200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2020-2021 ikasturterako.

COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza administrazioek egiaztatu beharko dutela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuetako titularrek betetzen dituztela hezkuntza administrazioek ikastetxeetarako ezartzen dituzten desinfekzio, prebentzio eta egokitzapen arauak.

Betiere, ziurtatu beharko da hartzen direla jende pilaketak saihesteko eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzen dela bermatzeko beharrezkoak diren antolaketa-neurriak. Segurtasun-distantzia hori mantentzea ezinezkoa denean, kutsatze-arriskuei aurrea hartzeko higiene-neurri egokiak hartuko dira.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Erabaki horren eranskineko 6. atalaren lehenengo hiru puntuek hauxe ezartzen dute:

“1. Ikastetxeetako hezkuntza jarduera unean-unean ezartzen diren osasun baldintzen arabera gauzatuko da.

2. Nahitaez bete beharko dira osasun agintaritzak ezartzen dituen desinfekzio eta prebentzio arauak.

3. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza jarduera presentzialerako prebentzio eta antolaketa protokolo bat prestatuko du, orain arte onetsitako osasun gomendioak biltzeko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gainbegiratuko du protokolo hori.”

2020ko ekainaren 22an, Osasun Ministerioak eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak gida bat adostu zuten, “COVID-19ari aurre egiteko prebentzio- eta higiene- neurriak eta osasuna sustatzekoak 2020-2021 ikasturterako” izenekoa.

Neurri horietan oinarrituta, 2020ko ekainaren 29an, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetara bidali zuen 2020-2021 ikasturteko hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa biltzen zuen lehen agiria, zuzendaritza taldeek ikastetxeetako kontingentzia planak prestatzen has zitezen.

Ondoren, Osasun Ministerioak 2020ko abuztuaren 27an onetsitako agindu baten bidez, honako adierazpen hau onetsi zen: 2020-2021 ikasturtean, ikastetxeetan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoaren arloko jarduketa koordinatuei buruzko Adierazpena. Jarduketa koordinatuei buruzko adierazpen horrek 23 neurri eta 5 gomendio jasotzen ditu, administrazio eskudunek aplika ditzaten, betiere kontuan hartuta Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean eztabaidatu eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan adostu ondoren hartutako proposamenak.

Era berean, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako hainbat prebentzio neurri ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, behin gainbegiratu ondoren hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako, aholkua eman du ikasturtea 2. egoeran hasteko, hau da, goizeko lanaldia egitea, bizikidetzako talde egonkorretan Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino (maila hori barne), eta eskola jantokia eta garraioa erabiltzea.

Xedatutako guztia kontuan hartuta, bai eta Osasun Ministerioak eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak erabakitako neurriak ere, bidezkoa da onestea hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusien eskumena hartzea, foru agindu honen edukiaren ondorioetarako.

2. Onestea hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako, foru agindu honen eranskin gisa agertzen dena.

3. Protokolo hau aplikatuko da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritako irakaskuntzak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan, salbu eta Haur Hezkuntzako lehen zikloa eta unibertsitateko irakaskuntzak.

4. Ezartzea 2020-2021 ikasturtea protokolo horretan jasotzen den 2. egoeran hasiko dela, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hala proposatuta.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak etengabe aztertuko du egoera hori, egoera epidemiologikoaren arabera eta baieztatutako kasuen intzidentziak ikastetxeen funtzionamenduan duen eragina kontuan hartuta.

5. Protokoloa ikasturtean zehar eguneratuz joanen da, unean uneko osasun egoerak eskatzen duenean edo haren aplikazioa hezkuntza sistemaren beharretara egokitu beharra dagoenean. Eguneratze horiek foru aginduaren bidez onetsiko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, baita Hezkuntza Departamentuaren webgunean ere (www.educacion.navarra.es), eta ikastetxeei bidaliko zaizkie.

6. Foru agindu hau eta eranskina argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

7. Foru agindu honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Foru agindu hau eta eranskina Hezkuntza Departamentuko eta Osasun Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza, Lanbide Heziketaren eta Hezkuntza Baliabideen zuzendaritza nagusietara eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta ikastetxeetara bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 31n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2020-2021 ikasturterako

Aurkibidea

0.–Hitzaurrea.

1.–Pandemia-egoerari egokitutako eskola-antolaketa.

1.A. Ikastetxeen antolaketari buruzko zenbait gogoeta orokor.

1.B. Egoeren sailkapena unean uneko osasun errealitatearen arabera.

1. egoera: kutsatzeko arriskua txiki samarra da, eta fokuak kontrolatzeko gaitasuna handia da.

2. egoera: sektoreen blokeatze indartua.

3. egoera: ikastetxeen itxieraren alternatiba, sektoreen erabateko blokeoa.

4. egoera: ikastetxeak erabat itxita.

2.–Ikasmailen eta arloen programazio didaktikoa.

3.–Zuzkidura teknologikoa.

4.–Gaitasun digitala indartzeko plana.

5.–Urruneko eskola-jarduerarako tutoretza plana eta ikasleen harrera-prozesua.

6.–Antolaketa- eta segurtasun-neurriak.

6.0. Maskaren erabilera.

6.1. Ikasleen sarrera-irteerak.

6.2. Ikasgelen kudeaketa.

6.3. Barneko joan-etorrien kudeaketa.

6.4. Jolastokiaren eta jolasaldiaren kudeaketa.

6.5. Komunen erabileraren kudeaketa.

6.6. Garbiketa eta desinfekzioa.

6.7. Jantokiak.

6.8. Garraioa.

6.9. Ikastetxeko pertsonen kudeaketa.

6.10. Ikastetxekoak ez diren pertsonen kudeaketa.

6.11. COVID-19aren aurrean kalteberak diren pertsonei zuzendutako neurriak.

6.12. Nola jokatu COVID-19 kasu baten aurrean.

6.13. COVID-19rako erreferentzia diren pertsonek zertan lagunduko dioten ikastetxeko zuzendaritza taldeari.

6.14. Jarduera fisikoa eta eskulanak.

6.15. Irakaskuntza espezifikoak.

SARRERA1

2020ko ekainaren 19an Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio neurriak ezarri ziren; haren eranskinaren 6.3 apartatuaren arabera, normaltasun berrira igarotzeko trantsizioko protokoloaren 3. fasea gainditu orduko (2020ko ekainaren 20an argitaratu zen protokoloa Nafarroako Aldizkari Ofizialean), “Hezkuntza Departamentuak prebentzio eta antolaketa protokolo bat landuko du hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko, ordura arte onartutako osasun gomendioak biltzeko. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gainbegiratuko du protokolo hori.”

2020-2021 ikasturtea nola joanen den aurreikustea ezinezkoa da, oraindik ezagutza gutxi baitugu COVID-19aren pandemiak izan dezakeen bilakaerari buruz. Beraz, ezinbestekoa da agertoki desberdinak aurreikustea, gerta daitezkeen osasun-egoera desberdinetara egokitu ahal izateko. Aurkezten den protokolo honetan lau egoera desberdin aurreikusten dira, gerta daitezkeen errealitate hipotetiko desberdinetara egokitzeko behar den gaitasuna izan dezan hezkuntza sistemak. Oinarrian diren irizpide nagusiak dira langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatzea eta gurasoen familia eta lana bateragarri egitea, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan, osasun-krisialdiko uneetan ere, eta horrenbestez, eta hezkuntza sisteman inplikatuta dauden pertsona anitzen enplegua sortzeko eta mantentzeko beste hainbeste neurriren laguntzaz, Nafarroako ekonomiaren berpizte progresiboari laguntzea.

Oinarrizko irizpide horietatik abiatuta, kontingentzia protokolo bat prestatu da, lau agertoki desberdin aurreikusten dituena 2020-2021 ikasturterako. Lehenengoa (1. egoera) normaltasun berriari dagokio, eta horretan eskola-jarduera presentziala etapa eta ikasmaila guztietan bermatzen da, eta, bigarrenean bezala (2. egoera), non koronabirusaren agerraldi bat aurreikusten baita. Hirugarren hipotesian aurreikusten da agerraldiaren larritasunaren ondorioz eskola-jarduera ez-presentziala indartu behar izatea. Eta azkenik, laugarren agertokian, ikastetxeak erabat itxi behar izatea aurreikusten da.

Pandemiaren bilakaeraren arabera, osasun agintariek bestelako jarraibideak ezarriko balituzte, kontingentzia protokolo hau egokitu beharko litzateke, eta berriz zehaztu, agertoki berriaren arabera.

Hezkuntza administrazioari dagokio jarduketa-esparru orokorra zehaztea Nafarroako Foru Komunitate osorako, eta ikastetxeetako arduradun taldeek zehaztu beharko dituzte esparru orokor horren xehetasunak, beraien errealitatearen arabera.

Nafarroako Gobernuak eman du dokumentu honetan aurreikusitako protokoloa abiarazteko baimena, eta hari dagokion aurrekontu-zuzkidura eta osasun agintarien oniritzia ere jaso ditu. Halaber, protokoloa kontsultatu da ikastetxe publikoetako zuzendariekin, Nafarroako irakaskuntza itunduaren eta pribatuaren sektorearekin, erakunde sindikalekin eta hezkuntza komunitateko gainerako kideekin, Foru Komunitateko ikastetxe guztiei eragiten dien heinean.

Dokumentu hau osatuko da ikastetxe bakoitzak prestatuko duen Kontingentzia Planarekin. Zuzendaritza taldeek irakasle bat edo gehiago izendatuko dituzte COVID-19arekin lotutako gaietarako erreferenteak izan daitezen. Pertsona horiek, besteak beste, Planaren prestaketan parte hartuko dute, eta egin beharreko ekintza guztiak jakinaraziko dizkiete Eskola Kontseiluak izendatuko dituen ordezkariei, hezkuntza komunitatea jakinaren gainean egon dadin.

Azaldutakoarekin bat, eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta osasun agintarien jarraibideekin bat, honako alderdi hauek jasotzen dira dokumentu honetan:

1. Pandemia-egoerari egokitutako eskola-antolaketa.

2. Ikasmailen eta arloen programazio didaktikoa.

3. Zuzkidura teknologikoa.

4. Gaitasun digitala indartzeko plana.

5. Urrutiko eskola-jarduerarako tutoretza plana.

6. Antolaketa eta segurtasun neurriak.

(1) Lehenik eta behin, eskerrak eman behar zaizkie gizarte-eragileei, besteak beste, sindikatuei, Nafarroako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteei, ikastetxe itunduen elkarteei, guraso-elkarteei eta Nafarroako Eskola Kontseiluari, izan ere, haien ekarpenak aberasgarriak izan baitira, eta balio erantsia eman baitiote orain aurkezten den dokumentuari. Aipamen berezia merezi du San Adriango “Alfonso X.a Jakituna” IPko zuzendaritza taldeak, haien ideiek markatu baitute sektorekako blokeoaren ardatz nagusia, haren inguruan eratu delarik hemen aurkezten den plana.

1.–PANDEMIA-EGOERARI EGOKITUTAKO ESKOLA-ANTOLAKETA

A.–Ikastetxeen antolaketari buruzko zenbait gogoeta orokor

Ardatz nagusiak.

Helburu nagusia izanik COVID-19aren aurrean langileen eta ikasleen segurtasuna eta osasuna bermatzea, dokumentu hau ardatz hauen inguruan eratu da nagusiki:

–Kutsatzeak saihestea.

–Ikastetxeetan gerta daitezkeen kasuak garaiz detektatzea eta bakartzea.

–Lehentasuna ematea irakaskuntza presentzialari eta ikasle kalteberenentzako arretari.

–Lehentasuna ematea ikasle gazteenen irakaskuntza presentzialari, haien autonomia txikiagoa baita; zehazki, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

–Pertsonen familia eta lana bateragarri egitea, ikastetxean ikasleentzako arreta egokia bermatuz.

–Hezkuntza sisteman inplikatuta dauden sektore guztietan enplegua mantentzea, ahal den neurrian.

Frogatuta dago edozein patogenoren kontrolerako bi alderdi nagusi hartu behar direla kontuan:

–Espazioen eta pertsonen joan-etorrien antolaketa.

–Neurri higienikoak.

Zenbait neurri mantentzea.

Segurtasun-neurri batzuk –esaterako, higienearen eta garbitasunaren inguruko irizpideak– berdin ezar daitezke pandemia gainditu ondoren ere, onuragarriak baitira hau eta beste edozein agente infekzioso kontrolatzeko.

Hezkuntza komunitatea jakinaren gainean izatea.

Oso garrantzitsua da, beraz, prebentzioa indartzeko, higienea mantentzeko eta osasuna sustatzeko helburuz protokoloan jasotzen diren eta ikastetxeetan ezarriko diren neurriei buruzko informazioa hezkuntza komunitate osora zabaltzea eta ongi uler daitezen bermatzea.

Helburua hau da:

–Ikastetxeko langileei informazioa emanen zaie eta prebentzio nahiz higiene neurriei buruzko trebakuntza eskainiko zaie, eta haiek helaraziko diete hezkuntza komunitateko gainerako kideei.

–Informazioa igorriko zaie familia guztiei, eta kanal ireki bat mantenduko da, sor litezkeen zalantza guztiak argitzeko.

–Infografia, kartel eta seinaleen erabilera indartuko da, prebentzio eta higiene neurriak ulertzea eta betetzea sustatzeko. Informazio hori osasun agintarien irizpideen arabera eguneratua dagoela zainduko da.

Antolakuntzari dagokionez, litekeena da zenbait neurrik jarduera edo metodologia batzuen gauzapena mugatzea, eta kasu horietan malgutasunez ezarriko dira, une epidemiologikoaren arabera egokituz, eta era murriztaileagoan edo malguagoan ezarriz, uneko arriskuak eta onurak baloratuta.

Sektore blokeagarrien sistema.

Kontzeptua. Espazioen eta pertsonen joan-etorrien antolaketari dagokionez, proposatzen den protokoloa sektore blokeagarrien sistema batean oinarritzen da. Egoerarik murriztaileenean, haien arteko komunikaziorik ez da izanen, baina egoera epidemiologikoaren arabera, haien iragazkortasuna handitu daiteke. Sektore bakoitzean hainbat pertsona egonen dira (langileak eta ikasleak) eta hainbat espazio, eta blokeoa lotua dago sektore horien arteko iragazkortasunarekin. Iragazkortasuna esanda ulertu behar da pertsona horiek sektore batetik bestera igarotzea eta espazio partekatuak erabiltzea.

Blokeoaren mailak. Gerta daiteke blokeoa erabatekoa edo partziala izatea edo blokeorik ez izatea; erabatekoa bada, ez da izanen pertsonen joan-etorririk sektore horien artean, ez eta espazio partekaturik ere.

Egoera epidemiologikoa osasun agintariek zehaztuko dute, eta maila desberdinak ditu, osasun egoeraren larritasunaren arabera eta kutsatzeko arriskuaren arabera, eta horrek gidatu behar du ikastetxeetako blokeo-mailaren gaineko erabakia, ikastetxean agertzen diren kasuen arabera eta Foru Komunitatean, agerraldi berezi bat sortuz gero, ezartzen den osasun egoeraren arabera.

Sektore blokeagarrien sistemaren helburua. Sektore blokeagarrien sistemaren xedea da pertsonak eta haiek okupatzen dituzten espazioak eremutan banatzea, helburua dela, agerraldi baten aurrean, osasun agintaritzak zehazten dituen neurriak sektore horretan hartzeko aukera izatea, gainerako sektoreek zaintza zorrotzeko eta alertako sistema baten pean funtzionatzen jarraitzen duten bitartean.

Sektore blokeagarrien egitura. Sektoreen plangintzan kontuan izan behar da zedarritutako eremu bakoitzean izanen direla:

–Pertsonak:

Hainbat ikastalde eta haien irakasleak (multzoak egin daitezke, ikasmailen, mailaren edo etaparen arabera, ikastetxearen tamaina eta espazioak kontuan hartuta).

–Espazioa:

Ikasgelak, pasabideak, komunak, jolastokiak, jantokiak, kiroldegiak, etab.

Ahal bada, sektore bakoitzak bere komunak izan behar ditu, eta inoiz ezin izanen ditu erabili beste sektore bati esleitutako komunak, blokeo-maila edozein dela ere. Gauza bera pasabideekin eta jolastokiekin.

Sektore blokeagarrien funtzionamendu orokorra. Sektorearen barnean pertsonen joan-etorriak eta ikasgelen trukea murriztu behar dira, eta ez da sektore batetik bestera ibili behar, ez ikasle ez irakaslerik, kasu oso berezietan izan ezik, esaterako, espezialisten arretaren kasuan.

