218. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1412/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei buruzko politika arautzeko jarraibideak onesten dituena”, Gobernu Kontseiluak 2020ko irailaren 18an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2020ko irailaren 18an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei buruzko politika arautzeko jarraibideak onetsi ziren.

“ERABAKIA, IRAKASLEEI BURUZKO POLITIKA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK ONESTEN DITUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20. artikuluaren b) apartatuak xedatzen du Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dagoela “jarraibide orokorrak eta horiek aplikatzeko prozedurak onestea, ikasketak, ikerketa, eta giza eta ekonomia baliabideak antolatzeko arloetan”.

Gobernu Kontseiluak, 2016ko ekainaren 15ean egindako bileran, onetsi egin zituen irakasle eta ikertzaileak eta beren irakaskuntza-arduraldia arautzen dituzten gidalerroak. Dokumentu hori Gobernu Kontseiluak hartutako zenbait erabakiren bidez aldatu zen: 2017ko urriaren 31koa, 2017ko azaroaren 27koa, 2018ko irailaren 21ekoa, 2019ko apirilaren 9koa eta 2020ko maiatzaren 13koa.

Bi parte desberdinek osatzen dute dokumentu hori: batetik, irakasle eta ikertzaileen gaiak arautzen dituzten jarraibideak, eta, bestetik, beren arduraldi akademikoari buruzkoak. I. eranskinean jaso dira aipatutako dokumentuaren lehen partearen aldaketak, eta indarrean mantentzen da arduraldi akademikoarekin lotutako partea.

Unibertsitateak azken urteotan lege arloan eta aurrekontuen arloan bizi izan duen egoerak muga ugari ezarri du irakasle iraunkorren lanpostuen deialdietan. Kontratupeko irakasle doktoreentzako eta unibertsitateko titularrentzako akreditazioa duten pertsonen poltsa oso handia da, eta, beraz, Unibertsitateak ahalegin berezia egin behar du poltsa hori murrizteko. Birjarpen-tasa aplikatuta, eta aurrekontuak aukera ematen duen heinean, aurreikusten ahal da etorkizun hurbilean lanpostu iraunkorren arrazoizko kopuru baten deialdia eginen dela. Arloei eta sailei plazak esleitzeko indarrean dagoen araudiak gabezia batzuk ditu, eta, horregatik, beharrezkoa da irakasleei buruzko politikan aldaketa batzuk jasotzea araudi berri batean.

Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposatuta, irakaskidegoetako irakasleen eta kontratupeko irakasleen ordezkaritza sindikalak txostena jaso ondoren, Gobernu Kontseiluaren Batzorde Akademikoak txostena jaso ondoren eta bertako kideek eztabaidatu ondoren, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2020ko irailaren 18an egindako bileran, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehena.–Onestea irakasleei buruzko politika arautzeko jarraibideak. Erabaki honi gehitu zaizkio eranskin gisa.

Bigarrena.–Baliogabetzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien irakaskuntza-arduraldia arautzen dituzten jarraibideen 1., 2. eta 3. artikuluak. Indarrik gabe uztea Gobernu Kontseiluak 2018ko irailaren 21ean hartutako erabakia, hots, unibertsitateko irakasle titularrak unibertsitateko katedradun izatera pasatzeko promozioko lanpostuak nola bete gidatzen duten irizpide eta arauak onesten dituena. Indarrik gabe uztea Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9an hartutako erabakia, hots, jakintza-arloak lehentasunaren arabera ordenatzeko eta antolatzeko proposamena prestatzeko prozedura onesten duena promozio bidez bete behar diren unibertsitateko irakasle titularren eta kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

Bosgarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Seigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Sailetako zuzendaritzei.

Zazpigarrena.–Erabaki honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NUP-EKO IRAKASLEEI BURUZKO POLITIKA ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK

1. Sarrera.

Beharrezkoa da araudi bat edukitzea irakasle lanpostuen esleipena eta zuzkidura arautzeko, kontratu-figura guztiei eta haiek jakintza-arlo eta sailetara esleitzeari dagokienez. Dokumentu honek Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei buruzko politika zein printzipio eta irizpidetan oinarritzen den jasotzen du.

2. Lanpostuen deialdietan aplikatu behar diren printzipioak.

Irakasleei buruzko politikak printzipio hauek izan behar ditu oinarri:

2.1. Erantzukizun partekatua: irakasleei buruzko politikaren erantzukizuna ez da Errektoretza Taldearena soilik, baizik eta Unibertsitateko sailetako zuzendaritza-taldeena ere bada, Errektoretza Taldearen lidergoarekin. Horrek esan nahi du bi erantzukizun maila horiek ezartzen diren printzipio eta irizpideak partekatu behar dituztela funtsean, eta haien aplikazioan elkarlanean jardun behar dutela.

