21. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

128/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, hautaproben bitartez bi izangai-zerrenda egiteko deialdiak onesten dira, Informatika Zerbitzuko O.L. teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituenak, bestalde, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako izangai-zerrenda osatzeko hautaprobekin batera egingo baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile beharrak kontuan harturik, eta sortzen direnak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, Informatika Zerbitzuko O.L. teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Bi izangai-zerrenda egiteko hautaprobetarako deialdiak eta beren oinarriak onestea, Informatika Zerbitzuko O.L. teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 20an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I.–DEIALDIA, INFORMATIKA ZERBITZUKO O.L. TEKNIKARI LANPOSTUAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAI-ZERRENDA BAT EGITEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea izangai-zerrenda bat egitea da, hautaproben bidez, Informatika Zerbitzuko O.L. teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hau subsidiarioa izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituen 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionario-zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Arau hauen arabera dei egingo zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.–DEIALDIA, INFORMATIKA ZERBITZUKO O.L. TEKNIKARI LANPOSTUA BETETZEKO, PRESTAKUNTZARAKO, ZERBITZU BEREZIETAKO EGOERAN, IZANGAI-ZERRENDA OSATZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea izangai-zerrenda bat egitea da, hautaproben bidez, Informatika Zerbitzuko O.L. teknikari lanpostua betetzeko (A mailakoa), prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta B, C, D edo E maila edo multzokoa izatea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko Erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.

d) Graduko, lizentziako, goi mailako ingeniaritzako edo arkitekturako titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangai-zerrenda osatzeko deialdian eta zerbitzu berezien egoeran aritzeko prestakuntzarako izangai-zerrenda osatzekoan.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera egingo da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei egingo zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

III.–BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Aurkezteko moduak.

A) Aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako “Hasi tramitea” botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

B) Aurkezpen presentziala.

Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dituzte eskaerak (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia-erkidegoetako administrazioetako erregistroetan, toki administrazioa osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan. Eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea).

Eskaera modu presentzialean aurkezteko, helbide hauetan eskuragarri dauden eskabideak erabili beharko dira:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

2.2. Parte hartzeko inprimakiarekin batera, izangaiek beste dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta, beharrezkoa bada, naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena.

–Deialdian eskatzen den titulazio akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

Aldi baterako kontrataziorako deialdian parte hartzen dutenek Iruñeko campusean, Tuterakoan edo bietan kontratuak onartzeko daukaten prestasuna agerrarazi beharko dute.

2.3. %33koa edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak

Horretarako, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izango dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

Bi deialdien arau komunetako 2.2 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izango dira, eta, gainera, horiek ezin izango dira zuzendu.

Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da zerrenda hori. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non egingo den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua proba baten bidez egingo da; bi parte hauek izango ditu:

–Lehen partea: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak I. eranskinean ezarririko gai-zerrendaren A eta B multzoei buruzkoak izango dira, eta erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte.

–Bigarren partea: garatu beharreko galderak edo II. eranskineko gai-zerrendaren B multzoari buruzko kasu praktikoak erantzun behar dira idatziz.

Bi parteak baztertzaileak izango dira, eta baztertuta geratuko dira parte bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak. Bi zatien probak egun berean egingo dira, bata bestearen ondotik. Lehen atala gainditu dutenei soilik zuzenduko die epaimahaiak bigarren atala.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez, eta horren berri emango du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emango du parte bakoitza nola balioetsiko den eta zein den lehen parteko erantzun okerren penalizazioa.

Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi atalak gainditu behar dituzte.

4.3. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek nortasun agiri nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak probatik kanpo geldituko dira.

4.4. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Edurne Barrenechea Tartas, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Garapen Digitaleko errektoreordea.

Ordezko epaimahaiburua: Miguel Pagola Barrio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Transformazio Digitalaren Arloko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Juan Ramón Bastarrica Larrauri, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikidea: Carlos Alonso Vega, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campuseko Zerbitzuen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Jesús Carlos Fernández Gómez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erabiltzaileari Laguntzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Francisco Javier Fernández Landa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sistemen eta Komunikazioen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: José Antonio Marañón Oricain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Fernando Jiménez Lorente, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan abstentziorako aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du hautaprobarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizirik:

a) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko Erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa bakar bat egingo da berdinketa duten izangaien artean. Zozketan ateratzen den pertsonaren deituretatik eta izenetik hasi, eta berdinketa guztiak ebatziko dira deituren alfabeto hurrenkerari jarraikiz. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean jakinaraziko dira zozketaren emaitzak, deialdiaren aipuan.

b) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

Puntuazio berdinketarik bada, probaren bigarren partean puntu gehien erdiesten dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaketa-prozesuaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, bi izangai-zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat egingo da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiak–. Bermatu egingo da, gainera, lehentasuna izango dutela prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egongo diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu egingo dira hautaketa-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, eta aldi jakin baterako izango da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza-zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egongo dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Interesdunek parte hartzen badute Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketarekin loturik egiten dituen prozesuetan, NUPek tratatu egingo ditu haien datuak. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz egingo da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola egingo den tratamendu hori, “GIZA BALIABIDEAK” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautapen prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izango dira; hauek, hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

A multzoa.

1.–Administrazio publikoen jarduna eta administrazio egintzak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. eta III. tituluak).

2.–Administrazio prozedura erkideari eta egintzak administrazio-bidean berrikusteari buruzko xedapenak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: IV. eta V. tituluak).

3.–Abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa: irakaskuntzak eta tituluak; ikerketa eta ezagutzaren transferentzia; ikasleak; irakasleak; administrazioko eta zerbitzuetako langileak (VI. titulutik X. titulura, biak barne).

