229. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

105/2020 FORU AGINDUA, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez berriz ere indarrean jartzen baita betebehar saihetsezinagatiko baimena, aurreikusten zena maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 6. apartatuko lehendabiziko hiru paragrafoetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, beren kargura baldin badituzte 14 urtetik beherako adingabeak, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako.

Maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren bidez, arautu zen nola itzuli behar ziren, gutxinaka, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, Normaltasun berrirako trantsizio planaren esparruan.

Maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduan ezarritako antolamendurako neurrien artean, 6. apartatuan xedatu zen COVID-19a dela-eta betebehar saihetsezinagatiko baimena hartzen ahal zela, eta haren indarraldiak 2020ko ekainaren 19ra arte iraun zuen, 14 urtetik beherako adingabeak zaintzeko kasuan.

Ikusirik zer egoera sortu den 2020-2021 ikasturtearen hasieran eta adingabeen konfinamenduaren kasuak handitu direla, bidezkoa da berriz ere indarrean jartzea COVID19a dela-eta betebehar saihetsezinagatiko baimena, maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduan arautu zena, 14 urtetik beherako adingabeak beren kargura dituzten enplegatu publikoentzat, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako.

Foru agindu honen edukia erakunde sindikalekin negoziatu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Mahai Orokorrean, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 83.6.h artikuluarekin bat (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Berriz ere indarrean jartzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 6. apartatuko lehendabiziko hiru paragrafoetan aurreikusten den baimena, 14 urtetik beherako adingabeak beren kargura dituzten enplegatu publikoentzat, nahitaezko konfinamenduak edo ikastetxeen itxierak ukituta gelditzen direnerako. Foru agindu horretako gainerako apartatuetan aurreikusi bezala aplikatuko da, aplikazio-eremuari dagokionez izan ezik, barnean hartuko baititu ikastetxeetako langileak edo hari atxikitakoak, baldin eta baimena emanda behar bezala betetzen ahal badira zerbitzuaren beharrak.

2. Foru agindu honen baimena hartzeko aukera beste edozein baimen, prestazio edo antzeko tresna emandakoan bukatuko da, horiek bide ematen dietenean foru agindu honek ukitutako enplegatu publikoei 14 urtetik beherako seme-alabak behar bezala zaintzeko, eta, edozein kasutan, 2020-2021 ikasturtea bukatutakoan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ondorioak izanen ditu argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko urriaren 1ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011387