218. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

798E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Arangurengo Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Arangurengo Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Arangurengo Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua (LOEE) dokumentutik hasten da. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2013ko otsailaren 12an, txosten bat egin zuen LOEEari buruz, eta hartan adierazi zuen zein alderdi hartu behar diren kontuan Udalaren Hirigintza Plana eta ingurumen azterketa estrategikoa (edo ingurumen-ondorioen azterketa) prestatzeko.

2016ko abenduaren 27an Udalaren Hirigintza Plana hasiera batean onetsi ondoren, jendaurreko bi hileko epea hasi zen, iragarkia argitaratuta 2017ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 28koan. Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, 2017ko urriaren 4an Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena eman zuen, eskatzeko ingurumenean integra zitezela zenbait proposamen, bizitegiei buruzkoak eta ekonomikoak.

Aurkezturiko alegazioak ebatzi ondoan, Hirigintza Plana jendaurrean egon zen bigarren aldiz, iragarkia argitaratuta 2019ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8koan. 2019ko uztailaren 2an, Udalak behin-behinean onetsi zuen.

Arangurengo Plan Orokorrak 1995etik indarrean dauden arau subsidiarioak ordezten ditu, eta lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen araudira egokitzen ditu. Planaren aplikazio esparruak eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoan dute eragina, 40,60 km²-ko azaleran, alegia.

Aranguren Iruñerriko metropolialdean dago. Lurraldea okupatzeko udal ereduak bi zati ditu, ongi bereiziak. Batetik, zenbait bizitegi-area daude, metropolialdeko (Mutiloa, Mugartea) egitura funtzionalaren parte dira. Bestetik, ingurumenari eta paisaiari dagokienez babestu beharreko balioak dituen ingurune batean, landagune hauek daude: Arangurengo, Labianoko, Taxoareko eta Zolinako kontzejuak eta Lakidain, Gongora eta Ilundain populazio entitateak.

Antolamendu proposamena ezarri da oinarri harturik hiri egiturak ezaugarri desberdinak dituela ekialdeko PA-30 ingurabidearen alde batean eta bestean. Ingurabidearen barnealdean daude Mugarteko, Mutiloarteko eta Mutiloako biziguneak, eta horien planeamendua dagoeneko onetsia dago. Hegoaldean, NUPeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremua dago, baita jarduera ekonomikorako eta hirugarren sektorerako eremu handi bat ere, honako hauek biltzen dituena: Moreako Multzoko Plana, Osasuna kirol hiria eta Talluntxe eta Berroa ekonomia-poligonoak. Planaren aurreikuspenetan zehazten da jarduera berezietarako lurzoru urbanizaezinean sartzea Osasuna taldearen kirol pistak eta Caceco instalazioen ingurua. Ingurabidearen bestaldean, lur-erreserba bat aurreikusten da, Osasuna kirol hiriaren eta Eguesibarko udalerriaren mugaren artean, eredua zaintzeko gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta. Hala ere, lurzoru urbanizaezin horrek etenak ditu, proposamen hauek baitaude: Sankin (zuzkidura-lurzorua, 14,3 hektareakoa), Beloaran 2 (bizitegietarako lurzorua, 7,5 hektareakoa) eta Beloaran (zuzkidura-eremua, 2,4 hektareakoa). Enklabe horiek gaur egun nekazaritzako lurrak dira, eta ez dute elementu edota balio nabarmenik, ingurumenari dagokionez; hortaz, ez da espero ingurumen ukipen nabarmenik egotea erabilera aldatzearen ondorioz. Dena dela, PA-30 ingurabidetik hurbil daudenez, ingurabidearen zortasun akustikoaren eremuaren barnean daude, eta, hortaz, zarata-mapa estrategikoen eremuan. Horrenbestez, proposamen horietan ukipen akustikoak izanen dira, errepideko zirkulaziotik heldu direnak, eta hirigintzako plangintzak bermatu beharko du kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla.

Ildo horretan, hirigintza fitxetan sartu diren irizpideak, kalitate akustikoari buruzkoak, ez dira nahikoak konfort akustikoa bermatzeko. Beloaran 2 BLko bizitegietarako proposamenaren kasu zehatzean, erabaki da bizitegietarako erabilera finkatzea eta indartzea enklabean, zeina era artifizialean sortu baita. Zabaltzea ingurabidearen ertzeraino hedatzen da, eta aurreikusi da hor babes ofizialeko etxebizitzak egotea. Hirigintzako aurreikuspen horiek kontuan harturik, sektore guztian ezarri beharreko neurriak zuzentzaileak izanen dira aurrerantzean, eta ez prebentziokoak. Hori dela eta, sektorearen analisi akustikoa egin behar da, eta beharrezko neurriak diseinatu behar dira kalitate akustikoko helburuak bete daitezen, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezartzen den bezala (haren bidez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zen, lehendik ez dauden urbanizatutako eremuetarako). Halaber, horixe bera aplikatuko da Sankin eta Beloarango zuzkidura-eremuetan.

