210. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

106E/2020 EBAZPENA, irailaren 11koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, “Mugikortasun efiziente eta jasangarrirako pizgarrien 2020ko programa (MOVES II)” izenekoa. DDBN identifikazioa: 523367.

Ekainaren 16ko 569/2020 Errege Dekretuak arautzen du mugikortasun efiziente eta jasangarrirako pizgarrien programa (MOVES II programa), eta oinarri arautzaileak ezartzen ditu mugikortasuna sostengatzen duten jarduketei laguntzak emateko, efizientzia energetikoan, jasangarritasunean eta ordezko energien bultzadan oinarriturik, Espainia osoan ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura egokien ezarpena barne. Errege dekretu hori 2020ko 169. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17koan.

Halaber, 569/2020 Errege Dekretuan erabakitzen da Nafarroako Foru Komunitateari zuzenean ematea 1.350.100 euroko zenbatekoa. Zenbateko horri kudeaketa gastuak kenduko zaizkio, eta horixe izanen da deialdi honen diru-zuzkidura.

Aipatu 569/2020 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren arabera, laguntza emanen zaie epe barruan eskatzen dutenei, baldin eta errege dekretu horretan eta autonomia erkidego bakoitzaren deialdian finkatzen diren baldintzak betetzen badituzte. 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzak zuzenean emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. eta 28. artikuluekin bat, eta gainera, lege horren 10. artikuluan zehazten denez, emandako laguntzek bete beharko dituzte autonomia erkidegoen araudian ezarritako baldintzak, zein lurraldetan aplikatzen diren.

Nafarroako Foru Komunitatean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak. Deialdi hau aurrekontu horietako partida baten kargura finantzatzen da, eta, horregatik, 11/2005 Foru Legea bete behar du, alde batera utzirik partida horren kreditua aipatu 569/2020 Errege Dekretuaren bidezko diru-sarrerekin sortu dela.

Horiek horrela, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kasu honetan banakako ebaluazioa aplikatu behar da. Aipatu foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion banakako ebaluazioaren bidez emateko mugikortasun efiziente eta jasangarrirako pizgarrien dirulaguntza (MOVES II programa).

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, biek pizgarriak ematen baitituzte energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta petrolioarekiko morrontza murrizteko salgaien garraioan eta pertsonen mugikortasunean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea “Mugikortasun efiziente eta jasangarrirako pizgarrien 2020ko programa (MOVES II programa)” izeneko dirulaguntza emateko.

2. 1.230.100 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu aurrekontuko “MOVES programaren laguntzak” izeneko 820001 82500 7819 425202 partidaren kargura, deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2021. urtean).

3. Laguntza hauen oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 11n.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da MOVES II programaren laguntzak Nafarroan finkatzea, ekainaren 16ko 569/2020 Errege Dekretuaren esparruan, mugikortasuna sostengatzen duten jarduketetarako, efizientzia energetikoan, jasangarritasunean eta ordezko energien bultzadan oinarriturik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituren ezarpena barne.

1.2. Oro har, programa honen laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 26ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan kokatzen dira, haren 36. artikuluan bereziki. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014 L 187. EBAO). Horri dagokionez, eta 651/2014 Erregelamenduaren 11.a) artikuluan ezarritakoa betez, Estatuak informazio laburtua bidali zion Europako Batzordeari, ekainaren 16ko 569/2020 Errege Dekretuaren bidez araututako laguntza-neurriari buruz. Errege dekretu horren bidez arautu zen mugikortasun efiziente eta jasangarrirako pizgarrien programa (MOVES II programa).

Deialdi honen ondorioetarako, 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean jasotako definizioak, kategoriak eta enpresa motak aplikatuko dira.

