203. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBARGOITI

Aldaketa, Seme-alaba adingabeak dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Ibargoitiko Udalak, 2020ko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Seme-alaba adingabeak dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, aipatu aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Idotzinen, 2020ko abuztuaren 7an.–Alkatea, José Javier Eslava Armendáriz.

ORDENANTZA, IBARGOITIN SEME-ALABA ADINGABEAK DITUZTEN FAMILIENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Udalerrian erroldatutako populazioari eusteko politikari jarraikiz, helburua da laguntza ematea hemezortzi urtetik beherako seme-alabak dituzten familiei, zeren, gaur egun eta Ibarraren ezaugarriak direla eta, egoera okerragoan baitaude, kontuan harturik udalerri mugakideetan bizi direnak, guk gaur ez dauzkagun instalazio eta bitarteko egokiak baitauzkate.

2. artikulua. Adingabeek behar asistentzialak, kulturalak eta kirolekoak dituztenez, familiek, urtean zehar, joan-etorriak egin behar dituzte etengabe mugakide diren udalerrietara, eta nolabait ere egoera hori arindu nahi dugu.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Laguntza hauek eskatzeko, familiek seme-alabak edo tutoretzapeko adingabeak izan behar dituzte, udalerrian erroldatuak eta kasuan kasuko urtean 18 urtetik beherakoak.

4. artikulua. Urtebetetik gora egon behar dute erroldaturik laguntzaren eskatzaileen lehen mailako ahaide zuzenak eta adingabeak berak.

5. artikulua. Udalak ezarririk dituen zerga guztien ordainketa eguneraturik izan beharko dute eskaera egiten duen familia unitateko kideek.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Aurten, 6.500 euroko funtsa izanen da laguntza mota honetarako.

6.1. Laguntza indibidual orokor bat ezartzen da, 150 eurokoa urte eta pertsona bakoitzeko.

6.2. Berariazko laguntzak jarduera osagarriak egiteko, gastu handiagoa ekartzen baitute.

Zenbait jarduera osagarri berariazkok ahalegin ekonomikoa eskatzen diete ukitutako familiei matrikulen eta laguntzen kostuagatik.

Egin beharreko jarduerak, matrikula eta tasa kontzeptuengatik, 500 euro baino gehiagoko kostua badakar, Udalak kalte-ordaina ematen ahalko dio baldintza hauek betetzen dituen familiari:

a) Familia-unitatearen errenta 50.000 eurotik beheitikoa izatea. Halakotzat hartuko da familia-unitatearen azken urteko PFEZaren aitorpenaren zerga-oinarria.

b) Jarduera arautuaren titularraren txosten bat izatea, adierazten duena interesduna modu jarraituan joaten dela jarduerara eta haren errendimendua modu positiboan kalifikatu dela aurten bukaturiko ikasturtean.

c) Jarduera edo jarduerak kasuan kasuko urtean bukatu den ikasturtean egin izana.

d) Udaleko Erregistro Orokorrean eskabide bat aurkeztea, non jasotzen baitira eskatzailearen eta laguntzaren xedeko seme-alaben datuak, aurreko letretan zehaztutako baldintzak frogatzen dituzten agiriekin batera, kasuan kasuko urteko urriaren 30a baino lehenago.

Modalitate honetarako esleitutako zenbateko indibiduala ezin da izan laguntza indibidual orokorraren hirukoitza baino handiagoa.

Udalak urtero eguneratuko du zenbateko horietako bakoitza. Laguntzen eskaera kopuruak egiten baldin badu urteko funtsa baino gehiago, laguntza bakoitzaren zenbatekoa moldatuko da, funts hori ez gainditzeko.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, beharrezkoa izanen da araudi honetan eta Udalak onetsitako deialdian ezarritako baldintzak betetzea.

Urte bakoitzeko abenduan ordainduko dira laguntzak.

8. artikulua. Eskaeren indarraldia.

Eskaera urtebetekoa izanen da, Udalak zehazten dituen daten artekoa. Semea edo alaba urtebetetik beherakoa denean, jaiotzetik beretik egon behar du hemen etengabe erroldaturik, eskubide hau izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Araudi honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena.–Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2008948