Iragarkia
21. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 31
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
3/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 133. artikulutik 139. artikulura bitarte, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesua arautzen du. Gero, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak 133., 134., 135. eta 136. artikuluak aldatu zituen, hain zuzen ere zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozesuari buruzkoak. Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen ditu. Foru aginduan aipatu aldaketak biltzen dira, eta araua Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza testuingurura egokitzen da.
Orain, ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikasketetako ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deia egitea, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dira.
Ikastetxe publikoetako zuzendariak prozesu baten bidez hautatuko dira. Prozesu horretan hezkuntza komunitateak eta Hezkuntza Departamentuak hartuko dute parte, hautagai aurkezten diren eta ikastetxeko ikasketetakoren bat irakasten dituzten karrerako funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa baten bidez. Aurkeztutako merezimenduak eta zuzendaritza proiektua baloratuko dira.
2020ko ekainaren 30ean zenbait ikastetxetako zuzendaritza hutsik geldituko denez, kargu huts horiek betetzeko behar den hautapen prozedura ezarri behar da. Prozeduran sartuko dira, halaber, aurreko bi ikasturteetan hutsik gelditu eta izendapen bereziaren bidez bete direnak, ikasturte horietan deialdirik ez baitzen egin.
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Jarraian ageri diren oinarriak onestea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdiarenak.
2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpena eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Prestakuntza eta Kalitate Atalera, Lanpostuak Betetzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
OINARRIAK
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu eta izendatzeko merezimendu lehiaketarako deialdia
Lehena.–Parte hartzeko betebeharrak.
1.1. Merezimendu lehiaketan parte hartzeko, honako hauek bete beharko dira:
a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez ere bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.
b) Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen karrerako funtzionarioa izatea, eta Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak ematea.
c) Karrerako funtzionario gisa zuzenean irakatsi izana, bost urtez, hautatu nahi den ikastetxeak ematen dituen ikasketetako batean. Hezkuntza orientabideko espezialitatea duten irakasleen kasuan, ondorio horietarako, karrerako funtzionario gisa bere espezialitatearen berezko lana egin izana bost urtez.
d) Zuzendaritza lanari buruzko prestakuntza ikastaro bat gainditu duela egiaztatzen duen agiria izatea, Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren Ministerioak erregelamenduz ezarritakoaren arabera egina, betiere ikastaroa Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren Ministerioak edo autonomia erkidego bateko hezkuntza administrazioak eman badu, zuzenean edo baimendutako entitate laguntzaileen bidez.
e) Zuzendaritza proiektu bat aurkeztea, gutxienez honako hau dakarrena deialdi honetako IV. eranskinean ezarritako adierazleei jarraikiz: ikastetxearen egoeraren azterketa, lortu gogo diren helburuak, haiek lortzeko aurreikusten diren jarduketa ildoak, lidergo pedagogikoa gauzatzeko neurriak, beste eragile batzuekin parte hartu eta kolaboratzeko ekintzak, ebaluazio eta hobekuntza proposamenak eta proiektuaren garapen eta segimendu mekanismoak.
f) Zuzendaritza taldeko gainerako kideek egin eta interesdunek onartutako proposamena aurkeztea.
g) D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituen ikastetxe bateko zuzendarigaien kasuan, EGA titulua edo baliokidea izatea.
h) Beharrezko espezialitatea izatea, hautatu nahi den ikastetxeko plantillan dagoena, ikastetxe horretan behar beste irakastordu eduki ahal izateko.
1.2. Haur Hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, arte ikasketa profesionalak, kirolekoak eta hizkuntzakoak ematen dituztenetan eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduendako ikastetxeetan, Hezkuntza Departamentuak oinarri honen 1.1 apartatuko a) eta c) letretan ezarritako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu hautagaiak.
1.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira betebehar horiek, baita merezimenduak ere.
Bigarrena.–Eskabideak aurkeztea.
1. Prozeduran parte hartu nahi dutenek bide telematikoz eginen dute eskaera, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitarako den web fitxan.
Fitxa horretan, parte hartzeko eskabide zehatza emanen zaie izangaiei, baita beste fitxa bat ere, zuzendaritza taldeko gainerakoek egin eta interesdunek onartutako proposamenerako, V. eta VI. eranskinetan ezarritako ereduekin bat.
Salbuespen gisa eta Hezkuntza Departamentuari aldez aurretik jakinarazi eta hark onartuta, parte hartzeko eskabidea aurrez aurre aurkezten ahalko da, betiere ezarritako epearen barnean, telematika bidez aurkeztea oztopatu edo galarazten duen inguruabarrik egonez gero.
