225. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

197E/2020 EBAZPENA, irailaren 14koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia. DDBN identifikazioa: 514169.

Nafarroako eskualde batzuk, tokiko eragileak buru izanik –publikoak zein pribatuak–, hainbat jarduketa diseinatzen ari dira beren eremuko ekonomia, enplegua eta enpresa-ehuna suspertzeko; Nafarroako Gobernuak positiboki baloratzen du hori, eta ekimen horiek sendotu egin nahi ditu. Babes hori gauzatzeko, laugarren urtez onetsiko da eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen deialdia. Dena delako eskualdeko entitateen –publiko eta pribatuen– ordezkaritza zabala beharko dute izan plan horiek.

Suspertze planak eskualde bakoitzaren erritmo eta inguruabarren arabera gara daitezela errazteko, hiru babes ildo mantendu dira, aurreko deialdietan bezala: A ildoa eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko da; B ildoa, berriz, plan horietan aipatutako jarduketak gauzatzea finantzatzeko; eta C ildoa, aldiz, eskualdeko estrategia bakoitzean adostutako inbertsio proiektuak finantzatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

A eta B ildoak finantzatzeko, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretatik:

810001 81100 4819 422203 Eskualdeetako plan estrategikoak

650.000,00 euro

C ildoa finantzatzeko, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretatik, 2020ko Aurrekontuan dagoen partidaren balio bereko partida:

810001 81100 7819 422200 Eskualdeetako plan estrategikoak. Proiektuak

250.000,00 euro

Honako partida hauek handitzen ahalko dira: “Eskualdeetako plan estrategikoak” izeneko 810001 81100 4819 422203 partida, eta “Eskualdeetako plan estrategikoak. Proiektuak” izeneko 810001 81100 7819 422200 partida. Hori bat dator 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legean ezarritakoarekin. Hortaz, 2020. urtean zehar aurrekontuko partida horietan diru erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 500.000 euro eta 200.000 euro, hurrenez hurren.

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako garapena eta lurralde kohesioa sustatzea. Horretarako, Foru Komunitateko eremu guztietako eskualdeak suspertzeko planak prestatzen eta gauzatzen lagunduko da.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) “Eskualdea suspertzeko plana”: lurraldeko jarduera ekonomikoa garatzen laguntzen duen plana, balorazio ekonomikoa duten jarduketak eta gauzatze egutegi bat biltzen dituena. Eskualde-organo ordezkatzailea, oinarri honen b) letran definitutakoa, osatzen duten toki eragile publiko eta pribatu gehienek babestuko dute plana.

Suspertzeko planaren lurralde-esparrua bat etorriko da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarritako eskualdeekin. Hala ere, behin-behinean, dagoeneko onetsita dauden planen lurralde-esparrua mantenduko da, Nafarroako eskualdeak foru lege baten bidez behin betiko onesten diren artean.

Eskualdea suspertzeko planak bat etorri beharko du Nafarroako Gobernuak 2017ko otsailaren 1ean onetsitako Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3), gaiak lehenesteko duen ikuspegiari helduko dio, eta bere lurralde-esparruko espezializazio ekonomikoari buruzko gogoeta eginen du.

Ahaleginak eginen dira eskualdeak suspertzeko planek jarduketa batzuk bil ditzaten helburu dutenak gure gizartearen hainbat eremutan (adibidez, lanbidea, lana edo ekonomia) emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak murriztea.

b) “Eskualde-organo ordezkatzailea”: gutxienez udalez gaindiko organorik ordezkatzaileena edo suspertzeko planaren lurralde-esparruko udal gehienak biltzen dituen entitatea. Gomendagarria da organo horrek toki garapeneko agentziak, enpresa elkarteak eta sozietate publikoak biltzea.

Organo hori oinarri honen a) letran definitu den eskualdeak suspertzeko plana balioetsi eta onesteaz arduratuko da.

c) “Prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldea”: eskualde-organo ordezkatzaileak jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko izendatutako entitatea edo entitateak.

