236. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

53/2020 FORU AGINDUA, urriaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira urriaren 2ko 48/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak, hau da, berariazko prebentzio neurri apartekoak, San Adriango udalerrirako (Nafarroa) hartu zirenak COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Urriaren 2an Osasuneko kontseilariaren 48/2020 Foru Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren San Adriango udalerrirako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Zehazki, foru agindu horretan neurri murriztaile batzuk ezarri ziren, eremu sozialean eta familiarenean batez ere, hala nola murrizketak ostalaritzan eta jatetxeetan, txikizkako merkataritzan, kultur eta kirol jardueretan, arautu gabeko prestakuntza zentroetan, merkatu txikietan, parke publikoetan eta beste batzuetan; orobat, bilkura sozialak murriztu ziren sei lagunera, eremu publikoan zein pribatuan, eta mugimenduak murriztu ziren udalerritik atera eta sartzeko.

Foru agindu hori epai bidez berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko urriaren 5eko 151/2020 Autoaren bidez.

Urriaren 2ko 48/2020 Foru Aginduan ezarri ziren neurrien indarraldia 2020ko urriaren 9an bukatzen da, egun hori barne, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egin behar izan zaie, egoera epidemiologikoarekin bat datozela bermatzeko; egoera epidemiologikoaren arabera, horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe utz daitezke.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak urriaren 8an eguneratu duen txostenaren arabera, San Adriango udalerrian metatutako intzidentzia 1.287 kasukoa da 100.000 biztanleko azken 14 egunean (aurrekoa 1.399 kasukoa zen 100.000 biztanleko), eta 350 kasukoa 100.000 biztanleko, azken 7 egunean (aurrekoa 985 kasukoa zen 100.000 biztanleko). Bi datuetan beheranzko joera ageri da. Oraindik ere, kasu gehienak lotuta daude familian, esparru sozialean edo lanean gertatutako agerraldiekin. Joera beheranzkoa bada ere, eta hartutako neurriek emaitza onak izan dituztela ikusirik, beharrezkotzat jotzen da joera hori sendotzea, kontuan hartuta eritasunaren inkubazioaldia 14 egunekoa dela, hurrengo egunetan kasu positibo berriak ager litezkeelako. Neurri guztiak mantentzeko arrazoia da, hortaz, joera ona sendotzea eta birusaren transmisio komunitarioa jaistea, aski onargarriak izan daitezkeen mailetara jaitsi ere.

Neurrien luzapena proportzionatua dela uste da, zazpi egun naturaleko eperako soilik aurreikusi delako. Orobat, uste da luzapena beharrezkoa eta egokia dela, osasun publikoa babesteko, kutsatzeen kurba gutxitzen jarraitzeko eta etorkizunean neurri murriztaileagoak hartzea saihesteko, herriko bizitza sozialari eta ekonomikoari kalte larria ekar liezaioketenak.

Gainera, ikusirik zenbat kutsatze izaten ari diren arlo sozialean eta familiarrean, beharrezkotzat jo da beste murrizketa neurri bat gehitzea, mugatzeko ezkontzetara, jaunartzeetara eta bestelako ospakizun sozial, erlijioso edo zibiletara joaten diren pertsonen kopurua, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak dituzten establezimenduetan egiten direnean: establezimendu barruan, muga hemezortzi pertsona da; kanpoan, 36. Muga hori ezarri da egiaztatu delako zenbait agerraldi izan direla era horretako ospakizunetan, bai eta, zenbaitetan, gure autonomia erkidegoan izan diren ekitaldietan ere, zeinetan ez diren bete osasun agintaritzek ezarritako prebentzio eta higiene neurriak. Udalerri horretako intzidentzia tasak handiak direnez oraindik ere, komeni da neurriak zorroztea arlo sozialean eta familiarrean, kutsatzeak murrizteko eta, etorkizunean, beste neurri zorrotzago batzuk hartu behar ez izateko.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta, betiere, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezarritako neurriak ebaluatuko dira egoera epidemiologikoaren arabera.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunaren iritzia entzun ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Luzatzea 2020ko urriaren 10etik 16ra, bi egun horiek barne, urriaren 2ko 48/2020 Foru Aginduan ezarritako berariazko prebentzio neurri aparteko guztiak, hau da, San Adriango udalerrirako hartu zirenak COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–8. apartatua gehitzen da Osasuneko kontseilariaren urriaren 2ko 48/2020 Foru Aginduaren lehen puntuan. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren San Adriango udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Hona hemen:

8. Ezkontzak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

Ezkontza, jaunartze eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak dituzten establezimenduetan, bete beharko dira pertsonen arteko segurtasun neurri orokorrak eta, kasu guztietan, 1,5 metroko tartea, eta ez dira behin ere izanen hemezortzi pertsona baino gehiago, establezimenduen barruan, eta hogeita hamasei pertsona baino gehiago, kanpoan bada. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

Hirugarrena.–Neurri hauek zazpi egun naturalean izanen dira indarrean, 2020ko urriaren 10eko 00:00etatik aurrera, eta haien gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; uneko egoera epidemiologikoaren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foruzaingoaren, Estatuko segurtasun kidego eta indarren eta Udaltzaingoaren lankidetza eskatzen da foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin. Horretarako, foru agindu honetan Azkoiengo udalerrirako ezartzen den konfinamendu orokorrerako agindua ez betetzea irailaren 16ko 9/2020 Foru Lege-dekretuaren arabera zehatuko da, horren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, San Adriango Udalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 10ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 10ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011762