218. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2020 FORU AGINDUA, irailaren 14koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena, Nafarroako AP-15 autobideko Zuastiko zerbitzugunean ordainleku berri bat zabaltzeari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak, 2020ko irailaren 9an eginiko bilkuran, onetsi zuen Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena, Nafarroako AP-15 autobideko Zuastiko zerbitzugunean ordainleku berri bat zabaltzeari buruzkoa, eta hori sinatzeko behar zena xedatu zuen. Hitzarmena 2020ko irailaren 9an sinatu zen.

Hori sinatu ondoren, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Azaldutakoa dela eta,

AGINTZEN DUT:

Xedatzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena, Nafarroako AP-15 autobideko Zuastiko zerbitzugunean ordainleku berri bat zabaltzeari buruzkoa. Hitzarmena foru agindu honen eranskinean ageri da.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO AUTOBIDEAK SA ENPRESAREN ARTEKO HITZARMENA, NAFARROAKO AP-15 AUTOBIDEKO ZUASTIKO ZERBITZUGUNEAN ORDAINLEKU BERRI BAT ZABALTZEARI BURUZKOA

Iruñean, 2020ko irailaren 10ean.

BILDURIK:

Alde batetik, Bernardo Ciriza Pérez jauna, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, horretarako ahalmena eman baitzitzaion Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 9an hartutako erabakiaren bitartez.

Bestetik, Victor Torres Ruiz jauna, Nafarroako Autobideak SAko Administrazio Kontseiluak hitzarmen hau egiteko ahalmena eman baitzion 2020ko irailaren 1ean hartutako erabakiaren bitartez.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.–Nafarroako Foru Diputazioak eta Nafarroako Autobideak SAk (aurrerantzean AUDENASA) 1973ko abuztuaren 10ean egiletsitako eskritura publikoaren bidez formalizatu zuten AUDENASAren aldeko emakida bat, Nafarroako autobidearen lehenengo fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko.

II.–Emakida horren ondoren, hainbat aldaketa egin zaizkio Nafarroako Foru Komunitatearen eta AUDENASAren arteko kontratuari, eta hainbat hitzarmen sinatu dira. Horien bidez, egokituz joan dira kontratuaren zenbait klausula unean uneko errealitatera, baita AP-15 autobidearen egokitzapenera ere, erabateko funtzionaltasuna izan dezan Nafarroako errepide sareko edukiera handiko errepide gisa. Dena den, hasiera bateko emakida kontratuaren izaera eta oinarrizko baldintzak bere osotasunean mantendu dira.

III.–1987ko maiatzaren 19an, Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk hitzarmen bat formalizatu zuten emakida horren kontratua aldatzeko. Hitzarmenak finkatu zuen AP-15eko gaurko konfigurazioa, bidesari irekiaren sistemari (sistema horrek ordeztu zuen bidesari itxiaren sistema), bidesaria kobratzeko moduko tarteei eta libre ibiltzeko tarteei dagokienez.

1997ko abenduaren 10ean, bi alderdiek emakida kontratuaren aldaketa bat formalizatu zuten, zeinaren bitartez, besteak beste, emakidaren epea luzatu baitzen, tarifen murrizketa orokorraren eta erakunde emakidadunak AP-15 autobidean egindako inbertsio berrien ordainetan. Kontratuaren aldaketa hori alderdiek 1999ko maiatzaren 26an sinatutako hitzarmenaren bitartez garatu zen, eta geroago hobetu, 2000ko otsailaren 28an eta 2001eko martxoaren 23an kontratuari egindako aldaketekin, zeinak 1997ko abenduan hartutako erabakiarekin lotutako alderdiak garatzeko eta zehazteko egin baitziren.

