205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Aldaketa, Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2020ko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Miranda Argako Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan.

Erabakia 2020ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 8an. Argitalpen hartatik aitzina hogeita hamar eguneko epea iraganik eta inork aurkeztu ez duenez hasiera batean onetsitako aldaketaren espedientearen kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren amaieran xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Miranda Argako herri-lurretako larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan egin aldaketaren testu osoa.

ALDAKETA, HERRI-LURRETAKO LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

8., 12.a) eta 18. artikuluetako aldaketa kentzen da behin betiko onetsi eta 2015eko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 16an, argitaratu zen ordenantzatik. Aipatutako artikuluak hasieran bezala idatzita geldituko dira. Hona hemen:

8. artikulua. Adjudikazio epea

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren epea 8 urtekoa izanen da. Epe hori bukatutakoan, bertze adjudikazio bat eginen da, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

Lau urtekoa izanen da enkante publikoaren bidezko adjudikazioaren epea.

12. artikulua. Bazkatoki bakoitzeko baldintza-orri partikularrak

a) Udalaren bazkatokia: Lurzati horien adjudikaziodunaren abereek herri-lur zatitu osoa probestuko dute. Zehatuko da horietaz probestea fruituak hartu ondoan (inoiz ez euri garaian), lur azala zuri edo gorri egon arte. Bazkaleku honetako finka bat, errentamenduak irauten duen bitartean, ureztalur bihurtzen bada edo han zainzuriak edo orburuak paratzen badira, erremategileak ezin izanen du erreklamaziorik egin, eta lur horiek pasako dira hurrengo paragrafoan zehaztutako sailkapenera.

Mahastietan, ureztalurretan, zainzurietan edo orburuetan ezin izanen dira bazkatu erremategilearen abereak urteko inongo garaitan, jabeek ez badiote baimenik ematen. Horretarako baimena idatzia izanen da, erakutsi ahal izateko eskatzen den unean Landazaintza Zerbitzuko langileei edo Udaleko beste agente batzuei.

Halaber, berriz hazitako bazken finkak errespetatu beharko dira, kazkabarraren kalteengatik edo beste arrazoi batengatik jabeak haziak aprobetxatu nahi baditu hurrengo urterako, betiere jabeak eskualde honetako arau arrunt eta ohikoak betetzen baditu. Artaldea ezin izanen da sartu bazkatzera makaldietan ere, zuhaitz berrien hazkundeak bide eman arte, arriskurik gabe, aprobetxamendu hori egiteko.

Bizilagun batek nahi baditu bere finkak ongarritu ailorbea, txirta, zalkea edo antzekoak ereinez, gero lurgorri uzteko, askatasun osoa izanen du horretarako, eta erremategileak ez du eskubiderik izanen erreklamazioak egiteko. Barrutiko herri-lurreko sail batean zuhaitzak landatuz gero, debeku da abereak bazkatzea zuhaitz berriak hazten diren arte, eta horrela, aprobetxamendu hori kalterik eta arriskurik gabe egiten ahal den arte. Gaur enkantean ateratzen diren lehorreko herri-lurzatiak urtero lantzen ahal dituzte onuradunek.

b) Basoberako bazkalekua: Barrutiko sail batean zuhaitzak landatzen badira, debeku da abereak bazkatzea zuhaitz berriak hazten diren arte, eta horrela, aprobetxamendu hori kalterik eta arriskurik gabe egiten ahal den arte, eskualdeko mendizainak txostena egin ondoan.

Udalak, uzta bildu ondoan, bazkalekuko finkak lantzen ahal ditu, eta adjudikaziodunak ezin izanen du erreklamaziorik egin horregatik. Dena dela, ahaleginak eginen dira goldatze lanak bazkatzearekin koordinatzeko finketan, ahalik eta kalterik txikienak egiteko bazkalekuko adjudikaziodunari. Adjudikaziodunak ez ditu abereak sartuko finketan ereintza egin ondoan.

Beti adjudikaziodunaren kontura hornituko dira urez idoiak, ur gutxi izanez gero.

18. artikulua. Enkantearen bidezko adjudikazioa.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 4 urterako, lehenago adierazi bezala, indarreko arautegiari jarraikiz, eta ordenantza honetan xedatutakoa betez, aplikatzekoa den horretan.

Miranda Argan, 2020ko abuztuaren 6an.–Alkatea, Francisco Gil Serantes.

Iragarkiaren kodea: L2008872