1.3. Deialdi honen laguntzek pizgarri izan behar dute, 651/2014 Erregelamenduaren 6.2 artikuluarekin bat. Pizgarritzat joko dira baldin eta onuradunak, proiektua edo jarduera hasi aurretik, laguntza eskaera aurkeztu badu eta, eskaeran, gutxienez, artikulu horretan aipatutako informazioa aurkeztu badu. Beraz, eskaera ez da onartuko baldin eta hura aurkeztu aurretik hasi bada proiektua –lanen hasiera zehazteko, 651/2014 Erregelamenduaren 2. artikuluko (23) definizioa erabiliko da–, salbu eta 569/2020 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako kasuan (araubide berezia, jarduera profesionalik gabeko pertsona fisikoek edo jarduera ekonomikorik garatzen ez duten pertsona fisikoek ibilgailuak erosten dituztenean aplikatzen dena). Kasu horretan, pertsona fisikoek erosten ahalko dituzte M1 eta N1 kategorietako ibilgailuak, 1. jarduketaz baliatzen ahal direnak, baldin erosketa formalizatzen bada aipatu errege dekretua indarrean sartu ondoren.

1.4. 569/2020 Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) partez finantzatzen du programa hau, 2014-2020 Espainiako eskualde askotako Programa Eragilearen barruan, baldin eta jarduketak finantzagarriak badira programa horretan. Hortaz, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) programaren jarduketak partez finantzatzen dituenean, honako arau hauek aplikatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamendua, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari buruzkoa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1299/2013 (EB) Erregelamendua; eta arlo honetan haietako bat garatu edo ordezkatzen duten arauak.

2. oinarria.–Laguntzen onuradun zuzenak eta azkeneko hartzaileak.

1. Nafarroako autonomia erkidegoa da programa honetan ezarritako laguntzen onuradun zuzena. Hark laguntza horien zenbatekoa bideratu beharko du hurrengo apartatuan zerrendatzen diren subjektuetara eta inbertsio zuzenetara.

2. Aipatu errege dekretuan ezarritako laguntzen azkeneko hartzaile izaten ahalko dira, jarduketa tipologia bakoitzerako ezarritakoarekin bat, jarraian azaltzen diren subjektuak, baldin eta egoitza fiskala Espainian badute. Hona hemen:

1. motako jarduketetan (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”) eta 2. motakoetan (“Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituraren ezarpena”):

a) Jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisikoak, baldin eta ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda badaude, edo, hala ez bada, aitorpena egin badute dagokien tributazio araubidean sartzeko.

b) Aurreko apartatuan sartzen ez diren adin nagusiko pertsona fisikoak, salbu eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan, adin txikikoak izaten ahalko baitira. Ohiko bizilekua Nafarroan izan beharko dute.

c) Nafarroako jabeen erkidegoak, Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legean araututakoak. Bete beharko dute azaroaren 17ko 38/2003 Legean ezartzen dena, eta, bereziki, 11.3 artikuluan ezarritakoa.

d) Pertsona juridikoak, baldin eta Espainian behar bezala eraturik badaude laguntza eskaera aurkezten dutenean, eta bestelako entitateak, nortasun juridikoa izan edo ez, baldin eta beren identifikazio fiskaleko zenbakiaren lehen letra A, B, C, D, E, F, G, J, R edo W bada eta egoitza fiskala Nafarroan badute.

Egoitza fiskala Nafarroan ez dutenek, dirulaguntza eskura dezakete baldin eta haien jarduera, egoitza eta plantillaren zati bat Nafarroan badaude. Hori guztia, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurreko bi urteetan gutxienez.

Egoitza fiskala Nafarroan izan ez eta aurreko hiru baldintzak betetzen ez dituztenek, dirulaguntza eskura dezakete baldin eta 2. motako jarduketen multzoko inbertsio diruz lagungarri bat egiten badute eta inbertsio horrek eragina badu Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan.

e) Nafarroako toki administrazioko entitateak eta sektore publiko instituzionala osatzen dutenak (hau da, edozein administrazio publiko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.2 artikuluan zerrendatuta daudenetatik), baldin eta Nafarroan jarduerak gauzatzen badituzte.

3. jarduketarako (“Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemen ezarpena”) eta 4. jarduketarako (“Lanerako mugikortasun jasangarriko neurriak ezartzea”):

1. eta 2. motako jarduketetarako pertsonak eta entitateak, salbu eta aurreko b) eta c) letretako pertsona fisikoak eta jabeen erkidegoak.

2.2. Onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez daudela frogatzeko, pertsonek edo entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkez dezakete laguntza eskaerarekin batera.