Ondoren, 2001eko azaroaren 20an, Tebasko eta Saratsako enborreko ordainlekuak handitzeko hitzarmena sinatu zen. 2002ko urtarrilaren 30ean, “Artederreta”, “Itza”, “Tafalla-hegoaldea” eta “Taxoare-Noain” lotuneak egin eta eraberritzeko hitzarmena sinatu zen. Eta 2002ko azaroaren 19an Noaingo lotunea eraberritzeko hitzarmena sinatu zen. 2007ko maiatzaren 25ean honako hauetarako hitzarmena sinatu zen: AP-15 autobidearen funtzionaltasuna hobetzeko jarduketak egitea (teleordainketa eta sarbide berriak), emakida kontratua aldatzea, eta aldaketa horrekin eta bere finantzaketarekin lotutako beste konpromiso batzuk hartzea. 2008ko martxoaren 14an ibilgailu arinen ohiko erabiltzaileei deskontu gehigarriak ezartzeko hitzarmena sinatu zen. 2018ko apirilaren 18an beste hitzarmen bat izenpetu zen, Tuterako lotunean, hegoaldeko noranzkoan, sarbide berri bat irekitzeko. Azkenik, 2019an, AP-15ean ibilgailu arinen (I. motakoak) erabiltzaileentzat beste deskontu bat ezartzeko baldintzak ezarri ziren.

IV.–Aurreko hitzarmenarekin bat, Herri Lanen zuzendari nagusiak otsailaren 28an emandako 233/2002 Ebazpenaren bidez, onespen teknikoa eman zitzaion “Itzako lotunea” eraikuntza proiektuari, eta, horrekin batera, jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Alabaina, ebazpen hori indarrik gabe utzi zuen Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak maiatzaren 15ean emandako 91/2012 Foru Aginduak, eta beraz, ez zen gauzatu proiektatutako lotunea.

V.–Emakidaren kontratuaren 18. klausulan ezarrita dago ezen, autobidea abian jarri ondoren, behar diren aldaketak egiten ahalko direla trazaduran, dela Nafarroako Gobernuak eskatuta, dela enpresa emakidadunaren ekimenez, bai bideko trafikoa hobetzeko, bai sektore edo herri jakin batzuentzako komunikabideak irekitzeko. Horretarako, hitzarmen bat sinatu beharko da, non jasoko baitira obrek bete beharreko baldintza partikularrak eta obrek tarifetan izanen duten eragina. Nafarroako Gobernuari dagokio hitzarmen hori onestea.

VI.-Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk 2018ko maiatzaren 30ean izenpetu zuten ”Saratsako ordainlekuan ibilgailu astunei aldi baterako deskontu gehigarriak aplikatzeari eta beste akordio batzuei buruzko Hitzarmenaren” bosgarren klausulan ezartzen dena aintzat hartuz, lantalde bat eratu da, adostasunezko irtenbide bat bilatzeko, behin betiko konponketa bat proposatzeko AP-15 autobidetik Itzako Zendeako herrietara sartzearen arazoari.

VII.–2019ko irailaren 9an, Nafarroako Gobernuak hitzarmen honen testua onetsi zuen, eta Lurralde Kohesiorako kontseilariari eman zion izenpetzeko ahalmena.

Halaber, AUDENASAko Kontseiluaren lantaldeak testu hau onetsi zuen, 2020ko irailaren 7an, administrazio kontseiluak 2020ko irailaren 1ean egindako bileran espresuki eskuordetu ondoren. Bilera horretan ere baimena eman zitzaion Víctor Torres Ruiz jaunari, testua izenpe zezan.

Aurreko guztian oinarrituta, hauek dira ezartzen diren

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

1973ko abuztuaren 10eko emakida kontratua garatzeko asmoz, 18. klausularekin bat etorriz eta Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 9an hartutako erabakiaren bidez, adosten da beste ordainleku bat irekitzea Zuastiko zerbitzugunean.

Bigarrena.–Ordainleku berri bat Zuastin.

AP-15 autobideko Zuastiko ordainleku berria erabiltzen duten trafikoek bidesariak ordaindu beharko dituzte, unean-unean indarra duten tarifa eta dirulaguntzen arabera. Era berean, aplikagarriak izanen dira Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SA enpresaren arteko 2019ko urtarrilaren 23ko hitzarmenean adostu ziren deskontuak, non ezartzen baitira teleordainketarako gailua (Vía T) duten ibilgailu arinentzako (I. mota) deskontu gehigarriak.

