212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

470/2020 EBAZPENA, irailaren 3koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinen bidez onesten baita Nafarroako udaletan administrazio elektronikoa ezartzeko 2020ko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 522455.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ez dute izapidetze elektronikoa prozedurak kudeatzeko era berezitzat hartzen, baizik eta administrazioen ohiko jarduketatzat. Hori dela eta, administrazioei beharrezko bitarteko eta sistemak eskuratzeko betebeharra ezartzen diete, elkarren arteko harremanak bitarteko elektronikoen bidez egiteko betebeharra bete dezaten eta herritarrek administrazio publikoekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko duten eskubidea baliatu ahal izan dezaten. Horretarako, araudiaren ikuspegi integral batekin, administrazio publikoek nahitaez bete beharreko honako alderdi hauek arautu dituzte: nortasun digitala, zigilu elektronikoa, erregistro elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa, bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak, artxibo elektroniko bakarra, egoitza elektronikoa eta formatu elektronikoko izapidetzea eta espedientea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenak, araua argitaratu eta urtebetera indarrean jarriko dela xedatu arren, abuztuaren 31ko 11/2018 Errege lege dekretuak emaniko idazketaren arabera, 2020ko urriaren 20tik aurrera ezartzen du (beste 6 hilabetez luzatzeko aukerarekin, baldin eta abuztuaren 4ko 27/2020 Errege lege dekretua baliozkotzen bada) honako gai hauei buruzko xedapenak indarrean jartzea: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa, administrazioaren sarbide elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra.

Epea betetzear dela ikusirik eta Nafarroako udalei administrazio elektronikoa ezartzen laguntzeko, 2020ko ekitaldiko Nafarroako Gobernuaren gastu-aurrekontuan dirulaguntza partida bat aurreikusi da administrazio elektronikoa sustatzeko toki entitateek egin beharreko inbertsioentzat, 50.000 euroko zenbatekoarekin.

Udalei laguntza hauek jaso ahal izateko erraztasunak ematearren, bidezkoa da ebazpen bat ematea, administrazio elektronikoa ezartzeko dirulaguntzen deialdia onesteko eta, halaber, dirulaguntzen banaketa arautuko duten oinarriak ezartzeko.

Aurreko guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8.n) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2020. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko Nafarroako Udalentzako laguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 50.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekitaldirako gastu-aurrekontuko “administrazio elektronikoaren ezarpena sustatzeko toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak” izeneko 210001 21100 7609 942302 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 50.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berri bat hasterik ere.

5. Ebazpen honen eta eranskinaren berri ematea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalari eta Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuari.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko uztailaren 23an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

Nafarroako udaletan 2020. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko dirulaguntza deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako udalek 2020. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko asmoz egiten dituzten gastuentzako dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko oinarri arautzaileak ezartzea.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3.–Gauzatzeko epeak.

Inbertsioak deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2020ko abenduaren 10era bitarte gauzatu beharko dira, egun hori barne. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu direla epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu direnean.

4.–Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Dirulaguntzaren xede izan daitezke administrazio elektronikoko softwarea ezarri eta integratzea eta langileei software plataforma horien inguruko prestakuntza ematea. Erreferentzia gisa, honako hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:

–Administrazio elektronikoko software plataformak ezarri eta integratzea.

–Egoitza elektronikoa.

–Sarbide elektroniko orokor bakarra eta leihatila bakarra.

–Identifikatzeko eta sinatzeko sistemak: Cl@ve PINa, ziurtagiri elektronikoak, sinadura elektronikoa, etab.

–Erregistro Orokor Elektronikoa.

–Iragarki ohol elektronikoa.

–Herritarraren karpeta.

–Kopia elektroniko fede-emaileak emateko sistema. Konpultsa elektronikoa.

–Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa: Apodera-REA, etab.

–Identifikazio eta sinadura elektronikoa erabiltzeko nahikoa bitarteko elektronikorik ez duten herritarrei laguntzeko gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa.

–Digitalizazio eta izapidetze elektronikoa.

–Administrazio prozeduren katalogoa. Prozedurak sinplifikatzea.

–Espedienteak izapidetzeko sistema / Espedienteen kudeatzailea. Udal izapidetzeko prozedurak ezartzea.

–Dokumentu elektronikoak.

–Artxibo elektronikoa.

–Jakinarazpenak: Notific@, helbide elektroniko gaitua, etab.

–Erregistroen interkonexioa (SIR), administrazio publikoen arteko datu bitartekotza, erregistroen trukerako osagaia (CIR), unitate organikoen eta bulegoen direktorio bateratua (DIR 3), etab.

–Datuak egiaztatu eta kontsultatzeko zerbitzua: Bitartekotza plataforma.

–Udal erregistroen eta EEBBren erregistro birtualaren arteko elkarreragingarritasuna.