2.3. Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza eman aurretik eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuta izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

2.4. Ezin dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretako batean dauden eskatzaileak, eta, berariaz, zehapen edo kondena bat jaso dutenak, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat jotzen diren lan arloko jardunbideak egiteagatik edo toleratzeagatik.

b) 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 4.a) eta 4.c) apartatuetan xedatutakoaren arabera:

–Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

–Krisian dauden enpresak, 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluko definizioaren arabera.

c) 1. motako jarduketetan (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”), kontzesionarioak edo salmenta-puntuak, baldin eta ekonomia jardueren gaineko zergaren tarifetan (maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea) lehen ataleko epigrafea 615.1 edo 654.1 bada.

3. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea.

3.1. Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 1.230.100 eurokoa da eta 2021eko gastu aurrekontuko “MOVES programaren laguntzak” izeneko 820001 82500 7819 425202 partidaren kargura ordainduko da.

Zuzkidura ekonomiko hori 4. oinarrian deskribatutako 1., 2., 3. eta 4. motako jarduketen artean banatzen da, honela:

• Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa: 682.555 euro.

• Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea: 345.030 euro.

• Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemak jartzea: 64.043 euro.

• Lanerako mugikortasun jasangarriko neurriak ezartzea: 138.472 euro.

Deialdiak indarra galdu ondoko bi hilabeteetan, ez bada agortu jarduketaren batera bideratutako zenbatekoa eta beste batean erreserba zerrenda badago, aurrekontua berriz esleitzen ahalko da zerrenda horretako eskaerei erantzuteko, irizpide honi jarraikiz: beste jarduketetako eskaerei erantzunen zaie, lehentasuna emanez, hurrenez hurren, 1. jarduketari, 2. jarduketari, 3. jarduketari eta 4. jarduketari, eta jarduketa bakoitzean ezarritako lehentasun ordenaren arabera.

3.2. 2021ean gastu osoa betearazten ez bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, gerakinarekin kreditua sor daiteke 2022ko aurrekontuan deialdi honetako indarreko konpromisoei erantzuteko, baldin eta araudia betetzen bada eta organo eskudunak baimena ematen badu.

3.3. Laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdiak indarra galtzen duenean bukatuko da; hots, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik urtebete iragaten denean bukatuko da epea.

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu eskuragarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

–1. motako jarduketa: Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa.

–2. motako jarduketa: Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturak ezartzea.

–3. motako jarduketa: Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemak jartzea.

–4. motako jarduketa: Lanerako mugikortasun jasangarriko neurriak ezartzea.

2. Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroan gauzatu behar dira, eta 569/2020 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarritako baldintzak bete, bai eta hauek ere:

a) Jarduketak eragina izan behar du Nafarroan energiaren kontsumoan edo petrolioarekiko morrontzaren murrizketan.

b) 12 hilabetean gauzatu eta justifikatu behar da, gehienez ere, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita.

3. Sektore publikoko entitateek kargarako sustatzen dituzten azpiegiturek baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Bide publikoko aparkaleku publiko iraunkorretan ezarri behar dira, hiri-altzariekin integraturik. Horrez gain, monitorizaturik egon behar dute edo teleneurketa sistema izan behar dute.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarrietako elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izan behar dute jarduketaren justifikazioa 10. oinarrian ezarritako moduan aurkezten den egunean.

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

569/2020 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarrita dago laguntzen zenbatekoa.

6. oinarria.–Dirulaguntzen muga orokorrak.

6.1. Laguntzen zenbatekoaren muga orokorrak.

569/2020 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarrita dago onuradun batek guztira eta gehienez jaso dezakeen zenbatekoa.

60.000 euroko muga ezartzen da 4. jarduketako laguntzarako, azken hartzaileko eta deialdiko.

6.2. Europar Batasuneko araudi aplikagarria.

651/2014 Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta mugak dituzte laguntza hauek.

6.3. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak xede bererako ematen diren beste dirulaguntza edo laguntzekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik edo Espainiako, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

6.4. Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatzea:

a) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunak azpikontratua egiten du hirugarrenekin ituna egiten duenean, dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Horri dagokionez, azpikontratazioa edo hirugarrenekin egindako kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100 artekoa izaten ahalko da, eta diruz lagundutako jardueraren azpikontrataziorako edo hirugarrenen kontrataziorako, aipatu 26. artikuluan jasotakoa aplikatu behar da.

b) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan edo, ekipamendu-ondasunak hornitzeko, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea hautatu dela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura hori emateko behar adina entitate ez badago.

