211. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 17a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

9/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, irailaren 16koa, zeinaren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

I

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio, euste, eta koordinazioko berariazko neurri batzuk ezarri zituen Espainiako lurralde osorako, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren amaiera deklaratu arte bete beharrekoak. Arau horretan, jasotzen dituen berariazko neurriak zaintzea, kontrolatzea eta eraginkorrak izatea bermatzeko betebeharraz gain, gainerako administrazioei ezartzen zaie, berariaz, osasun publikoa antolatu eta babesteko eskumena duten agintaritza eskudunak diren aldetik, agindu hau: higiene, prebentzio eta euste baldintzak jarduera sektore guztietan bermatzeko beharrezkoak diren neurriak inplementatzea.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren ondorioz, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakia onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartutako beste erabaki batek aldatu du erabaki hura.

Era berean, erabaki horren osagarri, Osasuneko kontseilariak 34/2020 Foru Agindua eman zuen 2020ko uztailaren 15ean, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian. Osasuneko kontseilariaren uztailaren 17ko 35/2020 Foru Aginduak aldatu zuen aurreko foru agindu hori. Beste alde batetik, onetsi dira, halaber, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako, eta irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariak uztailaren 17an emandako 35/2020 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean dauden “aisialdiko etxabe”, “pipote” deitutakoen edo antzekoen jarduera bertan behera uzteko agindua eman zen.

Azkenik, Osasuneko zuzendari nagusiak abuztuaren 5ean emandako 598/2020 Ebazpena onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira gaueko aisialdiaren esparruan, indarra izan dezaten Nafarroako Foru Komunitate guztiko herrietako festak izanen liratekeen aldian, bai eta uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretua ere, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Foru Lege-dekretu hori indargabetu zuen, hein batean, abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuak, ohiz kanpoko neurriak onesten dituenak COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 31. artikuluak ezarri zuenez, batetik, ezarritako prebentzio neurriak eta betebeharrak ez betetzeagatik, osasun publikoaren arloko arau-hauste administratiboak direnean, zehapena jarriko da, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren VI. tituluan xedatutako moduan; bestetik, neurriak betetzen direla zaindu, ikuskatu eta kontrolatzeko lanak, bai eta bidezkoak diren zehapen prozeduren instrukzioa egin eta ebaztekoak ere Estatuko, autonomia erkidegoetako eta toki entitateetako organo eskudunei dagozkie, zein bere eskumenen esparruan arituta.

Orain arte izan dugun zehapen araubidea sakabanaturik dago zenbait lege testu desberdinetan, eta, nahiz eta osorik egon araututa, izaera orokorra du, eta horrek galarazi ez, baina zailago bihurtzen du herritarrek jakitea zein diren jokabide edo ez-egite juridikoki gaitzesgarriak ikuspuntu administratibo batetik.

Horrela, zenbait jokabide tipifikaturik daude arau-hauste gisa Estatuko Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean –II. kapituluan– eta Estatuko Osasunari buruzko urriaren 4ko 33/2001 Lege Orokorrean –VI. kapituluan–, eta horri gehitu behar zaio ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretua, osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoa, 6. artikuluan arau-hauste arin gisa tipifikatzen baitu maskararik ez eramatea hala eskatzen den kasuetan, ez-betetze bat den aldetik.

Beste arlo bati dagokionez, aipa daitezke lantokietan enpresaburuek nahiz langileek COVID-19ari aurre egiteko onetsi diren neurriak ez betetzean gertatzen diren kasuak; ez-betetze horiei lan arloko legeriari jarraikiz ezarriko zaie zehapena, Lan arloan arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onesten duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren babesean. Josteta jardueren, ikuskizun publikoen eta horiek egiteko establezimenduen esparruan, berriz, aplikatzekoak dira Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea eta hura garatzen duten xedapenak.

