231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Udal kiroldegiaren eta El Romeral kirol instalazioen barne erregelamendua. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2020ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Castejongo kiroldegiaren eta El Romeral kirol instalazioen barne erregelamendua, honako artikulu hauei dagokienez: 4., 5., 12., 17., 22., 25., 28., 51., 52., 66., 68. eta 69.a. Orobat, erregelamenduaren testua aldatzea onetsi zuen hizkera inklusiboa txertatzeko.

Iragarkia 2020ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, erregelamenduaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2020ko irailaren 16an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

CASTEJONGO KIROLDEGIAREN ETA EL ROMERAL KIROL INSTALAZIOEN BARNE ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da “El Romeral” kirol instalazioen eta udal kiroldegiaren erabilera arautzea, biak Castejongo Udalarenak baitira (hemendik aurrera, Udala).

“El Romeral” kirol instalazioak dira igerileku klimatizatua eta hidroterapiako igeri-ontzia, muskulazio gela, multzokako jardueren gelak, biltokia, aldagelak, kanpoko igerilekuak, lorategi moduko kanpoko solarium eremua, pilotalekua eta kanpoko kirol pistak.

Halaber, horien barnean sartuko dira aipatu berri diren lekuei loturik eta aurreko paragrafoan esan diren instalazioetan kokaturik dauden ondasun higigarriak, instalazioak, jarduerak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak, zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira eta Foru Erkidegoan indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren arloan eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bestela, baldin instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honen 1. artikuluan aipaturiko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

3.2. Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, eta erabiltzeko erreserba egiten duten entitate edo pertsonak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barnean. Ikastetxeen barneko kirol pabilioietan, dagokion ikastetxeak izanen du lehentasuna, bertako ikasleei gorputz hezkuntza irakasteko edo haientzako kirol jarduerak antolatzeko.

4. artikulua. Udalak ezartzen duen ordutegian egonen dira irekita instalazioak, ikusten dituen behar eta eskariekin bat etorriz. Ordutegi horiek agerian jarriko dira instalazio bakoitzean.

4.1. Udalak eskubidea izanen du, salbuespen gisa, ordutegi batzuk aldatzeko, horretarako arrazoirik aski baldin badago, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, aldi baterako, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.

4.2. Udalak instalazioa denbora baterako ixteko agintzen ahalko du, hori justifikatzen duten ezinbesteko kasuak gertatzen direnean, erabiltzaileei eragindako kalteengatik erantzun beharrik izan gabe. Halakoetan, aurretik eta ahalik eta lehenen jakinarazi beharko du erabaki hori.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela jarriko da, erabiltzaileek ongi ikusteko moduko eta trabarik gabeko tokian, honako hauek azaltzeko:

–Instalazioko zerbitzuak noizbehinka erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

–Jardueraren ordutegia.

–Erabiltzaileen kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

–Egiten diren zerbitzuak edo programak.

–Instalazioko arduradunaren izena.

–Kirol arduradun teknikoen izenak.

Eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat, kontsultatu ahal izateko.

6. artikulua. Aurretik instalazio bakoitzari berariaz zer kirol esleitu zaion, horixe praktikatu beharko da bertan, lehentasunez. Beste batzuk ere praktikatzen ahalko dira, edo uzten ahalko da kirol arlokoak ez diren jarduerak egiten, baldin eta teknikoki egiten ahal badira eta Udalak idatzizko baimena eman badu, Alkatetzaren ebazpen bidez.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondoriozko kalte eta galera guztiak estaltzeko. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazio guztietan kirolean aritzean gertatzen diren istripuen gainean, horiek gertatzen badira arauak ez betetzeagatik, seinale edo abisuei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzeagatik. Ildo horretan, erabiltzailearen erantzukizuna izanen dira lerraldiek eragindako istripuak.

9. artikulua. Kirolarien eta ikusleen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, Udalaren kirol instalazioetan egiten diren ikuskizunetara eta kirol saioetara sartzea galaraziko zaie barnera honako hauek pasatu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.

9.2. Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol instalazioetan aurreko apartatuan aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Kirol instalazio bakoitzean, nahitaezkoa izanen da kartel bat jartzea ongi ikusteko moduan, honako argibide hauek azalduta:

10.1. Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala behar denean, horiengatik zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

10.2. Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua.

10.3. Nor den instalazioaren titularra eta, hala denean, nor den bertan egiten den kirol jardueraren antolatzailea, ez bada instalazioaren titularra bera.

10.4. Debeku dela instalazioan egiten diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara inor sartzea aurreko artikuluan aipatu tresna eta objektuak aldean dituela.

10.5. Instalazioaren zerbitzu-karta.

10.6. Zer arrisku sor daitezkeen instalazioko kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, desegoki erabiltzeagatik.

11. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarrera-salmentatik ateratzen den dirua geldituko da jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku, betiere ordaindu beharrez dagokion erabilera tasa eta indarreko udal zergak.

12. artikulua. Kirol entitateren batek hala eskatzen badu, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, bai eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak ere.

13. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala udalarena nola foru administrazioarena eta araudi orokorra. Nolanahi ere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

14. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan hartuz, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabiliz.

14.1. Ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabilita, aldageletan, pistetara edo harmailetara joateko pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

15. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

II. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. “Urteko abonatua” da, inskripzioa eskatu eta onartua izan ondoren, “kirola egiteko Udalaren abonatu txartela” duen pertsona; horrez gain, egunean izan behar du Udalak ezartzen
dituen kuoten ordainketa

16.1. Alta emateko, instalazioan eskuratuko diren inprimakiak bete beharko dira, eta eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu.

16.2. Kirol txartela duten abonatuak honako instalazio hauetan sartzen ahalko dira doan, denboraldiaren arabera: (Castejongo Udalak urtero erabakiko ditu instalazioen egutegia eta ordutegiak, erabiltzaileek jakin dezaten. “El Romeral” kirol instalazioak erabat itxirik egonen dira aldi batzuetan, mantentze lanak egiteko).