2.2. Sail bakoitzeko eta sailen arteko ekitatea: printzipio honek irakaskuntza-baliabideen arteko desberdintasunak murrizten lagundu nahi du, justifikaturik ez daudenak eta justifikatu ezin direnak, sail bakoitzeko jakintza-arloen eta sailen artean. Helburua Unibertsitateko baliabideen nolabaiteko oreka lortzea da, baliabide horiek irakaskuntzaren arretarako premien arabera esleituz.

2.3. Talentua atxikitzea: talentua atxikitzea oinarrizko helburua da; horregatik, ahal den neurrian, Unibertsitatea saiatuko da une bakoitzean beharrezkoak diren eskakizunak betetzen dituzten irakasleek beren karrera akademikoan aurrera egiteko aukera izan dezaten. Karrera akademikoan promozioa eta egonkortasuna lortzea irakasleen nahi bidezkoa da. Aurrera egiteko aukera pizgarri handia da unibertsitateko jardueran. Nolanahi ere, Unibertsitatearen unean uneko baldintza akademiko, juridiko, ekonomiko eta aurrekontukoek baldintzatzen dituzte irakasleek karrera akademikoan aurrera egiteko dituzten aukerak.

2.4. Talentua erakartzea: Unibertsitateak etengabe bilatu behar du talentua. Horretarako, bertako talentua atxikitzeaz gain, Unibertsitatea aberasten ahal duten pertsonak erakartzea izan behar du helburu. Sailak dira beren gabeziak eta egungo eta etorkizuneko beharrak hobekien ezagutzen dituztenak, eta haiek helaraziko dizkiote Zuzendaritza Taldeari, azter eta aplika ditzan, hala badagokio, betiere baldintza akademikoak, juridikoak, ekonomikoak eta aurrekontukoak kontuan hartuta.

2.5. Plantilla gaztetzea: irakasleei buruzko politikak prestakuntzan dauden pertsonak sar daitezen sustatzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aukera izan dezan bere inguruaren aurrerabide jasangarriarekin konprometitutako erakundea izaten jarraitzeko, jakintza sortuz, hedatuz eta transferituz, pertsonei prestakuntza emanez eta kultura sustatuz, pentsaera libre eta irekia nagusi den giro batean.

2.6. Malgutasuna: irakasleei buruzko politika berriaren aplikazioak nolabaiteko malgutasuna izan behar du, irizpide batzuk automatikoki aplikatzeak disfuntzioak edo nahi gabeko ondorioak ekartzen ahal baititu. Nolanahi ere, malgutasuna ezin da arbitrarioa izan, eta ezin da argudio gisa erabili egoera bidegabeak edo pribilegio egoerak egonkortzeko.

2.7. Gardentasuna: Unibertsitateko Errektoretza Taldeak irakasleen gaietan egiten dituen proposamenak eta hartzen dituen erabakiak jakintza-arlo eta sail bakoitzaren egoerari buruzko informazio objektiboaren arabera hartuko dira (informazio hori Unibertsitateko komunitate osorako egonen da eskuragarri), bai eta aurrekontuen mugen arabera ere.

2.8. Kontuak ematea: Unibertsitateak kontuak ematen dizkie Nafarroako Gobernuari eta gizarteari. Printzipio hori Unibertsitatearen izaera publikoaren ondoriozkoa da.

3. NUP-eko irakasle lanpostu iraunkorren zuzkidura eta geroagoko deialdia.

Lanpostuen Zerrendan (aurrerantzean, LPZ) jakintza-arlo edo sail jakin batzuei esleitutako lanpostuak jakintza-arloen eta sailen artean lekualdatzen ahalko dira, beharrezkoa denean.

Unibertsitateko lanpostu hauen zuzkidura orokorra unean uneko araudi indarduna aplikatzearen eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakien ondoriozkoa izanen da.

Baldintza akademikoak, juridikoak, ekonomikoak eta aurrekontukoak kontuan hartuta, Unibertsitateko Errektoretza Taldeak, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren bidez, zehaztuko du lotura iraunkorra duten irakasleen zenbat lanpostu esleituko zaizkion mota bakoitzari (kontratupeko doktorea –KD–, unibertsitateko titularra –UT– eta unibertsitateko katedraduna –UK–).

Irakasle eta Ikertzaileen Batzordeari eta Enpresa Batzordeari deialdiko lanpostuei buruzko informazioa eman eta haiei entzun ondoren, Errektoretza Taldeak LPEa onestea proposatuko dio Gobernu Kontseiluari.

Mota bakoitzean Unibertsitate osorako dagoen lanpostu kopurua ezagutu eta gero, dokumentu honetan jasotako printzipio eta irizpideen arabera esleituko dira lanpostu horiek jakintza-arloetara eta sailetara. Horrek guztiak ez du eragotziko Errektoretza Taldeak salbuespenezko erabakiak hartu ahal izatea behar bezala justifikatutako egoeretan, Gobernu Kontseiluari planteatu eta hark bermea eman ondoren.

