236. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

52/2020 FORU AGINDUA, urriaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udalerrietarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Era berean, Osasuneko kontseilariak 42/2020 Foru Agindua eman zuen irailaren 11n, neurri murriztaileagoak ezartzen zituena, batez ere esparru familiar eta sozialera bideratuta, Nafarroako Foru Komunitate osorako, hamabost egun naturaleko indarraldiarekin, zeina geroago luzatua eta aldatua izan baita.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egoera epidemiologikoaren gainean eman dituen datuen arabera, Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udalerriek 100.000 biztanleko 1.000 eta 2.600 kasu arteko intzidentzia metatua izan dute azken hamalau egunotan, eta 100.000 biztanleko 500 eta 2000 kasu artekoa azken zazpi egunotan, eta joera orokorra gorantz doa. Udalerri horietan guztietan metatu den intzidentzia altua batez bestekotik oso gora dago. Ondorioz, beharrezkoa da aipatu udalerrietan neurri murriztaileak areagotzea kutsatzeak zabal daitezela eragozteko, kurba apaltzeko, osasun publikoa babesteko, eta, azken batean, neurri zorrotzagoak saihesteko, horiek kalte handia egiten ahal diotelako herritarren bizitza ekonomiko eta sozialari.

Foru agindu honek dituen neurri murriztaileak honako hauei buruzkoak dira: ostalaritza eta jatetxeak; beilak eta hiletak; ezkontzak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk; txikizkako establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak; bide publikoan jarduten duten merkatuak; akademiak; autoeskolak; irakaskuntza ez-arautuko zentroak eta prestakuntza zentroak; jarduerak etetea; haurrentzako parkeen eta aire zabaleko kirol eremuen itxiera; sei lagunera murriztea eremu publikoko zein pribatuko bilkurak.

Aurreko neurri guztietatik, bada bat pertsonen oinarrizko eskubideen murrizketa dakarrena: eremu publikoko zein pribatuko bilkurak sei lagunera murriztea. Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira baldintza batzuk tarteko direla. Lehenengo eta behin, horren oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea (STC 43/1983, maiatzaren 27koa), murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko (STC 13/1985, urtarrilaren 31koa), helburu horrekin proportzionalak izatea (STC 37/1989, otsailaren 11koa), eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea. Foru agindu honetan hartzen diren neurriek, oinarrizko eskubideak murrizten dituztenek, helburu dute Nafarroako pertsonen bizitza eta herritarren osasun publikoa babestea eta, bereziki, pertsona ahulenak, kutsatzeko eta sintomatologia larria izateko arriskua dutenak, baita hiltzekoa ere; izan ere, pandemian egiaztatu den bezala, pertsona batzuk ahulagoak dira birusaren aurrean, dela adinagatik, dela beste gaixotasun batzuengatik.

Neurri hauen beharra, berriz, aise ikusten da, lehenago ere neurriak hartu baitira esparru publikoan, Nafarroako Foru Komunitate osoan, honakoen bidez, besteak beste: Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakia, eta ondotik izan zituen aldaketak, abuztuaren 17ko 8/2020 Lege-dekretua, edo Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, erkidego osorako neurri murriztaileak ezartzen zituena, eta horren luzapenak eta aldaketak. Bistan da, ordea, neurri horiek ez direla aski izan foru agindu honetan ezarritako neurriak aplikatuko diren udalerrien kasuan, bertan azken hamalau egunotan metatu diren intzidentzia tasak handiak eta Foru Komunitate osokoak baino handiagoak baitira. Hori dela eta, beste esparru batzuetan hartu diren neurriekin batera, beharrezkoa da orain egoera oneratzeko prebentzio neurriak areagotzea eta betetzen direla zaintzea, gaixotasunaren kutsapena gutxitzeko xedez. Horretarako, bilkura familiarrak eta sozialak gutxitzeko neurriak areagotu behar dira, herri horietan transmisiorako gune nagusia direlako. Horregatik, ezinezkoa da soilik esparru publikoan neurriak ezartzea esparru pribatuan halakorik egin gabe, zeren, hala eginez gero, ez legoke esku-hartzerik kutsapen gehien gertatzen den esparruan, eta horrek ekarriko luke neurriak, orokorrean, eraginkortasunik gabe gelditzea. Horrela egin da Nafarroako beste herri batzuetan.

