218. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 9an hartua, zeinaren bidez baimentzen baita ordainleku berri bat irekitzea Nafarroako AP-15 autobidearen Zuastiko zerbitzugunean eta, horrekin batera, onesten baita Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk sinatu beharreko hitzarmena.

Nafarroako AP-15 autobidearen lehen fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko emakida-kontratuaren 18. klausulan ezarrita dago ezen, autobidea abian jarri ondoren, behar diren aldaketak egiten ahalko direla trazaduran, dela Nafarroako Gobernuak eskatuta, dela enpresa emakidadunaren ekimenez, bai bideko trafikoa hobetzeko, bai sektore edo herri jakin batzuentzako komunikabideak irekitzeko. Horretarako, hitzarmen bat sinatu beharko da, non jasoko baitira obrek bete beharreko baldintza partikularrak eta obrek tarifetan izanen duten eragina. Nafarroako Gobernuari dagokio hitzarmen hori onestea.

2002ko urtarrilaren 30ean, hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Autobideak SAk (aurrerantzean AUDENASA), AP-15 ordainpeko autobidearen enpresa emakidadunak, AP-15 autobidearen lotune jakin batzuk egin eta berritzeko, besteak beste, Itzako lotune berria.

Aurreko hitzarmenarekin bat, Herri-lanen zuzendari nagusiak otsailaren 28an emandako 233/2002 Ebazpenaren bidez, onespen teknikoa eman zitzaion “Itzako lotunea” eraikuntza proiektuari, eta, horrekin batera, jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Alabaina, ebazpen hori indarrik gabe utzi zuen Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariak maiatzaren 15ean emandako 91/2012 Foru Aginduak, eta, beraz, ez zen gauzatu proiektatutako lotunea.

Hala ezarrita baitzegoen bosgarren klausulan, Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk 2018ko maiatzaren 30ean sinatutako hitzarmenean (Nafarroako Gobernuak egun berean hartutako erabakiaren bidez onartutakoan), lantalde bat sortzea aurreikusten zen AP-15etik Itza Zendeako herrietako sarbidearen aldebiko behin betiko konponbidea proposatzeko, zeina, nolanahi ere, ebatzirik beharko den 2020ko urtarrilaren 1erako, orduan sartuko baita indarrean. Konponbidea proposatzeko, lantaldeak kontuan hartuko du AUDENASAren administrazio kontseiluak 2017ko ekainaren 27an egindako bilkuran onetsitako proposamena, baita Nafarroako Gobernuak “Nafarroako errepide sarearen finantzabideak” azterlanean oinarrituta lortzen dituen ondorioak ere.

Hori guztia kontuan hartuta, AUDENASAko kontseiluaren lantaldea, 2020ko ekainaren 19an egindako bileran, ados jarri zen AUDENASAk egin beharreko obrei dagokienez, bai eta obra horiek finantzatzeko eta Nafarroako Gobernuak eta emakidadunak sinatu beharreko hitzarmenaren testua idazteko ere, AP-15etik Itza Zendeako herrietara sartzeko auziari behin betiko konponbidea emateko. Testuaren azken idazketa 2020ko irailaren 7an onartu zen, administrazio kontseiluak 2020ko irailaren 1ean espresuki eskuordetu ondoren. Nafarroako Gobernuak onartu beharko du, emakida-kontratuaren 18. klausularen arabera.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU

1. Baimentzea ordainleku berri bat irekitzea Nafarroako AP-15 autobidearen Zuastiko zerbitzugunean.

AP-15 autobidearen Saratsa-Zuastiko ordainleku berria erabiltzen duten trafikoek bidesariak ordaindu beharko dituzte, unean-unean indarra duten tarifa eta dirulaguntzen arabera.

Nafarroako Gobernuak urtero onetsiko ditu ordainleku berrian aplikatu beharreko prezioak, eta horrekin batera, gainerako oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dituzten bidesariak, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 1997ko abenduaren 15ean, 2007ko ekainaren 18an eta 2015eko abenduaren 23an hartutako erabakietan ezarritako prozedurarekin. Horretarako, Iruña-Zuasti tarteko ordainleku berriari dagozkion oinarrizko bidesariak kalkulatuko dira ibilgailuen kategoria eta mota bakoitzerako, 6 km-ko tartearen luzera kontuan hartuta.

2. Hona hemen Iruña-Zuasti tarteko ordainleku berriari dagozkion oinarrizko bidesariak 2020rako:

(zenbatekoa eurotan, BEZa barne).

KATEGORIA

ZUASTI

Arinak

0,75

Astunak 1

0,95

Astunak 2

1,30

Halaber, hona hemen urte bererako bidesariak, ezarritako berariazko deskontuak aplikatu ondoren:

ORDAINLEKUA

BERARIAZKO DESKONTUA DUTEN BIDESARIAK
(BEZa GABE)

JASANARAZITAKO BEZa

BERARIAZKO DESKONTUA DUTEN BIDESARIAK
(BEZa BARNE)

ZERGA-
OINARRIA

Arinak

0,36

0,09

0,45

0,43

Astunak 1

0,32

0,13

0,45

0,62

Astunak 2

0,34

0,16

0,50

0,76

Berariazko deskontuak aplikatuko zaizkie bidesaria AP-15 txartelarekin ordaintzen duten ibilgailu arinen erabiltzaileei, edo deskontuei loturiko antzeko gailu batekin ordaintzen dutenei (Teleordainketari buruzko 2008ko martxoaren 14ko hitzarmena).

Itzulerako bidaia 72 ordu baino gutxiagoan egiten badute, itzulerako bidaia hori doakoa izanen da eta bidaia bakoitzean 0,225 euroko prezioa aplikatuko da, BEZa barne.

Halaber, ordainleku berrian aplikatuko dira ohiko erabileraren ondoriozko deskontuak, Gobernuak 2008ko martxoaren 10ean hartutako Erabakian ezarritakoaren arabera (2008ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa) eta ibilgailu arinentzako deskontu gehigarri berria (I. mota), baldin eta joan-etorriko bidaiak egiten badituzte eta itzulera egiten badute jatorrizko joan-etorria egin ondoko 24 orduetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakian ezarritako baldintzekin (2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 7koa).

Ibilgailu arinen gainerako erabiltzaileei indarra duten oinarrizko tarifa eta bidesariak aplikatuko zaizkie.

1. taldeko ibilgailu astunei (II. mota) eta 2. taldeko ibilgailu astunei (III. mota), berariazko deskontuak egin ondoko bidesariak aplikatuko zaizkie (aurreko taulan adierazi direnak), zein den ere ordaintzeko erabiltzen den modua.

3. Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren artean ordainleku berriari buruz sinatu beharreko hitzarmenaren testua onestea; erabaki honen I. eranskinean ageri da. Halaber, Lurralde Kohesiorako kontseilariari ahalmena ematea, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuta sina dezan.

4. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Autobideak SAri eta igortzea Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkariari.

5. Erabaki hau eta hitzarmena (sinatu ondoren) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko irailaren 9an.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2010381