242. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Lizarrako Udalaren Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2020ko uztailaren 2an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta jendaurrean jartzea Lizarrako Udalaren Erregelamendu Organikoa; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iragarkia 2020ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 4an, eta jendaurrean egon den bitartean ez da haren aurkako alegaziorik jarri. Beraz, ordenantza behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitaratzenda, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua) .

Lizarran, 2020ko irailaren 16an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

LIZARRAKO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

HITZAURREA

Lizarrako Udalak, 1989ko maiatzaren 4an egindako osoko bilkuran, Udalaren Erregelamendu Organikoa onetsi zuen. Izapidetu eta gero, haren testu osoa argitaratu zen 1989ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 7an, eta argitaratzearekin bat jarri zen indarrean.

Orduz geroztik toki araubidearen gaineko legeria nabarmen aldatu da. Nafarroako Foru Komunitatean, esate baterako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea jarri da indarrean.

Foru lege horretaz gain, aipatzekoak dira honako hauek: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeari egin zaizkion aldaketak. Izan ere, haien bidez aldaketa nabarmenak izan dira udaletako gobernu eta administrazio organoen izenetan eta haien funtzionamendu araubidean.

Gardentasunaren arloan eman diren arau berriak ere kontuan hartzekoak dira eta, bereziki, indarrean den lege hau: 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

Azkenik, ikusita Covid19aren pandemiak 2020ko lehen seihilekoan izan duen bilakaera eta haren ondorioz ezarritako konfinamendu neurriak, mahai gainean jarri da kide anitzeko organoen bilerak modu ez-presentzialean egiteko aukera aztertzeko beharra. Aukera hori, oro har, araututa dago jada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean, baina toki entitateetan analogiaz soilik aplika zitekeen, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Foru Legearen 46. artikulua aldatu zenera arte, hain zuzen.

Horregatik guztiagatik, erabaki da indarrean dagoen testua aldatu beharrean, hobe dela erregelamendu organiko berria onestea, toki-erakundeen funtzionamenduaren arloko araudi berriari erantzuteko.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lizarrako Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4. artikuluak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko toki-erakundeei aitortzen dien ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du erregelamendu honen bidez arautzea bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a) Gobernu eta administrazioko organo oinarrizkoak dira:

–Udalaren Osoko Bilkura.

–Tokiko Gobernu Batzarra.

–Informazio batzordeak.

–Kontuen Batzorde Berezia.

–Alkatetza.

–Alkateordetzak.

b) Gobernu eta administrazioko organo osagarriak dira:

–Zinegotzi ordezkariak.

–Bozeramaileen Batzarra.

–Kontseilu sektorialak.

–Udal taldeak.

c) Udalaren tutoretzapean daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako entitateak eta kudeaketa organoak ere.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Lizarrako Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera.

b) Erregelamendu organikoa.

c) Udal ordenantzak.

I. TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute, eta haien artean alkate aukeratutakoak jarduten du buru gisa.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legerian ezarritakoaren arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta hartan xedatutakoaren arabera eratuko da, halaber, Udalaren Osoko Bilkura.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Ohikoak.

b) Bereziak.

c) Berezi eta presakoak.

8. artikulua. Ohiko osoko bilkurak.

Ohiko bilkurak dira aldizkakotasuna ezarria dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez finkatuko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak edo udalburuak eginen du, Udala eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen ditu gainditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 77.1 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.a) artikuluan aipatzen diren mugak.

Onarturiko presako kasuetan izan ezik (arrazoitu egin behar dira eta Udalbatzak gehiengo osoz berretsi behar du), gai-zerrendako gaiak soilik aztertuko dira ohiko bilkuretan.

Ohiko bilkurarako deialdirako data ez bada jartzen artikulu honen lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera, eta alde batera utzi gabe alkateak dagokion datatik gertu eta behar bezala justifikatuta deitu ahal izateko aukera, dagokion hilabetean egingo den bilkurak izaera berezia izango du, baina egin ez den ohikoaren ordezkoa izango denez, puntu hauek sartuko dira deialdian: aurreko bilkuraren aktaren onarpena, gobernu-organoen kontrola, galderen eta eskaeren txanda eta eztabaidatu eta bozkatzeko aurkeztutako mozioak. Taldeek nahi dituzten mozioak aurkeztu ahal izango dituzte, baina ebazpen-izaera dutenak 14. artikuluan ezarritako araubidearen arabera eztabaidatu eta bozkatu beharko dira.

9. artikulua. Osoko bilkura bereziak.

Bilkura bereziak dira alkateak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik, edo lege-mailako arau batek halakotzat jotakoak. Udalkide bakoitzak ezin ditu hiru baino gehiago eskatu urtean.

Bilkura berezietan gai-zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko; salbuespena, presakoak izatea, Udalbatzako kide guztiak bertan egotea eta aho batez horixe erabakitzea.

Zinegotziek eskatuta eta aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera deitutako bilkurak nahitaez egin beharko dira eskatu eta hurrengo hamabost egun baliodunen barruan. Ekimena izan dutenek proposatutako gai-zerrenda sartuko da deialdian, eta udalburuak zilegi izanen du beste gai batzuk ere sartzea, bilkurarako deia egin dutenek onartuz gero.

Aipatu zinegotzi kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deia aurretik adierazitako epean egiten ez badu alkateak, epe hori bukatu eta hurrengo bosgarren egun baliodunerako deia eginen da automatikoki, hamabietarako; Udalbatzako idazkariak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Alkatea edo haren legezko ordezkoa ez dagoenean, Osoko Bilkura legez eratutzat joko da erregelamendu honen 20. artikuluan ezarritako quoruma biltzen denean; halakoetan, bertaratu diren udalkideetatik zaharrena izanen da burua.

10. artikulua. Presako osoko bilkura bereziak.

Presako osoko bilkura bereziak dira alkateak deitzen dituenak, gaiaren presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, hala eskatzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 78.1 artikuluak.

Kasu horretan, gai-zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak gehiengo soilez erabakitzen badu bilkura ez dela presakoa, orduantxe emanen zaio amaiera bilkurari.

Presako bilkura bereziak egin ahalko dira, deialdirik gabe, Udalbatzako kide guztiak eta idazkaria bertan direla, eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea.

11. artikulua. Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da; arrazoi horiek idatziz jaso beharko dira deialdian.

12. artikulua. 1. Ohiko osoko bilkuren eta presakoak ez diren berezien deialdia gutxienez ere bi egun baliodun lehenago egin behar da; landuko diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez eta ulertzeko moduan.

2. Legez ezarritako arrazoiengatik, osoko bilkurak lehenbiziko deialdian egiterik ez badago, bilkurak bigarren deialdian egingo dira, lehenengo deialdirako ezarritako egunetik bi egun baliodun igaro ondoren, automatikoki, harendako ezarritako ordu berean.

3. Bigarren deialdian ere legez ezinezkoa bada bilkura egitea, ondoriorik gabe geratuko da, eta bertan jasotako gaiak geroago egingo den lehen bilkurako gai-zerrendan sartuko dira, haren izaera edozein dela ere.

III. KAPITULUA

Ohiko bilkuretako gai-zerrenda

13. artikulua. Bilkuretako gai-zerrenda alkateak zehaztuko du, idazkariak lagunduta. Halaber, Gobernu Batzarreko kideen laguntza ere izan dezake eta, egokia iruditzen bazaio, Udalbatzako taldeen bozeramaileei kontsulta egin.

Zinegotziek osoko bilkura egin baino bost egun baliodun lehenago utzi beharko dituzte Udal Idazkaritzan defendatu nahi dituzten proposamenak eta/edo mozioak, gai-zerrendan sar daitezen.

