217. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

825/2020 EBAZPENA, irailaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira laguntza bat emateko krisi destilaziorako, hain zuzen laguntzaren banaketan sartzen ez den ardo bolumenerako, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari (horren bidez aparteko neurriak hartu ziren ardogintzaren sektorean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta, horrez gain, merkaturatzeko arau bat ezarri zen ardogintzaren sektorean, eta aldatu ziren mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko aitorpenen arauak eta ardogintzari laguntzeko programa). Ebazpen honen bidez eman nahi den laguntza sartzen da Estatuko laguntza-neurrien aldi baterako esparruan, xede duena ekonomia babestea egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan. DDBN identifikazioa: 523628.

COVID-19ak Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua), osasun krisiari aurre egiteko, eta sei aldiz luzatu da alarma-egoera; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, horren bidez luzatu baitzen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Datu epidemiologikoak hobetzen hasi zirenean, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak Normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0 fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar zuen, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia zen, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenek gainezka egin ez zezaten.

Alarma egoera luzatu zuen ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du ezen normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, ondoriorik gabe geratuko direla dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma egoeran ezarritako neurriak. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela, eta beharrezko prebentzio neurri batzuk ezarri ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Nolanahi ere, COVID-19aren agerraldiek larrialdi handia izaten jarraitzen dute herritarren eta gizarteen osasun publikorako, eta, orobat, Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu ditu, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragiten dio bide eta modu desberdinetan. Nekazaritzaren arloan ere izan da asaldura eskaintza orokorrean, hornidura kateak eten direlako, eta, horrekin batera, eskariaren asaldura asimetrikoa ere izan da, nekazaritzako zenbait produkturen eskaria bat-batean apaldu delako kontsumitzaileen aldetik, edo izugarri handitu delako beste produktu batzuen eskaria. Une hauetan, gainera, ez da segurua noiz arte iraunen duen eta zer tamainakoa izanen den asaldura, nekazaritzaren sektoreko eragile ekonomikoen kontroletik kanpo dauden faktoreen menpe dagoelako hein handi batean; aitzitik, agintaritza publikoen erabakien menpe daude faktore horiek, besteak beste, osasun publikoa dela eta.

Covid-19aren krisiari aurre egiteko asmoz jatetxeen sektorean hartutako neurriek (hotelak, jatetxeak eta tabernak ixtea) eta ezarritako murrizketek sortutako arazo logistikoek eragin handia izan dute ardoa bezalako produktu tradizional baten horniduran eta eskarian. Bestalde, eragin handia izaten ari dira ardoaren kontsumoan ospakizun eta festa tradizionalak bertan behera utzi izana eta turismorik eza. Horren ondorioz, handitu egin da ardoaren bolumena merkatuan, eta horrek oso eragin negatiboa du ardoa merkaturatzeari dagokionez, nabarmen desorekatzen baitira eskaintza eta eskaria.

Batzordearen apirilaren 30eko 2020/592 (EB) Erregelamendu Delegatuaren bidez, Batzordeak zenbait neurri ezarri zituen, salbuespenekoak eta aldi baterakoak, baimena emanez salbuespenak egiteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduko zenbait xedapen aplikatzerakoan, aurre egin ahal izateko COVID-19aren pandemiak merkatuan eragindako kalteei, fruten eta barazkien sektorean eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean.

Estatuan, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez aparteko neurriak hartu baitziren ardogintzaren sektorean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta, horrez gain, merkaturatzeko arau bat ezarri zen ardogintzaren sektorean, eta aldatu ziren mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko aitorpenen arauak eta ardogintzari laguntzeko programa.

