22. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

486/2019 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Landa Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira azukre-erremolatxaren laboreentzako “de minimis” araubideko laguntzak emateko, eta 2020ko laguntza deialdia ere onesten baita. DDBN identifikazioa: 492522.

Espainiako azukre-erremolatxaren sektoreak oihartzun ekonomiko, sozial eta ingurumen-oihartzun handia sorrarazten du jarduera hori aurrera eramaten den esparru geografikoetan; izan ere, balioa eransten du katearen katebegi guztietan, eta landa eremuaren garapena sustatzen. Erremolatxaren laborantzak landa eremua suspertzearen alde egiten du, herritarrak bertan bizi daitezen faboratzen du eta udal eta eskualdeen jarduera ekonomikoa dinamizatzen du.

Erremolatxaren laborantza ohikoa izan zen Nafarroan 80ko hamarkada arte. Orduan, Merkatu Antolakunde Erkidean (MAE) gertatu ziren aldaketek desagerrarazi egin zuten. Duela 7 urte, Nafarroako Ubidea eraiki zenez, 25 ha erein ziren, berriz ere, Artaxoa herriaren inguruan. Orduz gero erremolatxaren laborantzak gora egin du, eta 2018an 700 ha erein dira.

Labore hau oso ongi egokitzen zaio Nafarroako Ubidearen laborantza ureztatuen 20.000 ha berrien labore txandaketari. Lortzen diren errendimenduak 90 eta 115 tonaren artean daude, hektarea bakoitzeko, eta urtez urte baieztatu da produkzioa egonkorra dela.

Sektoreak lan egiten du nekazaritza-praktika onenak erabiltzeko, eta horretarako laboreen kulturak inguru hartako ezaugarriei egokitzen ari zaizkie. Modu horretan, poliki-poliki lortzen ari da laborantzaren kostuen optimizazio hobea, nekazaritza-inputak era arrazionalean erabiliz. Izan ere, azken bi kanpainetan batez besteko errendimenduak hektarea bakoitzeko 100 tona baino handiagoak izan dira, eta joan den kanpainan nekazarien %85en batez besteko produkzioa 17ºko polarizazioko 109 t/ha izan da.

2017ko irailean Europako produkzio kuotak desagertu zirenetik, azukre tonaren prezioa %29 jaitsi da, eta 2018an behea jo du. Azukre industriak EBk ordaintzen duen azukrearen prezioa erabiltzen du, ekoizleei ordaintzen dien erremolatxaren prezioa kalkulatzeko. Azukrearen prezioaren jaitsiera honek krisi handi bat sortu du; krisi honek, jada 2019-2020 kanpainan, nekazarien eta azukre sektoreko enpresen arteko lankidetza-ereduari erasan dio.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduak Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza araubideen arabera nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketetan aplikatzeko arauak ezarri zituen, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetu. Aipatu erregelamendu horren 52.2 artikulua aplikatuz, NPEren 2015-2020ko erreforman Espainian ezarri zen erremolatxaren sektoreari atxikitako laguntza bat, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren bidez (errege dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere).

Atxikitako laguntza honen helburua da azukre-erremolatxaren laborantzaren jarraipenari laguntzea, produzitu ohi den eskualdeetan, baita hari lotutako industria eraldatzaileari lehengai-hornidura egokia ematea erraztea, azukre-erremolatxaren nekazaritzako industriaren sektorearen iraupena ziurtatzeko.

2015. urtean ezarri zen laguntza hau, eta ordutik, laguntzaren batezbesteko zenbatekoa, unitateko, 530 euro/ha izan da udaberrian ereiten diren eskualdeetan.

Hala ere, kontuan harturik batez besteko produkzio-kostuak 3.000 euro hektareako direla, gutxi gorabehera, beharrezkoa ikusi da aldi baterako laguntza ez ohiko bat ezartzea, sektoreak ez dezan alde batera utz Nafarroako eskualde askotan alternatiba egokia izan daitekeen laborantza bat, eta azukrearen sektoreko lanpostuak ez daitezen ukituak izan. Laguntza horren bidez, azukrearen prezioaren jaitsierak nekazarien emaitzen kontuan sortuko duen eragin negatiboa arindu nahi da, jaitsiera horrek, bere aldetik, azukre industriak erremolatxa erosteko ordainduko duen prezioan ere eragiten baitu.

Neurri hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen duenaren abaroan planteatzen da (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da, eta Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen). Erregelamendu horretan ezartzen da estatu kide batek enpresa bakar bati araubide honetan ematen dizkion laguntzak ez direla izanen 20.000 euro baino handiagoak hiru zerga ekitaldi hartzen dituen edozein alditan.

Aipatu laguntzaren tramitazioa eta kudeaketa ahalik eta errazen egin ahal izateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien laguntza eskaera bakarra atzemateko inplementatu den sistemaren bidez egingo da.

Eskatuko diren baldintzak abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan azukre-erremolatxarako eskatzen diren berberak dira. Dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk aplikatzeari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrolari buruzkoa ere.

Azukrearen batez besteko prezioak baldintzatzen du laguntzaren unitatearen zenbatekoa. Europar Batasunak tresna indartsu bat dauka sektoreari buruzko informazioa lortzeko: Azukrearen Europako Behatokia. Organismo horrek hilero argitaratzen du azukrearen prezioa; prezio horrek urruntze handiak izan ditu, eta gaur egun Europako Batasunean erreferentzia-prezioa 404 euro/tonakoa da.

