229. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

79/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta zehazki onura publikoaren deklarazioa ematen baitira Cabanillas udal-mugartean Nordex-Acciona N155 haize-sorgailu berria instalatzeko, eta baimena, baita ere, Serralta Haize Parkean dauden sei haize-sorgailu ixteko.

1.–Aurrekariak.

Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak 1996ko azaroaren 8an emandako 150 Foru Aginduaren bitartez, Cabanillasen Energia Elektriko Eolikoa Ekoizteko Azpiegituren (Haize Parkea) Plan Berezia onetsi zen, Eólica Cabanillas SLk sustatua.

Serralta Haize Parkea delakoak goi-tentsioko instalazio elektrikorako baimena dauka, 1997ko azaroaren 14koa, bai eta martxan jartzeko baimena ere, 1998ko irailaren 16an emana.

Bestalde, aipatu haize parkea haize-sorgailu mota berri batez (M.Torres-en TWT-1500) handitzeko proiektuak ere goi-tentsioko instalazio elektrikoa paratzeko baimena lortu zuen 2001eko urtarrilaren 16an, eta martxan jartzeko baimena, 2001eko abenduaren 13an.

Ondoren, 2014ko azaroaren 25ean, administrazio baimena eta proiektuaren onespena eman zitzaizkion haize-sorgailuaren (M. Torres-en TWT-1500) potentzia-bihurgailua kokatzeko bideratuko zen eraikinari. 2014ko azaroaren 28 eman zen jarduketa hori abiarazteko baimena.

2.–2019ko uztailaren 11n egindako eskaera.

2019ko uztailaren 11n, eta Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuz, Eólica Cabanillas SLUk aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko baimena eta zehazki onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen Acciona AW132 haize-sorgailu berria, 3.300 kW-ekoa, instalatzeko, lehen aipatutako M. Torres-en TWT-1500 haize-sorgailua, 1.500 kW-ekoa, eta 600 kW-eko hiru Ecotecnica ECO-44 haize-sorgailu (S10, S11 eta S12 kokalekuak) ordezte aldera. Horrela, ez litzateke aldatuko haize parkean osotara instalatutako potentzia (16.500 kW). Halaber, Eólica Cabanillas SLUk baimena eskatu zuen desmuntatu beharko liratekeen instalazio guztiak ixteko.

2019ko irailaren 3an, Eólica Cabanillas SLUk eskabide bat aurkeztu zuen, eta harekin batera eranskin bat, non jakinarazten baitzen Acciona AW132 modeloaren ordez Acciona AW148 haize-sorgailua instalatzeko erabakia, zio teknikoak zirela medio. AW148 modeloaren errotorearen diametroa handiagoa da, baina unitate potentzia, berdina (3.300 kW).

3.–Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta proiektuaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Eólica Cabanillas SLUk egindako eskaera, iragarkia argitaratuz 2019ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein Diario de Navarra egunkarian, urriaren 8an, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.

4.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

Orobat, proiektuaren separatak, eta, ondoren, proiektuari egindako aldaketak igorri zitzaizkien Cabanillasko Udalari, Herri-lurren Atalari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari.

5.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurrean jartzeko tramiteen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten hauek jaso zituen:

–Txostenak:

1. txostena. Ingurumen Eraginaren Atala (2019ko azaroaren 25ekoa).

2. txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atala (2019ko urriaren 8koa).

3. txostena. Ondare Arkitektonikoaren Atala (2019ko urriaren 8koa).

4. txostena. Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia (2019ko urriaren 8koa).

5. txostena. Cabanillasko Udala (2019ko abuztuaren 9koa).

5 bis txostena. Cabanillasko Udala (2019ko urriaren 7koa).

6. txostena. Basoen eta Ehizaren Zerbitzua (2020ko urtarrilaren 21ekoa).

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da.

Ez zen erantzunik jaso Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik ezta Herri-lurren Ataletik ere.

Alegaziorik ere ez zen jaso.

6.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Eólica Cabanillas SLUri igorri zizkion aurreko txostenak.

Maiatzaren 8ko 59/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenez, “Sustatzaileak aurreko artikuluan ezarritako dokumentazioa jaso eta bi hilabeteko gehieneko epean, energiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusian aurkeztu beharko ditu ingurumen eraginaren ebaluazioari hasiera emateko eskaera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaera”.

2020ko otsailaren 19an, Eólica Cabanillas SLUk aurreko epe hori “ahal beste denboraz” handitzeko eskaera aurkeztu zuen, argudiatuz “aurkeztutako proiektua jasotako txosten sektorialetan bildutako gomendio eta oharrak aintzat harturik” egokitu behar zela; orobat, xehetasunak ematen zituen modeloa aldatzeak zekartzan ondorioen gainean, Acciona-Nordex fabrikatzaileak berak egindako proposamenari erantzunez 4.500 kW-eko unitate potentzia eta 120 m luze jotzen duen abatza dituen Acciona N155 haize-sorgailua jarriko baitzuten 3.300 kW-eko unitate potentzia eta 120 m luze jotzen duen abatza dituen Acciona AW148 modeloaren ordez.