Sektore batek baino gehiagok sarbide bera erabili behar dutenean (sarrera, pasabideak, eskailerak, etab.) modu mailakatuan eginen dute, pilaketak eta eremu komunetan guztiak aldi berean ibiltzea saihesteko.

Irakasleak, ikasgela batetik bestera doazela, edo ikasgelatik bulegora, birusa sektore guztietara zabaldu dezaketen bektoreak direnez, ikastetxearen barneko joan-etorriak ahalik eta gehien saihestu behar dira. Garrantzitsua da pertsona bakoitzak, dela irakaslea dela ikaslea, ahal den neurrian, bere lekua izatea eta lanerako berak bakarrik erabiliko duen material pertsonala izatea.

Sektoreen blokeoa. Ez da inolaz ere ikaslerik ibiliko sektore batetik bestera. Irakasleen sektore arteko joan-etorriak blokeo-mailaren araberakoak izanen dira, beti kontu handiz zainduz arreta eta neurri higienikoak.

Erabateko blokeoaren kasuan ezinezkoa izanen da aldatzea edo partekatzea ez ikasgelarik, ez bestelako espaziorik, esaterako, gimnasioa edo kiroldegia.

Ondoko taula honetan erakusten da espazioen sailkapena, eraikina sektoretan banatzeko ideia horretan oinarritua:

SEKTOREAK

Sektore esklusibotasuna

Blokeagarria

ESPAZIOAK

Ikasgela nagusiak

Ikasleek erabili ohi dituzten ikasgelak

BAI

BAI

Ikasgela osagarriak

Musika- eta hizkuntza-gelak, gimnasioa, laborategiak, jantokia, tailerrak, etab.

Ez

BAI

Pasaguneak

Ez

Ez

Jolastokia

Ez

Bai

Komunak

BAI

BAI

PERTSONAK

Ikasleak

Modu funtzionalean biltzea, esaterako, ikasmailen edo etapen arabera. Jendetzak saihestea

BAI

BAI

Irakasleak

Sektoreko ikasmailei klasea ematen dieten irakasleak

BAI

BAI

Irakasle espezialistak

Ikasmaila/sektore desberdinetako ikasleen irakasleak

Ez

BAI

TALDE BEREZIA

Zuzendaritza/Idazkaritza

Ez

Ez

Espezialistak eta irakasle ez diren langileak

Orientazioa, Logopedia, Zaintzaileak, etab.

Ez

BAI

Atezaintza

Ez

Ez

Garbiketa- eta mantentze-zerbitzuak eta teknikariak.

Ez

Ez

Bizikidetza-talde egonkorrak:

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetan, sektoreen barneko ikasleen bizikidetza-talde egonkorrak definituko dira. Bizikidetza-talde egonkorra da ikasle talde batek (gehienez 25) eta eskola ematen dien irakasle taldeak osatzen dutena, eta ikastetxeko gainerako taldeetatik ia erabat bakartua dagoena. Horrela, ikasgela barneko mugimendua askea da, eta ez da beharrezkoa pertsona arteko 1,5 metroko tartea gordetzea.

Antolaketa horri esker, ikasleek ikasgela barnean interakziorako aukera dute eta, beraz, lankidetzan eta elkarlanean oinarritutako metodologia berriak aurrera eramaten jarraitzeko aukera dago.

Oso garrantzitsua da azpimarratzea saihestu behar dela, ahal den gehien, talde egonkorraren eta gainerako ikasleen arteko harremana, are sektore bereko ikasleekin ere, espazio komunetan, esaterako, jolastokian edo jantokian.

B.–Egoeren sailkapena unean uneko osasun errealitatearen arabera

B.1.–1. egoera: Egoera hau “Normaltasun berria” deitu den horri dagokio; egoera honetan, kutsatzeko arriskua txiki xamarra da eta fokuak kontrolatzeko gaitasuna, berriz, handia.

1.–Taldeak eta ordutegiak antolatzea.

Egoera honetan arreta presentziala bermatuko da ikastetxeetan, ikasle guztientzat, eskola-egun guztietan.

Arau orokor gisa, ikasgelen antolamendua eta ikasgelako ikasle ratioa zehaztuko dira pertsona arteko 1,5 metroko gutxieneko tartea gordetzeko moduan. Horretarako, ratioa zehazten da ikasleko, gutxienez, 2,25 m2-ko azalera errespetatuz. Irizpide horren ondorioz, ikasgelen edukiera haien tamainaren araberakoa izanen denez, gehienez 25 ikasle elkar daitezke HLHn, 30 ikasle DBHn eta 33 Batxilergoan, ikasgelaren azalerak aukera ematen badu.

Haur Hezkuntzan, etapa horren berezitasuna dela eta, ratioa 20 baino handiagoa duten ikastetxe publikoetan zein itunduetan, Hezkuntza Departamentuak irakasle gehigarri bat jarriko du, ikasgelako 20 ikasleko ratioa aplikatuta lortzen den talde berri bakoitzeko. Zuzkidura hori talde txikiagoak lortzeko erabiliko da lehentasunez. Espazioek ez badute talde berriak sortzeko aukerarik ematen, zuzkidura Haur Hezkuntzako ikasgeletan erabiliko da errefortzu gisa.

Lehen Hezkuntzan, ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeei irakasle-lanaldiaren heren bateko laguntza emanen zaie ikasgelako 20 ikasleko ratioa aplikatuta lortzen den talde berri bakoitzeko. Ikastetxe itunduetan, laguntza hori irakasle-lanaldiaren %10ekoa izanen da.

BHIetan, DBHIetan, Lanbide Heziketako ikastetxeetan eta Arte Eskoletan, lanaldiaren laurden bateko laguntza emanen zaio zuzendaritza taldeari 12 unitateko multzo bakoitzeko, gehienez irakasle bat gehiago izan arte ikastetxe bakoitzeko. Irakaskuntza mota horiek ematen dituzten ikastetxe itunduetan, laguntza 2 ordukoa izanen da 12 unitateko multzo bakoitzeko, gehienez irakasle bat gehiago egon arte.

Ikastetxe mota bakoitzean, zuzendaritza taldeak erabakiko du nola aprobetxatuko dituen emandako aparteko orduak.

Ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeek posta elektronikoaren bidez eskatzen ahalko dituzte ikastetxea osatzen du(t)en eraikin(ar)en planoak, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuan: infraestructuraseducativas@navarra.es

Haur eta Lehen Hezkuntzan, 25 ikasle arteko talde guztiak hartzen dira bizikidetza-talde egonkortzat eta, beraz, tartea uzteko neurria ez da aplikagarria izanen hezkuntzaren etapa horietan dauden taldeen barnean, eta horrenbestez, talde bakoitzeko ikasleen arteko interakzioa posiblea da, ikastetxeko espazio desberdinetan. Hala ere, gutxieneko segurtasun-tartea gorde behar da talde desberdinetako ikasleen artean.

25 ikasletik goitiko ratioa duten Haur eta Lehen Hezkuntzako taldeetan, 1,5 metroko tartea gorde ezin bada, ikasgelaren tamainagatik, kasu bakoitza aztertuko da ikastetxeetako arduradunekin, konponbiderik egokiena emateko.

Ikasleak ahal den modurik zabalenean hartzeko helburuz, ikastetxe bakoitzeko arduradun taldeak beharrezkotzat jotzen badu, zenbait espazioren erabilera birdefinitzeko aukera aztertuko da, besteak beste, berariazko gelak, liburutegiak, banaketa gelak, etab.

1. egoera honetan, helburua irakasleak eta ikasleak sektoretan biltzea bada ere, helduak mugitu daitezke sektore batetik bestera, eta sektore baten barnean ere bai, ezarritako higiene-neurriak betez gero. Ikasleei dagokienez, ez dute partekatuko beren erreferentziako ikasgela beste talde bateko edo batzuetako ikasleekin. Banaketa gelei eta berariazko gelei dagokienez, ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte, higiene-, desinfekzio- eta aireztapen-neurriak betetzen badira. Hala ere, bizikidetza-talde egonkorrek ezin izanen dituzte berariazko gelak erabili, kiroldegiak eta gimnasioak izan ezik, baldin eta horiek aireztatzen badira eta segurtasun tarteak bermatzeko aukera ematen badute.

Gorputz Hezkuntzako eta Musikako espezialisten kasuan, honela jokatuko da:

–Gorputz Hezkuntza:

Gorputz Hezkuntzako irakasleek ahal den guztietan klaseak aire zabalean emanen dituzte.

Aire zabalean jardun ezin bada, ahalegina eginen da erabiltzen diren eremuak izan daitezen ongi aireztatuak, behar bezain zabalak eta segurtasun tarteak gordetzea bermatzeko modukoak. Jarduera fisiko mota espazioen ezaugarrietara egokitu beharko da. Nolanahi ere, instalazioa etengabe aireztatu beharko da.

Irakasgai hau ezin bada aipatutako baldintzetan garatu, ikasgaiaren garapena egokitu beharko da erreferentziako geletan.

–Musika:

Lehen Hezkuntzan lan egiten duten eta Haur Hezkuntzan laguntzaile aritzen diren musikako irakasleek programazioa egokitu beharko dute, bizikidetza-talde egonkor batekoak diren ikasleen erreferentziako ikasgelan lan egin ahal izateko. Gainerako etapetan, arreta bereziz aireztatu, garbitu eta desinfektatuko dira ikasgela, altzariak eta musika-tresnak eta, orobat, ahalik eta gehien mugatu edo debekatuko da tresna horiek ikasle batek baino gehiagok erabiltzea.

Ikastalde egonkor batean ikasle batzuek ikasgai bat ikasten dutenean, eta beste batzuek ez, esaterako, Euskara A ereduan, Erlijioa eta Atzerriko bigarren Hizkuntza, honako kasu hauek gerta daitezke:

a) Talde desberdinetako ikasleak elkartu behar izatea:

Kasu horretan, adingabeen arteko harremanak saihesteko behar diren segurtasun-neurriak aplikatuko dira, barnean direla bereizteko bitarteko fisikoak, bizikidetza-talde egonkor desberdinetako ikasleak banatzeko.

b) Talde desberdinetako ikasleak elkartu beharrik ez izatea:

Irakasle espezialista erreferentziako ikasgelara joanen da, eta han bi espazio bereziko dira: bat, tutorearekin geratzen diren ikasleentzat, eta beste bat, aukeratutako gaia landuko duten ikasleentzat.

1. egoeran, ikastetxeko bizitza normaltasunaren barnean dago, indar bereziz zaintzen dira urruntze- eta higiene-neurriak (1,5 metroko tartea, maskara higienikoa, tartea gorde ezin bada, eskuak maiz garbitzea eta hidrogela) eta arlo edo sektore desberdinetako ikasleen arteko interakzioa saihesten da.

Garrantzitsua da azpimarratzea ikasleek ikaspostu fisiko eta lanerako material propioak eduki behar dituztela, ahalik eta gehien saihesteko materiala partekatu behar izatea.

Ahal den neurrian, lehentasuna emanen zaie aire zabaleko jarduerei, esaterako, jolastokia nahiz inguruko plazak eta parkeak erabiliz, kutsatzeak saihesteko eta, aldi berean, natura eta ingurune fisikoa eskolako bizitzara hurbiltzeko.

1.1. Haur eta Lehen Hezkuntza.

Ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak definitu eta onartu duen ordutegian lan eginen dute. Ikastetxeetako arduradunek sarrera-irteerak mailakatuak izan daitezen banatuko dituzte taldeak, kontuan hartuta azkenak sartzen diren taldeak ateratzen ere azkenak izanen direla. Antolakuntza horretan ezin dira alde batera utzi eskola-garraioan iristen diren ikasleen berezitasunak, ez ikastetxera sartzeko unean, ez eta etxera itzultzeko unean ere. Beraz, banaketa mailakatu hori koordinatzea beharrezkoa da, lehentasuna emanez ikasle mota horren ordutegiei.

Lehenbiziko eskola-eguna erabiliko da, besteak beste, ikasleei eta haien arduradunei azaltzeko zein diren sartzeko eta ateratzeko ordutegiak, jolastokiko harrera- eta jolas-guneak, eta sartzeko eta ateratzeko dagozkien ibilbideak. Antolaketa-neurri horiek erreferentziako ikuskatzaileari aurkeztu behar zaizkio, eta ondoren familiei, eskola-jarduerak hasi aurretik. Egun horretarako prestatuta egon behar dira beharrezkoak diren seinaleztatze- eta balizatze-neurriak. Ikasleei bidean lagunduko dieten irakasleak zuzendaritza taldeak izendatuko ditu.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako ikasleen egokitzapen aldiari dagokionez, jarraibide hauei jarraituko zaie:

  • Ikastetxea beregaina da ikasle horien egutegia eta sartze-ordutegia talde txikietan antolatzeko, betiere jarraikiz irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten urteko jarraibideei.
  • Gomendatzen da harrera-prozesua ikastetxetik kanpoko toki batean egitea, ahal izanez gero.
  • Ikasgela berean talde-aldaketa bat baldin badago, eremuak aireztatu, garbitu eta desinfektatzeko neurriak aplikatu behar dira, ikastetxearen kontingentzia planaren arabera.
  • Haur bakoitzari pertsona bakarrak lagunduko dio ikastetxera. Nolanahi ere, laguntzaile hori alda daiteke egokitzapen aldian zehar.
  • Harrera-prozesua salbuespenez eraikinaren barnean egin behar bada, laguntzaileak zehatz-mehatz bete beharko du ikastetxeak ezarritako protokoloa; besteak beste, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko ditu, eta maskara derrigor jantzi beharko du.
  • Laguntzaileak ezin du harrera-aldian parte hartu, baldin eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak baditu edo bakartze aldian edo berrogeialdian badago. Horretaz gainera, COVID-19aren aurrean arriskuko eritasun bat duten laguntzaileak (diabetesa, eritasun kardiobaskularra –hipertentsioa barne–, eritasun hepatiko kronikoa, biriketako eritasun kronikoa, giltzurrunetako eritasun kronikoa, immunoeskasia, fase aktiboan dagoen minbizia, obesitate morbidoa) eta haurdun dauden emakumeak harrera-aldian parte hartzea komeni den jakiteko beren erreferentziako mediku-taldearen ebaluazioa beharko da.

1.2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa.

DBHko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleek ohiko ordutegiak izanen dituzte. Ikastetxeetako arduradunek sartzeko eta ateratzeko uneak mailakatuak izan daitezen banatuko dituzte taldeak, kontuan hartuta azkenak sartzen diren taldeak ateratzen ere azkenak izanen direla. Antolaketa-neurri horiek erreferentziako ikuskatzaileari aurkeztu behar zaizkio, eta ondoren familiei, eskola-jarduerak hasi aurretik. Antolaketa horretan ezin dira alde batera utzi eskola-garraioan iristen diren ikasleen berezitasunak, ez ikastetxera etortzeko garaian, ez eta etxeratzeko garaian ere. Beraz, banaketa mailakatu hori koordinatzea beharrezkoa da, lehentasuna emanez ikasle mota horren ordutegiei.

Lehenbiziko eskola-eguna erabiliko da, beste jarduera batzuen artean, ikasleei eta haien arduradunei azaltzeko zein diren sarrera eta irteerako ordutegiak, jolastokiko harrera- eta jolas-guneak, eta sartzeko eta ateratzeko dagozkien ibilbideak. Horien berri familiei ere eman beharko zaie, ikasturtea hasi aurretik. Egun horretarako prestatuta egon behar dira beharrezkoak diren seinaleztatze- eta balizatze-neurriak.

1.2.1. DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko eta Batxilergoko ikasleak.

Ahal dela, ikasle/ikasgela ratioa egokituko da ikasle bakoitzak 2,25m2 izateko baldintza betetzeko. Ikastetxeetan era desberdinetan banatzen dira dibertsitateari, aukerako irakasgaiei eta ibilbideei arreta emateko ordutegiak eta, horregatik, beren autonomiaren baitan, antolaketa desberdinak proposatzen ahalko dituzte ikastetxeek, pertsona arteko gutxieneko urruntzea errespetatuz, betiere.

Edonola ere, ikastetxeek neurri hauetako bat aplikatzen ahalko dute:

1) Ikasleak erreferentzia gelan egonen dira.

