193. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 28a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 26an hartua, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Une honetan, Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, egoera epidemiologikoari dagokionez, 2020ko uztailaren 8tik aurrera eguneroko intzidentzia handitzen joan da progresiboki, batez ere Iruñerrian eta Tutera inguruan. Azken 14 egunean, intzidentzia metatua 214,46koa izan da, eta azken 7 egunean 107,61ekoa; autonomia erkidegoetan lehendabiziko postuetan dago Nafarroa, eta agerraldi gehienak eremu sozialean, familian eta aisialdian gertatzen dira. Gaixotutakoen susmoen arabera, kutsapenen erdiak baino gehiago etxean bertan edo ingurune sozialean gertatzen dira orain.

Datu horiek direla eta, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian ezarritako neurrietako batzuk aldatzea, osasun publikorako prebentzio neurriak hartzen jarraitzeko.

Era berean, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakiaren zenbait alderdi egokitzea hura onetsi ondoren eman den araudira.

Aurrekoarekin lotuta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenarekin bat, honakoak ere aldatzen dira: gurtza-lekuetan, ezkontzetan eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuetan edukierari ezarritako mugak; dantza akademien funtzionamendurako berariazko baldintzak; haurtzaindegietarako betebeharrak; eta adinekoen elkarteetan baimendutako edukierak.

Horrekin batera, kutsapenei aurrea hartzeko asmoz, kultur jardueretarako eta zezen-ikuskizunetarako aldez aurreko txostena nahitaez egitea dakarren ikusle kopurua aldatzen da, beharrezkoa denean txosten horretan aztertuko baita arriskua eta babes neurri osagarrien beharra.

Bestalde, gaueko aisialdiarekin eta ostalaritza eta jatetxeekin lotutako zenbait gai egokitzen dira abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretura, zeinaren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

Bestalde, erabaki horren eranskineko 7. puntuan neurri batzuk ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko lurreko garraioko ibilgailuen okupazioari, erabilerari eta garbiketari dagokienez, bai eta autobus geltokiei dagokienez ere. 7. puntuko 3. atalean ezartzen denez, bederatzi toki arteko ibilgailuetan (gidaria barne hartuta) egiten diren bidaiarien garraio publikoetan, ibilgailuak gidariaren ilaraz gain dituen eserleku ilara bakoitzeko dituen tokiak adina pertsona joan daitezke.

Garraio Zuzendaritza Nagusiak eskatu du 7.3 puntu hori aldatzeko, bidaiarien garraio publikorako erabiltzen diren bederatzi toki arteko ibilgailuetan toki guztiak erabil daitezen baimentzeko xedearekin, eta aldaketa horretarako arrazoi gisa aipatzen du orain garraio horietan nahitaezkoa dela maskara erabiltzea.

Apartatu berri bat ere gehitzen da, non jasotzen baitira Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluak emandako gomendio orokorrak, hain zuzen ere COVID-19aren kasu positiboen igoerak dakarren arrisku bereziari erantzuteko, osasun publikoko jarduketa koordinatuen deklarazioari buruzko Erabakian jasotakoak.

Orobat, puntu berri batean azaltzen da erabaki osoan maskaren erabilerari buruz egiten diren aipamenak ulertu behar dela eginak daudela honako hauetan xedatutakoarekin bat: Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan (haren bidez COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez prebentzio neurriak hartu ziren) eta foru agindu hori aldatzen duen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 17ko 35/2020 Foru Aginduan.

Azkenik, gehitzen da ezen, espazio publiko irekietan 10 pertsona baino gehiagoko taldeak biltzen direnean, uneoro bermatu beharko direla maskaren erabilera eta 1,5 metroko gutxieneko segurtasun distantzia gordetzea, aintzat hartu behar baita kutsapen gehienak familian, ingurune sozialean eta aisialdian gertatzen ari direla. Horrenbestez, beharrezkoa da kutsapenen intzidentzia metatuaren igoera ekiditea, are gehiago ikasturtearen hasiera hurbil dugun honetan.

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehen artikuluan xedatzen da ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, erabaki hori aldatu edo bertan behera uzten ahalko da, Osasun Departamentuak proposatuta, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez.