Irakaskuntza-eskaria funtsezko aldagaia izanen da irakasleen beharrak ebaluatzeko, nahiz eta bakarra ez izan.

Lanpostuetarako deia jakintza-arloko irakaskuntza-profilarekin eginen da. Ikertzaile-profilarekin deitzen badira, ahalik eta orokorrena izan beharko da.

3.1. UT eta KD kategorien lanpostuak.

KD eta UT kategoriei dagozkien lanpostuak honela banatuko dira:

–Talentua erakartzean oinarritutako lanpostuak (% 20 gehienez).

  • % 20 gehienez KD lanpostuetarako.
  • % 20 gehienez UT lanpostuetarako.

–Premia larriko arloak egonkortzeko lanpostuak.

  • % 30 KD lanpostuetarako.
  • % 15 gehienez UT lanpostuetarako.

–Talentua atxikitzean oinarritutako lanpostuak.

  • % 50 gutxienez KD lanpostuetarako.
  • % 65 gutxienez UT lanpostuetarako.

Portzentajezko banaketak zenbaki ez osoak sortzen baditu, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak (aurrerantzean, errektoreordeak) erabakiko du hiru bideetatik zeinetan hornitzen eta deitzen diren gainerako lanpostuak. Kasu horretan, gainditu ahal izanen dira talentua erakartzean eta premia larriko arloak egonkortzean oinarritutako lanpostuetarako ezarritako maximoak.

3.1.1. Prozedura.

1. Errektoreordearen ebazpenaren bidez abiaraziko da prozedura; ebazpen hori Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, horretarako gaitutako profilean. Ebazpen horren bidez, 15 egun balioduneko epea irekiko da sailek aldi berean eska ditzaten talentua erakartzean oinarritutako lanpostuak, premia larriko arloak egonkortzeko lanpostuak eta UT eta KD kategorietako talentua atxikitzean oinarritutako lanpostuak.

2. Batzorde bat eratuko da lanpostuak betetzeko eskaera guztiak berrikusteko. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea, batzordeburu izanen dena.

–Irakasleen gaietan eskumena duen arloko zuzendaria.

–Gobernu Kontseiluaren Irakaskuntza Batzordean sailetako zuzendarien ordezkaria den kidea.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, idazkari izanen dena.

–Analisian eta programazioan eskumena duen ataleko burua.

3. Sailek talentua erakartzean edo arloak egonkortzean oinarritutako lanpostuak eskatuko dituzte, lanpostuaren kategoria eta zer bidetatik eskatzen den adierazita. Arlo bakoitzean, lanpostu bat baino ezin izanen da bete bide horietako bakoitzetik deialdi bakoitzean.

4. Sailek talentua atxikitzean oinarritutako lanpostuak betetzeko eskatuko dute, lanpostuaren kategoria adieraziz, epe hau amaitzen denean ANECAk emandako akreditazioa duten irakasle eta ikertzaileak atxikita dituzten jakintza-arloetan.

4.1. Eskaera horretan, eskaera justifikatzen duen pertsona akreditatuen nortasuna zehaztu beharko da, baita zer kategoriatan eskatzen den ere lanpostuak esleitzeko prozesuan parte hartzea. Halaber, eskaeran zenbait informazio eman beharko dira: ikerketa-jardueran izandako aldeko ebaluazioen kopurua, doktoretza-tesia irakurri zeneko data eta ANECAk dagokion kategoria akreditatu zueneko data.

4.2. Eskaera saileko zuzendariak sinatu beharko du, bai eta aipatutako irakasle eta ikertzaileek ere, eta, horrekin batera, dagokion kategoria akreditatu izana justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, aurretik Giza Baliabideen zerbitzuan aurkeztu ez bada.

5. Eskaera guztiak, dagozkien saileko kontseiluetan onartu eta gero, Unibertsitateko Erregistro Orokorraren bidez aurkeztu beharko dira, errektoreordeari zuzendua.

6. Errektoreordeak argitara emanen du zer jakintza-arlo eta sailetan eskatu den bideetako edozeinetatik lanpostuak betetzeko, eta, talentua atxikitzean oinarritutako lanpostuen kasuan, eskatzaileen izenak zehaztuko ditu.

7. Hurrengo bost egun baliodunetan, argitaratutako zerrendan egon litezkeen akatsak edo omisioak zuzentzeko eskatzen ahalko da. Akatsak zuzendu ondoren, eskaeren behin betiko zerrenda argitaratuko da.

8. Batzordeak eskaerak aztertu eta behin-behineko zerrenda eginen du, araudi honetan jasotako irizpideen arabera ordenatua. Lanpostuak ordenatzeko, eskuragarri dauden azken datuak erabiliko dira.