Errege dekretu horretan jasotzen diren neurriak, batetik, 2019-2020 kanpainarako krisi destilaziorako laguntzak abian jartzeari buruzkoak dira, halako moduz non destilazio horretan lortutako alkohola industrian erabiltzeko izanen den, barnean sartuta desinfektatzaileak eta farmaziako produktuak edo produktu energetikoak fabrikatzea, ekidinez lehia askearen distortsioak eta lagunduz interes orokorreko helburuak lortzen. Neurri horren bidez kendu nahi dira gaur egun upeltegietan dauden ardo-soberakinak, merkaturatzeko zailtasunak dituztenak; xedea da merkatua arintzea eta upeltegietan leku nahikoa uztea datorren mahats-bilketarako, eta mahastizainek ez dezatela arazorik izan uztak emateko; bestalde, ardoa biltegiratzeko laguntza-neurriak ere hartu dira, ardoaren sektoreak Covid-19aren pandemiaren eraginez bizi duen egungo egoerari laguntzeko, merkatua eskaintzaren aldetik orekatuz. Gainera, kanpaina honetarako bakarrik, uzta berdeko neurri bat jarri da martxan, mahastietako mahatsa gutxiago ekoizteko. Gaur egungo egoeran, destilazioa oso mekanismo egokia da ardo-soberakinak kendu eta merkatuaren saturazioa saihesteko; horrez gain, lehen ere adierazi den bezala, upeltegiei ardoa ateratzen laguntzen die, nahikoa leku izan dezaten 2020ko kanpainako mahats-bilketarako eta mahastizainek zailtasunik izan ez dezaten uztak emateko.

Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik (NBEUF) eskuratu da neurri hauetara bideratutako aurrekontua, horrek finantzatzen baitu Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako plana. 65,5 milioi euro bideratu dira krisi destilazioko neurrirako. Hala ere, neurria jasotzeko eskatutako bolumenak gainditzen badu adierazitako aurrekontua, koefiziente murriztaile bat aplikatu behar da, ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluak xedatzen duen bezala.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsak 2020ko uztailaren 16an emandako Ebazpenaren bidez finkatu dira aipatu aparteko neurriei aplikatu beharreko koefizienteak. Alde horretatik, destilazio-neurria jasotzeko eskaera egiten denean, 0,5156 koefiziente murriztailea aplikatu behar zaio jatorri-deitura babestua duen ardoaren bolumenari, eta 0,6853 koefiziente murriztailea gainerako ardoen kasuan. Nafarroako upeltegiek honako bolumen hauek aurkeztu dituzte destilaziorako: 1.242.050 litro jatorri-deitura babestua duen ardoari dagokionez, eta 73.525 litro gainerako ardoei dagokienez. Horrek zera esan nahi du: Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, NBEUFen laguntzatik kanpo geratu dira jatorri-deitura babestua duen 601.640 litro ardo eta gainerako ardoen 23.142 litro.

Oinarri arautzaile hauen bidez, laguntza bat onesten da, xede duena merkatutik kendu ahal izatea, destilazioaren bidez, egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean duten upeltegietatik datorren eta Europar Batasunaren finantzaketatik kanpo geratu den ardo-bolumena, aurreko paragrafoan azaltzen den moduan, eta horretarako, haren zenbateko bereko laguntza emanen da.

Horrenbestez, ebazpen honen bidez onesten den laguntza hau behin-behinekoz kokatzen da COVID-19ak herritarrei eta gizarteei ekarritako osasun publikoaren larrialdi handian, kontuan harturik, orobat, COVID-19ak Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu dituela, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragiten dio bide eta modu desberdinetan. Hori horrela, enpresa guztiek likidezia eta finantzaketa izateko aukera bermatzeaz gainera, kontuan hartu behar da, osasun arloko krisialdi honetan agerian geratu dela lehen sektorea behar-beharrezkoa dela elikagai hornidura bermatzeko; horrelaxe adierazten du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretu horren 15. artikuluak, eta hura bermatzeko neurriak hartzeko betebeharra ezartzen die agintari eskudunei.

