237. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 12a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

54/2020 FORU AGINDUA, urriaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen berragertzeak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Era berean, Osasuneko kontseilariak 42/2020 Foru Agindua eman zuen irailaren 11n, neurri murriztaileagoak ezartzen zituena, batez ere esparru familiar eta sozialera bideratuta, Nafarroako Foru Komunitate osorako, hamabost egun naturaleko indarraldiarekin, zeina geroago luzatua eta aldatua izan baita.

Alabaina, Nafarroa osorako oro har ezarritako neurri horiek ez dute lortu nahi zen eragina. Izan ere, aipatu neurriak hartu zirenean, Nafarroan, abuztuaren 31tik irailaren 6ra arteko astean, baieztatutako diagnostiko berrien tasa 175ekoa zen 100.000 biztanleko, eta 40. astean, neurriak luzatu ziren horretan, 303 kasukoa. Urriaren 11n balioztaturiko datuek erakusten dutenez, azken 7 egunean metatutako intzidentzia-tasa 397koa da, hau da: 50 kasu baieztatu 100.000 biztanleko (%31ko igoera). Azken 14 egunean metatutako intzidentzia-tasa, berriz, 683koa da; hau da: 93 kasu 100.000 biztanleko. Kopuru horiek, beraz, nabarmen gainditzen dituzte 250 eta 500 kasuak 100.000 biztanleko. Gaur egun, 307 agerraldi aktibo daude, eta 2.637 pertsona biltzen dituzte.

307 agerraldi aktibo horietatik, 132 (%43) esparru familiarrari dagozkio; 57 (%18,6) esparru sozialari; 72 (%23,5) esparru familiar eta sozialari; 13 (%4,2) esparru soziosanitarioari; 10 (%3,3) lan esparruari; 8 (%2,6) eskolari dagozkio, eta azkenik, 15 (%4,9) mistoak dira, esparru familiar eta sozialekoak ez diren beste batzuetakoak.

Agerraldiek biltzen dituzten 2.637 pertsonei dagokienez, 816 (%31) esparru familiarrean kokatzen dira; 470 (%17,8) esparru sozialean; 504 (%19,1) esparru familiar eta sozialean; 402 (%15,2) esparru soziosanitarioan; 231 (%8,8) lan esparruan; 85 (%3,2) eskolan biltzen dira, eta azkenik, 131 (%5) mistoak dira, esparru familiar eta sozialekoak ez diren beste batzuetakoak.

Argi dago, beraz, egoera berriak beharrezkoa egiten duela neurri berriak hartzea eta aurretik hartutako neurri orokor batzuk aldatzea.

Dagoeneko badugu neurri murriztaileagoen eraginaren esperientzia, halako neurriak hartu behar izan baitziren Nafarroako udalerri eta auzo batzuetan birusaren hedapena saihesteko (Mendillorri, Tutera, Leitza, Azkoien, Funes, Faltzes, San Adrián, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejón, Cintruénigo, Fustiñana, Valtierra eta Alesbesen), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horien bidez, funtsean, murrizketa bereziak ezarri ziren taldean biltzeko, bai esparru publikoan bai pribatuan. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken txostenetan, neurri horiek aplikatu dituzten udalerriei buruzkoetan, ondorioztatu da beheranzko joera dagoela eta hartutako neurrien emaitzak onak direla.

Gaur egun, baina, udalerri bakar bat ere ez da libratzen: edozein irits daiteke neurri murriztaileagoak aplikatu behar izan dituzten udalerrien antzeko adierazle epidemiologikoetara. Aintzat hartuta ezen, oro har, kasu asko dagoela, azken egunetako kopuruak errekorrak izan direla, eta ezarritako neurri bereziek emaitza onak izan dituztela, komenigarria ikusten da horiek aldi baterako hartzea Nafarroa osorako.

Xedea da, ahal den neurrian, taldeko harremanak saihestea, bai esparru publikoan, bai pribatuan, eta egoera oneratzeko prebentzio neurriak areagotzea, arreta berezia jarriz bilkura sozialen eta familiarren esparruan, edozein lekutan. Izan ere, Osasun Departamentuak dauzkan datuen arabera, kutsatzeak horrelako bilkuretan gertatzen ari dira, hainbat esparrutan: ostalaritzan, familia ospakizunetan, jaien ospakizunetan (esaterako, ezkontzak, bataioak, jaunartzeak, konfirmazioak eta bestelako ekitaldiak, senideen eta lagunen artean ospatzen direnak).