9. Lanpostu ordenatuen zerrendaren aurka erreklamazioa aurkeztu ahal izanen da, errektoreordeari zuzendua, argitaratzen denetik bost egun balioduneko epean. Erreklamazio horiek ebazpen bidez ebatziko dira, hamar egun balioduneko epean. Ondoren, lanpostuen behin betiko ordena argitaratuko da eta zerrenda hori sailei helaraziko zaie.

10. Errektoreordeak lanpostuak ordenatzeko prestatzen duen proposamena izapidezko egintza bat izanen da, eta, hortaz, ez da zilegi haren aurkako errekurtsorik aurkeztea. Hala ere, baliteke aurka egitea Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak egunen batean hartzen duen erabakiari, eta, kasu horretan, irakasle interesdunek eskubidea izanen dute dagozkien errekurtsoak aurkezteko.

11. Jarraian, errektoreordeak Irakaskuntza Batzordearen mende jarriko du jakintza-arloetan eta sailetan lanpostuak ordenatzeko proposamena, eta, ondoren, bidezkoa bada, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsiko du.

12. Lanpostuen ordena onetsi eta, beharrezkoa bada, Lanpostuen Zerrenda aldatu eta gero, zilegi izanen da dagozkion lanpostuen deialdia egitea.

3.1.2. UT eta KD kategorietako lanpostuak esleitzeko bideak.

Esleipen bideetatik salbuesten dira Ramón y Cajalen figurak edo I3 akreditazioa duten beste figura batzuk, araudiak erreserba espezifikoa ezartzen baitu horientzat.

A.–Talentua erakartzea.

Irakaskuntza-premien irizpideetan oinarritutako lanpostuen helburua talentua erakartzea da. Arloko lanaldi osoko irakasleek betetzen ez dituzten irakaskuntza-premiak betetzeko balio dute.

Lanpostuak bide honetatik eskatzeko, bi baldintza bete beharko dira:

a) Irakasle iraunkorren ratioa (irakasle iraunkorren ordu kopurua zati arloaren guztizko ahalmenaren ordu kopurua). Arlo batek beharrak dituela ulertuko da ratio hori % 60tik beherakoa denean.

b) Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Koefizientea (IIJK) (Irakasleen Irakaskuntza Jarduera/Egiazko Ahalmena). Pertsona berria lanpostuan sartu ondoren % 90ekoa izan beharko du gutxienez. Nolanahi ere, arlo batek irakasle iraunkorraren lanpostu bat behar duela jotzeko, justifikatu egin beharko du lanaldi osoko irakasleek betetzen ez dituzten 8 ordu daudela astean.

IIJK kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko Egiazko Ahalmenaren (EA) murrizketak, baldin eta lizentzia akademikoen edo iraupen laburreko ABEen ondorio badira. Eszedentziak edo ustez iraupen luzekoak izanen diren ABEak kasuz kasu aztertuko dira, kontuan hartuko diren zehazteko. Era berean, zerbitzu-eginkizunak, zerbitzu bereziak eta antzekoak kasu bakoitzean aztertuko dira. Egoera horien iraupena bi urtetik gorakoa izan beharko da kontuan hartu ahal izateko.

Sailek, baldintza horiek betetzen dituen arlorik izanez gero, lanpostua eskatzen ahalko dute baldin eta arrazoituta justifikatzen badute kanpoko talentua erakartzeko gaitasuna dutela.

Sailen eskaerak lehentasunezkoak izanen dira eta aurreko a) eta b) apartatuetan jasotako baldintzak betetzetik salbuetsita egonen dira baldin eta behar bezala arrazoitzen badute laguntza berezien onuradun diren pertsonak erakartzeko premia (esaterako, European Research Council, ERC).

Eskaerak jaso ondoren, arloaren proposamena aztertuko da, eta, beharrezkoa bada, ordenatu eginen da.

Proposamenak hautatu ondoren, eskuragarri daudenak baino lanpostu eskaera gehiago badaude, a) irizpidearen arabera ordenatuko dira lehenik. Bi arlo edo gehiagoren arteko berdinketa gertatuz gero, b) irizpidea erabiliko da.

Proposamena onartzen ez bada, ezezkoa arrazoituko da, eta sailarekin beste aukera batzuk landuko dira.

Bide honetatik lanpostu eskaera nahikorik ez badago:

–Bete gabe gelditzen diren UT lanpostuek talentua atxikitzean oinarritutako bideari esleitutako lanpostuen kopurua handituko dute.

–Bete gabe gelditzen diren KD lanpostuek oso ahulak diren arloak egonkortzeko bideari esleitutako lanpostuen kopurua handituko dute.