2. Izangaiak zehaztu beharko du zer ikastetxetarako aurkezten duen hautagaitza.
3. Zehaztu beharko du zer izen-abizen duten proposatutako zuzendaritza taldea osatuko duten gainerako kideek.
Zuzendaritza taldeen osaera errazteko, posible izanen da ikastetxean zerbitzu eginkizunak ematea bertan behin betiko destinorik ez duten hautagaitzetako kideei; baina izendapen hori egiteko, baldintza izanen da agintaldian haiek betetzeko moduko lanpostu hutsik egotea, ikasturte bakoitzaren hezkuntza arloko plangintzarekin bat. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berretsi beharko du lanpostu huts hori badagoela.
Zuzendaritza kargu baterako izendatua izateko, funtzionarioak ezin du behin betiko destinoa izan beste ikastetxe bateko hornidura zaileko lanpostu batean, proposamena egiten denean indarrean dagoen araudiaren arabera.
4. Izangaiek zuzendaritza proiektua aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskaerarekin batera. DIN-A4 neurriko 20 orrialdekoa izanen da gehienez. Letra, Arial motakoa eta 12 tamainakoa, eta lerroartea, 1,5ekoa paragrafoan. Taula, grafiko, orri-oin eta goiburuetan, letraren tamaina Arial 10ekoa izan daiteke, eta lerroartea, arrunta.
5. Kasuan kasuko zerbitzu orriaren bidez egiaztatuko dira Hezkuntza Administrazioan betetako postuak, ikastetxe publikoetan egindako zerbitzuak eta zuzendaritza karguetakoak. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkeztuko du zerbitzu orria.
6. Merezimenduak aintzat hartzeko, behar bezala justifikaturik egonen dira eta deialdi honen II. eranskinean zehaztutakoari erantzunen diote.
7. Hautapen batzordeak ez du merezimendutzat hartuko lehendabiziko oinarriko betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa.
8. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.
II. eranskineko baremoaren 5.2 apartatuaren arabera, hizkuntzak jakitea frogatzen duten ziurtagiriak ez dira itzuli beharko gaztelaniara.
9. 10 egun balioduneko epea izanen da eskaerak, merezimenduak eta zuzendaritza proiektua aurkezteko, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hirugarrena.–Hautagaitzak onartzea.
1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpenaren bidez onetsiko da onartu eta baztertutako hautagaitzen behin-behineko zerrenda, eta baztertzeko arrazoiak adieraziko dira. Ebazpen hori Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalaren iragarki-taulan argitaratuko da, baita Nafarroako Atarian prestatuko den web fitxan ere (www.nafarroa.eus).
Behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
2. Zerrenda horren kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete, argitaratu eta biharamunetik hasita 5 egun balioduneko epean, baita baztertzea ekarri dien akatsa, halakorik bada, zuzendu ere, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari igorrita. Bide telematikoz aurkeztuko dute erreklamazioa, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) argitarako den web fitxan.
3. Behin bukatuta erreklamazioak egiteko epea, aurreko apartatuan aipatzen dena, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpenaren bidez, onartutako eta baztertutako hautagaitzen behin betiko zerrenda onetsiko da. Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalaren iragarki-taulan argitaratuko da zerrenda, baita Nafarroako Atarian prestatuko den web fitxan ere (www.nafarroa.eus). Deialdi honen xedeko ikastetxeei ere jakinaraziko zaie.
Aipatu ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dokumentazioa azterturik ikusten baldin bada betebeharren bat falta dela, interesdunek deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Laugarrena.–Hautapen batzordeak.
1.–Hautapen batzordeen eraketa.
Hautapen batzordeek kide hauek izanen dituzte:
a) Hezkuntza Departamentuko ordezkariak.
Hezkuntza Departamentuko ikuskatzaile bat, batzordeburua izanen dena.
–Hezkuntza Departamentuaren mendeko bi irakasle funtzionario.
b) Ikastetxeko hezkuntza komunitatearen ordezkariak.
–Klaustroaren ordezkari bat.
–Eskola Kontseiluaren ordezkari bat.
2.–Hautapen Batzordeko kideen izendapena.
2.1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko du zerbitzu horren ordezkaria. Ordezkoa nor izanen den ere zehaztuko da.
2.2. Dagokion zuzendaritza nagusiak izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuko irakasle funtzionarioak eta haien ordezkoak, ikastetxeko ikuskatzaileak proposatuta. Ahal bada, eta klaustrokideak behar adina badira, horietako bat klaustroko irakasle bat izanen da, oinarri honen 1. apartatuko b) letran adierazitakoa ez dena.