Ebidentzia badago justifikatzen duena esparru horietan neurriak hartzea, hala erakutsi baitu ostalaritzarekin, ospakizun erlijioso eta sozialekin, egoitzekin eta komunitate erlijiosoekin lotutako agerraldietan egindako kontaktuen jarraipenak.

Ostalaritzaren esparruko kutsatzeei buruzko datuek beste murrizketa batzuk justifikatzen dituzte, hala nola barnean baimendutako gehieneko edukiera %30ekoa izatea, barran kontsumitzeko debekua edo 22:00etan ixtea.

Ospakizun familiar eta sozialen esparruko kutsatzeei buruzko datuek, halaber, justifikatzen dute pertsona kopurua murriztea, bizikideak ez direnean, ospakizunak edo ekitaldi jakin batzuk egiteko.

Era berean, bidezkoa da neurriak hartzea erabilera komuneko espazioetarako, hala nola funtzio anitzeko aretoetarako. Izan ere, areto horietan, bizikideak ez diren pertsona talde handiak elkar daitezke, eta hor arrisku handia dago kutsadura zabaltzeko.

Azken batean, foru agindu honek dituen neurri murriztaileak honako hauei buruzkoak dira: ostalaritza eta jatetxeak; beilak eta hiletak; ezkontzak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk; txikizkako establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak; bide publikoan jarduten duten merkatuak; akademiak; autoeskolak; irakaskuntza ez-arautuko zentroak eta prestakuntza zentroak; jarduerak etetea; haurren jolastokien eta aire zabaleko kirol eremuen itxiera; sei lagunera murriztea esparru publikoko zein pribatuko bilkurak. Era berean, neurri orokorrak ere ezartzen dira higieneari eta prebentzioari dagokienez, batez ere, aireztapenari dagokionez; izan ere, ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko lituzkete lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

Aurreko neurri guztietatik, bada bat pertsonen oinarrizko eskubideen murrizketa dakarrena: esparru publikoko zein pribatuko bilkurak sei lagunera murriztea. Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira baldintza batzuk tarteko direla. Lehenengo eta behin, horren oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea (STC 43/1983, maiatzaren 27koa), murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko (STC 13/1985, urtarrilaren 31koa), helburu horrekin proportzionalak izatea (STC 37/1989, otsailaren 11koa), eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea. Foru agindu honetan hartzen diren neurriek, oinarrizko eskubideak murrizten dituztenek, helburu dute Nafarroako pertsonen bizitza eta herritarren osasun publikoa babestea eta, bereziki, pertsona ahulenak, kutsatzeko eta sintomatologia larria izateko arriskua dutenak, baita hiltzekoa ere; izan ere, pandemian egiaztatu den bezala, pertsona batzuk ahulagoak dira birusaren aurrean, dela adinagatik, dela beste gaixotasun batzuengatik.

Neurri hauen beharrari dagokionez, berriz, ikusten da lehenago ere neurriak hartu direla esparru publikoan, Nafarroako Foru Komunitate osoan, honakoen bidez, besteak beste: Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakia, eta ondotik izan zituen aldaketak, abuztuaren 17ko 8/2020 Lege-dekretua, edo Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez neurri murriztaileak ezarri baitziren Foru Komunitate osorako, eta horren luzapenak eta aldaketak. Bistan da, ordea, neurri horiek ez direla aski izan. Hori dela eta, beste esparru batzuetan hartu diren neurriekin batera, beharrezkoa da orain egoera oneratzeko prebentzio neurriak areagotzea eta betetzen direla zaintzea, gaixotasunaren kutsapena gutxitzeko xedez. Horretarako, bilkura familiarrak eta sozialak gutxitzeko neurriak areagotu behar dira, transmisiorako gune nagusia direlako. Horregatik, ezinezkoa da soilik esparru publikoan neurriak ezartzea esparru pribatuan halakorik egin gabe, zeren, hala eginez gero, ez legoke esku-hartzerik kutsapen gehien gertatzen den esparruan, eta horrek ekarriko luke neurriak, orokorrean, eraginkortasunik gabe gelditzea. Horrela egin da Nafarroako beste herri batzuetan.

Aipatutako guztiagatik, gainera, murriztapen hauek betetzen dute proportzionaltasunaren printzipioa, zeren biltzeko eskubidea, esparru publikoan zein pribatuan, mugatzen baita soilik pertsona kopuruari dagokionez, eta ez dio eragiten biltzeko eskubideari berari.

