233. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3124E/2020 EBAZPENA, irailaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira, 2021erako, prestakuntza eta enplegu programa integratuak (PEPI) eta berariazko programak egiteko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 524452.

Gizarteak eskatzen die botere publikoei neurri eraginkor eta efizienteak har ditzatela langabezia jaisten laguntzeko, batez ere laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeei eta enplegu aukerak hobetu beharra duten landunei begira.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta hori garatzeko uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, eta esparru juridiko berria ematen diete prestakuntza arloko ekimen ezberdinei.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak. Agindu horretan prestakuntza eskaintzarako ekimen ezberdinak arautzen dira, eta horietako bat da prestakuntzarako berariazko programen bidez gauzatzen dena, prestakuntza behar bereziak edo laneratzeko edo kualifikazio profesionala eguneratzeko zailtasunak dituzten langabeei zuzenduta.

Programa horietan prestakuntza jardueraren osagarri diren ekintzak eta proiektuak sartzen ahalko dira. Horren helburua da bazterketa arriskuan dauden gizatalde ahulei prestakuntza ematea, kualifikazioa izan dezaten eta haien garapen pertsonala eta soziala sustatzeko.

Prestakuntza hori bi modalitatetan gauzatuko da: prestakuntza eta enplegu programa integratuak egitea (I. modalitatea), arreta integrala emanez, lan esperientzietan parte hartuz eta laneratzen lagunduz, eta berariazko programak egitea (II. modalitatea).

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horiek kudeatzeko eskumena, berriz, osoa zein partziala, beste administrazio publiko batzuena da. Halaber, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Langabeentzako prestakuntza eta enplegu programa integratuak (PEPI) eta berariazko programak 2021ean finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea.

3. 2.593.784 euroko gastua baimentzea, 2021eko aurrekontuan gaitzen den eta 2020ko gastu aurrekontuko “Tailer eskoletako programak eta berariazko programak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 4819 242200 partidaren baliokidea den partidaren kargura, baldin eta, bi gastuen kasuan, horretarako kreditua badago. DDBN: 524452.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Iruñean, 2020ko irailaren 16an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

1.–Xedea.

Oinarri hauen helburua da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, Nafarroako Foru Komunitatean, 2021ean, langabeentzako prestakuntza finantzatzeko; prestakuntza hori prestakuntza eta enplegu programa integratuak (I. modalitatea) eta berariazko programak (II. modalitatea) eginez gauzatuko da.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta akreditaturik edo kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak aurrez aurre irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako eta/edo akreditatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi dituzten entitateek eskabidean zehaztu beharko dituzte zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza espezialitateetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek deialdia argitaratzen den egunean.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede den prestakuntza.

3.1. Deialdi honetan aurreikusirik dago dirulaguntza ematea langabeentzako prestakuntza eta enplegu programa integratuak (I. modalitatea) eta berariazko programak (II. modalitatea) egiteko, aurrekontu banaketa honekin:

–Prestakuntza eta enplegu programa integratuak: 1.811.607,75 euro.

–Berariazko programak: 782.177,25 euro.

3.1.1. I. modalitatea: Prestakuntza eta enplegu programa integratuak, 1. mailakoak (PEPI).

Programa integratuetan enplegagarritasunerako ibilbide bat egiten da, lagun egiteko, prestakuntza emateko eta laneratzeko ekintzekin.

Diruz lagundu beharreko programak deialdi honetako II. eranskinean ezarrita daude.

a) Prestakuntza teknikoa.

Prestakuntza teknikoan 1. mailako prestakuntza ekintzak eginen dira, deialdi honen II. eranskinean jasotakoak.

b) Prestakuntza osagarria (finantzagarria, gehienez ere, 60 ordu).

Laneko arriskuen prebentzioari buruzko ikastaro bat emanen da, Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan araututakoarekin bat. Espezialitatean sartuta baldin badago laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza, edo kasuan kasuko pertsonak prestakuntza frogatua baldin badu laneko arriskuen prebentzioan, ez du prestakuntza hori egin beharko.

Prestakuntza hori osatuko da ekintza hauetako batzuk edo denak eginez, aipatutako 60 orduko gehieneko mugara iritsi arte:

–Digitalizazio-alfabetatze informatikoaren arloko prestakuntza.