Deialdi berean, arlo batean lanpostuak beste bi bideetako batetik hornituz gero, zuzkidura hori kontuan hartuta, ondorioztatzen bada arloak ez dituela betetzen atal honetan eskatutako baldintzak, lanpostua ez da talentua erakartzeko bidetik hornituko.

B.–Oso ahulak diren arloak egonkortzea.

Lanpostuak bide honetatik eskatzeko, hiru baldintza bete beharko dira:

a) Irakasle iraunkorren ratioa (irakasle iraunkorren ordu kopurua zati arloaren guztizko ahalmenaren ordu kopurua). Arlo batek beharrak dituela ulertuko da ratio hori % 40tik beherakoa denean.

b) Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Koefizientea (IIJK) (Irakasleen Irakaskuntza Jarduera/Egiazko Ahalmena). Pertsona berria lanpostuan sartu ondoren % 90ekoa izan beharko du gutxienez. Nolanahi ere, arlo batek irakasle iraunkorraren lanpostu bat behar duela jotzeko, justifikatu egin beharko du lanaldi osoko irakasleek betetzen ez dituzten 8 ordu daudela astean. IIJK kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko Egiazko Ahalmenaren (EA) murrizketak, baldin eta lizentzia akademikoen edo iraupen laburreko ABEen ondorio badira. Eszedentziak edo ustez iraupen luzekoak izanen diren ABEak kasuz kasu aztertuko dira, kontuan hartuko diren zehazteko. Era berean, zerbitzu-eginkizunak, zerbitzu bereziak eta antzekoak kasu bakoitzean aztertuko dira. Egoera horien iraupena bi urtetik gorakoa izan beharko da kontuan hartu ahal izateko.

c) Irakaskuntza-mandatua astean 80 ordukoa edo hortik gorakoa izatea.

Oro har, eskaera horiek KD lanpostuekin bete beharko dira.

Nolanahi ere, UT lanpostuak modu horretan betetzeko, aipatutako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dira:

1) Unibertsitateko irakaskidegoen ratioa (irakasle funtzionarioen ordu kopurua zati arloaren guztizko ahalmenaren ordu kopurua) % 30etik beherakoa izatea.

2) Arloan bi urtez edo gehiagoz akreditatua daraman norbait egotea.

Baldintza horiek betetzen ez badira, UT lanpostuak salbuespenez baino ez dira beteko.

Errektoreordeak sailei eskatuko die egonkortzean oinarritutako lanpostuak eskatzeko.

Sailek, baldintza horiek betetzen dituen arlorik izanez gero, lanpostua eskatzen ahalko dute baldin eta eskaera arrazoituta justifikatzen badute.

Proposamenak hautatu ondoren, eskuragarri daudenak baino lanpostu eskaera gehiago badaude, a) irizpidearen arabera ordenatuko dira lehenik. Bi arlo edo gehiagoren arteko berdinketa gertatuz gero, b) irizpidea erabiliko da. Eta, azkenik, berriz ere berdinketa izanez gero, c) irizpidea.

Proposamena onartzen ez bada, ezezkoa arrazoituko da, eta sailarekin beste aukera batzuk landuko dira.

Bide honetatik lanpostu eskaera nahikorik ez badago, esleitu gabe gelditzen diren lanpostuek talentua atxikitzean oinarritutako bideari esleitutako lanpostuen kopurua handituko dute.

Deialdi berean, arlo batean lanpostuak talentua atxikitzearen bidetik hornituz gero, zuzkidura hori kontuan hartuta, ondorioztatzen bada arloak ez dituela betetzen atal honetan eskatutako baldintzak, lanpostua ez da oso ahulak diren arloak egonkortzeko bidetik hornituko.

C.–Talentua atxikitzea.

UT kategoriako lanpostuak hornituko dira, promozio irizpideetan oinarrituta, sailei esleitzen zaien eskaera-epea amaitzen den egunean CNEAIk edo ebaluazio nazionalerako organismo eskudunak modu positiboan ebaluatutako ikerketaldi bat gutxienez duten irakasle eta ikertzaileak dituzten arloetan. Gainera, hau egiaztatu beharko dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez ere lau urteko antzinatasuna dutela eta beren irakaskuntza-jardueraren azken ebaluazioa ez dela kontrakoa izan.

KD kategoriako promozio bidezko lanpostuak hornituko dira hau egiaztatzen duten irakasle eta ikertzaileak dituzten arloetan: Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez ere lau urteko antzinatasuna dutela eta beren irakaskuntza-jardueraren azken ebaluazioa ez dela kontrakoa izan.

Bi kasuetan, irakaskuntzaren beharra justifikatu beharko da, baldin eta promozioak arloko Egiazko Ahalmena handitzea badakar.