Deialdi honen aurretik suspertzeko plan bat onetsia duten lurraldeetan, b) eta c) letretan zehaztutako eginkizunak betetzen dituzten entitateak hartuko dira eskualde-organo ordezkatzailetzat eta prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldetzat, hurrenez hurren.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak honako ildo hauetan multzokatuko dira:

A. A ildoa, “Suspertzeko plana prestatzea”: eskualdea suspertzeko plana prestatzeko laguntza teknikoko gastuak lagunduko dira diruz. Planak prestatzean, Lehiakortasunaren Zerbitzuak jarraipena eginen du, eta zainduko du planaren edukiak koherentzia izatea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin.

B. B ildoa, “Jarduketa estrategikoak”: diruz lagunduko da eskualdea suspertzeko planean sar daitezkeen jarduketak gauzatzea, baldin jarduketa horiek behar bezala zehaztuta badaude eta aurrekontu egokia badute.

Diruz lagunduko diren gastuak hauek izanen dira:

a) Gauzatutako jarduketei egotzitako zuzeneko gastuak.

Bidaia eta ostatu gastuetan, kilometro-ordaina ez da izanen kilometroko 0,32 euro baino handiagoa, eta ostatu-gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 euro izanen da gehienez.

b) Jarduketak gauzatzen aritzen diren langileen gastuak.

B ildoan egindako gastuen eta emandako aurrekontuan adierazitakoen artean %20ko aldea egoten ahalko da identifikatutako ekintza edo proiektu bakoitzeko. Gauzatutakoak portzentaje horretan gainditzen badu emandakoa, aldez aurretik Lehiakortasunaren Zerbitzuak baimendu beharko du.

Baldin jarduketa edo proiektu baten %70 edo gehiago gauzatzen ez bada, hartarako ematen den zenbatekoak ezin izanen du finantzatu gastu handiagoa, gauzatzen diren gainerako jarduketa edo proiektuetan.

B ildoari dagozkion gastuak (zuzeneko gastuak eta langileria gastuak) heldu badira aurreko deialdietan egindako eta diruz lagundutako inbertsioetatik (oinarri honetako C ildoan sartutako inbertsioak), laguntza jasoko dute soilik diruz lagundutako inbertsioa egin ondoko bi ekitaldietan.

C. C ildoa, “Inbertsio proiektuak”: diruz lagunduko dira estrategikoak diren inbertsioak, eskualdeko planarekin koherentzia dutenak eta eskualdeko organoak onetsiak, baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste laguntza batzuk lortu ezin badituzte eta bat egiten badute eskualdea suspertzeko planaren helburu eta ildo estrategikoekin.

Ibilgetu material eta immaterialetako inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira inbertsioak abiarazi arte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxieneko inbertsioa 20.000 eurokoa izanen da.

b) Gastuak ibilgetuan aktibatu beharko dira inbertsio proiektuaren berariazko identifikazio-kontuetan.

c) Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Lurrak erosteari buruzkoak.

–Finantza errentamenduaren bidez egindako erosketak.

–Bigarren eskuko ekipo-ondasunen erosketa.

–Luxuzko gastuak.

–Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

–Diruz lagunduriko jarduketaren izaerarekin bat ez datozenak.

–Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

–Zor-interesak.

d) Deialdi honetan, inbertsio proiektu bakarrerako emanen da dirulaguntza eskualdeak suspertzeko plan bakoitzeko. Eskualde-organo ordezkatzaileak eskualderako estrategikoa dela deklaratu beharko du.

2. Eskualdeak suspertzeko plan bakoitzak laguntza eskaera bakarra aurkeztuko du ildo bakoitzean.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren eskaera egiten duen jarduketaren arabera, honako hauek izaten ahalko dira onuradun:

a) A ildoa: prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatuak izan diren irabazi-asmorik gabeko erakundeak; hain zuzen, ordezkaritza handiena duen eskualde-organoak izendaturikoak.

b) B ildoa: prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatuak izan diren irabazi-asmorik gabeko erakundeak –ordezkaritza handiena duen eskualde-organoak izendaturikoak– eta, dagoeneko, eskualdea suspertzeko plan bat onetsia eta gauzatze bidean dutenak, A ildoa.

c) C ildoa: eskualdea suspertzeko planean aipatutako inbertsio proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, B ildoa.

