2. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

13E/2019 EBAZPENA, abenduaren 4koa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterketaren aldaketa, 8. lurzatiaren esparruan. Sustatzailea Adania Residencial SL da.

Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak abuztuaren 27an emandako 1E/2019 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterketaren aldaketa, 8. lurzatiaren esparruan. Sustatzailea Adania Residencial SL da.

Ebazpen horrek ez zuen determinaziorik ezarri, eta 2019ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 13koan.

Ezarritako hogei eguneko epean, ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Espedientearen xedea da fatxadetako baoen konposizioa aldatzea, ardatz horizontalaren arabera. Horretarako, 207 x 130 cm-ko baoak izanen dira, haien artean gehienez ere 70 cm-ko horma-atal itsu bat utzita.

Dokumentuak ez du aldaketarik izan hasiera batean onetsi zenetik. Hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak baizik ez ditu jasotzen, xehetasun azterketa baten xede eta eskumen direnak. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin, baita “Salestarrak” UPSaren Plan Berezia garatzeko tramitatutako xehetasun azterketarekin ere.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio udalez gaindiko plan sektorialen hirigintza-antolamendu xehatuaren determinazioak garatzeko xehetasun azterketak izapidetzea eta onestea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko urriaren 14ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Salestarrak” Plan Bereziko xehetasun azterketaren aldaketa, 8. lurzatiaren esparruan. Sustatzailea Adania Residencial SL da.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen, obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko dituela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 4an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

ERANSKINA

Onetsitako araudia (PDFa)

Iragarkiaren kodea: F1915856