191. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Nafarroako mankomunitateentzat, kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeko 2020-2021 aldian. DDBN identifikazioa: 519373.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol-jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Era berean, Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea toki-erakundeen bitartez.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a eta 3.f artikuluetan, arlo batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, arlo horiek Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea denek kirol-jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Ahaleginak egitea kirol-jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33 a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol-jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste. Ondoren, berariaz esaten da kirol arloko dirulaguntzen oinarri arautzaileek tratamendu berezia ematen ahal dietela toki-erakundeei, honako hauek kontuan izanik: baliabideen aprobetxamendu orekatua, kokapen geografikoa, populazioa eta toki-erakundeen antzeko ezaugarri bereziak.

Helburu horiek izanik, Foru Komunitateko herritarren sektore guztiei zuzendutako kirol ibilbide batean bide berri bat eratzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak bultzatzen jarraitu gogo du mankomunitateek eskaini eta zuzendutako kirol-jarduera fisikoen programa, horiek toki-erakunde izaera baitute.

Gaur egun, Nafarroan 6 mankomunitate daude kirol zerbitzua dutenak: Araitz-Aresoko Kirol Mankomunitatea; Nafarroako Hegoaldeko Kirol Mankomunitatea; Sakanako Kirol Mankomunitatea; Izarbeibarko Kirol Mankomunitatea; Erdialdeko Kirol Mankomunitatea; eta Ultzamako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Kirol Mankomunitatea. Horietan, udalak eta kontzejuak biltzen dira zerbitzuak emateko eskualdeko biztanleei, besteak beste kirol zerbitzuak, bestela jasoko ez zituzten zerbitzuak, horretarako baliabide materialik eta giza baliabiderik ez izateagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuak, foru agindu honen bidez, aurten ere beste behin mankomunitateen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu baitute kirol-jarduera fisikoak sustatzea eta handitzea, kirol-jarduera fisikoen programak antolatuz eta garatuz.

Adierazi behar da programa hau urte anitzekoa dela, eta horren gastua aukerakoa dela, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 13ko 29/2019 Foru Aginduaren arabera. Foru agindu horren bidez onetsi zen epe ertaineko programazio ekonomikoa (Urte Anitzeko Esparru Ekonomikoa) eta irizpideak ezarri ziren Nafarroako Gobernuaren urte anitzeko espedienteak tramitatzeko, 2019-2022 eperako.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako mankomunitateentzat, kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeko 2020-2021 aldian.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4609-336100: Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak

2020

62.000,00

A50002-A5110-4609-336100: Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak

2021

105.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

5. Toki-erakundeek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute foru agindu honen aurka, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 6an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako mankomunitateei dirulaguntzak emateko, kirol-jarduera fisikoko programak susta ditzaten 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte.

1.2. Dirulaguntzaren xede izanen dira, oro har, biztanleei zuzendutako eta mankomunitateek antolatutako kirol-jarduera fisikoen programak, eginkizun hauek betetzen dituzten plantillako langileekin:

–Mankomunitatearen zerbitzu eta jardueren zuzendaritza teknikoa, programazioa, plangintza, koordinazioa, kontrola, ebaluazioa, gainbegiratzea eta antzekoak, aplikatuz kirol zientzietako ezagupenak eta teknikak.

–Kirol-monitorearen edo kirol-entrenatzailearen lanbidean dihardutenen funtzio teknikoak koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

1.3. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

–1.2 oinarrian aipatzen diren eginkizunak betetzen dituzten langileei zuzendutako prestakuntza jarduerak, hezkuntza arloan edo beste arlo batzuetan garatutakoak, hala nola: kirol-teknikarien ikastaroak, lehen sorospenetako ikastaroak, etab.

–Nafarroako Kirolaren Institutuaren (NKI) beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren edo horietan jasotzen diren kirol-jarduera fisikoak.

–1.2 oinarria betetzen ez duten mankomunitateak.

2.–Helburua.

Dirulaguntza erabiliko da hein batean berdintzeko kirol-jarduera fisikoen programak sustatzeak ekarritako defizita, betiere programa horien titulartasuna mankomunitateari badagokio eta 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte egiten badira.