Foru agindu honetan hartutako neurriak proportzionalak dira, lehenik, hamalau eguneko aldi baterako hartzen baitira, eta, bigarrenik, kaltea txikiagoa baita herritarren bizitza ekonomiko eta sozialerako, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartuta izanen litzatekeena baino. Horrenbestez, neurriak proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, haien helburua baita kutsapenen kurba kontrolatu eta apaltzea, bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, kutsapenen kontrola eta bizitzeko eskubidearen, osotasun fisikoaren eta jendearen osasunaren babesa, horrek galarazi gabe, ahal dela, neurri hauek eta interes ekonomikoak bateragarriak izateko ahalegina egitea.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Halaber, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak -Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak-, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamalau egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik, eta luzatzen, aldatzen edo, kasua bada, eraginik gabe uzten ahalko da, hura egoera epidemiologikora egokitze aldera.

Azkenik, indarrik gabe uzten dira Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta haren aldaketak; indarrik gabe uzten da, halaber, urriaren 9ko 52/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udalerrietarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz; indarrik gabe uzten da urriaren 9ko 53/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez luzatu baitziren berariazko prebentzio neurri apartekoak San Adriango udalerrirako; eta indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren urriaren 7ko 49/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Azkoiengo udalerrirako. Xedea da neurriak bateratzea, lurralde- eta denbora-eremuan, Nafarroako Foru Komunitate osorako, arestian azaldutako arrazoiengatik.

Baliatuz Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa. Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan, eta azalerak garbitu eta desinfektatzea.

2. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

3. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-Cov-2 hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Ostalaritza eta jatetxeak:

1. Establezimenduen barrenean kontsumitzeko, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30.

2. Kontsumoa mahaian eta eserita egin beharko da beti, bai barrenean bai terrazetan. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

3. Terrazetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

4. Mahai multzoetan, bai barrenean bai terrazetan, sei pertsona egoten ahalko dira gehienez, eta 1,5 metroko segurtasun-tartea gorde beharko da mahai ezberdinetako aulkien artean.

5. Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren. Salbuespen izanen dira janaria etxera eramateko zerbitzuak.

6. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko une berariazkoan.

3.–Beilak eta hiletak:

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

4.–Ezkontzak, jaunartzeak, bataioak, konfirmazioak eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibilak eta beste edozein bilkura.

Ezkontza, jaunartze, bataio, konfirmazio eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuetan, edo beste bilkura batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan, bete beharko dira pertsonen arteko segurtasun neurri orokorrak eta, kasu guztietan, 1,5 metroko tartea, eta ez da behin ere gaindituko 12 pertsonaren kopurua, gehienez, establezimenduen barruan, eta 18 pertsonarena, kanpoan bada. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

5.–Kultua.

Gurtza-lekuetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, kasu guztietan, 2,25 metro koadro egon beharko dira erabiltzaile bakoitzeko.

6.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %40.

7.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %40 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

2. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

3. Josteta eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

4. Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez zaio aplikatuko gune komun horietako jatetxeetako eta ostalaritzako jarduerari. Hori, edonola ere, foru agindu honetan jatetxeetako eta ostalaritzako jarduerarako ezarritako arauei lotuko zaie.

8.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da, gutxienez.

Erabiltzaileek ezin izanen dute inolaz ere postuen alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

9.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola, eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %40 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

10.–Liburutegiak.

1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %30.

2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

3. Ez da haurrendako jarduerarik eginen.

11.–Kirol-jarduerak eta -instalazioak.

1. Kirol-instalazioen barnean eta egiten diren jardueretan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta kanpoan, berriz, baimendutako gehieneko edukieraren %40.

2. Ez da aldagelarik, dutxarik eta iturririk erabiltzen ahalko.

3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Mugitzea eskatzen duten jardueretarako, 20 m2-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Mugitu gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m2-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

4. Kirol ekitaldiak eta txapelketak ikuslerik gabe eginen dira.

12.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %30.

13.–Bilerak esparru publikoan eta pribatuan:

Ezertan galarazi gabe osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzeko betebeharra, edozein motatako talde edo bilkuretan 6 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez, dela espazio publikoetan dela pribatuetan, salbu eta bizikideak diren pertsonen kasuan.

14.–Igerilekuak.

1. Aisialdiko igerilekuetan, kanpokoetan zein estalietan, edukieraren %30eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

2. Aldagelak erabiltzen ahalko dira, baina ez dutxak.

3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

15.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan.

1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 6 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera arautuko dira.