Administrazioaren ordezkaria klaustroko funtzionarioen artean hautatzeko, zozketa publikoa eginen da Hezkuntza Departamentuan. Letren zozketak bete beharko du Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak deialdietako letren zozketaren prozeduraz tramitatuko duen araudian ezartzen dena.
2.3. Klaustroaren ordezkaria eta haren ordezkoa klaustrokideen artetik aukeratuko dute klaustrokideek beraiek. Horretarako, bost egun balioduneko epean, ikastetxeei hautagairik badela jakinarazi eta biharamunetik hasita, ikastetxeko zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, onartutako izangaiak ezagutarazteko eta klaustroa hautapen batzordean ordezkatzeko pertsona aukeratzeko. Ikastetxe bateko zuzendaria lanpostu horrexetarako hautagai aurkezten baldin bada, bilkurako burua ikastetxean antzinatasunik handiena duen irakaslea izanen da, betiere hautagaitza bakar batean ez badago.
Klaustrokide guztiak izanen dira hautesle eta hautagarri, salbu eta hautagaiak eta aurkezten diren hautagaitzetako zuzendaritza taldeetan aritzeko proposatzen diren pertsonak, zeinak hautesle izanen baitira bakarrik.
Klaustroaren bilkura bereziko buruak galdetuko du ikastetxearen ordezkari izan nahi duenik badagoen aurkeztutako hautagaitzetako kide ez direnen artean.
Ordezkari izateko bi hautagai edo gehiago badaude, klaustrokide guztiei botoa emateko dei eginen zaie, eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Bozkatuena klaustroaren ordezkaria izanen da hautapen batzordean, eta hurrengo biak (edo hurrengoa, gehiagorik ez badago), boto kopuruen ordenaren arabera, haren ordezko. Berdinketarik bada, ekitaldian zozketa eginez erabakiko da.
Hautapen batzordean klaustroaren ordezkari izateko hautagairik ez badago, kargu huts hori betetzeko, zozketa eginen da klaustrokideen artean, aurkeztutako hautagaitzetako kideak kanpo utzita.
2.4. Eskola Kontseiluko kideek beren artetik aukeratuko dituzte Kontseiluak hautapen batzordean izanen duen ordezkaria eta haren ordezkoa, betiere klaustrokidea ez bada, ezta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik beherako ikaslea ere.
Bost egun balioduneko epean, ikastetxeei hautagairik badela jakinarazi eta biharamunetik hasita, ikastetxeko zuzendariak Eskola Kontseiluaren bilkura berezi baterako deia eginen du, onartutako izangaiak ezagutarazteko eta Eskola Kontseilua hautapen batzordean ordezkatzeko pertsona aukeratzeko. Ikastetxe bateko zuzendaria lanpostu horrexetarako hautagai aurkezten baldin bada, bilkurako burua ikastetxean antzinatasunik handiena duen irakaslea izanen da, betiere hautagaitza bakar batean ez badago.
Eskola Kontseiluaren bilkura bereziko buruak galdetuko du kontseiluaren ordezkari izan nahi duen pertsona hautagarririk badagoen. Bi hautagai edo gehiago badaude, Eskola Kontseiluko kide guztiei botoa emateko dei eginen zaie, eta haietako bakoitzak bi hautagairi ematen ahalko die botoa, gehienez. Bozkatuena Eskola Kontseiluaren ordezkaria izanen da Hautapen Batzordean, eta hurrengoa, haren ordezko. Berdinketarik bada, ekitaldian zozketa eginez erabakiko da.
Hautapen batzordean Eskola Kontseiluaren ordezkari izateko hautagairik ez badago, kargu huts hori betetzeko, zozketa eginen da hautesle eta hautagarri diren Eskola Kontseiluko kideen artean.
2.5. Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkura berezietan, hautagaiek beren zuzendaritza proiektuaren funtsezko alderdiak azalduko dituzte. Azalpen horrek informatzeko baino ez du balioko, eta ez da eztabaidarik izanen hautagaien eta Klaustroaren edo Eskola Kontseiluaren artean. Bi zuzendarigai edo gehiago izanez gero, zozketa eginen da hautagaiek jarduteko ordena finkatzeko.
2.6. Bost egun balioduneko epean, Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren bilkura berezia egin eta biharamunetik hasita, zuzendariak jakinaraziko dio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari nor diren Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren ordezkariak, titularrak eta ordezkoak Hautapen Batzordean.
3.–Hautapen batzordeen izendapena eta eraketa.
3.1. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuaren ebazpenaren bidez izendatuko dira hautapen batzordeak eratzen dituztenak. Titularrak eta ordezkoak zehaztuko dira, parte hartzeko hurrenkerarekin. Izendapena Nafarroako Atarian argitaratuko den web fitxan egonen da ikusgai, eta deialdiko ikastetxeei jakinaraziko zaie.
