226. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 1a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

47/2020 FORU AGINDUA, urriaren 1ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezartzen ziren zenbait neurri luzatzen eta aldatzen baitira. Foru Agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz, eta Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduak aldatu zuen.

2020ko irailaren 11n, 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Gero, Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduak aldatu zuen, zeinaren bidez aipatutako foru aginduan ezarritako neurriak luzatu eta aldatu baitziren.

Bi foru aginduak judizialki berretsi ziren, hurrenez hurren, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Auzitegiaren 2020ko irailaren 14ko autoaren bidez eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2020ko irailaren 29ko 118/2020 Autoaren bidez.

Foru agindu horietan, unearen egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, eta kutsatzeak saihesteko, gisa honetako neurriak hartu ziren: pertsonen kopurua mugatzea ospakizun sozialetan, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ematen dituzten establezimenduetan; mugak ezartzea ostalaritzan eta jatetxeetan; edukiera mugatzea igerilekuetan, bide publikoko merkatuetan, joko eta apustu lokaletan, kultur ekitaldietan; elkarte gastronomikoak eta peñak ixtea; gorputz eta kirol jarduera zuzenduak mugatzea; eta pertsonen bilkurak mugatzea eremu publikoan. Foru agindu horretan ezartzen ziren neurriak hartzeko funtsezko arrazoiak ziren, batetik, kutsaduraren goranzko kurba kontrolatzen saiatzea, berdindu zedin, eta, bestetik, hartu behar ez izatea neurri askoz murriztaileagoak, bizitza soziala eta eremu ekonomikoa nabarmenki mugatuko zituztenak.

Foru agindu horren hirugarren puntuan ezartzen zenez, jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen zaie han aurreikusitako neurriei eta, horren arabera, hamabost egun naturaleko epean gehienez, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira. Ildo horretan, neurri horiek berriz luzatu ziren zazpi egun naturalez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2020ko irailaren 21etik 27ra bitarteko asteari dagokionez egindako txostenaren arabera, 2.477 kasu baieztatu dira (375 kasu 100.000 biztanleko), hau da, %23 gehiago joan den astean baino. Txosten horri jarraituz, Foru Komunitatean SARS-CoV-2aren zirkulazioa maila ertainekoa da intentsitateari dagokionez eta maila handikoa larritasunari dagokionez, eta joera goranzkoa. Handia da horrek ospitaleetan eta ZIUetan sartzen direnen kopuruan duen eragina, kasuen proportzioa handia delako adinekoen artean eta adin ertaineko helduen artean; hala ere, adin tarte horietan kasuen kopurua jaitsita, ospitaleratzeen kopurua ez da handitu aste honetan. Etxean transmititu ziren kasuen %35, ahaideen artean, eta beste kasu asko izan ziren familien eta adiskideen bilkuretan. Irailaren 28an, 29an eta 30ean, eguneroko kasuen kopurua jaitsi da, hasi baita 300 kasutik behera egoten egun bakoitzeko. Kasu baietsiak igota 39. astean (irailaren 21etik 27ra bitarteko astea) eta beheranzko joera izanda kasuen kopuruan 40. asteko lehendabiziko hiru egunean, txostenak dioenez, beharrezkotzat jotzen da neurri horiek luzatzea, gutxienez, beste zazpi egun naturalez, egoera epidemiologikoaren bilakaera aztertzeko eta zehazteko zer neurri hartu behar den hemendik aurrera.

Horrenbestez, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren datuak ikusita, bidezkoa da foru agindu honetan zehazten diren neurriak luzatzea eta beste batzuk eranstea, kutsatzeen kurba mendean hartzen jarraitzeko.

Lehenago onetsitako neurriak eta haien aldaketak luzatzeaz gain, beharrezkotzat jotzen diren beste neurri batzuk eransten dira foru agindu honetan, hala nola edukierak murriztea merkataritza-zentro eta -parkeetan, jende pilaketak saihesteko.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere zazpi egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Zazpi egun naturalez luzatzen dira, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezartzen ziren neurri guztiak. Foru Agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz, eta Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduak aldatu zuen.

Bigarrena.–14. eta 15. puntuak eransten zaizkio irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduaren lehen apartatuari (foru agindu horren bidez prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz). Hona hemen:

“14. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, jendearentzat irekita daudenak eta merkataritza zentro edo parkeen parte ez direnak.

Jendearentzat irekita daudenean txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, baldin merkataritza-zentro edo -parkeen parte ez badira, ezin izanen da gainditu gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko berrogeita hamar. Lokalek solairu bat baino gehiago baldin badute, bezeroek proportzio berari eutsi beharko diote solairu bakoitzean.

Kasu guztietan, beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko eta maskara erabiltzeko.

Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen.

15. Merkataritza-gune edo -parketzat jotzen diren establezimenduak, edo horien zati direnak.

Merkataritza-gune eta -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogei eremu komunetan eta atseden eremuetan; merkataritza-gune edo -parke bakoitzaren autobabeserako planak zehazten du zein den gehieneko edukiera hori.

Merkataritza-gune eta -parkeetan dauden lokaletan ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

Kasu guztietan, beharrezkoak diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko eta maskara erabiltzeko.

Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen.”

Hirugarrena.–Gomendatzen da gehienez ere 6 pertsona elkartzea lagunen edo familien bilera pribatuetan, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik.

Laugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, zazpi egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Bosgarrena.–Neurri horietako batzuek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian adierazitako horiek (gero Gobernuaren abuztuaren 26ko Erabakiak aldatu zuen erabakia), baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, ezertan ukatu gabe aplikatu beharreko beste xedapen orokor batzuk.

Seigarrena.–Foru agindu honetan ezarritako prebentzio neurriak eta betebeharrak betetzen ez direnean, hori administrazioko arau-haustea bada, zehapenak jar daitezke aplikatu beharreko indarreko araudiarekin bat.

Osasun agintaritzek babesa eta lankidetza jaso dezakete udaltzaingoetatik, Foruzaingotik eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan aritzen diren Estatuko segurtasun kidego eta indarretatik, foru agindu honetako neurriak ikuskatu eta gauzatzeko.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko urriaren 1ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011373