Alkateak –presakoak izateagatik eta behar bezala arrazoituta– gaiak sartu ahalko ditu gai-zerrendan, kasuan kasuko informazio batzordeak haiei buruzko irizpenik eman gabe.

Kasu horretan, eta gaia eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko, beharrezkoa izango da alkateak proposatu eta Osoko Bilkurak gehiengo soilez onestea gaia sartzea gai-zerrendan.

Edonola ere, aurreko paragrafoan adierazitakoa ez da bete beharko, baldin eta dagokion informazio batzordeak gai horri buruzko irizpena ematen badu gai-zerrenda osatu ondoren eta bilkura egin baino lehen.

14. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentu guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura egongo dira, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izango dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezingo dira atera eskura jarri diren toki horretatik.

Osoko bilkuretako gai-zerrenda herriko komunikabide sozialei helaraziko zaie eta Udalaren iragarki-taulan jarriko da.

Ebazpen-izaera duten erabakiez gain, honako atal hauek ere nahitaez agertu beharko dira ohiko osoko bilkuretako gai-zerrendan:

a) Lehen atala, aurreko akta onesteari buruzkoa.

b) Atal bat, Udaleko gobernu organoen kontrolari buruzkoa, zeinari erantsiko baitzaizkio Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiak eta alkateak eta, hala denean, zinegotzi ordezkariekemandako ebazpenak, aurreko ohiko bilkuratik egun horretara bitartekoak.

c) Ebazpen-izaerarik ez duten mozioei buruzko berariazko atal bat.

d) Azken atala, galdera eta eskaerei buruzkoa, ezinbestean.

Ohiko osoko bilkuretan, Udalbatzako gainerako organoen kontrolari buruzko atalak izaera propioa eta ebazpen ataletik bereizia izan beharko du, eta haren funtzionamenduan eta, hala denean, erregulazioan modu eraginkorrez bermatu beharko da udal talde guztien parte-hartzea, eskaera, galdera eta mozioak egiten direnean.

Oro har, ebazpen-izaerako erabakiak hartzeari buruzko atala –izaera hori duten mozioen eztabaida eta bozketa barne– udalaren gobernu organoen kontrolari buruzko atalaren ondoren jorratuko da.

Erregelamendu honetan araututakoaren ondorioetarako, erabilitako terminoek jarraian ageri diren definizioak dauzkate, bat etorriz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuan xedatutakoarekin:

1.–Irizpena: informazio batzordeak espedientea aztertu ondoren Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena. Azalpen-zati bat du, eta hartu beharreko erabakia.

2.–Proposamena: deialdiarekin batera bidalitako gai-zerrendan sartutako gai bati buruzko proposamena, Osoko Bilkuraren mende jartzen dena, eta dagokion informazio batzordearen irizpenik ez daukana.

Azalpen zati bat edo justifikazioa izango du, eta hartu beharreko erabakia.

Ezingo da proposamen bat eztabaidatu edo bozkatu, aldez aurretik gehiengo soilez berretsi ez bada hura gai-zerrendan sartzea.

3.–Mozioa: Osoko Bilkurari zuzenean ezagutarazten zaion erabaki-proposamena, gai-zerrendan ageri ez dena. Idatziz edo ahoz aurkeztu ahalko da, eta gai-zerrendan sartzeko 8. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Aurrekoa gorabehera, mozio horiek gai-zerrendan sartzen ahalko dira baldin eta 13. artikuluan aipatutako epearen barruan aurkezten badira. Kasu horretan, bada, ez da bozkatuko presakoak ote diren.

Mozio horiek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 81. artikuluan araututa daude. Horietaz gain, badira ebazpen-izaerarik gabeko mozioak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.e ex artikuluan xedatutakoak, eta horiek zuzenean eztabaidatu eta bozkatuko dira; galderen eta eskaeren txandaren aurretik, hain zuzen.

4.–Boto partikularra: irizpen bat aldatzeko proposamena, informazio batzordeko kide batek aurkeztua.

Irizpenarekin batera joan behar du, batzordeak onetsi eta biharamunetik.

5.–Zuzenketa: irizpen edo proposamen bat aldatzeko proposamena, Udalbatzako edozein kidek udalburuari aurkeztutako idazki baten bidez egina, gaiaren eztabaida hasi aurretik.

6.–Eskaera: jarduketa proposamen bat egitea, udaleko gobernu organoetako batzuei zuzendua. Osoko Bilkuraren barnean egiten diren eskaerak eztabaida daitezke, baina ez da inolaz ere horiei buruzko bozketarik egingo.

Eskaerak egin ditzakete Udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez.

Eskaerak ahoz edo idatziz egin daitezke, eta normalean hurrengo bilkuran eztabaidatuko dira, nahiz eta aurkezten diren bilkura berean ere eztabaidatu ahalko diren alkateak egoki ikusten badu.

7.–Galdera: Osoko Bilkuraren barnean gobernu organoei planteatutako edozein gai. Galderak egin ditzakete Udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez.

Bilkura batean ahoz egiten diren galderak oro har hurrengo bilkuran erantzunen ditu hartzaileak, nahiz eta zilegi izango den galdera hartu duenak berehala erantzutea.

Idatziz egiten diren galderak hurrengo bilkuran erantzungo ditu hartzaileak, nahiz eta zilegi izango den galdera hartu duenak berehala erantzutea.

Hogeita lau ordu lehenago egiten diren idatzizko galderei oro har bilkuran emango zaie erantzuna, edo hurrengo bilkuran, berriz, behar bezala frogatutako arrazoiak izaten direnean.

IV. KAPITULUA

Bilkurak egiteko baldintzak

15. artikulua. Udalak udaletxean egingo ditu bilkurak.

Salbuespen gisa, eta Bozeramaileen Batzarrari entzun eta gero, udalburuak erabaki dezake berariaz horretarako gaitutako beste toki edo eraikin batean egitea bilkura. Deialdian, aldaketa horren berri eman beharko da.

16. artikulua. 1. Bilkuretan esaten dena behar bezala zabaltzeko, megafonia sistemak jar daitezke, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabaketa magnetofonikoak egiteko baimena emanen da.

2. Tokiko udalbatzetako kideek bilkura publikoen soinu grabaketak egiten ahalko dituzte, Udalbatzako buruari horren berri aldez aurretik emanda.

3. Bilkuretako irudiak grabatzeko, ondoren zabaltzeko, are zuzeneko emanaldietan ere, horretarako baliabide teknikoak egotea izango da baldintza.

17. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

Halaber, salbuespen gisa, eta segurtasun publikoko arrazoiak egonez gero, alkateak erabaki dezake bozketa egitea osoko bilkura ateak itxita egitearen egokitasunari buruz. Bozketaren emaitza ikusita, bada, dagokion ebazpena emango du eta gerta liteke osoko bilkura bertan behera utzi behar dela erabakitzea, baldin eta haren proposamenaren aurka bozkatzen bada.

18. artikulua. 1. Bilkurak ikustera joaten direnak horretarako ezarri den tokian egonen dira osoko bilkuren aretoan, eta ez dute bilkuretan parte hartzerik izanen ez eta adostasunik edo desadostasunik adierazterik izanen; udalburuak, aparteko kasuetan, edozein arrazoi dela-eta bilkura normal egitea eragozten duen herritar oro aretotik kanporatzen ahalko du.

2. Hala ere, ohiko osoko bilkura bukatuta, kontsulta txanda irekiko da bertan dagoen jendearendako, udal intereseko gai zehatzei buruz. Txanda horretatik kanpo, eta bilkura bukatu bitarte, ikusleak isilik egonen dira, osoko bilkura eteten denean eta udalburuak berariaz baimentzen duenean izan ezik.