–Neguko denboraldia:

Igerileku klimatizatua.

Hidroterapiako igeri-ontzia.

Udal kiroldegia.

Aldagelak.

–Udako denboraldia:

Neguko denboraldiko leku beretara sartzen ahalko da, bai eta hauetara ere:

Udako igerilekuak.

Pilotalekua eta kirol pistak.

Kanpoko solarium eremua.

Ostatua.

17. artikulua. Urteko abonamendu motak:

17.1. Abonamenduetan sailkapen hau ezartzen da:

A mota: 4 urtetik beheitiko haurrak.

B mota: 4tik 15 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 16tik 65 urtera bitarteko helduak.

D mota: 65 urtetik goiti.

17.2. Udalak ezartzen dituen kuotak ordainduko dituzte abonatuek, eta kuota horiek aldatzen ahalko dira.

Aurrekoa deusetan ukatu gabe, urtero kuotei gehituko zaie aurreko urteko KPIa (kontsumoko prezioen indizea), urtarrilean aplikatzen hasita.

17.3. A motako abonatuak salbuetsirik daude inolako kuota ordaintzetik eta, jakina, beren aita-amekin edo legezko tutoreekin sartuko dira instalazioan, horiek ere abonatuak izan beharko baitute.

17.4. “El Romeral” kirol instalazioetako abonatu izan nahi dutenek sarrerako diru kopuru bat ordaindu beharko dute abonatu bilakatzeko.

Sarrerako diru kopuru hori noiz ordaindu, ordutik hasiko zaie ordainagiriak igortzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazio guztia noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja ematen duen abonatuak ez du eskatzen ahalko diru kopuru hori itzul dakiola. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du sarrerako edo matrikulako diru kopurua.

18. artikulua. Hilaren 20a baino lehen edo 20an bertan alta ematen duten abonatuek hileko kuota osoa ordainduko dute. Hilaren 20aren ondoren alta ematen dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Ezarrita dauden ordainketa moduak (hileko, hiruhilekoko, seihilekoko edo urteko kuota) gauzatuko dira banku igorpena eginez abonatuak ematen duen kontu zenbakira; beraz, nahitaezkoa da kontu zenbaki bat ematea, hartara egiteko banku igorpenak.

19. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta eman nahi badu, kuoten ordainketa eguneratu beharko du eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

Ordainagiri bat itzuliz gero, diru kopuru jakin bat ordaindu beharko da, Udalak zehaztuko duena.

20. artikulua. Baja eman nahi duen abonatuak idatziz jakinarazi beharko die instalazioetako administrariei.

20.1. Baja idatziz jakinarazi beharko da instalazioko harreragunean horretarako eskuratuko den agiriaren bidez. Interesdunek behar bezala bete eta sinatu beharko dute, banakako aleetan, hurrengo ordainagiriak zer ordainketa data duen, horrexen aurreko hilaren 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tasa kobratzeko egunaren ondoren, ez da tasa itzultzeko eskubiderik izanen.

20.2. Abonatu txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

20.3. Txartel berria egiteko, diru kopuru jakin bat ordaindu beharko da, Udalak zehaztuko duena.

20.4. Abonatuek jakinarazi beharko dute instalazioari emaniko datuetan gertatzen den aldaketa oro: helbidea, kobratzeko kontu zenbakia, harremanetarako telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

21. artikulua. Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

22. artikulua. Abonatu txartela pertsonala eta besterenezina da. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

23. artikulua. Abonatuek eskubide hauek dituzte:

23.1. Instalazioetan doan sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabiltzea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraikiz.

23.3. Kirol ikastaroetan inskribatzea, Udalak haientzat onetsitako araudiari jarraikiz, eta lehentasuna izanik abonatu gabeen aurretik.

23.4. Deskontuak izatea Udalak kasu bakoitzean onesten dituen kirol ikastaroetan, urteko abonamendurik ez dutenen aldean.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaile guztientzat, oro har, aurrerago ezartzen diren betebeharrak betetzera.

III. KAPITULUA

Abonatu gabeko erabiltzaileak

25. artikulua. “Urteko abonatuak” ez direnek (“abonatu gabeak” dira “urteko abonamendua” ez diren gainerako sarbideak erabiltzen dituztenen multzoa, hau da, udako abonamendua, hilabeteko abonamendua eta eguneko sarrera ordaintzen dutenak dira “abonatu gabeak”) sarbide hauek izanen dituzte kirol instalazioetan:

–Udako abonamendua.

–Hilabeteko abonamendua (negua).

–Hilabeteko abonamendua (uda).

–Eguneko sarrera.

–Kirol ikastaroetako inskripzioa. Kasu honetan 3 adin kategoria baino ez daude:

1) Haurrak: 15 urte bitarte.

2) Helduak: 16-65 urte.

3) 65 urtetik goitikoak.

25.1. Ezarritako sarbide bakoitzean (salbu kirol ikastaroetarako),
4 adin kategoria izanen dira:

–Haurrak: < 4 urte.

–Haurrak: 4-15 urte.

–Helduak: 16-65 urte.

–65 urtetik goitikoak.

25.2. Ezartzen diren sarbide guztietan bete beharko dira instalazioan eskuratuko diren inprimakiak, eta eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu; ordainketa eskudirutan eginen da, delako abonamendua eskatzean. Abonamendu mota hauetan ez da ordaintzeko bestelako biderik izanen.

25.3. Sarbide bakoitzak halako eremu batzuk erabiltzeko eskubidea ematen du. Arau hori ez betetzeak ekarriko du kirol instalazioen erabiltzaileari txartela kentzea eta baja ematea, eta ez zaio itzuliko ordaindutako diru kopurua.