3.2. Hautapen batzordeak hautagaitzak aurkezten diren ikastetxe guztietan eratuko dira, hiru egun balioduneko epean, ikastetxeei hautapen batzordeak nork eratuko dituen jakinarazi eta biharamunetik hasita. Ikastetxea izanen da hautapen batzorde bakoitzaren egoitza, eta hor bertan jendaurrean jarriko dira hautapen batzordearen osaera eta zuzendarigaien zerrenda.
Batzordea eratzeko, buruak, idazkariak eta kide batek egon behar dute, eta funtzionamendurako, batzordeko hiru kidek. Horietako bi burua eta idazkaria izanen dira, edo, bestela, horien ordez aritzen diren batzordeko kideak.
3.3. Hautapen batzordeen funtzionamenduak eta batzordekideei aplikatzen zaien abstentzio eta errekusatze araubideak honako honetan ezarritakoa bete behar dute: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartekoak, 23. eta 24. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea.
Bosgarrena.–Hautapen Batzordearen eginkizunak.
Hautapen Batzordearen eginkizunak hauek dira:
a) Zuzendarigaien merezimenduak barematzea, deialdi honen II. eranskinean ezarritakoarekin bat, ikastetxeko zuzendari izateko hautagai bat baino gehiago daudenean.
b) Hautagaiei dei egitea zuzendaritza proiektuen defentsa egitera.
c) Aurkezten diren hautagaien zuzendaritza proiektuak baloratzea.
d) Hautagai bakoitzak merezimenduen baremoan lortzen duen behin-behineko puntuazioa eta zuzendaritza proiektuari ematen zaion puntuazioa onetsi eta argitaratzea.
e) Merezimenduen baremoaren eta zuzendaritza proiektuaren behin-behineko puntuazioaren aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.
f) Aurkezten diren hautagaien behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzea, apartatu bakoitzean lortutako puntuazioa adierazita.
g) Ikastetxe bakoitzean azkeneko puntuazio altuena lortzen duen pertsona hautatzea.
h) Hezkuntza Departamentuari bidaltzea hautagai bakoitzaren behin betiko puntuazioa eta aukeraturiko hautagaia izendatzeko proposamena.
i) Hautagaia aukeratu ondoren, aurkezturiko dokumentazioa eta hautapen prozesuan sortzen dena Hezkuntza Departamentuaren esku uztea.
j) Batzordearen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak.
Seigarrena.–Hautapen prozesua.
Hautapen prozesuak bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan merezimenduak baloratuko dira, eta bigarrenean zuzendaritza proiektua baloratuko da.
1.–Lehen fasea: Merezimenduen balorazioa.
1.1. Hautagaitza bat baino gehiago aurkezten direnean ikastetxeko zuzendaritzarako, hautagaien merezimenduak baloratuko dira lehendabiziko fase honetan, deialdiaren II. eranskineko baremoan zehaztutakoarekin bat.
Merezimenduen azken puntuazioa ateratzeko, deialdi honen II. eranskineko 1. apartatutik 5.era bitartekoetan lortutako puntuazioak batuko dira.
Ikuskapen zerbitzuak irakaslanaren balorazio positiboa egiteko, hautagaiaren berariaz eskatu beharko du, eta, horretarako, III. eranskina beterik aurkeztuko du eskaerak aurkezteko epean. Balorazioa soilik eginen zaie deialdi hau argitaratzean ikastetxe batean irakasten ari direnei.
Hautapen Batzordeak hautagaien behin-behineko puntuazioa argitaratuko du Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus) prestatuko den web fitxan, eraketa egin eta biharamunetik aurrerako bosgarren egun baliodunaren aurretik. Hautagaitza bat baino gehiago aurkezten direnean ikastetxeko zuzendaritzarako, izangai bakoitzaren izenaren ondoan zehaztuko da zer puntuazio lortu duen merezimenduen baremoan II. eranskinaren arabera.
1.2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko puntuazioa argitaratu eta biharamunetik hasita, bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, kasuan kasuko hautapen batzordeko buruari zuzenduta, Nafarroako Atarian prestatuko den web fitxaren bidez (www.nafarroa.eus).
1.3. Hiru egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, Hautapen Batzordeak aurkeztu direnak ebatziko ditu eta baremoaren behin betiko puntuazioa argitaratuko du egoitzan eta web fitxan, baita noiz eta zer hurrenkeratan defendatuko diren zuzendaritza proiektuak ere.
2.–Bigarren fasea: Zuzendaritza proiektuaren balorazioa.
