205. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Herri-larreak arautzen dituen ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2020ko ekainaren 18an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen herri-larreak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, iragarki hau 2019ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 9an, argitaratu eta biharamunetik hasita, interesdunek espedientea azter dezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez ditzaten; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

UDAKO BAZKALEKUAK ETA HERRI-LARREAK ADJUDIKATU ETA APROBETXATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA, GAUR EGUNGO ARAUDIRA EGOKITZEKO

Barasoaingo udal bazkalekuetako larreak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Barasoaingo herri bazkaleku eta udako bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan eta harekin bat heldu den araudian ezarritakoari jarraikiz.

2. artikulua. Oro har, herri bazkaleku eta udako bazkalekuetako larreen aprobetxamenduaren onuradun izaten ahalko dira familia unitateak, baldin eta familia unitatearen titularrak honako betekizun hauek betetzen baditu, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta garapen araudian, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan, ezarritakoaren arabera:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua dagoena.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea gutxienez sei (6) urteko antzinatasunez.

c) Barasoainen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Barasoaingo Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzean sor litezkeen zalantzak Udalbatzak ebatziko ditu, osoko bilkuran.

3. artikulua. Barasoaingo Udala titulartzat daukaten bazkalekuak honako hauek dira, kasuan kasuko mugekin:

1. bazkalekua “Herriarena”; 2. bazkalekua “Kapillau”, 3. bazkalekua “Oianzarra” eta 4. bazkalekua “Mendiari”.

1. bazkalekua “Herriarena”: Garinoaingo mugak, Lepuzaingo mugak eta Mendibileko mugak zedarritutako lurra hartzen du, pinuen hegoaldeko zatiraino, Otsoaren Iturriraino jarraituz bide zaharretik Ezpeletara iritsi arte; hortik bide zaharretik M.ª Jesús Indurainen bazkalekuraino, San Pedroko Bidea gurutzatu eta María Jesús Indurain andrearen eta Saturnino Zaratiegui jaunaren finken artean, Kapillauko Bide Zaharrera iritsi arte; hortik Jose A. Ezcurra jaunaren eta Román Flamarique jaunaren finken muga hartuz, Mendiariko bidera iritsi arte, eta hori gurutzatuz eta Carmelo Ibarrola jaunaren eta Nicolas Liberal jaunaren finken arteko mugatik jaitsiz, Garinoaingo mugara iritsi arte.

Azalera: 78,45 hektarea gordin.

2. bazkalekua “Kapillau”. Artaxoako mugak, Garinoaingo mugak, Garinoaingo mendiko iturritik igotzen den ubideak zedarritutako lurra hartzen du, J. Alduan eta Benedicto Odérizen finken artean eta arroilatik gora Kapillauko bide zaharreraino, Labeko bazkalekua barne Kapillauko gainetik, lurzati berrantolamenduko bidera eta Eslava anaien finkaraino.

Azalera: 216 hektarea gordin.

3. bazkalekua “Oianzarra”. Herriaren bazkalekuak hegoaldean zedarritutako lurra hartzen du, mendiko ubidetik jarraituz Tirapuko mugara arte, eta Mendibileko mugara arte segituz.

Azalera: 225 hektarea gordin.

4. bazkalekua “Mendiari”. Olkotz, Tirapu eta Añorbeko mugak iparraldean zedarritutako lurra hartzen du, hegoaldean herriaren bazkalekuak eta Garinoaingo mugak; mendebaldean Kapillauko bazkalekuak eta ekialdean Oianzarreko bazkalekuak.

Azalera: 314 hektarea gordin.

Nahitaezko erreserbaren % 5eko azalera, onuradun berriak egonez gero, hirugarren eta laugarren Oianzarra eta Mendiari bazkalekuetan egonen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Barasoaingo Udalaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 186. artikuluak ezarritakoaren arabera.

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

5. artikulua. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

6. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak lehentasunez, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Barasoaingo Udalak honako kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatu behar:

a) Barasoaingo Udalean beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenean.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenean edo zuzenean ustiatzen ez direnean.

d) Eskatu arren, honako agiri hauek ezarritako epean aurkezten ez badira: artzaintza jarduera garatzea egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

Udal bazkalekuen adjudikazioa hartu duen familia unitateko titularrak abeltzaintza ezarritako epea baino lehen uzten baldin badu, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili, adjudikazio epea burutu arte.

