230. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, gizarte-langile
lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetze aldera

Tafallako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2020ko irailaren 22an, honako erabaki hau hartu zuen:

Gizarte Zerbitzuak beharrezkotzat jo du zerrenda bat edukitzea Gizarte Lanaren prestakuntza dutenekin, aldi baterako bete ditzaten sortzen diren beharrak. Kontuan izanik ez dagoela aldi baterako lan-kontratudunen zerrenda indardunik lanpostu horretarako, Tafallako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorretik eskatu da izangaien zerrenda bat era dadila gizarte-langile izateko lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, Tafallako Udalean lanpostu horretarako sortzen diren beharrei erantzuteko aldi baterako.

Ikusirik gizarte-langileak, gizarte-graduatuak eta Ongizatearen zinegotziak sinatutako proposamen-txostena.

Ikusirik deialdiaren oinarri arautzaileak.

Ikusirik Jarraipen eta Kontrol Batzordearen data honetako irizpena, eta, horrenbestez, Tokiko Gobernu Batzarrak:

ERABAKITZEN DU:

Lehendabizikoa.–Deialdiaren oinarriak onestea zerrenda bat osatzeko, gizarte-langilearen lanpostu bat hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, Tafallako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Bigarrena.–Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Langileria Departamentuari eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari.

Tafallan, 2020ko irailaren 22an.–Alkate udalburua, Jesús Arrizubieta Astiz.

DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO GIZARTE-LANGILEAREN LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO TAFALLAKO UDALAREN ZERBITZURA

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da izangaien zerrenda bat eratzea Tafallako Udalaren zerbitzuko gizarte-langilearen lanpostuak aldi baterako kontratu bidez betetzeko, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren aldi baterako.

Probak gainditzen dituztenak izangaien zerrenda batean sartuko dira, Tafallako Udalean gizarte-langilearen lanpostuak aldi baterako betetzeko.

Zerrenda hau eratzean, aurretik izan litezkeen beste guztiak bertan behera geldituko dira.

Lan-poltsa horrek gehienez lau urte iraunen du, eta epe hori Alkatetzaren ebazpen bidez luzatzen ahalko da.

1.2. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita enpresaren hitzarmen kolektiboan eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

Deialdiaren kategoriari eta une bakoitzean betetzen den gizarte-langilearen lanpostuari (B maila) dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira.

1.3. Lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izanen da lan ordutegia; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko du organo eskudunak, sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozedura honetan onartua izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

c) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Gizarte Lanaren unibertsitateko diplomaren edo graduatuaren titulua izatea, edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

f) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

g) B motako gidabaimena izatea, baita ibilgailua ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia eta deialdi honetako 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura lortzeko baldintzetan daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es) argitaratzeko.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunean, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta jendaurrean jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es).

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean, izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertu, eta ohartuz gero baldintzaren bat betetzen ez dela denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Marta Gómez, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Lehen epaimahaikidea: María Marco Castillo, Tafallako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezkoa: M. Concepción Irisarri Zamarbide, Tafallako Udaleko gizarte-langilea.

–Bigarren epaimahaikidea: Elena Algarra Cerdán, Tafallako Udaleko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Yolanda García Alfaro, gizarte-langilea, Azkoien aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatekoa.

–Hirugarren epaimahaikidea: Pilar Areso Elduayen, gizarte-langilea, Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoa.

Ordezkoa: Pilar Oses Díaz, gizarte-langilea, Azkoien aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoa.

–Laugarren epaimahaikidea: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

–Epaimahaiko idazkaria (hizpidearekin baina botorik gabe): Lourdes Galdeano Lander, Tafallako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Tafallako Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Hautapena ondoko proba honen bidez eginen da:

6.1. Proba praktikoa. 100 puntu, gehienez.

Proba teoriko-praktikoa izanen da. Idatziz ebatzi beharko da kasu praktiko bat, epaimahaiak proposatutakoa ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora izanen duten adieraziko du epaimahaiak hura hasterakoan. Gehienez ere, 100 puntu emanen dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.2. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian zein den lortu den puntuazioa eta epeak ezarriko ditu erreklamazioak egiteko.

7. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Ariketen balorazioa bukaturik eta, erreklamaziorik bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren iragarki-taulan argitaratuko du aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendaren proposamena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa.

Izangaiek berdinduta badute behin betiko azken puntuazio guztia, zozketa bat eginen da berdinketa ebazteko.

Hala, berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

7.2. Oinarri honetan aurreikusitako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio proba gainditu duten izangaien zerrenda, onets dezan. Zerrendarekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

7.3. Alkatetzak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta “www.tafalla.es” web-orrian argitaratuko da.

8. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

8.1. Hautapen-prozesua gainditu duten izangaiek baizik ez dute zerrenda osatuko.

8.2. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta onesten denetik hasita, gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Dei egitea.

Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaie eta afiliatuko dira.

9.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurren ageri denari dei eginen zaio, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehen izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

6.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan, duen postuari eutsiko baitio:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa berez baliatu ezin dena. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, Bikote Egonkorrendako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean badago.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean jarraituko dute.

9.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

9.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7. Lan-kontratuak.

Gizarte-langilearen lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterako iraupena izanen duena, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen baitu, eta haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tafallan, 2020ko irailaren 22an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaiak - Proba praktikoa

–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa. Eskubideak eta eginbeharrak.

–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

–3. arau fiskala: Tafallako etxeko laguntza zerbitzuen prezio publikoak arautzen dituena.

–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena.

–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabeen Babes Juridikoari buruzkoa.

–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurren eta nerabeen sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.

–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

–Gizarte lanaren oinarrizko tresnak. Historia, txosten soziala. Elkarrizketa gizarte lanean eta haren aplikazioak. Siuss-a.

–Akonpainamendu soziala esku-hartzearen metodologia gisa.

–61E/2020 Foru Agindua, apirilaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2020. urteko deialdia onesten duena toki entitateei dirulaguntzak emateko enplegu sozial babestuko proiektuak garatzeko xedearekin.

–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, Laguntza ekonomikoak arautzen dituena, gizartetik baztertuta daudenak gizartean eta lanean txertatzeko programetarako.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira oinarri hauek argitaratzen diren egunean indarra duen legeriari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L2010992