201. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

14/2020 FORU LEGEA, irailaren 1ekoa, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurri batzuk hartzen baitira koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ OHIZ KANPOKO NEURRI BATZUK HARTZEN BAITIRA KORONABIRUSAREN (COVID-19A) OSASUN KRISIARI AURRE EGITEKO, NORMALTASUN BERRIRAKO TRANTSIZIO PLANAREN 3. FASEA GAINDITU ONDOREN.

I

2020ko martxoaren 11n, COVID-19 izeneko gaixotasuna dela-eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu zuen, eta nazioarteko garrantzia eman zion.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege-dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Alarma egoera luzatzen duen ekainaren 5eko 555/2020 Errege-dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma egoeran ezarritako neurriak ondoriorik gabe geratuko direla. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartzen ditu osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Zentzu horretan, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du aipatutako neurriak ezartzea.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

II

Uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Foru lege-dekretu hori Nafarroako Parlamentuak baliozkotu zuen 2020ko uztailaren 30ean egindako Osoko Bilkuran, eta foru lege proiektu gisa izapidetzea erabaki zuen. Xede horretara bideratzen da foru lege hau.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da ohiz kanpoko neurri urgente batzuk hartzea koronabirusak (COVID-19ak) eragindako osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren, ikusi baita egun hauetan epidemiak bilakaera okerra hartu duela Nafarroako Foru Komunitatean.

I. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak hezkuntza arloan

2. artikulua. Irakaskuntza publikoko eta itunduko irakasleen oinarrizko lan-baldintzak.

1. Hezkuntza Departamentuak jarraituko du betetzen Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna, 2022ra arte indarra duena, eta bermatuko du bertan jasotzen diren honako neurri hauek betetzen direla:

a) 2020-2021 ikasturtetik aitzina 57 urtez gorakoentzat irakasle lanaldia murriztea 3 saiotan (4 saiotan Haur Hezkuntzan), zuzeneko irakaslanaren ordez lan pertsonala ezarrita, ordainsarietan murrizketarik izan gabe. Ordu horiek ikastetxeari esleituriko orduekin berdinduko dira. Murrizketa hori orientatzaileei ere aplikatuko zaie. Langile horiek ez dute jolasaldietan zaintza-lanetan aritu beharko. Murrizketak ikasturtearen hasieratik ezarriko zaizkie urteak abenduaren 31 baino lehen betetzen dituztenei.

b) 2020-2021 ikasturtetik aitzina, daudenak baino ordu gehiago esleituko dira ikastetxeetako zuzendaritzako eginkizunerako, Itunaren I. eranskinaren arabera.

2. Nafarroako irakaskuntza itunduko irakasleen oinarrizko lan baldintzek jarraituko dute izaten, gutxienez ere, honako honetan biltzen direnak: Osotara edo hein batean funts publikoekin aritzen diren irakaskuntza pribatuko enpresen VI. Hitzarmen Kolektiboak eragindako irakaskuntza itunduaren eta Nafarroako ikastolen sektoreko Akordioa, Nafarroako Gobernuak 2017an sinatua Nafarroako irakaskuntza pribatu-itunduaren sektoreko ikastetxeen titularrekin eta enpresaburuekin eta sindikatuekin. Hortaz, 2020ko ekainaren 30eko erabakiari gehituko zaio honako xedapen honetan ezartzen dena:

a) Akordio honek indarra hartzen duenetik 57 urte betetzen dituzten irakasleek eskubidea izanen dute astean zuzeneko irakaslanaren genieneko ordutegian bi irakastordu murrizteko, harik eta erretiroa hartu arte. Murrizketa aplikatuko da eskubidea sortzen den egunean, alegia 57 urte betetzean.

Guztiz aplikatzeko denean Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege-Dekretuaren “Erretiro partziala” 166. artikuluan bildutakoa, honako hau aplikatuko da: 57 urtetik erretirorako adinera arteko epean irakasleak betetzen baditu Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren “Erretiro partziala” izenburuko 166. artikuluan bildutako baldintzak, erretiro aurreratu partziala hartzeko adinari eta gainerako baldintzei dagokienez, bi ordu horien ordez lau ordu izanen dira erretiro aurreratu partziala hartzeko aurreikusten den adinaren aurreko lau urteetan.

Behin eskuratuta erretiro aurreratu partziala hartzeko adina eta eskatutako gainerako baldintzak, murrizketa aplikatzen ahalko da baldintza guztiak eskuratu diren ikasturtea bukatu arte.