Osasunari buruzko Foru Legearen 2.2 artikuluak ezartzen du, barne osasunaren eta higienearen arloan Foru Komunitateari dagozkion eskumenak eta eginkizunak gauzatuz, eta apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan eta apirilaren 25eko 14/1986 Legean aurreikusitako ondorioetarako, osasun-agintaritza izanen direla Nafarroako Gobernua, Osasun Departamentuaren eta Osasun Zuzendaritza Nagusiaren titularrak eta, halaber, alkateak beren eskumenen esparruan.

Horrenbestez, lehenago adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.4 puntua aldatzea, honela:

“3.4. Gurtza egiteko tokiak.

1. Gurtza egiteko tokietan okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar. Gehieneko edukiera jendaurrean jarri beharko da ikusgai, gurtza egiteko eremuko leku ikusgarri batean.

2. Pertsonen arteko distantziari eta maskararen erabilerari dagozkien babes eta segurtasun neurri orokorrak errespetatuko dira.”

2.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.5 puntua aldatzea, honela:

“1. Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk edozein eratako instalazio publiko zein pribatuetan egiten ahalko dira, berdin aire zabalean zein toki itxietan. Aire zabalean egiten direnean, 75 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez ere, eta toki itxietan, 35.

Zeremoniak eta ospakizunak egin bitartean bete beharko da eranskinaren 3.10 puntuan, ostalaritzako establezimenduei eta jatetxeei buruzkoan, xedatutakoa.”

3.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskina aldatzea, 3.9 apartatuari 3. puntua gehitzeko, testu honekin:

“3. Dantzan ikasteko edo egiteko aretoen edukiera kalkulatzeko irizpidea izanen da pertsona bakoitzeko 5 metro koadro behar direla.

Dantza jardueran, bere modalitate guztietan, kontuan hartu beharko da 1,5 metroko tartea gordetzea, ahal den neurrian. Tarte hori bermatzerik ez badago maskarak erabili beharko dira.

Ikasle taldeak egonkorrak izanen dira, eta ezin izanen da aldaketarik egin taldeen eta/edo klaseen artean.

Bikoteka dantzatzeko klaseetan, bikoteak berdinak izanen dira ikastaro osoan, eta ezin izanen da aldaketarik egin bikotean ez klase batean zehar ez klase batetik bestera.

Klase batetik besterako tarteetan espazioak aireztatu eginen dira, ahal dela modu naturalean.

Jarduera guztiek prebentzio eta antolaketa protokolo bat izanen dute haiek gauzatzeko, orain arte onetsitako osasun gomendioak bilduko dituena.”

4.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.10.4 puntua aldatzea, honela:

“4. Kasu guztietan, pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde beharko da mahaien edo mahai-multzoen artean. Gehienez 10 pertsonak osatutako talde batek okupatzen ahalko du mahai bat edo mahai-multzo bat. Erabiltzen diren mahaiek edo mahai-multzoek egokiak beharko dute izan, kontuan harturik zenbat pertsona izanen diren, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia gordetzen dela bermatzeko.”

5.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.11. puntua aldatzea, honela:

“3.11. Gaueko aisialdirako establezimenduak.

Gaueko aisialdirako establezimenduak abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoak arautuko ditu, edo hura aldatzen edo ordezten duen arauak; foru lege-dekretu horren bidez ohiz kanpoko neurriak onesten dira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko.

Taberna bereziaren eta ikuskizun-kafetegiaren lizentzia duten establezimenduetako terrazetan eranskineko 3.10 puntuan ezarritako baldintza berberak bete beharko dituzte.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren establezimenduetako edukierak ezin izanen du gainditu gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost.”

6.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.17.1 eta 2 puntuak aldatzea, eta 7. puntua gehitzea, testu honekin:

“1. Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak: beren jarduera gauzatzen ahalko dute, aldez aurretik eserlekuak esleituz betiere, baldin eta areto bakoitzean baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez badute. Edukiera 350 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurri osagarriak baloratuko dira, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera.

2. Aire zabaleko aretoak eta ikuskizun publikoetarako eta josteta edo aisialdiko jardueretarako erabiltzen diren lokalak, aurreko paragrafokoak ez direnak: beren jarduera gauzatzen ahalko dute eserlekuak erabilita, baldin eta baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost gainditzen ez badute. Edukiera 700 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurri osagarriak baloratuko dira, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera.