Aurreko guztia kontuan harturik, foru lege-dekretu honen xedea da gai hauetako arau-hausteak argitu eta zehaztea, herritarrek segurtasun juridikoa handiagoa izan eta hobeki jakin dezaten zein diren zigor administratiboa jaso dezaketen jokabideak; horrekin batera, arau-hausteen eta zehapenen legezkotasunaren eta tipikotasunaren printzipioa betetzen da, erabakitako neurrietan ezartzen diren betebeharrekin bat etorriz, izan ere, printzipio hori Konstituzioaren 25. artikuluan ezarrita baitago, agintzen baitu ezin duela inork zigorrik jaso ekintza edo ez-egiteen ondorioz, horiek gertatzen direnean, unean-unean indarra duen legeriaren arabera, delitu, falta edo arau-hauste administratiboa ez badira. Hori guztia, ezertan ukatu gabe osasun arloko arau-hauste eta zehapenen araubide orokorra edo beste bat aplikatu ahal izatea, indarreko ordenamendu juridikoan aurreikusirik dagoena.

II

Presako eta ohiz kanpoko premia kasua gertatzeaz Konstituzio Auzitegiak dio eskatzen dela, gobernuak hura onestean kontuan hartu dituen arrazoiak esplizituki eta arrazoituta, hau da, funtsean, urgentzia egoera deitu dena, aurkeztea ez ezik, zehaztutako urgentzia egoeraren eta berorri aurre egiteko hartu den neurri zehatzaren arteko nahitaezko lotura bat egotea ere.

Horretarako, foru lege-dekretu honen xedea da urgentziazko eta premiazko legeria justifikatzen duen helburua betetzea, hau da, berehalako araudi bat ematea epe labur batean, ohiko legegintza prozedura baterako behar dena baino handiagoa, horrek bermatu dezan Nafarroak bertako osasun publikoa babestearren hartu dituen neurriak eraginkorrak direla.

III

Foru lege-dekretu honek hiru kapitulu, 15 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta lau azken xedapen ditu. I. kapituluan jasotzen dira xedapen orokorrak, aplikazio eremua, erantzuleak eta ikuskapen eta kontrol lana. II. kapituluan araututa daude COVID-19aren arloko arau-hausteak eta zehapenak, eta III. kapituluan zehapen prozedurari buruzko zenbait gai arautzen dira, aktak, behin-behineko neurriak, zehatzeko eskumena eta preskripzioa.

Xedapen iragankorrean ezartzen da zein den aplikatu beharreko araubidea foru lege-dekretu honen aurretik irekitako zehapen prozeduretan.

Azkenik, azken xedapenetako lehenak ezartzen du Nafarroako Parlamentuak jokoaren eta apustuen arloan onetsi zuen moratoria mantenduko dela, baina ñabardura batzuk gehituta makinak jartzeko baimenen mugei, eta akats bat zuzenduta irailaren 1eko 14/2020 Foru Legearen azken xedapenean egindakoa; foru lege horren bidez, ohiz kanpoko neurri batzuk hartzen baitira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak eta Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko irailaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da berariaz arautzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko Nafarroako Foru Komunitateak ezarri dituen osasun neurrien ez-betetzeei aplikatu beharreko zehapen araubidea.

2. artikulua. Aplikazio eremua eta erantzuleak.

1. Foru lege-dekretu honetan bildutako xedapenak aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean ez-betetze gisa tipifikaturik dauden egitate, ekintza edo ez-egiteetan, edozein pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuk egindakoetan, horiek ekartzen badute agintaritza eskudunek beren eskumenen esparruan emandako egintza edo xedapenen bidez eman eta erabakitako neurriak, orokorrak edo berariazkoak, ez betetzea edo haiei kontra egitea.

2. Erantzuleak izanen dira, halaber, establezimendu publikoen edo horien lizentzien titularrak, eta ikuskizun publikoen eta josteta jardueren antolatzaileak eta sustatzaileak, haiena izanen baita ikuskizunean edo jardueran parte hartzen dutenek egindako arau-hausteen gaineko erantzukizuna, baldin eta, arduragabekeria tarteko, halakoak ekiditeko behar diren neurriak ez badituzte hartu edo, hartuta ere, bertaratutakoek neurriak bete ez badituzte eta entitate titularrak, antolatzaileak edo sustatzaileak berehalakoan horren berri eman ez badio agintaritza eskudunari.