2) Taldeko soberakina aintzat hartuko da arau honen arabera:

a) Talde bakoitzeko soberakinek online bidez jarraituko dituzte klaseak (streaming...), eta guardiako irakasleen arreta izanen dute². Horretarako, behar duten material informatikoa emanen zaie, eta ikastetxean behar diren espazioak izanen dira. Ikasleek eskola presentzialetara joateko aukera berdintsua izatea errespetatuko da. Horrek eskatzen du arreta telematiko eta presentzialerako txandak antolatzea.

b) Antolaketa horren ondorioz, ikastetxeko espazioek ikasle guztiei goizeko ordutegian arreta emateko aukera ematen ez badute, arratsaldeko bigarren txanda bat antolatzen ahalko da. Horretarako, ikastetxe publikoetan kontuan izan behar dira ondoko irizpide hauek:

I) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

Garraioa izateko eskubidea duten ikasleei arreta goizean emanen zaie.

II) Batxilergoa:

Garraio-plaza hutsen onuradun diren ikasleei eta ikastetxera beste herri batetik etorri behar duten ikasleei goizeko ordutegian emanen zaie arreta, antolaketak aukera ematen badu.

1.2.2. IEHP, CEP eta GMP programetako taldeak.

Talde mota horientzat ezarritako ratioa kontuan izanda, ikasleak egunero modu presentzialean ariko dira. Salbuespen gisa, modu justifikatuan, aurreko atalean jaso denaren antzeko antolaketa egin liteke.

1.3. Hezkuntza Berezia.

Hezkuntza bereziko ikastetxeetako edo egituretako ikasleentzat, etapa guztietan, eskola-jarduera presentziala bermatuko da, etapa bakoitzarentzat definitutako ordutegian, eta plan espezifikoak eginen dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuarekin lankidetzan.

1.4. Araubide Bereziko Irakaskuntzak (Helduak, Hizkuntzak, Musika eta Dantza).

Ikasgelak eta eskola presentzialak antolatuko dira, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat deskribatu den modu berean.

1.5. Lanbide Heziketa.

–Sarrera-irteeren antolaketa.

Ikastetxeko sarrera-irteerei dagokienez, sartzeko eta ateratzeko guneak dibertsifikatuko dira, eta sarrerak egiteko modu ordenatua ezarriko da, sektoreen arabera, lehentasuna emanez ohiko espazio hurbilei, eta norabide bakarreko joan-etorriak erraztuz.

Sartzeko eta ateratzeko uneak mailaka antolatuko dira, klaseen hasierako eta amaierako ordutegia mantentzeko, kontuan izanik eskola-garraioan etortzen diren ikasleen joan-etorrien ordutegiek garraioa partekatzen duten ikasleen ordutegi berak izan behar dutela.

–Espazioen eta ikasleentzako arretaren antolaketa.

Helburua izanik, ahal den neurrian, ikasleen mugikortasuna saihestea, ikastetxea eremutan banatu beharko da lanbide-arloen eta espezialitateen arabera, eta erreferentziako espazio bat emanen zaio talde bakoitzari; halaber, erabilera komuneko ez-ohiko espazioak prestatuko dira, esaterako, liburutegia, erabilera anitzeko gelak, etab.

Ahal den neurrian, ikasgelak, tailerrak eta laborategiak sektoretan banatuko dira lanbide-arloen arabera, ahal den gehiena saihestuz sektore arteko mugikortasuna; horretarako, ikasgelak modulu komunetarako (LPO, hizkuntzak, informatika...) partekatzea saihestuko da.

Ikasle/ikasgela ratioa egokitu beharko da ikasle bakoitzak 2,25m2 izateko baldintza betetzeko, pertsona arteko 1,5 metroko tartea gordez. Era berean, ikasleen arteko gutxieneko segurtasun-tartea gorde beharko da tailer, laborategi eta beste espazio espezifikoetan, edo maskara erabili beharko da. Maskararen erabilera bateraezina balitz jarduera aurrera eramateko behar diren norbera babesteko ekipamenduen erabilerarekin, pertsona arteko gutxieneko segurtasun-tartea gordetzea ezinbestekoa izanen da.

Halaber, ez-ohiko ordutegiak antolatzen ahalko dira jarduera presentzialak aurrera eramateko, lehentasuna emanez, betiere, eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleen ordutegien sinkronizazioari, garraioa partekatzen duten taldeen ordutegiekin bat etortzeko.

Espazioen antolaketa berriak aurrera eramateko, banaketako irakasleak baliatuko dira, eta guardiako irakasleei ikasleen arreta zuzenaren ardura ematen ahalko zaie, aldi berean bermatzeko ahalik eta saio presentzial gehien eta ikasleen arteko urruntzea.

Departamentuko buruek eta zikloko koordinatzaileek zuzendaritza taldearekin elkarlanean ariko dira, haren ardura izanen baitira ikastetxeko Kontingentzia Protokoloaren diseinua eta ondorengo ezarpena, Hezkuntza Departamentuak emandako jarraibide nagusiei jarraikiz, eta heziketa ziklo bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuz.

2.–Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Ikastetxeek urteko programazio orokorrean sartuko dituzte beharrezkoak iruditzen zaizkien jarduera osagarriak. Horien gauzapena programatuta dauden uneko osasun egoeraren araberakoa izanen da.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eskolaz kanpoko jardueren antolaketa, eskolaldia jarraitua bada, talde egonkor eta/edo sektore desberdinetako ikasleen arteko interakzioa galarazteko oinarrizko printzipioa errespetatuz egin beharko da. Ikasleak elkartzen badira espazio fisiko berean, oro har ezarritako urruntze neurriak aplikatuko dira. Jarduera horiek aire zabalean egitea gomendatzen da, helburutzat jarrita inguruneko heziketa indartzea eta naturarekin lotutako pedagogia bat aurrera eramatea.

Eskolaz kanpoko gainerako jardueren garapena oinarrituko da une bakoitzean osasun agintariek ezarriko dituzten irizpideetan.

3.–Zerbitzu osagarriak. Eskola-garraioa eta jantokia.

3.1. Garraioa.

Autobusen/taxien edukiera ez da murriztuko, baina maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da hiru urtetik gorako ikasleentzat. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen garraiorako, irizpidea izanen da ondoz ondoko eserlekuetan ikasle txiki bat eta handiago bat izatea, handiena txikienaren zaintzailea izan dadin. Gainera, bilaketa errazteko, ikasleak leku berean eseriko dira beti. Osasun agintariek erabakitzen dutenaren arabera maskararik erabili beharrik ez duten ikasleen arteko gutxieneko distantzia 2 m-koa izanen da.

3.2. Jantokia.

Eskolako jantokiaren antolaketan, ikasleek higiene- eta urruntze-neurriak betetzen dituztela bermatuko da. Eremua ikastetxean antolatutako sektore eta talde egonkorren arabera banatuko da, ikasleen arteko kontaktu fisikoa galarazteko. Beharrezkoa izanez gero, txandak antolatuko dira, eta Haur Hezkuntzako klaseak amaitzen ahalko dira gainerakoenak baino saio bat lehenago, zerbitzua ahalik eta hobekien antolatu ahal izateko; saio hori berreskuratu beharko da, ikasleek jantokiko ordua eta atsedenaldia egin ondoren.

Jantokiaren antolaketa segurtasun- eta higiene-irizpide horien arabera eginda, ikasle guztientzako espaziorik ez bada, bazkaltiarren sailkapenean ondoko hau izanen litzateke lehentasunen hurrenkera:

1. Eskualdeko jantokietan, garraioa erabili eta jantokirako eskubidea duten ikasleak.

2. Ekonomikoki ahulenak diren eta jantokirako laguntza hartzen duten familietako ikasleak.

3. Lan arrazoiak direla eta, zerbitzuaren ordutegian seme-alabez arduratu ezin direla frogatzen duten gurasoak dituzten ikasleak.

4. Haur Hezkuntzako ikasleak.

5. Gainerako ikasleak, adin-tarteen arabera ordenatuta.

Nolanahi ere, jantokiko lekuen esleipena egitean, kontuan hartuko da, anai-arreben kasuan, txikiena onartzeak berehala eragiten duela ikastetxe berean ari diren haren senide handiagoek jantokiko eskubidea izatea.

Zerbitzu horretarako prestatutako fitxan adierazten dira jarraibide espezifikoak.

Egoera hori mantenduko da ikasturte osoan, salbu eta, osasun agintarien iritziz, beste egoera murriztaileago batera igaro behar bada, osasun-arriskuaren aukera handiagotu delako.

(2) Beharrezkoa balitz, irakaskuntza zuzenekoak ez diren bi eskola-orduak erabiltzen ahalko dira, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko antolaketa espezifiko horrek ekarriko dituen guardiak egiteko.

B.2.–2. egoera: sektoreen blokeatze indartua.

1.–Taldeak eta ordutegiak antolatzea.

Egoera honetan arreta presentziala bermatuko da ikastetxeetan, ikasle guztientzat, eskola-egun guztietan.

Arau orokor gisa, ikasgelen antolamendua eta ikasgelako ikasle ratioa zehaztuko dira pertsona arteko 1,5 metroko gutxieneko tartea gordetzeko moduan. Horretarako, ratioa zehazten da ikasleko, gutxienez, 2,25 m2-ko azalera errespetatuz. Irizpide horren ondorioz, ikasgelen edukiera haien tamainaren araberakoa izanen denez, gehienez 25 ikasle elkar daitezke HLHn, 30 ikasle DBHn eta 33 Batxilergoan, ikasgelaren azalerak aukera ematen badu.

Haur Hezkuntzan, etapa horren berezitasuna dela eta, ratioa 20 baino handiagoa duten ikastetxe publikoetan zein itunduetan, Hezkuntza Departamentuak irakasle gehigarri bat jarriko du, ikasgelako 20 ikasleko ratioa aplikatuta lortzen den talde berri bakoitzeko. Zuzkidura hori talde txikiagoak lortzeko erabiliko da lehentasunez. Espazioek ez badute talde berriak sortzeko aukerarik ematen, zuzkidura Haur Hezkuntzako ikasgeletan erabiliko da errefortzu gisa.

Lehen Hezkuntzan, ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeei irakasle-lanaldiaren heren bateko laguntza emanen zaie ikasgelako 20 ikasleko ratioa aplikatuta lortzen den talde berri bakoitzeko. Ikastetxe itunduetan, laguntza hori irakasle-lanaldiaren %10ekoa izanen da.

BHIetan, DBHIetan, Lanbide Heziketako ikastetxeetan eta Arte Eskoletan, lanaldiaren laurden bateko laguntza emanen zaio zuzendaritza taldeari 12 unitateko multzo bakoitzeko, gehienez irakasle bat gehiago izan arte ikastetxe bakoitzeko. Irakaskuntza mota horiek ematen dituzten ikastetxe itunduetan, laguntza 2 ordukoa izanen da 12 unitateko multzo bakoitzeko, gehienez irakasle bat gehiago egon arte.

Ikastetxe mota bakoitzean, zuzendaritza taldeak erabakiko du nola aprobetxatuko dituen emandako aparteko orduak.

Ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeek posta elektronikoaren bidez eskatzen ahalko dituzte ikastetxea osatzen du(t)en eraikin(ar)en planoak, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuan: infraestructuraseducativas@navarra.es

Haur eta Lehen Hezkuntzan, 25 ikasle arteko talde guztiak hartzen dira bizikidetza-talde egonkortzat eta, beraz, tartea uzteko neurria ez da aplikagarria izanen hezkuntzaren etapa horietan dauden taldeen barnean, eta horrenbestez, talde bakoitzeko ikasleen arteko interakzioa posiblea da, ikastetxeko espazio desberdinetan. Hala ere, gutxieneko segurtasun-tartea gorde behar da talde desberdinetako ikasleen artean.

25 ikasletik goitiko ratioa duten Haur eta Lehen Hezkuntzako taldeetan, 1,5 metroko tartea gorde ezin bada, ikasgelaren tamainagatik, kasu bakoitza aztertuko da ikastetxeetako arduradunekin, konponbiderik egokiena emateko.

Ikasleak ahal den modurik zabalenean hartzeko helburuz, ikastetxe bakoitzeko arduradun taldeak beharrezkotzat jotzen badu, zenbait espazioren erabilera birdefinitzeko aukera aztertuko da, besteak beste, berariazko gelak, liburutegiak, banaketa gelak, etab.

Sektoreen iragazkortasuna, 2. egoeran, nabarmen murrizten da. Irakasleak ezin dira sektore batetik bestera igaro, kasu oso puntualetan ez bada (irakasle espezialistak). Ikasleei dagokienez, ez dute partekatuko beren erreferentziako ikasgela beste talde bateko edo batzuetako ikasleekin. Bizikidetza-talde egonkorrek ezin izanen dituzte berariazko gelak erabili, kiroldegiak eta gimnasioak izan ezik, baldin eta horiek aireztatzen badira eta segurtasun tarteak bermatzeko aukera ematen badute.

Gorputz Hezkuntzako eta Musikako espezialisten kasuan, honela jokatuko da:

–Gorputz Hezkuntza:

Gorputz Hezkuntzako irakasleek ahal den guztietan klaseak aire zabalean emanen dituzte.

Aire zabalean jardun ezin bada, ahalegina eginen da erabiltzen diren eremuak izan daitezen ongi aireztatuak, behar bezain zabalak eta segurtasun tarteak gordetzea bermatzeko modukoak. Jarduera fisiko mota espazioen ezaugarrietara egokitu beharko da. Nolanahi ere, instalazioa etengabe aireztatu beharko da.

Irakasgai hau ezin bada aipatutako baldintzetan garatu, ikasgaiaren garapena egokitu beharko da erreferentziako geletan.

–Musika:

Lehen Hezkuntzan lan egiten duten eta Haur Hezkuntzan laguntzaile aritzen diren musikako irakasleek programazioa egokitu beharko dute, bizikidetza-talde egonkor batekoak diren ikasleen erreferentziako ikasgelan lan egin ahal izateko. Gainerako etapetan, arreta bereziz aireztatu, garbitu eta desinfektatuko dira ikasgela, altzariak eta musika-tresnak eta, orobat, ahalik eta gehien mugatu edo debekatuko da tresna horiek ikasle batek baino gehiagok erabiltzea.

Ikastalde egonkor batean ikasle batzuek ikasgai bat ikasten dutenean, eta beste batzuek ez, esaterako, Euskara A ereduan, Erlijioa eta Atzerriko bigarren Hizkuntza, honako kasu hauek gerta daitezke:

a) Talde desberdinetako ikasleak elkartu behar izatea:

Kasu horretan, adingabeen arteko harremanak saihesteko behar diren segurtasun-neurriak aplikatuko dira, barnean direla bereizteko bitarteko fisikoak (manparak), bizikidetza-talde egonkor desberdinetako ikasleak banatzeko.

b) Talde desberdinetako ikasleak elkartu beharrik ez izatea:

Irakasle espezialista erreferentziako ikasgelara joanen da, eta han bi espazio bereziko dira: bat, tutorearekin geratzen diren ikasleentzat, eta beste bat, aukeratutako gaia landuko duten ikasleentzat.

Bizikidetza-talde egonkorrak ez badira, hainbat taldek erabiltzen ahalko dituzte banaketa gelak eta berariazko gelak jarraian, betiere higiene, desinfekzio eta aireztapen neurriak betez gero.

2. egoera horretan, bizikidetza-talde egonkor batekoak ez diren ikasleek nahitaez eduki beharko dituzte ikaspostu fisiko eta lanerako material propioak, debekatuta egonen baita materialak trukatzea ikasleen artean. Ikasleren batek izanen ez balu behar duen materiala, ezin izanen luke jarduera hori aurrera eraman.

Bizikidetza-talde egonkorrei dagokienez, erabili beharreko materiala bakarrik partekatuko du hori eskatzen duten jardueretan.

1.1. Haur eta Lehen Hezkuntza.

Bi etapa hauetako ikasleek irakaskuntza presentzialarekin jarraituko dute, eskola-egun guztietan.

Iraila: ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak onartutako ordutegiarekin hasiko dute ikasturtea, hilabete horretan goizeko eta arratsaldeko lanaldia aurreikusita duten ikastetxeek izan ezik. Horiek goizeko lanaldiari egokitu beharko diote beren ordutegia, eta erreferentziako ikuskatzaileari jakinarazi. Aurrekoa galarazi gabe, Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola garraiorik ez duten ikastetxeek iraileko ordutegia egokitzen ahalko dute urritik ekainera bitarteko ordutegi berrira.

Urritik ekainera bitarteko aldia: Hezkuntza Departamentuak onartutako ordutegia edozein dela ere, eskolaldiak, oro har, 45 minutuko sei saio eta 30 minutuko atsedenaldi bat edo 15 minutuko bi izanen ditu. Ez da hasiko 09:00ak baino lehen, eta 14:30ean edo lehenago bukatuko da. Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar da garraiatzen diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak jantokiko zerbitzua amaitu ondoren itzuliko direla.

