diren seme-alabak. Seme-alabatzat hartzen dira familia harreran bizi diren adingabeak nahiz ikasketak egiten ari diren ikastetxetik hurbil egotearren familiaren bizilekutik kanpo aldi baterako bizi diren seme-alabak.

Baldin helbide berean bizi badira bi familia-unitate edo gehiago, haietako bakoitzak izanen du eskubidea ikastetxeko jantokirako beka eskatzeko, kontuan hartu gabe beste familia-unitatearen diru-sarrerak.

Inor ezin da izan, aldi berean, bi familia-unitatetako kide.

6.2. Diru-sarreren kalkulua:

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira hileko diru-sarrera guztien batura.

a) Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekintzat hartuko dira diru-sarrera guztiak, heldu direnak elkarrekin bizi den familiako kideen lanetik (aita-ama, bikotekidea, tutoreak, anai-arreba) norberaren nahiz besteren konturako lana izan, gehi sari eta pentsio aitortuak, sarturik daudenak funts publiko nahiz pribatuen kontura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan.

Kontatuko dira:

1. Diru-sarreren kontua egiteko, kalkulatuko dira batez besteko diru-sarrerak, oinarri harturik azken sei nominak, pentsioaren ziurtagiria edo beste edozein diru sari edo diru iturri.

2. Kontuan hartuko da aurreko urteko errenta-aitorpena. Egoki denean, kontuan hartuko dira, orobat, familia-unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak, azken errenta-aitorpenean sartu ez direnak.

b) Diru baliabideen kontaketatik salbuetsiko dira diru-sarrera hauek:

1) Ardurapeko seme-alabak izateagatik (18 urtetik beherakoak) Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioak.

2) Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia-unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.

3) Adingabeen babesean eskuduna den departamentuak emandako prestazio ekonomikoak, konpentsatzeko familian adingabeak hartzeak ekarritako gastuak.

4) Gizarte Segurantzaren prestazioak, eta/edo aurreikuspen sozialeko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak, ardurapeko 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko.

5) Gizarteratzeko zentro okupazionaletako jardueretan parte hartzeagatik emandako pizgarriak edo haborokinak.

6) Pentsioak edo antzeko prestazioak, eskatzailearen familia-nukleokoak ez diren familia-unitateko kideenak, edo eskatzailearen ardurapeko seme-alabenak. Gehieneko zenbatekoa: kide bakarreko unitate jasotzaile batentzako errenta bermatuaren % 45 adina.

7.–Ohiz kanpoko egoerak.

Oinarri hauetan ezartzen denetik kanpora, familiako beste kasu batzuk ere aztertzen ahalko dira, non adingabeek ikastetxeko jantokirako beka behar duten faktore sozio-sanitario larriengatik edo aparteko inguruabarrengatik (kasuan kasuko udal teknikariek baloratuak). Familiak bere gain har dezakeen ehunekoa aplikatuko da. Egoera horiek behar bezala frogatu eta baloratuta egon beharko dute.

8.–Eskaeren ebazpena.

Mankomunitateak laguntza-eskaerak bildu eta baloraturik, profesionalek ebatzi eginen dituzte, eta interesdunei eta ikastetxeei jakinaraziko zaie, organo eskudunak onetsi ondoan.

9.–Balorazioa.

Balorazio taula:

a) Diru-sarrerak: (errenta bermatuaren zenbatekoa).

KIDE KOPURUA

DIRU-SARRERAK - ERRENTA BERMATUA / HILABETEA*

GEHIENEKO DIRU-SARRERAK 1,5 ALDIZ ERRENTA BERMATUA / HILABETEA

2

859,58

1.289,37

3

1.018,75

1.528,12

4

1.114,27

1.671,40

5

1.209,77

1.814,65

6 edo gehiago

1.273,44

1.910,16

b) Ondasunak (errenta bermatua).

1. Ondasun higigarri konputagarrien balioa izatea kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoaren %65 adina edo txikiagoa.

2. Familia-unitatearen ondasun higiezin konputagarrien balioa izatea kide bakarreko familia-unitate bati urtean dagokion errenta bermatuaren zenbatekoa halako hamar adina edo txikiagoa.

c) Kenkariak:

MURRIZTAPEN MOTAK

GURASO BAKARREKO FAMILIAK: alargunak, bananduak eta ezkongabeak.

Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaaren %25,00

FAMILIAK, %65etik GORAKO DESGAITASUNA DUEN KIDEA DUTENAK

OAEAParen %12,50

ETXETIK KANPO LAN EGITEA: guraso-ahala duten pertsonak.

OAEAParen %12,50

10.–Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Araudi honek indarra hartuko du 2020-2021 ikasturtean, eta indarrean izanen da harik eta organo eskudunak aldatu edo indargabetzen duen arte, legez ezarritako prozeduraren arabera, betiere. Urtero, mankomunitateak ofizioz eguneratuko du erreferentziazko taula ekonomikoa, Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren datuen arabera, behar diren datu ekonomikoak lortzeko.

–Urtero eguneratuko dira OAEAParen eta errenta bermatuaren zenbatekoak.

Iragarkiaren kodea: L2011533