2020ko otsailaren 21ean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak hilabeteko luzapena eman zion Eólica Cabanillas SLUri.

7.–Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera, 2020ko martxoaren 12koa.

2020ko martxoaren 12an, Eólica Cabanillas SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazioaren hasiera eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatuz, eta jendaurreko informazioaren tramiteak iraun zuen bitartean jasotako txostenei emandako erantzuna gehitu zuen.

Aipatu eskaera horrekin aurkeztu zuen instalatzekoa zen haize-sorgailuaren modeloaren aldaketaren gaineko komunikazioa; aldaketak Acciona AW148 modelotik Acciona-Nordex N155 modelora –4.500 kW-eko unitate potentzia instalatua duena– igarotzea zekarren. Parkearen guztizko potentzia mantentzeko xedez, Eólica Cabanillas SLUk baimena eskatu zuen MTorres TWT-1500 haize-sorgailuari eta S10, S11, S12, S13 eta S14 kokaleku gisa identifikatutako bost ECO-44 haize-sorgailuei zegozkien instalazioak ixteko.

2020ko martxoaren 17an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurreko eskaera hori igorri zien Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalari eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

2020ko apirilaren 3an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zien Herri-lurren Atalari eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, haize-sorgailua Acciona-Nordex N155 modelora aldatzearen gainean.

Ez da Herri-lurren Atalaren erantzunik jaso. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenaren edukia (7. txostena) ebazpen honen II. eranskinean laburtzen da.

2020ko ekainaren 15ean, Ingurumen Eraginaren Atalak sustatzaileari zuzendutako errekerimendua igorri zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta egun horretan bertan bidali zitzaion. 2020ko ekainaren 30ean jaso zen sustatzaileak errekerimendu horri emandako erantzuna, eta uztailaren 1ean igorri zitzaion Ingurumen Eraginaren Atalari.

8.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak abuztuaren 10ean emandako 664E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatu zen Serralta Haize Parkean zegoen haize-sorgailu baten ordez berri bat instalatzeko eta beste bost ixteko proiektuaren gainean.

9.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak ekainaren 19an emandako 86E/2020 Ebazpenaren bidez, baimena eman zitzaion Serralta Haize Parkean zegoen haize-sorgailu baten ordez berri bat instalatzeko eta beste bost ixteko proiektuari.

10.–Aurretiazko administrazio baimenaren, eraikitzeko administrazio baimenaren eta zehazki onura publikoko deklarazioaren proposamena.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea Eólica Cabanillas SLUri, 4.500 kW-eko unitate potentzia instalatuko Acciona-Nordex N155 haize-sorgailu berria instalatu dezan Serralta Haize Parkean, Cabanillas udal-mugartean.

2. Baimena ematea ixteko bertan dauden MTorres TWT-1500 haize-sorgailua zein S10, S11, S12, S13 eta S14 gisa identifikatutako bost ECO-44 haize-sorgailuak. Horri dagokionez:

–Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 138. artikuluarekin bat, titularrak hamabi hilabeteko epea dauka baimen hau ematen denetik instalazioa ixteko.

–Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 139. artikuluarekin bat, ixteko baimena eman, egoki jotzen diren egiaztapen teknikoak egin eta teknikari eskudunak izenpetutako ziurtagiria aurkeztu ondoren, itxieraren gaineko akta eginen da.

3. Instalazio horiek egiteko aurkeztutako proiektuak, Juan A. Peña Herrero industria ingeniariak sinatuak, onestea. Hogeita hamasei hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Instalazio horri, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan, eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

5. Eólica Cabanillas SLU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

6. Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan, Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

7. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

8. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

9. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Arkitektonikoaren Atalera, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Herri-lurren Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

11. Ebazpen hau Eólica Cabanillas SLUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

12. Ebazpen hau Cabanillasko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

I. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren txostenak behean ageri dira zerrendatuta eta laburbilduta:

1. txostena.–Ingurumen Eraginaren Atala.

2019ko azaroaren 25ean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0215-000308 txostena eman zuen, honako hau adierazita:

“Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, jakitera ematen da ezen, kontuan harturik aztertutako eremuan dauden haize-sorgailu baimenduen dentsitatea handia dela eta horietako asko mendi-hegalaren goiko partean daudela kokaturik, jotzen dela gaur egun nabarmen eragiten zaiola abifaunari, lurzoruaren okupazioagatik, eta multzo osoaren iragazkortasunari, mugimenduei dagokienez.

Lau haize-errotaren ordez bakarra egoteak abifaunarentzat onuragarria lirudike hasiera batean, baina mahai gainean jarritako irtenbideak, zeinean haize-sorgailu berri bat instalatzen baita bi lerrokaduren artean errotarik ez duen korridore txiki batean, ez du multzo osoaren iragazkortasuna handitzen abifaunarentzako; are, baliteke hura txikitzea.