Lehenbiziko eskola-eguna erabiliko da, besteak beste, ikasleei eta haien arduradunei azaltzeko zein diren sartzeko eta ateratzeko ordutegiak, jolastokiko harrera- eta jolas-guneak, eta sartzeko eta ateratzeko dagozkien ibilbideak. Antolaketa-neurri horiek erreferentziako ikuskatzaileari aurkeztu behar zaizkio, eta ondoren familiei, eskola-jarduerak hasi aurretik. Egun horretarako prestatuta egon behar dira beharrezkoak diren seinaleztatze- eta balizatze-neurriak. Ikasleei bidean lagunduko dieten irakasleak zuzendaritza taldeak izendatuko ditu.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako ikasleen egokitzapen aldiari dagokionez, jarraibide hauei jarraituko zaie:

  • Ikastetxea beregaina da ikasle horien egutegia eta sartze-ordutegia talde txikietan antolatzeko, betiere jarraikiz irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten urteko jarraibideei.
  • Gomendatzen da harrera-prozesua ikastetxetik kanpoko toki batean egitea, ahal izanez gero.
  • Ikasgela berean talde-aldaketa bat baldin badago, eremuak aireztatu, garbitu eta desinfektatzeko neurriak aplikatu behar dira, ikastetxearen kontingentzia planaren arabera.
  • Haur bakoitzari pertsona bakarrak lagunduko dio ikastetxera. Nolanahi ere, laguntzaile hori alda daiteke egokitzapen aldian zehar.
  • Harrera-prozesua salbuespenez eraikinaren barnean egin behar bada, laguntzaileak zehatz-mehatz bete beharko du ikastetxeak ezarritako protokoloa; besteak beste, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko ditu, eta maskara derrigor jantzi beharko du.
  • Laguntzaileak ezin du harrera-aldian parte hartu, baldin eta COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak baditu edo bakartze aldian edo berrogeialdian badago. Horretaz gainera, COVID-19aren aurrean arriskuko eritasun bat duten laguntzaileak (diabetesa, eritasun kardiobaskularra –hipertentsioa barne–, eritasun hepatiko kronikoa, biriketako eritasun kronikoa, giltzurrunetako eritasun kronikoa, immunoeskasia, fase aktiboan dagoen minbizia, obesitate morbidoa) eta haurdun dauden emakumeak harrera-aldian parte hartzea komeni den jakiteko beren erreferentziako mediku-taldearen ebaluazioa beharko da.

1.2. DBHko eta Batxilergoko ikasleak.

Bi etapa hauetako ikasleek irakaskuntza presentzialarekin jarraituko dute, eskola-egun guztietan.

Iraila: ikastetxeek Hezkuntza Departamentuak onartutako ordutegiarekin hasiko dute ikasturtea. Hilabete horretan goizeko eta arratsaldeko lanaldia aurreikusita duten ikastetxeek goizeko lanaldiari egokitu beharko diote beren ordutegia, eta erreferentziako ikuskatzaileari jakinarazi. Aurrekoa galarazi gabe, Hezkuntza Departamentuak antolatutako eskola garraiorik ez duten ikastetxeek iraileko ordutegia egokitzen ahalko dute urritik ekainera bitarteko ordutegi berrira.

Urritik ekainera bitarteko aldia: oro har, DBHko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleen ordutegia ohikoa izanen da, 08:00etatik 15:00etara bitartekoa bada. Bestela, ordu-tarte horretara egokitu beharko da, gehienez ere 50 minutuko zazpi saio eta 40 minutuko atsedenaldia eginez; oro har, azken hori bitan banatu ohi da: atsedenaldi luzeena 30 minutukoa da gehienez eta laburrena, berriz, 10 minutukoa gutxienez.

Eskola garraioaren ibilbidea partekatzen duten ikastetxeek sarrera- eta irteera-ordutegiak koordinatu beharko dituzte, ibilbideak handitu ez daitezen. Horretarako, kontuan hartu behar da garraiatzen diren haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak jantokiko zerbitzua amaitu ondoren itzuliko direla.

DBH ikasten dutenen saio kopurua 1. egoerakoa bezalakoa izanen da.

1.2.1. DBHko 1.mailatik 4. mailara bitarteko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleak.

Horien antolaketa egiteko 1. egoerarako emandako irizpide berak erabiliko dira, ordutegiak baldintza berrien arabera egokituz.

1.2.2. IEHP, CEP eta GMP programetako taldeak.

Talde mota horietarako ezarritako ratioa kontuan hartuta, ikasleak egunero joanen dira eskolara, 1. egoeran bezala, ordutegi-baldintza berrien arabera egokituta.

1.3. Hezkuntza Berezia.

Hezkuntza bereziko ikastetxeetako edo egituretako ikasleentzat, etapa guztietan, eskola-jarduera presentziala bermatuko da, etapa bakoitzarentzat definitutako ordutegian, eta plan espezifikoak eginen dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuarekin lankidetzan.

1.4. Araubide Bereziko Irakaskuntzak (Helduak, Hizkuntzak, Musika eta Dantza).

Ikasgelak eta eskola presentzialak antolatuko dira, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat deskribatu den modu berean.

1.5. Lanbide Heziketa.

Oro har, 1. egoerarako ezarritako antolaketa-irizpide berak erabiliko dira.

Lehentasunez saio presentziala eskatzen duten ikasgaien antolaketan, egoera horretarako ezarritako ratioak eta urruntze- nahiz higiene-neurriak beteko dira.

Ziklo bakoitzeko heziketa moduluen programazio didaktikoak prestatuta egonen dira modu presentzialean nahiz erdipresentzialean irakasteko. Horregatik, edukiak sailkapen honen arabera katalogatuko dira.

Online prestakuntzarako berariaz prestatutako materialak irakasle guztien esku egonen dira, zuzendaritza taldeak ontzat eman ondoren, edozein dela ere irakasten duten heziketa modalitatea.

Tailerren, laborategien eta ekipamenduen antolaketari dagokionez, lanbide-arloak edo heziketa zikloak desberdinak direnez, berariaz zehaztuko da baliabide horien erabilera nolakoa izanen den.

Ikasgelako ikasleen ratioa eta ikasleen arteko urruntzea egoera horretarako ezartzen denaren arabera egokituko dira. Ikastalde desberdinek erabiltzen dituzten espazioen irazgaiztasuna ahalik eta gehien indartzeko, 1. egoerarako planifikatutako sektorekako banaketa berrikusiko da.

Horretarako, zehaztu eginen dira zeharkako ikasgaiak (LPO, Enpresa eta Ekimena, hizkuntzak...) eta gainerako lanbide-moduluetako eduki teorikoenak, horiek lehentasunez emanen baitira teleprestakuntza modalitatearen bidez. Era berean, irakasleen eta ikasleen ordutegiak aldatzen ahalko dira, asistentzia presentziala bermatzeko, gutxienez, ikasle guztien eskola-ordutegiaren %50ekoa. Presentzialtasunaren antolaketa irakasle taldearen irizpideen arabera eginen da, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia beharko du.

Oinarrizko Lanbide Heziketako taldeetan, kontuan hartuta talde mota horretarako ezarritako ikasle/ikasgela ratioa, ikasle guztiak egunero ikastetxera joanen dira.

Aldez aurretik eskabide informatua eginez, eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena lortu ondoren, Lantokiko Prestakuntzako aldien antolaketa aldatzen ahalko da, eta orobat ikastetxean eta enpresan txandaka eman beharreko aldiak egokitzen ere, ikasle guztien gutxieneko presentzialtasuna betetzea errazteko.

Bai LPan bai heziketa dualean, lehentasuna emanen zaio ikasleak enpresetan aritzeari. Halere, enpresetan aritzea eragozten duten ustekabeko egoerak gertatuz gero, heziketa dualeko ikasleak besterik gabe pasatuko dira irakaskuntza eredu arruntera. LPko ikasleen kasuan, egoera bideratzeko, hala egitea ahalbidetuko duen arau-babesa bilatuko da.

Departamentuko buruek eta zikloko koordinatzaileek zuzendaritza taldearekin elkarlanean ariko dira, haren ardura izanen baitira ikastetxeko Kontingentzia Planaren diseinua eta ondorengo ezarpena, Hezkuntza Departamentuak emandako jarraibide nagusiekin bat, eta heziketa ziklo bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuz.

2.–Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Egoera horretan, ikastetxeek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduera guztiak bertan behera gelditzen dira. Beste talde edo administrazio batzuek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduerak osasun agintariek une bakoitzean zehazten dutenaren arabera arautuko dira.

Jarduera osagarrien kasuan, osasun egoerak uzten badu egiten ahalko dira. Hala ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, talde egonkor desberdinetako ikasleen artean interakziorik sortzen ez dutenak lehenetsiko dira.

3.–Zerbitzu osagarriak. Eskola-garraioa eta jantokia.

3.1. Garraioa: indarrean den legediaren arabera garraiorako eskubidea duten ikasle guztien garraioa bermatuko da.

Dagoeneko aipatu den bezala, garraioa partekatzen duten etapa bereko edo desberdineko ikastetxeen arteko koordinazioa beharko da, ikastetxe horiek elkarrekin antolatzen jarraitu ahal izateko.

Autobusen/taxien edukiera ez da murriztuko, baina maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da hiru urtetik gorako ikasleentzat. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen garraiorako, irizpidea izanen da ondoz ondoko eserlekuetan ikasle txiki bat eta handiago bat izatea, handiena txikienaren zaintzailea izan dadin. Gainera, bilaketa errazteko, ikasleak leku berean eseriko dira beti. Osasun agintariek erabakitzen dutenaren arabera maskararik erabili beharrik ez duten ikasleen arteko gutxieneko distantzia 2 m-koa izanen da.

3.2. Jantokia.

Urritik ekainera bitartean, jantokiko zerbitzua eskainiko zaie eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleei asteko egun guztietan, astelehenetik ostiralera.

Eskolako jantokiaren antolaketan, ikasleek higiene- eta urruntze-neurriak betetzen dituztela bermatuko da. Espazioa banatuko da ikastetxean antolatu diren sektore eta talde egonkorren arabera, ahal den neurrian saihesteko ikasleen arteko kontaktu fisikoa. Beharrezkoa izanez gero, txandak antolatuko dira, eta Haur Hezkuntzako eskolak saio bat lehenago ere amaitzen ahalko dira, zerbitzua ahalik eta hobekien antolatzearren; oro har, zerbitzuak 15:45ean amaitu beharko du. Saio hori berreskuratu egin beharko da ikasleek jantokiko eta atsedeneko denbora hartu ondoren, eta, ahal dela, heziketa emozionaleko jarduerak eginen dira horretan. Arestian esandakoaren edozein salbuespen egiteko, Ikuskapen Zerbitzuaren baimena beharko da.

Egoera horretan, batez ere honako hauek izan behar ditugu kontuan:

a) Ikasgelak ere erabiltzen ahalko dira bazkaltzeko, bizikidetza-talde egonkorrak mantendu daitezen. Janari beroa banatzeko, orga beroetan eramanen dira erretiluak. Hala egiterik ez badago, jaki beroak, ahal den neurrian, kontsumitu baino lehentxeago eramanen dira ikasgelara, tenperatura egokian egon daitezen. Ikasgelak behar bezain garbi daudela bermatu beharko da, elikadura-segurtasun neurriak betez bazkaldu ahal izateko bertan.

b) Jantokiko eremua eta ordutegiak antolatuko dira, bizikidetza-talde egonkor bakoitzak bere txanda eta jateko lekua izan ditzan. Balizatzeko eta/edo bereizteko materiala jarriko da, espazioa banatzen lagunduko duena, segurtasun-tartea errespetatzeko.

c) Bizikidetza-talde egonkor berekoak ez diren ikasleen artean 1,5 metroko distantzia gorde beharko da, gutxienez, eta mahaiak eta aulkiak neurri hori betez antolatuko dira.

Jantokia segurtasun- eta higiene-irizpide horien arabera antolatuz gero, ikasle guztientzako espaziorik ez balego, 1. egoeran zehazturiko hurrenkera erabili beharko litzateke bazkaltiarrak sailkatzeko.

Egoera hori ez da aldatuko harik eta osasun agintaritzari iruditu arte beste egoera batera igaro beharra dagoela, hau da, egoera murriztaileago batera, osasun arriskua areagotu delako, edo aurreko egoerara, arriskua murriztu delako.

Ikastetxeak 2. egoerara igaro ondoren, ikasturtean zehar osasun egoerak 1. egoerara igarotzeko aukera ematen badu, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahalko die ikastetxeei 2. egoeran zehaztutako ordu-antolamendua ikasturte amaiera arte mantentzeko.

B.3.–3. egoera: ikastetxeen itxieraren alternatiba, sektoreen erabateko blokeoa.

1.–Taldeak eta ordutegiak antolatzea.

Oso litekeena da, kutsatzeko arriskua areagotu izanaren ondorioz, osasun agintariek hezkuntzako etapa desberdinetako ratioak egokitzea, eta bizikidetza-talde egonkorren aldaerarik murriztaileena, hau da, irakasle bakarreko taldearen eredua (gehienez bi, tutoretza partekatuen kasuan), hedatzea Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan. Halaber, eskola-garraioan edukiera murriztuko dela aurreikus daiteke.

Jarduteko testuinguru berri horrek ekarriko du talde berriak eratzea ikastetxe publikoetan, eta beraz, espazio berriak okupatu behar izatea, ikastetxeak egokitu behar izatea eta, horretarako, aldi batez ikastetxeak itxi behar izatea. Hezkuntza Departamentuan aurreikusten denez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan erabil daitezkeen espazioen kopurua aski ez denean eta ezarritako ratioekin ikasle guztiei arreta emateko beste alternatiba egingarririk ez dagoenean, Lehen Hezkuntzako goi mailak lekualdatuko dira erreferentziako institutura edo harrera-gaitasuna duten beste ikastetxe batzuetara.

3. egoerara pasatzen laguntzeko asmoz, ikastetxeek Kontingentzia Planean aurreikusi beharko dute Haur eta Lehen Hezkuntzan zenbat talde gehiago egon beharko diren, ratioak honako hauek izanez gero: gelako 20 ikasle eta gelako 15 ikasle. Horrekin batera, aireztapena eta berokuntza duten gune erabilgarri guztien azterketa egin beharko dute. Zuzendaritza taldeek Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuari emanen diote aurreikuspen hori, eta zerbitzuak, egoera aztertu eta egiaztatu ondoren, ikastetxeko ikuskatzaileari jakinaraziko dio, ukitutako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin batera aurreikus dezan espazioak nola banatu eta txandak ezarri behar ote diren goi mailako etapetako ikasleei arreta emateko. Bestetik, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzua arduratuko da ikastetxeen arteko ibilbideak antolatzeaz.

1.1. Haur eta Lehen Hezkuntza.

Ordutegia 2. egoerako bera izanen da. Hala ere, garraio-lineetan institutuekin bat etortzeko arazoak sor daitezkeen ikastetxeetan ordutegia egokitu beharko da, gainjartzeak saihesteko.

Sortzen diren talde berriak eskola-orduak galdu dituzten irakasle espezialistek hartuko dituzte, eta beharrezkoa bada, laguntzako irakasleak jarriko dira ikastetxeen eskura.

1.2. DBHko eta Batxilergoko ikasleak.

DBHko eta Batxilergoko ikasketak goizeko txandan egiten dituzten ikasleen ordutegia 2. egoerako bera izanen da. Hala ere, garraio-lineetan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin bat etortzeko arazoak sor daitezkeen ikastetxeetan ordutegia egokitu beharko da, gainjartzeak saihesteko.

Goizeko ordutegian toki nahikorik ez duten ikastetxeen kasuan, eskolak ezartzen ahalko dira arratsaldeetan, eta lehentasuna emanen zaie garraiatutako ikasleei goizeko ordutegian aritzeko, 1. egoeran jasotzen den bezala.

1.2.1. DBHko 1.mailatik 4. mailara bitarteko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleak.

Antolaketan txandakatuko dira irakaskuntza presentziala eta online bidezkoa. Osasun agintariek ematen dituzten jarraibideen arabera, irakaskuntza presentzialaren pisua eta txandak antolatu beharra aldatu eginen dira.

Ekipo informatikoak eskura izatea bermatuko zaie horiek behar dituzten ikasle guztiei.

Ekipamenduaren hornidura gauzatzeko, ikastetxeetara EDUCAren bitartez eta https://ikasnova.digital/eu/ (arreta ez-presentzialeko plana) orrian jakinarazten diren argibideei jarraituko zaie.