3. Turismo edo merkataritzako ustiategien, enpresen edo jardueren titularrek izanen dute langileek zerbitzuak ematean egindako arau-hausteen gaineko erantzukizun administratiboa, eta haien kontra dagozkien berreskaera akzioak betetzen ahalko dituzte.

4. Arau-hauslea adingabea denean, ezarritako isunaren erantzukizun solidarioa izanen dute gurasoek, legezko tutoreek, hura harreran dutenek edo haren lege zaintza dutenek.

5. “Aisialdiko etxabeak”, “pipote” izenekoen edo antzekoen kasuan, erantzuleak izanen dira legez kanpoko jardueran ari diren pertsona fisikoak.

6. Elkarte gastronomikoen eta “peña” direlakoen kasuan, erantzuleak izanen dira bertan legez kanpoko jardueran ari diren pertsona fisikoak.

7. Erantzuleak izanen dira prebentzioko osasun neurriak hartzea galarazi edo oztopatzen duten jende pilaketak sortzen dituzten ekitaldi edo bilkuretarako deialdia egiten duten pertsona fisikoak edo juridikoak, egoera horrek jendearen osasunerako arrisku edo kalte larria eragiten duenean edo eragin dezakeenean; erantzuleak izanen dira, halaber, ekitaldi edo bilkura horien zabalkundean laguntzen dutenak.

3. artikulua. Ikuskapen eta kontrol lanak.

1. Estatuaren eskumenak ukatu gabe, foru lege-dekretu honetan xedatutakoa betetzearen gaineko ikuskapen eta kontrol lanak Nafarroako Foru Komunitateko edo toki entitateetako agintaritzaren edozein agentek edo funtzionariok beteko ditu, behar bezala akreditatuta.

2. Nafarroako Gobernuak eskatzen ahalko dio Espainiako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean duen Ordezkaritzari bere agintepean dituen Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek parte har dezatela dagozkien ikuskapen eta kontrol lanetan.

3. Era berean, toki entitateen bitartez, jarraibideak bidaltzen ahalko dira ikuskapen eta zainketa lanak koordinatzeko eta irizpideak bateratzeko.

II. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenen araubidea

4. artikulua. Arau-hausteak.

Esparru honetako arau-hauste administratiboak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, irizpide hauen arabera: osasunerako arriskua, intentzionalitate maila, sortutako osasun- eta gizarte-kaltearen larritasuna eta arau-haustea orokortzea eta berrerortzea.

5. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat joko dira:

1. Maskara erabiltzeko betebeharra ez betetzea edo behar ez bezala erabiltzea, osasun-agintariek ezarritako baldintzetan.

2. Agintari eskudunek ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak ez betetzea, edozein establezimendu edo jarduera motatarako, leku irekian edo itxian, publikoa edo pribatua izan, herritarren osasunerako arrisku edo kalte arina sortzen denean.

3. Jendaurreko establezimenduek ez betetzea mahai bananduetako aulkien arteko segurtasun-distantzia, ez barrualdean ez kanpoaldean.

4. Jendaurreko establezimenduek edo jarduera publikoek ez betetzea bezeroei edo erabiltzaileei informazioa eman beharra ordutegiari, lokalaren edukierari, pertsonen arteko distantziari eta, hala badagokio, maskara erabiltzeko nahitaezkotasunari buruz, COVID-19aren prebentzio-neurri gisa.

5. Agintari eskudunek onartutako berariazko planak edo antolaketa-protokoloak ez betetzea, horrek herritarren osasunerako arrisku edo kalte arina eragiten badu.

6. Kontingentzia-protokolo edo -planak egiteko betebeharra ez betetzea, protokolo edo plan horiek egiteko betebeharra agintari eskudunek ezarria duten establezimendu edo jardueren kasuan, baldin eta herritarren osasunerako arrisku edo kalte arina sortzen bada.

