221. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

107E/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 49/2019 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, onetsi ziren oinarri arautzaileak eta 2018ko deialdia neurri honetarako: “Ureztatzeko ekipamenduetarako inbertsioak, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan”.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 49/2019 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ziren laguntza batzuk emateko ureztatzeko ekipamenduetan inbertsioak egiteko Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren barnean.

Deialdi horrek sortzen zituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimendu zen 2020ko ekitaldian, 2020ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidearen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izenekoa.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urriaren 24ko 81/2019 Ebazpenaren bidez, 13 onuraduni eman zitzaien laguntza, guztira 236.579,50 euro. Ebazpen horretan ezartzen da 2020ko ekitaldian ordainduko dela laguntza, ordainketa egiteko eskaera aurkeztu ondoan, eta behin egiaztaturik kasuan kasuko jarduketak egin direla, hartutako konpromisoak bete direla eta behar diren kontrolak egin direla. Hori guztia, bat etorriz Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 49/2019 Ebazpenean ezarritakoarekin (I. eranskina, 20. oinarria), hartan jasotzen baita inbertsioak bukatu beharko direla 2020ko irailaren 15erako.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazio horrek pertsonen joan-etorri askeak mugatu zituen egun horretatik aurrera eta arauaren luzapenak indarrean ziren bitartean, 2020ko ekainaren 21era arte. Orobat, dekretu horren bidez eten egin ziren administrazio izapideak eta epeak, eta horiei berrekin zitzaien 2020ko ekainaren 1ean. Bi inguruabar horiek oztopo bat izan dira onuradunek beren inbertsioak bukatzeko eta justifikatzeko bi deialdietan ezarritako epeen barnean. Alde batetik, gauzatzea ezin izan da bukatu ekoizpen-jarduerak etenik zeudelako edo, horiek berriz martxan jarri ondoan, atzerapena zutelako; beste aldetik, zaila izan da lizentzia edo baimen administratiboak eskuratzea.

Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege-dekretuaren 54. artikuluak (errege lege-dekretu horren bidez, premiazko neurri osagarriak onetsi ziren, arlo sozialean eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko) aukera ematen du dirulaguntzen eta laguntza publikoen deialdien ebazpenak aldatzeko dirulaguntzak emateko prozeduretan, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko epeak luzatzeko eta, hala badagokio, gauzatzea justifikatzeko eta egiaztatzeko. Gainera, aldaketa hori egiten ahal da oinarri arautzaileetan horrelakorik aurreikusten ez denean ere.

Apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren 4. xedapen gehigarriak ere (foru lege-dekretu horren bidez onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak) arau bera biltzen du; eta gaineratzen du aldaketa horrek ez dituela zertan bete martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritako baldintzak, eta ez diola eragiten aipatu xedapen gehigarriaren 1. apartatuan ezartzen den epeen etenari.

Arau horiek aplikatuz, erabaki da oinarri arautzaileak aldatzea, ebazpen honetan ezartzen den gisan, inbertsioak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak luzatzearren. Luzapen horrek berekin dakar, halaber, aldatzea zer ekitalditan kobratuko den laguntza: 2021. urtean kobratuko da.

Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion 9.553.096,65 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2021eko ekitaldian finantzatzeko.

Beste alde batetik, ebazpen honek Nafarroako Foru Komunitatearen Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren oniritzia jaso du.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Aldatzea Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 49/2019 Ebazpenaren 3. puntua, aurrekontu-kredituei buruzkoa, honela idatzita utziko baita:

“3. Aurrekontu-kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 236.579,50 euroko gastua baimentzen da 2021eko ekitaldian, 2020ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidearen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izenekoa.

Adierazitakoa deusetan ukatu gabe, ebazpen hau argitaratu aurretik aurkeztutako ordainketa eskaerak 2020ko Aurrekontu Orokorren kargura ordainduko dira; hain zuzen, partida honen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida, “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izenekoa.

2.–Aldatzea Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 18ko 49/2019 Ebazpenaren I. eranskineko 20. oinarriaren 2. puntua, honela idatzita geldituko baita:

“2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea bukatuko da 2021eko otsailaren 1ean.

2021eko otsailaren 15ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko, eta, horrekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak aurkezteko. Beraz, ulertuko da data hori dela baimen horiek lortzeko eta/edo erregistro horiek egiteko mugaeguna.

Oro har, dirulaguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte”.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

4.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2010864