Horretarako, eta ikasleen arrakala digitalaren egoera identifikatzeko asmoz, EDUCAn erregistratu beharko da ekipamendu propiorik ez duten ikasleen egoera, ikasturtearen hasieran, etxean konektatzeko eta gailu propio bat erabiltzeko dituzten aukerei dagokienez.

Beharrak detektatzeko 2019-2020 ikasturtean egindako saioan jasotako datuekin aurrekarga bat eginen da. Ikasle bakoitzarentzat kargatutako informazioa balioetsi beharko dute ikastetxeek ikasturtearen hasieran, zuzendaritza taldearen edo tutoreen bidez.

1.2.2. IEHP, CEP eta GMP programetako taldeak.

Talde mota horietarako ezarritako ratioa kontuan hartuta, ikasleak egunero joanen dira eskolara, 2. egoeran bezala, ordutegi-baldintza berrien arabera egokituta.

1.3. Hezkuntza Berezia.

Hezkuntza bereziko ikastetxeetako edo egituretako ikasleentzat, etapa guztietan, eskola-jarduera presentziala bermatuko da, etapa bakoitzarentzat definitutako ordutegian, eta plan espezifikoak eginen dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuarekin lankidetzan.

1.4. Araubide Bereziko Irakaskuntzak (Helduak, Hizkuntzak, Musika eta Dantza).

Ikastetxeak antolatzen ahalko dira ikasleek modu presentzialean jaso dezaten, gutxienez, astean dagozkien saioen %50, ikasturtearen hasieran eman zaien ordutegia eta taldea errespetatuz.

1.5. Lanbide Heziketa.

Bigarren hezkuntzan eta batxilergoan bezala, heziketa presentzialaren eta online bidezkoaren arteko txandaketa egokitu beharko da.

2.–Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

Egoera horretan, ikastetxeek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduera guztiak eta jarduera osagarriak bertan behera gelditzen dira. Beste kolektibo batzuek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduerak osasun agintariek une bakoitzean zehazten dutenaren arabera arautuko dira.

3.–Zerbitzu osagarriak. Eskola-garraioa eta jantokia.

3.1. Garraioa: irakaskuntza presentzialeko egunetan, indarrean den legediaren arabera garraiorako eskubidea duten ikasle guztien garraioa bermatuko da.

Maskararen erabilera nahitaezkoa izanen da hiru urtetik gorako ikasleentzat. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen garraiorako, irizpidea izanen da ondoz ondoko eserlekuetan ikasle txiki bat eta handiago bat izatea, handiena txikienaren zaintzailea izan dadin. Gainera, bilaketa errazteko, ikasleak leku berean eseriko dira beti. Osasun agintariek erabakitzen dutenaren arabera maskararik erabili beharrik ez duten ikasleen arteko gutxieneko distantzia 2 m-koa izanen da.

Zerbitzu horren berrantolaketa erabakiko da osasun agintariek finkatzen dituzten edukiera-irizpideen arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzako taldeen berrantolaketaren arabera eta eskura dauden ibilgailuen arabera (taxiak, autobusak, etab.). Horrek guztiak aurrekontuaren hazkunde nabarmena ekarriko dio zerbitzu honi.

3.2. Jantokia.

Egoera epidemiologikoaren arabera osasun agintaritzak ezartzen dutenaren menpe betiere, jantoki zerbitzua 2. egoeran bezala eskainiko da, behar diren egokitzapenak eginda.

B.4.–4. egoera: ikastetxeak erabat ixtea.

Agintariek ikastetxeak ixtea agintzen badute, bertan behera geratuko da irakaskuntza presentziala.

Egoera epidemiologikoak aukera emanez gero, mantenduko da ikas-laguntza behar bereziak dituzten adingabeentzat edo egoera sozial ahulean dauden familietakoentzat.

2019-2020 ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egindako datu-bilketa eta azterketa egin ondoren, Lehen Hezkuntzako 4. ikasturtetik goitiko ikasle guztiei behar dituzten ekipoak eta konektibitatea bermatzeko moduan dago Hezkuntza Departamentua, adin horretako ikasleen autonomia-mailak aukera ematen baitu irakaskuntza mota horren etekinik handiena bermatzeko.

Lehen Hezkuntzako gainerako ikasmailetarako eta Haur Eskolako etapa guztirako, Hezkuntza Departamentua lankidetzan ariko da ikastetxeekin, material horiek familien esku jartzeko neurriak artikulatzeko.

Lehen Hezkuntzako lehenbiziko hiru mailetan arreta berezia jarriko da irakurtzeko eta idazteko gaitasunean eta irakurketaren ulermenean.

Ikasturtearen hasieran, arreta ez-presentzialera itzuli beharreko uneak izan daitezkeela aurreikusiz, zuzendaritza taldeek Arreta Digital Ez-presentzialeko Plan bat artikulatu beharko dute, agertoki horretan komunikaziorik onena lortzeko ikastetxeen, ikasleen eta familien artean. Arreta Ez-presentzialeko Plan horren oinarrizko irizpideak EDUCAn erregistratuta egon behar dute maila diferenteetan.

Gainera, programatuta dago urruneko prestakuntza bat, irailean hastekoa, interesa duten ikastetxeentzat, erreferentzia izan dadin ikastetxearen Arreta Ez-presentzialeko Planaren proposamena artikulatzeko. Hori aurrera eramateko ADDIE ereduan eta haren bost faseetan oinarrituko gara: analisia, diseinua, garapena, inplementazioa eta ebaluazioa (ADGIE).

Prestakuntza hori, eta irakaskuntza-ikaskuntzarako hezkuntza-baliabideen banku bat, eskuragarri egonen dira orri honetan: https://ikasnova.digital/eu/ (arreta ez-presentzialeko plana).

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua, batez ere NHBBZ zentroaren bitartez, ikastetxeekin elkarlanean ariko da, premia bereziak dituzten ikasleei eta gizarte-bazterketaren arriskuan direnei zuzendutako arreta- eta jarraipen-mekanismoak garatzeko.

Helduen hezkuntzaren edo hizkuntzen irakaskuntzaren kasuetan, prestakuntza-jarduerek bide telematikotik jarraituko dute aurrera.

Lanbide Heziketaren esparruan, Departamentuaren konpromisoa da ikaskuntza ingurune birtualetako bitarteko teknikoak eta teknologikoak ezartzea, horien bitartez errazteko irakaskuntza-ikaskuntza prozesua, ikasleen parte-hartzea eta haien jarraipena, ebaluazioa eta irakasleen lana.

Irakasleek beren lanaldia egoera horren arabera egokituko dute, lehentasuna emanez ikasleentzako arretari, beste edozein jardueraren gainetik (guardiak, tailer/laborategiak mantentzea, Lantokiko Prestakuntza orduak, eskola-ordutzat hartutako orduak...).

Irakaskuntza presentzialaren erabateko etetea Lantokiko Prestakuntzara ere hedatuko litzateke. Egoera horren salbuespena izanen lirateke, halakorik balitz, modalitate dualeko heziketa-ziklo bat ikasten ari diren ikasleak, lantokiko prestakuntzaren txanda egiten ari badira prestakuntzarako kontratu baten bidez; kasu horretan, enpresako prestakuntza lotuta egonen litzateke enpresaren beraren jarduerarekin eta funtzionamendu-araubidearekin. Halaber, salbuespena izan litezke enpresako jarduera bide telematikoetatik gauzatzen ahal dituzten ikasleak, bi aldeak ados badira.

Egoera epidemiologikoak aukera emanez gero, jantoki zerbitzua bermatuko da 6.7 fitxan xedatutakoarekin bat (jantokiak).

2.–IKASMAILEN ETA ARLOEN PROGRAMAZIO DIDAKTIKOA

Programazio didaktikoak eta ebaluatzeko sistemak egokitu beharko dira, Planetik ematen diren argibideak aintzat hartuta, gerta litezkeen agertoki desberdinen arabera. Horregatik jotzen da beharrezkotzat curriculumaren ikuspegi holistikoago bat, ikasleen gaitasunak garatzeko aukera emanen duena, gaitasunen araberako ikaskuntzaren irizpidetik.

3.–ZUZKIDURA TEKNOLOGIKOA

Zuzkidura teknologikoari probetxurik onena ateratzeko, ikasturtearen hasierako egunetan, irakasleek beraiek emanen dizkiete ikasleei, ikastetxearen plangintzaren arabera, baliabide teknologikoak era egokian erabiltzen ikasteko behar diren klaseak, beharrezkoa izan baitaiteke gerta daitezkeen agertoki desberdinei aurre egiteko.

Jarduera horien haritik bideratu behar da ikasleen eta irakasleen gaitasun digitala lortzeko prozesuaren bultzada berri bat, horrek emanen duelako aukera arrakastaz heltzeko online bidezko irakaskuntzari, eta ziurtatzeko ikasleek ekipoak eta konexioa eskura dituztela.

4.–GAITASUN DIGITALA INDARTZEKO PLANA

Gaitasun digitala indartzeko eta osasunaren prebentziorako plana irailaren 18a baino lehen prestatu beharko da nahitaez. Plan hori aipatzen da Hezkuntzako zuzendari nagusiak ekainaren 23an emandako 216/2020 Ebazpenaren eranskineko antolaketari dagozkion gaiak izeneko II. atalaren 12. puntuan (ebazpen horren bidez onetsi dira Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautzeko jarraibideak).

Lanbide Heziketaren kasuan, hain zuzen ere, gaitasun digitala eta osasunaren prebentzioa indartzea jasoko da Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen batean, haren bidez onartuko baitira Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketa, Arte Plastikoak eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautzeko jarraibideak, eta, nahitaez, irailaren 18aren aurretik egin beharko da.

5.–URRUNEKO ESKOLA-JARDUERARAKO TUTORETZA PLANA ETA IKASLEEN HARRERA-PROZESUA

Ikastetxeko zuzendaritzak hainbat bilera antolatuko ditu, gerta litezkeen eta irakasleen jarduera eraldatuko luketen agertoki desberdinei aurre egiteko ezarri beharko liratekeen jarduketei buruzko informazioa emateko, eta horietan era berezian aintzat hartuko dira familiei eta ikasleei transmititu beharreko informazioari dagozkion gaiak. Bilera horiek, ahal izanez gero, irailaren 18a baino lehen eginen dira.

Ikasleen harrera-planari dagokionez, ez da ahaztu behar, ikastetxetik kanpo denbora luzea igaro ondoren, eta guztion bizitza bat-batean goitik behera aldatu ondoren, ezinbestekoa dela gure ikasleei entzutea eta haien eskakizunei erantzutea, ikastetxetik kanpo igaro duten denboran izan dituzten bizipenek baldintzatuta etorriko baitira. Estigmatizazioa saihestu behar da, eta oso tentu handiz tratatu behar dira pandemiaren ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonak, familiako edo inguruko norbait galdu dutelako, edo etxeko egoera ekonomikoa okertu delako, edo familiaren barnean konfinamenduak larriagotutako indarkeriazko egoerak jasan izan dituztelako. Ezin dira ahaztu eskolan jazarpenaren biktima diren ikasleak ere, eskolako bizitza normalizatura itzuli beharrak arbuioa eragin dezakeelako haiengan.

Gainera, gure gazteei erakutsi behar diegu metodo zientifikoan oinarritzen diren mezuak bereizten, “guru” eta antzekoek, mirarizko sendabideak edo munduaren bukaera iragarriz, zabaltzen dituzten mezuetatik.

Oso garrantzitsua da, halaber, premia bereziak dituzten ikasleen harrera antolatzea, haientzat egokitzeko aldia zailagoa izaten baita.

Hezkuntza Departamentuan lanean ari gara material egokia lantzen, eta irakasle taldeen esku jarriko da, planteatzen ari diren erronka hauei erantzuna emateko.

6.–ANTOLAKETA ETA SEGURTASUN NEURRIAK

Sarrera-irteerak eta joan-etorriak antolatzeari dagozkion neurriak, eta segurtasun- nahiz higiene-neurri orokorrak, ondoko fitxa hauetan zehazten dira.

6.0. Maskaren erabilera.

6.1. Ikasleen sarrera-irteerak.

6.2. Ikasgelen kudeaketa.

6.3. Barneko joan-etorrien kudeaketa.

6.4. Jolastokiaren eta jolasaldiaren kudeaketa.

6.5. Komunen erabileraren kudeaketa.

6.6. Garbiketa eta desinfekzioa.

6.7. Jantokiak.

6.8. Garraioa.

6.9. Ikastetxeko pertsonen kudeaketa.

6.10. Ikastetxekoak ez diren pertsonen kudeaketa.

6.11. COVID-19aren aurrean kalteberak diren pertsonei zuzendutako neurriak.

6.12. Nola jokatu COVID-19 kasu baten aurrean.

6.13. COVID-19rako erreferentziakoak izanen diren pertsonek zertan lagunduko dieten irakasleei.

6.14. Jarduera fisikoa eta eskulanak.

6.15. Irakaskuntza espezifikoak.

6.0.–Maskaren erabilera

Pandemia-egoeran maskara erabiltzea neurri osagarri bat da, eta ez da ezartzen diren gainerako prebentzio-neurrien ordezkoa; neurri nagusiak beti errespetatu beharko dira, hala nola urruntze soziala, eskuen higiene zorrotza, aurpegia, ahoa, sudurra eta begiak ez ukitzea, eta eztul eta doministiku egitean aho-sudurrak estaltzea.

Maskararen erabilera ez da gomendagarria desgaitasuna edo menpekotasuna duten pertsonentzat, egoera horrek eragozten badie maskara kentzeko autonomoak izatea, edo beren portaeraren alterazioengatik, maskara era egokian erabiltzea ezinezkoa duten pertsonentzat.

Maskaren erabilera

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduaren bidez araututa dago.

–Arau orokorrak:

  • Ikasleak:
  • Haur Hezkuntza: ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea ikasgelan.
  • Lehen Hezkuntza: bizikidetza-talde egonkorra izanda ere, nahitaezkoa da maskara erabiltzea.
  • Gainerakoak: maskara erabiltzea nahitaezkoa da.
  • Irakasleak:
  • Nahitaezkoa.

Eskola-garraioan nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea hiru urtetik gorakoentzat.

Ikastetxeak maskara kirurgikoak izanen ditu eskura, norbait sintomak erakusten hasten den kasurako, eta maskarak irakasleentzat, eta ikasleei eskaini ahal izateko, ahaztu badute edo behar badute.

–Maskara jartzeko eta kentzeko jarraibideak:

Maskara jartzeko eta kentzeko jarraibideak: maskara azal hutsaren gainean jartzea gomendatzen da (azala ukitzen duen tarteko ilerik gabe, eta, zenbaitentzat, bizarrik gabeko azalean), eta pausu hauek errespetatzea:

  • Eskuak garbitzeko ura eta xaboia erabiltzea edo igurztea soluzio hidroalkoholikoarekin, maskara manipulatu aurretik.

F2009985_0.pdf

  • Identifikatzea zein den maskararen goialdea.

–Maskara nola jarri:

1. Jarri maskara aurpegian eta sudur-pintza egokitu sudurrera.

F2009985_1.pdf

2. Maskarari kanpoaldetik heldu eta buruko uhala atzera pasatu, edo atzean lotu, belarrien bi aldeetan, elkar gurutzatu gabe.

F2009985_2.pdf

3. Eraman maskararen behealdea kokotsera. Egiaztatu maskarak kokotsa estaltzen duela.

F2009985_3.pdf

4. Sudur-pintza bi eskuekin estutu sudurrera, ongi egokitzeko.

F2009985_4.pdf

5. Egiaztatu maskara ongi jarri dela. Horretarako, beharrezkoa da egiaztatzea zigilatuta gelditu dela eta arnasa ongi hartzen dela.

6. Behin doitu ondoren, ez ukitu maskara eskuekin. Erabiltzaileak maskara ukitu behar badu, aurretik eskuak garbitu behar ditu urarekin eta xaboiarekin, edo soluzio hidroalkoholikoarekin igurtzi.

–Maskara nola kendu:

7. Kokotsa gora eraman eta maskarari gometatik heldu.

8. Maskara erditik tolestu, kanpoaldea ukitu gabe.

9. Gomendatzen da maskara zip motako poltsa batean sartzea.

10. Berriz erabiltzeko, maskarari gometatik heldu, poltsa barnetik ukitu gabe.

Maskara erabiltzean eta/edo kentzean kutsapenik ez izateko, arau hauek bete behar dira:

F2009985_5.pdf

1. Eskuak garbitu urez eta xaboiez edo soluzio hidroalkoholikoarekin, maskara jarri aurretik eta ondoren.

2. Behin jarri ondoren, ez ukitu maskara eskuekin.

3. Maskara kendu maskararen aurrealdea ukitu gabe.

4. Botatzekoa den maskara hondakinetarako ontzian jarri.

5. Eskuak garbitu urez eta xaboiez edo soluzio hidroalkoholikoarekin.

6.1.–Ikasleen sarrera-irteeren kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

1.–Ahal bezainbeste sarbide prestatzea, guztiak irakasleen kontrolpean.