–Funtsezko gaitasunen arloko prestakuntza, hala nola gaztelania eta matematika, gaitasun teknikoak eskuratzen laguntzeko.

–Gutxienez 4 orduko jardunaldi bat genero berdintasunari buruz, sektoreari lotuta.

Hartzaileek hiru prestakuntza ekintza hauek lehenago eginak baldin badituzte, prestakuntza ez egiteko aukera egonen da, osorik edo zati batean.

Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

c) Lagun egitea eta laneratzea.

c.1. Lagun-egitea.

Programetako partaideei lagun-egite pertsonalizatua emanen zaie, programan hasi, parte hartu eta aurrera egin dezaten ahalik eta probetxu handienaz.

Lagun egiteko, entitate onuradunen erreferentzia izanen dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek eta orientazioaren arloan dituen entitate laguntzaileek egindako diagnostikoa eta ibilbidea. Horretarako, Orientasare eta/edo Silcoiweb tresna erabiliko dute.

Ikasleen ezaugarri pertsonalak eta profesionalak identifikatu ondoren, lagun-egitea eta laneratzearen kudeaketa ezaugarri horietara moldatuko dira eta jarduketa hauek hartuko dituzte barnean:

–Segimendu, babes eta ebaluazioko banakako saioak, tutoretzen bidezkoak: 2,5 ordu parte-hartzaile bakoitzeko.

–Taldekako tailerrak, enplegurako gaitasun pertsonal eta sozialak garatzeko, esate baterako, autoezagutza eta autokonfiantza, aldaketarako egokitzapena, ekimena, automotibazioa, ikasten ikastea, sormena, komunikazioa eta talde lana: 20 ordu gehienez ere.

c.2. Laneratzea eta lanekoak ez diren praktikak.

Entitate onuradunek kudeatuko dute ikasleek lanekoak ez diren praktikak egitea eta haien laneratzea, bai eta ekintzailetzaren arloan aholkularitza ematea ere. Programaren memorian ekintzailetza sustatzeko lan metodologia jasoko da. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzeko bi ordu kalkulatzen dira.

Programetan bete beharko da gutxienez ere programaren iraupenaren ehuneko 75ean parte hartu duten ikasleek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiteko baldintza, betiere prestakuntzako espezialitateari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan.

Lanekoak ez diren praktikak 7. oinarrian adierazitakoaren arabera beteko dira.

Programetan bete beharko da kontratazio konpromiso bat, gutxienez ere programaren iraupenaren ehuneko 75ean parte hartu duten langabeen ehuneko 25 kontratatzeko, prestakuntzako espezialitateari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan.

Entitateek kontratazio konpromiso gehigarri bat hartzen ahalko dute, eta hori baloratuko da dirulaguntza emateko prozeduran, 10. oinarrian ezarritako moduan.

3.1.2. II. modalitatea: 1. mailako berariazko programak, deialdi honen II. eranskinean jasotakoak.

3.2. Prestakuntza eta enplegu programa integratuak eta berariazko programak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarte egiten ahalko dira.

3.3. Prestakuntza jarduera nahiz lagun-egite eta laneratze jarduera, programa integratuen kasuan, presentzialak izanen dira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen ahalko du, osasun publikoko salbuespenezko arrazoiengatik, jarduera egiteko modalitatea aldatzea, gela birtualeko modalitate presentzialean edo modalitate mistoan egin dadin, hau da, ikasleetako batzuek modu presentzialean egitea prestakuntza jarduera eta beste batzuek gela birtualaren bidez.

3.4. Irakasle guztiek inskribatuta egon beharko dute irakasleen fitxategiko aplikazioan; hala ez bada, inskribatzea eskatu beharko dute helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6631/Inscribirse-en-el-fichero-de-docentes-de-formacion-para-el-empleo

3.5. Prestakuntza eta enplegu programa integratuetan prestakuntza ekintzak, profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ematen dituzten irakasleak akreditatu beharko dira, prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak, profesionaltasunaren ziurtagiri bakoitzaren IV. atalean biltzen direnak, betetzeko, eta frogatu behar dute irakasteko eskatutako gaitasuna dutela, profesionaltasunaren ziurtagiri horri buruzko errege dekretuaren xedapen orokorren 6. artikuluko 3. puntuan adierazia, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko ekintzetan irakasten ez badu, ez da beharrezkoa akreditatzea.