Honako hauek izanen dira ordena ezartzeko irizpideak:

a) Antzinatasuna UTrako edo KDrako akreditazioan. Irizpide honek % 70eko pisua edukiko du. Hura kalkulatzeko, aldi hau zenbatuko da, egunetan adierazia: ANECAk UTaren edo KDaren akreditazioa emateko ebazpenaren dataren eta sailek promozio irizpideetan oinarritutako lanpostuak esleitzeko eskaerak bidaltzeko epea amaitzen den dataren artean dagoen aldia.

b) CNEAIk edo erakunde nazionalerako beste organismo eskudun batek ikerketa-jarduerari dagokionez egindako ebaluazioen indizea. Arau honek % 30eko pisua edukiko du. Indizea IJEIaren eta 1en arteko minimo gisa kalkulatuko da, IJEI=EPOSK/EPOTK, non EPOSK lortutako ebaluazio positiboen kopurua baita, eta EPOTK ebaluazio potentzialen kopurua. EPOTK kalkulatzeko, doktoretza-tesia irakurri eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak LPEa onartu eta aurreko urteko abenduaren 31ra bitartean potentzialki lor zitezkeen ebaluazioak hartuko dira erreferentziatzat, biak barne. EPOTK horri urtebete kenduko zaio elkarren segidako 16 asteko edo hortik gorako baja bakoitzeko, betiere baja hori bajen edo gaixotasunen katalogoan jasota badago.

Aurreko aldagai bakoitzaren baremazioa egiterakoan, puntuazio gorena emanen zaio irizpide bakoitzean kalkulatutako balio handienari, eta gainerakoa dagokion proportzionaltasun arauaren bidez normalizatuko da. Horren emaitza jakintza-arloen eta sailen arabera ordenatutako zerrendak izanen dira.

Irakasle ikertzaile baten baremazioak arlo zehatz batean lanpostu baterako aukera ematen badu baina irakasle edo ikertzaile horrek ez badu lanpostu hori lortzen, bi urtez baztertuko dute promozio irizpideetan oinarritutako kategoria bereko lanpostuak esleitzeko prozesutik. Nolanahi ere, ez bada aurkeztu ezinbesteko kausa justifikaturen bat dela-eta, gabealdiak ez du eraginik izanen. Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak eginen du kausen balorazioa, Unibertsitateko zerbitzu juridikoen iritzia entzun eta gero.

Nolanahi ere, sailak lanpostuak kudeatzeko prozesuan hautagaitzak erretiratu ahal izanen ditu ezinbesteko kausagatik, betiere ukoa dagokion prozedurak zehaztutako epeetan egiten bada.

3.2. UK kategoriako lanpostuak.

UK kategoriako lanpostuak talentua erakartzeko bidetik eta promozio bidetik hornitu eta deitzen ahal dira.

Talentua erakartzeko bidetik joz gero, UK kategoriako lanpostuen zuzkidura eta deialdia araudi honetako 3.1.1 eta 3.1.2 A) puntuetan jasotakoaren arabera eginen da.

UT kategoriatik UK kategoriarako promozio lanpostuak hornitzeko, irizpide hauek hartu behar dira kontuan jakintza-arloetan eta sailetan:

a) Seiurtekoen kopurua: % 25eko pisua edukiko du.

b) UK izateko akreditazioko antzinatasuna: % 50eko pisua edukiko du.

c) UKren saturazioa jakintza-arloan: UT/UK zatiduraren bidez neurtuko da eta % 15eko pisua edukiko du.

d) UKren saturazioa sailean: UT/UK zatiduraren bidez neurtuko da eta % 10eko pisua edukiko du.

3.2.1. UK kategoriarako promozio lanpostuen prozedura.

Jakintza-arloak eta sailak lehentasunaren arabera ordenatu eta antolatzeko proposamena, UTak UK izatera pasatzeko promozioko lanpostuak betetzekoa, prozedura honen arabera prestatuko da.

1. Errektoreordearen ebazpenaren bidez abiaraziko da prozedura; ebazpen hori Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, horretarako gaitutako profilean. Ebazpen horrek 15 egun balioduneko epeari emanen dio hasiera sailek UTak UK izatera pasatzeko promozioko lanpostuak betetzea eska dezaten, ezarritako epea bukatzean ANECAk UK izateko emandako akreditazioa daukaten UTak atxikiak dauzkaten jakintza-arloetan. Ebazpen horrekin batera, UK eta UT kategorietako irakasle atxikien datuak jasotzen dituen taula aurkeztuko da, eskuragarri dauden azken datuen arabera.

2. Batzorde bat eratuko da lanpostuak betetzeko eskaerak berrikusteko. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea, batzordeburu izanen dena.

–Irakasleen gaietan eskumena duen arloko zuzendaria.

–Gobernu Kontseiluaren Irakaskuntza Batzordean sailetako zuzendarien ordezkaria den kidea.

–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, idazkari izanen dena.

–Analisian eta programazioan eskumena duen ataleko burua.