–Datu truke elektronikoa.

–Ordainketa elektronikoetarako plataforma.

–Prestakuntza.

–Administrazio elektronikoko software plataformak ezarri eta integratzeari buruzko berariazko prestakuntza udal langileentzat.

Deialditik kanpo geratzen dira plataformen eta softwarearen mantentze-lanak eta laguntza teknikoa.

Era berean, deialditik kanpo geratzen da ekipamendu informatikoak eta hardwarea erostea, ez baitira, bere horretan, deialdi honen xede den administrazio elektronikoaren ezarpen bat.

4.2. Eskatzaile bakoitzari eman beharreko zenbatekoa ez da inoiz izanen dirulaguntzaren xede izan daitekeen gauzatutako inbertsioaren % 50 baino handiagoa (BEZa barne). Horrez gain, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Inbertsioaren zenbatekoa 1.000 eta 8.000 euro artekoa bada (BEZa barne), eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa eginiko inbertsioaren % 50 izanen da (BEZa barne).

–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, 4.000 eurokoa izanen da. Muga hori aplikatuko zaie 8.000 euroko inbertsioei edo handiagoei (BEZa barne).

–Emanen den dirulaguntzarik txikiena 500 eurokoa izanen da, 1.000 euroko inbertsioetarako (BEZa barne). Ez da dirulaguntzarik emanen inbertsioaren zenbatekoa 1.000 eurotik beherakoa bada, BEZa barne. Muga hori ez zaio aplikatuko azken hartzaileari. Hari partida agortu arteko zenbateko erabilgarri guztia emanen zaio, 500 eurotik beherakoa bada ere.

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, irizpide hauen arabera jokatuko da:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, bakoitzari dagokion zenbatekoa edo ezarritakoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari, aurreko paragrafoan aipaturiko mugekin.

–Entitate eskatzaileak beste laguntza publiko eta/edo pribaturik jaso badu deialdi honen dirulaguntzaren xede den ezarpenetarako, eman beharreko zenbatekoa doituko da, aurreikusitako dirulaguntzen baturak ezarpenaren guztizko kostua gaindi ez dezan.

5.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak 50.000 euroko mugara arte finantzatuko dira, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekitaldirako gastu-aurrekontuaren partida honen kargura: 210001-21100-7609-942302 “Administrazio elektronikoaren ezarpena sustatzeko toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak” (50.000 euro).

6.

Eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu nahikorik ez badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 50.000 euro gehituz, gehienez, dagokion aurrekontu gehikuntzaren bidez. Zenbateko hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzerik, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berri bat hasterik ere.

7.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Instrukzio organoak beharrezko laguntza tekniko eta juridikoa eskatzen ahal dizkio Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari prozedura izapidetzeko, dagokionean.

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Eskabideak bide telematikotik aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten udalek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Aurrekontua edo agiri baliokidea; bertan jasoko da 4.1 oinarrian aipatutako dirulaguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioen ezarpenaren kostua (BEZa barne).

b) Udal idazkariaren ziurtagiria; bertan idatziz jasoko da aipatutako udalak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituela.

c) Udal idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena deialdi honen xedeko ezarpenetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den, horren bitartez ziurtatzeko aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen ezarpenaren kostu osoa.

d) Toki entitateen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, I. eranskineko ereduaren araberakoa.

2. oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

9.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

9.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo 9.2 puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

9.2. Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

1.–Udalerriko biztanleriaren kopuru ofiziala 2019. urteko urtarrilaren 1ean: 70 puntu gehienez. Udal bakoitzari taula honetan agertzen den biztanle kopuruaren araberako puntuazioa emanen zaio:

BIZTANLE KOPURU OFIZIALA

PUNTU KOPURUA

2.000 biztanle baino gutxiago

70 puntu

2.000 eta 2.999 biztanle artean

60 puntu

3.000 eta 5.000 biztanle artean

50 puntu

5.001 eta 8.000 biztanle artean

40 puntu

8.001 eta 10.000 biztanle artean

30 puntu

10.001 eta 15.000 biztanle artean

15 puntu

15.001 eta 25.000 biztanle artean

10 puntu

25.001 eta 40.0000 biztanle artean

5 puntu

40.000 biztanle baino gehiago

0 puntu

2019ko urtarrilaren 1eko biztanleria Nafarroako Estatistika Institutuak 2018rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

2.–Aurkeztutako azken kontu orokorraren arabera Udalak biztanle bakoitzeko lortutako diru-sarrera arruntak, entitate nagusiaren eskubide aitortu garbien ondoreetarako, (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako igorri beharreko azken kontu orokorra hartuko da oinarri, hots, 2018ko ekitaldikoa): gehienez 30 puntu. Aldagai hori kalkulatzeko datua 2019ko urtarrilaren 1eko biztanleria ofiziala izanen da, hots, Nafarroako Estatistika Institutuak 2018. urterako argitaratutako biztanleria ofiziala.