2.–Harrera egiteko eta bidean laguntzeko ardura duten pertsonek beti maskara jarrita eramanen dute. Gel hidroalkoholikoa eta maskarak izanen dira, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskura.

3.–Eremu/sektore/talde egonkor bakoitzaren sarrera eta irteera bideak seinaleztatuko dira eraikinetan. Esate baterako, solairuetara joateko eskailera bat baino gehiago izanez gero, solairu bakoitzeko sektoreei adieraziko zaie zein eskailera erabili behar duten eraikinean sartu eta bertatik ateratzeko. Ikasleek eta langileek jakin behar dute ikasgela edo bulego bakoitzera iristeko zein bide erabili behar duten.

4.–Pertsona arteko tartea gordetzen dela bermatuko da sartzeko ilaretan, bitarteko guztiak erabiliz, batez ere, lurrean markak jarrita eta informazio-paneletan adierazita sektore bakoitzean sartzeko ateak, ikastetxeko arduradunek ezarritakoaren arabera.

5.–Kanpoko eta barneko ateak irekita izanen dira, ikasleak sartzen ari diren bitartean. Ikasgeletako ateak egunean zehar irekita izaten saiatzea, eta hori ezinezkoa balitz, irakasleak izanen luke ireki eta ixteko ardura, eta eskuak desinfektatu beharko lituzke ondoren.

6.–Sarrera eta irteera mailakatuak izanen direla bermatzea, sarbide desberdinak ezarri ezin badira.

7.–Familiei jakinarazi behar zaizkie iristeko ordutegiak eta sarrera-irteera guneak zein diren, ateetan pilaketak izatea saihestearren.

8.–Sarbidea galarazi behar zaie, edo ahal den gehien murriztu, ikastetxekoak ez diren pertsonei.

9.–2. eta 3. egoeretan, ahal dela, familiekiko bilerak telefonoz edo modu telematikoan eginen dira, salbu eta ikasturte hasierako bilera, zeina irailaren 18a baino lehen eginen baita, osasun egoerak horretarako aukera ematen badu, eta modu presentzialean, ikasle bakoitzeko gehienez ere lege ordezkari bakar bat bertaratuz.

10.–Antolatu behar da ikasleek eskuak garbitzea, ikasgeletara sartu aurretik, ura eta xaboia erabiliz, ahal bada. Gel hidroalkoholikoa ere eskura izanen da.

11.–Bizikidetza-talde egonkorren kasuan, ezinbestekoa da gainerako ikasleekiko interakzioa galaraztea.

6.2.–Ikasgelen kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

1.–Ikasgelako postuak banatuko dira pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzeko moduan. Lehentasunez hormen ondoan ezarriko dira postuak. Altzarien banaketak ez du aukerarik eman behar ikasleak aurrez aurre jartzeko.

2.–Gutxieneko 1,5 metroko tartea gordeko da lehenengo lerroaren eta irakaslearen lan-eremuaren artean (arbela, pantaila, arbel elektronikoa, etab.). Mahaiak ikasgelako atetik urruntzen saiatuko da.

3.–Bizikidetza-talde egonkorretan izan ezik, ikasle bakoitzak ikaspostu finko bat izanen du esleitua, bai ikasgela arruntean, bai banaketa geletan eta berariazko geletan.

Talde bakoitzeko tutoreak gainerako irakasleekin koordinatuko du ikasleen banaketa, bai erreferentziako gelan, bai gainerako geletan (banaketa gela eta berariazkoak). Kontaktu estuen bilaketa errazte aldera, ikasgeletan ikasleak identifikatzen dituzten banaketa-mapak emanen dizkiete tutoreek ukitutako irakasleei, zuzendaritza taldeari eta familiei.

4.–Erabiliko ez diren altzariak kendu edo, bestela, seinalatuko dira.

5.–Ikasgelako mugimendua mugatuko da, irakasleak ikasleengana hurbiltzea ere barnean dela.

6.–Seinalez markatuko da ikasgela barneko zirkulazioaren norabidea, ikasleak aurrez aurre topatzea saihesteko.

7.–Berariazko ikasgelak ahal den gutxien erabiliko dira, eraikinaren barneko mugimenduak ahal den gehien mugatzeko. Aukerako irakasgaiei dagokienez, banaketa gela bat erabili ondoren, garbitu eta desinfektatu beharko da, berriz erabili aurretik. Berdin jokatuko da berariazko gelen erabileran.

8.–Ikasgela aldian-aldian aireztatuko da. Aireztatze hori nahitaez egin beharko da ikasleak iritsi baino 10-15 minutu lehenago, jolasaldian eta eskola eguna amaitzean. Halaber, klase bakoitza amaitu ondoren aireztatuko da.

9.–Bizikidetza-talde egonkorren kasuan, ikasgela barneko zirkulazio librea errespetatuko da. Segurtasun-tartea gordetzea ere ez da nahitaezkoa izanen talde horietako kideen artean.

10.–Haur Hezkuntzan:

Haurrek ez dute etxeko jostailurik edo bestelako gauzarik eraman behar ikastetxera.

6.3.–Barneko joan-etorrien kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

1.–Zirkulazioaren norabidea seinalatuko da pasabideetan eta eskaileretan. Eskailerak norabide bakarrean erabiliko dira, ahal bada. Beharrezkoa bada, norabide desberdinak erabiliko dira sartzeko, ateratzeko eta jolasaldiko ordutegietan eta gainerako eskola-ordutegietan.

2.–Seinale sistema ulerterraza erabiliko da.

3.–Arau orokorra izanen da kanpoko ateak irekita egotea, ateetako eskulekuak ukitu behar ez izateko. Jarraibide hori ez da beteko suteen aurkako arautegiaren kontrakoa bada.

4.–Ikasgela eta bulegoetako ateak irekita egonen dira, ahal bada. Ezinezkoa bada, ateak ireki eta ixten dituen pertsonak higiene-arauak beteko ditu.

5.–Ikasgelara sartzeko ate bat baino gehiago egonez gero, guztiak erabiliko dira, ikasleek beren ikasmahaitik hurbilen dutena erabil dezaten, sartu nahiz ateratzean.

6.–Oinarrizko segurtasun-tartea gordeko da beti pasabideetan, eskaileretan, komunetan eta eremu komunetan.

7.–Irakasleek eta ikasle guztiek maskara jantzita eraman beharko dute eraikineko toki batetik bestera mugitzen direnean, salbu eta Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan aurreikusitako kasuetan.

8.–Ahal bada, helduak izanen dira eraikinean barna joan-etorrian ibiliko direnak, eta ikasleak ahal den gutxien mugituko dira.

9.–Erabilera partekatuko material pedagogikoak erabili aurretik eta ondoren desinfektatu direla kontrolatuko da.

10.–Hezkuntza Bereziko ikasleen kasuan, ikastetxean joan-etorrian ibili behar dutenean, beste taldeen joan-etorriekin batera ez elkartzeko ordutegia eta antolaketa zehaztuko dira.

6.4.–Jolastokiaren eta jolasaldiaren kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

1.–Sektore, etapa, maila, ikasmaila nahiz ikasgela desberdinetako ikasleen arteko gurutzatzeak saihestuko dira:

a) Jolasaldia mailakatua izanen da.

b) Jolasaldiaren denbora egokitu edo murriztuko da, ikastetxearen behar espezifikoen arabera.

c) Sektore edo talde egonkor desberdinetako ikasleak elkartzea saihestuko da.

d) Ikasleen banaketa sektoreka antolatzeko seinaleak erabiliko dira.

e) Ikasgelatik ateratzean eta hara itzultzean segurtasun-tartea gordetzen dela bermatuko da.

f) Taldeen sarrera-irteeren zirkulazioa antolatzean bermatuko da segurtasun-tarteak gordetzen direla, eta saihestuko da bi norabideko joan-etorriak batera egitea pasabideetan eta eskaileretan.

g) Haur eta Lehen Hezkuntzan, hamaiketakoa ikasgelan janen dute umeek. Horretarako, klaseak eta jolasaldiak egokitu beharko dira.

2.–Langileek eta ikasle guztiek maskara jantzita eramanen dute jolastokira joan eta handik ateratzeko joan-etorrietan.

3.–Jolasaldietako zaintza indartuko da.

4.–Debekaturik daude kontaktu-jokoak eta baloia nahiz bestelako gauzak elkarri ematekoak, eta orobat ariketa fisiko handia eskatzen dutenak.

5.–Bankuak, altzariak, jokoak eta abar markatzeko sistema bat aurreikusiko da, osasun agintariek agintzen badute horiek erabileratik kanpo uzteko.

6.–Salmenta-makinen erabilera saihestuko da, aldiro garbitu eta desinfektatzen direla bermatu ezin bada.

7.–Haur eta Lehen Hezkuntzan, eguraldiak kanpoko jolastokia erabiltzeko aukerarik ematen ez badu eta ikastetxeak bestelako leku egokirik ez badu, ikasleak gelan geratuko dira, azken klasea eman dien irakaslearekin. Kasu horretan, ikasgela aireztatua mantentzen saiatu behar da jolasaldian.

8.–Bizikidetza-talde egonkorrak:

Bizikidetza-talde egonkorrek jolastokia erabiltzen dutenean, halako taldeak bakarrik egonen dira, eta talde horien artean behar adinako tartea gordetzen dela bermatuko da, talde desberdinen arteko kontaktua saihesteko.

Bizikidetza-talde egonkorren arteko urruntzea eta ikastetxeko gainerako ikasleekiko pertsona arteko tartea errespetatzeko, atsedenaldiak mailaka eginen dira eskola-egunean zehar.

6.5.–Komunen erabileraren kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

Komunen barruan dauden pertsonen kopurua mugatuko da, segurtasun-tartea bermatzeko.

Ikasleen komunerako joan-etorriak kudeatuko dira (ikasgelatik atera eta ikasgelara itzuli).

Konketak eta pixatokiak, bitik bat itxiko dira, tarteka, erabiltzaileak hurbil egon ez daitezen. Manpara bidez bereizitako kabinak (horma lurzoruan edo sabaian itxi gabe) ere bitik bat itxiko dira.

Komunen okupazioa (libre/okupatuta) kartelen bidez adieraziko da, barrualdean edo sarbideetan segurtasun-tartea betetzen dela ziurtatzeko.

Komunak maiz aireztatuko dira.

Ikasleei azalduko zaie eskuak garbitzea nahitaezkoa dela komunak erabili aurretik eta ondoren.

Xaboi likidoaren eta eskuak lehortzeko paperaren hornidura egokia ziurtatuko da. Azaldu behar da hobe dela eskuak paperez lehortzea lehorgailua erabiltzea baino. Ez da eskuoihalik erabiliko erabat ezinbestekoa ez bada, eta kasu horretan, erabiltzaile bakarra izanen dute.

Egunean hiru aldiz garbituko dira komunak, eta maiz desinfektatuko dira espazio eta azalera horiek; paperontziak tapakia pedalaz irekitzekoak izatea gomendatzen da, ukipena saihesteko.

Komunen erabilera mugatua izanen da ikastetxetik kanpoko pertsonentzat eta, behar izanez gero, ikastetxeko langile eta ikasleek erabiltzen ez dituzten komunak eskainiko zaizkie, ahal bada.

6.6.–Garbiketa eta desinfekzioa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

–Ohiko garbiketa:

Garbiketak germen, zikinkeria eta zaborrak kentzen ditu, eta desinfekzioak, berriz, germenak hiltzen ditu azalera eta gauza horietan. Horregatik, oso garrantzitsua da ongi garbitzea desinfektatu baino lehen.

Garbiketa-lanetan, arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuak eta gehien ukitzen diren gainazalak eta gauzak garbitzean, hala nola ateetako eskulekuak, mahaiak, aulkiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, jostailuak, elementu informatikoak eta antzeko ezaugarriak dituzten elementuak.

Ikastetxea udan itxita egon bada, edo ireki aurreko 15 egunetan ez bada erabili, garbiketa egin beharko da, ohiko protokoloaren arabera.

Bestela, materialak prestatzeko, familiei arreta emateko, gizarte zerbitzuetarako eta abarretarako erabili diren lokalak garbitu beharko dira, aurrerago zehazten den garbiketa sakonagoko protokoloaren arabera.

–Garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak erabiltzeko irizpideak:

Garbitzeko eta desinfektatzeko sodio hipoklorito soluzioak erabiliko dira %0,1eko kontzentrazioan, edo lixiba 1:50, etanol %62-71ra edo hidrogeno peroxidoa %0,5era. Eragin biruzida duten bestelako produktu biozidak ere erabiltzen ahal dira, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak baditu. Betiere, etiketan ageri diren argibideei jarraikiz erabiliko dira.

  • Osasun Ministerioak baimendutako biruzidden zerrenda:

https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/documentos/Listado_virucidas.pdf

Estandar hori bera betetzen duten paper-zapi desinfektatzaileak erabiltzen ahal dira.

Eskuz ukitzen diren puntuak desinfektatzea, ekoizlearen jarraibideei jarraikiz (kontzentrazioa, aplikatzeko metodoa, kontaktu-denbora, etab.).

Gogoratu ez direla nahasi behar garbitzeko produktuak, sor daitezkeen lurrunak kaltegarriak izan baitaitezke arnas-mukosentzat, begientzat eta azalarentzat.

Sistematikoki urez garbitu lixibaren soluzioa aplikatu ondoren.

Azaleren garbiketa eta desinfekzioa bi produktu desberdinekin egiten bada (detergentea eta desinfektatzailea) ondorengo pausu hauek eman behar dira:

a) Garbitu detergentez bustitako zapi batekin.

b) Urez bustitako beste zapi batekin garbitu.

c) Azalera lehortu.

d) Desinfektatzailez bustitako beste zapi batekin desinfektatu.

Ezin dira zapi berak erabili azalera desberdinak garbitzeko.

Berrerabilgarriak diren zapiak, mopak eta abar 60º C-ra garbitu beharko dira erabili ondoren.

Botatzekoak diren zapiak zabor poltsa batean sartu, poltsa itxi eta errefusaren ontzian bota behar dira.

Zipriztingailuak eta espraiak erabiltzea saihestu behar da, produktu desinfektatzaileak arnasteak arnasbideetan narritadura eragin dezakeelako.

Ez da erabili behar xurgagailurik.

Ez da egin behar desinfektatzeko lanik ikastetxeko ikasleak edo langileak bertan daudelarik. Garbitasunaren eta espazioen erabileraren artean utzi beharreko denbora-tarteak errespetatu behar dira.

Garbitasun produktuak ez dira utzi behar ikasleen eskura.

–Maiztasuna:

Ikastetxeetan, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa gutxienez egunean behin eginen dira, eta gehiagotan eginen dira, behar izanez gero, erabilera handiko espazioetan. Arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuak eta gehien ukitzen diren gainazalak garbitzean, besteak beste, ateetako eskulekuak, mahaiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, telefonoak, esekigailuak, fotokopiagailuak, ordenagailuak eta antzeko ezaugarriak dituzten elementuak.

Ikasleek erabilitako material pedagogikoak garbitzeko, erabilera bakarreko paper-zapi desinfektatzaileak erabiltzen ahalko dira.

Eguneroko tratamenduaz gain, ikastalde batek baino gehiagok erabiltzen dituzten berariazko geletan, sakoneko garbiketa egin behar da, ikasleek erabiltzen dituzten mahai, aulki, ekipo eta materialetan. Horretarako, material egokia jarriko da erabiltzaileen eskura, garbiketa beraiek egin dezaten.

Halaber, lanpostuen garbiketa eta desinfekzioa eginen da txanda-aldaketa bakoitzean, arreta berezia jarriz altzarietan eta erabil daitezkeen gainerako materialetan, batez ere langile batek baino gehiagok erabiltzen dituzten gauzetan.

Garbiketa-neurriak aplikatuko dira, orobat, langileen gune pribatuetan, hala nola aldageletan, armairuetan, komunetan, sukaldeetan eta atsedenguneetan.

