191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

60/2020 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU izendatzen duena nodoko solaskide bakar 220 kV-eko Orkoien azpiestazioko posizio berri batean (sortutako energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa).

2020ko apirilaren 22an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLUk eskabidea aurkeztu zuen 220 kV-eko Orkoien azpiestazioan nodoko solaskide bakar izendatzeko posizio berri batean. Eskabide horretan esaten denez, apirilaren 22an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLUk baimena eskatu dio Red Eléctrica de España, SAUri garraio sarera sartzeko guztira 150 MWp-ko “Amaya Solar 1”, “Amaya Solar 2” eta “Amaya Solar 3” planta fotovoltaikoetarako, Espedientean abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eskatzen diren berme ekonomikoak gordailutu izanaren ziurtagiria dago, apirilaren 21ekoa.

2020ko apirilaren 30ean, ES Planta Solar 6 SLUk eskabidea aurkeztu zuen posizio berean nodoko solaskide bakar izendatzea eskatuz. Espedientean abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretuan eskatzen den berme ekonomikoa gordailutu izanaren maiatzaren 4ko ziurtagiria dago, garraio sarera sartzeko baimena eskatzeko, 100 MW-eko “Orkoien” izeneko planta fotovoltaikorako. Eskabidea aurkezteko unean ez dago nodoko solaskide bakarrik izendatuta 220 kV-eko Orkoien nodoan.

2020ko maiatzaren 13an, Global Solar Energy 34 SLk eskabidea aurkeztu zuen posizio berean nodoko solaskide bakar izendatzea eskatuz. Bermearen gordailuaren ziurtagiria aurkeztu zuen, maiatzaren 8koa, 300MW-eko “El Soto 2” plata fotovoltaikorako, eta garraio sarearen kudeatzaileari sarbidea eskatu izanaren ziurtagiria, data berekoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarri zituen eskabide horiek, iragarkia argitaratuz 2020ko ekainaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 131. zenbakian, eta 2020ko ekainaren 17ko Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan. Espedientea José Luis Martínez Dachary jaunak, ES Planta Solar 6 SLUk eta EDP Renovables España SLUk kontsultatu dute.

2020ko ekainaren 15ean, EDP Renovables España SLUk eskabidea aurkeztu zuen nodoko solaskide bakar izendatzeko, adieraziz garraio sarerako sarbidea eskatu zuela 220 kV-eko Orkoien nodoan 50na MWp-ko “Zendea I” eta “Zendea II” planta fotovoltaikoetarako. Espedientean bermeen gordailuaren ziurtagiriak daude, ekainaren 11koak.

2020ko ekainaren 24an Falck Renewables Power 2 SLk eskabidea aurkeztu zuen, eta berme ekonomikoaren gordailuaren ziurtagiria erantsi zuen, apirilaren 6koa, 100 MW-eko “Campos de Zuloaga” planta fotovoltaikorako. Falck Renewables Power 2 SLk dioenez, apirilaren 10ean garraio sarera sartzeko baimena eskatu zuen 220 kV-eko Orkoien nodoan.

2020ko ekainaren 24an, Saresun Rosales SLk eskabidea aurkeztu zuen, 48 MW-eko haize-parke bat garatzeko interesa duela jakinaraziz. Saresun Gorrión SL eta Saresun Rufa SLren izenean, Grupo SACYR SAk interesa du 48 MW eta 32 MW-eko potentziako bi haize-parke garatzeko, eta nodoko solaskide bakar izendatzea eskatu du, posizio berri batean 220 kV-eko Orkoienen. Garraio sarera sartzeko berme ekonomikoen gordailuaren ziurtagiriak jasorik daude, ekainaren 24koak.

2020ko ekainaren 24an, Green Capital Development 113 SLUk nodoko solaskide bakar izendatzea eskatu zuen 220 kV-eko Orkoien nodoan, 137,5 MW-eko “Aldane” haize-parkearen sustatzaile gisa. Garraio sarera sartzeko aurkeztutako eskabidearen kopia aurkeztu zuen, data berekoa.

2020ko uztailaren 14an, Sacyr Concesiones Renovables SLk alegazio dokumentua aurkeztu zuen, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari nodoko solaskide bakarrik ez izendatzea eskatuz, hautagai hobe baten zain edo Red Eléctrica de España SAUk azken erabakia hartu zain, legeria berriaren babespean.

Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak honako hau ezartzen du:

“1. Garraio-sareko instalazio planifikatu eta inbertsio-planetan sartutakotzat joko dira, gehienez ere, kale baten baliokide diren posizioak, azpiestazioaren konfigurazioaren arabera; horiei gehitu behar zaizkie lehendik badiren posizioak eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren babesean onartutako garraio-sarearen planifikazioaren dokumentuan jasotakoak, bai eta garraio-sarearen erabiltzaileek erabiltzeari uzten dioten posizioak ere, 23.2 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik sarbide- eta konexio-baimenak iraungitzen badira.

2. Garraio-sareko instalazioen titularrek eta garraio-sarearen kudeatzaileek sarbide- eta konexio-baimenak ematen ahalko dituzte sortutako energia ateratzeko edo banaketa nahiz kontsumoa konektatzeko aurreko apartatuan adierazitako posizioetan, baldintza hauek batera betetzen direnean:

a) Teknikoki eta fisikoki posible izatea.

b) Sorgailuen kasuan, lehendik badiren posizioen bitartez edo garraio-sarearen plangintzan berariaz sartutako posizioen bitartez konektatzea ezinezkoa izatea, arrazoi tekniko nahiz administratiboengatik edo sortutako energia ateratzeko azpiegituren titularrekin akordiorik ez dagoelako sare horien bidez energia atera ahal izateko.

c) Lotutako inbertsio-kostuak posizio horretarako konexioa nahi duten subjektuek ordainduko dituzte, sarearen titularrak beste sare batera konektatzen direnean izan ezik”.

Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean jasotzen denez, “sortzaile batek baino gehiagok garraio sarearekin konektatzeko puntu bera dutenean, batera eta nodoko solaskide bakar batek koordinatuta egin beharko da sarerako sarbide eta konexiorako prozeduren tramitazioa, sistemaren operadorearen eta garraiolariaren aurrean, bai eta garraiolariarekiko koordinazioa ere sorkuntza instalazioa zerbitzuan jarri ondoren, eta solaskide horrek sortzaileak ordezkatuz jardunen du, ezartzen diren baldintza eta eginkizunekin”.

Jasotako eskabideak eta alegazioak ikusita, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Energia elektrikoa energia-iturri berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen bidez sortzeko jarduera arautzen duen ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren XV. eranskinean xedatutakoarekin bat, egokia da Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU nodoko solaskide bakar izendatzea 220 kV-eko Cordovilla azpiestazioko posizio berri batean, izendapena eskatu duen lehen sustatzailea delako, dagozkion bermeak gordailutu dituelako, eta garraio sarearen kudeatzaileari sartzeko baimena eskatu diolako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLU (B40585473) izendatzea nodoko solaskide bakar 220 kV-eko Orkoien azpiestazioko posizio berri batean (energia berriztagarria ebakuatzeko 1. posizioa), urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat.

2. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLUri, ES Planta Solar 6 SLUri, Global Solar Energy Treinta y Cuatro SLri, EDP Renovables España SLUri, Falck Renewables Power 2 SLri, Saresun Rosales SLri, Green Capital Development 113 SLUri, SACYR Concesiones Renovables SLUri eta Red Eléctrica de España SAUri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan, espediente kodea adierazi beharko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 29an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2008547