Horretarako, hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu beharko du, eta hautaketa justifikatu, baldin eta, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioaren arabera, onena hautatu ez badu.

Bere izaera dela-eta kontratazio publikoari buruzko araudia aplikatu behar bazaie, eskatzaileek ez dute b) letra honetan xedatutakoa bete behar.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

Aurrekontuan esleitutako kreditua agortzen denean, eta betiere programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera berriak erregistratzen ahalko dira erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, kreditua askatzen bada (norbaitek emandako laguntzari uko egiteagatik edo laguntza kobratzeko eskubidea galtzeagatik) edo deialdirako aurrekontua handitzen bada.

Eskaera erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera baliozkotu arte.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko modua.

8.1. Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dauden inprimakiak (hemendik aurrera laguntzen fitxa) erabili behar dira laguntza-eskaerak aurkezteko. Pertsona juridikoek nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dituzte eskaera eta eman beharreko agiri guztiak, 13. oinarrian ezarritako moduan.

3. oinarrian ezartzen da laguntza eskaera aurkezteko epea.

8.2. Ibilgailuei buruzko eskaeretan (1. motako jarduketak), ibilgailu bakar bat sar daiteke laguntza eskaera bakoitzean. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, onuradun bakoitzak gehienez 30 ibilgailutarako laguntza eska dezake; onuraduna bada jarduera profesionalik gabeko pertsona fisiko bat, ibilgailu bakar baterako eska dezake laguntza.

8.3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Laguntza eskabidea.

1. Honako datu hauek beteko dira: laguntza eskatzen duenaren datu orokorrak, jarduketa mota, kokapena eta datu tekniko zehatzak. Halaber, eskabidearekin batera adierazpen hauek aurkeztuko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena eskaera egunean onuradun izateko baldintzak betetzen direla.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean eskuratu diren beste dirulaguntzei buruzkoa.

c) Profesional autonomoen, pertsona juridikoen eta bestelako entitateen kasuan, adierazpen bat enpresa izaerari eta tamainari buruz, 651/2014 Erregelamenduaren ondorioetarako. Hala badagokie, sektore publikoko entitateek ere aurkeztu behar dute adierazpen hau.

d) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:

–Ziurtagiri bat, dioena Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela.

–Ziurtagiri bat, dioena Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena sektore publikoari lotutako edo haren menpeko entitatea dela.

2. Profesional autonomoen kasuan, izaera hori adierazi beharko da. Laguntzen organo kudeatzaileak izaera hori egiaztatuko du Jarduera Ekonomikoen Erregistroan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 156. artikuluan arautzen da erregistro hori. Eskatzailea erregistraturik ez badago, eskatuko zaio profesional autonomoaren izaera frogatzen duen dokumentazioa aurkezteko.

3. Pertsona juridikoek eskabidean adierazi behar dute gaitutako helbide elektronikoa (GEH) dutela, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena eman dutela. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

2. Dokumentazio administratiboa.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NAN, AIZ edo IFZren kopia eta, hala bada, haren ordezkariarena.

b) Ahalordetze-eskrituraren kopia, edo ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

c) Pertsona fisiko eta profesional autonomoak: hala badagokie, desgaitasunaren ziurtagiria, balorazioko organo eskudunak emana, eta familia ugariaren titulu indarduna.

d) Jabeen erkidegoak: erkidegoko lehendakariaren izendapena jasotzen duen aktaren kopia.

3. Dokumentazio teknikoa.

a) 1. motako jarduketak (“Ordezko energien bidezko ibilgailuen erosketa”):

• Aurrekontu xehakatua.