25.4. Abonatu gabeek ez dute kirol ikastaroetan deskonturik izateko eskubidea; gainera, kirol ikastaroetan inskribatzeko, urteko abonatutzat jotzen diren erabiltzaileek lehentasuna dute abonatu gabeen aurretik.

25.5. Udako abonamendua: balioko du Castejongo Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako, eta denboraldi horretarako ezartzen den ordutegiaren barnean.

Abonamendu horrek honako hauek erabiltzeko eskubidea ematen du:

–Udako igerilekuak.

–Kanpoko kirol pistak.

–Lorategi eremua.

–Aldagelak.

–Ostatua.

Gainerako kirol eremuak ez dira erabiltzen ahalko.

25.6. Hilabeteko abonamendua: hilabete natural batez erabiltzea, eskuratzen den egunetik hasita. Instalazioko kirol eremu guztiak erabiltzeko eskubidea ematen du, urteko abonamenduak bezala.

25.7. Eguneko sarrera: instalazioan egun batez sartzea ahalbidetzen du; sartu eta atera egiten denean behar den tiketa erakutsiko zaie, NANarekin batera, harreraguneko langileei.

Eguneko sarreraren atzealdean, erosi duenaren NAN zenbakia azalduko da, eta noiznahi eskatzen ahalko da NAN zenbaki hori jatorrizkoarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrerari zilegi ez den edozein erabilera emateak (kopiatzea, hirugarrenei ematea, etab.) zehapentzat izanen du instalazioko sarbidea galtzea egunaren gainerakoan; larritasunaren arabera, bidezko jotzen diren bestelako zehapen batzuk ere ezar litezke.

Instalazioko kirol eremu guztiak erabiltzeko eskubidea ematen du, urteko abonamenduak bezala, fitness aretoa izan ezik, ez baitute erabiltzen ahalko.

Talde antolatuak sartzen direnean, 15 kide edo gehiago badituzte, %30eko deskontua eginen da proposaturiko prezioen gainean. Horretarako, nahitaezkoa izanen da aurretik erreserba egitea, gutxienez 48 ordu lehenago.

25.8. Kirol ikastaroetako inskripzioa: instalazioan sartzen ahalko dira plaza lortzen dutenak neguko zein udako denboraldian antolatzen diren kirol ikastaroetako batean. Zer kirol jardueratarako eman duten izena, kirol instalazioaren barnean horretarako dagoen eremua baizik ez dute erabiltzen ahalko eta betiere programaturiko ordutegiaren barnean.

Pertsona horiek, ikastaroaren kuota ordaintzen dutenean, nortasun agirirako neurriko argazki bat eman beharko dute, dagokien txartela egiteko.

Pertsona horiek, instalazioan sartzeko, txartela erakutsi beharko dute.

Txartelak indarra izanen du dagokion jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik.

Jarduera bukatu eta 30 minutu iragandakoan atera behar da instalaziotik.

Inork modu desegokian erabiltzen badu kirol ikastaro batean parte hartzea, bidezko jotzen den zehapena ezarriko da; hala izanez gero, baja emanen zaio ikastarotik eta ez zaio inola ere itzuliko ordaindu duen kuota.

26. artikulua. Adin txikiko batek parte hartzen ahalko du kirol jarduera batean; halakoetan, heldu batek edo tutore batek laguntzen ahalko dio, jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik eta bukatu ondoren 30 minutu iragan arte. Horretarako NANa utzi beharko du harreragunean, eta ateratzean bildu. Ezarritako denbora hori gaindituz gero, eguneko sarreraren zenbatekoa kobratuko da.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak.

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

27.3. Herritarrak eskubidea du informazioa jasotzeko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, bai eta erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Biak izapidetzen ahalko dira kirol instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea dute, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu-kartetan hartzen dituen konpromisoak.

28. artikulua. Betebeharrak.

28.1. Txartela aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dutenean. Norbaitek kirol instalazioetan sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barnean, hala hitzez nola egitez, gainerako erabiltzaileei eragotzi gabe eta gizalegezko elkarbizitzak ezartzen dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, halaber, erabiltzaileek eta instalazioetako langileek elkarri begirunea izatea; erabiltzaileek langile horien esanak onartu beharko dituztelarik, printzipioz.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta aurretik onarturiko ordu erreserbak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, bai eta horiek zaindu eta zainarazi ere; bestela, erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarren batzuei.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz horretarako.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 12 urte bitarteko adingabeek, non ez diren sartzen 14 urte baino gehiagoko norbaitek lagundurik, hark bere gain harturik adingabearen zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo haien ardura dutenen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihesteko eta gainerako erabiltzaileei ez eragozteko.

28.9. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

28.10. Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte beti, bai eta erregelamendu hau ere, eta kasu eginen diete enplegatuek horren inguruan eman jarraibideei.

28.12. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dira, eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza normala nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez den gainerako guztian, eta haien interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia gobernu batzarrera igorriko da, hark behin betiko ebazpena eman dezan. Une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera beharturik dago erabiltzailea.

28.15. Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, instalazio bakoitzean erreklamazio orriak izanen dituzte eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna hartuko du. Erantzuna nahitaez emanen da hura jasota uztea ahalbidetzen duen bideren bat erabiliz, nahiz eta aldez aurretik telefonoz jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako enplegatuen edo zerbitzuen arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harreragunea) utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

V. KAPITULUA

Berariazko araudiak Udalaren kirol instalazioetako zenbait eremuren erabilerari buruz

31. artikulua. Aldageletan eta jantzitegian bete beharreko arauak.

31.1. Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpo arropak jantzi edo eranztea.

31.2. Jantzitegi zerbitzu bakarra armairuen eremua izanen da. Eguna bukatzean, itxirik dauden armairu guztiak ireki eginen dira, egunean erabiltzeko baizik ez baitira.

31.3. Erabat debeku da armairu bat erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta armairuan gorde duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harreragunean ordaintzen den arte.