3.–Aurrekontuko kreditua.

3.1. Deialdi honi aurre egiteko, 167.000 euro bideratuko dira helburu horietarako. Dirua partida hauei egotziko zaie:

• 62.000 euro 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki-erakundeen kirol-jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, 2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

• 105.000 euro 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako multzo hauetan banatuko da:

a) 62.000 euro, 2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era arte garatutako programarentzat.

• 27.000 euro, 1.2 oinarriko eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.

• 35.000 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastuetatik diruz lagun daitezkeen horiek ordaintzeko (aurreko apartatuko gastuak kanpo).

b) 105.000 euro, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era garatutako programarentzat:

• 52.500 euro, 1.2 oinarriko eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak ordaintzeko, bakar-bakarrik.

• 52.500 euro, jardueren garapenarekin lotutako gastuetatik diruz lagun daitezkeen horiek ordaintzeko (aurreko apartatuko gastuak izan ezik).

3.3. Dirulaguntzak ematea, betiere, dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4.–Onuradunen betebeharrak.

4.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzak jaso ditzakete 1.2 oinarriaren arabera kirol-jarduera fisikoak egiten dituzten Nafarroako mankomunitateek.

4.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Dirulaguntza jasotzeko 1.2 oinarrian ezarritako eginkizunak betetzen dituen pertsona bat izatea.

Eskabidean (II. eranskina) jasoko dira pertsona horren datuak eta diruz laguntzen ahal diren jarduerei eskainitako lanaldiaren denbora.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Eskabidearekin batera (II. eranskina), ziurtagiriak aurkeztuko dira, frogatzen dutenak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko ordainketak. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKIk egiaztapen hori zuzenean egiteko. Uste izanez gero datu horiek ez direla kontsultatu behar, datu horiek aurkezteaz gain, aurkakotasuna justifikatu beharko du, eta eskabide orokor bat bidali beharko dio prozedura edo tramitearen ardura duen unitateari.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (II. eranskina).

–Apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten jarduerek ere ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean. (II. eranskina).

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea. (II. eranskina).

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak– ezartzen denez, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion mankomunitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena ziurtagiri hori badutela kirol-jarduera fisikoak zuzentzen dituzten eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek. Diruz lagundutako programan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori. (II. eranskina).

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, betiere programatutako jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta egiten badira horiek egiteko ezarritako epean:

–1.2 oinarrian adierazitako eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean programako jarduerak antolatzen, kontrolatzen eta garatzen ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Monitoreen eta bestelako langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak, baldin toki-erakundearen programa gauzatzen laguntzen badute. Beren lanaldiaren barrenean jarduera diruz lagungarrietan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Kirol kudeaketako enpresekin egindako zerbitzu kontratuen gastuak, kirol klubekin sinatutako kontratu edo hitzarmenenak (azken horietan, langileak klubak kontratatu baldin baditu) edo langile autonomoekin egindako kontratuenak, programako jarduerak garatzeko.

–Programako jarduerak egiteko kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei dagozkien gastuak.

–Programako kirol-jarduera fisikoetan parte hartzen dutenen joan-etorriak, mankomunitatearentzat gastu bat denean.

–Programako jardueretarako osasun arloko laguntza zerbitzua kontratatzearen gastua.

–Programako jarduerak egiteko kirol-instalazioak erabiltzeak ekarritako gastua.

–Programako jardueren aseguru polizak.

–Programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

–Programako jardueren publizitatea.

–Programako online jarduerak garatzeko programa edo aplikazio informatikoen gastuak. Apartatu honetatik kanpo geratzen dira ordenagailuak, tabletak eta antzeko ekipamendu informatikoak.

–Programako kirol-jarduera fisikoetan ematen diren trofeoen gastuak. Lehiaketak behar dute izan, eta 8 urtetik gorakoentzat.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2020ko irailaren 9an.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Mankomunitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta dokumentazioa.

Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan bai webgunean: http://www.deporte.navarra.es.