• Renting errentamenduaren kasuan, enpresa errentatzailearen eskaintzaren kopia, ordaindu beharreko kuota adierazita, bai eta kuota horretatik ibilgailuaren kostuari dagokion zatia ere.

b) 2. motako (“Kargarako azpiegiturak”), 3. motako (“Bizikleta elektrikoak maileguan hartzeko sistemen ezarpena”) eta 4. motako (“Lanerako mugikortasun jasangarriko neurriak ezartzea”) jarduketak:

• Aurrekontu xehakatua.

• Jarduketen deskripzio-memoria, gutxienez honako hauek adierazita: jarduketaren deskripzioa eta norainokoa, inbertsioa, kostu diruz lagungarria eta eskatutako laguntza.

8.4. Eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, behar bezala identifikatuta (adib.: “Aurrekontua”, “Memoria”, etab.).

8.5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen 39/2015 Legearen 66. artikuluko baldintzak, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.6. Pertsona juridiko batek modu presentzialean aurkezten badu eskaera, eta ez ezarritako bide elektronikoaren bidez, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, hau da, modu elektronikoan aurkez dezala. Ondorio guztietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

9.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpena jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

10.1. Onuradunek 12 hilabeteko epea dute jarduketa justifikatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita. Horretarako, 8.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, laguntzen fitxako ereduari jarraikiz, bai eta 569/2020 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2. apartatuan (“Egindako jarduketa justifikatzeko dokumentazioa”) eskatutako dokumentazioa ere.

10.2. Ordainketa eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, zuzentzeko eskatuko zaio baldin eta postaz edo modu presentzialean aurkeztu bada, bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar duten onuradunen kasuan.

10.3. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

10.4. Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzak dirua onuradunaren kontuan sartzeko, onuradunak “Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” bete eta diruzaintzan aurkeztu beharko du, salbu eta lehenago aurkeztu badu. Eskaera horrek honako hau ordezten du: “Banku datuak egiaztatzeko ziurtagiria, laguntzaren zenbatekoa transferitzeko”. 569/2020 Errege Dekretuaren II. eranskinean dago jasoa.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

11.1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

11.2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11.3. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, aldez aurretik organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

11.4. Laguntza ordaintzeko ebazpenean berariaz adieraziko da funtsen jatorria. Beraz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioa eta EGEFa aipatu behar dira jarduketa partez finantzatzen dutenean.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, modu telematikoan aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

c) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.

d) Baldin eta dirulaguntza jaso duen ibilgailu baten edo bestelako material mugikorren baten jabeak hura berriz saltzen badu 4 urte baino gutxiagoko epean, laguntza ordaintzen denetik hasita, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du MOVES II programaren laguntza jaso zuela. Horrez gain, adierazi beharko da eskuratzaileak konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xedeko helbururako erabiltzeko eta funtzionamendu egokirako mantentzeko, gutxienez aipatu epea bukatu arte. Bestela, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak espediente bat abiaraziko du laguntza itzultzeko.

Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xedeko ondasunaren kontratua sinatzen denetik.

Baldin eta erosleak besterentzearen betekizunak betetzen ez baditu, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.

e) Renting errentamenduaren kontratuetan, kontratua hutsaltzen bada bukatu baino lehen, errentariak konpromisoa hartzen du MOVES II programaren laguntzaren zati proportzionala itzultzeko Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari. Bestela, espediente bat abiaraziko da laguntza osorik edo, hala badagokio, partez itzultzeko.

Hala bada, egoera jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, bi hilabeteko epean gehienez, azken faktura ordaintzen denetik hasita.

f) Diruz lagundutako karga elektrikorako azpiegituren jabetasuna mantendu beharko dute laguntzen onuradunek, gutxienez 10 urtean. Horrez gain, epe horretan funtzionamendu egokirako egoeran egon behar dute, eta karga elektrikorako zerbitzuak eman. Zerbitzu horiek laguntza eskaeran eta justifikazioetan deklaratuak dira.

Baldin eta 10 urteko epe horretan onuradunak besterentzen badu diruz lagundutako azpiegitura, salmentaren kontratuan berariaz adierazi beharko du inbertsioak MOVES II programaren laguntza jaso zuela, eta jabe berriari jakinarazi beharko dio dirulaguntza jaso zuela eta oinarri hauetan ezarritako betekizunak dituela, eta konpromisoa hartzen duela ondasuna laguntzaren xedeko helbururako erabiltzeko eta funtzionamendu egokirako mantentzeko, gutxienez aipatu epea bukatu arte. Bestela, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak espediente bat abiaraziko du laguntza osoa itzultzeko.