7. Pertsonen arteko segurtasun-tarte fisikoa ez betetzea leku eta bide publikoetan edo jendea pilatzen den toki ireki edo itxietan, adostutako baldintzetan.

8. Osasun-agintaritza eskudunak erabaki duen berrogeialdiko kautela-neurria ez betetzea COVID-19agatik positibo eman ez duten baina COVID-19a duen pertsona eri baten kontaktu estuan diren pertsonen kasuan.

9. Edari alkoholdunak partekatzea bide publikoan eta osasun-agintaritzak baimentzen ez dituen jendaurreko gainerako guneetan, herritarren osasunerako arrisku arina dagoenean.

10. Bide publikoan edo aire zabalean erretzea (tabakoa, ur pipak, katxinbak edo antzekoak), baldin eta ezin bada gorde 2 metroko gutxieneko tartea pertsonen artean.

11. Osasun-agintaritza eskudunak dekretaturiko konfinamendu agindu orokorra ez betetzea.

12. Foru lege-dekretu honen arabera hartutako behin-behineko neurriak urratzea.

6. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astuntzat joko dira, herritarren osasunerako arrisku edo kalte larria sortzeagatik:

1. Establezimenduetan edo jardueretan edukiera-mugak edo baimendutako gehieneko pertsona-kopuruak ez betetzea.

2. Bilera, jai edo beste edozein jarduera edo ekintza iraunkor edo noizbehinkakoren bat egin edo merkaturatzea, pribatua edo jendaurrekoa, espazio publiko edo pribatuetan, baldin eta bertan jende pilaketak gertatzen badira, eragotziz edo zailduz prebentzioko osasun-neurriak hartzea eta, ondorioz, herritarren osasunerako arrisku edo kalte larria ekarriz.

3. Era berean, arau-hauste astuntzat joko da horrelako egintza edo bilerak sare sozialen bidez deitzea, baldin eta deialditik ondoriozta badaiteke osasun-agintaritza eskudunak emandako arauak urratzeko asmoa dagoela COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriei dagokienez.

4. Establezimendu edo jarduera mota bakoitzerako ezarritako higiene-, prebentzio- eta kontrol-neurri orokorrak edo espezifikoak ez betetzea, espazio edo lokal publiko edo pribatuetan, horrek biztanleriaren osasunerako arrisku edo kalte larria eragiten badu.

5. Osasun-agintaritza eskudunek berariaz debekatutako edo bertan behera utzitako lokalak irekitzea, ekitaldiak egitea edo jarduerak egitea.

6. Osasun-agintaritzak adostutako etxean bakartzeko betebeharra ez betetzea, COVID-19a dela eta baieztatutako kasu positiboak diren pertsonen kasuan.

7. Kontingentzia-protokolo edo -planak egiteko betebeharra ez betetzea, protokolo edo plan horiek egiteko betebeharra agintari eskudunek ezarria duten establezimendu edo jardueren kasuan, baldin eta herritarren osasunerako arrisku edo kalte larria sortzen bada.

8. Agintari eskudunek onartutako berariazko planak edo antolaketa-protokoloak ez betetzea, horrek herritarren osasunerako arrisku edo kalte larria eragiten badu.

9. COVID-19aren aurkako neurrien ondorioz establezimendu eta jarduerak irekitzeko eta ixteko ezarritako ordutegi bereziaren ez-betetze egiaztatua.

10. Agintaritza eskudunari ez jakinaraztea gaixotasunaren susmorik edo diagnostikorik izan den, edo deklaratu beharreko gertaera garrantzitsurik izan den.

11. Agintari ikuskatzaileei edo agenteei laguntza, sorospena edo lankidetza ukatzea, edo establezimendu, zentro, instalazio edo jardueretara sartzen ez uztea, COVID-19arekin lotutako egiaztapen eta ikuskapenetan.

12. Datuak emateari aurka egitea edo agintariei, ikuskatzaileei edo agenteei informazioa emateko oztopoak jartzea, baita informazio okerra ematea ere, COVID-19arekin lotutako egiaztapen eta ikuskapenetan.