2.1. Zuzendarigaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, gehienez ere, zuzendarigaiek parte hartzeko hurrenkera eta egunak argitaratu eta biharamunetik hasita, zuzendaritza proiektuaren defentsa egiteko. Zer ikastetxetarako aurkezten den hautagaitza, hor eginen da defentsa.
2.2. Fase horretan, zuzendaritza proiektuak, defentsa barne, kasua bada, 20 puntuko balorazioa jaso dezake gehienez.
Proiektua baloratzeko, Hautapen Batzordeko kide bakoitzak 1etik 20 puntu bitarteko kalifikazioa emanen du. Batzordeko kide guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da proiektuaren azkeneko nota.
Batzordekideen kalifikazioen artean 6 puntuko edo gehiagoko aldea baldin badago, kalifikaziorik altuena eta baxuena baztertuko dira, eta azkeneko nota gainerakoen batezbestekoa eginez aterako da. Handieneko eta/edo txikieneko kalifikazio bat baino gehiago badaude besteekiko alde hori dutenak, bat baino ez da baztertuko. Batezbestekoak ateratzeko, biribiltzearen araua aplikatuko da, milarenera hurbilduta.
2.3. Izangaiak gehienez ere 45 minutu izanen ditu bere zuzendaritza proiektua defendatzeko. Hautapen Batzordeko kideek 30 minutu izanen dituzte gehienez izangaiari beharrezko galderak egiteko, aurkeztu eta defendatutako zuzendaritza proiektuko zenbait alderdi argitu edo zehatzago azal ditzan.
3.–Hautapen Batzordeak argitaratuko du, batzordearen egoitzan, proiektuak defendatzeko epea bukatzen den egunean, aurkeztu diren izangaiek lortu duten puntuazioaren zerrenda, handienetik txikienera ordenatuta.
Izenen zerrenda horretan, hautagai bakoitzaren ondoan zehaztuko da, batetik, II. eranskinean (merezimenduen baremoa) lortutako puntuazioa, hautagaitza bat baino gehiago aurkezten direnean ikastetxeko zuzendaritzarako, eta, bestetik, zuzendaritza proiektuaren balorazioan eta puntuazioan lortutako kalifikazioa.
Ez-gai izanen dira zuzendaritza proiektuaren balorazioan eta defentsan 10etik beherako kalifikazioa lortzen duten izangaiak.
Izangaiaren azken kalifikazioa kalkulatzeko, merezimenduen balorazioa egiten denean, batu beharko dira zuzendaritzaren proiektuaren balorazioan eta defentsan lortutako kalifikazioa eta merezimenduen balorazioan lortutakoa.
Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:
–Zuzendaritza proiektuan zeinek duen puntu gehien.
–Azpiataletan zeinek lortu puntu gehien, ebazpen honen II. eranskinaren ordenari jarraikiz.
4. Hautapen batzorde bakoitzeko buruak hautatutako izangaiaren proposamena igorriko dio Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, bai eta bigarren fasea gainditu duten gainerako izangaien zerrenda ere. Jakinarazpen hori oinarri honen 3. apartatuan aipatu zerrenda argitaratzen den egunean eginen da.
5. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak argitaratuko du hautatutako pertsona guztien izenen zerrenda, bakoitzaren ikastetxea adierazita, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Ataleko iragarki-taulan eta Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus) prestatuko den web fitxan.
Zazpigarrena.–Zuzendariaren eta zuzendaritza taldearen izendapena.
1.–Zuzendariaren izendapena.
1.1. Zuzendarien izendapenak amaiera emanen dio unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko prozedurari.
1.2. Hautatutako izangaiak, oro har, lau urterako izendatuko dira zuzendari, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.
1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak 2020ko uztailaren 1ean izanen dituzte ondorioak. Zuzendaria zenak, ondorio horietarako, aurreko egunean utziko du kargua.
2.–Zuzendaritza taldearen izendapena.
Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, ebazpen baten bidez, zuzendaritza taldeak izendatuko ditu, ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako. Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduaren 10. artikuluan adierazitako jarraibideen arabera eginen da izendapen hori.
3.–Izendapen bereziak.
3.1. Hautapen Batzordeak ikastetxe bateko zuzendaritzarako hautagairik hautatzen ez badu, edo hautagairik ez badago, edo ikastetxea sortu berria bada, Hezkuntza Departamentuak izendatuko du ikastetxeko zuzendaria, lau urterako gehienez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txosten batean proposamena egin ondoren.
3.2. Prozedura berezi hori erabiliz D ereduko ikasketak bakarrik ematen dituzten ikastetxeetarako zuzendari izendatzen diren pertsonek EGA titulua edo baliokidea izan beharko dute.
