205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Herritarren parte hartzearen udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko maiatzaren 28an egindako osoko bilkuran, Herritarren parte hartzearen udal ordenantza aldatzeari hasierako onespena ematea eta ondoren izapidetzea erabaki zuen.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2020ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2020ko abuztuaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

HERRITARREN PARTE HARTZEAREN UDAL ORDENANTZAREN ALDAKETA

Aldaketa honek Herritarren parte hartzearen udal ordenantzaren 18. eta 20. artikuluetan izanen du eragina, eta 20Bis eta 20Ter artikuluak gehitzea ere ekarriko du.

Artikulu bakarra:

18. eta 20. artikuluen idazketa aldatu eginen da, eta 20Bis eta 20Ter artikuluak gehituko dira, honela:

18. artikulua. Beste idazketa bat ematen zaio.

18. artikulua. Kontseilu sektorialak.

1. Kontseilu sektorialak herritarrek gai publikoetan parte hartzeko dituzten kontsulta organo gakoetako bat dira. Horietan proposamenak egiten dira eta hiriari buruzko gai zehatz eta berariazkoen gaineko informazioa ematen da udal jarduketako alor bakoitzean, informazioa eta herritarren entitateen parte-hartzea sustatuz eta bideratuz Udalak herriaren bizitzan eskumena duen alorretan. Modu horretan herritarren ardurakidetza handiagoa ahalbidetzen da Zizur Nagusiko udalerriko afera publikoetan.

2. Alkateak proposatuta edo Herritarren Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden entitateen % 10ek proposatuta eratzen ahalko dira, baldin eta eratu gogo den kontseilu sektorialaren xedearekin lotura badute.

3. Udalak osoko bilkuran onetsiko du herritarren parte hartzea sustatzeko egokitzat jotako kontseilu sektorialak sortzea; kontseilua sortzean funtzionatzeko araudia eman beharko dio, eta bertan jasoko da kontseiluaren osaera, helburuak eta xede zehatzak, baita funtzionatzeko arauak ere.

4. Kontseilu sektorial guztiek informazio batzorde batekin izanen dute lotura; kontseilu sektorial bakoitzak egindako bileren berri emanen zaio aipatutako batzorde horri.

20. artikulua. Idazketa berria ematen zaio.

20. artikulua. Herri kontsultak.

1. Udalak bizilagunen interesetarako garrantzi berezia duten gaien gaineko herri kontsulta egiten ahalko du, baldin eta gai horiek Udalaren eskumenekoak eta toki mailakoak badira, salbu eta Toki Ogasunari buruzkoak.

2. Herri kontsultek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Udalbatzak osoko bilkuran eginen du deialdia, gutxienez hiru hilabete lehenago; ekimen propioz edo kontsulta eskatu den unean Zizur Nagusian erroldatutako 16 urteko edo gehiagoko pertsonen % 8k eskatuta egiten ahalko da.

Deialdiaren unean errolda itxi eginen da, eta kontsultaren unean 16 urte dituzten pertsonek izanen dute bozkatzeko eskubidea.

Deialdiarekin batera oinarrizko araudia ere onetsiko da, artikulu honetan ezarritakoa garatuko duena.

b) Bozketa hasi aurretik informazio kanpaina eginen da; astebeteko iraupena izanen du eta bozketa hasi aurreko astelehenean abiatuko da, 00:00etan, eta aste horretako igandeko 23:59an bukatuko da.

c) Bozketak astebeteko iraupena izanen du eta aste bereko astelehenetik igandera eginen da, arau hauek jarraituz:

I.–Astelehenetik ostiralera bozkatzen ahalko da Zizur Nagusiko udaletxean eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, jendaurreko arretarako ordutegian, udal langileen ardurapean.

II.–Ostegun eta ostiral arratsaldeetan ere bozkatzen ahalko da, 17:00etatik 20:00etara, alde zaharrean, Zizurreko urbanizazioan eta Ardoi auzoan ezarriko diren hiru hauteslekutan, udal langileen edo Udalbatzako kideen ardurapean.