Planak era egokian ezartzen ditu udalerri guztiko eremu akustikoak (18. planoa), eta, horrela, betearazten du azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 7. artikulua. Hirigintzako proposamenaren araberako eremu akustikoen mugaketa horrek, berekin dakar aldatu behar izatea Iruñeko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoen esparruko zonifikazio akustikoa, zeina onetsi baitzen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 296E/2019 Ebazpenaren bidez.

Ibarreko gainerako herrietan, bizitegi erabilerak aurreikusi dira batez ere, eta landaguneekin muga egiten duten lurretan planifikatzen dira. Taxoareren kasuan, herrigune mistotzat hartzen da (landagune-hirigunea), eta salbuespenezko zabaltzeak planteatzen dira. Proposamen horiek nekazaritzako lurrei dagozkie –lehorreko zereal alorrei, hain zuzen–, eta ez dute ingurumen aldetik nabarmentzekoak diren enklaberik edo elementurik. Herriguneekin muga egiten duten eremuak direnez, herri horien hazkunde logikoari erantzuten diote. Salbuespena da Labianoko herrigunearen mendebaldean planteaturiko proposamena.

Labiano 2 BL izenekoa herrigunearen ekialdera eta mendebaldera hedatzen da. Herriaren ekialderanzko garapenean, topografia egokia da, baina hilerriaren eremuranzko zabaltzean (mendebalderantz), berriz, ibarbide bat dago, aldizkako ibilgu baten bidez drainatzen dena, eta toki batzuetan landaredi naturala dago hor. Eremu horren kota diferentziak eta morfologiak eskatzen du zehaztasun handiagoz egitea ingurumen arloko balorazioa eta analisia; hortaz, plan partzialak ingurumen ebaluazioaren prozedura beharko du, bizitegietarako proposamena integratze aldera, ingurumenari eta paisaiari dagokienez. Hori horrela, lehentasuna emanen zaio ekialdeko eremua garatzeari.

Hirigintzako proposamenak uholde-arriskuarekin bateragarriak diren aztertzean, nabarmendu behar da Belanbutzuko alderdia (Taxoare), jarduera ekonomikoetarako eremu izateko aurreikusi dena eta sartuta dagoena Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialean. Belanbutzu 2 izeneko eremuak muga egiten du Sadar ibaiaren ezkerreko ertzarekin, eta eremu horren antolamenduak ibaiaren eraginpeko eremua integratzen du, ibaiaren inguruan berdeguneak proposatzen baititu. Orobat, bermatzen da zortasun-eremuan libreki ibili ahal izatea eta ibaiertzeko landaredia kontserbatzea. Hala ere, jarraitutasun hori eteten da Belanbutzu 1 sektoreko zuzkidura-lurzatiarekin, hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatu baita. Ingurune hori ingurumenean integratzeko, Sadar ibaiaren inguruko eremuko antolamendu-irizpideak aplikatu behar zaizkio Belanbutzu 1 sektoreari.

Belanbutzu 3 sektoreari dagokionez, eremuaren antolamenduan sartu dira paisaian integratzeko behar diren neurriak, berdegune bat aurreikusi baita ordokiaren eta mendi-hegalen ertzen perimetroan, eta tarte bat utzi baita eraikuntzen eta ezpondaren ertzaren artean.

Planak udalerri guztiaren zonifikazio akustikoa jasotzen du, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala (haren bidez garatzen da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea), eta erantzuna ematen dio 2017ko urriaren 4ko txostenari. Udal plan berriko proposamenek berekin dakarte aldatu behar izatea eremu akustikoen azken eguneraketa Iruñeko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoen lurralde-eremuan (3. fasea), zeina onetsi baitzen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 27ko 296E/2019 Ebazpenaren bidez.