Ildo bakoitzerako, entitate bakarra aurkezten ahalko da eskualdeak suspertzeko plan bakoitzeko.

2. Dirulaguntza eskatzen den unean, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere. Eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori. Entitate publikoak adierazpen hori aurkeztetik salbuetsita daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ebazten duen proposamena egiten den unean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

3. Onuradunaren eta beste entitate baten artean idatzizko akordioa badago beste entitate horrek diruz lagundutako jarduketa bat osorik edo zati batean gauzatu dezan, hori ere onuradun bihurtuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Hirugarren oinarrian aipatutako jarduketen gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gastu diruz lagungarrietako baten bat 30.000 eurotik gorakoa bada, obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo-ondasunak hornitzeko edo zerbitzuak emateko kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta:

–Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori ematen duten entitateak aski ez badira merkatuan.

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

b) BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

c) Aplikatzekoa zaien entitateen kasuan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoa bete beharko dute.

2. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

a) A eta B ildoak: 2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era, egun hori barne.

b) C ildoa: 2019ko abenduaren 1etik 2021eko ekainaren 30era, egun hori barne.

Ondorio horietarako, jarduketa gauzatu dela ulertuko da epe horien barrenean fakturatu eta ordaindu direnean gastuak.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarrien %100 izanen da dirulaguntza, eta gehieneko zenbateko hauek izanen dira:

a) A ildoa: 45.000 euro onuradun bakoitzeko.

b) B ildoa: 300.000 euro onuradun bakoitzeko.

c) C ildoa: 200.000 euro onuradun bakoitzeko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 12. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Laguntza eskaera bakar baten xede izanen da 3. oinarriko ildo bakoitza, eta eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio (eskaneatuta aurkeztuko dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Eskualde-organo ordezkatzailearen eratze-agiria edo -akta eta estatutuak.

c) Eskualde-organoaren bilerako akta edo 2.c) oinarriak aipatzen duen izendapena frogatzen duen bestelako dokumentazioa.

d) B ildoko dirulaguntzaren eskaerei honako hau ere erantsi beharko zaie:

–Deialdi honetan garatu beharreko jarduketen aurrekontu eta deskripzio xehatua. Ekintza edo proiektu batean kanpo gastuak guztira 10.000 euro baino gehiago badira, berariaz aurkeztu beharko dira gastuen deskribapena eta xehakapena.

–Eskualde-organoaren bilerako akta, eskualdea suspertzeko plana onesten duena eta aurrekontua duten ekintzak zehazten dituena.

–Eskualde-organo ordezkatzaileak onetsitako eskualdea suspertzeko planaren kopia.

–Behar bada, jarduketak gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatua, non hartutako konpromisoak adieraziko baitira, 4. oinarrian aipatutako edukia zehaztuta.

e) C ildoko eskaerei honako hau erantsi beharko zaie:

–Inbertsio proiektuari buruzko memoria, laguntzen fitxan adierazitako edukia barnean duela.

–Eskualde-organo ordezkatzailearen batzarraren akta, inbertsio proiektua eskualderako estrategikotzat deklaratzen duena.

5. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko aurreko deialdietan laguntza eskatu duten entitateek ez dute erantsi beharko 4. ataleko dokumentazioa, deialdi horietan aurkeztu bazuten.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidearen bidez eginen da. Beraz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean (650.000 euro A eta B ildoetako laguntzetarako, eta 250.000 euro C ildoko laguntzetarako). Krediturik ez izateagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Lehiakortasunaren Zerbitzuak, eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari. Eskaera hori ezarritako epean bete ezik, ebazpen bat emanen da, eskatutako laguntzak ukatuko dituena.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, aipatu zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Honako hau izanen da justifikazioak aurkezteko epea:

–A eta B ildoak: 2020ko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

–C ildoa: 2021eko uztailaren 31ra arte, egun hori barne.