3.3. Horrela izendatzen diren pertsonek beharrezko gaikuntza edo espezialitatea eduki beharko dute, kasuan kasuko ikastetxearen plantilla organikoan eskatzen dena, ikastetxean bertan irakastorduak eduki ahal izateko.
3.4. Zuzendaritza taldeko kideen izendapen berezia ikastetxeko zuzendariari dagokion epe bererako eginen da, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduaren 10. artikuluko 4. eta 5. puntuetan adierazitako jarraibideen arabera.
Zortzigarrena.–Zuzendaritza lanaren aitormena.
Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariek karguak berezko dituen eginkizunak beteko dituzte, ezarritako ordainsariak jasoko dituzte eta balorazio berezia eginen zaie irakaskuntzako funtzio publikoan lanpostuak betetzeko ondorioetarako.
Bederatzigarrena.–Plangintza instituzionaleko agiriak.
Ikastetxeak hautagaien esku utziko ditu, eskatzen badituzte, zuzendaritza proiektua prestatzeko behar diren plangintza instituzionaleko agiriak.
Hamargarrena.–Kargu hutsak argitaratzea.
Deialdi honen I. eranskinean dago zuzendari kargua berritu behar duten ikastetxeen zerrenda.
Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.
Hautapen batzordeek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Iruñean, 2020ko urtarrilaren 16an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.
I. ERANSKINA
Zuzendari kargua berritu behar duten ikastetxeak
Hezkuntza bereziko ikastetxeak.
HERRIA | IZENA |
IRUÑA | ANDRES MUÑOZ GARDE HBIP |
Helduentzako ikastetxeak.
HERRIA | IZENA |
UHARTE | ZUBIARTE EUSKALTEGIA HEIIP |
IRUÑA | FELIX URABAYEN NHBHI |
TUTERA | TUTERAKO HOHIP |
Beste ikastetxe batzuk.
HERRIA | IZENA |
IRUÑA | ARTE ETA GOI MAILAKO DISEINU ESKOLA |
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak.
HERRIA | IZENA |
ABLITAS | SAN BABIL HLHIP |
AMAIUR | AMAIURKO HLHIP |
ARANTZA | ARANTZAKO HLHIP |
ARRAIOZ | ARRAIOZKO HLHIP |
ARTAXOA | URRACA REINA HLHIP |
AZPILKUETA | AZPILKUETAKO HLHIP |
BARAÑAIN | ALAIZ HLHIP |
BARAÑAIN | LOS SAUCES-SAHATS HLHIP |
BUÑUEL | SANTA ANA HLHIP |
CABANILLAS | SAN JUAN DE JERUSALÉN HLHIP |
CAPARROSO | VIRGEN DEL SOTO HLHIP |
ZARRAKAZTELU | VIRGEN DE LA OLIVA HLHIP |
KASEDA | FRANCISCO JAVIER SÁENZ DE OIZA HLHIP |
CASTEJÓN | DOS DE MAYO HLHIP |
CINTRUÉNIGO | OTERO DE NAVASCUÉS HLHIP |
ERROIBAR | SAN ESTEBAN HLHIP |
FALTZES | DOÑA ÁLVARA ÁLVAREZ HLHIP |
FONTELLAS | VIRGEN DEL ROSARIO HLHIP |
FUNES | ELIAS TERES HLHIP |
GOIZUETA | ANDRES NARBARTE XALTO HLHIP |
UHARTE | VIRGEN BLANCA HLHIP |
IRURTZUN | ATAKONDOA HLHIP |
ITURMENDI | ARRANO BELTZA HLHIP |
LEGASA | LEGASAKO HLHIP |
LEITZA | ERLETA HLHIP |
LERIN | DOÑA BLANCA DE NAVARRA HLHIP |
LOS ARCOS | SANTA BARBARA HLHIP |
IRUNBERRI | SAN JUAN HLHIP |
MENDIGORRIA | JULIÁN MARÍA ESPINAL OLCOZ HLHIP |
MILAGRO | NUESTRA SEÑORA DEL PATROCINIO HLHIP |
ELO | SANTA BARBARA HLHIP |
MONTEAGUDO | HONORIO GALILEA HLHIP |
MURILLO EL FRUTO | RAIMUNDO LANAS HLHIP |
OBANOS | OBANOSKO HLHIP |
OTEITZA | SAN SALVADOR HLHIP |
IRUÑA | AMAIUR IKASTOLA HLHIP |
IRUÑA | AZPILAGAÑA HLHIP |
IRUÑA | BERNART ETXEPARE HLHIP |
IRUÑA | ELORRI HLHIP |
IRUÑA | NICASIO DE LANDA HLHIP |
IRUÑA | PADERBORN VICTOR PRADERA HLHIP |
IRUÑA | SAN FRANCISCO HLHIP |
IRUÑA | SAN JORGE I HLHIP |
IRUÑA | SAN JUAN DE LA CADENA HLHIP |
IRUÑA | SANDUZELAI HLHIP |
GARES | GARESKO HLHIP |
SARRIGUREN BHI | JOAKIN LIZARRAGA HLHIP |
SARTAGUDA | NUESTRA SRA. DEL ROSARIO HLHIP |
SESMA | VIRGEN DE NIEVAS HLHIP |
TAFALLA | MARQUÉS DE LA REAL DEFENSA HLHIP |
UXUE | UXUEKO HLHIP |
VALTIERRA | FÉLIX ZAPATERO HLHIP |
ATARRABIA | LORENZO GOICOA HLHIP |
ZIZUR NAGUSIA | CAMINO DE SANTIAGO HLHIP |
ZIZUR NAGUSIA | CATALINA DE FOIX HLHIP |
ZIZUR NAGUSIA | ERRENIEGA HLHIP |
ZUDAIRI | LAS AMÉSCOAS HLHIP |
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak / Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuak.
