194. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 28a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

40/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisialdian maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe eta unibertsitateetarako.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren. Erabaki horren 6. puntuan ezartzen da ikastetxeetako hezkuntza jarduera unean-unean ezartzen diren osasun baldintzen arabera gauzatuko dela, eta osasun-agintaritzak ezartzen dituen desinfekzio eta prebentzio neurriak bete behar direla.

Aipatutako erabakiaren bosgarren puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko. Era berean, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko ditu eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko ditu, beharrezkoak badira.

2020ko uztailaren 16an Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartu baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisialdian. Horren bidez babesteko eta prebenitzeko neurri osagarriak hartu ziren, bide publikoan eta kanpoko eremuetan maskarak nahitaez erabiltzearekin loturik (arrazoizko salbuespen batzuk alde batera utzita). Aipatutako uztailaren 15eko 34/2020 Foru Agindu horren bigarren puntuan, aurreikusten da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan maskararen erabilera arautuko dela horretarako berariaz emanen diren xedapenei jarraikiz, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Datozen asteetan Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeek eta unibertsitateek 2020-2021 ikasturteko eskola jarduera hasiko dute, aurrez aurre eginen dena. Pandemiaren gaur egungo egoera kontuan hartuta, beharrezkoa da COVID-19a prebenitzeko eta kontrolatzeko neurriei eustea eta ikastetxeetako ikasleei zein langileei eskola inguru segurua eskaintzea. Horretarako prebentzio eta higiene neurriak ezarriko dira, hezkuntza sistemaren jarduerak egin ahal izateko eta ikastetxeetako ikasleak eta langileak kutsatzeko arriskua ahalik eta txikiena izateko. COVID-19a kutsatzeko arriskua ahal den txikiena izateko, babes neurrietako bat ikastetxeetan maskara erabiltzea da, arrazoizkoak diren salbuespen batzuk alde batera utzita. Beraz, beharrezkoa da ikastetxeetako ikasleek, irakasleek eta gainerako langileek maskara noiz eta nola erabili beharko duten arautzea.

Alde horretatik, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialarekin koordinatuta, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko jarrerarekin, erabaki bat hartu zuen 2020ko abuztuaren 27an (COVID-19aren aurkako osasun publikoko jarduketa koordinatzeko, ikastetxeetarako eta 2020-2021 ikasturterako, eta gripearen aurkako txertoari dagokionez): maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen dela 6 urteko gorakoentzat, pertsonen arteko tartea gordetzeaz aparte, eta ordenamendu juridikoak ezartzen dituen salbuespenekin.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikulua kontuan hartuz, eta Hezkuntzako kontseilariarekin eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarekin bat etorriz,

AGINDU DUT:

1.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da maskararen erabilera arautzea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako eta unibertsitateetako ikasleentzat eta langileentzat.

2.–Aplikazio-eremua.

Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan aplikatuko da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritako irakaskuntzak (unibertsitatekoak ere barne) ematen badituzte.

3.–Maskararen erabilera ikasleentzat

a) Haur Hezkuntzako 1. zikloko ikasleentzat.

Ikasle hauentzat, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izanen, inoiz ere ez.

b) Haur Hezkuntzako 2. zikloko ikasleentzat.

1. Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskara ikasgeletan nahitaez erabili beharko beren bizikidetza-talde egonkorrarekin badaude.

2. Banaketa-geletan, bizikidetza egonkorreko talde batzuk badaude, maskara erabili beharko dute, ez bada taldeen arteko bereizketa bermatzen dela barrera fisikoen bidez.

3. Maskara nahitaez erabili beharko dute ikastetxeko espazio komunetan, ikasgeletatik kanpo, baita sarreretan eta irteeretan ere.

c) Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrerako ikasleentzat (unibertsitatekoak ere barne).

1. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrerako ikasleek (eta gainerako ikasketetaokoek, unibertsitatekoek ere barne), nahitaez erabili beharko dute maskara ikasgeletan, pertsonen arteko 1,5 m-ko tartea gordetzeaz aparte.