19. artikulua. Bilkura oro, ohikoa nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

20. artikulua. Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren herena bertaratu beharko da (gutxienez 3 kide izanen dira beti).

Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

21. artikulua. 1. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

2. Isunaren zenbatekoa 120 eurokoa izanen da, dedikazio esklusiboko edo partzialeko udalkideak izan edo bertaratzeagatik ordaintzeko sistemari atxikiak izan.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

22. artikulua. Deialdiko zerrendan sartu gabeko gaiak erregelamendu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera eztabaidatu eta bozkatu behar direnean eta horiek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren aginduzko txostena behar dutenean, baina txostena berehala ematerik ez dagoenean, aipatu arloetako arduradunek udalburuari eskatu beharko diote azterketa geroratu eta mahai gainean utz dezala hurrengo bilkurara arte.

Eskaera hori onartzen ez denean, idazkariak espresuki agerraraziko du aktan.

23. artikulua. Ohiko bilkurei hasiera emateko, udalburuak galdetuko du ea Udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar dion aurreko bilkurako aktari, hots, deialdiarekin batera banatuari. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.

Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz.

Horixe bera eginen da Gobernu Batzarrarekin eta informazio batzordeekin.

Bilkura horiek Udalbatza berria eratu baino hiru egun lehenago eginen dira, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

24. artikulua. Gai-zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik kasuan kasuko informazio batzordeak emandako irizpena irakurriko du idazkariak, osorik edo zati bat, edo, batzorde horren irizpena ez duen presako gai bat bada, Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du. Edozein talderen eskariz, batzordearen txosten edo irizpeneko edo espedienteko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.

Irizpena edo proposamena irakurri ondoren, Udalbatzako kideek hitz egiteko txanda irekiko da, eta, hitza ez badu inork eskatzen, gaiari buruzko bozketa eginen da.

Baiespenez onetsitzat joko dira eragozpenik edo kontrakorik sortzen ez duten proposamenak. Bestelakoetan, bozketa eginen da, hurrengo bi artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

25. artikulua. Zinegotziek irizpenetan, ebazpenetan edo mozioetan dauden proposamenei buruzko zuzenketak aurkez ditzakete, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin, bai proposamenak eztabaidatu bitartean. Zuzenketa horiek gehitzekoak edo ordeztekoak izan daitezke.

Gehitzeko zuzenketen bidez puntu berriak eransten zaizkio erabakirako proposamenari.

Horregatik, eta bozketa bateratua aho batez onartzen ez bada behintzat, puntuz puntukoa izanen da bozketa.

Ordezteko zuzenketek erabakirako proposamena osorik aldatzea edo puntuetako batzuk aldatzea dakar, eta osoko bilkuran aztertu beharreko irizpen edo mozioaren aurretik eztabaidatuko dira eta horien gaineko bozketa eginen.

Hasierako proposamenaren edukia indargabetu dezaketenez, aurkezleari aukera emanen zaio gaia eztabaidatu eta bozketa egin aurretik kentzeko, bai hasierakoari bai zuzenketari berari dagokionez.

26. artikulua. Gai-zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak.

Hori hala izanik ere, alkateak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.

Udalbatzako edozein kidek eztabaida aldian eska dezake gai-zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.

Eztabaida sorrarazten duten gai-zerrendako puntuetan, gaiak lehenbizi eztabaidatu eginen dira eta gero bozkatu.

Eztabaidan, Udalbatzako talde politikoetako zinegotziek edo bozeramaileek udalburuaren baimena beharko dute hitza hartzeko, eta txandaka hitz eginen dute alde eta kontra, eskatu duten hurrenkeran. Elkarri uzten ahalko diote dagokien txanda, eta Udalbatzari hitz eginen diote beti, eta ez pertsona bati edo Udalbatzako zati bati.

Eztabaida bultzatzen bada, udalburuak antolatuko ditu parte-hartzeak, arau hauei jarraikiz:

a) Proposamena azalduz eta justifikatuz hasiko da eztabaida, horren ardura izanik udal gobernuko taldea osatzen duten zinegotzietakoren batek, proposamena edo mozioa sinatzen duten zinegotzietakoren batek, bere izenean edo taldearenean edo udal organo proposatzailearenean.

b) Gehienez ere hamar minutu izanen dira azalpen hori egiteko.

c) Horren ondoren, talde guztiek, izendatzen duten zinegotziaren bitartez, lehen txanda izanen dute, gehienez ere bost minutukoa.

d) Osoko Bilkuran ordezkaritza txikiena dutenak hasiko dira eta ordezkaritza handiagoa dutenek jarraituko dute, talderen batek espresuki uko egin ezean. Dena den, horrek ez du esan nahi geroago parte hartzeari uko egiten diotenik.

e) Parte-hartzeren batean bera aipatzen dutela uste duenak aipamenen txanda eska diezaioke udalburuari; txanda hori laburra eta zehatza izanen da, gehienez ere minutu batekoa.

f) Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda izanen da, 2 minutukoa. Parte-hartze horren hurrenkera lehen txandarako ezarritako bera izanen da. Txanda hori agortutakoan amaitutzat jotzen ahal du eztabaida udalburuak, eta zinegotzi txostengilearen parte-hartzearekin itxiko da, non bere proposamena berretsi edo aldatuko duen, laburki.

Munta bereziko gaien kasuan, eta edozein udal taldetako bozeramaileak edo atxiki gabeko Udalbatzako kideek proposatuta, udalburuak parte-hartzeen araubide orokorra aldatzen ahalko du, parte-hartzeen denbora areagotuz edo egokien irizten diona aplikatuz, baina, betiere, horretarako arrazoiak azalduta.

27. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat jo dezake Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

28. artikulua. Alkateak idazkariaren parte-hartzea eska dezake, edo beste funtzionario batzuk bilkurara joan daitezela eta bertan parte har dezatela, aholku teknikoak behar direnean edo zenbait kontzeptu argitu behar izanez gero.

29. artikulua. Ohiko osoko bilkuran Udaleko gobernu organoen kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atala ongi gara dadin, zinegotzi guztiek beren esku izanen dute Alkatetzak azken ohiko bilkuraz gero emandako ebazpenen zerrenda, bai eta hark edo Osoko Bilkurak eskuordeturik kide bakarreko organoek edo kide anitzekoek emandakoena ere.

Udalbatzako kide guztiek ebazpen zehatz bati buruzko argibideak eskatu ahalko dizkiote gobernu organo eskudunari; horiek bilkuran berean eman daitezke edo erantzuna geroratu, ahoz edo idatziz emateko hurrengo ohiko bilkuran.

30. artikulua. Galderak eta eskaerak alkateari edo edozein zinegotzi ordezkariri eginen zaizkio, eta udal jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Galdera hartzen duenak segidan erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan.

31. artikulua. Zuzenean jakinarazi nahi bazaio Udalbatzari gai-zerrendan agertzen ez den mozio bat, proposatzen duenak edo proposatzen duen taldeko bozeramaileak arrazoitu egin beharko du zergatik den presakoa, eta Udalbatzak gehiengo soilez erabakiko du presakoa den ala ez.

Bilkura berezietan ezin izango da presako moziorik aurkeztu, salbu eta erregelamendu honen 8. artikuluko azken paragrafoan adierazitako kasuan.

Presakoa dela onartuz gero, auziaren funtsa ebatziko da, eta alderantziz bada, Udalbatzak beste bilkura baterako atzeratzea erabakiko du.

Mozioak direnean eta haien gaineko testu alternatiboak aurkezten direnean, Osoko Bilkurak izanen du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatuko behar den eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz, edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den eta, beraz, 25. artikuluan adierazten denari jarraikiz. Aurkezleak etenaldia eskatzeko eskubidea izanen du.