7. artikulua. Adjudikazio epea zortzi (8) urtekoa izanen da, dagokion urteko uztailaren lehenetik zenbatzen hasita.

8. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da KPIaren kontsumoko prezioen aldaketaren arabera, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeak erabiliz.

9. artikulua. Aprobetxamenduaren adjudikazioaren urteko zenbatekoa uztailean ordainduko dute adjudikazio-hartzaileek, Udalak aldez aurretik jakinarazita. Jakinarazi eta 15 egun pasatuta ordaintzen ez bada, premiamendu bidez kobratuko da.

10. artikulua. Onuradunak, adjudikazioa gertatu eta hurrengo 5 eguneko epean, 8 urteko adjudikazio prezioaren % 4 utzi beharko du behin betiko fidantza gisa.

Fidantzaren partez, arauek agindu bezala egindako banku abala ere aurkez daiteke.

Fidantzak, modu batera edo bestera emanda, larreen aprobetxamendurako baldintzak bete daitezen balio izanen du eta adjudikazio aldia burututakoan kitatu eginen da, Udalak bazkalekuaren eta haren instalazioen egoera aztertu ondotik.

11. artikulua. Herri larreak aprobetxatzen dituen aziendak indarra duen osasun legedia betetzen duela frogatzeko agiriak eduki beharko ditu.

Barasoaingo Udalak aprobetxamenduaren edozein unetan eskatzen ahalko du agiri horiek aurkez daitezela.

12. artikulua. Udalak beretzat gordeko du lurraren erabileraz erabakitzeko ahalmena, belar aprobetxamenduaren murrizketa ekartzen baldin badu ere, azpiegitura lanak, landaketak, oihan berritzeak eta bestelakoak egiteko, betiere bazkalekuko adjudikazio-hartzaileari hilabete bat aurretik, bederen, haren berri eman ondotik.

Kasu horretan, urritutako azalerari proportzioz dagokion kopurua kenduko da aprobetxamenduaren preziotik.

13. artikulua. Adjudikaziodunek soilik ekainetik irailera erabil daitezkeen lugorrietan kalteak eragitea saihestuko dute, Europako Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) araudien aldaketak salbu. Kalteak eragiten badira, udal zerbitzuek ebaluatuko dituzte, eta kaltea eragin duen adjudikaziodunak lurzatiaren titularrari horien ordaina emanen dio.

Hori betetzen ez bada, bidezkoa den kalte-ordainaz gainera, Udalak kasuan kasuko legezko zehapenak ezarriko ditu.

14. artikulua. Azienda ezin izanen da sartu mahastiak landatuta dauden lurzatietan, hala herri lurretan daudenetan nola partikularretan, landaketak iraun bitarte; horregatik, bazkaleku bakoitzean dagoen labore horren azalera adjudikazio preziotik deskontatuko zaio abeltzainari.

Edonola ere, belarren aprobetxamendua murrizten duten labore iraunkorrak edo bizi luzekoak landatzeko, Udalaren baimena beharko da aldez aurretik, eta Udalak ezarritako baldintzak onartu beharko dira.

15. artikulua. Ezin izanen dira erre bazkalekuak osatzen dituzten finketako eta herri lurretako uztondoak, mugak, lur landugabeak, erretenak etab., behar handiko kasuetan izan ezik, betiere Udalak baimena ematen badu, alde batera utzi gabe bidezkoak diren beste baimen batzuk.

16. artikulua. Udal bazkalekuen adjudikazio-hartzaileek haietan bazkatzen diren aziendak bertako eskortan sartzeko eskubidea izanen dute, aprobetxamenduak iraun bitartean. Hartan sortzen den simaurra haiena izanen da eta adjudikazioaren azken eguna arte erabiltzen ahalko dute; egun hori iragan ondoan, Udalarena izanen da.

Adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira bazkaleku eta instalazioen mantentze-lanak eta konponketak aprobetxamenduak iraun bitartean, hondamena denean edo behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aprobetxamendua bukatu ondoan edo titularrak jarduera utziz gero, Udalbatzak bazkalekua eta instalazioak aztertuko ditu, eta irregulartasunak eta kalteak aurkitzen baditu, Udalak konponduko ditu, fidantzatik dirua hartuz.

17. artikulua. Bazkaleku bakoitzean aziendak edateko dauden putzuak xede horretarako baizik ez dira erabiliko, eta debekatuta dago horietatik ura ateratzea belar-hiltzaileak eta pestizidak botatzeko, ureztatzeko, etab.