2. Era berean, nahitaez erabili beharko dute ikastetxeko espazio komunetan, ikasgeletatik kanpo, baita sarreretan eta irteeretan ere.

4.–Maskararen erabilera ikastetxeetako irakasleentzat eta gainerako langileentzat.

1. Maskararen erabilera ikasgeletan nahitaezkoa izanen da irakasleentzat eta gainerako langile guztientzat. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta laneko arriskuen prebentzioko zerbitzu teknikoek hezkuntza maila bakoitzerako gomendatzen duten maskara mota erabili beharko da.

2. Ikastetxeko gainerako langileek, ikaslerik gabe lanean ari direnean eta jendaurreko lanean ari ez direnean, maskara erabiliko dute 1,5 metroko pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzea ezinezkoa bada.

3. Bai irakasleek, baita gainerako langileek ere nahitaez erabili beharko dute maskara jendaurreko lanak egiten dituztenean.

5.–Eskola-garraioa.

1. 3 urtetik gorako ikasleek nahitaez erabili beharko dute maskara eskola-garraioaren joan-etorrietan.

2. 3 urtetik beherako ikasleek ez dute nahitaez erabili beharko. Horiek, ordea, maskara erabiltzen duten gainerako haurren artean barreiatuko dira.

Uneoro bermatuko da 2 metroko tarte fisikoa dagoela maskara erabiltzen ez duten 3 urtetik beherakoen artean.

6.–Eskola-jantokia.

Eskola-jantokietan ikasleek ez dute nahitaez maskara erabiliko, bazkaria zerbitzuak irauten duen bitartean.

7.–Ikastetxeetan egiten diren eskolaz kanpoko ekintzak.

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da ikastetxeetan egiten diren eskolaz kanpoko ekintzetan, jarduera fisikoa edo kirol jarduera ez bada. Horiek Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduak ezartzen duenaren arabera arautuko dira (foru agindu horrek prebentzio neurriak ezartzen ditu COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez). Alabaina, eskolaz kanpoko ekintza dantza jarduera bada, maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da.

8.–Maskara erabiltzeko salbuespenak

1. Arnasa hartzeko zailtasunen bat duten ikasleak, irakasleak eta langileak maskara nahitaez erabiltzetik salbuetsita egonen dira, maskarak areagotzen badu arnasa hartzeko zailtasun hori; era berean, salbuetsita egonen dira mendekotasun edo desgaitasun egoeran izan eta maskara kentzeko autonomia ez duten ikasleak, edo maskara erabiltzea bideraezina egiten duten jokabidearen nahasmenduak dituzten ikasleak ere.

Aurreko paragrafoan deskribatu diren egoerak frogatzeko, ikasleen gurasoen edo legezko tutoreen erantzukizunpeko adierazpena balioetsiko da; ikastetxeak beharrezkoa dela uste badu, osasungintzako profesional baten ziurtagiria eskatuko da.

2. Halaber, ikasleek, irakasleek eta langileek ez dute maskara nahitaez erabili beharko maskara erabiltzea ezinezkoa denean ikasleei arreta banaka emateko zenbait jardueratan, edo maskararen erabilerarekin bateraezinak diren zenbait hezkuntza jarduera egiten direnean. Horrelakoetan 1,5 metroko tartea errespetatuko da eta gainerako osasun eta higiene neurriak zainduko dira.

9.–Ikasleei maskara ongi erabiltzeko informazioa ematea, prebentzio neurrien parte baita.

Ikastetxeek informazioa eman beharko diete ikasleei maskara ongi erabiltzeko (batez ere maskara nola jarri, gorde eta bota), osasun-agintaritzak ematen dituen jarraibideak aintzat hartuz.

10.–Neurri hauen jarraipena eta ebaluazio jarraitua egonen da. Neurriak aldatzen ahal dira, egoera epidemiologikoaren araberakoak direla bermatzeko.

11.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, eta Hezkuntza Departamentuko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko eta Osasun Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

12.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 28an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2009892