HERRIA | IZENA |
ERRONKARI | JULIÁN GAYARRE HLHIP / ERRONKARI DBHI |
Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuak.
HERRIA | IZENA |
BARAÑAIN | BARAÑAIN BHI |
BERRIOZAR | BERRIOZARKO DBHI |
BURLATA | ASKATASUNA BHI |
ZARRAKAZTELU | VALLE DEL ARAGÓN DBHI |
CASTEJÓN | CASTEJONGO DBHI |
CINTRUÉNIGO | LA PAZ DBHI |
CORELLA | ALHAMA BHI |
CORTES | BARDENAS REALES DBHI |
LODOSA | PABLO SARASATE BHI |
MENDABIA | JOAQUÍN ROMERA DBHI |
NOAIN | ELORTZIBAR DBHI |
IRUÑA | BIURDANA BHI |
IRUÑA | EUNATE BHI |
IRUÑA | ITURRAMA BHI |
IRUÑA | MENDILLORRI BHI |
IRUÑA | AITA MORET-IRUBIDE BHI |
II. ERANSKINA Merezimenduen baremoa |
MEREZIMENDUAK | BALORAZIOA Gehienez 10 puntu | FROGAGIRIAK |
1.–Zuzendaritza lanaren balorazioa. Atal honetan karrerako irakasle funtzionario gisa egindako lana besterik ez da baloratuko. | Gehienez ere 3 puntu | |
1.1. Ikastetxe publiko batean zuzendari karguan aritutako urte bakoitzeko: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | 0,50 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
1.2. Ikastetxe publiko batean, ikasketaburu, zuzendariorde edo idazkari karguan aritutako urte bakoitzeko: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | 0,40 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
1.3. Ikastetxe publiko batean alboko zuzendaritza karguetan aritutako urte bakoitzeko: –alboko zuzendari gisa aritutako urte bakoitzeko: –alboko ikasketaburu edo alboko idazkari gisa aritutako urte bakoitzeko: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | 0,40 puntu 0,30 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
2.–Ibilbide profesionalaren balorazioa. Atal honetan karrerako irakasle funtzionario gisa emandako zerbitzuak besterik ez dira baloratuko. | Gehienez ere | |
2.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako karreko funtzionario moduan baldintza gisa eskatutako bost urteetatik gora aritutako urteengatik: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | Puntu bat, gehienez 0,20 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
2.2. Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo bateko koordinatzaile; DBHIetako arloko koordinatzaile; ikastetxe publikoetako mintegi, departamentu edo saileko buru; irakaskuntzako aholkularia eta etengabeko prestakuntzako aholkulari; hezkuntzako eta psikopedagogiako orientazio talde bateko zuzendari edo arduradun; hezkuntzako laguntza unitateen koordinatzaile; helduen hezkuntzako eskualdeko talde baten arduradun edo koordinatzaile; Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko alorretako arduradunek eta talde zein lan-taldeen koordinatzaile; edo Ingelesez Ikasteko Programaren koordinazioaren arduradun aritutako urte bakoitzeko: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | 0,20 puntu | Ikastetxeko edo organo eskuduneko zuzendariak emandako ziurtagiria, non agertuko baitira eginkizun horien jabetza hartzearen eta uztearen datak edo, hala denean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eginkizun horretan segitzen dutela. Etengabeko prestakuntzarako aholkulari eta irakaskuntzako aholkulari lanaren frogagiria ofizioz aurkeztuko ditu Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak, espediente pertsonaleko informazioari jarraikiz. |
2.3. Bigarren Hezkuntzako, Musikako eta Arte Eszenikoetako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoetako karrerako funtzionarioa izateagatik: | 0,20 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
2.4. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan, ikuskatzaile edo bulegoburu gisa edo hortik gorako karguetan, eta Estatuko Hezkuntza Administrazioan horien baliokideak diren karguetan, aritutako urte bakoitzeko: Urte zatiak baloratu behar direnean, 1/12 puntu emanen da hilabete osoko. | 0,30 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
2.5. Zuzendaritza zer ikastetxetarako aurkezten den, hor izategatik behin betiko destinoa. | 0,5 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