Nafarroako Gobernuak urtero onetsiko ditu ordainleku berrian aplikatu beharreko prezioak, eta horrekin batera, gainerako oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dituzten bidesariak, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 1997ko abenduaren 15ean, 2007ko ekainaren 18an eta 2015eko abenduaren 23an hartutako erabakietan ezarritako prozedurarekin. Horretarako, Iruña-Zuasti tarteko ordainleku berriari dagozkion oinarrizko bidesariak kalkulatuko dira ibilgailuen kategoria eta mota bakoitzerako, 6 km-ko tartearen luzera kontuan hartuta.

Ordainleku berri hau irekitzeak ez du aldatuko AP-15 autobideko tarte-antolamendua, bidesariak ezartzeko ondorioetarako.

Behar diren sistemak ezarriko dira erabiltzaile bakar batek ez dezala segidan ordaindu Saratsako ordainlekuko enborreko tartean eta Zuastira/Zuastitik dauden sarbide berrietako ordainlekuetan. Horretarako, beharrezkoa izanen da ordainketa Vía-T txartelaren edo gailuaren bidez egitea.

Hirugarrena.–Obren exekuzioa, kontserbazioa eta ustiapena.

Zuastiko ordainleku berriko obrak AUDENASAk proiektatu, kontratatu, gauzatu eta zuzenduko ditu osorik, AUDENASAk 2012an aurkeztutako “Zuastiko zerbitzuguneko ordainlekuaren oinarrizko azterketarekin” bat etorriz. Beharrezkoa izanen da eraikuntza-proiektu bat aurkeztea, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman dezan, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Bi alderdiek hitz ematen dute obra horiek gauzatzen lagunduko dutela, nork bere eskumenen esparruan.

Obra egiteko behar diren lur guztiak autobidearen zerbitzugunearen eremuaren barruan daude. Beraz, ez da desjabetzerik egin behar.

Hitzarmen honetako obrak egin ondoren, eraikitako azpiegitura guztiak emakidan sartuko dira.

Obra horiek AUDENASAk kontserbatu eta ustiatuko ditu.

Laugarrena.–Inbertsioaren finantzaketa.

Nafarroako Autobideak SAk ordainduko ditu Saratsa-Zuasti ordainlekuko eremu berriari dagozkion obrak eta ekipoak kontserbatu, mantendu, ustiatu, amortizatu eta birjartzearen ondoriozko gastuak –hitzarmen honen eranskinean jasoak –, honako hauen arabera:

Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako deskontuen politika komertziala aplikatzeagatik AUDENASAri egiten dion konpentsazio ekonomia kalkulatzeko formulak bere horretan segituko du indarrean, 2000ko otsailaren 28an sinatutako hitzarmenean eta 2002ko urtarrilaren 30eko, 2007ko maiatzaren 25eko eta 2008ko martxoaren 14ko aldaketetan ezarritakoarekin bat; halaber, 2019ko urtarrilaren 23ko hitzarmenean aurreikusten den konpentsazioa ere, ibilgailu arinentzako deskontu gehigarriari buruzkoa, aintzat hartuko da.

AP-15 autobideko bidesariagatiko diru-sarrerak ebaluatzearen ondorioetarako, aurreko 1. apartatuan adierazitako formulan aplikatu beharrekoa, ez dira kontabilizatuko ordainleku berriko diru-sarrera berriak; eremu horretako trafikoen neurketa-edukierari ekinen zaio, eta sozietate emakidadunaren diru-sarreretan bereizita aurkeztuko da.

Sortutako diru-sarrera berriek konpentsatuko dute AUDENASA obrak egiteagatik, bai eta ordainleku berria kontserbatzeagatik, mantentzeagatik eta ustiatzeagatik sortutako gastuengatik ere, eta klausula honen goiburuan eta eranskinean aipatutako gainerakoengatik, zeinaren proiekzioak (zenbatetsiak) egin baitira eta hitzarmen honen eranskinean bildu.