Hala bada, besterentzea jakinarazi beharko zaio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari hilabeteko epean gehienez, laguntzaren xedeko instalazio eta/edo ekipoen salmentarako kontratua sinatzen denetik.

Baldin erosleak ez baditu betetzen besterentzearen betekizunak, laguntzaren onuradunak konpromisoa hartzen du jasotako laguntza itzultzeko.

g) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskura jartzea diruz lagundutako proiektuaren informazioa, biek batera emaitzak zabaltzeko, aldez aurretik adostuta.

h) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duenean, erregistratutako emaitza energetikoen berri ematea, eta emaitzak zabal daitezela baimentzea, 4 urteko epean ibilgailu eta material mugikorren kasuan, eta 10 urteko epean gainerako proiektuetan, laguntza ordaintzen denetik hasita.

i) Behar den informazio guztia ematea, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eskatzen diona laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko.

j) Onuradunak diruz lagundutako jarduketari buruz egiten dituen erreferentzia guztietan (argitalpenetan, hedapen jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedapen bidetan) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira, halakoak badira, bai eta programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritakoak ere. IDAEren webgunean eskura daiteke eskuliburu hori.

k) Diruz lagundutako jarduerari buruzko komunikazio eta sustapen ekintza guztietan (paperean, euskarri elektronikoan eta ikus-entzunezkoan eginak) berariaz adierazi behar da dirulaguntza jaso duela mugikortasun eraginkor eta jasangarrirako pizgarrien programaren barnean (MOVES II programa), 569/2020 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat.

l) Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) programaren jarduketak partez finantzatzen dituenean, funts horien jatorriaren ondoriozko betebeharrak. Onuraduna izateak berekin dakar onartzen dela honako arau hauetan xedatutakoa egitura funtsen esku-hartzeei buruz estatu kideek egin beharreko argibide eta publizitate jarduerei buruz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB/Euratom) Erregelamendua.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Pertsona juridikoek baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko laguntza eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak pertsona juridiko eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14.2. Onuradunei jakinarazten zaizkien ebazpenetan, aipatu behar da Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta EGEFak jarduketa partez finantzatzen dutela, hala bada.

15. oinarria.–EGEF funtsen bidez kofinantzatzea.

Europar Batasunaren funtsek kofinantzatzen dutenean, finantzaketa horri aplikatu beharreko arauak betetzen direla bermatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak betebehar hauek izanen ditu:

a) Egiaztatzea kofinantzatutako zerbitzu eta produktuak eman direla.

b) Egiaztatzea ordaindu dela laguntzaren azken hartzaileek deklaratutako gastua, eta bete direla aplikatu beharreko legedia, programa eragilearen baldintzak eta eragiketa laguntzeko baldintzak.

c) Egiaztatzea gastuak ez duela finantzaketa bikoitza jaso, ez Europar Batasunaren edo Espainiaren beste finantzabideen bidez, ez eta beste programazio aldi batean ere.

d) Bermatzea laguntza azkenean jaso dutenek kontabilitate sistema bereizia edo kontabilitate kode egoki bat erabiltzen dutela eragiketari lotutako transakzioetan.

e) Hautemandako arriskuaren araberako neurri eraginkorrak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko.

f) Prozedurak ezartzea bermatzeko gastuari eta auditoriei buruzko dokumentazioa dagoela, auditoretzako arrasto egokia izateko.

g) Egiaztapen administratibo egokiak egitea laguntza itzultzeko eskaeretan sartzen diren eragiketa guztietan, bermatzeko gastua erregularra izan dela, ordainketak egin direla eta laguntzaren baldintzetara egokitu direla.

h) Egiaztapen egokiak egitea lekuan bertan eragiketa zehatz batzuetan. Eragiketak laginketa metodo baten bidez hautatuko dira, bermatuz lagina adierazgarria dela.

i) Atzematen diren irregulartasunen arriskua bere gain hartzea, eta laguntza azkenean jaso dutenekin konpontzea.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2010523