31.4. Giltza galduz gero, instalazioko arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio armairuaren barnean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen badu. Jabetza frogatzerik ez badu, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, halakoetan, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.5. Bost urtetik goitiko haurrak ez dira inola ere sartzen ahalko beste sexukoen aldageletara, ez bakarrik eta ez heldu batek lagundurik. Halakoetan, familientzako aldagelak erabili beharko dira.

31.6. Erabiltzaileek lagundu eginen dute instalazioa garbi egon dadin, langileei kasu eginez eta paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, erabat debeku da bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura edo gisako tratamenduak egitea.

31.7. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez langileek horretarako ematen dizkieten jarraibideei.

31.8. Erabiltzaileek behar den gizalegea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.9. Kabinak dituen aldagela, lehentasunez, erabiliko da zerbitzu egiteko igeriketa ikastaroei eta igerilekuei.

32. artikulua. Ur bazter eta igeri-ontzietan bete beharreko arauak.

32.1. Ur bazter eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, bete beharko da hala erregelamendu honetan nola lehendik dagoen arau berariazkoan ezarritakoa (123/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza sanitarioak ezartzen dituena).

32.2. Igerilekuak erabiliko dira erlaxazio bainuak hartzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko; betiere, igerilekuan ongi zehaztuko da bakoitzari dagokion aldea.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak hemen ematen dituen arau hauek, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

32.4. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik egozteko, baldin eta nahasmendua sortzen badute, ekipamendua gaizki erabiltzen badute eta arriskua badago erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat.

32.5. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea.

32.6. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko (edo instalaziotik egozteko), baldin eta begirunerik agertzen ez badute gainerako erabiltzaileengana.

32.7. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Halaber gomendatzen da bainatu ondoan dutxatzea.

32.8. Ur bazterrera oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Hala, bada, erabiltzailea ez da igerilekura sartzen ahalko kaleko arropa eta oinetakoekin.

32.9. Debeku da ur bazterreko eremuan edo igeri-ontzian erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

32.10. Debeku da etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur bazterretan.

32.11. Debeku da igerilekuan beste erabiltzaileei eragozten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak, etab.), salbu eta horretarako izendatzen diren egun, ordu eta aldeetan. Kasu horretatik kanpo daude igeri egiteko betaurrekoak, txanoa eta ur azalean irauteko banakako beste edozein material.

32.12. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da ibili behar ez lasterka, ez jostetan baloiekin, eta ez jolas bortitzetan, eta ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei eragozteko edo uraren kalitateari eragiteko moduko deus.

32.13. Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

32.14. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ez dituzte erabiltzen ahalko horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.15. Soroslea edo monitorea, igeri-ontziaren barnean edo ur bazterrean, instalazioetako beste enplegatu bat gehiago da eta, beraz, badu ahalmena arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartu eta zehapena ezartzeko.

32.16. Igeri-ontzietara sartzeko nahitaezkoa izanen da guztiek bainurako txano eta bainujantzi egokiak erabiltzea.

32.17. Bost urtetik goitiko haurrek, gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, baina ez haur txikiak zaintzen ari diren helduek. Kasu horretan, pertsona heldu horiek ur bazterrean eta inguruan egon beharko dute, eta uretara sartuko dira, bakar-bakarrik, beharrezkoa baldin bada.

32.18. Erabat debeku da listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen gauza oro.

32.19. Erabiltzaileak erabiliko ditu beste xede batzuetarako (ikastaroak, entrenamendua...) mugaturik ez dauden aldeak.

32.20. Izena eman dutenek, eta ikastaroetan bakarrik, erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

32.21. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei heltzea.

32.22. Bainu librean ari direnek ez diete liskar, bulka edo traba egiten ahalko, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren parte hartzaile, igerilari eta oro har erabiltzaileei.

32.23. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, direla jardueren gainean edo instalazioen erabileraren gainean, eta errespetatuko dituzte bai erregelamendu hau, bai indarreko araudia.

32.24. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Prestaturik dago batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak, etab.) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek modu arrazoizko eta ordenatuan erabiltzea. Horregatik, kalearen barnean, eskuin aldetik ibili beharko dute bainulariek; horrek aukera emanen du kale bakoitza aldi berean 8 bainularik ere erabiltzeko.

c) Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ez dira sartzen ahalko haietan inskribaturik ez daudenak.

d) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Alegia:

–Azkar igeri egiteko kalea.

–Mantso igeri egiteko kalea.

–Jostetan aritzeko kalea.

–Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

e) 0-3 urteko haurrek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

f) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak, erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean beste bainulari batzuk ez egotea, elementu horiek ez dituztenak.

g) Ez da erabiltzen ahalko flotatzeko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala, salbu eta sorosleak edo instalazioko langileek baimena ematen badute.

32.25. Hidroterapiako igeri-ontzian bete beharreko arauak.

a) 14 urtetik beheitikoek ez dute erabiltzen ahalko hidroterapiako igeri-ontzia eta, zehazki, “zorrotadak” deritzen ur elementuak, heldu batekin egonik ere. Ikasteko eremua salbuetsirik dago.

b) Hidroterapiako igeri-ontzia diseinaturik dago batera egin ahal izateko ikasteko eremuan antolatzen diren jarduerak eta erabiltzaileen erabilera librea “zorrotadak” deritzen ur elementuak dauden aldean.

c) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili beharko dira, debeku baita igerileku honetan jauziz murgiltzea, gainerako erabiltzaileei ez eragozteko.

d) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, baldin inor esperoan badago sartzeko.

e) Gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da hidroterapiako igerilekuaren barneko instalazioetako bakoitzean (zorrotadak), baldin inor esperoan badago haiek erabiltzeko.

f) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei nahasmendurik edo eragozpenik ez sortzeko.

33. artikulua. Saunan bete beharreko arauak.