Prestakuntzaren plangintza egitean, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko bada, egiaztatuko da irakasleen fitxategian inskribatuta eta akredituta dagoela kasuan kasuko prestakuntza modulua(k) irakasteko. Prestakuntza ziurtagiriak lortzeko ez bada, egiaztatuko da inskribaturik dagoela.

3.6. Irakasleak baldintzak betetzen dituela akreditatu ezean, zentroa arduratu beharko da berrikuspena eskatu eta dokumentazioa aurkezteaz Enplegu Atariko Zentro Laguntzaileen orrian dagoen prozedura betez:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6625/Acreditacion-de-docentes-de-formacion-para-el-empleo

Prestakuntza ekintza hasi baino 15 egun natural lehenago bederen egin behar da tramite hori.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Deialdi honen II. eranskinean zerrendatutako prestakuntza diruz lagunduko da.

Eranskin horretako erreserbako prestakuntza besteekin batera esleituko da, baina, eman eta gauzatzeko, aurrekontu erabilgarria izan behar da.

4.2. Eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da kontuan hartuta programa integratuak edo berariazko programak diren, eta ez da inola ere izanen deialdi honen II. eranskinean adierazitako kostua baino handiagoa:

a) Programa integratuak: zenbatekoa zehaztuko da ondotik aipatzen diren zenbatekoak aplikatuz kontzeptuen arabera:

KONTZEPTUA

MODULUA, PARTE-HARTZAILEA/ORDUKO EDO PREZIOA/ORDUKO

GEHIENEKOAK

Prestakuntza teknikoa eta osagarria

7,20 euro parte-hartzaile bakoitzeko eta orduko

15 parte-hartzaile

Tailerrak taldean

7,20 euro orduko

20 ordu parte-hartzaile bakoitzeko

Tutoretzak.

50 euro orduko

2,5 ordu parte-hartzaile bakoitzeko

Laneratzea eta praktikak

50 euro orduko

2 ordu parte-hartzaile bakoitzeko

b) Berariazko programak: parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntza orduko berariazko modulu ekonomikoa, II. eranskinean dagoena, aplikatzean ateratzen den zenbatekoa.

5.–Prestakuntzan parte hartzen ahal dutenak.

5.1. Deialdi honetan arautzen den prestakuntzaren hartzaileak honakoak izan daitezke:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Programa bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez % 70 talde horretakoak izanen dira.

b) Landunak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

Pertsona horiek izanen dira, gehienez ere, prestakuntzan hasten diren guztien % 30.

c) Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin izanen dute prestakuntza programa hauetan parte hartu.

Hautagaiek programaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

5.2. Programa integratu edo prestakuntza ekintza bakoitzean 15 pertsonak har dezakete parte gehienez ere. Entitate onuradunek parte-hartzaileen kopurua handitzen ahalko dute 20raino. 15 baino gehiago badira, 15.etik aurrerakoak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina akreditatzen ahalko dira prestakuntza probetxuz bukatzen badute. Asegurua izan beharko dute, 13.1. oinarrian ezarritako moduan.

Profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak dituzten programa integratuetan, parte-hartzaileen kopurua handitzen ahalko da soilik horretarako akreditaturik badaude.

Hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu programa bakoitzean.

5.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta organo eskudunen eskura egonen dira, ebaluazio, jarraipen eta kontrol lanak egiteko.

5.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Inskripzioa Enplegu Atariko prestakuntza atalaren bidez eginen da. (https://formacion.navarra.es/eu/).

5.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean ezarritako ikaspostu kopurua, entitate onuradunak hautaketa eginen du, honako irizpide eta lehentasun-ordenaren arabera:

a) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

b) Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Dirusarrera jasotzen dutenak.

c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek, orientazio zerbitzuak ematen dituzten entitate laguntzaileek edo Gizarte Zerbitzuek bidalitako pertsonak.

d) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

e) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.

f) Ikastaro bakoitzean lehentasunerako baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.

g) Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, maila probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, taldeko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

Hautaketan, emakumeen kopurua eta gizonena bera izan daitezen ahaleginduko da.

Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte programetan sartzen diren egunean.

5.6. Prestakuntza entitateak zorrotz zehaztu beharko ditu hautaketa irizpideak. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak irizpide horien berri emanen du programako fitxetan.

