191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

335/2020 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita enpresa txiki eta ertainei dirulaguntzak emateko deialdia, 2020. urterako, kanpo merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontrata ditzaten. DDBN identifikazioa: 519550.

Kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdiak helburu du Nafarroako enpresa txiki eta ertainen (ETEak) esportazioen bolumena bultzatzea eta ohiko esportatzaile diren ETE kopurua handitzea.

Adierazitakoarekin bat, eta ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainei dirulaguntzak emateko 2020ko deialdia onestea, kanpo merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontrata ditzaten.

2. Dirulaguntza hauek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

3. 204.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik, 163.200 euro izanen dira 2021ko aurrekontuan honako honen baliokide izanen den partidaren kargura: 2020ko gastu aurrekontuko 810003-81430-4709-431300 partida (“Kanpo sustapenerako ekintzak enpresetarako”). Gainerako 40.800 euroak, berriz, 2022ko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura. Hori guztia, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horietan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 7an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

Kanpo merkataritzako teknikariak kontratatzeko laguntzak. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzaren xedea da kanpo merkataritzako lan teknikoak eginen dituzten pertsonak kontratatzea, horrela Nafarroako enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko gaitasuna garatzeko, eta, horrela, haien esportazioak handitzeko eta, ondorioz, esportatu ohi duten Nafarroako ETE kopurua ere handitzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke onuradunak:

a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

b) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurgatiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, baimena ematen da egoitza fiskala eta enpresaren tamaina egiaztatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Betebeharrak frogatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta bete beharko dira laguntzen eskaera aurkezteko epea bukatu arte eta diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean. Adierazpen hori eskabide orrian jasota dago.

3. oinarria.–Kontratu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren xedea izanen da onuradunek kontrata ditzatela enpresaren nazioartekotze plana gauzatuko duten pertsonak, betiere kontratazio unean baldintza hauek betetzen dituztenak:

Ez izatea enpresaren jabetza edo kontrola dutenen ezkontideak, aurreko ahaideak, ondorengoak edo ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak, ezta zuzendaritzako karguak dituztenenak ere, edo, sozietatearen forma juridikoa duten entitateen edo enpresen kasuan, ezta haietako administrazio organoetako kideenak ere.

2. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez hamabi hilabete irautea eta lanaldi osokoa izatea.

b) Kontratua mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke; ez, ordea, praktiketarako edo ikaskuntza eta prestakuntzarako. Ez dira baliozkoak izanen autonomo direnekin egindako kontratuak.

c) Kontratuak adieraziko du ezen kontratatutako pertsona ariko dela kanpo merkataritzako lan teknikoetan, eta lan horiei dagokien talde profesionala esleituko dio.

d) Kontratuak sinatuko dira deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita dirulaguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabete igaro bitarte.

3. Kontratatutako pertsonari Gizarte Segurantzako 1., 2. edo 3. kotizazio taldeetan emanen zaio alta, duen kategoria profesionalaren arabera.

4. Laguntzaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanen da kontratu bakoitzeko.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta irailaren 30ean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8460/Subvenciones-a-pymes-navarras-para-la-contratacion-de-personas-que-desempenen-labores-tecnicas-de-comercio-exterior-2020 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Laguntza eskatzen bada kontratu baterako baino gehiagotarako, horietako bakoitzerako eskaera bat aurkeztuko da.

4. Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio, fitxan eskura dauden ereduen arabera, eta agiri bereizietan eskaneatuta eta izenaren bidez behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira:

a) Eskaera telematikoa, 2. oinarrian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen duena.

b) Nazioartekotze plana. Hura ezartzen parte hartuko du kontratatuko den pertsonak.

c) Kontratazio plana: kontratatu beharra justifikatzea, kontuan izanik planteatutako nazioartekotze estrategia eta kontratazio horrek konpontzen lagunduko lituzkeen zailtasunak, eta kontratatuko den pertsonak egin beharreko lanak.

d) Eskabidea 3., 4. eta 5. irizpideen arabera (6. oinarria) baloratzeko bidea ematen duen dokumentazioa (3. irizpidea: “Kalitatezko enplegua sortzeko eragina”; 4. irizpidea: “Enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa”, eta 5. irizpidea: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin enpresak duen konpromisoa”).

e) Urteko kontu erregistratuak (baita ikuskatuak ere, horretara derrigortuak badaude), itxita dauden azkeneko 2 zerga ekitaldietakoak (laguntzak eskatzen diren egunean itxita daudenak). Eskatzailearen kontuak eta hari elkartutako eta lotutako enpresenak aurkeztuko dira, halakorik bada.

5. Baldin eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 3. apartatuko b), c) eta d) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.