13. Edari alkoholdunak partekatzea bide publikoan eta osasun-agintaritzak baimentzen ez dituen jendaurreko gainerako guneetan, herritarren osasunerako arrisku larria dagoenean.

14. Osasun-agintaritza eskudunak dekretaturiko konfinamendu agindu orokorra behin eta berriz ez betetzea.

15. Arau-hauste arin bat baino gehiago behin eta berriz egitea urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

16. Onartutako araudia edo COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko hartutako neurriak, aginduak, ebazpenak edo egintzak ez betetzea, egitez edo ez-egitez, betiere herritarren osasunari kalte larria eragiten badiote.

7. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuntzat joko dira, biztanleriaren osasunerako arrisku edo kalte oso larria sortzeagatik:

1. Establezimenduetan edo jardueretan edukiera-mugak edo baimendutako gehieneko pertsona-kopurua ez betetzea, horrek herritarren osasunerako arrisku edo kalte oso larria eragiten duenean.

2. Bilera, jai edo beste edozein jarduera edo ekintza iraunkor edo noizbehinkakoren bat egin edo merkaturatzea, pribatua edo jendaurrekoa, espazio publiko edo pribatuetan, baldin eta bertan jende pilaketak gertatzen badira, eragotziz edo zailduz prebentzioko osasun-neurriak hartzea eta, ondorioz, herritarren osasunerako arrisku edo kalte oso larria ekarriz.

Arau-hauste oso astuntzat joko da horrelako egintza edo bilerak sare sozialen bidez deitzea, baldin eta deialditik ondoriozta badaiteke osasun-agintaritza eskudunak emandako arauak urratzeko asmoa dagoela COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriei dagokienez eta herritarren osasunerako arrisku edo kalte oso larria dagoela.

3. Osasun-agintaritza eskudunek berariaz debekatutako edo bertan behera utzitako lokalak irekitzea, ekitaldiak egitea edo jarduerak egitea, herritarren osasunerako arrisku edo kalte oso larria eragiten dutenean.

4. Osasun-agintaritzak erabakitako etxean bakartzeko betebeharra behin eta berriz eta modu egiaztatuan ez betetzea, COVID-19a dela eta baieztatutako kasu positiboak diren pertsonen kasuan, baldin eta horrek osasun publikoari kalte oso larria eragiten badio.

5. Establezimendu edo jarduera mota bakoitzerako ezarritako higiene-, prebentzio- eta kontrol-neurri orokorrak edo espezifikoak ez betetzea, espazio edo lokal publiko edo pribatuetan, horrek herritarren osasunerako arrisku edo kalte oso larria eragiten badu.

6. COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko hartutako neurriak edo araudia ez betetzea, egitez edo ez-egitez, betiere herritarren osasunari kalte oso larria eragiten badiote.

7. Agintaritza eskudunak jasotako protokoloak, planak edo jarraibideak behin eta berriz eta modu egiaztatuan ez betetzea, baldin eta horrek osasun publikoari kalte oso larria eragiten badio.

8. Agintari eskudunei, ikuskatzaileei edo agenteei dokumentazio faltsua ematea, COVID-19arekin lotutako egiaztapen eta ikuskapenetan.

9. Arau-hauste astun bat baino gehiago behin eta berriz egitea urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

10. Onartutako araudia edo COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko hartutako neurriak, aginduak, ebazpenak edo egintzak ez betetzea, egitez edo ez-egitez, betiere herritarren osasunari kalte oso larria eragiten badiote.

8. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste oso astunek 60.001 eurotik 600.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

2. Arau-hauste astunek 3.001 eurotik 60.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

3. Arau-hauste astunek 3.001 eurotik 60.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

4. 5. artikuluko 1. apartatuan aurreikusitako arau-hausteak gutxienez 300 eurorekin zehatuko dira, baldin eta arau-hausleak ez badu errespetatzen 1,5 metroko segurtasun-tarte fisikoa.