5.7. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari emanen dio emaitzen berri, eta, bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek edo entitate laguntzaileek bidalitako pertsonen hautaketaren emaitzaren berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, parte ez hartzeko edo ez hautatzeko arrazoia emanez.

5.8. Ikasleek programa integratura edo prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek probetxuz bete. Horietan parte hartzeak dakartzan betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Hirutan baino gehiagotan hilabetean prestakuntza jarduerara ez joatea arrazoitu gabe.

b) Programa integratua edo prestakuntza ekintza probetxuz ez betetzea.

c) Programa integratua edo prestakuntza ekintzaren ohiko garapena trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo programa integratua edo prestakuntza ekintza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Programa integratua edo prestakuntza ekintza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Programa integratua edo prestakuntza ekintza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian ager daitekeen beste edozein.

5.9. Programa integratua edo prestakuntza ekintza justifikatutako arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste programa integratu edo prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatu arte aurrekoa utzi zutenetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.10. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako jarduera bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten gorabeherak atzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Programa integratuetan eta prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TME/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Laguntzak eta bekak zuzeneko araubidearen bidez emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Lanik ez dutenek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Hiru hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi den benetan, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik.

Ostaturako, mantenurako eta, kasua bada, garraiorako gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez, txartelaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. mailarainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren ehuneko 75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe.

7.–Lanekoak ez diren praktikak.

7.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, edo egin beharko dituzte, kasua zein den, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena ematen badu. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

7.2. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeak 6. oinarrian aurreikusten diren beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira. Pertsona langabea den erabakitzeko, kontuan hartuko da lanekoak ez diren praktika profesionalen hasieran zein lan egoeratan dagoen.

7.3. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dauden programa integratuekin, ibilbideekin edo prestakuntza ekintzekin lotutako praktika profesionalak, lanekoak ez direnak, programa integratua, ibilbidea edo prestakuntza ekintzarekin batera egiten ahalko dira, baldin eta horien ehuneko 75 bete bada, gutxienez, edo horiek amaitu ondoren, balorazio positiboarekin gainditu badira. Azken kasu horretan, ez dira 6 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean.

Praktiken iraupenari dagokionez, ibilbidearen edo prestakuntza ekintzaren iraupenaren %20tik %100era bitartekoa izanen da, eta ezin da 30 ordutik beherakoa izan.

Entitate onuradunak erraztu beharko du prestakuntza praktikoko modulu horiek egitea. Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

7.4. Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratuta dauden programa integratuekin lotutako praktika profesionalak, lanekoak ez direnak, programa integratuarekin batera egiten ahalko dira, baldin eta horien ehuneko 75 bete badira, gutxienez, edo hura amaitu ondoren, balorazio positiboarekin gainditu badira. Programarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken moduluan hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren %75etik gora emanda dagoenean. Praktikak ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen ekintza bukatzen denetik praktiken hasierara bitarte. Epe hori luzatzen ahalko da behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren baimena izanda.

Prestakuntza praktikoko modulu hori bakarrik egiten ahalko dute prestakuntza ekintza hori bukatu eta kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagirian aurreikusten diren prestakuntzako modulu guztiak bete dituztenek. Entitate onuradunak erraztu beharko du prestakuntza praktikoko modulu horiek egitea. Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da prestakuntza praktikoko modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

Prestakuntza ekintzaren bukaeran, dagokion profesionaltasun ziurtagirian aurreikusitako prestakuntza modulu guztiak osatu ez dituztenen kasuan, praktikak 7.4 oinarrian ezarritakoak arautuko ditu.

Profesionaltasun ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza ekintzak, lantokietako prestakuntza praktikoko modulua barne, ziurtagiri horiek arautzen dituen legediari jarraikiz eginen dira.

7.5. Ikasleren batek egin nahi baditu profesionaltasun ziurtagiria lortzeko nahitaezko praktikak ez diren beste batzuk, haiek baimentzen ahalko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, eta 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio. Kasu horretan, zentroak interesdunari komunikatu beharko dio praktikek ez dituztela betetzen profesionaltasun ziurtagiriko praktiken moduluaren baldintzak, eta, hortaz, ez dutela hura egitetik salbuesten. Interesdunak adostasuna adierazi beharko du.