5. oinarria.–Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.4 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Enpresa batek eskaera egiten du kontratu bat baino gehiago egiteko, eta horietako batean 6.2 oinarrian adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, dirulaguntza baten baino gehiagoren onuraduna izaten ahalko da baldin eta kreditu nahikoa badago gutxieneko puntuaziotik gorakoa eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.

6. oinarria.–Balorazio irizpideak.

1. Eskabideak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

–1. irizpidea: nazioartekotze planaren kalitatea xedeko merkatuan, gehienez 65 puntu.

Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko irizpide honetan:

ATALA

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.1. Barne analisi estrategikoa

Ondoko alderdien analisi zehatza, honako hauei dagokienez: xedeko merkatua, enpresa nazioartekotzeko proiektua eta enpresaren barne baliabideak. Alderdi hauek baloratuko dira:

12

–Langileak: baloratuko da nola aztertu den zer neurritan dauden enpresako langileak motibaturik nazioartekotze proiektuarekin, nola egokitzen diren esportazioan inplikatutako langileen profilak egin beharreko eginkizunetara, tamaina egokia, langileen antolakuntza (1 puntu)

–Esportatu behar den produktu edo zerbitzua: baloratuko da behar bezala deskriba daitezela haren ezaugarriak eta lehiakortasun faktoreak (teknologia, diseinua, marka, prezioa, etab.) (3 puntu)

–Nazioartekotze planaren bideragarritasunaren azterketa (5 puntu)

–Enpresak bere prozesuetan duen digitalizazio maila (3 puntu)

1.2. Kanpoko analisi estrategikoa

Baloratuko da honako alderdi hauen analisia, kontuan izanik sakontasuna eta enpresa nazioartekotzeko proiektuarekin duen lotura

13

–Ingurune politikoa (1 puntu)

–Ingurune legala (2 puntu)

–Ingurune sozioekonomikoa. (2 puntu)

–Sektorearen egoera xedeko merkatuan. (2 puntu)

–Xedeko publikoaren profila. (3 puntu)

–Lehiakideen analisia (zer enpresa diren, zer estrategia duten, zer produktu edo zerbitzurekin lehiatzen diren). (3 puntu)

1.3. AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak)

Barneko eta kanpoko analisia oinarritzat harturik, baloratuko da zer analisi egin den xedeko merkatuan nazioartekotzeko enpresak dituen indarrez eta ahuleziez, baita mehatxuez eta aukerez ere

12

1.4. Planifikazioa

Helburuak. Baloratuko da zer neurritan diren berariazkoak, neurgarriak, errealistak, garrantzitsuak eta diruz lagundutako kontratazioaren bukaera epera mugatuak. (10 puntu).

Xedeko merkaturako ekintza plana, diruz lagundutako ekintzaren aldirako. Baloratuko da behar bezala garatzea, egutegia, balorazio ekonomikoa (aurrekontua) eta, batez ere, justifikazioa, aurreko atalean planteatutako helburuak lortzeko. (10 puntu)

20

1.5. Orokorra

Planaren koherentzia

8

–2. irizpidea: kontratazio planaren justifikazioa eta koherentzia, gehienez ere 20 puntu.

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

PUNTUAK

2.1. Kontratazioaren justifikazioa, aurreko puntuetan planteatutako nazioartekotze estrategiarekin loturik, eta, orobat, azalduko da zer zailtasun konpontzen lagunduko lukeen kontratazioak

10

2.2. Kontratatutako pertsonak bete beharreko eginkizunak. Baloratuko da zer neurritan egokitzen zaizkion proposatutako eginkizunak kanpo merkataritzako profil tekniko bati

10

–3. irizpidea: Nafarroan kalitateko enplegua (kontratu mugagabeak) sortzeko duen eragina, gehienez 6 puntu*.

PLANTILLAKO LANGILE KOPURUA

(2018-2019 konparazio taula, abenduaren 31ko datuekin)

PUNTUAK

Enpleguari eustea

1

Plantilla gehienez %10 handitzea

1 + ½ x (x = handitzearen portzentaje-puntuak)

%10 baino gehiago handitzea

6

(*) Esaterako, enpresa baten langile kopurua %5 handitu bada, kontratu mugagabeekin, orduan 3,5 puntu dagozkio irizpide honetan.

–4. irizpidea: enpresak NNPren (Nafarroako Nazioarteko Plana) talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, gehienez 4 puntu.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko dirulaguntzen azken hiru deialdietako onuradunak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean aritzeko (ikusi zerrenda blogpin.navarra.es webgunean).

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko dirulaguntzen azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana (ikusi zerrenda blogpin.navarra.es webgunean).

Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.

KONTRATATUTAKO EDOTA PRAKTIKETAN HARTUTAKO PERTSONA KOPURUA

PUNTUAK

Pertsona bat

2

Bi pertsona edo gehiago

4

–5. irizpidea: enpresaren konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin, gehienez 5 puntu.