Artikulu honetan araututako mozioak dira, hain zuzen, ebazpen-izaera dutenak, eta jasota daudenak Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 97.3 artikuluan. Ebazpen-izaera dutenez, bada, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 81. artikuluan eta erregelamendu honen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera arautzen dira.

32. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legediaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta tartean badira administrazio prozedurari buruzko legedian eta Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legean ezarritako arrazoiak.

Halakoetan, interesduna osoko bilkuren aretotik aterako da gai hori eztabaidatzen eta bozkatzen den bitartean, Udalbatzako kide gisa izan duen jarduna eztabaidatzen denean izan ezik, orduan bertan egon eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.

33. artikulua. Udalbatzako buruari dagokio bilkuretan ordena zaintzea, eta zilegi izanen du Udalbatzako kideei ohartaraztea kasu hauetan:

a) Udalbatzari edo bertako kideei, erakunde publikoei edo beste edozein pertsona edo entitateri buruzko begirunerik gabeko hitzak esan edo kontzeptuak adierazten dituztenean.

b) Etenak eragiten dituztenean edo bilkuretako ordena beste edozein modutan nahasten dutenean.

c) Hitza erabili nahi dutenean eman ez zaienean edo kendu ondoren.

Bilkura berean hiru ohartarazpen egin ondoren, bigarrenean adieraziz hirugarren deiak ondorioak izanen dituela, Udalbatzako buruak zinegotziari agintzen ahalko dio bilkura aretoa utz dezala.

Bertaratu diren ikusleen jarrerak ordena urratzen badu edo ikusle horiek behar den jendetasunik erakusten ez badute, alkateak aretoa erabat edo hein batean husteko agindua eman ahalko du, eta bilkura egiten jarraitu ala ez erabakiko du. Arrazoi horrengatik edo beste edozeinengatik bilkura ezohiko moduan eteteak hura amaitutzat jotzea ekar dezake; halakoetan, beste bilkura baterako dei eginen da erabakitzeke utzitako gaia lantzeko, atea itxita, beharrezkoa bada.

34. artikulua. Ikusleek eta Udalbatzako kideek, bilkuran zehar, ezin izanen dute pankartarik, ikurrik edo bestelako adierazpiderik erakutsi iraingarriak badira, ez Udalbatzako kideek esaten dutena atseginez edo arbuioz hartzekoak, ez beste edozein edukiri buruzkoak. Halakoak agertzen badira, udalburuak kentzeko aginduko du.

Alde horretatik, arbuioa erakusten duten adierazpideak izanen dira talde politikoak, udal taldeak, pertsonak edo kargu publikoak zuzenean eta pertsonalki irainez aipatzen dituztenak; muturreko egoeretan, alkateak agintzen ahalko du osoko bilkura atea itxita egin dadila, erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

35. artikulua. Bozketetan erabakiak gehiengoz hartuko dituzte bilkurara joandako Udalbatzako kideek, bilkura lehen edo bigarren deialdian eginik ere, legeak boto gehiago eskatzen duenean izan ezik. Bozketa hasitakoan, ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere.

Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila. Gehiengo osoa, berriz, baiezko botoak Udalbatzako zinegotzien legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean.

36. artikulua. Behin bozketa hasita, Udalbatzako kideak ezingo dira bilkura aretora sartu edo handik irten. Zinegotzi batek une batez alde egiten badu bilkura aretotik behin gai bat eztabaidatzen hasi denean, horrek abstentzioaren balio bera izango du, salbu eta gaia bozkatzen hasi aurretik sartzen bada berriro aretora. Izan ere, kasu horretan, botoa emateko eskubidea izango du.

Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da.

Bozketan berdinketa gertatuz gero, bigarren bozketa bat egingo da. Horretan ere berdinketak badirau, udalburuak erabakiko du, kalitateko botoa baliatuta, salbu eta gehiengo kalifikatua behar den kasuetan.

37. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Arruntak: baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak.

b) Izendunak: deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira edo osoko bilkuren aretoan duten kokalekuaren arabera deituta, eta azkena udalburua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du “bai”, “ez” edo “abstenitu egiten naiz”.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean.

38. artikulua. Erabakiak hartzeko, oro har, bozketa arrunta erabiliko da, salbu eta Osoko Bilkurak bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean kasu jakin baterako.

Bozketa izenduna Udalbatzako edozein kidek eska dezake, puntu zehatzaren gaineko eztabaida hasi baino lehen beti.

Bozketan parte hartzen duten Udalbatzako kideek beren botoa berariaz aktan jasotzeko eskatzen ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki hori aurkaratzeko legitimazioa izateko.

Nolanahi ere den, zinegotzi guztiek bermaturik dute zer boto eman duten aktan azaltzeko eskubidea.

39. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 86.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, zinegotziek beren botoa beste zinegotzi baten esku utz dezakete Lizarrako Udalaren Osoko Bilkuran, honako kasu hauetan:

a) Amatasunaren kariaz, erditu ondoko sei astean bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia.

Amatasuneko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto-eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia.

Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

Osoko bilkuretan soilik eskuordetzen ahalko da botoa, eta zinegotzi bakoitzak gehienez ere boto bat har dezake.

Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatzako kideen erdia baino gehiago.

Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

Artikulu honetan araututako boto eskuordetua balia dezaketen Udalbatzako kideek erregelamendu honetako IX. tituluan araututako parte-hartze sistema erabiltzen ahalko dute, baldin eta inguruabarrek horretarako bide ematen badute eta idatziz eskatzen badiote udalburuari edo idazkariari.

40. artikulua. Osoko Bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere. Izan ere, horiek argitaratzea ezinbestekoa izango da indarra har dezaten.

41. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabakien eta horien aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

Halaber, badituzte informazioa eskuratzeko eskubideak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

42. artikulua. Udalbatzaren erabakiei buruzko akta onetsi aurretik luzatzen ahalko dira haien gaineko ziurtagiriak, inguruabar edo salbuespen horretaz ohartaraziz eta akta horretan onetsiko dena ukatu gabe.

II. TITULUA

Tokiko Gobernu Batzarra

43. artikulua. Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek eta horren berri emanen Osoko Bilkurari.

Batzarrean ordezkaritzarik ez duten udal taldeetako ordezkariak gonbidatu gisa ager daitezke, hitza izanik baina botorik ez.

44. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hamabostean behin eginen dira gutxienez.

45. artikulua. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutxienez 24 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtzen ahalko da.

Alkateak bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu deialdian, baita gai-zerrenda ere.

46. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko jatorrizko espedienteak Udalbatzako Idazkaritzan utzi beharko dira deia egiten den unetik beretik, Batzordeko kideen eskura egon daitezen.

47. artikulua. Gai-zerrendako puntuak beste hurrenkera batean aztertu ahalko ditu Alkatetzak edozein unetan, aldez aurretik justifikatuta.

48. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, Udalbatzaren iragarki-taulan ikusgai jarriko dira gai-zerrenda eta hartzen diren erabakien laburpena, eta bilkuraren ondoko hamar eguneko epean akta onetsiaren kopia igorriko zaie zinegotzi guztiei. Edonola ere, ohiko bilkura egin aurretik bidali beharko da.

49. artikulua. Bilkurak legez egiteko ezinbestekoa izanen da gehiengo osoa izatea bertan, eta quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdia eginen da, ordubete geroago; orduan nahikoa izanen da kideen herena bertaratzea eta, edonola ere, hiru kide gutxienez.

Nahitaezkoa da Udalbatzako alkatea eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan egotea.