8.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

8.2. Eskatzen diren programa integratuen loteak eta berariazko programak oinarri hauetako II. eranskinean jasotakoak izan beharko dira, eta ez dira onartuko baldintza hori betetzen ez dutenak.

8.3. Entitate eskatzaileek eskabide bat aurkeztu beharko dute I. modalitateko prestakuntzarako eta beste eskabide bat II. modalitateko prestakuntzarako.

8.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskabidea sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

c) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

d) 10.1 oinarrian berdintasunari buruz baloratu beharreko datuei buruzko adierazpena.

e) Adierazpena, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

Eskabidea sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

8.5. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntzaren laburpena, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Balorazio irizpideak justifikatzen dituen memoria, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

d) Prestakuntza inskribatutako edo kreditutako instalazioak ez diren beste batzuetan eman nahi duten entitateen kasuan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

e) 10.1 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea.

f) Aurreko guztiaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

8.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatuko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak.

10.1. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Entitate eskatzaileak programa integratuak edo berariazkoak garatzeko duen gaitasun frogatua: 50 puntu gehienez, honela banatuta:

A.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da entitate eskatzaileak 2019ko ekitaldian lortutako puntuazioa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak programa integratuetan, I. modalitatean, eta, II. Modalitatean, batik bat langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdian parte hartzen dutenei egindako inkestetan.

Inkestetako 3tik 4ra doan tarte bat hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 10 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

2019ko ekitaldian, eskatutako espezialitateari dagokion lanbide arloari lotutako espezialitaterik eman ez duten entitateei, emanen zaie ekitaldi horretan kontzeptu honengatik lortutako batez besteko puntuazioa.

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan aurreko 2019ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2019ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio, eskaera guztiak hartuta kontzeptu horretan lortzen dena.

A.3. Emandako dirulaguntzen gauzatze maila.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da 2019ko ekitaldian noraino gauzatu den dirulaguntza, hain zuzen ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, programa integratuak, I. modalitatean, eta, II. modalitatean, batik bat langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko emandakoa.

Zenbaketa honela eginen da: 2019ko ekitaldian ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza:

–Emandako dirulaguntzaren %90 baino gehiago gauzatzea: 10 puntu.

–Emandako dirulaguntzaren %90 arte gauzatzea: 10-0 tarteari dagokion puntuazioa emanen da, proportzioan.

2019ko ekitaldian programa integratuen edo nagusiki langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzen onuradun izan ez diren entitateen kasuan, 10 puntu emanen zaizkie.

A.4. Laneratze indizea.

Irizpide honek 15 puntuko balorazioa du gehienez.

Programa integratuan, I. modalitatean, edo batik bat langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzan, II. modalitatean, iraupenaren ehuneko 75ean parte hartu duten ikasleen laneratze indizea baloratuko du prestakuntzako zentroak edo entitateak 2019ko ekitaldian Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak programa integratuak, I. modalitatean, edo batik bat langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak, II. modalitatean, egiteko dirulaguntza jaso dutenek.

Honela eginen da zenbaketa: pertsona landunen portzentajea ehuneko 10 eta ehuneko 60 bitartean dagoenean, 2-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Aurrekoaren ondorioetarako, “laneratze garbi” hitzekin ulertzen da prestakuntza zentro edo entitateak prestakuntzako espezialitateari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan laneratzea, edo autoenpleguaren bidez lortutako laneratzea, prestakuntza ekintza bakoitza bukatu eta hurrengo sei hilabetean, gutxienez ere hilabetez. Autoenplegurik gabeko laneratzearen kasuan, hilabeteko iraupenak kontratu bakar batekoa izan beharko du.

Programa integratuetan edo lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzetan 2019ko ekitaldian onuradun izan ez diren entitateen kasuan, eskaera guztietan kontzeptu honengatik lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie.

A.5. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela txosten bat dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoria barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

B) Programa integratuen edo berariazko programen alderdi teknikoak: 20 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Kontratatzeko konpromisoa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da programa integratuaren edo prestakuntza ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean, gutxienez, parte hartzen duten ikasleak kontratatzeko konpromisoa (baldin eta nahitaezko laneratzearen ehuneko 25 gainditzen bada).

Honela eginen da zenbaketa:

–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, prestakuntzako espezialitateari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 5 puntu.

–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako espezialitateari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 2,5 puntu.