Neurria planteatzen da Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 Jakinarazpenean xedatutakoaren esparruan (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza-neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko). (Estatuko aldi baterako I. esparrua). Esparru berri horrekin, eta haren C(2020) 2215, C(2020) 3156 eta C(2020) 4509 aldaketekin (2020ko apirilaren 3an, 2020ko maiatzaren 8an eta 2020ko ekainaren 29an onetsiak, hurrenez hurren), Europako Batzordeak estatu mailako aldi baterako laguntza-neurri gehigarriak finkatu ditu, bateragarriak jo direnak EBFIren 107. artikuluaren 3. apartatuko b) letrarekin. Neurri horiek oso azkar onesten ahal dira, dagokion estatu kideak jakinarazpena egin eta berehala, betiere egiaztatzen bada proposatutako neurriak beharrezkoak, egokiak eta neurrikoak direla ekonomiaren asaldura larri bati aurre egiteko. Estatuko aldi baterako esparru horretan, laguntzak ez dira izanen 800.000 eurotik gorakoak enpresa bakoitzeko, dirulaguntza zuzen gisa.

Estaldura eman ahal izateko Espainiar Estatuko lurralde administrazioetan antolatutako laguntza-araubide guztiei –aipatutako C(2020) 1863 Jakinarazpen horren babesean–, estatuko agintariek laguntza-araubide bat jakinarazi diete Europako Batzordearen zerbitzuei: «Estatuko Aldi Baterako Esparrua, enpresei eta autonomoei emandako laguntza-neurriei buruzkoa, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko» izenekoa, baimen zenbakia 02-04-2020 [C(2020) 2154 amaiera] duena, eta kodea: SA.56851 (2020/N). Hain zuzen ere, horren babesean garatu dira ebazpen honetan aurreikusten diren laguntzak.

Laguntza horiek emanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian ez zeuden enpresei. Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian zeuden mikroenpresei edo enpresa txikiei, baldin eta beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta enpresak salbatu edo berregituratzeko laguntzarik jaso ez badute. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n.

Ebazpen honi aplikagarri zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea (I. eranskina) laguntza bat emateko krisi destilaziorako, hain zuzen laguntzaren banaketan sartzen ez den ardo bolumenerako, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari (horren bidez aparteko neurriak hartu ziren ardogintzaren sektorean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko). Ebazpen honen bidez eman nahi den laguntza sartzen da Estatuko laguntza-neurrien aldi baterako esparruan, xede duena ekonomia babestea egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan.

2. Onestea krisi destilaziorako laguntzak emateko deialdia, 2020rako, eta laguntza eskatzeko eredua, ebazpen honen II. eranskinean jaso bezala.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea, helbide honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 247.599 euroko gastua baimentzea 2020ko Nafarroako Gastuen Aurrekontu Orokorren “COVID19: nekazaritzako sektorearentzako laguntzak” izeneko 710001 71230 4700 414200 partidaren kargura.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, laguntza bat emateko krisi destilaziorako, hain zuzen laguntzaren banaketan sartzen ez den ardo bolumenerako, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari (horren bidez aparteko neurriak hartu ziren ardogintzaren sektorean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta, horrez gain, merkaturatzeko arau bat ezarri zen ardogintzaren sektorean, eta aldatu ziren mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko aitorpenen arauak eta ardogintzari laguntzeko programa). Ebazpen honen bidez eman nahi den laguntza sartzen da Estatuko laguntza-neurrien aldi baterako esparruan, xede duena ekonomia babestea egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea eta aplikazio-eremua.

1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak onestea laguntza bat emateko krisi destilaziorako, hain zuzen laguntzaren banaketan sartzen ez den ardo bolumenerako, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari (horren bidez aparteko neurriak hartu ziren ardogintzaren sektorean, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko, eta, horrez gain, merkaturatzeko arau bat ezarri zen ardogintzaren sektorean, eta aldatu ziren mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko nahitaezko aitorpenen arauak eta ardogintzari laguntzeko programa).

