235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

148E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Hondakinen Funtsa eratzen baita zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea.

Hondakinen Funtsa ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren aurrekontuan txertatzen da, atal bereizi batean. Honako baliabide hauek ditu:

a) Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga biltzearen ondoriozko zenbatekoak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hondakinen arloko araudia hausteagatik ezarritako zehapenetan bildutako zenbatekoak.

c) Nafarroako Ogasunean hondakinak kudeatzeko eratutako finantza-bermeen zenbatekoa, behin foru lege honen 41. artikuluan ezarritako prozedura tramitatu ondoren.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontuan aurreikusten diren ekarpenak.

e) Beste erakunde batzuek emandako dirulaguntza eta laguntzak.

f) Partikularrek, enpresek edo erakundeek Funtsari berariaz egiten dizkioten dohaintzak, jaraunspenak, ekarpenak eta laguntzak.

g) Nafarroako Gobernuari sustapen eta komunikazio ekintzetarako zuzenean egindako ekarpenak, ontzien hondakinak kudeatzeko (edo, ekoizlearen erantzukizun zabalduaren esparruan, hondakinak kudeatzeko garatzen diren beste sistema batzuetarako) ezartzen diren sistemekin sinatzen diren hitzarmenen ondoriozkoak, eta, hala badagokio, toki entitateek helburu horietarako erabiltzen ez dituztenak.

h) Hondakinak kudeatzeko lanak finantzatzeko beste edozein ekarpen.

2020ko Hondakinen Funtsak 3.358.768 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 212.276 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 3.571.044 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2018ko uztailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

Foru agindu honen bidez banatzen dira 2020ko Hondakinen Funtsaren diru-sarrerak, eta, horrekin, zenbait agindu betetzen dira; zehazki, honako hauetan ezarrita daudenak: 49/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, Hondakinen Funtsa arautzen duena; eta 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa. Izan ere, azken horren 43. artikuluan ezartzen denez, “Hondakinen Funtsa izeneko aurrekontu-partida banatzeko modua ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuak erabakiko du urtero, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoari kontsulta egin ondoren, hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenetsiz eta helburuak betetzea eta ingurumen premiak kontuan hartuta, hondakinen fluxu bakoitzak hartarako egiten duen ekarpen ekonomikoaren proportzioan eta honako arlo hauen arabera (...)”.

Martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen bidez, 2020. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak onetsi ziren. Gastu aurrekontuan aurreikusi dira Hondakinen Funtsari dagozkion gastu-partidak, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin. Aurrekontu horretan, honako partida hauek daude:

AURREKONTUKO PARTIDA

ZENBATEKOA

740001

74100

2276

456207

Hondakinen Funtsa. Azterketa eta lan teknikoak

10.000

740001

74100

2279

456200

Hondakinen Funtsa. Jarduketa orokorrak eta ingurumeneko larrialdiak sektore pribatuan

88.453

740001

74100

4609

456205

Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

272.591

740001

74100

6091

456200

Hondakinen Funtsa. Proiektu teknikoak

90.000

740001

74100

7609

456204

Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak

1.630.000

740001

74100

7701

456202

Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuaren dirulaguntzak

1.480.000

GUZTIRA

3.571.044

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren bidez, urteroko azterketa egin du, jakiteko zer egoeratan dagoen hondakinen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitatean, eta proposamen bat egin du funtsa banatzeko. Proposamen hori 2020ko abuztuaren 7an helarazi zaie Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari. Bi erakunde horiek, ezarrita dagoen 15 eguneko epean, zenbait ohar egin dituzte oinarri arautzaileen gainean, baina bakar bateak ere ez du aipatzen foru agindu honen xedea, salbu eta beronen idazketari buruzko zehaztapen batzuk.

Bestalde, eta era efizientean kudeatu daitezen eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxutik heldu diren baliabideak, eta hondeatutako material naturaletatik datozenak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki du fluxu horretako dirulaguntzetara bideratzea 60.000 euro, jarduketa orokorretarako eta ingurumen larrialdietarako partidatik (“Andeatutako eremuak leheneratzeko jarduketak” izeneko apartatua).