5. 5. artikuluko 9. apartatuan ezarritako arau-hausteek 600 euroko gutxieneko zehapena izanen dute.

9. artikulua. Zehapen osagarriak.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren isunez landa, interesdunari entzun ondoren, zehapen osagarriak erabakitzen ahalko dira, hala nola arau-haustea gertatu den establezimendua, instalazioa edo zerbitzua aldi baterako ixtea edo jarduera egiteko debekua, gehienez ere bost urteko epean.

10. artikulua. Zehapena murriztea.

Proposatutako zehapena isun bat denean, zehapen-espedientea irekitzeko ebazpenean ezarritako epea igaro baino lehen ordaintzen bada isunaren zenbatekoa, egitateen erantzukizuna aitortuko da, eta zehapenaren zenbatekoa ehuneko berrogeita hamarrean murriztuko da.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

11. artikulua. Ikuskapen eginkizunak.

Foru lege-dekretu honen xede diren gaietan eskumenak dituzten administrazio publikoek garatu beharko dituzte zeinek bere zaintza, ikuskapen eta kontrolerako eginkizunak eta, orobat, elkarri laguntza eman beharko diote eta elkarlanean aritu beharko dute eginkizun horiek eraginkortasunez betetzen direla bermatzeko eta, hartara, ezarritako terminoetan Estatuko segurtasun indarren eta kidegoen, Foruzaingoaren eta udaltzaingoen lankidetza eta laguntza izanen dute.

12. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1. Arau-hausteak oso astunak edo astunak badira, prozedura ebazteko eskumena duen organoak agindu dezake Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluan ezarritako behin-behineko neurrietako edozein hartzea.

2. Nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritako kasuan, behin-behineko neurri horiek berretsi, baztertu edo aldatu daitezke zehapen prozedurari hasiera ematen dion ebazpenean, zeina hartu beharko baita neurria hartu eta hurrengo hamabost eguneko epean. Ondoriorik gabe geldituko dira, behin epea bukaturik, berretsi ez direnak.

13. artikulua. Zehapen prozedura.

Prozedura instruitu eta ebatziko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko zehapen araubidearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko printzipio eta xedapenen arabera.

14. artikulua. Zehatzeko eskumena.

Behar diren zehapen prozedurak instruitu eta ebaztea dagokie Osasun Departamentuari, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari eta toki entitateei, beren eskumenen esparruan.

15. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak urtebeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan.

2. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau-hauste oso astunengatik ezartzen direnak bost urteren buruan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Eskumena.

Falta arin eta astunengatiko zehapen espedienteak ireki, instruitu eta ebaztea udalei dagokie, baldin eta udal horiek 50.000 biztanletik gorakoak badira, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, gainerako udalerrietan.

Xedapen iragankor bakarra.

Foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean jadanik hasita dauden zehapen prozedurak tramitatzen segituko dira, eta arau-haustea egin zenean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko dira. Jadanik eginda dauden baina zehapen espedientea irekitzea eragin ez duten salaketak foru lege-dekretu honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko dira, arau-haustea egin den unean indarrean dagoen legeria materiala aplikatzea onuragarriagoa denean izan ezik.

Azken xedapenetako lehena.–Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea, Jokoari buruzkoa, aldatzea.

Abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“Hirugarren xedapen iragankorra.–Etetea.

Xedapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabeteko epean, ez da onartuko eskaerarik, ezta baimenik emanen joko- edo bingo-areto berriak edo berariazko apustu-lokal berriak jartzeko.

Era berean, ez da onartuko eskaerarik, ezta baimenaren bideragarritasunari buruzko aurretiko kontsulten ebazpenik emanen ere.

Era berean, ez da eskaera berririk onartuko, ezta baimenik berririk emanen ere Joko-makinen Erregelamendua onesten duen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuaren 10. artikuluan aipatutako lokaletan joko-makinak eta apustu-makina lagungarriak jartzeko, salbu eta azken horrek eragina badu ostalaritzako lokalaren titulartasunaren aldaketan.”

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2020ko irailaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2010642