Hirigintza plana izapidetu ondoren, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko 137E/2020 Ebazpenaren bidez, onartu dira Zarataren aurkako 2020-2024 Ekintza Planak Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde-eremurako (3. fasea), eta eremu horretan daude Mutiloa eta Taxoare. Beraz, Hirigintza Planaren garapenean aintzat hartuko dira onartutako informaziorik berriena eta zortasun akustikoko eremuei, babes bereziko eremu akustikoei eta eremu lasaiei buruzkoa.

Planak, ingurumen-azterketa estrategikoaren bitartez, ibarreko argi-eremuak ezartzen ditu: PA-30 ingurabidearen ingurua “E4” eremuan sartu da, Mutiloako eta Taxoareko bizitegi-areak eta industriakoak, “E3” eremuan, eta gainerako herriguneak, “E2” eremuan.

Azpimarragarria da “Jasangarritasunaren adierazleen udal sistema”, Planean sartutako neurri positiboa baita. Intereseko tresna bat da, Hirigintza Planaren garapena jarraitzeko eta ebaluatzeko erabiliko dena.

Landa-lurzorua antolatzeko, babestu eta gorde beharreko lurzoru gisa sailkatu da, ingurumen arloko unitateak kontuan hartuta. Oro har, antolamendurako proposamen hau lagungarria da landa-lurzoruaren balioak zaintzeko. Arangurenek udal intereseko elementuak ditu, eta horiek eskualdeko eskalatik harago zabaltzen dira, hala nola Taxoareko eta Arangurengo mendilerroek eratzen dituzten lurralde-igarobideak eta Sadar ibaia. Elementu horiek dira udalerria egituratzen duten eta lurraldearen konektagarritasuna errazten duten elementu nagusiak, eta ingurumen balioa duen babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira.

Eskura dagoen informazioa oinarri hartuta, jaso dira Sadar ibaiaren uholde-eremuak (Mutiloan), eta, halakorik ezean, ibaiaren goi eta erdi ibilguetako alubioi-lautadak. Arriskuak prebenitzeko lurzorutzat hartu dira eremu horiek.

Ibarreko balio kulturalen artean daude ibilbideen sarea eta barne-konexioa errazten duten abelbideena (Milagro-Aezkoa errege altxonbidea eta 26. iraganbidea), ibai parkea eta barneko hainbat ibilbide, eta aztarnategi arkeologikoak; bereziki, Irulegiko gaztelua eta Noaingo Akueduktua kultur intereseko ondasuna. Azken horrek eskualde mailako garrantzia du, tarte guztiak ez daude kontserbazio egoera berean, eta bere trazaduran zehar intereseko zenbait elementu daude, hala nola meatze-ahoak, murrutzarrak eta kanalizazioak. Taxoare inguruan, aisiako baratzeen muga (hego-ekialdea) eratzen du akueduktuaren trazaduraren tarte batek, eta ez du sarbide publikorik. Planeamenduak kultur intereseko ondasunaren eremua eta hura babesteko ingurunea jasotzen ditu, eta ezartzeke daude hartarako sarbidea, berreskuratzea eta paisaian integratzea. Aisiako baratzeen sailkapenean akats bat atzeman da; izan ere, ez datoz bat araudiko proposamena eta informazio grafikoa. Hortaz, akats hori zuzendu beharko da.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu zela, eta aldeko txostena eman dio Arangurengo Udal Plan Orokorrari, baldintza batzuk jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak;

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Arangurengo Udal Plan Orokorrari buruz. Arangurengo Udala da planaren sustatzailea.

2. Planaren ingurumen arloko integrazioan, determinazio hauek kontuan hartu beharko dira:

–Beloaran 2, Sankin ZL eta Beloaran ZL sektoreak garatuko dituzten hirigintzako tresnetan, eremu horien egoera akustikoa aztertuko da, bateragarriak izan daitezen, batetik, hirigintzako antolamendua eta, bestetik, kalitate akustikoko helburuak betetzea, kontuan izanik eremu akustikoa eta, hortaz, sektorearen erabilera nagusia zein den.

–Labiano 2 BL (mendebaldea) sektorearen plan partzialak ingurumen ebaluazio estrategikoa beharko du.

–Sadar ibaiaren ingurunearen antolamendu-irizpideak aplikatzea Belanbutzu 1 sektoreko zuzkidura-lurzatian.

–Aisiako baratzeetarako lurzoruaren sailkapenean dagoen akatsa zuzentzea.

3. Plana garatu beharko da jarraituz ingurumen-azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei, eta aplikatuz planean ezarritako neurri zuzentzaile guztiak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Arangurengo Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2010436