Udal eskatzaile bakoitzari biztanle bakoitzeko dituen diru-sarrera arrunten arabera dagokion puntuazioa adjudikatuko zaio, alderantzizko proportzioaren araberako kalkulua eginda, hau da, gehieneko puntuazioa adjudikatuko zaizkio biztanle bakoitzeko diru-sarrera arrunt txikienak dituen udalari, eta puntuaziorik baxuena biztanle bakoitzeko diru-sarrera arrunt handienak dituen udalari, 30 eta 0 puntu arteko tartean. Horretarako, alderantzizko proportzionaltasunaren formula aplikatuko da.

3.–Eskatzaile bakoitzaren guztizko puntuazioa 1. eta 2. ataletan lortutako puntuen batura izanen da. Berdinketarik balego, biztanleria txikieneko udala lehenetsiko da. Hori eginik ere berdinketa hausten ez bada, hurrenkera alfabetikoan lehenengo dena lehenetsiko da.

10.–Prozeduraren ebazpena.

10.1. Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 9. oinarrian ezarritako baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontuko dirua agortu arte.

Dirulaguntza emateko prozedura egin eta jakinarazi ondoren laguntzei uko egiten bazaie edo justifikatutako gastuaren zenbatekoa diruz lagundutako inbertsioa baino txikiagoa bada, diruz lagunduko den zenbatekoa justifikatutako zenbatekoaren arabera doituko da, 4.2 oinarrian ezarritakoa aplikatuz. Lortutako soberakina onartutako azken onuradunaren eskabidea osatzera bideratuko da lehenik, nahikoa kreditu ez egoteagatik egokituko zitzaiokeen laguntza baino gutxiago jaso badu, eta jarraian ondorengo onuradunei, lehentasunezko hurrenkeran. Azken onuradunak geratzen den saldoa jasoko du, 4.2 oinarrian ezarritakoa baino txikiagoa bada ere, eta partida oso-osorik erabiliko da, soberakinik utzi gabe.

10.2. Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateari buruz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

I. eranskina: Dirulaguntza jasoko duten udalen zerrenda, puntuaziotik handienetik txikienera zorrozki ordenaturik, 9.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontua edo zenbatekoa adieraziko da, bai eta horren arabera emaniko dirulaguntza ere, 4.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

II. eranskina: Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik dirulaguntza ukatu zaien udalen zerrenda.

III. eranskina eta hurrengoak: Dirulaguntza jaso duten entitateek laguntzari uko egiten badiote, ez badute gastua justifikatzen edo justifikazioa desegokia bada, horren ondorioz dirulaguntza jasoko duten udalen zerrenda edo zerrendak eginen dira, puntuaziotik handienetik txikienera lehentasunezko hurrenkeran zorrozki ordenaturik, 9.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontua edo zenbatekoa adieraziko da, bai eta horren arabera emaniko dirulaguntza ere, 4 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. 2.

I. eranskineko eta III. eranskineko eta hurrengoetako zerrendetan agertzen diren udalek ebazpenaren berariazko jakinarazpena jasoko dute, eskatutako aurrekontua eta diruz laguntzen dena zehaztuta, baita ematen zaien dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

10.3. Ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Aurrekoa ukatu gabe, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.navarra.es helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

10.4. Berariazko edo ustezko ezespenari aurka egiteko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakoari jarraituko zaio.

11.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

11.1. Laguntzak zenbateko bakarrean ordainduko dira, eta, aldez aurretik, 2020ko abenduaren 10a baino lehen, honako agiri hauek bidali behar zaizkio instrukzio organoari erregistro elektronikoaren bidez:

1.–Egindako gastuaren faktura osoa edo horren kopia konpultsatua.

2.–Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.–Udal idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena 4.2. oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso ote den.

4.–Udal idazkariaren ziurtagiria, kontratazioa Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako moduan egin dela eta kostu osoa hartzen duela adierazten duena.

11.2. Dirulaguntza jaso dezakeen eta benetan egin den gastu justifikatua diruz lagundutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan eginiko gastuaren % 50era doituko da, 4.2 oinarrian ezarritako mugekin. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

12.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:

12.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

12.2. Frogatzea, instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla.

12.3. Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

12.4. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

12.5. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea une oro.

12.6. Udalek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

12.7. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

13.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako ezarpenaren gastu lagungarria.

14.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

14.1. Ezarpena egiten ez bada edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, 12.2 oinarrian arautzen den kasua eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako zergatiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

14.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

15.2. Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa izanen da.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan esanbidez ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

ERANSKINAK

Dirulaguntza-eskabidea.

Gardentasunari buruzko adierazpena.

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2010142