B.2. Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: prezioa merkatzen bada, eranskinetan ezarritako prezioen ehuneko puntu bakoitzeko: 1 puntu. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

10.2. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

11.–Esleitzeko irizpideak.

11.1. Dirulaguntzak modalitateen arabera emanen dira, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuz, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Modalitate bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

–Lehenik, entitate bakar batek eskatutako programa integratuen eta berariazko programen loteak esleituko dira.

Programa integratu eta berariazko programa horiek ez dira kontuan hartuko gainerako programa integratu eta berariazkoak esleitzeko.

–Ondoren, programa integratuen loteak esleituko dira, II. eranskinean ageri diren hurrenkeran.

Lote bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta lote kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako lote kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko dira.

Onuradunak izanen dira soilik eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu dutenak.

–Ondoren, berariazko programak esleituko dira eman behar diren tokiaren arabera, iraupen luzeenetik laburrenera ordenatuta, erreserbako programak salbu, zeinak esleituko baitira II. eranskinean ageri diren hurrenkeran.

Onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta Nafarroan prestakuntza programa kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako prestakuntza programa kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko da.

Onuradunak izanen dira soilik eskatutako prestakuntza programan balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu duten eskaerak.

–Azkenik, bi modalitateetako batean esleitu ez diren zenbatekoak beste modalitatean esleitzen ahalko dira, aurreko apartatuan adierazitako moduan.

11.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpideak aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:

–Puntuaziorik handiena “laneratze garbiaren indizea” izeneko balorazio irizpidean.

–Puntuaziorik handiena “kontratazio konpromisoa” izeneko balorazio irizpidean.

–Eskaera erregistroan lehenago sartu zena.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

12.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, ondoko kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

12.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

12.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Partaideentzako programa integratua doakoa dela bermatzea.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren ziurtapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza programa egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak, lanekoak ez diren praktikak barne, dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

e) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

f) Prestakuntza ez badago profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratuta, entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak luzatuko ditu bi ziurtagiriak IRIS aplikazioaren bidez.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozedura instruitzeko fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bidez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bidez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Jarduerak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasun betebeharrak:

13.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

13.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

13.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

13.3. Kontratatzeko konpromisoa betetzeko betebeharra:

13.3.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dute kontratazio konpromisoa bete dela, “Agirien taula. Langabeak” agirian zehazten diren moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

13.3.2. Baldintza hauen arabera gauzatuko da kontratazio konpromisoa:

a) Kontratazioak eginen dira emandako prestakuntzarekin lotuta dagoen lanbide arloko lanetan.

b) Kontratazioa programako bigarren egunetik aurrera egin daiteke, eta sei hilabeteko epean egin beharko da, prestakuntza etapa bukatu eta biharamunetik hasita. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, bukatu aurretik, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

c) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

d) Kontratazio konpromisoa betetzearen ondorioetarako, kontratazio mugagabetzat hartuko da ikasleak bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean. Halakoetan, laneratze horren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

e) Kontratazio konpromisoa betetzearen ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da, batetik, programa integratua bukatu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen diren ikasleen kasua, eta, bestetik, langile autonomoen araubide berezian alta emandakoak, kasuan kasuko kuotak ordaindu badituzte gutxienez ere 3 hilabetez.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Programa integratuak eta berariazko programak garatu eta ematerakoan, ondoko arauak beteko dira: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluak eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikulua.

14.2. Programa integratuen eta berariazko programen hasieraren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, prestakuntza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza ekintza, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

14.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren %25 gainditzen den eskola eguna baino lehen, egun hori barne.

14.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo prestakuntza bertan behera uzten bada, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman baino lehen.

14.5. Entitateak uko egiten ahalko dio emandako dirulaguntza gauzatzeari, betiere 2021eko maiatzaren 31 baino lehen. Kasu horretan, hurrengo deialdietan baloratzen bada emandako dirulaguntzak noraino gauzatu diren, uko egin ondoren gelditutako dirulaguntza hartuko da erreferentzia gisa.

15.–Gastu diruz lagungarriak.

Entitate onuradunak bete beharko du Gastu diruz lagungarriei buruzko martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

16.1. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

16.2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Programa integratua edo prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 bat gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakarra ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60 gehienez, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

16.3. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, prestakuntzan, lagun egiten eta laneratzean egindako lana zehaztuta. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 17.2 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikatzeko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Entitate onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpen bat egindako unitate fisikoen kopuruari buruz:

–Programa integratuen kasuan:

–Prestakuntza tekniko edo osagarriagatik: prestakuntza ekintzak bukatzen dituzten partaideak eta prestakuntza orduak.