3. Lanpostuak betetzeko eskaeran, hura justifikatzen duten pertsona akreditatuak nor diren zehaztu beharko da, bai eta zenbat seiurteko daukaten eta ANECAk UK izateko akreditazioa noiz eman duen ere. Eskaera, errektoreordeari zuzendua, sailaren zuzendariak osatu beharko du, ezarritako ereduaren arabera, eta aipatzen diren irakasleek sinatu beharko dute. Halaber, UK izateko akreditazioa justifikatzen duen dokumentazioa erantsi beharko da, ez bada aurretik Giza Baliabideen Zerbitzuan aurkeztu.

4. Errektoreordeak argitara emanen du zer jakintza-arlo eta sailetan eskatu den bideetako edozeinetatik lanpostuak betetzeko, eta eskaera hori justifikatzen duten Unibertsitateko irakasle titularren izenak zehaztuko ditu.

5. Hurrengo bost egun baliodunetan, argitaratutako zerrendan egon litezkeen akatsak edo omisioak zuzentzeko eskatzen ahalko da. Akatsak zuzendu ondoren, eskaeren behin betiko zerrenda argitaratuko da.

6. Errektoreordeak jakintza-arloen eta sailen lehentasunaren araberako behin-behineko ordena prestatuko du araudi honen irizpideak aplikatuz.

7. Irakasleek, beren merezimenduek lanpostuen eskaera justifikatzen badute, zilegi izanen dute behin-behineko ordena horren aurkako erreklamazioak aurkeztea errektoreordeari zuzenduak, zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun baliodunetan.

8. Erreklamazioak 10 egun balioduneko epean ebatziko dira beranduenez, errektoreordearen ebazpen baten bidez.

9. Erreklamazioak ebatzi ondoren, ordenaren proposamena Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da.

10. Errektoreordeak lanpostuak ordenatzeko prestatzen duen proposamena izapidezko egintza bat izanen da, eta, hortaz, ez da zilegi haren aurkako errekurtsorik aurkeztea. Hala ere, baliteke aurka egitea Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak egunen batean hartzen duen erabakiari, eta, kasu horretan, irakasle interesdunek eskubidea izanen dute dagozkien errekurtsoak aurkezteko.

11. Jarraian, errektoreordeak Irakaskuntza Batzordearen mende jarriko du jakintza-arloetan eta sailetan lanpostuak ordenatzeko proposamena, eta, ondoren, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren mende, bidezkoa bada, onets dezan.

12. Lanpostuen ordena onetsi eta, beharrezkoa bada, Lanpostuen Zerrenda aldatu eta gero, zilegi izanen da dagozkion lanpostuen deialdia egitea.

3.2.2. UK kategoriako lanpostuak esleitzea.

Oro har, jakintza-arloetako eta sailetako saturazioa kalkulatzeko, eskuragarri dauden azken datuak erabiliko dira.

Ordenatzeko irizpideak honela aplikatuko dira:

a) Seiurtekoen kopuruak % 25eko pisua edukiko du.

Kontuan hartuko diren seiurtekoen kopurua ANECAk (CNEAI) erreferentziako datan emandakoa izanen da. Hau da, sailek UTak UK izatera pasatzeko promozioko lanpostuak esleitzeko behar diren eskaerak bidaltzeko epearen mugaeguna.

b) UK izateko akreditazioko antzinatasunak % 50eko pisua edukiko du.

Hura kalkulatzeko, aldi hau zenbatuko da, egunetan adierazia: ANECAk UKren akreditazioa emateko ebazpenaren dataren eta sailek UTak UK izatera pasatzeko promozioko lanpostuak esleitzeko eskaerak bidaltzeko epea amaitzen den dataren artean dagoen aldia.

c) UKren saturazioa jakintza-arloan UT/UK zatiduraren bidez neurtuko da eta % 15eko pisua edukiko du. Honela kalkulatuko da:

10*UTa / (UTa + k *UKa)

non:

UTa: Unibertsitateko titularren kopurua, ratioa kalkulatu nahi den arloan dagoena.

UKa: Unibertsitateko katedradunen kopurua, ratioa kalkulatu nahi den arloan dagoena.

k: UTu/UKu, Unibertsitate osoaren UT/UK ratioaren balioa.

d) UKren saturazioa sailean UT/UK zatiduraren bidez neurtuko da eta % 10eko pisua edukiko du. Honela kalkulatuko da:

10*UTs / (UTs + k *UKs)

non:

UTs: Unibertsitateko titularren kopurua, ratioa kalkulatu nahi den sailean dagoena.

UKs: Unibertsitateko katedradunen kopurua, ratioa kalkulatu nahi den sailean dagoena.

k: UTu/UKu, Unibertsitate osoaren UT/UK ratioaren balioa.