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta jaso diren ekarpenak, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak proposatu du zenbatekoak proportzioan banatzea, hondakinen fluxu bakoitzaren diru-ekarpenaren arabera, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan bildutako definizioekin, eta kontuan harturik Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko arloak. Hona hemen banaketa hori:

–Etxeko hondakinen fluxua. 1.172.590,52 euro, toki entitateei dirulaguntzak emateko, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio edo kudeaketarako eskumena, eta Hondakinen Funtsa eratzeko ekarpena egin badute kontzeptu horregatik. Honela banatuko da kantitate hori, bat etorriz uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoarekin: 850.000,00 euro, prebentzioarekin eta gaikako bilketarekin zerikusia duten jarduketetarako, eta 322.590,52 euro, hondakinen kudeaketarekin loturiko jarduketetarako. Horretarako, honako bi deialdi hauek izanen dira:

  • 872.590,52 euro, 2020an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta.
  • 300.000,00 euro, zenbait ekitalditan inbertsioak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin lotuta.

–Arriskutsuak ez diren bestelako hondakinen fluxua. 1.150.000,00 euro, enpresei dirulaguntzak emateko, proiektuak gauzatu ditzaten industriako hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko prestatzeko eta birziklatzeko.

–Eraikuntza eta eraisteetan sortutako hondakinen fluxua, eta hondeatutako material naturalak. 1.060.000,00 euro, enpresei eta toki entitateei dirulaguntzak emateko, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak.

–Jarduketa orokorrak eta ingurumeneko larrialdiak. 188.453,48 euro. Horietatik, 10.000 euro erabiliko dira azterketa eta lan teknikoak egiteko, 90.000 euro, trazabilitate eta kontrol sistemen zuzkidurarako eta karakterizazioak eta datuen teletramitazioak egiteko, eta 88.453,48 euro, andeatutako eremuak leheneratzeko jarduketetarako.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilaria izendatzen duen abuztuaren 6ko 34/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

AGINTZEN DUT:

1. Onartzea 2020ko Hondakinen Funtsaren banaketa, foru agindu honen eranskinean biltzen diren esleipen-irizpideekin bat, honela:

• 872.590,52 euro, toki entitateei dirulaguntzak emateko, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio eta kudeaketarako eskumena, eta zergak ordaindu badituzte kontzeptu horregatik. Zehazki, zenbateko hori da 2020an jarduketak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin, gaikako bilketarekin eta prebentzioarekin lotuta. Honako partida hauen kargura: 740001 74100 4609 456205 “Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak” (272.590,52 euro) eta 740001 74100 7609 456204 “Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak” (600.000 euro).

• 300.000,00 euro, toki entitateei dirulaguntzak emateko, baldin eta entitate horiek esleituta badute etxeko hondakinen bilketa, garraio eta kudeaketarako eskumena, eta zergak ordaindu badituzte kontzeptu horregatik. Zehazki, zenbateko hori da zenbait ekitalditan inbertsioak egin daitezen etxeko hondakinen kudeaketarekin lotuta. Aurrekontuko partida honen kargura: 740001 74100 7609 456204 Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak.

• 1.150.000,00 euro, enpresei dirulaguntzak emateko, proiektuak gauzatu ditzaten industriako hondakinak prebenitzeko, berrerabiltzeko prestatzeko eta birziklatzeko. Aurrekontuko partida honen kargura: 740001 74100 7701 456202 Hondakinen Funtsa. Sektore pribatuaren ekarpenak.

• 1.060.000,00 euro, enpresei eta toki entitateei dirulaguntzak emateko, optimizatu eta hobetu daitezen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko eta balorizatzeko sistemak, eta balorizatu daitezen hondeatutako material naturalak. Honako partida hauen kargura: 740001 74100 7701 456202 “Hondakinen Funtsa. Sekore pribaturako dirulaguntzak” (330.000 euro) eta 740001 74100 7609 456204 “Hondakinen Funtsa. Toki entitateentzako dirulaguntzak” (730.000 euro).

• 188.453,48 euro, jarduketa orokorretarako eta ingurumeneko larrialdietarako. Horietatik, 10.000 euro erabiliko dira azterketa eta lan teknikoak egiteko (partida honen kargura: 740001 74100 2276 456207 “Hondakinen Funtsa. Azterketa eta lan teknikoak”), 90.000 euro, trazabilitate eta kontrol sistemen zuzkidurarako eta karakterizazioak eta datuen teletramitazioak egiteko (partida honen kargura: 740001 74100 6091 456200 “Hondakinen Funtsa. Proiektu teknikoak”), eta 88.453,48 euro, andeatutako eremuak leheneratzeko jarduketetarako (partida honen kargura: 740001 74100 2279 456200 “Hondakinen Funtsa. Jarduketa orokorrak eta ingurumeneko larrialdiak sektore pribatuan”).

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zerbitzu Juridikora, Ekonomia Aferetarako Bulegora, Nafarroako Hondakinen Partzuergora eta Iruñerriko Mankomunitatera.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 17an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2010904