3.–Zuzendaritza karguetan eta irakasle lanpostuetan egindako lanaren balorazio positiboa. | Puntu bat, gehienez | |
3.1. Zuzendaritza karguetan egindako lanaren balorazio positiboa: | ||
3.1.1. Zuzendari gisa. | 1 puntu | Ebaluazio positiboko txostena, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak egina, zuzendariak hautatzeko aurreko deialdiei dagokienez. |
3.1.2. Bost urteko lana (edo luzeagoa) beste zuzendaritza kargu batzuetan edo izendapen berezi baten bidezko zuzendari gisa. | 0,5 puntu | Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria. |
3.2. Irakaslanaren balorazio positiboa. | 0,5 puntu | Ondorio horietarako, izangaiaren jardun profesionalaren gainean egindako edozein ebaluazio hartuko da kontuan (salbu eta zuzendaritza karguetan eta karrerako funtzionario gisa lehenbiziko urtean egindako lanarena), ikasketak egiteko lizentziaren deialdi batean, atzerriko lanpostuetarako deialdi batean, zerbitzu berezietan aritzeko deialdi batean edo antzeko beste batean egina, edo, bestela, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari borondatez eskatzen ahalko zaio balorazioa. |
Baremoaren 3.2 apartatuaren gaineko oharrak: 1.–Deialdi hau argitaratzean ikastetxe batean irakasten ari direnei baino ez zaie eginen balorazio txostena. 2.–3.2 apartatuko merezimenduen baremazioa egiteko, parte-hartzaileak berariaz eskatu behar du. 3.–Balorazio positiboaren kasuan, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ofizioz erantziko du merezimendu hori. | ||
4.–Prestakuntza eta hobekuntza. | Gehienez ere 2 puntu | |
4.1. Ikastetxeen kudeaketa, antolaketa eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten prestakuntza jarduera gaindituengatik: Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du. | 0,10 puntu, egiaztatutako 10 prestakuntza orduko | Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiriaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak. |
4.2. Ikastetxeen kudeaketarekin, antolaketarekin eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten prestakuntza jardueretan irakasle gisa aritu izateagatik: Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du. | 0,20 puntu, egiaztatutako 10 prestakuntza orduko | Jarduera egin dela frogatzen duen ziurtagiri edo dokumentuaren fotokopia, zeinetan berariaz agertuko baitira jardueraren kreditu kopurua edo orduak. |
4.3. Ikastetxeen kudeaketa, antolaketa eta zuzendaritzarekin, hezkuntza kalitatearen ezarpenarekin edo eskolako bizikidetzarekin zerikusia duten argitalpenengatik, ISBNa edo ISSNa baldin badute: | Gehienez ere puntu bat | Kasuan kasuko jatorrizko aleak. Formatu elektronikoko agirien kasuan, txosten bat beharko dute baloratu ahal izateko. Txosten hori egiten duen erakundeak ziurtatuko du argitalpena zein datu base bibliografikotan agertzen den. |
5.–Merezimendu akademikoak. | Gehienez ere 2 puntu | |
5.1. Unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, dagokion irakaskuntza kidegoan sartzeko alegatutakoaz gainera: | 0,40 puntu | Kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia, bai eta merezimendu gisa alegatzen diren guztiena ere edo, hala denean, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera. |
5.2. Hizkuntzak jakiteagatik (hizkuntza bakoitzean, hautagaiak aurkezten duen maila altueneko ziurtagiria hartuko da kontuan bakarrik): B1 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko: B2 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko: C1 mailako edo balio bereko ziurtagiri bakoitzeko: | 0,10 puntu 0,40 puntu 1 puntu | Merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria. Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea. |
III. ERANSKINA
Irakaslanaren balorazio positiboa eskatzea.
IV. ERANSKINA
Zuzendaritza proiektua baloratzeko irizpideak.
V. ERANSKINA
VI. ERANSKINA
Adierazten den kargurako izendapen proposamena onartu duten pertsonen zerrenda.
Behera kargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F2000763
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50