–Ikasle eta irakasleen lankidetza garbitzeko lanetan:

Ikasmahai bat erabili behar duen ikasleak aulkia eta mahaiaren gainazala (eta partekatuko den beste edozein altzari edo ekipo) garbituko du erabili aurretik. Horretarako, behar beste material egonen dira egunero gainazal guztiak garbitzeko. Material horiek guztiak ikasgelan gordeko dira, ikasleen eskura ez dagoen leku batean, helduak beharrezkoa jotzen duenean erabili ahal izateko. Ikasleek behar adina denbora izanen dute, beren postua hartu aurretik, ukituko dituzten gainazal guztiak garbitzeko. Egun bakoitzaren amaieran, garbitasunaz arduratzen diren langileek berrituko dituzte hurrengo egunerako beharrezkoak diren materialak.

Irakasleen ardura izanen da ikasgelan ukituko dituzten erabilera partekatuko materialen garbiketa (mahaia, aulkia, ordenagailua eta osagarriak, urruneko agintea, giltzak...), eta lan hori egin ez dezaketen ikasleei dagokien garbiketa ere bai (edo bestela, beste ikasleren bati emanen diote lan hori).

Aurrekoez gain, espazio bakoitzaren sarreran (ikasgelak, laborategiak, bulegoak, komunak, etab.), ikastetxeko ikasleek eta langileek ontzi bat gel hidroalkoholiko izanen dute eskura, hara sartzean eskuak garbitzeko.

Ikasleek saiatu behar dute elementu komunak (ate-leihoetako eskulekuak, eskudelak, etab.) ahalik eta gutxien ukitzen. Horretarako, ateak irakasleak ireki behar ditu, ikasgelara sartzeko eta ateratzeko. Ikasleek ez dute leihorik ez ireki, ez itxi behar ere.

–Kontrola:

Kontrolatu behar da instalazioen eguneroko garbiketa plana badagoela.

Zaindu behar da berariazko gelak (tailerrak, musika, laborategiak, teknologia, etab.) garbitzen direla erabili aurretik eta ondoren, talde bat baino gehiago igarotzen bada egunero, eta erabilera partekatuko materialak badaude.

Inplikatuta dauden langileei gogorarazi behar zaie garrantzitsua dela egoki erabiltzea garbitzeko eta desinfektatzeko produktuak.

6.7.–Jantokiak

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbiketa eta desinfekzioa ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

Jantokian txanda desberdinak ongi antolatu behar dira, sartu eta ateratzeko uneetan itxoiteko ilara luzeak eta ikasleak gurutzatzea saihesteko. Sartzeko eta ateratzeko ordutegiak zehaztuko dira, ibilbideak seinalez markatuko dira eta behar den lekuan hesiak jarriko dira. Garrantzitsua da, jantokiari dagokion guztian, 1,5 metroko tartea gordetzea. Material kolektiboaren erabilera (erretiluak, mahai-tresnak, pitxerrak, etab.) testuingurura egokitu behar da, ukipena ahalik eta gehien mugatzeko.

Urruntze soziala errespetatzeko jantokiko txanda bakoitzaren edukiera mugatuko da; horretarako hainbat eserleku kenduko dira, bazkaltiarren artean gutxieneko 1,5 metroko segurtasun-tarte gomendatua ziurtatzeko; gainera, mahai-lerroren bat ere kendu beharko da, pasabideetan tarte zabalagoak lortzeko.

Jantokiko zerbitzuaren antolaketa berri horretan, espazio erabilgarria murriztu eta ikasleen arteko interakzioa ahal den gehien murrizten denez, ez da hara sartzen utzi behar inongo objektu pertsonalik (motxilak, baloiak, zamarrak, etab.).

Era horretan prestatutako espazioan ezinezkoa balitz otorduen zerbitzua eskaintzea, zerbitzua ikasgelan antolatu daiteke, pertsona heldu baten zaintzapean.

Txanda bat baino gehiago dituzten jantokietan, aukera bat izan daiteke Haur Hezkuntzako ikasleekin egitea lehenengo txanda, gainerakoekin hasi baino lehen. Era horretan, beste txanda bat gehitu daiteke besteen aurretik.

Otorduaren aurretik eta ondoren eskuak garbitzea antolatu behar da. Ikasleen harrera mailakatua egitea gomendatzen da, komunetan eskuak urez eta xaboiez garbitzeko pilaketarik ez izateko.

Ikasleren bati jaten lagundu behar bazaio, langileak babes-maskara eraman beharko du, eta eskuen garbitasunerako zehaztutako arauak bete beharko ditu.

Enpresak zehaztuko du erabili beharreko produktua, birusari aurre egiteko eraginkorrak diren biruzida baimendu eta erregistratuetako bat izanen dena, Osasun Ministerioaren irizpideen arabera.

Jantokiko bi txanden artean garbiketa eta desinfekzioa eginen da. 15 minutu inguru beharko ditu, eta beharrezkoa izanen da kontaktu-elementu guztien higienizazioa.

Jantokia aireztatu behar da, txanden artean eta zerbitzua eman ondoren, ikasleak iritsi baino 10 minutu lehenago, gutxienez.

Janariaren eta uraren banaketa aurreikusi behar da, kontaktuak saihesteko.

Ikasleei etengabe gogorarazi behar zaie segurtasun-tartea eta hesi-keinuak errespetatu beharra, otorduaren aurretik, bitartean eta ondoren. Behin eta berriro errepikatu behar da ezin direla partekatu ez urik, ez janaririk, ez tresnarik, etab.

Ezin dira erabili mikrouhin kolektiboak, dieta berezietarako ez bada, eta betiere zerbitzuaren ardura duen pertsona bakar batek erabilita.

Ezinbestekoa bada erabilera komuneko txorrota edo iturriak baliatzea ura banatzeko, beharrezkoa izanen da gel hidroalkoholikoa izatea, horiek erabili aurretik eta ondoren desinfektatzeko.

Ikasleek zaintzaile bat izanen dute izendatua, eta horrek zainduko ditu, bai elikadurarako instalazioetan, bai atsedenaldian eta jolasaldian (aurretik eta/edo ondoren).

–Bizikidetza-talde egonkorrak:

Bizikidetza-talde egonkorrek beraiek bakarrik erabiliko dute jantokia, eta talde horien artean behar adinako tartea gordetzen dela bermatuko da, talde desberdinen arteko kontaktua saihesteko. Talde egonkorra osatzen ez dutenek ezin izanen dute jantokia erabili talde egonkorrekin batera.

Bizikidetza-talde egonkorren arteko urruntzea eta ikastetxeko gainerako ikasleekiko pertsona arteko tartea errespetatzeko, txanda bat baino gehiago egiteko aukeraz gain, bitarteko fisikoak ere erabiliko dira (manparak, seinaleak, balizak, etab.).

Miaketak errazteko, ikasleak leku berean eseriko dira beti jantokian.

–Hiru urteko ikasleak:

Siestarako, koltxonetak bi metroko tartea utziz jartzea gomendatzen da, eta ikasleen jarrera tartekatzea (burua eta oinak alde batera batek, eta bestera hurrengoak). Ume bakoitzak bere maindireak eta burukoa erabiliko ditu, eta astero berritu beharko ditu, edo maizago, zikinduz gero.

–Jantoki zerbitzua mantentzea ikasleen konfinamenduan eta bakartzean:

Egoera epidemiologikoak aukera emanez gero, osasun agintaritzaren oharretan oinarrituta, ikasleek etxean konfinatuta edo bakartuta gelditu behar dutela erabakitzen denean, jantoki zerbitzua bermatuko da, baina jantokia erabiltzen duten familiek jakinarazi beharko diote ikastetxeari, beren seme-alaben eskolako otordua hartzera joateko horretarako ezartzen den ordutegian, konfinamenduak edo bakartzeak iraun bitartean, ohiko baldintza ekonomikoekin.

4. egoeran (ikastetxeak ixten direnean) ikastetxean jantoki zerbitzua mantentzerik ez badago, egoera ekonomiko ahulean dauden familietako ikasleei, jantokiko laguntzetarako eskubidea aitortua baldin badute, elikadura txartelean sartuko zaie epe horretan zegokien jantokiko laguntzaren dirua.

6.8.–Garraioa

Oinarrizko irizpideak.

–Maskarak nahitaez erabiliko dira.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Ibilgailuen garbiketa eta desinfekzioa ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

3 urteko haurrentzat eta adin horretatik gorakoentzat nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea eskola-garraioan. Maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izanen hiru urtetik beheitiko ikasleentzat, edo maskara kentzeko autonomoak izatea eragozten duen ezgaitasuna edo menpekotasuna izateagatik maskararik erabili ezin dutenentzat, edo maskara era egokian erabiltzea ezinezko egiten duten portaera-aldaketak dituztenentzat. Ikasle horiek garraio ibilgailuetan banatuko dira, halako moduan non betetzen ahalko diren elkarrengandik urruntzeko neurriak.

Ikasleen banaketa ibilgailuaren barruan antolatu behar da, adinak tartekatuz interakzio fisikoak mugatzeko; horretarako, Haur Hezkuntzako ikasleak ikasle handiagoekin tartekatuta banatuko dira. Banaketa hori autobuseko begiraleek eginen dute, kontuan izanda ikasle bakoitzaren izaera biziagoa edo apalagoa.

Miaketa errazteko, ikasleak leku berean eseriko dira beti.

Autobus geltokian segurtasun-tarteak gordeko dira, eta ilaran ordena ere bai autobusera igotzeko aurreko atetik. Eta aurreikusitako banaketari jarraikiz eseriko dira autobusean, atzekoak lehenik eta ondoren aurrekoak. Jaistea, berriz, kontrako hurrenkeran eginen da, aurreko eserlekuetatik hasita, pilaketarik gabe, eta autobuseko pasabidera ateraz lasai, jaisteko txanda iristen zaienean.

Jarritako ordutegietan kontuan izan behar da denbora gehiago beharko dela geltoki bakoitzean autobusera igotzeko eta jaisteko, pilaketak saihestea baita helburua, eta denbora horiek doitu beharko dira ibilbide osoarekin; gainera, eskola-garraioa erabiltzen duten ikasleen sarrerak eta irteerak ere lehentasunezkoak izanen dira ikastetxeak mailaka sartzeko eta ateratzeko antolatzen duen banaketan.

Autobusean sartzerakoan, begiraleak hidrogelaren banagailu bat izanen du eskura, ikasle bakoitzaren eskuak desinfektatzeko. Zaintzailerik ez duten hezkuntza etapetan, hidrogelaren banagailua automatikoa izanen da.

Ibilgailuaren garbiketa: Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren errepideko bidaiarien garraio publikoa garbitu eta desinfektatzeko Protokoloak ezartzen duen bezala eginen da.

Ordu txanda ezberdinetan 2 edo 3 bidaia egiten dituzten garraioek ibilgailua aireztatu beharko dute 10 bat minutuz, ibilbide batetik bestera; hutsik doazen bitartean ere aireztatu dezakete.

6.9.–Ikastetxeko pertsonen kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

Ikastetxeko pertsonatzat hartzen dira irakasleak, ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta garbiketako langileak.

Ikastetxeko pertsonek uneoro beteko dituzte COVID-19ari aurre egiteko prebentzio neurrietan jasotzen diren prebentzio neurriak; zuzendaritza taldeak jakinaraziko dizkie horiek, edo, garbiketa kanpoko langileek egiten badute, haien enpresak.

Neurri osagarri gisa, honako jarraibide hauek beteko dira:

Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

Eskularruak erabiltzea saihestu behar da, ohiko baldintzetan erabiltzen direnean izan ezik (garbiketa); ziurtatu behar da eskuak era egokian eta maiz garbitzea.

Ikastetxe bakoitzeko jarraibideak aintzat hartzea.

Esleitu zaizkion lan-eremuak errespetatzea (sektoreak, ikasgelak, bulegoak...).

Lokal partekatuetan (departamentuak, bilera-gelak...) beti leku berean esertzen saiatzea.

Materiala partekatzea saihestea (ordenagailuak, bulegoko materiala, etab.) eta, hala eginez gero, erabili aurretik eta ondoren desinfektatu behar dela kontuan izatea.

Barneko joan-etorriak saihestea, ezinbestekoak ez badira.

Eremu komunetan (irakasle-gelak, departamentuak, etab.) egoteko ordutegiak mailakatzea, bertan elkartzen direnen kopurua mugatzeko eta urruntze fisikoko neurriak errespetatzea errazteko. Irakasle-gelan espazio bera esleitzea beti irakasle bakoitzari. Egun berean espazio bera partekatu behar badute irakasle batek baino gehiagok, desinfektatu behar da, irakasle-gelatik ateratzean.

Ikasleak iritsi aurretik, langile guztiek izan behar dute eskola-jarduera presentziala hasi orduko hartuko diren neurriei buruzko informazioa. Gai hori tratatuko da ikasturte hasierako klaustroan, ikasleei harrera egin aurretik.

–Publikoari begira lan egiten duten langileak: atezainak eta idazkariak:

Langile horien eta ikasleen eta bisitarien arteko urruntze fisikoa bermatzea (bisitak ahal den gehien mugatuko dira).

Lan egiteko espazioek urruntze fisikoko arauak errespetatzeko modukoak izan behar dute.

Gel hidroalkoholikoko dosifikatzaileak eskura izan behar dira lanpostuan, dokumentazioa edo bestelako objektuak trukatzen direnerako.

Langileentzako lokalak:

  • Irakasle-gela eta bilera-gelak:

Aulkiak gutxienez 1,5 metroko tarteetan ezarriko dira, eta ez dira eseriko aurrez aurre, segurtasun-tartea gorde gabe.

Azalpen-saioak emateko tresna guztiak, –esaterako, urruneko aginteak, errotulagailuak, seinalizadoreak eta abar– desinfektatu behar dira erabili aurretik eta ondoren.

Maiz aireztatu behar dira bilera-gelak, irakasle-gelak, bulegoak, departamentuak...

Aukera den guztietan, ateak blokeatuko dira zabalik gera daitezen.

Gel hidroalkoholikoko dosifikatzaileak eskura izan behar dira bilera-mahaietan, dokumentazioa edo bestelako objektuak trukatu ondoren erabiltzeko.

  • Bulegoak:

Apalategietatik kendu behar dira apaingarri guztiak, eguneroko garbiketa-lanak errazteko.

Languneak maiz aireztatu behar dira.

Bulegoa partekatua bada, aurrez aurre esertzea saihestu behar da, eta ezarritako segurtasun-tartea gorde.

Beste bulegoetara joatea saihestu behar da.

Pertsona bakoitzaren ardura da bere lanpostua baldintza osasungarrietan mantentzea. Irizpide horretatik, profesional batek arreta ematen badie espazio berean ikasle desberdinei, elkarren segidan (fisioterapia, logopeda...) erabilitako gainazalak desinfektatuko dira eta gela aireztatuko da, gutxienez 5 minutuz, saio bakoitzaren ondoren.

Erabilera komuneko materialen garbiketa eta desinfekzioa zaintzea (inprimagailuak, fotokopiagailuak, etab.).

Gel hidroalkoholikoko dosifikatzaileak eskura izan behar dira lanpostuan, dokumentazioa edo bestelako objektuak trukatzen direnerako.

6.10.–Ikastetxekoak ez diren pertsonen kudeaketa

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

–Jarraibide orokorrak:

Ahal den gehien mugatuko da ikastetxekoak ez diren pertsonen presentzia, ikastetxeko pertsonatzat hartuz irakasleak, ikasleak, administrazioko langileak, mantentze-lanetakoak eta zerbitzu orokorretakoak (atezainak eta garbitzaileak).

Ezin izanen dira ikastetxera sartu COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak, ezta eritasuna diagnostikatu zaien pertsonak ere, agindutako bakartze aldia bukatu ez badute, edo etxeko berrogeialdian dauden pertsonak, COVID-19aren sintomak edo diagnostikoa izan duen pertsonaren batekin kontaktu estua izan dutelako.

Transmisioaren prebentziorako neurri nagusiak, ikastetxera sartzen diren pertsona guztientzat:

  • Eskuak garbitzea maiz eta tentu handiz, gutxienez 40 segundoz.
  • Arnas-etiketa:
  • Sudur-ahoak estaltzea zapi batez eztul edo doministiku egitean, eta ondoren zapia zaborrontzira bota, hobe tapakia eta pedala duen ontzia bada. Zapirik ezean, ukondoaren barneko aldea erabiliko dugu ahoa estaltzeko, eskuak ez kutsatzeko.
  • Begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea.
  • Pertsonen arteko 1,5 metroko tartea gordetzea.

Ikastetxera sartzen diren pertsona guztiek, barruan diren bitartean, maskara erabiliko dute, osasun agintariek eman eta indarra duten gomendioei jarraikiz.

Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

Modu ikusgarrian erakutsiko dira pertsona horientzako jarraibideak: ibiltzeko diren espazioak eta norabideak, erabili behar dituzten komunak, igogailuak erabiltzeko debekua (salbuespenak salbu), babes-neurriak eta abar.

Saihestu behar da ikastetxekoak ez diren pertsonek materiala partekatzea (ordenagailuak, bulegoko materiala, etab.) haien artean edo ikastetxeko pertsonekin; hala eginez gero, kontuan izan behar da erabili aurretik eta ondoren desinfektatu behar dela.

Eragotzi behar da ikastetxekoak ez diren pertsonak joan-etorrian ibiltzea ikastetxe barnean, ezinbestekoa ez bada.

–Gurasoen edo legezko arduradunen arreta:

Ahal den guztietan, familien arreta leku irekian eginen da, edo leku aireztatuan, betiere segurtasun-tartea gordeaz. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

Eremu komunetan egoteko ordutegiak mailakatzea, bertan elkartzen direnen kopurua mugatzeko eta urruntze fisikoko neurriak errespetatzea errazteko.

Gel hidroalkoholikoko dosifikatzaileak eskura izan behar dira lanpostuan eta ikastetxekoak ez diren pertsonak ibil daitezkeen lekuetan, dokumentazioa edo bestelako objektuak trukatzen diren kasurako.

–2. eta 3. egoeretan:

Lehentasuna emanen zaio telefono edo telematika bidezko arretari.

–Banatzaileak:

Produktua ikastetxean entregatu behar denean ziurtatu behar da banatzaileek aldez aurretik ikastetxera abisatzen dutela, eta paketea atezaintzaren aurrean uzten dutela, ezarritako urruntze- eta osasun-neurriak aplikatuz.

Higiene pertsonaleko neurriak zorrotz zainduko dira paketeak erabiltzean. Paketeak jaso ondoren beti eskuak garbituko dira. Neurri horien osagarria izan daiteke eskularruen erabilera, etiketan ezaugarri hauek dituztela zainduta (EN ISO 374-5:2016 VIRUS). Eskularruak jartzea, kentzea eta botatzea segurtasunez eginen da, Osasun Ministerioaren jarraibideak betez.

6.11.–Zer egin COVID-19aren aurrean kalteberak diren pertsonen kasuan

Langileak COVID-19aren aurrean kalteberak izatea eragiten duten egoerak hauek dira: eritasun kardiobaskularrak dituzten pertsonak, hipertentsioa barne, biriketako eritasun kronikoa, diabetesa, giltzurrunetako gutxiegitasun kronikoa, immunodepresioa, minbizia tratamendu aktiboko fasean, gibeleko eritasun kroniko larria, obesitate morbidoa (IMC>40), haurdunaldia eta 60 urtetik goitikoak.

Langile horiek lanera itzultzen ahalko dira, beren egoera klinikoa kontrolatuta badago eta aukera ematen badu, eta babes-neurriak zorrotz betez.

Zalantzarik izanez gero, langileak kontaktuan jarri behar du Laneko Arriskuen Prebentzioko Sekzioko osasun-langileekin: (seccion.prevencion.educacion@navarra.es); telefonoak: 848.42.37.69/848.42.37.28.

LAPZko osasun-langileek ebaluatu behar dute SARS-CoV-2 koronabirusaren infekzioaren aurrean bereziki sentiberak diren langileen presentzia, sentiberatasun berezi horren izaera ezarri eta txostena eman, prebentzioko, egokitzapeneko eta babeseko neurriak zehazteko. Horretarako, kontuan izanen dute ea baden, hala ez, baldintzarik, langile horiek lan egin dezaten, beraien osasunari dagokion arriskua handitu gabe.

Prebentzio Atalak jakinaraziko dizkie langileari eta ikastetxeko ardura duen pertsonari langile hori bere lanpostura itzultzeko edo bertan jarraitzeko hartu beharreko neurriak.

6.12.–COVID-19 kasuen kudeaketa ikastetxeetan

Ohar orokorrak.

–Uneoro segurtasun-tarteak gorde behar dira eta, ezinezkoa bada, Hezkuntza Departamentuak emandako norbera babesteko ekipamenduak erabili behar dira, osasun agintaritzaren irizpideei jarraikiz.

–Tenperatura hartuko zaie bakarrik berariazko gela horretara bideratu diren pertsonei. Ezin da inoiz orokortu tenperatura hartzea COVID-19a prebenitzeko neurri gisa.

–Ikusten bada sintomekin hasi den pertsona egoera larrian dagoela, edo arnas egiteko zailtasuna duela, 112ra deitu behar da.

–Gogoratu behar da pertsona bakoitzari dagokion osasun zentroa bizitokiaren araberakoa dela, eta beharbada, ez dela ikastetxeari dagokion zentro bera.

–Beharrezkoa da hesi-keinu guztiak errespetatzea.

–Pertsona hori ezin izanen da ikastetxera itzuli kasuan kasuko sendagileak alta medikoa eman arte.

Jarraibide orokorrak.

Ikasle batek eskolara joan behar du osasun egoera onean badago.

Ikasle batek ez du eskolara joan behar egoera hauetan:

–PCR baten edo beste proba diagnostiko molekular baten emaitzaren zain badago.

–Bakartuta badago, PCR+ bidez diagnostikatutako koronabirusaren infekzioa duelako.

–Berrogeialdian badago, COVID-19 kasu egiaztatu baten kontaktu estua delako.

–Koronabirusak eragindako infekzioarekin bateragarriak diren sintomak baditu.

Nor da “kasu susmagarria”?

Arnas infekzio akutuko koadro klinikoa duen edozein pertsona, bat-batean agertzen dena, edozein larritasunetakoa eta, besteak beste, sukarra, eztula edo aire-falta eragiten duena. Beste sintoma batzuk –hala nola odinofagia, anosmia, ageusia, muskuluetako mina, beherakoak, bularraldeko mina edo zefaleak– COVID-19ak eragindako infekziorako susmoak ere izan daitezke, irizpide klinikoaren arabera.

Eta nor da kontaktu estua?

Osasun agintaritzak ezarriko du.

Kasuen kudeaketa.

Ikastetxean, eta gaur egungo testuinguruan, kasuen detekzio goiztiarra eta haien bakartzea, bai eta kontaktu estuena ere, segurtasun-inguruneari eusteko eta hezkuntza- eta pedagogia-helburuak lortzeko neurririk garrantzitsuenetakoa da.

Ikasle batek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak baditu ikastetxean.

–Maskara kirurgiko bat emanen zaio (2 urtetik gorakoa bada) eta beste bat bere gurasoak edo tutoreak etorri arte haur hori zainduko duen helduari.

–Aldez aurretik aukeratutako banakako erabilerako gela batera eramanen da; aireztapen egokia izan behar du, eta pedala duen zakarrontzia, han botatzeko bota beharreko maskara eta behin erabiltzeko zapiak.

–Familiari jakinaraziko zaio bere osasun etxearekin edo Osasun Aholkuak Jasotzeko Zerbitzuaren erreferentzia telefonoarekin (948290290) harremanetan jarri behar duela, kasua azter dezan, PCRren eskaera erabaki dezan eta, hala badagokio, etxeko bakartzea ezar dezan, emaitza jakin arte. Sintoma larririk badu, 112 zenbakira deituko da.

Ikasle batek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak baditu ikastetxetik kanpo.

Familia harremanetan jarriko da bere osasun etxearekin edo Osasun Aholkuak Jasotzeko Zerbitzuaren erreferentzia telefonoarekin (948290290), kasua azter dezan, PCR errepikatzea erabaki dezan eta, hala badagokio, etxeko bakartzea ezar dezan, emaitza jakin arte. Sintoma larririk badu, 112 zenbakira deituko da.

PCR proba eginen da, eta, kasu positiboa dela berresten bada, bakartzearekin jarraituko da eta osasun etxeko medikuak/erizainak kasuaren jarraipena eginen du.

Ikastetxeko ikasleen kontaktu estuen kudeaketa.

Ez da egokia eskolako kontaktu estuen berrogeialdia, probaren emaitza positiboa dela jakin arte eta infekzioa baieztatu arte.

Ikasturte hasieran, gurasoei baimen informatu bat helaraziko zaie, kontaktu estutzat jotako haurrei PCR proba egiteko.

Ikaslea kasu berretsia bada eta infekzio aktiboa badu.

Kontaktu estutzat jotzen diren ikasleei berrogeialdia ezarriko zaie (salbu eta PCR proba baten bidez berretsitako koronabirus infekzio bat izan badu edo aurreko 6 hilean egindako proba serologikoa positiboa izan bada).

Baieztatutako kasu bat ikastetxera itzultzea.

Prozesu arina izaten ari diren eta ospitaleratzeko irizpiderik izan ez duten ikasleek bakartzea eginen dute 10 egunez gutxienez, baldin eta 3 egun badaramatzate sintomarik gabe. Osasun etxeko profesionalek jarraipena egin, eta alta aginduko dute. Ez da kontroleko PCR proba bat behar ikastetxera itzultzeko.

Ikastetxeko irakasleen eta irakasle ez diren langileen kasuak kudeatzea.

Ikastetxean sintomak agertzen hasten diren langileak espazio bakandu batera joanen dira; ikasleendako espazioaren antzeko ezaugarriak eta ekipamendua izanen ditu. Halaber, maskara kirurgikoa jarri beharko dute. Harremanetan jarriko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin (seccion.prevencion.educacion@navarra.es) telefono zk.: 848 42 37 69/28) edo Nafarroako Foru Komunitatearen erreferentziako telefonoarekin (948 290 290) eta haien jarraibideak beteko dituzte.

6.13.–COVID-19rako erreferentzia diren pertsonek zertan lagunduko dioten zuzendaritza taldeari

1.–Erredakzio-lanerako laguntza:

–Zuzendaritza taldeari laguntzea ikastetxearen Kontingentzia Protokoloa Hezkuntza Departamentuak emandako protokolo orokorraren oinarrien arabera prestatzen.

2.–Kontrol-lanetarako laguntza gai hauen inguruan:

–Higiene- eta garbitasun-neurrien ezarpena eta jarraipena ziurtatzea.

–Eskuak maiz garbitzea:

a) Eskuen garbiketari buruzko infografiaren presentzia ziurtatzea.

b) Xaboi likidoaren dosifikatzaileak eta eskuak lehortzeko papera badirela ziurtatzea.

c) Oinarri alkoholikoko desinfektatzailearen hornidura ziurtatzea.

–Kontingentzia protokoloan definitutako eremu arriskutsuetan zabor-poltsez estalitako paperontziak badirela ziurtatzea.

–Bereizteko hesi fisikoak ongi jarri direla egiaztatzea: leihatilak, metakrilatozko manparak, gortinak, etab.

–Urruntzearen mugapena betetzen dela ziurtatzea harrera-mahaietan, arreta-leihatiletan eta abarretan.

–Langileen babes-ekipamenduen hornidura ziurtatzea, haien zereginaren arabera.

–Pertsonen joan-etorrien antolaketari eta seinalez markatzeari dagozkien neurriak betetzen direla egiaztatzea (instalazioen sarbideak, joan-etorriak, eta irteerak).

–Egiaztatzea badela espazio itxi bat, komun batetik hurbil, pertsonak aldi baterako bakartzeko soil-soilik erabiliko dena.

3.–Informazioa zabaltzen laguntzea gai hauen inguruan:

–Birusaren hedapena mugatzeko prebentzio-neurriei buruzko informazioa zabaltzea:

  • Kontingentzia Protokoloa eguneratzea eta informazioa zabaltzea, uneko egoeraren arabera.
  • Ikastetxekoak ez diren pertsonei dagozkien segurtasun-neurriei buruzko informazioaren zabalpena ziurtatzea.

–Informazio eguneratua hezkuntza komunitate osoko kideei iristen zaiela erraztea.

–Ikasgela eta eremu estrategiko guztietan koronabirusaren prebentzioari buruzko infografia ikusgai dagoela bermatzea.

Aurreko zerrendan ageri diren lanetan lagundu ahal izateko, esleitutako langileek izanen dute:

–Eskola-orduak: ikasleen zuzeneko arretan ematen ez diren eskola-orduak.

–Ordu osagarriak: zuzendaritza taldeak beharrezkotzat jotzen dituenak.

–Prestakuntza-orduak: prestakuntzako 35 ordu akreditutako zaizkie. Horretarako, beharrezkoa izanen da zuzendariak erreferentziako pertsonen izen-deiturak ematea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari.

6.14.–Gorputz jarduerak eta eskulanak

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Hesi-babeserako neurriak aplikatzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

–Xedapen komunak:

Ikastetxetik kanpoko kirol-instalazioak erabiliz gero, protokolo honetako betekizunak bete beharko dituzte.

Kirol jarduerak:

Horien praktika mugatu behar da intentsitate baxuko jardueretara, ezinezkoa bada 1,5 metroko gutxieneko tartea gordetzea.

Familiei gogorarazi behar zaie Gorputz Hezkuntza dagoen egunetan ikasleek jantzi egokiak jantzita etorri behar dutela etxetik, aldagelen erabilera saihesteko eta ikasleen arteko kontaktuak mugatzeko.

Baloia eta kontaktua behar duten jolasak saihestea.

Erabilera komunitarioko materialaren erabilera saihestea, edo horien erabilpena pertsona helduaren esku bakarrik egotea. Ezinbestekoa bada horiek erabiltzea, arauzko desinfekzioa egiten dela bermatzea.

Lehentasuna ematea segurtasun-tartea gordetzeko aukera ematen duten kirol-jarduerei.

–Eskulanak:

Lehentasunez erabiltzea material banakakoa eta erabili ondoren botatzekoa, edo bestela, desinfekzioa ziurtatzea.

Liburutegien funtzionamendua egokitzea, liburuen erabilpena arautuz eta desinfekzio-protokolo egokitu bat ezarriz.

Irakaslearen irakurketari ematea lehentasuna, liburuen erabilera mugatzeko.

Ez jartzea erabilera kolektiboko ordenagailurik ikasgelan.

–Haur Hezkuntza etaparen berezitasunak:

  • Arropa:

Familiei eskatu behar zaie umeen jantziak egokiak izatea jantzietako batzuk janzteko eta eranzteko garaian umeak autonomoak izan daitezen.

  • Jarduera fisikoa:

Jarduera fisikoak egotea aurreikusten denean, gogorarazi familiei umeen jantziek eroso mugitzeko modukoak izan behar dutela.

  • Eskulanak:

Ikasle batek baino gehiagok erabiliko dituzten materialak garbitzeko eta desinfektatzeko arauak aurreikustea (panpinak, eraikuntza-jostailuak, etab.).

Banakako erabilerako poteak aurreikustea (margoak, errotulagailuak, artaziak...).

–Lehen Hezkuntzako berezitasunak:

  • Jarduera fisikoa:

Gorputz Hezkuntzako saioak asteko egun berean biltzea.

Familiei gogoraraztea ikasleek jantzi egokiekin etorri behar dutela etxetik, beren ordutegian Gorputz Hezkuntza dagoela markatuta duten egunetan.

6.15.–Berariazko irakaskuntzak

Oinarrizko irizpideak.

–Pertsonen arteko tartea gordetzea.

–Ikasleen arteko interakzio fisikoak mugatzea.

–Lokalen eta materialen garbitasuna ziurtatzea.

–Irakatsi, informatu eta komunikatzea.

Oinarrizko irizpide hauen gainean definitzen dira aplikatu beharreko neurriak.

Ikastetxeak ireki aurretik gogoeta egin behar da irakaskuntza mota horien antolamenduari buruz, dagozkien ikasgelen erabilera zehazteko (musika, plastika, teknologia, informatika, laborategiak, tailer-ikasgelak, etab.), segurtasun-baldintzak bete daitezen.

Ahal den neurrian, ikasgela mota horien eta hango materialen erabilera mugatu behar da, behar-beharrezkoa den kasuetara. Ikasle batek baino gehiagok erabiliko dituzten materialak, tresnak, instrumentuak eta abar garbitzeko eta desinfektatzeko arauak zehaztu behar dira.

Lehentasunez teknologia berriak erabiltzea behar diren azalpenak eta adibideak erakusteko.

Material pedagogikoa erabili behar bada, banakako jarduerak antolatzea gomendatzen da, eta ezinezkoa bada, garbitzeko eta desinfektatzeko ekintzak aurreikusi behar dira.

Ikasgela horiek sakon garbitu beharko dira egunero, erabiltzen badira.

Iragarkiaren kodea: F2009985