7.1. Eskabidea (II. eranskina).

7.2. Aldi bakoitzerako kirol-jarduera fisikoen programa (III. eranskina, 1. fitxa eta 2. fitxa), honako hauek adierazita:

–Diru laguntzaren xede diren jarduera arruntak eta estrategikoak.

–Kirol-jarduerak zein udalerritan eginen diren.

–Jarduerak zenbat egun iraunen duen guztira.

–Hasiera eta amaiera datak.

–Asteko egunak.

7.3. Kirol-jarduera fisikoen programaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua aldi bakoitzerako eta 8. oinarrian zehazten diren multzoetako bakoitzerako (III. eranskina, 3. fitxa eta 4. fitxa).

7.4. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak eta Nafarroako Foru Ogasunak egindako ziurtagiriak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen dutena, egiaztatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Foru Ogasunarekiko betebehar guztiak.

Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKIk egiaztapen hori zuzenean egiteko, eskaeran zer adierazten den (II. eranskina).

7.5. Gardentasun betebeharraren inprimakia (VI. eranskina), dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, 18. oinarriaren arabera.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.–Dirulaguntza ematea: aldiak, multzoak eta jarduera motak.

8.1. Dirulaguntza emateko, oinarritzat hartuko dira mankomunitate bakoitzaren programan sartutako kirol-jarduera fisikoen kopuruaren arabera lortutako aldiak, multzoak eta puntuak.

8.2. Aldiak:

–1. aldia (2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten diren kirol-jarduera fisikoak).

–2. aldia (2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte egiten diren jarduerak).

8.3. Bi multzo lagunduko dira diruz aldi bakoitzean, dagozkien portzentaje eta kopuruekin:

8.3.1. 1. multzoa: 1.2 oinarriko eginkizunak betetzen dituen pertsonaren soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak:

  • Lehen aldia: %100 estaliko da, gehienez ere 4.500 euro.
  • Bigarren aldia: gastuaren %100 estaliko da, gehienez ere 8.750 euro.

8.3.2. 2. multzoa: kirol-jarduera fisikoak garatzeko gastuak:

  • Lehen aldia: gehienez ere 5.833 euro izanen dira mankomunitate bakoitzeko.
  • Bigarren aldia: gehienez ere 8.750 euro izanen dira mankomunitate bakoitzeko.

8.4. Jarduera motak eta bakoitzaren balioa:

A) Kirol-jarduera fisiko arruntak:

–Puntu 1/jarduera.

  • Hemen sartzen dira herritar guztiei, oro har, eskaintzen zaizkien kirol-jarduera fisikoak, haien iraupena kontuan hartu gabe eta non egiten diren adierazita.
  • Jarduera bat talde batean baino gehiagotan egiten denean, kontuan hartu gabe non egiten den, jarduera desberdin gisa kontabilizatuko dira, betiere talde bakoitzak bere monitorea badu.
  • Ezin izanen dira sartu apartatu honetan jarduera estrategikoak.

B) Kirol-jarduera fisiko estrategikoak:

–1,25 puntu/jarduera.

Bakar-bakarrik sartzen dira berdintasuna, inklusioa eta mugak gainditzea bezalako balioak sustatzen dituzten kirol-jarduera fisikoak, esaterako hauek:

  • Gizarte-bazterketa pairatzeko arriskua dutenei zuzendutako jarduerak,
  • Emakumezkoei zuzendutako jarduerak (ezin izanen dira sartu NKIren beste deialdi batzuen bidez diruz lagundutakoak).
  • Gazteei zuzendutako jarduerak (14 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak).
  • Kulturarteko jarduerak.
  • Denen eskura dauden jarduerak.

8.5. Eskainitako jardueren alderdi komunak:

8.5.1. Ezin dira sartu 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzako kirol-jarduera fisikoak, helburu dituztenak lehiaketa eta kirol-emaitza.