Kontuan hartu beharreko irizpide bakoitzaren puntuazioan, balio handienari emanen zaio puntuaziorik handiena, eta gainerakoa dagokion proportzionaltasun arauaren bidez normalizatuko da. Halaber, behin lanpostu bat arlo eta sail bati esleitu ondoren, berriz kalkulatuko dira arloko, saileko eta Unibertsitateko UT/UK ratioak, eta haien bidez berriz kalkulatuko da lehentasun ordena berri bat, lanpostu hori kalkulutik kenduta. Zenbat lanpostutarako deialdia egin behar den, beste horrenbeste aldiz errepikatuko da prozesu hori.

4. Lanaldi osoko irakasle laguntzaile ez iraunkorren (Lag) eta laguntzaile doktoreen (LagD) zuzkidura eta deialdia.

4.1. Salbuespen gisa, Lag-en lanpostuak edo etorkizunean antolatzen ahal diren bestelako prestakuntzako figurak hornitu ahal izanen dira, plantilla-egituretan oinarrituta, ikertzaileak erakartzeko gaitasun txikiagoa duten arloetan. Kasu horietan, oro har, informazio hori x urtearen lehen seihilekoan bidaliko da, eta indarraldia x/x+1 ikasturtearen hasierarekin batera hasiko. Sailaren zuzendaritzaren eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren artean hartuko da erabakia.

4.2. LagD-en kontratuek irakaskuntza-beharren irizpideetan oinarritu behar dute (Irakaskuntza Jarduera/Egiazko Ahalmena ratioa), baita plantillaren beharren irizpideetan ere, jakintza-arloen esparruan, eta kontuan hartuko da arlo horiek osatzen dituzten sailetako egoera. Halaber, kontuan hartuko da adin-piramidea dela-eta belaunaldi-aldaketa baten beharrean dauden arlo edo sailen premia bereziko egoera.

LagD lanpostuei dagokienez, sailek irakasleen gaian eskumena duen errektoreordetzari jakinaraziko diote zein premia dituzten beren irakaskuntza eta ikerketa jarduerak egiteko. Oro har, informazio hori x urtearen lehen seihilekoan bidaliko da, eta kontratazioa x/x+1 ikasturtearen hasieran eginen da. Lanpostu hauek arlo eta sailetara esleituko dira irakaskuntza eta ikerketa beharren arabera. Sailaren zuzendaritzaren eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren artean hartuko da erabakia.

Ikertzaile plantillak edukitzea ezinezkoa den bitartean, irakasleak ikertzen aritzen diren ordu kopuruan agertzen da eta agertuko da ikerketa jarduera, ezartzen ahal diren beste jarduera zehatz batzuez gainera (ikerketa-taldeekin elkartutako laguntzaileak, Ramón y Cajal, etab.).

5. Behar iraunkorrak betetzeko aldi baterako lanpostuak.

5.1. KDen lanpostuak bitarteko gisa bete ahal izanen dira (BKD), betiere arrazoi akademiko, juridiko, ekonomiko eta aurrekontukoengatik justifikatzen bada. Oro har, bitarteko lan hori bidezkoa izanen da irakaskuntza-premiengatik justifikatzen bada, baita plantillaren premiengatik ere, eta kontratuaren erdia kontsumitu duen eta KDaren akreditazioan urtebeteko antzinatasuna duen LagD baten promozioaren bidez betetzen bada. Oro har, informazio hori x urtearen lehen seihilekoan bidaliko da, eta kontratazioa x/x+1 ikasturtearen hasieran eginen da.

Sailaren zuzendaritzaren eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren artean hartuko da erabakia.

5.2. Irakaskuntzako ordezkoen (IO) lanpostuen zuzkidura salbuespenezkoa izanen da. Kategoria hori 2/2015 Foru Dekretuak aldatutako 36/2009 Foru Dekretuan jaso eta definitzen da. Nolanahi ere, denboran mugatuak izanen dira. IO kategoriako lanpostuen balorazio zehatza eginen da, egoeraren araberakoak eta salbuespenezkoak baitira, eta ez baitira lehentasunezko kontratazio-tipologia bat. Nolanahi ere, sailek irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari jakinaraziko diote zein premia dituzten beren irakaskuntza-jarduerak lanpostu mota horrekin betetzeko. Oro har, informazio hori x urtearen lehen seihilekoan bidaliko da, eta dagozkion zuzkidurak kontratatuko dira, beharrezkoa bada, beren indarraldia x/x+1 ikasturtearen hasierarekin batera hasteko. Lanpostu hauek arlo eta sailetara esleituko dira irakaskuntza-premien eta dituzten plantilla-egituren arabera. Sailaren zuzendaritzaren eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren artean adostasunez hartuko da erabakia.

Aurreko guztia, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak arrazoi justifikatuengatik erabakitzen ahal dituen beste jarduketa batzuk alde batera utzi gabe.

Iragarkiaren kodea: F2010915