198. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza, Vianako udalerrian joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2020ko maiatzaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Vianako udalerrian joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Hasiera batez onesteko erabakia 2020ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 4an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2020ko uztailaren 30ean.–Alkatea, Yolanda González García.

VIANAKO UDALERRIAN JOKO ETA APUSTUETARAKO ARETOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako aretoak. Horren ondorioz, eta errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria dela-eta, jabetu gara egoeraren larriaz eta hasi gara hartzen ludopatia osasun publikoko arazotzat.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, nabarmen igo da 2012tik apustuetara doan gastua, 44,41 milioi gehiago data hartatik, 2017an apustuetarako gastua 74 milioi eurokoa izateraino; hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, on-line jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira.

Autonomia erkidegoetako legeriak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak paratzeko, bai aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore hau arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzeko.

Horren guztiaren arrazoia da jokoan ibiltzeko erraztasunak guztiz kezka handia sortzen duela, populazio bereziki zaurgarriari eragiten diolako; ildo horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasunaren prebentziorako eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek.”

Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteei kalte egiten dieten jarduerak mugatzeko, noiz eta nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalerriek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak ezartzen du joko aretoekin lotutako jarduerek jarduera sailkaturako udal lizentzia beharko dutela. Lizentzia hori ukatu dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 72. art.).

Horregatik uste dugu Vianako Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintzeko. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak zein baldintzetan irekiko diren, populazio sentikorra (haurrak, nerabeak eta gazteak) maiz ibiltzen den tokien ingurumarian.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara, eta nagusiki gazte eta haurrek erabiltzen dituzten espazio libreetara.

2. artikulua. Eraginpeko establezimenduak.

Jokorako aretoak daude ordenantza honen eraginpean, zehazki, makinetan dirua jokatuz, trukean zuzenean nahiz zeharka sari bat lortzea ahalbidetzen dutenak.

Beraz, parametro horiek aplikatuz, berrikusi eginen da aurkeztutako jarduera-lizentziaren eskabidea, batez ere joko areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko eta, oro har, Nafarroako Gobernuan organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarra duen legeriaren babespean.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, kirol, kultura, hezkuntza eta jostetako instalazioen sarreratik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

Horrez gain, gordetzekoak izanen dira, orobat, izaera bereko establezimenduen arteko distantziak, dagokion legeriak ezarriak.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Distantzia hori neurtuko da babestutako ekipamenduaren fatxada-puntu hurbilenetik, establezimendu berriaren fatxada-puntu hurbilenera. Neurketa hori beti eginen da bide publikoan edo iraganbidean barna.

5. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

Erradio bereko babes zerrenda bat ezartzen da, non galarazia egonen den hala kartel bidezko publizitatea egitea nola seinaleak paratzea, ordenantzaren eraginpeko establezimenduen kokapena adierazteko.

6. artikulua. Ordenantza hau betetzen dela justifikatzea.

Distantzien eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da. Bertan adieraziko da, zehatz, lizentzia zer lokaletarako eskatzen den, haren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia, ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak ere betetzen direla adierazita.

7. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

Sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartel bat eduki beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu egin beharko dira.

Ikastetxeetan prestakuntza jarduerak egin eta antolatuko dira, gazteek online jokoetan eta apustuetan egiten duten erabileran eta erabilera horrek sor ditzakeen arazoetan sakontzeko.

Udalak informazioa emanen die herritarrei ludopatia prebenitzen duten eta haren aurka borrokatzen diren elkarteekin harremanetan jartzeko moduari buruz.

Substantziarik gabeko adikzioak jasan ditzaketen kontsumitzaileei zuzendutako prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak sustatuko dira.

8. artikulua. Dirulaguntzak.

Udalak ezin izanen du diruz lagundu apustu-etxe, apustu-korner, bingo edo kasinoek babestutako ekitaldi edo jarduerarik.

Iragarkiaren kodea: L2008549