33.1. Sauna diseinaturik dago aldi berean gehienez ere 8 lagunek erabil dezaten. Erabiltzera joatean, ikusten bada beterik dagoela, itxaron beharko da erabiltzaile bat atera arte.

33.2. Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei nahasmendurik edo eragozpenik ez sortzeko.

33.3. 16 urtetik goitikoek erabiltzen ahalko dute sauna.

33.4. Saunan bainujantzia erabili behar da, bai eta xukadera bat ere, haren gainean eseri edo etzateko.

33.5. Erabiltzeko aholkuak eta desegokiespenak saunan bertan daude jarrita, denek ikusteko tokian; sartu aurretik, horiek irakurtzeko gomendioa egiten da.

33.6. Erabat debeku da bizarra egitea sauna barnean, bai eta jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea ere.

33.7. Debeku da liburuak, aldizkariak edo paperak barnera sartzea.

33.8. Saunan beti oinutsik sartu behar da.

33.9. Barnean gehienez ere 15 minutuz egon daiteke.

33.10. Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua, etab.) manipulatzea.

33.11. Bertan jarriko dira ikusgai, informazio panelen bidez, eremua erabiltzeko aholku eta desegokiespenak.

33.12. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, eremu hori erabiltzea komeni zaien ala ez jakin dezaten.

34. artikulua. Egonguneetan bete beharreko arauak (instalazioaren barnean erabiltzaileak egoteko prestatu diren eremu eta elementu guztiak dira egongune, hala nola belardiak, jantokia, korridoreak, etab.).

34.1. Abonatuz edo, bestela, eguneko sarreraren prezioa ordainduz norbera instalazioaren erabiltzaile bihurtzeak bide ematen du instalazioan sartu eta hura erabiltzeko, baina ez instalazioa erreserbatu, zedarritu edo mugatzeko.

34.2. Udako denboraldian, erabiltzaileek beren aulkiak eta eguzkitakoak sartzen ahalko dituzte igerilekuen esparrura, eta instalazioak prestaturiko euskarrietan finkatuko dituzte, belardian landatu gabe.

34.3. Belardietan ezin da aritu gainerako erabiltzaileei eragozten edo belardiari eta gainerako landare apaingarriei kalte egin ahal dien deusetan.

34.4. Egonguneen xedea lasaitasunerako eta atsedenerako toki izatea denez, ez da onartuko bertan transistorerik, irrati-kaseterik edo gisakorik erabiltzea, gainerako erabiltzaileei nahasmendua edo eragozpenak sortzeko adineko bolumenean.

34.5. Debeku da berdegunera beirazko botila edo ontzirik sartzea.

34.6. Otorduetarako ohiko orduetan, jantokiko mahaiak lehentasunez jateko erabiliko dira, bestelako jardueren aurretik (mahai jokoak...). Mahai horietan plastikozko tresnak bakarrik erabiltzen ahal dira (edalontziak, platerak, sardexka-koilarak...).

34.7. Udako denboraldiaren aurreko edo ondoko hilabeteetan, eguraldi ona egiten badu, instalazio bakoitzean zabalik egonen dira eremu mugatu jakin batzuk, bertan eguzkitan egon ahal izateko.

34.8. Telefonoa publikoa izanen da, eta izanen du funtzionatzeko sistema bat, Udalari ahalbidetuko diona deien kostua eskuratzeko.

34.9. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barnean).

34.10. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

35. artikulua. Tenis pistetan bete beharreko arauak.

35.1. Tenisean bakar-bakarrik aritzen ahalko da bertan.

35.2. Esparru hori erabili nahi dutenak gehienez ere ordubetez aritzen ahalko dira, baldin bi pertsona baino gehiago badaude, eta kirolean ari daitezke gehienez ere lau pertsona, binakako partidetan.

35.3. Tenis zelaiak erabiltzaile eta abonatu guztientzat daude zabalik, baldin eta behar den forman eta denboran eskatu badituzte.

35.4. Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

36. artikulua. Squash pistan bete beharreko arauak.

36.1. Squash pistak, material eta neurri aldetik, squashean aritzeko berariaz diseinaturik daude.

36.2. Squash pista gehienez ere 60 minutuz erabiltzen ahalko da.

36.3. Squash pista erabiltzaile eta abonatu guztientzat dago zabalik, baldin eta behar den forman eta denboran eskatu badituzte.

36.4. Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

37. artikulua. Pilotalekuan bete beharreko arauak.

37.1. Pilotalekuak, material eta neurri aldetik, pilotan aritzeko berariaz diseinaturik daude, hau da: esku-pilotan, gomazko pilotaz, larruzko pilotaz, frontenisean, eta pilota federazioaren barnean sartzen diren kirol modalitate guztietan. Bestela ere erabiltzen ahalko dira, salbuespenez, aurretik udal baimena izanda.

37.2. Pilotalekua gehienez ere ordubetez erabiltzen ahalko da.

37.3. Pilotalekuak erabiltzaile eta abonatu guztientzat, daude zabalik, baldin behar den forman eta denboran eskatu badituzte.

37.4. Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

38. artikulua. Kirol pista estalietan eta gimnasioetan bete beharreko arauak.

38.1. Kirol eremu horietan mota guztietako kirolak praktikatzen ahalko dira, baldin eta kantxaren neurriak eta sabaiaren altuera bat badatoz kirol bakoitzaren berezko erregelamenduak onartzen duenarekin. Horretarako, kirol anitzeko pistaren lurrean markatuko dira joko eremurako behar diren neurriak.

38.2. Kirol eremu horiek erabiltzeko gehieneko denbora adierazita etorriko da horretarako eskuratuko den eskabide inprimakian, bai eta emakidaren idazkian ere.

38.3. Kirol eremu horiek erabiltzaile eta abonatu guztientzat daude zabalik, baldin behar den forman eta denboran eskatu badituzte.

38.4. Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

39. artikulua. Multzokako jardueren geletan bete beharreko arauak.