Zenbateko hau erremolatxa produzitzen duten hektarea guztietara berdin iritsi behar da. Beraz, laguntza osoaren zenbatekoa handiagoa bada aurrekontuan ezarri den zenbatekoa baino, honela jokatuko da: ez da lehentasunezko zerrenda bat egingo, eta hektarea bakoitzeko zenbatekoa gutxiagotuko da deklaratu diren hektarea guztietarako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Azukre-erremolatxaren laborantzarako ematen diren laguntzen oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasoak. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

2. 2020an azukre-erremolatxaren laborantzarako laguntzak emateko deialdia onestea.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

4. 200.000 euroko gastua baimentzea, partida honen kargura: “De minimis laguntzak azukre-erremolatxarako” izeneko 710000 71210 4700 412103 partida, edo Nafarroako Gastuen 2021eko Aurrekontu Orokorretan baliokidea izanen dena.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (DDBN: 492522).

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 31n.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Azukre-erremolatxaren laboreentzako “de minimis” araubideko laguntzen oinarri arautzaileak 2020. urterako

1. oinarria. Xedea.

Ebazpen honen helburua da azukre-erremolatxaren laborantzarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatean produzitu ohi den eskualdeetan, baita hari lotutako industria eraldatzaileari lehengai-hornidura egokia ematea erraztea, azukre-erremolatxaren nekazaritzako industriaren sektorearen iraupena ziurtatzeko.

2. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa izango da hektareako, eta eskaera bakarraren hurrengo urteko urtarrilean Europar Batasuneko Azukrearen Merkatuaren Behatokiak argitaratutako azukrearen Europako batez besteko prezioa (AZP, aurrerakoan) erreferentziatzat hartuta kalkulatuko da. Laguntzaren zenbatekoa euro/ha-tan adieraziko da, ondorengo taulan adierazten denaren arabera:

AZP
(euro/tm)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA (euro/hektareako)

410 baino gutxiago

500

410 - 419,99

466

420 - 429,99

433

430 - 439,99

400

440 - 449,99

366

450 - 459,99

333

460 - 469,99

300

470 - 479,99

266

480 - 489,99

233

490 - 499,99

200

500 - 509,99

167

510 - 519,99

133

520 - 529,99

100

530 - 539,99

67

540 - 549,99

33

550 edo gehiago

0

2. Dirulaguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa, Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatua.

3. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko edozein alditan, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori, eta Batzordeak 2019ko otsailaren 21ean emandako 2019/316 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen.

3. oinarria. Onuradunak eta betebeharrak.

1. Azukre-erremolatxa produzitzen duten nekazariak izaten ahalko dira laguntza honen onuradunak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera (dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk aplikatzeari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrolari buruzkoa ere). Onuradunak izateko, urtero eskatu behar dute, eskaera bakarrean, baldintza hauek beteta:

a) Azukre-erremolatxa produzitzea, Europako Batasunaren nekazaritza-landareen espezieen barietateei buruzko katalogoko barietateren batekoa, Merkataritza-barietateen erregistrokoa, edo merkataritza-baimen bat emanda daukana, Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiaren arabera.

b) Gutxienez unitate bateko dosia erabiltzea hektarea bakoitzeko, ureztalurretako udaberriko eta udazkeneko ereintzaren produkzio-aldeetan, eta 0,9 unitate hektarea bakoitzeko, lehorreko lurretako udazkeneko ereintzaren produkzio-aldeetan.

c) Hornidura-kontratu bat edukitzea azukre-industriarekin, produzitutako erremolatxa eman eta azukre bihurtzeko.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta epea.

1. Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 45. artikuluak biltzen duen laguntza atxikia zer lursailetarako eskatu den, laguntza-eskaera lursail horien gainean dela ulertuko da (Errege Dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere).

2. Laguntza eskatuko da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarraren bidez. Eskaera horiek telematika bidez aurkeztuko dira, horretarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu duten entitate laguntzaileen bidez. Eskatzaileak berak ere zuzenean aurkezten ahal ditu, bere ziurtagiri digitala erabiliz, Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskuragarri dagoen “Laguntzak Kudeatzeko Sistema” (LKS-SGA) aplikazioaren bidez.

3. Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 95. artikuluan ezarritakoa izanen da aurkezteko epea. Errege dekretu horrek ezarri zuen nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

5. oinarria. Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaerek aurrekontuan ezarritako aurrekontu-muga gainditzen badute, 2.1) oinarrian aipatzen den unitatearen zenbatekoa doituko da, laguntzaren zenbateko osoak ez dezan gaindi muga hori.

6. oinarria. Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. oinarria. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Nekazaritza Zerbitzuak eskatzaileak 1., 3. eta 4. oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du.

Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Nekazaritza Zerbitzuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaerak ebaluatu eta gero, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena egingo du. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, non aipatuko baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte onuradun bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

8. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

9. oinarria. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatua, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Ordainketa egiteko modua eta epea.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

11. oinarria. Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzaren helburua bete dela justifikatzeko, laguntzen eskaera bakarrean ereiteen aitorpena eginen da, eta azukre-industriarekin daukan kontratua aurkeztuko da.

12. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak (erregelamendu horrek zehazten du nola aplikatu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei nekazaritza sektorean).

13. oinarria. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2000801