50. artikulua. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aitzinetik deirik egin gabe biltzen ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, betiere berandu gabe ebatzi beharreko gaiak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, presako bilkura bereziak egiten ahalko dira, deialdirik gabe, Udalbatzako kide guztiak eta idazkaria bertan direla, eta kideek aho batez erabakitzen badute bilkura egitea.

51. artikulua. Gai-zerrendako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak udal teknikariak edo arlo horietako adituak agertzeko baimena eman dezake.

Era berean, alkateak Batzarraren bilkuretara gonbida ditzake Udalbatzako kideak, Batzarreko kideak ez izan arren erantzukizunak badituzte aztertuko diren gaiei dagozkien arloetan.

52. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uzten dituen eskumenak ezin izanen dira ez alkateordeen ez bestelako administrazio organoen esku utzi.

53. artikulua. Alkateak edo Osoko Bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena berriz beren gain hartzen ahalko dute noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalaren Osoko Bilkurari jakinarazi.

Era berean, Tokiko Gobernu Batzarraren bilkura bat egin beharko da eskumena berreskuratzeko ebazpena ematen denetik benetan eskumena hartu arteko denbora-tartean, eskumenak berreskuratzearen xede bakarra izan ez dadin ebazpen zehatz bat galaraztea, eskumena jatorriz aitortua duen organoarendako komenigarria ez delako.

54. artikulua. Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak organo eskuordeak emandako ebazpenak berraztertu ditzake, erabaki edo egintza administratiboak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.

55. artikulua. Eskuordetutako eskumenak berreskuratzeari buruz adierazitakoa gorabehera, organo eskuordetzaileak ebazpen arrazoitu bidez erabaki dezake espediente zehatz batzuen gaineko eskumena bere gain hartzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

56. artikulua. Jatorriz eskumena berea duen organo titularrak hura eskuordetzan ematen duenean, badu aukera zehazteko eskuordetze hori erabiliz ematen diren ebazpen guztiak hari jakinarazi behar zaizkiola. Eta zehaztu ahalko du, orobat, garrantzia duten erabaki batzuk aitzinetik jakinarazi behar zaizkiola.

57. artikulua. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, salbu eta organo eskuordetzaileak espresuki besterik esaten badu edo salbu eta denbora muga eskumenaren nolakotasunetik beretik badator.

58. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusi ez den orotan, aurreko kapituluan osoko bilkuretarako ezarritako arau orokorrak aplikatzen ahalko dira.

59. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak Osoko Bilkurak hartutakoak bezain eragingarriak izanen dira.

Osoko Bilkurak ez du zertan erabaki horiek berretsi, Batzar horrek, Osoko Bilkuraren eskuordetzeari jarraikiz eta presako arrazoiak direla bide, Udalbatza osoaren eskudantziak hartzen dituenean izan ezik.

III. TITULUA

Batzordeak

I. KAPITULUA

Informazio batzordeak

60. artikulua. Informazio batzordeen eginkizunak dira Osoko Bilkurak erabaki beharreko gaiak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea. Haiei buruz nahitaez egin beharko zaie kontsulta; Osoko Bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak beste salbuespenik ez dago horretarako.

Alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta eskuordetzeak dituzten zinegotzien kudeaketaren jarraipena ere egin behar dute, eta udal arlo bakoitzean garrantzitsuak diren gaien berri izan eta horiek idatziz jaso. Halaber, gai horiei buruzko ebazpenak emateko eskumena ere izango dute.

Izaera iraunkorreko informazio batzordeen eginkizunak dira Osoko Bilkurak edo Tokiko Gobernu Batzarrak eta Alkatetzak erabaki beharreko gaiak aztertu eta haien gaineko irizpena ematea aurretiaz, lehendabiziko bi horiek alkateak eskuordetuta aritzen direnean. Udalaren Osoko Bilkuraren esku ez dauden beste gaiei dagokienez ere jardun dezakete informazio batzordeek; organo eskudunak irizpena eskatzen dienean, hain zuzen.

61. artikulua. Osoko Bilkurak, Udalbatza eratzeko bilkuraren ondoko hogeita hamar eguneko epean, eta alkatearen proposamenari jarraikiz, informazio batzorde iraunkorren sorrerari eta osaerari buruzko ebazpena emanen du.

Udalbatzaren agintaldiaren barruan, Osoko Bilkurak, gehiengo soilez, batzorde iraunkor eta orokor horiek sortzen eta aldatzen ahalko ditu, bai eta gai zehatz batzuei buruzko batzorde berezi batzuk sortzea erabaki ere.

62. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi ager daiteke edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baina boto eskubiderik gabe.

Batzordeburuak herritar edo interesdunen bat gonbida dezake batzordeetara agertzeko eta dagokion afera gehienez ere 15 minutuz azaltzeko. Azalpena amaitu eta gero alde egin beharko du, eta batzordeak bilkurarekin jarraituko du.

Lizarrako herritarrentzat interes orokorrekoak diren helburuak dauzkaten elkarte edo taldeak, batzordeen erantzukizun arloak zein diren, eta aurretiaz idatziz eskaera eginda, dagokion batzordearen bilkuretara joaten ahalko dira era arruntean, hizpidea izanik baina boto eskubiderik gabe. Oro har, elkartearen ordezkari bakarrak parte hartuko du.

Kasu horietan, eta batzordean ager daitezkeen datuen osotasuna zaintzea helburu, edozein arrazoi dela-eta bilkura batera joaten diren herritarrek konfidentzialtasun konpromiso bat sinatu beharko dute. Agiri hori idazkariaren esku geratuko da.

63. artikulua. Informazio batzorde iraunkorrek ohiko bilkurak eginen dituzte hilean behin (baldin eta bilkuretan jorratzeko gairik bada). Dena den, batzordea eratzeko bilkuran maiztasun zehatza eta horiek zer egunetan eta ordutan egingo diren erabakitzen ahalko da.

Bilkuren egutegirik onesten ez bada, batzordekideek erabaki dezakete haiei hobekien datorkien egun eta orduetan egitea bilkurak, ahalik eta kide gehien joatea baita helburua. Edonola ere, kontuan hartu behar dute bilkurak nahikoa aurrerapenarekin egin behar direla, irizpena jaso behar duten gaiak dagokion osoko bilkuraren gai-zerrendan sartu ahal izateko.

64. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu beste baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.

65. artikulua. Informazio batzordeetarako deia alkateak edo burutza eskuordetzaz jasoa duen zinegotziak eginen du; horiek, halaber, bilkura berezi edo presakoetarako deia egiten ahalko dute. Batzordekideen laurdenak eskatzen duenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz gero.

Deialdia eta horri erantsitako agiriak gutxienez ere bi egun baliodun lehenago bidaliko zaizkie, presako arrazoiak izan ezik, aztertu beharreko gaiak jasoko dituen idazki baten bidez, Udalbatzako kide guztiei.

Deialdi arruntetan eta presakoetan komunikazio bide arruntak ez ezik telematikoak ere erabiliko dira. Horretaz gainera, baita telefonoa, SMSak, faxa edo antzekoak ere.

66. artikulua. Bilkura bakoitzeko, akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.

67. artikulua. Alkateak jardungo du batzorde guztien buru gisa.

Hortaz, hari dagokio, berez, batzorde guztien burutza. Dena den, batzordekide baten esku uzten ahalko du, batzordeak proposatuta eta aldez aurretik horren gaineko bozketa eginda.

68. artikulua. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan, baita teknikariak, aholkulariak edo adituak agertzeko ere.

69. artikulua. Udalbatzako idazkaria batzordeetakoa ere izanen da, eta alkateak zilegi izanen du, idazkariak dioena entzun ondoren, benetako idazkari izendatzeko Toki Administrazioaren zerbitzuko funtzionario edo langile bat.

II. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

70. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia informazio batzorde iraunkor gisa arituko da ogasunaren arloan.

71. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia ogasun arloko informazio batzorde iraunkorreko kideek osatuko dute.

72. artikulua. Batzorde honen eginkizunak dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legetik eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legetik aplikatzekoak diren xedapenetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoak.

Batzordeak eska dezake alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak bilkuretan agertzea, esku artean daukan informazioa osatzeko.

73. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia, udal aurrekontuaren eta ondarearen kudeaketa kontrolatu eta fiskalizatzeko xedea baitu, gutxienez ere urtean behin bilduko da Udalaren kontu orokorraren berri emateko, nahiz eta batzorde horren eraketa-bilkuran gehiagotan bilduko dela ezartzen ahal den.

Haren funtzionamendua gainerako informazio batzordeenaren antzekoa izanen da.

Nolanahi dela, Osoko Bilkurak urteko kontuak onetsitakoan, Kontuen Batzorde Bereziak horren gaineko nahitaezko irizpena emanen du, eta horrekin batera, bukatutzat emanen du urte horretako bilkuren aldia.

IV. TITULUA

Alkatetza

I. KAPITULUA

Alkatea

74. artikulua. Alkatea udalburua da. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen babespean aitortuta dauzkan eskudantziak dagozkio, aplikatzekoa den foru legeriatik datozen berezitasunekin bat.

75. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean. Organo horretako kideak izendatzea eta kentzea ere hari dagokio.

76. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen edo alkateordeen esku utz ditzake beste inoren esku uzten ahal diren eskudantziak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk Udalbatzako edozein kideren esku uzten ahal ditu, organo horretakoa izan ala ez.

77. artikulua. Alkateak, Osoko Bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Espainiako Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egin ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, interes berezikoak direnean herritarrentzat, betiere toki ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legedian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

78. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.

Alkateak nahi eran ezarriko du alkateordeen kopurua, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen legezko kopurua aintzat hartuta.

79. artikulua. Alkateordeek alkatea ordezkatu dute, izendapen hurrenkerari jarraituz, kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo gaixorik dagoenean.

80. artikulua. Alkateordeak izendatzeko ekitaldian zehaztuko da zer eskumenetarako eskuordetzen dituen.

Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kendu ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.

81. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, hurrenkeraren arabera dagokion alkateordeak ordeztuko du, bertan bada.

82. artikulua. Nolanahi den ere, alkateordeek beren kudeaketaren azalpenak eman beharko dizkiote Tokiko Gobernu Batzarrari edo eskumenak beren gain utzi dituen organoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen aurkako zentsura mozioa

83. artikulua. Alkatearen aurkako zentsura mozioa hauteskundeen araubide orokorraren legedian ezarritako moduan aurkeztu, tramitatu eta bozkatuko da.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-arazoa

84. artikulua. Alkateak konfiantza-arazoa aurkezten ahal dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:

a) Urteko aurrekontuak.

b) Erregelamendu organikoa.

c) Ordenantza fiskalak.

d) Udal esparruko planeamendu orokorrerako tresnen tramitazioa bukatzeko onespena.

Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-arazoa aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai-zerrendan dagokion puntuan berariaz agertuko da inguruabar hori. Erabaki mota horiek hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketarako deia jendaurrean eginen da, izenaren arabera deituta.

85. artikulua. Konfiantza-arazoaren funtzionamenduak arau hauei jarraituko die:

a) Konfiantza-arazoa aurkezteko, ezinbestekoa izanen da erabaki aurretik Osoko Bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.

b) Konfiantza-arazoak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, bertzerik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Konfiantza-arazoarekin lotutako erabakiaren inguruko bozketa egin ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako berariazko deirik egin gabe, eta bertan hautatuko da alkate berria, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 196. artikuluko arauekin bat eta lege beraren 197 bis artikuluaren 4. apartatuan adierazitako berezitasuna kontuan hartuta.

c) Aurreko letran adierazitako hori ez da aplikatuko konfiantza-arazoa urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-arazoaren kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini dela eta proiektua onetsi.

d) Alkateak konfiantza-arazo bakarra aurkez dezake urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ez da konfiantza-arazorik aurkezten ahal.

e) Konfiantza-galde bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutxienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.

f) Era berean, aurreko letran aipatutako epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-galde horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, bozketa baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.

V. TITULUA

Zinegotzi ordezkariak

86. artikulua. Alkateak bere eskumenen zati bat uzten ahalko du batzordeetako burutza daukaten zinegotzien esku, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 120. artikuluan eta harekin bat datozenetan xedatuakoari jarraikiz.

VI. TITULUA

Bozeramaileen Batzarra

87. artikulua. Bozeramaileen Batzarra izaera osgarria duen organoa da, eta ezaugarri hauek dauzka:

a) Alkateak, batzarburu gisa, eta Udaleko talde politikoen bozeramaileek osatzen dute.

b) Kontsulta edo adierazpen eginkizunak dauzka; zehazki, honako hauek:

1.–Alor, informazio batzorde edo kontseilu sektorialek helarazitako gaien artean hautatu eta txostena egitea, gero osoko bilkurako gai-zerrendan sartzeko.

2.–Udal taldeen ordezkariek osoko bilkuran planteatu behar dituzten mozioak eta proposamenak jaso eta aztertzea.

3.–Haren iritzia entzutea osoko bilkuretako gai-zerrendaren eta bilkura bereziak egiteko daten gainean.

4.–Haren iritzia nahitaez entzutea ohiko bilkurak egiteko egun edo orduetan aldaketak egiten direnean edo kide anitzeko udal organoek saio ez presentzialak egin nahi dituztenean.

5.–Iritzi eta adierazpen politikoak adostea udal taldeen iritziz presako erantzuna eskatzen duten gertaera garrantzitsuen aurrean.

6.–Alkatetzak edo Tokiko Gobernu Batzarrak bere eskumeneko gaietan iritzia eskatzen diotenean, gai horiei buruz eztabaidatzea.

7.–Udalaren intereseko gaietan gobernu organoen jarduteko moduari buruzko informazioa biltzea.

8.–Legeek esleitzen dioten beste edozein.

Bozeramaile titularrak ez daudenean ordezkoak aritu daitezke.

88. artikulua. Batzarburuak deialdia egin eta gero bilduko da, buruak berak deituta, edo gutxienez bi bozeramailek eskatuta edo Udalbatzako kideen laurdena gutxienez ordezkatzen duen talde bateko bozeramaile batek.

89. artikulua. Udalburuak Bozeramaileen Batzarrari kontsulta diezaioke Udalbatzarentzat garrantzizkoa eta/edo presakoa den beste edozein gai.

Bozeramaileen Batzarrerako deia bozeramaileek eskaturik egiten denean, aztertu beharreko gaia edo gaiak zehaztu beharko dituzte proposatzaileek.

Organo honen funtzionamendua lotuko zaio Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak organo osagarrietarako eta, subsidiarioki, beharrezkoetarako ezartzen duenari.

90. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren bilkuretara Udalbatzako idazkaria ere deitu ahalko da.

Idazkariak, fede-emaile publikoa baita, Bozeramaileen Batzarrean eztabaidatutako gaiei buruzko akta egingo du.

Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute, eta Udal Idazkaritzak eginen dituen aktetan zehaztutako udal organo betearazleei igorriko zaizkie.

Oro har, Bozeramaileen Batzarrak, erregelamendu honetan jasotako eskumenei dagokienez, kontsentsuz hartuko ditu erabakiak. Dena den, kasu puntualetan, erabakia edo adierazpena proposatu duenak zera eska dezake: bilkuran dauden botoen gehiengoz onestea. Horrelakoetan, bada, batzarburuak ez du bozkatuko, ezpada bere taldeko bozeramailea ez dagoela bilkuran.