2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuko aurreikuspenetik, baldin eta egiten badira Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean.

16.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30.

2. Ez da inauguraziorik edo gertaera sozialik eginen.

3. Bisita edo jarduera gidatuak sei pertsonako taldeetan eginen dira.

4. Neurriak ezarriko dira, pilaketak saihesteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea uneoro mantentzeko.

17.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %30. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 100 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da elikagaiak kontsumitzea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan.

2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30; edonola ere, 300 lagun bilduko dira gehienez.

18.–Turismo-gidarien jarduera garatzeko baldintzak.

1. Jarduera horiek, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamabi lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak hamabi laguneko taldeendako ere onartuko dira; kasu honetan ere, erreserba egin beharko da aldez aurretik enpresa edo gidari profesionalekin.

19.–Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak.

Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako edukieraren %30, eta gehienez ere 100 lagun biltzen badira. Gomendatzen da modalitate telematikoa sustatzea.

20.–Joko eta apustuetarako lokalak.

1. Joko eta apustuetarako establezimenduek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %30.

2. Joko eta apustuetarako establezimenduak 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

21.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

1. Funtzio anitzeko espazioak alokatzeko xedea duten establezimenduek bete beharko dituzte Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian eta ondoren emandako araudian ezarritako higiene eta prebentzio arauak.

2. Debeku da sei lagun baino gehiago egotea aldi berean lokalean, bizikideak ez badira behintzat. Hala ere, lokalaren titularrak aurrez aurreko kontrola bermatzen badu, lokalaren %30 okupatzen ahalko da, baldin eta mahaiak gehienez ere sei pertsonak okupatzen badituzte eta gainerako neurriak betetzen badira.

3. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

4. Edonola ere, ahalik eta gehien erabiliko da maskara, eta pertsonen arteko tartea gordeko.

5. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

6. Lokal horiek 22:00etan itxiko dira.

22.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Bertan behera geldituko da elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera, eta itxita egonen dira.

Etenaldi horretatik salbuetsita daude bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetzen baditu, baldin eta foru agindu honetan ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira.

23.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

24.–Bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan.

1. Bertan behera uzten dira bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan.

2. Aurreko apartatuan araututakoa salbuespenezko hiru kasutan bakarrik salbuetsiko da: bizitzaren amaieran, egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzeko, edo egoiliarraren egoera psikoafektiboa oso kaltetua dagoenean. Kasu horietan, bisitak eginen dira baldintza hauek betez:

a) Bisita aldez aurretik hitzartu beharko da etxebizitzarekin edo egoitzarekin.

b) Bisitak pertsona bakarrekoak izanen dira egoiliar bakoitzeko.

c) Bisitan zehar nahitaezkoa izanen da arrisku mailari egokitutako babes-ekipamenduak erabiltzea, bai senideek bai egoiliarrak.

d) Bisitak iraun bitartean, osasun agintariek ezarritako higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dira, eta bereziki, bi metroko segurtasun-tartea eta eskuen higienea zaindu beharko dira.

e) Bisita aurretik, bitartean eta amaitutakoan, eta, bereziki, bisitak erregistratzeko sistemari dagokionez, aplikatuko dira maiatzaren 25eko 161/2020 Foru Aginduan aurreikusitako neurriak. Eskubide Sozialetako kontseilariak emandako foru agindu horren bidez, baldintzak eta betebeharrak ezarri ziren bisitak jasotzeko desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan, bai eta zentro horietako egoiliarrek paseoak egiteko ere.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta haren aldaketak; indarrik gabe uztea, halaber, urriaren 9ko 52/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udalerrietarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz; indarrik gabe uztea 53/2020 Foru Agindua, urriaren 9koa, zeinaren bidez luzatu baitziren berariazko prebentzio neurri apartekoak San Adriango udalerrirako; eta indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren 49/2020 Foru Agindua, urriaren 7koa, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Azkoiengo udalerrirako.

Hirugarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Laugarrena.–Toki-erakundeek, beren eskumenen esparruan, eta osasun arloko arrazoiengatik justifikaturik baldin badago, foru agindu honetan jasotakoak baino neurri murriztaileagoak hartzen ahalko dituzte.

Bosgarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko urriaren 13tik 26ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Seigarrena.–Herritarrek laguntza aktiboa eman beharko dute foru agindu honetan prebentziorako ezartzen diren osasun neurriak betetzeko.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko, Eskubide Sozialetako Departamentuko eta Hezkuntza Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 13an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 11n.–Osasuneko Kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F1706921