39.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatzen dituen ikastaroak egiteko baizik ez dira multzokako jardueren gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

39.2. Ikastaroetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da erabiltzaileentzat.

39.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta. Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei ukatzen ahalko zaie kirol eremu horretara sartzea.

40. artikulua. Muskulazio gelan bete beharreko arauak.

40.1. Urteko edo hilabeteko abonamendua duten erabiltzaileak baizik ez dira sartuko muskulazio gelan.

40.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete manera desegokian erabiltzen dituztenei. Horregatik, gela erabili nahi dutenek aurretik ikastaro txiki bat egin beharko dute monitore espezialistarekin. Behin ikastaro hori eginez gero, nahi bezala erabiltzen ahalko dira makinak.

40.3. Oro har, 16 urtetik beheitikoek ez dute erabiltzen ahalko muskulazio gela. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta guraso edo legezko tutoreen erantzukizuna izanen dira han egotearen ondorioak.

40.4. Salbuespenez eta monitoreak gainbegiratutako kasuetan, adingabeek muskulazio gela erabiltzen ahalko dute, baina betiere monitorearen oniritzia izanda.

40.5. Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute aretoa gaizki erabiltzen dutenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, bertatik egozteko, baldin eta nahasmendua sortzen badute, makinak gaizki erabiltzen badituzte eta arriskua badago erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat.

40.6. Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak aldatuta.

40.7. Higieneagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, xukadera eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

40.8. Muskulazio gelaren erabiltzaileek, pisu solteekin lanean aritu ondoren, beren lekuan utziko dituzte horiek, gela txukun egon dadin.

40.9. Aurretik osasun azterketa egiteko gomendatzen zaie erabiltzaileei.

40.10. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira erantzule izanen muskulazio gelako aparatu eta materialez erabiltzaileek egiten duten erabilera okerragatik.

41. artikulua. Kanpoko kirol pistetan bete beharreko arauak.

41.1. Nornahi sar daiteke instalazio horietara, eta haiek erabili, inolako murriztapenik gabe.

41.2. Ez da egiten ahalko banakako erreserbarik. Pistetara joaten den unean erabiliko dira. Talderen baten kasua izanez gero, behar den erreserba egiten ahalko da, erregelamendu honen 18. artikuluan zehazten den gisan.

41.3. Bertan egiten ahalko dira instalazioen azpiegiturak onartzen dituen kirol mota guztiak, bai eta bestelako edozein kirol jarduera ere, baldin arriskurik ez badago kalte egiteko instalazioko materialei edo zoruari edo bertan dauden hirugarrenei.

41.4. Debeku da pintadak egitea, jatea edo hondarrak sortzen dituen beste zernahi egitea.

41.5. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalaziorako ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek ematen dizkieten jarraibideei.

41.6. Erabiltzaileek behar den gizalegea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako abonatuak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

VI. KAPITULUA

Eskaera eta emakidetarako arauak

42. artikulua. Instalazioak bakarka erabiltzeko eskaera egin daiteke instalazioan bertan, telefonoz, edo Internet bidez, eta eskaera hartzen duen enplegatuak berehala emanen dio erantzuna, erregelamendu honetako arauak beteta, betiere. Eguna eta ordua erreserbatzeko eskaera egiten ahalko da gehienez ere egin nahi den kirol jarduera hasi baino 24 ordu lehenago.

42.1. Erreserbak zuzen egiteko, beharrezkoa izanen da erreserbatutako kirolgunea erabili nahi duten pertsonen izenak aurkeztea, zehatz-mehatz ezarri ahal izateko gehienez ere zenbat denboraz erabiltzen ahal den.

42.2. Erreserbatutako ordua hasten denetik hamar minutura erreserba egin duen pertsona ez bada eskatutakoa erabiltzen ari, erreserba besterik gabe deuseztaturik geldituko da eta ordu hori beste eskatzaileren bati ematen ahalko zaio.

42.3. Ez da inola ere erreserbatzen ahalko ordu bat baino gehiago egun bakoitzeko, eta, emandako denbora bukatutakoan, erreserbatutako tokia erabiltzen jarraitzen ahalko da, baldin eta gerorako erreserbarik ez bada. Nolanahi ere, erreserbako denbora bukatu ondoren, nahiz eta geroagorako erreserbarik ez izan, erabiltzaileek utzi egin beharko dute erabiltzen ari diren kirol eremua, instalazioko atezainak hala eskatuz gero.

42.4. Udako igerilekuak irekita dauden denboraldian, kiroldegi berean dauden kirolguneak instalazioko harreragunean edo telefonoz erreserbatuko dira, 10:00etatik aurrera. Egunean egunerako erreserbatzen ahalko dira kirolguneak, bakar-bakarrik.

43. artikulua. Udalaren kirol instalazioak multzoka erabiltzeko eskaera egin beharko da ereduzko inprimaki baten bidez. Inprimaki hori kirol instalazioetan bertan eskuratuko da, edo udaletxean. Eskabide hori behar bezala beterik aurkeztu beharko da, eta bertan argi adierazi beharko da zer instalazio eskatzen den, zertarako nahi den, zer egunetan hasiko eta bukatuko den erabiltzen, eta zer ordutegitan, eta informazioa emanen da instalazioan egin nahi den jarduerari buruz. Ahal izanez gero, eskatutako ordutegiaren ordezko beste ordutegi batzuk emanen dira, bai eta taldeko kideen izenen zerrenda ere, bakoitzaren NANa eta helbidea adierazita.

43.1. Kirol denboraldirako eskaerak egiten direnean, hala entrenamendu saioetarako nola lehiaketetarako, abuztuaren 1etik 14ra bitarte egin beharko dira, eta kirol instalazioetan bertan edo udaletxean aurkeztu, atal guztiak behar bezala beterik.