VII. TITULUA

Kontseilu sektorialak

91. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak kontseilu sektorialak sortzen ahalko ditu, parte-hartzea, informazioa, kontrola eta proposamenak errazteko udal kudeaketaren inguruan, Udalaren eskumenekoak diren jarduketa sektore ezberdinei dagokienez.

92. artikulua. Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea Osoko Bilkurak arautuko ditu, hala behar denean, dagokien erregelamenduzko araudiaren bitartez.

VIII. TITULUA

Udal taldeak

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

93. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, udal talde politikoak osatuko dituzte, salbu eta atxiki gabeko zinegotziek. Udal hauteskundeen ondoren Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko dira udal talde horiek.

94. artikulua. Zinegotziak udal talde politikoei atxikitzeko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Udal talde politiko bat eratuko da Udalean ordezkaritza izan duen hauteskunde zerrenda bakoitzeko. Udalkidea zein hauteskunde zerrendatan zegoen, hari dagokion talde politikoan egon beharko du.

b) Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, udal talde politikotzat hartua izateko.

c) Zinegotziak ez dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egoten ahal.

95. artikulua. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, eta Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritzan aurkeztuko da.

Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.

Aipatu diren epeak bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkura egin ondoan zinegotzi bilakatzen direnak, zer zerrendatan hautatu ziren, hari dagokion taldean sartuko dira. Hala, bada, 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaz jabetzen direnetik, dagokien taldean sartu direla egiaztatzeko, alkateari zuzendu eta dagokion bozeramaileak sinatuko duen idazkiaren bidez.

Ez badira sartzen talderen batean aurreko paragrafoan aurreikusten den moduan, besterik gabe atxiki gabeko zinegotzi izanen dira.

96. artikulua. Taldeetako zinegotziek osatutako kide anitzeko organo guztietan ordezkatuko dituzten kideak izendatu behar dituzte udal taldeek, bozeramaileak Alkatetzari igorritako idazki baten bidez; ordezkoak ere izendatuko dituzte, hala behar denean.

97. artikulua. Udal taldeek langela edo lokal bat izanen dute udaletxean beren bilerak egiteko eta herritarrak hartzeko, eta komunikazioak jasotzeko postontzia ere izanen dute; hori guztia, udaletxearen beraren banaketak eskaintzen dituen aukeren arabera.

Halaber, udalaren lokalak erabiltzen ahalko dituzte bilerak edo lan saioak egiteko herritarren interes kolektibo, orokor edo sektorialen alde jarduten duten elkarteekin. Udalburuak, Bozeramaileen Batzarrari entzun eta gero, agintaldi bakoitzaren hasieran onetsiko du lokal horien erabilerarako araubidea, kontuan hartuta udal antolamendua eta udalean ordezkaritza duten taldeen ordezkari kopurua.

Udal talde bakoitzak laguntzaile bat izendatzen ahalko du. Izendapena edozein unetan uzten ahalko du bertan behera, udal erregistroan udal taldearen bozeramaileak sinatutako idazkia aurkeztuta. Laguntzaileak, bada, eskubidea izango du bere taldearen bulegoan sartzeko eta taldeko kideek aldez aurretik eskatutako dokumentazioa jasotzeko.

II. KAPITULUA

Atxiki gabeko zinegotziak

98. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 73. artikuluan xedatutakoarekin arabera, atxiki gabeko zinegotziak dira hautatu zituzteneko hauteskunde formazioak eratzen duen talde politikoan sartzen ez diren Udalbatzako kideak edo jatorrizko taldea uzten dutenak hartan sartu eta gero. Uzteko erabakia zinegotziak berak har dezake edo jatorrizko taldeak.

Jatorrizko taldea utzi duela ziurtatzeko, horri buruzko idazki bat aurkeztu beharko da Udalaren erregistro orokorrean. Haren borondatez utzi badu, udalkideak berak aurkeztuko du idazkia eta bota badute, aldiz, dagokion taldeko bozeramaileak.

Xedapen hori ez da aplikatuko hauteskundeetara koalizio gisa aurkezten diren hautagaitza osatzen duen alderdi politikorik batek hura uztea erabakitzen duenean.

Kasu horretan, Udalbatzako idazkariak, egoki irizten badio, hautagaitza aurkeztu zuen formazio politikoaren legezko ordezkariari eskatzen ahalko dio jakinaraz ditzala aurreko paragrafoetan adierazitako inguruabarren frogak.

99. artikulua. Atxiki gabeko zinegotziak ezingo dira sartu ezein talde politikotan eta legegintzaldi osoan eutsiko diote izaera horri, salbu eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai-zerrendako alderdi politikoari dagokion taldera berriz sartzen badira, betiere haren bozeramaileak berariaz horretarako baimena eman ondoren.

100. artikulua. Atxiki gabeko udalkideen eskubide ekonomiko eta politikoak ezin dira izan jatorrizko taldean segitu izan balute izanen zituzketenak baino handiagoak. Edonola ere, jatorrizko taldeak proposatuta hartutako karguak eta postuak galduko dituzte; eta zehazki, ez dute eskubiderik izango aurrekontuan taldeen funtzionamendurako bideratutako zenbatekoak jasotzeko eta ez zaie bulegorik emango udal eraikinetan.

Dena den, udalkide bakoitzari norbanako gisa dagozkion eskubideei eutsiko diete, eta bereziki udalaren gobernu organoak kontrolatzeko eginkizunei lotutakoak, erregelamendu honetan arautzen baitira.

Atxiki gabeko zinegotzi izendatu eta gero, udalburuari eskatzen ahalko dio Osoko Bilkurari igor diezaion parte hartu nahi duen informazio batzordeetako kide gisa aritzeko izendapena.

VII. TITULUA

Udalbatzetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

101. artikulua. Zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, erregelamendu honetan zehazten diren modalitateetan, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza organo batzuetan.

b) Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzea dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta sari ekonomikoak.

c) Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, Udalaren gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

d) Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

e) Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

f) Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

102. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

b) Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

c) Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek ezartzen duen gisara.

d) Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.

e) Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik gorakoak, Alkatetzari jakinaraztea.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legediak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

103. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75 ter artikuluan jasotako mugak gainditu gabe zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izango duten dedikazio esklusiboa edo partziala, zehaztuko ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta bakoitzari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

104. artikulua. Udalbatzako edozein kideri dedikazio esklusiboa nahiz partziala aitortzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio, onets dezan.

Dedikazio esklusiboaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio esklusiboak esan nahi du bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Salbuespen gisa, onartuko da diruz ordaindutako bazterreko jardueretan edo norberaren edo familiaren ondarearekin zerikusia dutenetan aritzea, baina horretarako Osoko Bilkurak berariazko baimena eman beharko du.

105. artikulua. Dedikazio esklusiboa edo partziala aitortua ez duten zinegotziek diru konpentsazioak jasoko dituzte kide direneko udal organoetan parte hartzeagatik, udal aurrekontuan ezarritako moduan.

Finkatzen diren diru konpentsazioetarako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da kide den organoetako bilkuretara benetan joatea.

106. artikulua. Aipatu kopuruek ez dituzte gaindituko, osorik zenbatuta, aurrekontuan ezarritako gehiengoak eta, inolaz ere ez, arlo horretako legedi orokorrak xedatutakoa.

III. KAPITULUA

Informazioa izateko eskubidea

107. artikulua. Zinegotziek eskubidea dute beren karguan aritzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak. Eskaerei bost egun naturaleko epean erantzun behar zaie. Erantzunik ez jasotzea baiespen gisa ulertu beharko da.