2. Neurria sartzen da Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 Jakinarazpenean eta haren aldaketetan xedatutakoaren barnean (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza-neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko).

3. Laguntza hauek sartzen dira Estatuko Aldi Baterako I. Esparruan, enpresendako eta autonomoendako laguntza-neurriei buruzkoan, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko (2020ko apirilaren 2ko C(2020) 2154 Erabakia, SA.56881 (2020/N) laguntza kodea). Hain zuzen ere, haren babesean garatu da ebazpen honetan aurreikusten den laguntza.

4. Edonola ere, Europako Batzordeak erabaki horretan finkatutako baldintzen mende geratzen da laguntza-araubide honen aplikazioa eta interpretazioa.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzak jasotzen ahalko dituzte egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean duten upategiek, baldin eta krisi destilaziorako laguntzak jasotzeko kontratuak sinatu badituzte eta laguntzak erkidego honetan eskatu badituzte COVID-19aren agerraldiaren ondorioz, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan xedatutakoari, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Krisialdi egoeran ez egotea 2019ko abenduaren 31n, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 14. apartatuan xedatuarekin. Erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan eta landa eremuetan, aplikatuz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak (2014ko 193. EBAO L, uztailaren 1ekoa). Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian zeudenei, baldin eta beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta enpresak salbatu edo berregituratzeko laguntzarik jaso ez badute.

b) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

2. Onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak.

Hirugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren zenbateko unitarioa ardo mota bakoitzarendako (JDB ardoa eta gainerako ardoak) ezarrita dago ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluan.

2. Laguntza hau jaso dezakeen gehieneko ardo-bolumena izanen da bi hauen arteko aldea: destilazioarako laguntza eskatzeko erabili ziren ardo-litroen eta laguntza jaso ahal izan duten ardo-litroen artekoa. Lehenbizikoak dira Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinarazitako kopurua; bigarrenak, aldiz, ardo mota bakoitzerako ezarritako koefiziente murriztaileak aplikatzearen ondorioz lortutakoak, jarraikiz ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari eta NBEFen 2020ko uztailaren 16ko Ebazpenean onetsi bezala.

3. Destilatzaileak aurkeztutako laguntza-eskaeren kontratuetan sartutako ardo-litroak bakarrik hartuko dira kontuan ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako krisi destilazioari jasotzeko.

4. Laguntza osoa dirulaguntza zuzen gisa emanen da, eta, gehienez ere, 800.000 eurokoa izaten ahal da enpresa bakoitzeko. Gehienezko zenbateko hori zenbateko gordin gisa hartuko da; hau da, zergarik eta atxikipenik gabe.

5. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n.

6. Laguntza hauek emateko baldintza izanen da ekoizle primarioei osorik edo partez ez jasanaraztea, eta ez dira finkatzen interesa duten enpresek ekoizle primarioei edo merkaturatzaileei erositako produktuen prezio edo kantitatearen arabera.

Laugarren oinarria.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak laguntza eskatzeko eredu bat bidaliko die bigarren oinarriko 1. puntuan aipatzen diren upeltegiei. Eredu horretan zehaztuko da laguntza jaso dezakeen ardoaren gehieneko bolumena, hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera.

Behin eskabidea jasotakoan, 10 eguneko epean eta sinatua itzuli beharko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Gobernuaren webguneko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Interesduna ados ez badago, egoki irizten dituen alegazioak aurkeztu beharko ditu eskabidea jaso eta 10 eguneko epean.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena laguntzaren eskatzaileak betetzen dituela ebazpen honen bigarren oinarriko 1. eta 2. puntuetan xedatutako baldintzak.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Estatuko aldi baterako esparruaren edo erkidegoko aldi baterako esparruaren baitan jasotako laguntzei buruzkoa; hau da, indarrean dagoen zerga ekitaldian diruz lagungarriak diren gastu beretarako jaso dituen aldi baterako laguntza guztiak, araubide honi jarraikiz, edo Batzordearen Aldi Baterako Esparruaren Jakinarazpenari jarraikiz (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza-neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko).