4.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura eta gobernua (NUPen Estatutuak: I. eta II. tituluak).

B multzoa.

1.–Informazio-sistemak: informazio-sistemak, definizioa, premiak, eskakizunak, bizi-zikloa. Plangintzarako eta garapenerako metodologiak. Proiektuen zuzendaritza eta kudeaketa. Baliabide teknikoen eta giza baliabideen plangintza. Informazioaren ustiapena. Datu korporatiboak kudeatzeko sistemak. Erabakiak hartzen laguntzeko sistemak (Business Intelligence). Interoperabilitatea eta datu irekiak.

2.–Oinarrizko teknologia: oinarrizko erabakitze-alternatibak hardware eta software ekipamenduen eremuan. Gailu pertsonalak eta gailu mugikorrak. Gailu pertsonalen konektibitatea. Urrutiko kudeaketarako eta ekipoak klonatzeko sistemak. Urrutiko mahaigainak. Sistema eragileak eta oinarrizko euskarri logikoa: Microsoft, Linux eta Macintosh inguruak. Kode irekiko softwarea: software librearen oinarrizko kontzeptuak eta inguru ofimatikoaren aplikazioak. Lizentzia motak. Mahaigainen birtualizazioa (VDI) eta aplikazioena. Cloud Computing. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.

3.–Datu-baseak: entitatea/erlazioa eredua. Datu-base erlazionalak. Normalizazioa. Osotasun erreferentziala. SQL lengoaia. Datu-baseen administrazioa: Oracle eta MySQL. Dokumentu-kudeatzaileak: Alfresco. Datawarehouse.

4.–Programazioaren oinarriak: datu motak. Programazio egituratua. Programak diseinatzeko patroiak. Objektuetara bideratutako lengoaiak: ezaugarriak. Java programazio-lengoaia. JDBC, Java Beans, JSP orri dinamikoak, J2EE. Web aplikazioen garapena. Iraupeneko frameworkak datu-baseetan: Spring, hibernate. Webgunean etiketatzeko eta argitaratzeko lengoaiak. HTML, XHTML, XML, XSLT. Estilo-orriak. Grapen-inguruak, IDE inguruak, tresnak. Bertsioen eta kudeatzaile nagusien kontrola: git eta azpibertsioa. Garapenerako eta talde-lanerako metodologiak.

5.–Aplikazioen arkitektura: inplementazio-paradigmak. Aplikazio-zerbitzariak. Eskuragarritasun handia aplikazioetan. Aplikazioen hedapena. Aplikazioen integrazioa eta inguru banatuak. SOAP, WS eta REST. Aplikazioen ezarpena, kudeaketa eta mantentzea. Plataforma anitzeko aplikazioak (PCa, tableta, telefonoa). Webguneen edukien kudeaketa. Gailu anitzetarako aplikazioak: responsive design. Atari korporatiboak. Mugikorretarako programazioaren arkitektura eta paradigmak. Posizionamendua bilaketa-motorretan (SEO).

6.–Laguntza teknikoa eta lankidetza: laguntza tekniko informatikoa: laguntza motak, gorabeherak kudeatzeko mailak eta sistemak. Lankidetza-tresnak eta talde-lanekoak. Bideokonferentzia-sistemak: komunikazioen dimentsioa eta zerbitzuaren kalitatea, aretoen eta ekipamenduen egokitzapena.

7.–Sareak eta komunikazioak: kableatu egituratuen sistemak. TDM eta WDM garraio-sareak. LAN eta WLAN sareak. IEEE 802.1, 802.3 eta 802.11 estandarrak. TCP/IP sareak, 4. bertsioa eta 6. bertsioa. Bideratze-protokoloak. Oinarrizko sare-zerbitzuak: DHCP, DNS, NTP. Posta-elektronikoko sistemak: SMTP, POP eta IMAP protokoloak. Sareen monitorizazioa eta kudeaketa. Sareen diseinua, plangintza, hedapena eta operazioa. SDN: software bidez definitutako sareak.

8.–Sistemen administrazioa: Data Center (CPD) deiturikoen kudeaketa. UNIX eta Linux sistema eragileak: administrazioa x86 zerbitzarietan. Birtualizazio-inguruneak eta edukiontzi-sistemak. SAN eta NAS biltegiratze-sistemak. Backup sistemak eta datuak errepikatzekoak. Eskuragarritasun handiko zerbitzarien klusterrak. Prestazio handiko konputaziorako klusterrak. Big datarako klusterrak. Sistemen diseinua, plangintza, hedapena eta operazioa. Eskuragarritasun handiko, gorabeherak konpontzeko eta negozioarekin jarraitzeko estrategiak.

9.–Informazio-sistemen segurtasuna: sareko segurtasun-sistema: su-hesiak, intrusioen aurkako babesa, aplikazioko su-hesiak, VPNak. Kriptografia, PKI sistemak eta egiaztapenerako autoritateak. Segurtasun-gorabeheren prebentzioa. Segurtasun-ikuskaritzak. Gorabeheren kudeaketa: azterketa forentsea. Datu pertsonalen babesa, DBEO.

10.–Administrazio elektronikoa: administrazio elektronikoaren arauak. Administrazioen arteko konexioa. SARA sarea. Egiaztagiri eta sinadura elektronikoak. Denboren zigilatzea. Tramitazio elektronikoa. Egoitza elektronikoa. Erregistro elektronikoa. Prozedurak. Komunikazioa eta jakinarazpenak. Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala (ENI). Segurtasunaren Eskema Nazionala (ENS).

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

Iragarkiaren kodea: F2001155