–Lagun egiteko eta laneratzeko jarduketengatik: Egindako jarduketen zehaztapenak: arduraduna, parte hartu duten ikasleak, egunak, orduak, gauzatzeko tokia eta kostua.

–Berariazko programen kasuan: programa bukatu duten partaideak eta prestakuntza orduak.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan edo fakturetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

16.4. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, programa bukatu eta biharamunetik hasita. Programa baterako hilabeteko epea abenduaren 15etik haratago bukatzen bada, frogagiriak aurkezteko azkeneko eguna egun hori izanen da.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak edo akatsak ez zuzentzeak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 19. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

16.5. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

16.6. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

16.7. Amaierako dirulaguntza zehaztearen ondorioetarako, aintzat hartuko dira honako alderdi hauek:

–Prestakuntza tekniko eta osagarrian aplikatuko da modulu ekonomikoa prestakuntza bukatzen duen partaide bakoitzeko.

Ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzaren iraupenaren %75ean, gutxienez ere, parte hartu baldin badu. Pertsona langabeen kasuan, lana, beka edo lanekoak ez diren praktikak lortzeagatik prestakuntza ekintza utzi behar izan dutenek ekintza bukatu dutela ondorioztatuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute gutxienez. Horretarako, ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten dituen egunera arte.

–Lagun egiteko eta laneratzeko jarduketetan,

Justifikazioaren ondorioetarako, langabetuen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta lana, beka edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik ekintza bertan behera utzi behar izan badute, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak programa integratua edo prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoa ez den praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeko apartatu honetan prestakuntza ekintza bukatu duela ulertzeari buruz ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16.8. Kontratazio konpromisoa betetzen ez bada, hartu behar ez zen zenbatekoa itzuli beharko da, 19.2.b) eta c) oinarrian ezarritakoaren arabera.

17.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

17.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Jarduera bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan. Ondorio horietarako, kontsiderazio hori deialdia ebazteko ebazpenean adierazi beharko da.

17.2. Parte-hartzaileek jasotako prestakuntzaren kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide-prestakuntzako dirulaguntza sistema hobetzeko asmoz lan arloan.

17.3. Programa integratua edo prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek prestakuntzaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. Programa integratuak” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

18.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

19.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

19.2. Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Programa integratua edo prestakuntza ibilbidea ez betetzea: erabateko ez-betetzea izanen da programa integratuaren ehuneko 25era ez iristea (ehuneko hori neurtzeko, prestakuntza orduen kopurua programa bukatu dutenen kopuruarekin biderkatuko da, eta horri gehituko zaio lagun egiteko eta laneratzeko jarduketetan emandako ordu kopurua), edo prestakuntza ibilbidearena (prestakuntza orduen kopurua ibilbidea bukatu dutenen kopuruarekin biderkatuz neurtuta) Ez-betetze honek dirulaguntza bertan behera gelditzea ekarriko du. Jarduera partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatia hain zuen, betiere hori %25 baino gehiago bada.

b) Programa integratuen kasuan, langabeen ehuneko 25 gutxienez kontratatzeko konpromisoa ez betetzeak ekarriko du likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza gutxitzea edo, kasua bada, likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzultzea. Itzuli beharreko kopurua zein den zehazteko, kontratatu gabeko partaideei dagokien dirulaguntza kalkulatuko da, eta zenbateko hori kenduko zaio likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzari.

c) Eskaeran jasotako kontrataziorako konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuliko. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kalkulatuko da kontrataziorako konpromisoaren atalean lortutako puntuetan gauzatu ez direnak, eta zer eragin izan zuten puntu horiek entitatearen azken balorazioan. Portzentaje hori kenduko da likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzan.

19.3. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak hasiera batean ezetza eman zitzaien entitateei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe, baldin eta erreserbako programarik baldin badago esleituta eta eman gabe.

20.–Datuen babesa.

20.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

20.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

21.1. Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, hizpide duena lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzea. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

21.2. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

22.–Dirulaguntzen publizitatea.

22.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

22.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

23.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2010906