Honako honen bidez frogatuko da enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu eta aplikatu izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismena eta edukia dituena.

b) Eskumena duen entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea (esate baterako, Berdintasun Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarri ofiziala edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) “Enpresaren ekintzak berdintasunaren alde” izeneko agirian jasotako ekintzaren bat gauzatzea, behar bezala frogatzeko moduan. Aipatutako agiria laguntzen fitxan dago eskura.

ENPRESAREN KONPROMISOA GENERO BERDINTASUNAREKIN

PUNTUAK

Berdintasunaren aldeko ekintzak (puntu bat emanen da ekintza bakoitzeko)

3 arte

Berdintasun plana, edo bereizgarriak eta aitortzak

5

2. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta ez badituzte lortzen, 1. eta 2. irizpideak batuta, gutxienez ere 40 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 4 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpenean azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta onartutako zenbatekoa. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

8. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki laguntzen fitxaren bitartez, hemen azaltzen diren epeetan:

1. Laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez bi hilabetera:

a) Kontratuaren kopia bat.

b) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.

c) Zinpeko aitorpena, 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

d) Kontratatutako pertsonaren nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

2. 2 hilabeteko epean, diruz lagundutako kontratuaren seigarren hilabetea bukatzen denetik hasita:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratuaren lehen 6 hilabeteei dagozkienak.

b) “Langileen izenen zerrenda” eta “Kotizazioen likidazioaren hartze agiria”, kontratuaren lehen 6 hilabeteei dagozkienak.

c) Agiri bidezko froga bat, egiaztatzen duena bete dela publizitateari buruzko betebeharra, 10. oinarriko d) letran ezarritakoa, salbu eta publizitate hori egiten bada enpresaren webgunearen bidez. Kasu horretan, webgunearen helbidea adieraziko da.

3. Bi hilabeteko epean, kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatzen denetik hasita, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, diruz lagundutako kontratuaren zazpigarren hilabetetik hura bukatu artekoak.

b) “Langileen izenen zerrenda” eta “Kotizazioen likidazioaren hartze agiria”, diruz lagundutako kontratuaren zazpigarren hilabetetik hura bukatu artekoak.

c) Azken memoria, gutxienez honako informazio hau jasoko duena:

–Aurkeztutako Nazioartekotze Planaren barrenean kontratatuak egindako ekintzen azalpena, eta egindako lanarekin enpresak duen gogobetetasun maila.

–Zer mailatan bete diren nazioartekotze planeko helburuak (laguntzaren eskaeran adierazitakoaren arabera), eta, nolanahi ere, nola aldatu diren enpresaren esportazioak, bai guztira egindakoak, bai diruz lagundutako nazioartekotze planaren xedeko merkatura egindakoak.

–Diruz lagundutako kontratua finantzatu duten bestelako diru-sarreren, hobarien eta dirulaguntzen zerrenda xehatua, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita. Horrelakorik ez badago, hala adierazi beharko da.

d) Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (online inkesta bat da, eta laguntzen fitxan dago eskura).

4. Diruz lagundutako kontratua zer ekitalditan bukatzen den, hurrengo bi ekitaldietako bakoitza bukatzen denean: eraginkortasunaren adierazleen gaineko galdetegia, laguntzen fitxan eskura dagoena.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:

a) Kontura egindako lehenbiziko ordainketan, emandako dirulaguntzaren %80 ordainduko da. Ordainketa hori 2021ean eginen da, aurkeztu ondoren 8. oinarriko 1. eta 2. apartatuetan eskatutako justifikazioa.

b) Gainerako %20a 2022an ordainduko da, behin aurkezturik 8. oinarriko 3 apartatuan adierazitako justifikazioa.

3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena lau hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Baldin gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute aipatu foru dekretuaren 4. artikuluan eskatutako informazioa, onartutako dirulaguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egunetan aurkezten bada. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) 3.2 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.

c) Diruz lagundutako kontratazioa frogatzea 8. oinarrian adierazten den moduan.

d) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz, adieraztea dirulaguntza baten onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa www.planinternacional.navarra.es helbidean deskarga daiteke.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, kontratua azkentzen bada urtebete iragan baino lehen –epe hori eskatzen da 3.2.a) oinarrian–, salbu eta enpresak hurrengo hilabetean beste norbait kontratatzen badu, betetzen dituena 3. oinarrian ezarritako baldintzak, eta horren berri ematen badu Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.

11. oinarria.–De minimis laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Ondorio horietarako, onuradunek aitortuko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez (eskura dago www.nafarroa.eus webgunean).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira soilik lan merkatua berritzeko presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoekin eta, kontratazioa dela-eta, onuradunek lor ditzaketen zerga arloko kenkariekin eta Gizarte Segurantzako bestelako hobariekin.

2. Dirulaguntzak ez ditu inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, lehenbiziko kontratazio urteko lan kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2008957