Aipatutako guztiagatik, gainera, murriztapen hauek betetzen dute proportzionaltasunaren printzipioa, zeren biltzeko eskubidea, eremu publikoan zein pribatuan, mugatzen baita soilik pertsona kopuruari dagokionez, eta ez dio eragiten biltzeko eskubideari berari.

Foru agindu honetan hartutako neurriak proportzionalak dira, lehenik, hamabost eguneko aldi baterako hartzen baitira, eta, bigarrenik, kaltea txikiagoa baita herritarren bizitza ekonomiko eta sozialerako, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartuta izanen litzatekeena baino. Horrenbestez, neurriak proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, haien helburua baita kutsapenen kurba kontrolatu eta apaltzea, bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, kutsapenen kontrola eta bizitzeko eskubidearen, osotasun fisikoaren eta jendearen osasunaren babesa, horrek galarazi gabe, ahal dela, neurri hauek eta herrietako interes ekonomikoak bateragarriak izateko ahalegina egitea.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Halaber, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamabost egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik, eta luzatzen, aldatzen edo, kasua bada, eraginik gabe uzten ahal da, hura egoera epidemiologikora egokitze aldera.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udalerrietarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela-eta:

1.–Ostatuak eta jatetxeak.

a) Establezimenduen barrenean kontsumitzeko, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

b) Kontsumoa mahaian eta eserita egin beharko da beti, bai barrenean bai terrazetan.

c) Terrazetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

d) Mahai multzoetan, bai barrenean bai terrazetan, sei pertsona egoten ahalko dira gehienez.

e) Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 00:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

2.–Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean eta 15 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

3.–Ezkontzak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

Ezkontza, jaunartze eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan, bete beharko dira pertsonen arteko segurtasun neurri orokorrak eta, kasu guztietan, 1,5 metroko tartea, eta ez da behin ere gaindituko hemezortzi pertsonaren kopurua, gehienez, establezimenduen barruan, eta hogeita hamasei pertsonarena, kanpoan bada. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

4.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

5.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean nahiz salmenta ez-sedentarioan, aritzen diren merkatuetan, azoka edo merkatu txikiaren izenaz ezagun diren horietan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

6.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

7.–Jarduerak etetea.

Bertan behera gelditzen da jarduera udal titularitateko liburutegietan, kultur ekipamenduetan eta kirol instalazioetan.

8.–Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Ezin izanen dira erabili haurrentzako parkeak, ez eta erabilera publikoko antzeko eremuak ere, eta itxita egonen dira.

9.–Bilerak eremu publikoan eta pribatuan.

Ezertan galarazi gabe osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzeko betebeharra, edozein motatako talde edo bilkuretan sei pertsona elkartzen ahalko dira gehienez, dela espazio publikoetan dela pribatuetan, salbu eta elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan.

Bigarrena.–Aldatzen da 45/2020 Foru Agindua, irailaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Faltzesko eta Funesko udalerrietarako (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Zehazki, aipatu foru aginduaren lehenbiziko puntuko 1.e) apartatua aldatzen da. Honela geldituko da idatzita:

“Lehenbizikoa 1.e) Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 00:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren”.

Hirugarrena.–Neurri hauek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian eta haren aldaketetan adierazitako horiek, bai eta Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezarritakoak ere, haren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Nolanahi ere, arau horiek osotara aplikatzekoak dira arautzen dituzten gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, ezertan ukatu gabe aplikatu beharreko beste xedapen orokor batzuk.

Laugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, hamabost egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, egoera epidemiologikoaren arabera.

Bosgarrena.–Herritarrek laguntza aktiboa eman beharko dute foru agindu honetan prebentziorako ezartzen diren osasun neurriak betetzeko.

Seigarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Alesbesko, Cadreitako, Castejongo, Cintruenigoko, Fustiñanako, Valtierrako eta Zarrakazteluko udaletara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zazpigarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 10ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011774