III.–Igandean ere bozkatzen ahalko da, gutxienez 10:00etatik 14:00etara, alde zaharrean, Zizurreko urbanizazioan eta Ardoi auzoan ezarriko diren hiru hauteslekutan, udal langileen edo Udalbatzako kideen ardurapean.

IV.–Internet bidez bozkatzen ahalko da, etenik gabe, asteleheneko 08:30etik igandeko 14:00etara arte.

V.–Posta bidez bozkatzea ez da baimenduko.

Nortasuna bermatzeko, NANa, AIZ, gidabaimena edo pasaportea eskatuko da aurrez aurre bozkatzean.

Internet bidez bozkatzean hautesleen nortasuna ziurtatzea ahalbidetzen duten aplikazio edo programa informatikoak erabiliz bermatuko da hautesleen nortasuna.

d) Bozkatzaileek Internetez edo edozein hauteslekutan bozkatzen ahalko dute, eta errolda bakarra egonen da.

e) Erantzun gisa kategoria itxiak eta elkarrekiko ukatzaileak dituzten kontsultak baino ezinen dira formulatu.

f) Kontsultaren emaitza baliagarria izan dadin, bozkatzeko eskubidea duten pertsonen parte hartzearen % 10 gainditu beharko da; parte hartzea emandako botoen arabera zenbatuko da, botoak baiezkoak, ezezkoak, zuriak edo baliogabeak diren kontuan hartu gabe.

3. Deialdi berean hainbat kontsulta biltzen ahalko dira.

4. Gai berari buruzko kontsultak ezinen dira lau urteko epean errepikatu.

5. Ezin izanen da herri kontsultarik sustatu edo egin herriko hauteskundeak egin aurreko sei hilabeteetan ez eta hauteskunde horietatik eta Udalbatza eratu bitarteko denboran ere.

20 bis artikulua. 20 bis artikulua gehitzen da.

Herri kontsulta.

20. artikuluan ezarritakoa gorabehera, herri kontsulten deialdiak egiten ahalko dira Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituen Nafarroako 27/2002 Foru Legearen babesean.

20 ter artikulua. 20 ter artikulua gehitzen da.

Aurrekontu parte hartzaileak.

1. Aurrekontu parte hartzaileak parte hartzeko eta udalerria kudeatzeko tresna dira eta, haien bidez, herritarrek proposamenak egin eta erabakiak har ditzakete udal baliabide batzuen xedeaz.

Aurrekontu parte hartzaileen helburu nagusia eztabaidarako eta erabakiak hartzeko herritarren espazio bat sortzea da, beharrizan eta gastuen arloan (jarduerak, inbertsio publikoak, etab.) herritarren eskaera eta kezka nagusiak ezartzeko, horiei heltzeko eta udalerriko urteko aurrekontuan txertatzeko, garrantzitsuenak lehenetsiz eta lortutako konpromisoen jarraipena eginez.

2. Osoko Bilkurak urtero, ekainaren 30a baino lehen, prozedura arauak onetsiko ditu bozketa astea finkatzeko eta aurrekontu parte hartzaileen tresnaren bitartez landuko diren gastu edo inbertsioak garatzeko, aurrekontu parte hartzaileetara zehazki zein partida eta zein kopurutan bideratuko diren esleituz.

3. Aurreko atalean aipatutako arauetan garatuko da aurrekontu parte hartzaileen prozesua (ekimenak planteatzea, azaltzea, zuzentzaile teknikoen tratamendua, etab.).

4. Aurrekontu parte hartzaileen bozketa garatzeko herri kontsultetarako 20.2.C) artikuluan ezarritakoa zainduko da; bozketa, nolanahi ere, beti eginen da azaroan astelehena laneguna den lehenengo astean.

5. Aurrekontu parte hartzaileen bozketa bukatzen denetik zenbatutako hurrengo hiru hilabeteetan txosten bat eginen du Herritarren Parte Hartzerako Atalak, eta bertan prozesuaren balorazioa eginen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Oro har, aldaketa honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

20 ter artikuluak, aurrekontu parte hartzaileei buruzkoak, 2021eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2009838