2. Justifikazio-agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketei eta emaitzei buruzko justifikazio memoria, jarduketa bakoitzarengatik egindako gastua adierazita.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel liburu batean. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 3.1.B oinarriko langileria gastuak honela justifikatuko dira: nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, xehakapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2021eko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira 2020ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen ordainagiriak eta 2020ko azaroko Gizarte Segurantzarenak.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak, oinarri honetako b) letrako Excel taulako gastuen hurrenkerari jarraikiz. Laguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dute. Enpresa onuradunen gastuen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira, 4. oinarrian ezarritakoarekin bat. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 5. oinarrian adierazitako edukia izanen du.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 9. oinarriko frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak, eta, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Frogagiri guztiak aztertzerik ez badago, ziurtatzearren 2020an ematen direla A eta B ildoetako ordainketa ebazpenak, konturako ordainketa bat eginen da 2020ko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntza pagatzeko, salbu eta ordurako dirulaguntza osoa ordaindu bada oinarri honen 3. apartatuan adierazi bezala. Konturako ordainketa hori egiteko, laguntzak kudeatzen dituen organoak 9.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.

Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak 9.2 oinarriaren c) letran adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

3. Bestalde, diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, A eta B ildoetako laguntzen onuradun diren entitateek 2020ko azaroaren 30era arte eska dezakete ordainketa bat edo bi egin dakizkiela epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (2019ko abenduaren 1etik 2020ko azaroaren 30era arte).

Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko ditu, 9.2 oinarriko b) letran adierazitako moduan.

4. 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako konturako ordainketak egin badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen horretan aginduko da, kasua bada, eman gabe gelditu den zenbatekoa ordaintzeko, eta espedientea bukatutzat joko da.

Bestela, ebazpenean aginduko da itzul daitezela behar bezala justifikatu ez diren edo oinarri hauetako baldintzekin bat ez datozen zenbatekoak. Kasu horretan, egoki diren berandutze-interesak eskatuko dira, zeinak kalkulatuko baitira konturako ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera arte.

5. C ildoaren kasuan, baldin dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak, likidazioa edo ordainketa egin aurretik, inbertsioa egiaztatuko du tokian bertan.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Toki entitate ez diren onuradun guztiek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Foru dekretu horren 4.1 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 9. oinarrian ezarritako moduan.

c) Parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeak eta gizonak modu orekatuan agertzen direla bermatzea, eskualdeak suspertzeko planak prestatu eta gauzatzeari dagokionez.

d) Dirulaguntzaren xedeari lotutako agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabiltzen dutela eta eginkizunen berdintasunaren eta aniztasunaren balioak dituen irudia sustatzen dutela zaintzea.

e) Diruz lagundutako jarduketei lotutako datuak sexuka banakatuta aurkeztea, pertsona fisikoei buruzkoak badira.

f) C ildoko dirulaguntzaren xede diren inbertsioak martxan izatea zazpi urtez bederen, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

g) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen eta inbertsioen finantzaketa publikoa izan dela. Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta entitatearen webgunean era ikusgarrian adierazi beharko da horien finantzaketa diru publikoaz egina dela.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Baldin egin diren jarduketen zenbatekoa hasieran onartutako dirulaguntzaren %70 baino gutxiago bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Baldin zenbateko hori onartutako dirulaguntzaren %50 baino gutxiago bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Harpidetza hori gaitutako helbide elektronikoaren barnetik egiten da, helbide hori lortutakoan.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo estatuko nahiz nazioarteko partikularrenak. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako C ildoko dirulaguntzak (“Inbertsio proiektuak”), baldin eta helburu badute jarduera ekonomiko bat gauzatzea, “de minimis” laguntzak izanen dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2010629