2. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

77/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiari, Kontu-hartze eta Kontabilitate zuzendari nagusiari, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariari eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruari eskuordetzan ematen diena, eta, zenbait kontratu formalizatzeko sinadura, berriz, departamentuko beste organo batzuei.

Urriaren 23ko 54/2015 Foru Aginduaren bidez Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko titularrak berezko dituen eskumenak departamentu horretako zuzendari nagusiei, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendariari eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko buruari eskuordetzan eman zitzaizkien.

Urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuaren egitura organiko orokorra ezarri zen; horregatik bidezkoa da foru agindu berri bat ematea, eskumenen eskuordetzea egokitzeko gaur egun dagoen egitura organikora.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluak aukera ematen dute kontseilariek maila bereko edo apalagoko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuei eskuordetzeko esleituta dituzten eskumenak. Eta honako hauek ezartzen dituzte: zein gai eskuordetu ezin diren eta zein araubide juridikotan egin behar den.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 15. artikuluak aukera ematen dio departamentuko titularrari bere ebazpenen eta administrazio-egintzen sinadura eskuordetzan emateko haren mendeko administrazio-organoetako titularrei.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zuzendaritza nagusiei, Nafarroako Estatistika Institutuaren Zuzendaritzari eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren Burutzari eskuordetzan ematea, dagozkien esparruetan, indarrean dagoen araudiak ematen dizkidan eskumenak gastuak baimentzeko eta xedatzeko, ordainketa-betebeharrak aitortzeko eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako kontratu-ahalmenak baliatzeko.

2. Aurrekontu, Ondare eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrari eskuordetzea, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, Departamentuan sortutako ondare-erantzukizuneko administrazio-espedienteen ebazpenari dagozkion eskumenak eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen arabera dagozkidan aurrekontu-aldaketetarakoak, aipatutako Foru Legearen 45.1 artikuluaren aurrekontu-aldaketei buruzkoak izan ezik, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoari baitagozkio.

3. Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Ataleko buruari eskuordetzea obra kontratuak formalizatzeko sinadura, obrak ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

4. Kontratazioaren, Aseguruen eta Afera Ekonomikoen Ataleko buruari, Erosketa Bulegoko buruari eta Laguntza Juridikoaren Bulegoko buruari eskuordetzea hornidura eta laguntza arloko kontratuak formalizatzeko sinadura, ondarearen arlokoak eta Ondarearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren kasuetan.

5. Foru agindu honen bidez eskuratutako eskuordetzaren indarrez ematen diren administrazio ebazpenetan inguruabar hori adierazi beharko da espresuki. Ebazpen horiek Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emanak bailiran izanen dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, edo berraztertzekoa, aipatu kontseilariari zuzendua.

6. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1916128