Ezertan ukatu gabe, oro har, orduen murrizketa baldintza beretan dauden langile guztiei aplikatzeko beharra, ikastetxe bakoitzean taldeen eta arloen antolaketak hala eskatzen badu, neurria modu heterogeneoan aplikatzen ahalko da, ikastetxean murrizketa globala mantenduz gero. Kasu horretan zuzendaritzak irakasleen ordezkaritzari informatu beharko dio.

b) Hezkuntza Departamentuak lanaldi partzialeko kontratu bat onartuko du, eta bere gain hartuko du Gizarte Segurantzako kotizazioaren kostua, zeina izanen baita lanaldiaren eta lansariaren murrizketa bat, indarreko legediaren arabera, kontratatutako irakasleentzat, ordainketa eskuordetuan sarturik, une bakoitzean indarrean dagoen legediari jarraikiz erretiro partzial aurreratuari heldu nahi badiote; aipatu lanaldiari dagozkion ordainsariez gain, gehigarri bat ordainduko zaie, zeinak bermatuko baitu, Gizarte Segurantzatik jasotzen dutenari gehituta, guztira jasoko dutena txikiagoa ez izatea ordainketa eskuordetuan izanen luketen lanaldiarekin legokiokeena baino. Edonola ere, ez zaio ordainduko beste zuzendaritza-osagarririk edo koordinazio didaktikokorik erretiro osoa hartu arte.

Lehen xedapen gehigarria.–Ikasturtea hasi aurretik ikastetxe eta unibertsitateetako ikasle eta langileei baheketa egiteko plana.

Nafarroako Gobernuak plan bat prestatu eta abiaraziko du ikasturtea hasi aurretik baheketa egiteko ikastetxe eta unibertsitateetako ikasle eta langileei, birusaren transmisioa murrizteko eta agerraldi berriei aurrea hartzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Adierazleak eta helburuak ikastetxeetan eta unibertsitateetan ikasturtea antolatzeko ikuspegiaren aldaketarako.

Nafarroako Gobernuak adierazleak eta helburu objektibo eta gardenak definitu eta argitaratuko ditu, zeinek justifikatuko baitute ikastetxeetan eta unibertsitateetan 2020-2021 ikasturtea antolatzeko ikuspegiaren aldaketa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuaren 12. artikuluan jasotako neurriaren norainokoa.

Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuak ohiz kanpoko neurriak onesten ditu Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko; 12. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie bakar-bakarrik agindu horretan aipatutako langileei, betiere betetzen duten osasun lanpostuari aplikatzekoa ez bazaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, eta bakar-bakarrik konpentsatzeko aipatu langileek 2020ko martxoan, apirilean eta maiatzean egin dituzten aparteko orduak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Uztailaren 1eko 13/2020 Foru Legearen 3. artikulua eta II. eranskina aldatzea. Lege horren bidez 25 milioi euroko aparteko kreditu bat eman, arautu eta banatzen da, Nafarroako Toki Ogasunen parte-hartzearen funtsaren kargura, COVID-19ak eragindako osasun publikoko arrazoiak direla-eta hartu behar izan diren ohiz kanpoko neurri urgenteengatik toki entitateek dituzten beharrei erantzuteko.

“3. artikulua. Nafarroako toki entitateen titulartasuneko hiri garraio publikoko zerbitzuei laguntzeko transferentzia arrunten aparteko funtsa.

1. Nafarroako toki entitateen titulartasuneko bidaiarien hiri garraio publikoko zerbitzuei laguntzeko transferentzia arrunten aparteko funts bat sortzen da, xedea duena haiei finantzaketa handiagoa ematea COVID-19aren krisiaren ondorioz izan duten defizit gehigarria konpentsatze aldera, alarma egoeraren indarraldian eta 2020. urtea amaitu arte. Funtsa 2019ko ekitaldian zerbitzu horiei dagozkien tarifen bidezko diru-sarreren arabera banatuko da.

2. Funtsak milioi bat euroko zuzkidura izanen du, “COVID-19 Aparteko funtsa, bidaiarien hiri garraioaren defizit gehigarria” izeneko 211001 21200 4600 942107 aurrekontu-partidaren kargura.

3. Transferentzien onuradun izanen dira bidaiarien hiri garraio publikoko zerbitzuen titular diren udalak eta mankomunitateak.

4. Hiri garraioaren zerbitzua ematen duen toki entitate bakoitzari finantzaketa esleituko zaio garraioaren eskariaren jaitsieragatik izandako tarifen bidezko murrizketari begira, hori izan baita gertatu den defizit gehigarriaren arrazoi nagusia.