8.5.2. Programan dauden eta lehiaketa duten kirol-jarduera guztietan, kirol kluben partaidetza dutenetan, kontuan hartuko da “kiroltasunaren arduraduna” izateko aukera. Haren eginkizunak hemen jaso dira:

https://www.deportenavarra.es/imagenes/documentos/guia-de-las-nuevas-figuras-de-promocion-de-valores-del-deporte-163-es.pdf?ts=20200721112211

9.–Dirulaguntzen zenbatekoa:

Honako apartatu hauek hartuko dira kontuan mankomunitate bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedurarako:

9.1. Honela baloratuko dira dirulaguntza eskaerak: aldi bakoitzeko, aurkeztutako kirol-jarduera fisikoen programaren arabera, eta jarduera bakoitzari esleitutako puntuak batuz.

9.2. Horrela, mankomunitate bakoitzak puntuazio bat lortuko du, zeinaren bidez lehentasun ordena bat ezarriko baita aldi bakoitzari dagozkion kopuruak esleitzeko.

9.3. Mankomunitate bakoitzari esleitu beharreko kopuruen muga ezarriko da aurkeztutako defizitaren eta multzo bakoitzean ezarritako gehieneko kopuruen arabera.

9.4. Ez bada agortzen multzo bakoitzean dagoen kreditua, ateratzen den saldoa banatuko da lehentasun ordenaren arabera puntuazio handiena duten 3 mankomunitateen artean, aplikatuz kreditu erabilgarriaren ehuneko hauek: lehenengoari %50, bigarrenari %30 eta hirugarrenari %20. Kasu horretan, onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntza osoak gainditu ahal izanen ditu 8.3 apartatuan multzo bakoitzerako ezarritako gehienekoak, baina ezin izanen du inola ere gainditu multzo horietako bakoitzean aurkeztutako defizita, eta ezin izanen du gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 gainditu.

9.5. Aldi bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzekin batera, ezin izanen da inoiz ere izan diruz lagundutako programaren kostu osoa baino handiagoa aldi bakoitzean.

9.6. Diru-sarreren eta gastuen justifikazioa aztertuta, ikusten bada gehiegizko finantzaketa izan dela, diru-sarreren soberakina adina murriztuko da dirulaguntza.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

11.–Antolaketa eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12.–Ebazpenak.

12.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

12.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, hala behar bada, eskaeraren baten ezespena ebatziko da.

12.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren iragarki-taularen bidez argitaratuko dira.

12.4. Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik egonen da ebazpena ematera.

12.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, administrazio berak emanak izan, nahiz beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

12.6. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

13.–Kirol-jarduera fisiko berrietarako eskaera.

13.1. Dirulaguntza emateko ebazpena onetsi ondoren, mankomunitateek, eskabide baten bidez, dirulaguntza eskatzen ahalko dute jarduera berriren baterako, arrunta nahiz estrategikoa, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztutako programan ageri direnak ordezteko.

13.2. Mota berekoak behar dute izan jarduera berriak eta horrek ordezkatutakoak (arrunta nahiz estrategikoa), eta bat etorri iraupenean eta aurrekontuan.

13.3. Egin baino hilabete lehenago gutxienez eskatu beharko dira jarduera berriak.

13.4. Eskabidean zehaztuko da zein den jarduera berria, bai eta zer jardueraren ordez eginen den ere, eta bietan zehaztuko dira izena, udalerria, iraupena, noiz hasi eta noiz bukatzen den, zer egunetan egiten den eta aurrekontu xehakatua.

13.5. 3 jarduera berri eskatzen ahal dira gehienez.

13.6. Instrukzio organoak (Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza), behar den ofizioaren bitartez, eskaera onartu edo ez onartu erabakiko du, eta onartzeko edo atzera botatzeko arrazoiak emanen ditu.

13.7. Nafarroako Kirolaren Institutuak eskaera hori onartzen badu ere, ez da handituko dirulaguntzaren zenbatekoa.

14.–Frogagiriak.

Bi epealditan aurkeztuko dira frogagiriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:

A) 2020ko abenduaren 10era arte (egun hori barne), 2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako kirol-jarduera fisikoengatik:

1. Jardueren frogagiriak, zeinetan jasoko baitira: dirulaguntzaren xedeko jardueren identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zein egunetan egin diren eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren (jardueraren eta sexuaren arabera banaturik). (IV. eranskina, 1. fitxa eta 2. fitxa).

2. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Jasoko dira hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. (IV. eranskina, 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko buruak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla frogatzen duena.