7. 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren ondorioetarako, 350 eta 700 pertsonako edukieraren muga gainditzen denean, hurrenez hurren, eskatu beharko da, ekitaldia egin baino zazpi egun baliodun lehenago, gutxienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea, posta elektronikoko helbide honetan: ispdirec@navarra.es, adieraziz “GAIA: EKITALDIA.” Ekitaldia azaltzen duen dokumentazioa erantsi beharko da: bertaratuko direnen kopurua, non eginen den, sarbideak, etab., bai eta bertaratutakoen artean birusaren transmisioa ekiditeko hartuko diren prebentzio eta kontrol neurriak ere.”

7.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.27.4 puntua aldatzea, honela:

“4. Zezen plazetan eta zezenketetarako esparru eta instalazioetan, jarduerak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren hirurogeita hamabost, eta eserlekuak aldez aurretik esleituko dira. Kasu guztietan, bete beharko dira osasun agintaritzak ezarritako higiene eta prebentzio neurriak.

Edukiera 700 pertsonatik gorakoa bada, hartu beharreko neurri osagarriak baloratuko dira, ezarritako babes eta higiene neurriak bermatze aldera, erabaki honen eranskineko 3.17.7 puntuan xedatutako prozedurarekin bat.”

8.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 5. 1. 2. d) puntua aldatzea, honela:

“Adinekoen elkarteak: Ez da gomendatzen zentroak aisialdirako jardueretarako bakarrik irekitzea, eskatutako prebentzio neurriak edo edukiera (gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamarrekoa) kontrolatzeko neurriak betetzeko modurik ez badute.”

9.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 5.3.4 puntua aldatzea, honela:

“4. Haurtzaindegiak. Jardueran aritzen ahal dira baldin eta betetzen badituzte eskatutako prebentzio neurriak.

Jarduera betetzeko prebentzio eta antolaketa protokolo bat izanen dute, orain arte onetsitako osasun gomendioak bilduko dituena.”

10.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskineko 7.3 puntua aldatzea, honela:

“3. Bederatzi toki arteko (gidaria barne hartuta) ibilgailuak erabiliz egiten diren bidaiarien garraio publikoan ibilgailuko atzeko tokiak okupatzeko baimena egonen da. Era berean, baimena ematen da aurrealdeko eserlekuen ilaran eskaintzen direnak ere okupatzeko, atzeko guztiak bete baldin badira eta gidaria horren kontra ez badago.”

11.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskinari 9. puntua gehitzea, testu honekin:

“9. Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren gomendioak, hain zuzen ere 2020ko abuztuaren 14an, COVID-19aren kasu positiboen igoerak dakarren arrisku bereziari erantzuteko, osasun publikoko jarduketa koordinatuen deklarazioari buruzko Erabakian jasotakoak.

Gomendatzen zaie herritarrei bizikidetza-talde egonkorretatik kanpoko bilera sozialak mugatzea.

Gomendatzen zaie herritarrei eremu pribatuko bilera sozialak gehienez 10 laguneko kopurura mugatzea, osasun agintaritzek emandako babes neurriak betez uneoro.

Gomendatzen da zentro soziosanitarioetan aldizka PCR probak egitea egoiliarrekin harremanak dituzten langileei.”

12.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskinari 10. puntua gehitzea, testu honekin:

“10. Maskaren erabilera.

Erabaki honetan maskaren erabilerari buruz egiten diren aipamenetan aplikatzekoak izanen dira uztailaren 15eko 34/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez, eta foru agindu hori aldatzen duen Osasuneko kontseilariaren uztailaren 17ko 35/2020 Foru Agindua.”

13.–Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren eranskinari 11. puntua gehitzea, testu honekin:

“11. Espazio publiko irekietan 10 pertsona baino gehiagoko taldeak biltzea.

Espazio publiko irekietan 10 pertsona baino gehiagoko taldeak biltzen badira, kasu guztietan, bermatu beharko dira maskaren erabilera eta 1,5 metroko gutxieneko segurtasun tartea gordetzea.”

14.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009830