43.2. Udala saiatuko da eskaera guztiei erantzuten, instalazioak noiz dauden erabilgarri kontuan harturik, eta horretarako eskaera guztiak batera aztertu eta eman diren ordezko egun eta ordutegiak begiratuko dira, halakorik bada. Baldin eta instalazio jakin bat erabiltzeko eskatzaile bat baino gehiago bada egun eta ordu beretan, eskaerak aurkeztu diren ordena hartuko da kontuan, eskatzaile horiek beren artean ados jarri ezean.

43.3. Udalak eskatzen ahalko du fidantza jartzeko, instalazioetan egiten diren kalteei erantzuteko; emakida erabakiko da hobekien irizten zaion moduan.

43.4. Onarturiko emakidak hartuko du balioa Udal honetan jasotzen denean lekualdaketaren frogagiria, ordezkariaren hartu-agiriarekin, bai eta (eskatzen bada) jarri beharreko fidantza ordaindu izanaren frogagiria ere.

44. artikulua. Entrenamendu saioak instalazio jakin batean egiten dituzten taldeek lehentasuna izanen dute partidak instalazio horretan bertan jokatzeko. Kirol taldeak programatuta daukaten entrenamendua hasi baino 15 minutu lehenago eta partida hasi baino 30 minutu lehenago sartzen ahalko dira aldageletara.

45. artikulua. Entitate eskatzaileak emakida osorik ordaintzeko konpromisoa hartzen du, nahiz eta ez erabili, hau da, ezarritako eta emandako denbora guztiari dagokiona.

46. artikulua. Aurreikusten ahal ez diren arrazoiak direla medio, entitateren batek erabakitzen badu uko egitea emakidari, idatziz jakinarazi beharko dio Udalari, gutxienez ere bost egun lehenago, eta ez dio beste entitate bati lagatzen ahalko bere erabilera eskubidea.

47. artikulua. Kirol kalitateko irizpideak kontuan hartuz, honako muga hauek ezartzen dira taldeen entrenamenduetarako:

–Kategoria nazionalekoak edo probintzia arteko kategoriakoak: astean 5-6 ordu.

–Autonomia erkidegoko kategoriakoak: astean 3-4 ordu.

–Tokiko kategoriakoak: astean 2-3 ordu.

Erabilerari ahalik eta etekin handiena ateratzeko xedez, baldin eta eskaera bat baino gehiago badago ordu bererako, erabiltzeko ordu bera esleituko zaie areto-futboleko eta/edo eskubaloiko bi talderi; eta saskibaloia bada, pistaren herena emanen zaie kantxa zeharka hartuta.

48. artikulua. Erabileraren emakida onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa.

48.1. Kirol jardueretan edo bestelakoetan erabiltzeko, pertsona fisikoei, entitateei, klubei, eta abarri instalazio baten emakida onartzearekin, Udala bakarrik beharturik dago erantzukizun zibileko asegurua izatera, erregelamendu honen 7. artikuluan aipatzen den bezala.

49. artikulua. Udalak zuzenean kudeatzen ez dituen bere kirol instalazioen kasuan, kudeaketaren adjudikaziodun den entitatearen ardurapean egonen da erabiltzeko emakida, erregelamendu honetan ezarritako guztia betez betiere, eta deusetan ukatu gabe Udalaren ikuskapen, kontrol eta gainbegiratze ahalmenak.

50. artikulua. Berariazko debekuak.

50.1. Debeku da kirol instalazioetan erretzea, salbu eta kanpoko aldeetan eta eremu baimenduetan.

50.2. Debeku da saldu eta kontsumitzea edari alkoholdunak eta beste droga edo estupefaziente mota oro.

50.3. Oro har, debeku da animaliak sartzea Udalaren kirol instalazio guztietan, salbu eta ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu-zakurrak. Hala sartzen ahalko dira, baina kasu jakin edo berezietan bakarrik, eta Udalaren onespena izanda.

VII. KAPITULUA

Kirol ikastaroak

51. artikulua. Udalak erabakiko du nola inskribatu kirol eta igeriketa ikastaroetan.

Kirol ikastaroetan izena emateko, lehentasuna izanen dute abonatuek gainerako erabiltzaileen aurretik. Horregatik, lehenik abonatuentzako zerrendak irekiko dira, eta gero, plazarik baldin badago, urteko abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

52. artikulua. Udalak ezarriko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak. Kategoria hauek daude:

–Haurrak: 15 urte bitarte.

–Helduak: 16-65 urte.

–65 urtetik goitikoak.

53. artikulua. Kirol ikastaro guztietan, gehieneko inskripzio kopuru bat ezarriko da jarduera bakoitzerako; beraz, kupo hori betez gero, ez da hartzen ahalko pertsona gehiago.

Bajak sortzen badira, itxarote zerrendan daudenei deituko zaie.

54. artikulua. Halaber, ikastaro guztietan gutxieneko inskripzio kopuru bat ere ezarriko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), eta izen emateak haren azpitik geldituz gero, baztertu eginen da ikastaroak egitea.

55. artikulua. Kirol ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasiz gero), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada. Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izena emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

56. artikulua. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta hiruhileko batean saio guztietara huts egiten bada bakarrik emanen zaie baja halako pertsonei dena delako jardueratik. Neurri horren xedea da kasuan kasuko jardueraren itxarote zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezaten.

57. artikulua. Oro har, ez da onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ez dira taldez aldatzen ahalko. Instalazioko kudeatzaileak badu arau hori aldatzeko ahalmena.

VIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapen araubidea

58. artikulua. Udalari dagokio behar diren diziplina neurriak hartzea abonatu edo erabiltzaileentzat, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.

59. artikulua. Instalazioetako enplegatuek txartela kendu eta abonatu edo erabiltzaileak handik egozteko ahalmena dute, baldin eta haien jarraibideei edo hitzezko kargu-hartzeei kasurik egiten ez badiete, eta erregelamendu honetako (edo aplikatzekoa den legezko araudiko) arauetakoren bat behin eta berriz hausten badute, edo erabiltzaileen segurtasuna edo lasaitasuna arriskuan jartzen badute, batere ukatu gabe arau-hausleari gerora ezartzen ahal zaion zehapena.