3. Emaitzen kontua (diru-sarreren eta gastuen zerrenda) honako hauei soilik dagokiena:

–1.2 oinarriko eginkizunak betetzen dituen pertsona (bere soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak) (IV. eranskina, 3. fitxa).

–Jardueren garapena, kanpo izanen direla kirol koordinatzaile-teknikariaren soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak (IV. eranskina, 4.fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2020ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldiarekin.

Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu beharko du ordaindu dituela Ogasunean 1. epealdiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak 2020ko abenduaren 31 baino lehen. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da 2021eko otsailaren 15a baino lehen.

4. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (V. eranskina).

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

B) 2021eko urriaren 15a arte, 2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako jarduerengatik.

1. Jardueren frogagiriak, zeinetan jasoko baitira: dirulaguntzaren xedeko kirol-jarduera fisikoen identifikazio-datuak, kirol-jarduera fisikoak zein udalerritan egin diren, zenbat egun iraun duten, noiz hasi eta noiz bukatu diren, zer egun eta ordutan egin diren, eta jarduera bakoitzean zenbat parte-hartzaile izan diren. (IV. eranskina, 1. fitxa).

2. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Jasoko dira hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. (IV. eranskina, 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko. Dokumentazio horren ordez, idazkariak sinatutako eta mankomunitateko lehendakariak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, frogatzen duena izan direla eta ordaindu direla gastu/faktura horiek.

3. Emaitzen kontua (diru-sarreren eta gastuen zerrenda) honako hauei soilik dagokiena:

–1.2 oinarriko eginkizunak betetzen dituen pertsona (bere soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak) (IV. eranskina, 3. fitxa).

–Jardueren garapena, kanpo izanen direla kirol koordinatzaile-teknikariaren soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak. (IV. eranskina, 4. fitxa).

Aurkeztutako diru-sarreren zerrendak bat eginen du aldi horretan egin beharreko jarduerekin, eta, beste entitate batzuen dirulaguntzen kasuan, diru-sarrerak proportzionalak izanen dira 2020ko abenduaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarteko aldiarekin.

4. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, mankomunitateak frogatu behar du PFEZari dagozkion atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

5. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia. (V. eranskina).

6. Jardueren programaren azalpen memoria, diruz lagundutako eta gauzatutako jarduera guztiak jasoko dituena. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izena, parte-hartzaileen kopurua sexuaren arabera banaturik, helburuak, zer adinetako jendearentzat diren, iraupena, non egin diren, monitoreen izenak eta publizitatea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

15.–Dirulaguntza nola eta noiz ordaindu.

15.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz

15.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

15.3. Lehenengo aldiari dagokion dirulaguntza 2020ko ekitaldian ordainduko da, eta bigarren aldiari dagokiona 2021eko ekitaldian.

16.–Bete beharrekoak.

16.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, onartuko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak eta haiek egin daitezen lagunduko.

16.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. (V. eranskina). Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza batzuekin, administrazio berak emanak izan, nahiz beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da izan inola ere garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa aldi bakoitzean.

16.3. Onuradunak behartuta daude egin beharreko jarduera guztietan errespetatzera osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek ezarritako neurriak eta baldintzak, bai eta dirulaguntzen xedeko jarduerak garatu bitartean indarrean daudenak ere.

16.4. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

16.5. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere jarraikiz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

16.6. Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz lagundutako programetan parte hartzen duen mankomunitateak egiaztatu eta gorde behar du ziurtagiri hori.

16.7. 18. oinarrian gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak betetzea.

16.8. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

16.9. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.–Ez-betetzeak.

17.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak berekin ekarriko du dirulaguntza galtzea, jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz– eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea, galarazi gabe antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak.

17.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

18.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, mankomunitateek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. (VI. eranskina).

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Mankomunitate onuradunek jarduerari ematen zaion dirulaguntzaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

19.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen baldin horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

19.3. Kontratistek toki-erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Mankomunitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki-erakunde onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

20.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

20.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxa erabiliz. Fitxa hori eskura dago Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan.

20.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

21.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete mankomunitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

22.–Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen VII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

23.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2008907