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria edo, bestela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematea egiaztapen hori egiteko.

Bosgarren oinarria.–Eskatzailearen betebeharrak.

1. Ardoaren destilazioaren proba bat aurkeztu beharko du emakidaren ondoren eta ordainketa baino lehen, azaroaren 15ean beranduenez. Kontratua sinatu zuen destilatzaileak egiaztatu ahal izanen du betebehar hori.

2. Unitate kudeatzaileko langileek beharrezkotzat jotzen diren kontrol guztiak egiten ahalko dituzte ebazpen honen ondoriozko betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko. Kontrol eragiketa horiek eragindako manipulazio gastuak eskatzailearen kontura izanen dira.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Laguntzaren guztirako zenbatekoak gainditzen badu ebazpen honetan baimendutako zenbatekoa, hainbanaketa aplikatuko da.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza eskaerak jasota, Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatuko du betetzen dituztela ezarritako betebeharrak.

Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, kasua bada, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Nekazaritza Zerbitzuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu eta gero, laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen da. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Laguntza onartu baino lehen, organo eskudunak ziurtatuko du ez direla gainditzen erkidegoko aldi baterako esparruan eta estatuko aldi baterako esparruan finkatutako gehieneko zenbatekoak, eta betetzen direla ebazpen honen hamabosgarren oinarrian laguntza bat baino gehiago batera jasotzeari buruz aurreikusitako baldintzak. Laguntza onartu ostean ikusten bada ez dela bete laguntza bat baino gehiago batera jasotzearekin edo gehienezko zenbatekoekin lotutako baldintzaren bat, onuraduna dirulaguntzen itzularazte prozeduraren mende geratuko da, hamahirugarren oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

Hamargarren oinarria. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamabigarren oinarria.–Laguntza bat baino gehiago batera jasotzea.

1. Laguntza hauekin batera, xede bererako beste batzuk ere jasotzen ahal dira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat emandakoak (Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Betiere, erregelamendu horietan laguntza bat baino gehiago batera jaso ahal izateko xedatutako arauak bete beharko dira, eta, laguntza horiek guztiak batuta, ezin izanen dira gainditu erkidegoko aldi baterako esparruan edo estatuko aldi baterako esparruan finkatutako laguntza intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak.

2. Estatuko aldi baterako esparru honetan finkatutako laguntzarekin batera, Batzordearen erabaki baten bidez bateragarritzat jotako beste laguntzaren bat jasotzen ahalko da, edo beste edozein laguntza, Erkidegoko jarraibideekin bat, betiere, dagozkion jarraibideetan finkatutako intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak gainditu gabe.

Hamahirugarren oinarria. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Emandako laguntzak argitaratzea eta jakinaraztea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Laguntzaren kudeatzaileak laguntza-araubidearen eta estatuko aldi baterako esparruaren baitan 10 urtetan zehar emandako laguntzen erregistro xehatua gorde beharko du. Erregistro horietan, ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko behar den informazioa gordeko da, eta aurkeztu egin beharko dira, Europako Batzordeak eskatuz gero.

3. Laguntzaren kudeatzaileak konpromisoa hartzen du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari helarazteko, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atalaren bidez, laguntza onartu zaien enpresen zerrenda, enpresa bakoitzari onartutako laguntzaren zenbatekoa eta estatuko aldi baterako esparruan dagokion kategoria adierazita.

4. Azkenik, Europako Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 794/2004 (EE) Erregelamenduari jarraikiz (erregelamendu horren bidez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 108. artikulua aplikatzeko arau zehatzak ezartzen dituen Kontseiluaren 2015eko uztailaren 13ko 2015/1589 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dira) Batzordeari aurkeztu beharreko urteroko txostenetan jasoko dira laguntza hauek.

II. ERANSKINA

Laguntza-eskabidearen eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2010602