Kalkulu horien arabera, urteko EBIT (interesen eta zergen aurreko emaitza) negatiboa denez, Nafarroako Gobernuak AUDENASA konpentsatuko du, eta diru kopuru bat ordainduko dio, urtean behin eta mugaeguneratua; diru kopurua hauxe izanen da: ordainleku berriak sortutako diru-sarreren eta ekitaldi bakoitzerako aipatutako gastuen arteko benetako diferentzia. Horretarako, honako urteko erreferentzia hauek hartuko dira aintzat:

Ordainleku berriari dagozkion diru-sarrera garbi errealak zehaztuko dira.

Sarbide berria egokitu eta abian jartzeko AUDENASAk egin beharreko hasierako inbertsioa linealki orekatuko da, abian jartzen den egunetik emakidaren amaierara arte, hau da, 2029ko ekainera arte.

Egin beharreko inbertsioari dagokion birjarpen-jarduketengatik urtero kontabilizatzen den hornidurarako zuzkidura.

Ordainleku berriak sortuko dituen ustiaketa gastuak honela konpentsatuko dira 2020an: 0,14 euro/ibilgailu arineko, 0,19 euro/1. motako ibilgailu astuneko eta 0,25 euro/2. motako ibilgailu astuneko. Urteko zenbateko unitario hauek eguneratuko dira ondorengo urteetan, kategoria bakoitzean, urtetik urterako KPI nazionala aplikatuz abenduaren 31n.

Kapitulu honetako urteko zenbatekoa ez da inoiz izanen obra berriaren konponketak eta kontserbazioak jotzen dutena baino gutxiago, honela kalkulatuta: obra zibilean egindako inbertsioaren %2 gehi instalazio berrien %7. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, urtetik urterako KPI nazionala aplikatuz abenduaren 31n.

Kobrantzak kudeatzeagatiko eragiketen komisioen banku-gastuak, AUDENASAk eta dagokion finantza-erakundeak izenpetutako kontratuaren arabera, ordainleku berrian dauden joan-etorrien arabera kalkulatuta.

Urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoaren barruan, AUDENASAk dagokion likidazioa aurkeztuko dio Nafarroako Gobernuari, non, aurreko apartatuan adierazitakoa aplikatuz, finkatuko baita ordainleku berria irekitzeagatik aurreko urtean sortutako EBIT negatiboa, halakorik bada, konpentsatzeko ordaindu beharreko zenbatekoa. Konpentsazio hori ustiapenaren defizita estaltzeko dirulaguntza gisa hartuko da, eta Nafarroako Gobernuak egin dezakeen beste edozein konpentsaziorekin bateragarria eta haiekiko independentea da. Nafarroako Gobernuak, ados bada AUDENASAri ordainduko dio dagokion zenbatekoa.

Konpainiaren 2014-2029 Plan Ekonomiko Finantzarioa, Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 19an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zena, eguneratuko da inbertsio berri honi dagozkion proiekzioak jasotzeko, eta proiekzio horiek Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaritzara bidaliko dira. Eguneratze hori ez da izanen PEF berri bat, aurreko klausuletan aipatu den balizko EBIT negatiboaren eraketa eta konpentsazio eskemak bermatzen baitu emakidaren oreka ekonomiko-finantzarioa ez dela aldatuko.

Bosgarrena.–Indarra hartzea.

Obrak 2020ko ekitaldian zehar eginen dira, eta ordainleku berria martxan jarriko da obrak amaitu eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak obra aurkeztutako proiektuari egoki zaiola baiesten duen ziurtagiria egin eta gero. Gobernuak AUDENASAn duen ordezkariak jakinaraziko dio enpresari.

Agiri honen edukiarekiko adostasuna erakusteko, sinadura elektronikoaren bidez izenpetzen da.

Nafarroako Gobernua ordezkatuz, Bernardo Ciriza Pérez.–AUDENA SA ordezkatuz, Víctor Torres Ruiz.

ERANSKINA

Proiekzio ekonomikoak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2010600