Belarren adjudikazioa hartua duena arduratuko da putzuak eta askak mantentzeaz.

Putzuren bat urik gabe gelditzen bada, Udalak erabakiko du beste bazkalekuetako zeinetan edanen duen aziendak aldi batez; horretarako, pasabidea markatuko du aldez aurretik, eta bidezkoa den kalte-ordaina finkatuko.

18. artikulua. Alkatetzak ebazpena eman eta iragarki oholean paratu ondotik, 15 egun balioduneko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek udal bazkalekuetako larreen aprobetxamendua adjudikatzeko eskaera egin dezaten.

Eskabideetan adieraziko dute, lehentasuneko hurrenkeran jarrita, zein bazkaleku erabili nahi duten, eta agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1. Zinpeko aitorpena, honako hauen gainekoa:

a) Barasoaingo biztanlea izatea, sei (6) urteko antzinatasunarekin gutxienez, eta udalerrian urtean bederatzi (9) hilabetetan gutxienez bizi izatea.

b) Udal honekiko mota guztietako betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Nor diren familia unitateko kideak, eta baten batek desgaitasun fisikoa edo burukoa baldin badu, horren berri ematea.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Barasoaingo Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzeko.

Ondoren, Barasoaingo Udalak eskaerak ebaluatuko ditu eskaera bakoitzaren errenta mailen alderantzizko ordenan, eta onartuen behin-behineko zerrenda eta bazkalekuen adjudikazioa proposatuko du; horretarako agiri hauetakoren bat eska daiteke:

1) Azken urteko errenta aitorpena.

2) Azken urteko Nekazaritza Politika Bateratuaren eskaera.

3) Bizilekua, Gizarte Segurantzaren, Osasun Zerbitzuaren eta abarren ondorioetarako.

4) Argiaren, uraren, hondakinen fakturak, etab.

19. artikulua. Barasoaingo alkateak, Udalbatzari kontsulta egin ondoren, herritarrei adjudikazioa egiteko onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Onartuen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki oholean jarriko da hamar egun balioduneko epean, akatsak zuzentzeko edo bidezkoak diren alegazioak egin ahal izateko.

Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

20. artikulua. Adjudikazioa behin-behinean eginen du Udalak, hurrengo inguruabarrak kontuan hartuz, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 201. artikuluak ezarritakoaren arabera.

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Bazkatokiak har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkatoki bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Bazkaleku bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

21. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, hamabost eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko adjudikatutzat joko dira.

22 artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira zortzi urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

23 artikulua. Herri larreetarako eskubidea edukitzeko baldintzak galtzen dituenak eskubide hori ere galduko du. Orobat, azienda kopuruak nabarmen beheiti egiten badu, adjudikazioa ere berrikusten ahalko da.

24. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako baldintzetako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du zehapenak aplikatzea, alde batera utzi gabe kalte-galerak ordaindu beharra, Udalak peritazioa egin ondoren, gehi horrek sortzen dituen gastuak.

25. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Adjudikazio-hartzaileak aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Indarrean dagoen adjudikazio prezioa Udalak dioen epeetan ez ordaintzea.

c) Aprobetxamendua egoki eta osoki ez egitea.

d) Aprobetxamendua bere xede ez beste baterako erabiltzea.

e) Zehazturiko epeak ez errespetatzea.

f) Herri larreak aprobetxatzen dituzten aziendek ez betetzea azienden osasun babesaren gainean indarra duen araudia.

g) Animalia hilak beren hartan utzirik, osasun arauak haustea.

h) Kasuan kasuko bazkalekuaren mugak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egintza.

26. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a, b, c, d eta f letretan adierazten direnek adjudikazioaren iraungipena ekarriko dute, Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde eskudun batzuek paratzen ahal dituzten bestelako zehapenak deusetan ukatu gabe.

E letrakoak udal larreen adjudikazioduna izateko gaitasuna galtzea ekarriko du.

Gainerako arau-hausteengatik 150etik 3.000 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

Arau-hausteetan berreroriz gero, halako bi izanen da zehapenaren zenbatekoa.

Arau-hausteak behin eta berriz egiten badira, Udalak adjudikazioa deuseztatzea ere erabaki dezake.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Barasoainen, 2020ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Rita Roldán Murillo.

Iragarkiaren kodea: L2009213