Toki entitate bakoitzarendako esleipena eginen da 2019an hiri garraioaren zerbitzuari dagozkion tarifen bidezko diru-sarreren zuzeneko proportzioan, behin kenduta, kasua bada, aipatu ekitaldian hura finantzatzeko Nafarroako foru Administraziotik, Estatuko Administrazio Orokorretik edo Europar Batasuneko erakundeetatik jasotako dirulaguntzak.

5. Mankomunitate onuradunek jasotako zenbatekoak bideratu beharko dituzte zerbitzuari atxikitako udalerriek 2020an zehar emandako zerbitzua finantzatzeko xedearekin mankomunitateei egindako ekarpenak minoratzera.

6. 2020ko urriaren 15a baino lehen toki entitate interesdunek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari ziurtagiri bat aurkeztu beharko diote, 2019an tarifen bidezko diru-sarreren guztizko zenbatekoa adierazten duena eta halaber, kasua bada, zerbitzua finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik, Estatuko Administrazio Orokorretik edo Europar Batasuneko erakundeetatik jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, foru lege honen II. eranskinean jasota dagoen ereduaren arabera.

7. Toki entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa ordainketa bakarrean pagatuko da, 2020ko azaroaren 15a baino lehen, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpen baten bidez.

8. Zenbatekoak ordaindu ondoren soberakinik baldin badago, Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan duten Parte-hartzearen Funtsari atxikitako diruzaintza-gerakinari gehitzeko baliatuko da.

II. ERANSKINA

Ziurtagiri eredua transferentzia arrunten aparteko funtsa, bidaiarien hiri garraio kolektiboaren kudeaketan sortutako defizit gehigarria apaltzekoa

IZEN-DEITURAK: (TOKI ENTITATEAREN IZENA)(e)ko/ngo UDALEKO idazkaria.

ZIURTATZEN DUT:

1.–Toki entitate hau bidaiarien hiri garraio publikoko zerbitzuaren titularra dela.

2.–2019an bidaiarien hiri garraio publikoko zerbitzuari dagozkion tarifen bidezko diru-sarreren guztizko zenbatekoa __________ euro dela.

3.–2019an zerbitzua finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik, Estatuko Administrazio Orokorretik edo Europar Batasuneko erakundeetatik jasotako dirulaguntzen edo transferentzien zenbatekoa __________ euro dela.

Eta behar diren ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau egiten dut, (TOKI ENTITATEA)(e)ko/ngo alkateak/presidenteak ontzat emanik, (URTEA)(e)ko (HILABETEA)aren EGUNA(e)an”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aldatzen da. Honako testua izanen du:

“Hirugarren xedapen iragankorra.–Etetea.

Xedapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik sei hilabeteko epean ez da eskaerarik onartuko eta ez da baimenik emanen joko edo bingorako areto edo apustuetarako berariazko lokal berriak ustiatzeko.

Era berean, ez da eskaerarik onartuko eta ez da ebazpenik emanen baimenaren bideragarritasunari buruzko aurretiazko kontsultak egiteko.

Halaber, ez da eskaera berririk onartuko ez eta baimen berririk emanen Joko makinen Erregelamendua onesten duen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuaren 10. artikuluak aipatutako lokaletan joko-makinak eta apustu-makina lagungarriak jartzeko ere, salbu eta azken horren arrazoia bada ostalaritza-lokalaren titulartasuna aldatzea”.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legea aldatzea.

Izena aldatzen da gastuen aurrekontuko “(E) Armañantzasko el Sol kalearen zoladura eta euri-uren sarea” izeneko 210001 21300 7609 261600 partida, 98.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin eta Armañantzasko Udala onuradun duena, halako moduan non “(E) Armañantzasko La Plaza kalearen zoladura eta euri-uren sarea” deituko baita.

Azken xedapenetan laugarrena.–Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina aldatzea.

Paragrafo bat gehitzen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B).26 artikuluari (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), testu hau izanen duena:

“Mailaz mailako kuota hori aplikatzetik salbuetsita gelditzen dira, orobat, hipoteka mailegu eta kredituen luzamenduak eta hipoteka bermerik gabeko errentamenduen luzamenduak formalizatzeko eskriturak, turismoaren sektorearentzako luzamendu hipotekarioa aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean (uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-dekretuaren 3. artikulutik 9.era bitartekoetan arautua)”.

Azken xedapenetan bosgarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko irailaren 1ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2010102