60. artikulua. Erregelamendu honetako edozein arau eta araudi ez betetzeak berekin ekar dezake zehapena ezartzea. Tokiko Gobernu Batzarra arduratuko da zehapena ezartzeaz, aurretik txostena eginda, falta astun edo oso astunen kasuan, eta Kirol Kudeaketako Zentroa barne hartzen duen arloko zinegotzi ordezkaria arduratuko da, bestetik, falta arinen kasuan. Zehapenak egitatearen astuntasunaren arabera ezarriko dira, eta berrerorketak kontuan hartuz, eta erabiltzaileari baja ematea ere ekar dezakete ondorioz. Baldin eta zehatutako egitateak galera ekonomikoa eragiten badu, instalazioko zerbitzu, altzari edo bestelakoren bat hautsi edo hondatzeagatik, egileak, zehapenaz gain, eragindako gastua ordaindu beharko du.

61. artikulua. Zehapenera iritsi bitarteko prozedura:

61.1. Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berekin ekar dezake txartela kendu eta, prebentziozko neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori egin dezake instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak.

61.2. Kirol Kudeaketako Zentrora igorriko da txartela, eta han atxikiko da dagokion espedientea izapidetu eta arau-haustea egin duen erabiltzaileari, bidezkoa bada, zehapena ezarri arte.

61.3. Ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean atxikiko da txartela Kirol Kudeaketako Zentroan, baldin eta zehapenak aldi baterako kentzen badu instalazioa erabiltzeko eskubidea.

61.4. Behin egun horiek iraganez gero, abonatuak bulego horietan txartela eskuratu eta berriz ere erabiltzen ahalko du instalazioa.

62. artikulua. Barne erregelamenduan eta kirol eremuen berariazko araudiari buruzko eranskinetan jasotako arauak hausten dituen egitate oro izanen da arau-haustea, eta ekarriko du apartatu honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

63. artikulua. Arau-hauste arinak:

63.1. Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

63.2. Abonatu gabeek kirol instalazioak erabiltzea erabakitako ordu eta/edo erreserba egunetatik kanpo.

63.3. Kirol instalazioak erabiltzea ezarritako sarbideetako bat ere erabili gabe.

63.4. Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

63.5. Erretzea erretzaileentzako eremuetatik kanpo (kanpoko aldeak eta eremu baimenduak).

63.6. Armairuak modu desegokian erabiltzea.

63.7. Instalazioetako langile akreditatuen esanei kasurik ez egitea.

63.8. Bi zehapen-abisu izatea.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko da:

a) Kirol instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 15 egunerako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

b) Ohartarazpena, jendaurrekoa edo pribatua.

c) Zehapen-abisua aplikatzea.

d) Aldi baterako zehapena, ez erabiltzeko kirol eremu jakin batzuk, gehienez ere hilabeterako.

e) Arau-hauste arintzat sailkaturiko egitateen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko; hura betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen arinek 6 hilabetera preskribatuko dute.

64. artikulua. Arau-hauste astunak:

64.1. Liskar eta eraso fisikoak piztea eta/edo haietan parte hartzea.

64.2. Instalazioak hondatzen dituzten animaliak edo gaiak sartzea.

64.3. Nahita zikintzea edo hondatzea belardia eta/edo kanpoko aldeak.

64.4. Igerilekuetako eta/edo hidroterapiako igeri-ontziko uraren kalitatea hondatzea.

64.5. Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo hondatzea.

64.6. Abonatu txartela behar ez bezala erabiltzea.

64.7. Hiru arau-hauste arin egitea.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

a) Kirol instalazioetatik aldi baterako egoztea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

b) Arau-hauste astuntzat sailkaturiko egitateen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko; hura betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen astunek 2 urtera preskribatuko dute.

65. artikulua. Arau-hauste oso astunak:

65.1. Instalazioak eta/edo kirol materiala hondatzea, ebastea edo lapurtzea.

65.2. Instalazioetako arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea.

65.3. Erabiltzaileen ondasunak ebastea, lapurtzea edo hondatzea.

65.4. Urtebetean hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

a) Kirol instalazioetatik behin betikoz egoztea, eta abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galtzea.

b) Kirol instalazioetatik denbora baterako egoztea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

c) Arau-hauste astuntzat sailkaturiko egitateen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko; hura betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen oso astunek 4 urtera preskribatuko dute.

66. artikulua. Kasu bakoitzean zehatzeko eskumena duen administrazio organoa:

66.1. Arau-hauste arinak direnean:

Zuzendaritza edo Udaleko Alkatetza zehapen-espediente bidez.

66.2. Arau-hauste astunak direnean:

Castejongo Udaleko Alkatetza zehapen-espediente bidez.

66.3. Arau-hauste oso astunak direnean:

Castejongo Udaleko Alkatetza zehapen-espediente bidez.

67. artikulua. Zehapen prozedura izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 32/1990 Legean ezarritakoa.

Nolanahi ere, arau-hauste arinenek ekartzen dutenean hiru egun baino gutxiagorako egoztea edo epe berean abonatu eskubide batzuk galtzea, edo ohartarazpenak, abisuak edo kargu hartzeak, orduan zehapena berehalakoa izanen da, batere prozedurarik gabe eta interesdunari hitzez jakinaraziz.

68. artikulua. Instalazioetako zuzendaritzak ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen dio Udalari.

69. artikulua. Errekurtsoak.

Errekurtsoa jartzen ahalko da, Zuzendaritzak edo Alkatetzak ezartzen dituen zehapenen aurka, berei zuzendua.

IX. KAPITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

70. artikulua. Castejongo Udalari dagozkio erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

71. artikulua. Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2010818