Horregatik, komenigarritzat jotzen da abifaunaren onerako hobeak diren beste irtenbide batzuk aztertzea, esaterako, S10, S11 eta S12 haize-sorgailuak kendu ordez S12, S13 eta S14 kentzea, horrek berekin badakar ere lehengo S11ko errota berria zertxobait urruntzea.

Horrez gain, landaredi naturalari erasatea ekiditeko, komenigarritzat jotzen da S10N haize-sorgailu berriaren eta Serralta Haize Parkeko SETaren arteko lotura egungo bidearen ertzetik joatea, 7. poligonoko 114. lurzatiko landaredi naturaleko eremua zeharkatu beharrean.”

Hori horrela, aurkezten den ingurumen inpaktuaren azterketan honako hauek jasoko dira:

–Atal espezifiko bat, proiektuak Natura 2000 sarean –zehazki “Errege Bardea” eta “Ebro ibaia” kontserbazio bereziko eremuetan– dituen ondorioak ebaluatzeko, kontuan harturik bakoitzaren kontserbazio helburuak, baita “Cabanillas Mendia” Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko intereseko eremuan dituenak ere.

–Sortutako hondakin mota eta kopuruen eta ondoriozko materia edo energia isurienkalkulua.

2. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atala.

2019ko urriaren 8an, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2019-000103 txostena egin zuen, eta hartan adierazi instalazioa hirigintza eta lurraldeari dagokienez bateragarria den osorik baloratuko duela lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarrien baimen prozedura tramitatzen hastea eskatzen denean.

3. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atala.

2019ko urriaren 8an, Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena egin zuen, eta adierazi ez dela gorabeherarik atzematen atal horren eskumenekoa denari dagokionez.

4. txostena.–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2019ko azaroaren 7an, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak txostena egin zuen (2019/816963 espedientea), eta hartan adierazi Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak ez diola zehaztapen gehigarririk ezartzen Zainketa Zerbitzuaren txostenean ezarritakoari; proiektua zuzena dela jo zuen, eta ez diola Nafarroako Errepide Sareari eragiten.

5. eta 5bis txostena.–Cabanillasko Udala.

2019ko abuztuaren 9an, Cabanillasko Udaleko arkitekto-aholkulariak 26-2019 txostena egin zuen, non baldintza jakin batzuk ezarri baitzituen, eta ondorioztatu, eskatutako obrak ikusirik, ez dagoela eragozpenik, hirigintzari dagokionez, haiek garatzeko. Hori horrela, udalak aldeko txostena eman zion CE-1050-4 espedienteari; tramitaziorako oniritzia eman zen, eta baiezkoa eman zitzaion, baita ere, parkea aldatzeko zehazki onura publikoko deklarazioari, horrek eragin positiboa duelako hala toki-administrazioak defendatzen dituen interesetan nola interes ekonomiko, sozial eta ingurumenekoetan.

2019ko urriaren 7an, Cabanillasko Udaleko arkitekto-aholkulariak 37-2019 txostena egin zuen, non baldintza jakin batzuk ezarri baitzituen, eta ondorioztatu, eskatutako obrak ikusirik, ez dagoela eragozpenik, hirigintzari dagokionez, haiek garatzeko. Hori horrela, udalak aldeko txostena eman zion CE-1050-4 espedienteari; tramitaziorako oniritzia eman zen, eta baiezkoa eman zitzaion, baita ere, parkeko haize-sorgailuaren errotorea aldatzeko zehazki onura publikoko deklarazioari, aurrekoarekiko ia baliokidea izaki, lurgainarekiko eragina 14 metro gehiagoko diametroan soilik aldatzen delako.

6. txostena.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.

2020ko urtarrilaren 20an, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak VP081/19 txostena egin zuen, eta hauxe adierazi: “kasu honetan, baimendu daiteke haize-sorgailuaren prototipoaren instalazioa, eta, hortaz, horrek ezinbestean dakartzan bideen eta eroanbide elektrikoen gurutzatzeak”. Edonola ere, baldintza batzuk kontuan hartu behar direla jakinarazi zuen, eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

7. txostena.–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak VP024/20 txostena egin zuen apirilaren 7an, eta hartan adierazi zuen “kasu honetan, baimendu daitekeela haize-sorgailuaren prototipoaren instalazioa, eta, hortaz, horrek ezinbestean dakartzan bideen eta eroanbide elektrikoen gurutzatzeak”. Edonola ere, baldintza batzuk kontuan hartu behar direla jakinarazi zuen, eragina ahalik eta txikiena izan dadin (bat zetozen VP081/19 txostenekoekin, salbu eta okupazioaren kanona gaurkotzeaz bezainbatean).

Iragarkiaren kodea: F2010843