Halaber, sarbide eskubideak dituzte, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

108. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, salbu eta zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean. Halakoetan, alkateak behar den administrazio departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

Eskaera idatziz egin beharko da, espedienteetarako sarbidea kontrolatzeko eta administrazio zerbitzuak antolatzeko ez beste ezertarako. Hartara, kontsultatu nahi diren agiriak zein diren zehaztu beharko da, baina ez arrazoia, ezpada eskatutako datuen ezaugarriak direla-eta eskaera arrazoitzea beharrezkoa dela.

109. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi ordezkariak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu, eta ukatzekotan, erabakia arrazoitu beharko du:

a) Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Gaiak herritarren segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritu daitekeela aurreikusten delako.

c) Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.

Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak Udalbatzako kide batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

110. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo administrazio egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea.

IV. KAPITULUA

Interesen erregistroa

111. artikulua. Interesen erregistroaren arloan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.7 artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legetik aplikatzekoak diren xedapenetan adierazitakoari jarraituko zaio.

VIII. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Herritarren eskubideak: informazioa eta parte-hartzea

112. artikulua. Herritar, egoiliar eta bisitari guztiek ondoko eskubide hauek dituzte, hala legeria orokorrean nola erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:

a) Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak, Herritarren Parte-hartze Batzordearen proposamenak aintzat hartuta.

b) Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo haiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.

c) Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.

d) Udalaren osoko bilkuretara eta beste gobernu organoen bileretara agertzea, betiere hala zehazten denean. Parte hartzeko eskubidea ere badute, erregelamendu honek zehazten duen gisara.

113. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzaketelarik.

II. KAPITULUA

Informazioa kontsultatu eta eskuratzea

114. artikulua. Herritarrek eskubidea dute izaera publikoa daukan udal dokumentazioa eskuratzeko, bai eta espedienteei lotutako dokumentazioa eskuratzeko horietan zuzeneko interesa daukatenean; halaber, agiri horien kopiak eta ziurtagiriak eskuratzen ahalko dituzte. Hori guztia, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean araututakoarekin bat.

Agirioak euskarri elektronikoen bitartez ere eskuratzen ahalko dituzte, Administrazio elektronikoa arautzen duen udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz.

115. artikulua. Ez dira inolaz ere publikotzat joko jendearen intimitatea ukitzen ahal duten agiriak edo tituluan, eskubidearen mugez edo zinegotzien informazioaz ezarri diren beste kasuetan daudenak.

116. artikulua. Agiri historikoak edo udal artxiboan nahiz erregistroetan bildutakoak eskuratzeko muga bakarra Konstituzioaren 105. artikulua garatzen duen legerian oro har ezarritakoa da.

117. artikulua. Herritar orok badu eskubidea zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten agiriak eskuratzeko, publikotzat joak ez izan arren, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz.

118. artikulua. Gobernu organoen erabakiak eta ebazpenak eskuratzeko eskaera Udalbatzako idazkariari aurkeztutako eskabidearen bitartez tramitatuko da. Gainerako kasuetan, alkateari, alkateordeei edo dagokion arloko ordezkariei eskatuko zaie informazioa.

119. artikulua. Kontsultatzeko eskaera egindakoan, berehala eta beranduenez ere hamar egun balioduneko epean emanen da baimena. Epe hori iraganik ez bada berariazko erantzunik jaso, baimena eman dela ulertuko da.

120. artikulua. Nolanahi ere, baimena ukatzeko, aplikagarria den legerian edo erregelamendu honetan zehaztu kasuetan oinarrituriko arrazoiak beharko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

121. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legeria orokorrean ezarritako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

122. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkez diezazkioke bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmoa duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egiten ahal dio bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion aktaren zatiaren kopia igorriko dio haren egileari.

123. artikulua. Elkarteen Udal Erregistroan inskribatutako herri elkarteetako batek Udalaren Osoko Bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai-zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

Alkateak baimena emanda, elkarteak, bere ordezkariaren bidez, bere iritzia adierazten ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko den denbora tartean.

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

124. artikulua. Aplikatzekoa den legedian eta Parte-hartzeari buruzko udal ordenantzan ezarritakoarekin bat, herritarren parte-hartzea erraztu eta bultzatuko da, indarrean den legediak ezarritako baliabideen bitartez. Edonola ere, beharrezko mekanismo material eta teknikoak ezarritako dira bermatzeko herritarrek parte hartzen dutela izaera orokorreko xedapenak eta hirigintza plangintzako tresnak idazteko prozesuan, aplikazio arauetan jasotakoarekin bat etorriz.

IX. TITULUA

Udalaren gobernu organoen bilkura ez presentzialak

125. artikulua. Ezinbesteko kasuetan, arrisku kolektibo larriko egoeretan edo hondamendi publikoetan, Lizarrako Udaleko kide anitzeko organoen bilkuretako araubide presentzialaren funtzionamendu normala –eta are bilkurak atea itxita egiteko aukera– neurriz kanpo eragozten edo zailtzen denean, urrutiko bilkurak eratu, egin eta erabakiak hartu ahal izango dituzte bitarteko elektroniko eta telematikoen bidez, baldin eta parte-hartzaileak Espainiako lurraldean badaude eta bere nortasuna egiaztatzeko modua badute. Horretarako, deialdia egiteko unean organoaren buru denak, Bozeramaileen Batzarrari entzun eta gero, ebazpena eman beharko du aldez aurretik.

Erabilitako baliabideek bermatu behar dute parte-hartzaileen arteko komunikazioa denbora errealean; hala, bilkuren izaera publiko edo sekretua bermatzeko beharrezkoa dena bideratu beharko dute, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.

Ondorio horietarako, bada, baliabide elektroniko baliozkotzat hartuko dira audiokonferentziak, bideokonferentziak edo honako alderdi hauek egokiro bermatzen dituzten bestelako sistema teknologikoak edo ikus-entzunezkoak: segurtasun teknologikoa, kideen benetako parte-hartze politikoa, debatearen baliozkotasuna eta hartutako erabakien bozketa.

Edonola ere, Udalbatzako kideren batek eskura dituen tresnek ez badiote aukerarik ematen gainerakoak erabiltzen ari diren baliabidearen bidez parte hartzeko bilkuran, aurreko paragrafoan adierazitako beste tresna horietakoren bat erabiliz parte hartzen ahalko du, horrek bermatu egingo baitio deialdian sartutako gaien eztabaidan eta bozketan parte hartzeko daukan eskubidea.

Eskubide hori bermatzeko, bada, udal zerbitzuek ahaleginak egingo dituzte baliabide material egokiak jartzeko hala eskatzen duten Udalbatzako kideen eskura.

126. artikulua. Prozedura berari jarraituko zaio, ukitutako Udalbatzako kideek eskatuta, eskuordetutako botoa izan dezaketen kasuetan. Kasu horiek, hain zuzen, erregelamendu honetako 39. artikuluan xedatuta daude.

127. artikulua. Kasu hauetan, bai eta osoko bilkurak atea itxita egiten direnean legez ezarritako bestelako arrazoiengatik, eta betiere bilkurak irekiak badira, bilera zuzenean emateko, edo haren nondik norakoak berehalakoan argitaratzeko behar diren baliabideak bideratuko dira; hori guztia, herritarrek bilkuraren edukiaren berri izan dezaten lortzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honen artikuluen harira idazten diren agiriek eta, bereziki, hartan adierazitako kide anitzeko organoetarako deialdiek bete egin beharko dute Lizarrako udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan xedatutakoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Erregelamendu hau indarrean jartzearekin bat, indarrik gabe geratzen da Udalaren egungo erregelamendu organikoa, 1989koa, bai eta hari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2011227